EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-12 Aldizkari honetan argitaratua: 2018030

7/2018 FORU ARAUA, abenduaren 21ekoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2019. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena.

Organo emailea: GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
Xedapenaren zenbakia: 201800007
Xedapenaren data: 2018-12-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201900739
Maila: Foru Araua

Aurreko erreferentziak:
  • 2007/09/17an argitaratutako 2007/03/27ko 200700004 FORU ARAUA aldatzen du
  • 2014/03/04an argitaratutako 2014/01/17ko 201400003 FORU ARAUA aldatzen du

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK
Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «7/2018 Foru Araua, abenduaren 21ekoa, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2019. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.
Donostia, 2018ko abenduaren 21a.
Diputatu nagusia,
MARKEL OLANO ARRESE.
HITZAURREA
Agintaldi honen hasieran, Diputatuen Kontseiluak 2015-2019 eperako Kudeaketa Plan Estrategikoa onartu zuen, gobernu kudeaketa planifikatu eta agintaldiko helburu eta proiektu estrategikoak zehazteko tresna nagusia den aldetik.
2018ko irailaren 25ean, Gipuzkoako Batzar Nagusietako politika orokorreko eztabaida saioan, diputatu nagusiak agintaldian ibilitakoaren balantzea egin zuen. Hark uste osoa du kudeaketa planaren betetze maila onari esker agintaldiaren hasieran jarritako erronkak lortzen ari dira.
Gaur egun lurraldearen proiektu estrategiko guztiak bideratuta daude. Horri esker, Gipuzkoako Foru Aldundia etorkizunari begira jarri da, eta hasia da lurraldearen etorkizuneko oinarriak jartzen, Etorkizuna Eraikiz foru programaren bidez.
Dinamika honen oinarria gobernantza irekia eta kolaboratiboa da, lurraldeko eragile ekonomiko, sozial eta zibil nagusiak dagoeneko 20.000 gipuzkoarrek baino gehiagok parte hartu duten proiektu batekin engaiatzea lortu duena.
Eraldaketa sozioekonomikoko proiektu asmo handiko bat da, eta lurraldeari aukera emango dio datozen mehatxuei aurre egin eta agertuko diren aukerak baliatzeko, horrela Gipuzkoak jarraitu dezan ekonomia, gizarte, hizkuntza eta genero arloetan lurralde berdinzaleetako bat izaten.
2019ko aurrekontua Diputatuen Kontseiluari 2018ko irailaren 11ean aurkeztutako aurrekontu esparruaren baitan prestatua da, eta, iaz bezala, emaitzetara bideratutako aurrekontu baten beharkizunei jarraituz osatu da.
Emaitzetara bideratzean, aurrekontu programek adierazleak helburuekin lotzen dituzte, eta azken horiek ekintzekin eta baliabideekin. Horrenbestez, politika publikoen multzo osoa gauzatzeko oinarrizko tresna izateaz gain, aurrekontuak plangintza eta ebaluazio sistema ere badira, aurrekontuko baliabideak lortzea espero diren emaitzekin lotzen baititu, betiere efikazia, efizientzia eta gardentasuna hobetze aldera.
Ikuspuntu horrek aukera ematen du zeharkako politikak elkarrekin uztartzeko (genero berdintasuna, hizkuntza berdintasuna eta partaidetza), eta programek politika horien garapenean duten eragina adierazten du.
Indartu egiten da herritarren partaidetza, Gipuzkoako Foru Aldundiak Kudeaketako 2015-2019 Plan Estrategikoaren barruan bultzatu duen «2019ko Aurrekontu Irekiak» izeneko prozesu berria sartuta.
Gipuzkoako Lurralde Historikoaren aurrekontu orokor hauen helburua baliabide publikoen kudeaketa finantzario egokia lortzea da, gastu publikoaren banaketan ahalik eta efizientziarik handiena ziurtatze aldera.
Aurreko ekitaldiari dagokionez, aurrekontu osoa % 5,31 hazi da, aurrekontu propioa % 2,22 eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa, aldiz, % 6,61 termino homogeneoetan.
Gastu politiken lehentasuna izango da lurraldeko ekonomia eta gizartea dinamizatzea. Alde batetik, apustua egingo da Ekonomia Berpizteko Plana bultzatu eta etorkizuneko proiektu estrategikoen alde. Bestetik, areagotu egingo dira gizarte politiketara zuzendutako baliabideak.
Horrez gain, gizarte gastuetarako bideratutako kredituak zabalgarritzat hartu dira, kontuan izanik gerta daitekeela haien zuzkidura nahikoa ez izatea ekitaldian zehar agertzen diren beharrei aurre egiteko, betiere azpimarratuz borondate politikoa dela kreditu horiek zuzkitzea aurrekontu beharrak estali arte.
Lurraldearen ongizatea garatzeko udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren artean beharrezkoa den lankidetza kontuan hartuta, aurrekontu hauek 44,70 milioi euroko diru laguntzak aurreikusten dituzte lurraldeko toki entitateen alde.
Aurrekontuen foru arauaren funtsezko edukia I. tituluan jasotzen da, bertan onartzen baitira foru sektore publikoaren sarrera eta gastuen egoera guztiak, eta bertan finkatzen baita, orobat, Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuei dagozkien gastu fiskalen zenbatekoa.
Titulu horren barruan Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontuko sarrera eta gastuen egoera orrien zenbatekoa sartzen da, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiari atxikitako partzuergoena ere.
II. tituluak ezartzen du zein den Foru Aldundiaren zorpetze muga eta zenbaterainoko bermeak eman ditzakeen, eta Bidegi, SA merkataritzako foru sozietatearen zorpetze muga ere jasotzen da bertan.
III. tituluan jasota daude 2019ko ekitaldian zehar aurrekontu kredituen araubide orokorrak eta haien aldaketenak izango dituzten berezitasunak. Zehazki, hauek: araubide orokorraren salbuespenak kredituen izaera mugatzaileari dagokionez; kreditu zabalkorren kontsiderazioa; konpromiso kredituak sortu eta banatzeko gehieneko muga; baita ere kreditu gaikuntzen berezitasunak.
IV. tituluan aurrekontu kudeaketaren inguruko hainbat arau jasotzen dira (diru laguntzenak, proiektu kofinantzatuenak, gastuaren exekuzioa mugatzekoak, eta egindako gastuaren udalerrikako banaketari buruzkoak), bai eta Batzar Nagusiei eta foru sektore publikoko gainerako entitateei transferentziak egiteko araubidea ere.
V. tituluak bi kapitulu ditu. Lehenengoan jorratzen da Gipuzkoako Foru Aldundiko eta foru organismo autonomoetako langileen eta pasiboen kredituei aplikatzen zaien araubidea, aurrekontu plantillaren osaera zehazten da, eta zehaztasun handiagoz arautzen dira aurrekontuetako lehen kapituluari ezartzen zaizkion mugak.
Bigarren kapituluan, berriz, foru sektore publikoko gainerako entitateen plantillaren osaera eta langileria gastuak gehitzeko muga arautzen dira.
VI. tituluan, lurralde historikoko udalen finantzaketa ezartzen da.
VII. tituluan arautzen da Foru Aldundiak aldian-aldian Batzar Nagusietara bidali behar duen informazioa.
Azkenik, VIII. tituluan Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontuak kudeatzeko arauak biltzen dira.
Foru arauaren edukia osatzeko, hainbat xedapen ematen dira: gehigarriak, iragankorrak, indargabetzaile bat eta amaierakoak. Horietan askotariko aginduak jasotzen dira.
Hainbat xedapen gehigarri sartzen dira, aurrekontuen foru arauen ohiko edukiak jasotzen dituztenak, hala nola: berandutze interesaren ezarpena, eta hainbat departamentuk kudeatutako tasak eta AP-8 eta AP-1 autobideen erabilpen kanona eguneratzea.
Era berean, xedapen gehigarrietan jasotzen dira udal korporazioetako kideen ordainsarien goi mugen ezarpena eta Diputatuen Kontseiluari ematen zaion baimena kreditu gehigarri batzuk onartu ditzan eta 2019an aurrekontu egonkortasunari begira Gipuzkoako Foru Aldundira atxikitako Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SA entitateari epe luzerako maileguak eman diezazkion.
Xedapen iragankorretan, berriz, arau osagarri batzuk arautzen dira aurrekontuen kudeaketari buruz. Izan ere, aurreko ekitaldietako aurreikuspenari eusten zaio, alegia, egoera jakin batzuetan aurrekontuaren egokitzapen teknikoak egiteko aukerari eta Ogasun eta Finantza Departamentuak kontabilitate saldoak arazteko aukerari.
Amaierako hainbat xedapen ematen dira, foru arau hauetan egindako aldaketak jasotzeko: 3/2014 Foru Araua, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena eta 4/2007 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubidearena.
Azkenik, foru arauaren amaierako xedapenak jasotzen dira, erregelamenduzko garapenari, aplikazio eremuari eta foru araua bera indarrean jartzeari buruz.
I. TITULUA
AURREKONTUEN ONARPENA, HEDADURA SUBJEKTIBOA ETA EDUKIA
1. artikulua.– Aurrekontuak onartzea.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2019. urterako aurrekontu orokorrak onartzen dira, foru arau honetan ezarritako eran.
2. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorren eremua.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2019. urterako aurrekontu orokorrak honela daude osatuta:
a) Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontua.
b) Uliazpi Fundazioa eta Kabia foru organismo autonomoen aurrekontuak.
c) Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA, Etorlur Gipuzkoako Lurra SA eta Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (IZFE) merkataritzako foru sozietateen aurrekontuak.
d) Gipuzkoa foru fundazioen aurrekontuak.
● Kirolgi Fundazioa,
● Sueskola Gipuzkoa Fundazioa,
● Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa,
● Ziur Fundazioa.
● Fundación Adinberri Fundazioa,
3. artikulua.– Aurrekontu orokorren edukia.
1.– Ordainketa kredituak eta sarrera bateratuen egoera 5.317.331.515,31 euro izango dira 2019ko ekitaldian, I. eranskinean laburtutakoaren arabera.
2.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuko gastuen egoera 5.127.050.822,00 euro da ordainketa kredituei dagokienez, eta 158.281.833,00 euro, berriz, konpromiso kredituei dagokienez; II. eranskinean jasotzen da nola banatzen diren 2019tik aurrerako aurrekontu ekitaldietan.
Aurrekontu propioaren kasuan, gastuen egoera 875.515.386,00 euro da. Aurrekontu propioa lortzeko, aurrekontu osoari kendu egiten zaizkio Estatuarentzako kupoa, Finantzen Euskal Kontseilutik ondorioztatutako ekarpenak eta Udalak Finantzatzeko Foru Funtsa ordaintzeko kredituak.
Foru Aldundiaren aurrekontuko sarreren egoera 5.127.050.822,00 euro da, haren barruan sartuta diruzaintzako gerakina (26.687.501,00 euro).
3.– Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko gastuen egoera 19.718.000,00 euro da.
Uliazpi Fundazioa foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera 19.718.000,00 euro da.
4.– Kabia foru organismo autonomoaren aurrekontuko gastuen egoera 45.606.777,00 euro da.
Kabia foru organismo autonomoaren aurrekontuko sarreren egoera 45.606.777,00 euro da.
5.– Merkataritzako foru sozietateen gastu aurrekontuen zenbatekoa 199.920.080,67 euro da, eta banaketa hau du:
● Informatika Zerbitzuen Foru Elkartea SA (IZFE): 27.492.141,00 euro.
● Bidegi Gipuzkoako Azpiegituren Agentzia SA: 171.515.322,00 euro.
● Etorlur Gipuzkoako Lurra SA: 912.617,67 euro.
Sozietate horien baliabide zenbatetsiak eta haietako bakoitzarentzat onartutako zuzkidurak berdinak dira.
6.– Foru fundazioen gastu aurrekontuen zenbatekoa 7.458.802,64 euro da, eta banaketa hau du:
● Kirolgi Fundazioa: 2.943.091,00 euro.
● Sueskola Gipuzkoa Fundazioa: 1.176.766,92 euro.
● Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa: 1.017.620,72 euro.
● Ziur Fundazioa: 1.249.673,00 euro.
● Fundación Adinberri Fundazioa: 1.071.651,00 euro.
Fundazio horien baliabide zenbatetsiak eta haietako bakoitzarentzat onartutako zuzkidurak berdinak dira.
4. artikulua.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorrak hartzen dituen aurrekontuak.
1.– Gipuzkoako Batzar Nagusien aurrekontuaren sarreren eta gastuen egoera orria jasotzen da, 7.380.400,00 eurokoa.
2.– Partzuergo hauen aurrrekontuak jasotzen dira:
– Gipuzkoako Ur Partzuergoaren aurrekontu kontsolidatuaren egoera orrian 51.463.000,00 euro jasotzen dira, bai diru sarrerei bai gastuei dagokienez.
– Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoarena, aurrekontu kontsolidatuaren egoera orrian 40.317.091,00 euro jasotzen dira, bai diru sarrerei bai gastuei dagokienez.
– Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzarena, aurrekontu kontsolidatuaren egoera orrian 3.365.330,00 euro jasotzen dira, bai diru sarrerei bai gastuei dagokienez.
5. artikulua.– Tributuei dagozkien gastu fiskalak.
Gipuzkoako Lurralde Historikoko tributuei dagozkien gastu fiskalak 2.136.436.405,76 eurotan zenbatetsi dira.
II. TITULUA
GEHIENEKO ZORPETZE MAILA ETA BERMEAK EMATEKO MUGA
6. artikulua.– Abalen muga.
Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 109.1 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Foru Aldundiak Bidegi SAri emandako abalak ezin izango dira izan, 2019ko abenduaren 31n, 355.511.699,98 eurotik gorakoak.
7. artikulua.– Foru Aldundiaren zorpetze muga.
1.– Gipuzkoako Foru Aldundiaren epe luzerako zorpetze eragiketen saldo bizia, eragiketak dokumentatzeko era zeinahi dela ere, ezin izango da izan, 2019ko abenduaren 31n, 514.030.000,00 eurotik gorakoa.
Abenduaren 31n, maileguak amortizatzeko aurrekontu hornidura 35.200.000,00 euro izango da guztira.
2.– 2019. urtean zehar, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak egoki deritzen zorpetze eragiketak egin ahal izango ditu diruzaintzaren unean uneko beharrei erantzuteko, edozein eratan dokumentatuta eta urtebeterako gehienez.
8. artikulua.– Bidegi SA merkataritza foru sozietatearen zorpetze muga.
Bidegi, SA sozietatearen epe luzerako zorpetze eragiketen saldo bizia, eragiketak dokumentatzeko era zeinahi dela ere, ezin izango da izan, 2019ko abenduaren 31n, 681.765.445,85 eurotik gorakoa.
III. TITULUA
AURREKONTU KREDITUAK ETA HORIEN ALDAKETAK
9. artikulua.– Foru Aldundiaren eta foru organismo autonomoen aurrekontu kredituak.
Gastuen egoera orriko kredituak erabiliko dira aurrekontuetan eta Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauaren III. tituluaren III. kapituluari eta foru arau honi jarraituz onartutako aldaketetan baimendutako helburuak betetzeko.
10. artikulua.– Kredituen lotura.
1.– 2019ko ekitaldian, ordainketa kredituak mugatzaileak izango dira, Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 51.2 artikuluan jasotakoaren arabera. Salbuespen bakarrak ondorengo apartatuetan ezarritakoak dira.
2.– Mugatzaileak izango dira gastu egoeran duten desagregazio mailarekin honako hauek:
a) Foru arau honen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera zabalgarritzat hartutako kredituak, salbu honako hauek: 1. apartatuko a) letran jasotakoak, mugatzaileak izango baitira kapitulu mailan; eta b) eta c) letretan jasotakoak, kapitulu eta programa mailan izango baitira mugatzaileak.
b) Konpromiso kredituei dagozkien ordainketa kredituak, artikulu honetako 3. apartatuaren a) eta c) letretan jasotakoa eragotzi gabe.
c) Ekitaldiaren barruan onartzen diren kreditu gehigarriak.
d) Aurreko ekitaldietatik txertatutako kredituak.
e) Foru organismo autonomoak, merkataritzako foru sozietateak eta foru fundazioak finantzatzearren Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontuan izendatzen diren kredituak, eta haien zerbitzuak ordaintzeko erabiltzen diren kredituak.
f) Diru Laguntzen Foru Arauak 20.3.c) artikuluan jasotakoaren arabera zuzenean eman daitezkeen diru laguntzei dagozkien kredituak.
g) Finantzaketa lotuko gastuei dagozkien kredituak, artikulu honen 3.a) apartatuan jasotakoa eragotzi gabe.
h) Beren izaera, garrantzi edo xede bereziagatik, berariazko zehaztapen maila behar duten kredituak, Ogasun eta Finantza Departamentuak hala erabakitzen duenean.
3.– Mugatzaileak izango dira kapitulu eta programa mailan:
a) Proiektu kofinantzatu bereko ordainketa kredituak.
b) II. kapituluan (ondasun eta zerbitzuen gastu arruntak) sartutako kredituak.
c) Diru laguntza lerro bereko laguntzak finantzatzera bideratutako kredituak.
d) Bere izaera bereziagatik edo xedeagatik Ogasun eta Finantza Departamentuak erabakitzen dituen kredituak.
4.– Konpromiso kredituak erregulatuko dira lotuak dituzten ordainketa kredituei titulu honetan aplikagarri zaizkien arauen arabera.
11. artikulua.– Kreditu zabalgarriak.
1.– Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 53. artikuluan xedatzen duenez, zabalgarritzat hartzen dira Foru Aldundiaren eta foru organismo autonomoen aurrekontuetan jasotzen diren kreditu hauek:
a) I. kapituluko gastuak (langileria gastuak), xedapen aplikagarrietan jasotakoaren arabera, eta foru arau honen V. tituluan ezarritako mugekin.
b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa, eta zorpetze gastuak ordaintzeko bideratutakoak.
c) Estatuari kupoa ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoari diru ekarpena egiteko, edo tributu itunduen bilketan parte hartzeagatik Lurralde Historikoko udalerriek jaso beharrekoa ordaintzeko izendatutako zenbatekoak.
d) Gipuzkoako Foru Aldundiak abalatutako kreditu eragiketetan izan diren galerek eragindako diru betebeharrak ordaintzeko diren kredituak.
e) Batzar Nagusien eta foru organismo autonomoen aurrekontuak finantzatzeko bideratutako kredituak.
f) Europar Batasunarekin batera finantzatutako jarduketetarako izendatutako kredituak.
g) Langileei ordainsarien aurrerakinak emateko bideratutako kredituak.
h) Beste eskumen batzuk bereganatzearen ondorio diren kredituak.
i) Lurralde historikoko aurrekontu orokorren eranskin numerikoetan berariaz adierazten diren kredituak.
2.– Gizarte Politikako Departamentuak aldizkako prestazio ekonomikoen programaren barruan familiei egiten dizkien transferentziak zabalgarriak dira, prestazio mota bakoitzaren berariazko araudiaren aplikaziotik eratorritako diru beharren arabera.
3.– Finantza eta Aurrekontuetako zuzendariak aurrekontuko kreditu bati izaera zabalgarria kendu diezaioke, betiere aurrekontua gauzatzeko hala komeni bada.
12. artikulua.– Konpromiso kredituak sortu eta birbanatzeko gehieneko muga.
1.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak proposaturik, eta ukitutako departamentuaren edo foru organismo autonomoen ekimenez, konpromiso kreditu berriak onar ditzake, betiere haiek ez badira aplikatzen 4 ekitalditan baino gehiagotan, eta haien zenbateko osoak ez badu gainditzen foru arau honetan onartutako konpromiso kredituen % 10.
2.– Diputatuen Kontseiluak erabaki dezake, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuak proposaturik eta eragindako departamentuaren edo foru organismo autonomoaren ekimenez, konpromiso kredituen artean transferentziak egitea edo horien urteko zenbatekoak birbanatzea 4 urteko epe mugarekin, betiere haien zenbateko osoa ez bada handiagoa foru arau honetan onartutako konpromiso kredituen % 10 baino.
3.– Pertsona fisikoek edo juridikoek urte anitzeko gastuak finantzatzeko egiten dituzten ekarpenak ez dira konputatuko aurreko apartatuetan jarritako mugen ondorioetarako.
13. artikulua.– Kreditu gaikuntzak.
1.– Finantza eta Aurrekontu Araubidearen Foru Arauak 58.8 artikuluan jasotakoaren arabera, gastu aurrekontuan gaikuntzak egin ahal izango dira beste sarrera batzuen kargura, zerga itunduak barne, betiere sarrera aurrekontuaren exekuzioaren arabera aurreikusi badaiteke ekitaldiaren amaieran hasierako aurreikuspenak gaindituko direla. Gaikuntza horien helburua izango da:
a) Estatuari kupoa ordaintzea, Euskal Autonomia Erkidegoari diru ekarpena egitea edo tributu itunduen bilketan parte hartzeagatik Gipuzkoako udalerriek jaso beharreko ekarpena ematea.
b) Interesak, zenbateko nagusiaren amortizazioa edo zorpetzeak eragindako bestelako gastuak ordaintzea.
c) Ohiz kanpoko izaerako giza gastua.
2.– Gaikuntza horiek ez dira konputatuko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko Foru Arauaren 58. artikuluko 11. apartatuan jasotako mugaren ondorioetarako.
IV. TITULUA
AURREKONTUAREN KUDEAKETA
14. artikulua.– Diru laguntzak.
Diputatu nagusiak eta foru diputatuek Diru Laguntzen Foru Arauaren 20.3.c) artikuluan aipatzen diren laguntzak eman ditzakete, nork bere departamentuko aurrekontuaren kargura, betiere 15.000,00 euroko zenbatekoa gainditu gabe.
15. artikulua.– Proiektu kofinantziatuak.
Beste pertsona fisiko edo juridiko batzuek osorik edo zati batean finantzatutako gastu proiektuak behar bezala identifikatuta egongo dira hasierako aurrekontuan edo kreditu aldaketarako espedienteetan. Era berean, finantzaketa bideak zeintzuk diren adierazi beharko da berariaz.
Kredituen finantzaketari lotutako baliabideen aurreikuspena hasieran aurreikusitakoa baino txikiagoa denean, aurrekontuko gastu egoeretan kreditu atxikipenak egitea erabaki dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak.
16. artikulua.– Gastua gauzatzeko muga.
1.– Ogasun eta Finantza Departamentuak agindu ahal izango du kredituak atxikitzea edo bestelako prebentzio neurriak hartzea, gastuaren kontrola bermatzearren.
Aipatutako kredituak liberatzeko tramitazioa, haien atxikipenerako berbera izango da.
2.– Ogasun eta Finantza Departamentuak soberazko kredituak bideratu ditzake nahitaezkoak diren gastuen aurrekontu beharrak betetzeko, gastu horien benetako exekuzioa hasierako aurreikuspenarekiko defizitarioa denean. Ondorio horietarako, ez dira aplikagarriak izango martxoaren 27ko 4/2007 Foru Arauak, Gipuzkoako Finantza eta Aurrekontu Araubidearenak, 56.1 artikuluko c) eta d) letretan jasotzen dituen mugak.
3.– Proiektuen finantzaketa exekuzio erritmora egokitu beharragatik konpromiso kredituak onartzen badira, hasieran aurreikusitako ordainketa kredituak atxikitzeko agindu dezake Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak.
17. artikulua.– Egindako gastua udalerrika banatzea.
1.– Gastu partiden aurreikuspenak udalerrika banatu badira 2019ko aurrekontuan, haien exekuzioa ere udalerrika banatuta agertuko da.
2.– Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiak udalerrika banatzeko modukotzat har ditzake 2019ko aurrekontuan udalerrika banatutakoen pareko bestelako gastu partidak.
18. artikulua.– Batzar Nagusien eta foru sektore publikoko gainerako entitateen aldeko transferentziak.
1.– Foru Aldundiaren aurrekontuan Batzar Nagusien aurrekontua finantzatzeko izendatzen diren kredituak Batzar Nagusietako Mahaiak eskatu ahala transferituko dira.
2.– Foru sektore publikoko entitateei zuzendutako transferentziak haien behar finantzarioen arabera egingo dira.
V. TITULUA
LANGILERIAREN ETA PASIBOEN KREDITUAK
I. KAPITULUA
GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA ETA FORU ORGANISMO AUTONOMOAK
19. artikulua.– Langileen ordainsariak.
1.– Gipuzkoako Foru Aldundian eta foru organismo autonomoetan jarduten duten langileen ordainsari osoak, 2019. urteari dagokionez, kasu bakoitzean aplikagarria den araudiaren arabera ezarriko dira.
2.– Diputatu nagusiaren, foru diputatuen, zuzendari nagusien eta behin-behineko langileen ordainsariak 2018ko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.
20. artikulua.– Aurrekontu plantillaren osaera.
1.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorretako langileei buruzko eranskinean funtzionario edo laboralen arabera sailkatuta ageri diren plazek osatzen dituzte Foru Administrazioko eta foru organismo autonomoetako 2019ko aurrekontu plantillak.
2.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2019. urterako aurrekontu orokorretan onartzen dira aipatutako eranskinean ageri diren plaza guztiei dagozkien kredituak, lanpostuei atxikiak, urtea amaitu arte beharrezko irizten den diru kopuruarekin.
Era berean, onartuta geratu dira lanpostuei lotu gabeko plazei dagozkien kredituak, urtea amaitu arte beharrezko deritzon zenbatekoa atxikita.
21. artikulua.– Bestelako langile zuzkidurak.
Aldi baterako programak gauzatzeko egiten diren iraupen jakineko lan kontratazioak eta bitarteko funtzionarioen izendapenak ez daude plantillan sartuta, eta kontratu eta izendapen horiek Gipuzkoako Lurralde Historikoko aurrekontu orokorretan horretarako aurreikusten diren zenbatekoei egongo dira atxikita.
22. artikulua.– I. kapitulua gehitzeko mugak.
1.– 2019ko ekitaldian, plantilla handitu edo aldatzeko espedienteak soil-soilik onartuko dira baldin eta haietatik ondorioztatzen den gastu gehikuntza beste lanpostu batzuen kredituak murriztuz konpentsatzen bada.
Nolanahi ere, aurrekontuetan berariaz jasota ez dagoen edozein plaza edo lanpostu sortzeko, aurretik amortizatu beharko dira oro har hartuta zuzkidura ekonomiko bera edo handiagoa duten beste plaza edo lanpostu batzuk.
2.– Aurreko muga ez da aplikatuko honako hauek direla-eta plazak edo lanpostuak sortu edo aldatzen direnean, betiere aldaketa horiek behar den finantzaketa badute: eskumen berriak hartzea, organo edo zerbitzu berriak sortzea, edo kanpora eraman edo kontratatzen diren zerbitzuak zuzenean ematea, Diputatuen Kontseiluak onartutako arrazionalizazio programak aplikatzea edo lanpostuak baloratzea.
3.– Aurrekontu plantilla handitzeko edo aldatzeko proposamenek Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuaren aurretiazko txostena beharko dute.
Orobat, 2. apartatuan aurreikusitako kasuetan aurrekontu eraginari buruzko txostena eskatu beharko zaio Ogasun eta Finantza Departamentuari.
23. artikulua.– Kreditu soberakinak.
Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuak honako honetarako erabili ahal izango ditu I. kapituluan aurreikus daitezkeen kreditu soberakinak: soberakinaren sorburu ez diren beste plaza batzuk finantzatzeko, eta aldi baterako kontratuak indarrean dagoen araudiaren arabera formalizatzeko.
24. artikulua.– Enplegu publikoko eskaintza eta pertsonal beharrak aldi baterako betetzea.
1.– Foru Aldundiak, Gobernantzako eta Gizartearekiko Komunikazioko Departamentuko foru diputatuak proposatuta, bere erakundeko enplegu eskaintza publikoa edo publikoak onartu ahal izango ditu, baita foru organismo autonomoetakoak ere, indarrean dagoen araudiari jarraituz.
2.– Araudiak ezartzen dituen kasuetan baino ezingo dira aldi baterako langileak kontratatu edo bitarteko funtzionarioak izendatu.
25. artikulua.– Pasiboen kredituei aplikagarri zaien araubidea.
Honako xedapen hauek kontuan hartuta eman eta eguneratuko dira pentsioak eta izaera pasiboko bestelako asignazio eta hartzekoak: 1986ko ekainaren 10eko 6/1986 Foru Araua, Gipuzkoako Foru eta Tokiko Administrazioko Eskubide Pasibo Osagarrietarako Zerbitzua Kudeatzeko Organoa desegiteari eta Elkarkidetzan sartzeari buruzkoa; graziazko pentsioen araudia; Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta bertako langileen arteko lan harremanen arau erregulatzaileak, eta Estatuko Aurrekontu Orokorren Legea.
II. KAPITULUA
FORU SEKTORE PUBLIKOKO GAINERAKO ENTITATEAK
26. artikulua.– Ordainsariak.
1.– Foru sektore publikoko entitateetako langileen ordainsari osoak kasu bakoitzean aplikagarria den araudiari jarraituz ezarriko dira, 2019. urteari dagokionez.
2.– Era berean, foru sektore publikoko entitateetako zuzendari nagusien, gerenteen eta haiekin parekatutakoen ordainsariak 2018ko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, betiere Foru Administrazioko langileen ordainsarietarako erabakitzen den eran eguneratuta.
27. artikulua.– Langileria gastuak gehitzeko mugak.
1.– 2019ko ekitaldian, plantilla gehikuntzak edo aldaketak onartu ahal izango dira, soil-soilik, baldin eta haiek dakarten gastu gehikuntza beste plaza batzuetarako aurreikusitako gastua murriztuz konpentsatzen bada. Beraz, edozein plaza sortzeko, ezinbestekoa izango da zuzkidura ekonomiko berdineko edo handiagoko beste plaza batzuk amortizatzea aldi berean.
2.– Dena den, 2019an sortzen diren foru sektore publikoko entitateek beren hasierako aurrekontuan ageri diren aurreikuspenen arabera onartu ahal izango dute langileen plantilla.
28. artikulua.– Langileak kontratatzea.
2019ko ekitaldian, aurreko artikuluan aipatutako entitateek langile berriak kontratatu ahal izango dituzte, indarrean dagoen araudian ezarritako muga eta baldintzekin, aurretik Foru Aldundiak baimenduta.
Muga horiek ez dira aplikatuko kontratatzen diren langileek aurretik harreman finkoa eta mugagabea izan badute Gipuzkoako Foru Aldundiaren foru sektore publikoan. Apartatu honetan ezarritakoari jarraituz egindako kontratuek eskubidea emango dute egiten diren egunetik antzinatasunaren osagarria kobratzen jarraitzeko, sorburuko entitatean kobratzen zen kopuru berean.
VI. TITULUA
GIPUZKOAKO UDALERRIEN
FINANTZAKETA
29. artikulua.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren 2019rako zuzkidura.
1.– Udalak Finantzatzeko Foru Funtsaren zuzkidura 517.894.187,00 eurotan finkatzen da 2019. urterako, Ekonomia Itunaren baliabideetan parte hartzearen kontzeptupean, Udalak Finantzatzeko Foru Funtsari buruzko azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauak 2. artikuluan jasotakoaren arabera.
2.– Aurreko apartatuan adierazitako zenbatekoaren % 99,85 Gipuzkoako udalerrien artean banatuko da, III. eranskinean zehaztutakoaren arabera, azaroaren 23ko 15/1994 Foru Arauak xedatutakoarekin bat etorriz.
3.– Gainerako % 0,15a Euskal Udalen Elkartea (Eudel) finantzatzeko erabiliko da.
30. artikulua.– Gizarte zerbitzu eta prestazioen karteraren garapenerako funtsa.
1.– Gipuzkoako udalek, 2019. urtean, 3.321.000,00 euroko kopuru globala jasoko dute Gizarte zerbitzu eta prestazioen karteraren garapenerako funtsaren kargura.
2.– Udalek egin beharreko ekarpena funts hori finantzatzeko 799.957,00 eurotan finkatzen da 2019. urterako. Ekarpen hori udal bakoitzari eta Eudeli Udalak Finantzatzeko Foru Funtsean duten partaidetzaren proportzioan egotziko zaie.
31. artikulua.– Partaidetza itundu gabeko tributuetan.
Foru Aldundiak Ekonomia Itunaren 51. artikuluan jasotakoaren arabera banatuko die Gipuzkoako udalerriei itundu gabeko zergetan duten partaidetza.
32. artikulua.– Udal zergen bilketa.
1.– Udalerri bakoitzean likidatu beharreko udal zerga propioetatik bildutako kopuru likidoa dena delako udalerriari esleituko zaio zuzenean.
2.– Udalerri bakoitzari borondatezko epean nahiz bide exekutiboan esleitutako zerga-bilketa garbitik, kendu egingo da ondoko zergak biltzean Foru Aldundiak emandako zerbitzuaren kostua: ondasun higiezinen gaineko zerga, jarduera ekonomikoen gaineko zergaren udal, lurralde eta estatu mailako kuotak, eta udalen kontura bildu litzakeen zuzenbide publikoko beste sarrera batzuk.
3.– Zerga propioak borondatezko bidean biltzea Foru Aldundiari hitzarmen bidez eskuordetu dioten udalerriek eskubide izango dute, 2019ko ekitaldian, konturako aurrerakinak jasotzeko, baina aurrerakin horiek ez dute interesik sortuko, Foru Aldundiari ordaindu beharreko zerbitzuaren kostuan sartutakotzat joko baitira.
Konturako ordainketak gauzatzeko, aldizkako entregak egingo dira maiztasun honekin:
a) Hilero, 2.000 biztanle edo gehiago dituzten udalerriei.
b) Bi hilean behin, 2.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriei.
Ondasun higiezinen gaineko zergaren kasuan, ordainketa horiek urteko lehen 6 hilabeteetan bakarrik egingo dira; eta jarduera ekonomikoen gaineko zergaren udal kuoten kasuan, berriz, urte osoan zehar.
Aurrerakin horien zenbatekoa zehaztuko da, gehienbat, 2018ko ekitaldian ondasun higiezinen gaineko zergagatik eta jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren udal kuotagatik borondatezko bidean bildutako kopuruen arabera. Hala behar denean, zerga oinarriak, karga tasak edo tarifak aldatzean sortutako bariazioak eginez zuzenduko dira kopuru horiek. Zerga-bilketaren behin betiko kopuruak ezagututa, bidezko likidazioa egingo da.
VII. TITULUA
BATZAR NAGUSIEI INFORMAZIOA EMATEA
33. artikulua.– Foru Aldundiak aldizka eman beharreko informazioa.
1.– Gipuzkoako Foru Aldundiak, hiru hilean behin, informazioa eman behar die Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta Foru Administrazioaren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:
a) Kreditu aldaketen laburpena.
b) Aurrekontuen exekuzio mailaren laburpena, sarrera eta gastuen egoerei dagokienez.
c) Urte anitzeko gastu konpromisoen exekuzioaren laburpena.
d) Sarreren eta gastuen balantzea partidaka, exekuzio faseen arabera.
e) Foru zorpetzearen egoera.
f) Emandako abalak eta abalatutako zenbateko osoa.
g) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.
h) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.
i) Departamentuz departamentu emandako diru laguntzen zerrenda.
Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada Foru Aldundiak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.
2.– Hilabete bakoitzaren lehen hamabost egunen barruan, Foru Aldundiak informazio hau emango du: kontzeptu guztiengatik izandako zerga-bilketa; sarreren itzulketak; eskatutako eta emandako gerorapen eta zatikapenak; eta aurreko hilabetean zehapenekin lotuta eskatutako eta ebatzitako barkamen espedienteak.
Horrez gain, informazioa emango da Euskal Autonomia Erkidegoko foru aldundiek zerga itunduengatik osotara izandako bilketa bateratuari buruz, aurreko lehen epeari dagokionez.
3.– Foru Aldundiak zerga iruzurraren aurka egindako ekintzen berri emango die, hiru hilean behin, Batzar Nagusiei. Informazioak arlo horretan egindako kudeaketaren emaitzak jasoko ditu, hala nola ikuskatutako zergadun portzentajeak eta segmentuak, kudeaketaren ondorioz erregularizatutako ondarea eta baliabideak, eta bestelako datu interesgarriak.
4.– Foru Aldundiak Enplegu Publikoko Eskaintzaren Planari buruz hartutako erabakien berri emango die Batzar Nagusiei, erabaki horiek hartu eta ondorengo hilabetearen barruan.
34. artikulua.– Foru organismo autonomoek aldizka eman beharreko informazioa.
1.– Foru organismo autonomoek, hiru hilean behin, informazioa eman behar diete Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta beren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:
a) Kreditu aldaketen laburpena.
b) Aurrekontuen exekuzio mailaren laburpena, sarrera eta gastuen egoerei dagokienez.
c) Urte anitzeko gastu konpromisoen exekuzioaren laburpena.
d) Sarreren eta gastuen balantzea partidaka, exekuzio faseen arabera.
e) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.
f) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.
2.– Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada foru organismo autonomoak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.
35. artikulua.– Merkataritzako foru sozietateek eta foru fundazioek aldizka eman beharreko informazioa.
1.– Merkataritzako foru sozietateek eta foru fundazioek, hiru hilean behin, informazioa bidaliko diete Batzar Nagusiei aurrekontuaren exekuzioari buruz eta beren finantza egoerari buruz, txosten hauek direla medio:
a) Zorpetzearen egoera.
b) Egoera balantzea eta galera-irabazien kontua.
c) Ordaintzeke dauden fakturen laburpena, berankortasunari buruzko araudian ezarritako epe haietan betetzen ez denean.
Informazioa formatu digitalean bidaliko da, kalkulu orrietan edo datu baseetan lan egin, aldatu eta aztertu ahal izateko. Txosten bakoitzean aztertzen den hilabetea amaitu eta hurrengoan bidali behar da informazio hori. Epea igarotzen bada merkataritzako foru sozietateak edo foru fundazioak komunikazioa bidali gabe, edozein talde batzarkidek gaia Ogasun eta Finantza Batzordearen aztergaien zerrendan zuzenean sartzeko eskatu ahal izango du.
2.– Bidegi SA merkataritza sozietatearen kasuan, hilean behin txosten hauek bidali beharko ditu Batzar Nagusietara:
a) Hilero, kanon kontzeptuagatik lortzen dituen diru-sarrerak.
b) AP-8 eta AP-1 autobideetako deskontu planaren erabiltzaileengandik hilero lortzen dituen diru-sarrerak.
c) Merkataritzako foru sozietateak gehieneko tarifagatik egiten duen itzulketaren hileko bilakaera.
d) Hilero, deskontuen kontzeptuagatik itzultzen dituen kopuruak.
VIII. TITULUA
GIPUZKOAKO BATZAR NAGUSIEN AURREKONTUA KUDEATZEKO ARAUAK
36. artikulua.– Aurrekontu aldaketak.
Gipuzkoako Batzar Nagusietako Mahaiak erabaki dezake kreditu aldaketak mugarik gabe egitea, salbuespen hauek kontuan hartuta:
a) Ezin diete eragin kreditu txertatuei.
b) Ezin dituzte gutxitu aurrez handitu diren kredituak.
c) Ezin dituzte handitu beste transferentzia batzuen ondorioz gutxitu diren kredituak.
37. artikulua.– Kreditu gaikuntzak.
Batzar Nagusien aurrekontuko sarreren egoeretan aurreikusita egon gabe ekitaldian lortzen diren diru sarrerek, eta, orobat, aurrekontu horretan aurreikusitakoak gainditzen dituztenek, ordainketa kreditua sortu dezakete dagokien gastu egoeran.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Berandutze interesa.
2019ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31 bitarteko ondorioekin, % 3,75ekoa izango da 2005eko martxoaren 8ko 2/2005 Foru Arauak, Gipuzkoako Zergen Foru Arau Orokorrak, 26.6 artikuluan aipatzen duen berandutze interesa.
Bigarrena.– Tasak eguneratzea.
Departamentuek kudeatzen dituzten Gipuzkoako Foru Ogasunaren tasak eta ordainarazpen parafiskalak finkoak badira oinarriaren portzentaje bati lotuta ez daudelako edo oinarri hori moneta unitatetan baloratuta ez dagoelako, 2018an exijigarri den kopuruari 1,015 koefizientea aplikatuz gehituko dira, betiere 2005eko uztailaren 12ko 5/2005 Foru Arauak, garraio alorrean zerbitzuak eman eta jarduerak egiteagatik exijitu beharreko tasak arautzen dituenak, 5.4 artikuluan ezarritakoa eragotzi gabe.
Hirugarrena.– Balio katastralak eguneratzea.
Uztailaren 5eko 12/1989 Foru Arauak, Ondasun Higiezinen gaineko Zergarenak, 13. artikuluan jasotakoaren ondorioetarako, 2018. urtean indarrean dauden balioei 1,015ko eguneratze koefizientea aplikatuko zaie 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Laugarrena.– AP-8 eta AP-1 autobideak Gipuzkoako lurralde historikoan erabiltzeko kanonaren zenbatekoak.
1..– 20119ko urtarrilaren 1etik aurrera, AP-8 eta AP-1 autobideak Gipuzkoako Lurralde Historikoan erabiltzeagatik ordaindu beharreko kanonaren zenbatekoa, handitu egiten da 2018. urtean exijitutako zenbatekoari 1,035eko koefizientea aplikatuta ateratzen den kopururaino. Zenbatekoak hauek dira (BEZa barne):
2.– Kanbioa errazteko eta irteera/sarrera operazioetan trafiko-arintasuna hobetzeko, ordainketa asko eskudirutan egiten direla kontuan izanda, Irun Barrera ordainlekuan, ibilgailu arinen tarifa 2,60 € izango da, uztailaren 19tik irailaren 1era arte, biak barne.
3.– 2018. urtean zehar AP-8 eta AP-1 autobideetako deskontuen planari atxikitako erabiltzaileei aplikatutako deskontuak berdin mantentzen dira.
4.– % 3,5 igotzen da 2018an aplikatu den joan-etorriko bidaiaren murrizketa gehigarria. 2019rako, 0,49 euro izango da.
5.– % 3,5 igotzen da 2018an AP-1 eta AP-8 autobideetako Gipuzkoako zatietan egiten diren joan-etorriengatik aplikatu beharreko deskontuetara atxikitako pertsonek hilero ordaindu beharreko zenbatekoa, dagozkion deskontuak eta beherapen gehigarriak aplikatu eta gero. 2019rako, 31,53 euro izango da.
6.– % 3,5 igo da AP-8 eta AP-1 autobideen deskontu planari atxikitako erabiltzaileentzat, Gipuzkoatik kanpoko ibilbideetan AP-1 autobidea (Araban) eta AP-8 autobidea (Bizkaian) erabiltzeagatik, gastu gehigarriaren mugari, hileko gehiengoari, 2018an aplikatu dakiokeen gehieneko zenbatekoa, 3/2017 Foru Arauak, abenduaren 26koak, Gipuzkoako Lurralde Historikoko 2018rako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, hirugarren xedapen gehigarriaren seigarren atalean arautzen duena. Hala, 2019rako, gehieneko zenbateko hori 46,58 euro izango da.
Bosgarrena.– Gipuzkoako Lurralde Historikoko toki korporazioetako kideen ordainsarien gehieneko mugak zehaztea.
1.– Asistentziengatik eta ordainsari kontzeptu guztiengatik toki korporazioetako kideek jaso dezaketen zenbatekoaren gehieneko mugak ondorengo taularen araberakoak izango dira, kanpoan utzita, hala balegokio, zerbitzu berezien egoeran dauden karrerako funtzionarioek jaso ditzaketen hirurtekoak, eta kontuan izanda, besteak beste, toki entitatearen izaera eta biztanleria:
2.– Lurralde historikoko hiriburuari aplikatu beharreko gehieneko muga 90.000,00 euro izango da; betiere Eusko Jaurlaritzako sailburuari dagokion ordainsaria eguneratzen den moduan eguneratuta.
3.– Dedikazio partzialei aplikatu beharreko gehieneko mugak honela kalkulatuko dira: 1. atalean aurreikusitako taularen arabera dagozkienei toki entitateak erabakitako dedikazio ehunekoa aplikatuta.
4.– Mugak ezartzeko erreferentzia gisa erabilitako Eusko Jaurlaritzako karguen ordainsariak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen Legean ezarritakoak izango dira.
Seigarrena.– Kreditu gehigarriak.
1.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuaren proposamenez, kreditu gehigarriak onartu ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, aurrekontuari aplikatu gabe dauden eta 2018ko abenduaren 31n «Aurrekontuari aplikatu gabeko eragiketen hartzekodunak» kontuan kontabilizatu diren betebeharrei edo horien baliokideei erantzuteko, aplikagarria den araudian xedatutako eran.
2.– Diputatuen Kontseiluak, Ogasuneko eta Finantzetako foru diputatuaren proposamenez, kreditu gehigarriak onartu ahal izango ditu diruzaintzako gerakinaren kargura, gehienez 15.000.000,00 euroraino, aplikagarria den araudian xedatutako eran.
Zazpigarrena.– 2019an Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAUri maileguak emateko baimena.
1.– 2019ko ekitaldian Ogasun eta Finantza Departamentuak epe luzerako maileguak eman ahal izango dizkio Foru Aldundira atxikitako Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAU entitateari, sozietate horrek 2011n hitzartutako finantzaketa eragiketen ordez, betiere hiri hondakin solidoen azpiegiturak finantzatze aldera.
Interes tasa aplikagarriaren, marjinaren eta beste finantzaketa baldintza batzuen mugak sozietate horrek 2011n hasieran hitzartutakoak izango dira.
2.– Finantzaketa eragiketen ordezkapena finantza entitateek egitekotan, Gipuzkoako Foru Aldundiak abal bat edo honen ordezko beste berme mota batzuk eman ahal izango ditu, betiere legez jarritako mugen barruan.
3.– Diruzaintzako gerakina maileguak finantzatzeko erabiliz gero, ez da konputatuko seigarren xedapen gehigarrian jarritako mugaren ondorioetarako.
XEDAPEN IRAGANKORRAK
Lehenengoa.– Aurrekontuaren egokitzapen teknikoak.
Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusiari baimena ematen zaio aurrekontuan bidezko egokitzapen teknikoak egiteko, horiek beharrezkoak direnean berrantolaketa administratiboak egin direlako edo aurreko ekitaldian konprometitu bai baina gauzatu ez diren gastuak –gastu txertatu gabeak– aurrekontuari egotzi behar zaizkiolako, edo, duten helburua sarrerak eta gastuak kontabilitatean egoki egoztea denean. Behar diren aurrekontu partidak sortuko ditu horretarako.
Bigarrena.– Saldoen arazketa.
Ogasun eta Finantza Departamentuari dagokio kontuetan sortutako saldoak zuzentzea eta araztea, benetan exijigarri edo egingarriak diren kredituak eta zorrak kontabilitatean jasota gera daitezen.
Hirugarrena.– Aurrekontua luzatzea.
2019. urteko aurrekontuaren luzapenaldian zehar, halakorik balego, aurrekontu kredituen eta haien aldaketen araubide orokorra Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko Foru Arauaren 78. artikuluan eta foru arau honen III. tituluan ezarritakoa izango da.
Era berean, aurrekontuaren luzapenaldian zehar, aplikagarriak izango dira II., IV., V. eta VII. tituluetan jasotako artikuluak, eta foru arau honetako xedapen gehigarriak, xedapen iragankorrak eta azken xedapenak.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indargabeturik geratzen dira, foru arau hau indarrean dagoen bitartean, horren aurka doazen edo bertan jasotakoarekin bat ez datozen maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.
AMAIERAKO XEDAPENAK
Lehenengoa.– Aldatzea urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Araua, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarena.
2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin, aldaketa hauek sartzen dira urtarrilaren 17ko 3/2014 Foru Arauan, Gipuzkoako Lurralde Historikoko Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzkoan:
Bat.– 73. artikulua honela geratzen da idatzita:
«73. artikulua.– Murrizpena batera tributatzeagatik.
1.– Foru arau honetako 97. artikuluan xedatutakoari jarraiki batera tributatzea aukeratzen denean, oinarri ezargarri orokorra 4.347 euro murriztuko da urtean autolikidazio bakoitzeko.
2.– Foru arau honetako 97. artikuluko 2. apartatuan aipatzen diren familia unitateen kasuan, aurreko apartatuan adierazitako murrizpena 3.776 eurokoa izango da.»
Bi.– 75 artikuluko 1. apartatua honela geratzen da idatzita:
«1.– Oinarri likidagarri orokorrari eskala honetan adierazten diren karga tasak aplikatuko zaizkio:
Hiru.– 77. artikulua honela geratzen da idatzita:
«77. artikulua.– Kuota txikitzea.
Zergadunek 1.432 euro txikitu ahal izango dituzte kuotan, autolikidazio bakoitzean, foru arau honetako 74. artikuluan ezarritakoaren arabera.»
Lau.– 79. artikuluko 1. eta 2. apartatuak honela geratzen dira idatzita:
«1.– Zergadunarekin bizi den ondorengo ahaide bakoitzeko, kenkari hau egingo da:
– 603 euro urtean, lehenengoagatik.
– 747 euro urtean, bigarrenagatik.
– 1.261 euro urtean, hirugarrenagatik.
– 1.490 euro urtean, laugarrenagatik.
– 1.946 euro urtean, bosgarren eta hurrengo bakoitzarengatik.
2.– Zergadunarekin bizi den sei urtetik beherako ondorengo ahaide bakoitzeko, aurreko apartatuan jasotakoaren arabera dagokionaz gain, 347 euroko kenkari osagarria egingo da urtean.»
Bost.– 81. artikuluko 1. apartatuko aurreneko paragrafoa honela geratzen da idatzita:
«1.– Urte natural osoan zergadunarekin modu jarraitu eta iraunkorrean bizi den aurreko ahaide bakoitzeko 289 euroko kenkaria egin daiteke.»
Sei.– 83. artikulua honela geratzen da idatzita:
«83. artikulua.– Kenkaria adinarengatik.
1.– 65 urtetik gorako zergadun bakoitzeko, oinarri ezargarria 20.000 eurokoa edo txikiagoa badu, 346 euroko kenkaria egingo da.
Zergadunak 75 urte baino gehiago baditu, eta oinarri ezargarria 20.000 eurokoa edo txikiagoa badu, aurreko paragrafoan aipatutako kenkaria 632 eurokoa izango da.
2.– Oinarri ezargarria 20.000 eurokoa baino handiagoa eta 30.000 eurokoa baino txikiagoa duten 65 urtetik gorako zergadunek 346 euroko kenkaria izango dute, ken eragiketa honen emaitza: oinarri ezargarria 20.000 euro murriztu ondoren ateratzen den zenbatekoa bider 0,0346.
3.– Oinarri ezargarria 20.000 eurokoa baino handiagoa eta 30.000 eurokoa baino txikiagoa duten 75 urtetik gorako zergadunek 632 euroko kenkaria izango dute, ken eragiketa honen emaitza: oinarri ezargarria 20.000 euro murriztu ondoren ateratzen den zenbatekoa bider 0,0632.
4.– Artikulu honen ondorioetarako, oinarri ezargarria izango da Foru Arau honetako 65. eta 66. artikuluetan aurreikusitako oinarri ezargarri orokorraren eta aurrezpenaren oinarri ezargarriaren batura. Oinarri ezargarri orokorra saldo negatiboa bada, zerotzat hartuko da goian aipatutako batuketaren ondorioetarako.
Dena den, zerga oinarri orokorrean eta, hala badagokio, aurrezpenarenaren zerga oinarrian pentsio konpentsagarrien eta urteko mantenurako ordainketen murriztapena aplikatzen bada foru arau honen 69. artikuluan ezarritakoaren arabera, murriztapen horrek aurreko paragrafoan xedatutakoari jarraituz kalkulatutako zerga oinarria gutxituko du.»
Bigarrena.– Aldatzea Gipuzkoako Lurralde Historikoko Finantza eta Aurrekontu Araubideari buruzko martxoaren 27ko 4/2007 Foru Araua.
Aldatu egiten da zortzigarren xedapen gehigarriaren 2. apartatua, eta honela idatzita gelditzen da:
«2.– Foru fundazioak eratzeko, haien estatutuak aldatzeko, fundazioek bat egin zein desegiteko, edo foru fundazio izatea nahiz izaera hori galtzea dakarten egintzak edo negozioak egiteko, Diputatuen Kontseiluaren erabakia beharko da.
Diputatuen Kontseiluak onartuko ditu ekitaldiaren barruan sortutako foru fundazioen aurrekontuak eta Gipuzkoako Lurralde Historikoko Batzar Nagusiei berri emango zaie.»
Hirugarrena.– Foru arauaren erregelamenduzko garapena.
Diputatuen Kontseiluari baimena ematen zaio foru arau honetan xedatutakoa garatu eta gauzatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan, Ogasun eta Finantza Departamentuak proposatuta.
Laugarrena.– Aplikazio eremua.
Foru arau hau indarrean jarri ondorengo egunetik aurrera foru sektore publikoan sor daitezkeen entitateei bertan ezarritakoa aplikatuko zaie.
Bosgarrena.– Indarrean jartzea.
Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean jarriko da indarrean, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin.
I.I eta I.II ERANSKINAK
GIPUZKOAKO LURRALDE HISTORIKOKO 2019KO AURREKONTU IRMOTUAREN SARRERA ETA GASTUEN EGOERA
I.III ERANSKINA
Gastuen Aurrekontuaren Laburpena Departamentuka eta Kapituluka
II. ERANSKINA
2019ko Aurrekontuan sartzen diren Konpromisu-Kredituak
III.1), III.2), III.3), III.4) ETA III.5) ERASKINAK
BANAKETAK ETA KUOTAK