EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2019029

16/2019 DEKRETUA, otsailaren 5ekoa, zeinaren bidez bigarren aldiz aldatzen baita Euskadiko osasun-sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen Dekretua.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201900016
Xedapenaren data: 2019-02-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201900707
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2013/11/28an argitaratutako 2013/11/19ko 201300447 DEKRETUA aldatzen du

Agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua 2013ko azaroaren 28ko EHAAn argitaratu zen, 227. zenbakian. Dekretu horretan, gaixotasun- eta behar-egoera objektiboan dauden pertsonentzako laguntzak arautzen dira, Euskadiko osasun-sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak bete ditzaten, tratamenduok finantzaketa publikoaren xede direnean betiere.
Aipatutako dekretuak arautzen duen laguntza-araubidearen xedea da, hain zuzen, tratamendua betetzea errazteko tresnak ezartzea eta era horretan murriztea tratamendu medikoa betetze aldera pertsona jakin batzuen artean sor daitezkeen desberdintasunak; izan ere, baliteke batzuk, dauzkaten muga ekonomikoengatik edo gizarte-bazterkeriako egoeran egoteagatik, mediku-aginduak behar bezala ez betetzeko edo uzteko arriskuan egotea.
Hala, urteroko laguntza-deialdiak egin dira haren aplikazio-eremuaren barruan, 2013-2014, 2014-2015, 2015-2016, 2016-2017 eta 2017-2018 denboraldietarako.
Dekretu horren 3.1 artikuluaren arabera, pertsona hauek jotzen dira laguntzen onuraduntzat:
«a) Gizarte Segurantzan pentsiodun gisa aseguratuta egonik, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak dituztenak, baldin eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
b) Aurreko apartatuan aipatutako aseguratuen onuradunak, baldin eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
c) Legezko langabezia-egoeran dauden eta langabezia-prestaziorik eta diru-sarrerak bermatzeko errentarik jasotzen ez duten pertsonak, baldin eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
d) Aurreko apartatuan aipatutako aseguratuen onuradunak, baldin eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
e) Estatuko osasun-sistemako aseguratu edo onuradun ez izan arren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Estatuko osasun-sistemaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren aplikazio-eremu subjektiboan sartzen badira».
2017ko martxoaren 23an, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak, erdibideko zuzenketa baten bidez, legez besteko proposamen bat onartu zuen, pentsiodunek eta langabetuek botiken berrordainketa egin behar ez izateko bermeei buruz. Proposamen horretan, zenbait eskaera egin zizkion Osasun Sailari, besteak beste, hauek:
– Tratamendu medikoak bete daitezen bermatzeko neurriak berrikustea, inork ez dezan arrazoi ekonomikoengatik baztertu Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko profesionalek ezarritako botika-tratamendua.
– Azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua aldatzea, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren langabetuek eta diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsona guztiek eskura ditzaten tratamendua betetzeko laguntzak (aipatutako dekretuak Euskadiko osasun-sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen ditu, eta 2013ko azaroaren 28ko EHAAn argitaratu zen, 227. zenbakian).
Legez besteko proposamen horretan aipatzen diren kolektiboak arauak erregulatzen dituen laguntzen onuradunen taldean sartzeko, azaroaren 14ko 247/217 Dekretua onartu zen (dekretu haren bidez aldatzen zen Euskadiko osasun-sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen Dekretua). 247/217 Dekretua 2017ko azaroaren 17ko EHAAn argitaratu zen (220. zk.). Dekretu haren artikulu bakarraren bidez aldatzen ziren Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuaren 3.1 artikuluaren b), c) eta d) apartatuak, laguntzen onuradunei buruzkoak. Honela geratuko da:
«1.– Hauek izango dira laguntzen onuradunak:
a) Gizarte Segurantzan pentsiodun gisa aseguratuta dauden pertsonak, baldin eta urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
b) Legezko langabezia-egoeran dauden pertsonak, baldin eta urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
c) Aurreko bi apartatuetan aipatutako aseguratuen onuradunak, baldin eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
d) Beren laneko errentak osatzeko diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen duten pertsonak, baldin eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
e) Estatuko osasun-sistemako aseguratu edo onuradun ez izan arren, Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan Estatuko osasun-sistemaren osasun-prestazioak emateko araubideari buruzko ekainaren 26ko 114/2012 Dekretuaren aplikazio-eremu subjektiboan sartzen diren pertsonak».
Bestalde, Osasun Sistema Nazionalerako Irispide Unibertsalari buruzko uztailaren 27ko 7/2018 Errege Lege Dekretuak honako lege-xedapen hauek aldatzen ditu: Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3., 3.bis eta 3 ter artikuluak; Sendagai eta osasun-produktuen berme eta erabilera arrazionalari buruzko Legearen testu bateginaren 102.5.e) artikulua (uztailaren 24ko 1/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen lege hura). Uztailaren 27ko 7/2018 Errege Lege Dekretua 2018ko uztailaren 30eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen eta 2018ko uztailaren 31n indarrean jarri.
Osasun Sistema Nazionalaren kohesio eta kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legearen 3.1 eta 3 ter artikuluetan egindako aldaketaren arabera, osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titular dira, batetik, Espainiako nazionalitatea dutenak eta Espainian bizilekua duten atzerritarrak, eta bestetik, Espainiako Estatuan erregistratu gabe edo egoiliar gisa baimendu gabe dauden atzerritarrak, Espainiako nazionalitatea dutenen baldintza berberetan osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea dutenak, 3.1 artikuluan ezarrita dagoen bezala.
Beraz, egokitu beharra dago Euskadiko osasun-sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretua, onuradunen definizioa arautegi berrira moldatzeko.
Hori dela eta, Osasuneko sailburuak proposatuta, Gobernu Kontseiluak 2019ko otsailaren 5ean izandako bileran gaia eztabaidatu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Aldatu egiten da Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuaren 3.1 artikulua. Honela geratzen da idatzita:
«1.– Hauek izango dira laguntzen onuradunak:
a) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, baldin eta Gizarte Segurantzan pentsiodunak badira, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
b) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, baldin eta legezko langabezia-egoeran badaude, urtean 18.000 eurotik beherako diru-sarrerak badituzte eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
c) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, baldin eta beren laneko errentak osatzeko diru-sarrerak bermatzeko errenta jasotzen badute eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
d) Osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidearen titularrak, baldin eta aurreko hiru apartatuetan aipatutako aseguratuen onuradunak badira eta Euskadiko osasun-sistemak bermatzen duen banako osasun-txartelaren titularrak badira.
e) Espainiako Estatuan erregistratu gabe edo egoiliar gisa baimendu gabe dauden atzerritarrak, baldin eta osasun-babeserako eta osasun-laguntzarako eskubidea badute Espainiako nazionalitatea dutenen baldintza berberetan, eta Euskal Autonomia Erkidegoak eskubide hori aitortzeko emandako egiaztagiria badute».
Bigarren artikulua.– Aldatu egiten da Euskadiko Osasun Sistemako langileek agindutako tratamendu medikoak betetzea errazteko laguntzak arautzen dituen azaroaren 19ko 447/2013 Dekretuaren lehenengo xedapen gehigarria. Honela geratzen da idatzita:
«LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA
Arau honetan erregulatutako laguntzen onuraduntzat hartutako pertsonek, 3.1 artikuluan jasotako definizioetan jasota daudenean, laguntzak eskatu ahal izango dituzte Estatuko osasun-sistemako langileek agindutako eta finantzaketa publikoa duen tratamendu medikoagatik benetan ordaintzen dituzten zenbatekoei dagokienez».
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Erregelamendu bidezko garapena.
Osasun arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailburuari ahalmena ematen zaio dekretu hau garatu eta betearazteko hartu behar diren xedapenak har ditzan.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Indarrean jartzea.
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2019ko otsailaren 5ean.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.