EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2019029

15/2019 DEKRETUA, otsailaren 5ekoa, 2019ko ekitaldirako zorpetze-eragiketak egitea erabaki eta baimentzen duena.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201900015
Xedapenaren data: 2019-02-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201900720
Maila: Dekretua
Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 24. artikuluak ezartzen duenez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari eta haren erakunde autonomoei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrek ezarriko dute ekitaldi bakoitzean egin daitezkeen zorpetze-eragiketen gehieneko zenbatekoa, edo, luzapenik izanez gero, Euskadiko aurrekontu-araubideari buruzko araudian aurreikusitakoa izango da.
Ondore horietarako, Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren 128. artikuluaren e) apartatuan dago xedatuta, zorpetzeari eta kreditu-eragiketei loturiko luzapen-araubideari dagokionez, luzapena izan behar duten aurrekontu orokorretan zehaztuta dauden muga berberak izango direla aplikatu beharrekoak luzapenak indarrean dirauen bitartean.
Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko ekitaldiko aurrekontu orokorrak onartu zituen abenduaren 22ko 5/2017 Legearen 10.1 artikuluan, baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari zorpetze-eragiketak egiteko. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak formalizatutako zorpetzea, edozein agiri motatan gauzatzen dela ere, gehitu ahal izango da, muga honekin: ekitaldiaren amaierako saldoa ezin izango da izan ekitaldiaren hasieran dagokion saldoa baino 429.302.050 euro handiagoa.
Beraz, 2018. urtea ixtean zeuden zorpetze-eragiketak eta 2019ko ekitaldian egin beharreko amortizazioak kontuan hartuta, ekitaldi honetan formalizatu beharreko zorpetzearen gehieneko zenbatekoa, aurreko lege-murrizketa betez gero, 1.260.539.737 eurokoa da. Edonola ere, ekitaldian formalizatutako gehieneko zenbatekoen bidez bermatu beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2019rako aurrekontu-egonkortasuneko helburua betetzea, zor publikoari dagokionez, Kontzertu Ekonomikoaren 62.b artikuluan ezarritakoaren arabera.
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legearen 28. artikuluan aurreikusten denez, zorpetzea egin ahal izango da zor publikoaren jaulkipenen bidez edo kreditu- edo mailegu-eragiketen bidez.
Horri dagokionez, lege horren 30. artikuluan xedatzen denez, zor publikoaren jaulkipena egitea Gobernu Kontseiluak erabakiko du, dekretu bidez, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailak proposatuta. Dekretuak zehaztuko ditu zenbatekoaren eta zorpetzea egiteko denboraren gehieneko mugak, eta eragiketaren bestelako ezaugarriak ere zehaztu ahal izango ditu. Dekretuak bere aurreikuspenen barnean aipatu gabeko jaulkipenaren ezaugarriak, aldiz, zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburuak zehaztuko ditu, agindu bidez, eta agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Bestalde, lege beraren 34. artikuluan zehazten denez, Gobernu Kontseiluak finantza-erakundeekiko kreditu- edo mailegu-eragiketak baimendu ditzake, eta, horretarako, errespetatu beharreko ezaugarri orokorrak zehaztuko ditu.
Nazioarteko finantza-merkatuen gaur egungo egoera munduko ekonomia- eta finantza-egoeraren bilakaerak eragindakoa denez, ahalik eta malgutasunik handienaz hartu behar dira zorpetze-arloko erabakiak.
Hori dela eta, aurreko ekitaldietan baimena eman zen, era berean, Euskadiren zor publikoaren jaulkipenak egiteko edo mailegu-eragiketak ituntzeko, eta zorpetze-kontuetan eskumena duen sailburua gaitu zen zorpetze-eragiketak egiteko tresna eta modalitate zehatzak zehazteko, baita finantza-baldintzak eta eragiketen gainerako ezaugarriak zehazteko ere, dagokion dekretuaren aurreikuspenen barnean, betiere.
Horregatik, dekretu honen bidez baimendutako eragiketei buruzko erabakiak ahalik eta malgutasunik handienaz hartu nahirik, merkatuen egoerak horretarako aukera ematen duenean zehazteko uzten da bai zer tresna eta zer modalitate zehatz erabiliko den zor-jaulkipenak eta mailegu-eragiketak bideratzeko, bai zer finantza-baldintza ezarriko diren.
Horiek horrela, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2019ko otsailaren 5ean egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Zorpetze-eragiketak.
Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean dauden lege-xedapenen testu bateginaren 128.e) artikuluarekin bat –maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuak onartu zuen testu bategin hori–, erabaki da Euskal Autonomia Erkidegoak zor publikoaren jaulkipen bat edo batzuk egitea, eta baimena ematea mailegu-eragiketak ituntzeko, horiek prestatzeko modua edozein dela ere; bi kasuetan, barnean zein kanpoan, mila berrehun eta hirurogei milioi bostehun eta hogeita hemeretzi mila zazpiehun eta hogeita hamazazpi (1.260.539.737) euroko gehieneko zenbatekoan.
2. artikulua.– Zorpetze-eragiketen ezaugarriak.
Dekretu honen babesean onartzen eta baimentzen diren zorpetze-eragiketek ezaugarri orokor hauek izango dituzte:
1.– Gehieneko zenbatekoa guztira: 1.260.539.737 euro.
2.– Moneta: euroa edo beste edozein dibisa.
3.– Interes-tasa: finkoa edo aldakorra.
4.– Epea: 40 urte, gehienez.
5.– Jaulkipen-modalitateak: Eragiketak honela egin ahal izango dira:
– Zor publikoaren jaulkipenen bidez, etekin esplizitu edo inplizituen balioak zirkulazioan jarrita, eurotan edo beste edozein dibisatan, formatua eta egitura zeinahi direlarik ere.
– Beste edozein mailegu- edo kreditu-eragiketa motaren bidez.
3. artikulua.– Helburua.
Zorpetze-eragiketen ondoriozko baliabideak, dekretu honen bidez erabaki eta baimenduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak finantzatzeko izango dira, 2019ko ekitaldirako.
4. artikulua.– Onurak.
Gaur egungo arauekin bat, baimentzen diren jaulkipenek Estatuaren zor publikoaren onura eta baldintza berberak izango dituzte.
5. artikulua.– Konputagarritasuna.
Dekretu honen arabera jaulkitako balioak gaitzat joko dira ondoren aipatzen diren erakundeen koefizienteetan egin beharreko inbertsioen ondorioetarako. Hauek dira erakundeak: elkarren bermerako sozietateak, aseguru pribatuko erakundeak, borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak eta Estatuaren zor publikoaren konputagarritasuna berez aitortuta duten erakundeak.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Gaikuntzak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Finantzen azaroaren 8ko 8/1996 Legean xedatutakoaren arabera, Ogasun eta Ekonomiako sailburuari dagokio, agindu baten bidez, dekretu honetan erabaki diren zorpetze-eragiketak egiteko tresnak eta modalitateak zehaztea, bai eta dekretu honetan jaulkipenari buruz aipatu ez diren finantza-baldintzak eta ezaugarriak zehaztea ere, dekretu horren aurreikuspenen barruan, betiere. Zor publikoaren jaulkipena balioen bidez egiten bada, agindu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko da.
2.– Baimena ematen zaie Ekonomiako, Finantzetako eta Aurrekontuetako sailburuordeari eta Finantza Politikako zuzendariari, dekretu honetan erabakitako eta baimendutako zorpetze-eragiketak egin ahal izateko behar diren kontratuak eta gainerako agiri erantsi eta osagarriak sinatzeko, bai eta estalduratik eratorritako eragiketak sinatzeko ere, halakorik behar izanez gero.
AZKEN XEDAPENA.– Ondorioak.
Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko otsailaren 5ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.