EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2019028

EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 16koa, Ingurumeneko sailburuordearena, zeinaren bidez aldatzen baitira Krosaki AMR Refractarios SAri emandako ingurumen-inpaktuaren adierazpena eta ingurumen-baimen integratua, zeramika-produktu erregogorrak fabrikatzeko, Hernaniko udal-mugartean (Ibaiondo industrialdea).

Xedapenaren data: 2019-01-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201900691
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/10/10rean argitaratutako 2008/07/24ko EBAZPENA [201304301]
  • Ikus 2019/01/15ean argitaratutako 2018/11/09ko EBAZPENA [201900204]

AURREKARIAK
Ingurumeneko sailburuordearen 2008ko uztailaren 24ko Ebazpenaren bidez, ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzen da, eta Hernaniko udal-mugartean (Ibaiondo industrialdea) zeramika-produktu erregogorrak fabrikatzeko jarduerarako ingurumen-baimen integratua eman zitzaion Krosaki AMR Refractarios SAri.
Ingurumeneko sailburuordearen 2011ko apirilaren 15eko Ebazpenaren bidez aldatu eta eraginkor egin zen Krosaki AMR Refractarios SAri Hernaniko udal-mugartean zeramika-produktu erregogorrak fabrikatzeko jarduerarako emandako ingurumen-baimen integratua.
Ingurumeneko sailburuordearen 2014ko maiatzaren 30eko Ebazpenaren bidez, Krosaki AMR Refractarios SAUri transmititu zitzaizkion Etorlur Gipuzkoako Lurra SAUri Pedro Orbegozo enpresaren lehengo hondakindegiaren zigilatze partzialaren itxi osteko zigilatze eta kontrolerako emandako baimena, SU-24/2 eremuaren lurzatietan, zeinen gainean baitago Krosaki AMR Refractarios SAU, Hernaniko udal-mugartean (Gipuzkoa).
2014ko uztailaren 23an, Krosaki AMR Refractarios SAk jakinarazi zuen ordezko tunel-labe berri bat sartu duela, konponketengatik beste bi labeetako bat geldituz gero erabiltzeko.
2015eko abenduaren 1ean, Carlos Briz Iceta jaunak, Krosaki AMR Refractarios SAren izenean eta haren ordezkari gisa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari ingurumen-baimen integratua funtsean aldatzeko eskatu zion, ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin ondoren, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, tunel-labe berri bat ezartzeko eta, bi prentsa berri ezarrita, urteko ekoizpen-gaitasuna 50.000 tonako gehienekora handitzeko proiekturako. Eskabidearekin batera, honako dokumentazio tekniko hau aurkeztu zuen:
– Proiektu teknikoa eta ingurumen-inpaktuaren azterlana.
2015eko abenduaren 11n, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-baimen integratuaren eskabidea zuzentzeko eskatu zion sustatzaileari; eskabide hori Hernaniko fabrikan tunel-labe berri bat ezartzeko eta, bi prentsa berri ezarrita, urteko ekoizpen-gaitasuna 50.000 tonako gehienekora handitzeko zen. Eskakizun horri erantzuteko, 2016ko urtarrilaren 22an eta 2016ko otsailaren 15ean, Carlos Briz Iceta jaunak, Krosaki AMR Refractarios SAren izenean eta haren ordezkari gisa, informazio gehigarria eman zuen.
Aurkeztutako dokumentazioaren askitasuna egiaztatu ondoren, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2016ko martxoaren 4ko Ebazpenaren bidez (2016ko martxoaren 15eko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria), Krosaki AMR Refractarios SAk sustatutako proiektua jendaurrean jarri zen 30 laneguneko epean, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. 2016ko martxoaren 11n eta 2016ko apirilaren 6an, alboko auzotarrei jakinarazi zitzaien, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 59.5 eta 61. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, 2016ko maiatzaren 4ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta 2016ko maiatzaren 6ko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratutako iragarki baten bidez. Halaber, herritarren esku jarri zen formatu elektronikoan zegoen espedientearen oinarrizko dokumentazioa, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren web-orrian.
Jendaurreko informazioaren izapidea amaitu ondoren, egiaztatu zen ez dela alegaziorik aurkeztu.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 17. eta 18. artikuluetan, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 37. artikuluan xedatua aplikatuz, 2016ko maiatzaren 30ean, Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzak irizpena eskatu zien Osasun Sailari, IHOBEri, Añarbeko Urak enpresari, Hernaniko Udalari eta Ekologistak Martxan elkarteari.
2016ko ekainaren 30ean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostena jaso zen.
2016ko uztailaren 20an jakinarazi zitzaion Krosaki AMR Refractarios SAri kontsulta horren emaitza.
2017ko urriaren 31n, Krosaki AMR Refractarios SAk, eragindako Administrazio publikoei eta interesdunei eskainitako entzunaldi-izapidean jasotako txostenen edukia ikusita, adierazi zuen ez zegoela beharrik une horretara arte aurkeztutako dokumentazioa aldatzeko, eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta hasteko eskatu zuen. Dokumentu beraren bidez, Krosaki AMR Refractarios SAk hainbat fokutatik aireratutako igorpenen baldintzak aldatzeko eskabidea aurkeztu zuen.
2018ko apirilaren 26an, Krosaki AMR Refractarios SAk hondakin arriskugabeen kudeatzaile izateko baimen-eskabide bat aurkeztu zuen.
Ingurumeneko sailburuordearen 2018ko azaroaren 9ko Ebazpenaren bidez formulatu zen Krosaki AMR Refractarios SAren ingurumen-inpaktuaren adierazpena, Hernaniko udal-mugartean (Ibaiondo industrialdea) produktu zeramikoak fabrikatzeko jarduerarako.
2018ko azaroaren 27an, eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikulua aplikatuta, Krosaki AMR Refractarios SAren esku utzi zen espediente osoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako ebazpen-proposamenaren zirriborroa erantsita.
2018ko azaroaren 30ean, Krosaki AMR Refractarios SAk idazki helarazi zuen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak egindako ebazpen-proposamenaren hainbat aldaketa sartzea eskatzeko; espedientean daude horien emaitzak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea, eta, hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila handia helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 9. artikuluan xedatzen duenaren arabera, ingurumen-baimen integratua behar da haren 1. eranskinean aipatzen diren jardueretako edozeinetan aritzen diren instalazioak ustiatzeko.
Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren (Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena) 6. artikuluan xedatuarekin bat eginez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta lerro guztiak, zehazki, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueraren instalazioetan gauzatzen direnak eta jarduera horrekin zerikusi teknikoa dutenak.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, funtsezko aldaketa bat da Hernaniko udal-mugartean (Gipuzkoa) zeramika-produktu erregogorrak fabrikatzeko Krosaki AMR Refractarios SAren instalazioetan egitea planteatzen den aldaketa.
Halaber, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren (Industriako Isurpenen Erregelamendua onartzen eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena) 14.3 artikuluan ezartzen duenez, funtsezkoak ez diren aldaketa jarraituak burutzen badira instalazio batean ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena baino lehen edo berrikusketen arteko aldian, aldaketa funtsezkotzat joko da funtsezkoak ez diren eta artikulu honen 1. apartatuko irizpideren bat betetzen duten bi aldaketa edo gehiago batzea.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 11. artikuluan xedatuta dagoenaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena ematen parte hartuko duten administrazio publikoen artean koordinatuta egongo den prozedura bat erabili nahi da, izapideak errazteko eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzeko. Era berean, egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira indarrean dagoen legerian jasotako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak. Krosaki AMR Refractarios SAren kasuan, baimen hauek behar ditu: hondakin arriskutsuak eta hondakin arriskugabeak kudeatzeko baimena; saneamendu-sarera isurketak egiteko baimena; atmosferara isurketak egiteko baimena, eta, ingurumen-izaerako beste zehaztapen batzuen artean, lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari dagozkionak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dutela egiaztatu da, aginduzko txostenak igorri baitira.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumen-baimen integratua emateko prozedura beste edozein administrazio-bitartekori gailenduko zaio herritarren jardueretan, baldin eta jarduera deseroso, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuak egin ahal izateko administrazio eskudunek ezar baditzakete jarduera horiek. Ondorio horietarako, ingurumen-baimen integratua loteslea izango da tokiko agintaritzarentzat, baldin eta jarduerak egitea ukatzeko edo zuzenketa-neurriak ezartzeko bada; baita goiko arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdi orori dagokionez ere. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Krosaki AMR Refractarios SAri dagokion ingurumen-baimen integratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteko otsailaren 27ko 1998/27 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak; horiez gain, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren txostena sartu da; espedientean dago horren emaitza.
Bestalde, eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa aplikatu behar zaie legearen 1. eranskinean jasotako proiektuei.
Halaber, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko testu bateginaren 11.4 artikuluan xedatutakoa aplikatzeko, autonomia-erkidegoek beharrezkoa dena xedatuko dute ingurumen-baimen integratua emateko prozeduran sartu ahal izateko ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako jarduerak eta autonomia-erkidegoko araudian ingurumen-inpaktua ebaluatzeko ezarritako beste figura batzuk, baldin eta hala eska badaiteke eta autonomia-erkidegoak horretarako eskumena badu.
Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginean adierazitakoari jarraikiz, ingurumen-organoak neurriak hartu ditu ingurumen-inpaktua ebaluatzeko jarduerak ingurumen-baimen integratuaren prozeduran txertatzeko.
Azkenik, adierazi behar da ebazpen honek kontuan izan dituela teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den sektoreko legeriak zehaztutako neurriak eta baldintzak, bai instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak zehazteko, bai, ingurumen osoa ahalik eta gehien babesteko helburuz, instalazioaren ustiapenari ezarriko zaizkion bestelako baldintzak erabakitzeko. Bereziki, Europako Batzordearen honako dokumentu hauen edukia kontuan hartu da: BREF «Referent Document on Best Available Technique in the Ceramic Manufacturing Industry» (2007ko abuztua), Europako Batzordearena; «Reference Document on the application of Best Available Techniques to Industrial Cooling Systems» (2001eko abendua), eta «Reference Document on Best Available Techniques for Emissions from Storage» (2006ko uztaila), Europako Batzordearena.
Orain arte azaldutakoari jarraikiz, espedienteko txostenak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena aztertuta, ebazpen-proposamenaren zirriborroa sinatu zen, eta Krosaki AMR Refractarios SAk sustatutako aldaketa-proiektuari aplikagarri zaizkion baldintzak sartu, hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan aurreikusitako entzunaldi-izapidearen ondoriozkorik.
Goian adierazitako izapideak amaituta, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko Legearen testu bateginaren 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da, eta ebazpen hau egin da.
Aintzat hartu da organo honek eskumena duela ingurumen-baimen integratu hau emateko, hala xedatuta baitago Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuan.
Hauek ikusi dira: sailburuordearen 2018ko azaroaren 9ko Ebazpena, ingurumen-inpaktuaren adierazpena formulatzekoa; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren 2018ko abenduaren 21eko Ebazpen-proposamena; 3/1998 Legea, otsailaren 27koa, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko Lege Orokorra; 1/2016 Legegintzako Errege Dekretua, abenduaren 16koa, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Politika eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta aplikatu beharreko gainerako araudia. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– 2018ko azaroaren 9ko Ebazpenaren bidez formulatutako ingurumen-inpaktuaren adierazpena aldatzea, Krosaki AMR Refractarios SAren instalazioetan tunel-labe berri bat ezartzeko eta ekoizpen-gaitasuna handitzeko proiekturako, Hernaniko udal-mugartean (Ibaiondo industrialdea). Zehazki, 2018ko azaroaren 9ko Ebazpenaren lehenengo apartatua aldatzen da, eta ebazpen honen bigarren apartatuaren arabera idatzita geratzen, salbu lehenengo paragrafoa, hori 2018ko azaroaren 9ko Ebazpenean bezala idatzita geratzen baita. Halaber, 2018ko azaroaren 9ko Ebazpenaren hirugarren apartatuko B.1.2, B.3.2, B.3.3, B.7.5 eta C.2 azpiapartatuak ere aldatzen dira, eta ebazpen honen hirugarren apartatuko C.1.2, C.3.2, C.3.3, C.7.5 eta D.2 azpiapartatuen arabera idatziak gelditzen, hurrenez hurren.
Bigarrena.– Krosaki AMR Refractarios SAri emandako ingurumen-baimen integratua aldatzea (egoitza soziala: Ibaiondo industrialdea 31, Hernaniko udal-mugartea (Gipuzkoa); IFZ: A-20015152), Hernaniko udal-mugartean zeramika-produktu erregogorrak fabrikatzeko jarduerarako; baimen hori 2008ko uztailaren 24ko Ebazpenaren bidez eman zen, ebazpen honen hirugarren apartatuan ezarritako baldintzekin.
Jarduera 3.5 kategorian sartuta dago. Labea erabiliz zeramika-produktuak (teilak, adreiluak, erregogorrak, azulejuak, gres zeramikoa edo apaingaiak edo etxeko produktuak) fabrikatzeko instalazioak, egunean 75 tona baino gehiago ekoizteko ahalmenarekin, edota labekada batean 4 m3 baino gehiago eta labeko zama-dentsitatea 300 kg/m3 baino gehiago hartzeko ahalmenarekin, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskina.
Instalazioa Ibaiondo industrialdean dago, Hernaniko udalerrian (Gipuzkoa). Lurzatiak 26.846 m
Funtsezko aldaketa-proiektua 4 m
Krosaki AMR Refractarios SAk bi motatako produktu erregogor basikoak eta ez-basikoak fabrikatzen ditu: konformatua (adreiluak eta bestelakoak) eta konformatugabea (morteroa), hurrenez hurren; magnesita, kromita, espinela eta grafitoa bezalako gai mineraletatik abiatuta egiten du. Produktu motaren arabera, erabilitako lehengaiaren zati bat material birziklatutik eratorria izan daiteke.
Krosaki AMR Refractarios SAk produktu erregogorrak fabrikatzeko gauzatzen duen prozesuan, biltegiratutako lehengaia birrintzen eta ehotzen da (lehengai hori altzairuaren, zementuaren eta karearen sektoreetatik eratorritako magnesita-oinarridun estaldura erregogorretatik etor daiteke), gero prentsatzeko dosifikatu eta nahasten da, eta piezak lehortzen eta egosten dira. Hala, prozesuak fase hauek ditu:
1. prozesua: biltegiratzea, birrintzea eta sailkatzea.
Lehengaia soltean jasotzen da, 1.000 eta 2.000 kg-ko big-bag poltsetan, eta pala kargatzaile baten bidez iraultzen da birrintzeko eta ehotzeko zirkuituetara. Altzairuaren, zementuaren eta karearen sektoreetatik eratorritako magnesita-oinarridun estaldura erregogorrak ere birrintzeko eta ehotzeko zirkuituan sartzen dira.
Errota jaurtigailuan materiala birrindu ondoren, jasogailu batekin bahera eramaten da, eta materiala tamainaren arabera hautatzen. Biltegiratzeko toberara pasatzen da mugen barruan sartzen den tamainako materiala, eta gainerakoa zirkuitura itzultzen. Toberetako bakoitzak material eta granulometria mota bat du.
Birrindu, eho eta sailkatzean sortutako igorpenak mahuka-iragazki baten bidez jasotzen eta tratatzen dira, atmosferara igorri aurretik.
2. prozesua: dosifikatzea eta nahastea.
Birrindutako materiala baskula-organ dosifikatzen da, osaeraren arabera. Baskula-orgak edukia karga-jasogailu batzuetara deskargatzen du, horiek nahasgailuraino igotzen dute, eta han materiala irauli eta zenbait gehigarri eta aglomeratzailerekin nahasten da.
Hor amaitzen da produktu mortero basikoaren prestaketa, masa homogeneo bat lortu eta zakuratu ondoren.
3. prozesua: prentsatzea.
Nahasketa-prozesuaren ostean, masa prentsetara bidaltzen da uhal garraiatzailearen bidez. Fabrikatu nahi den piezaren forma duten metalezko moldeak betetzean oinarritzen da prozesu hau. Zirkuitu hidraulikoa hozteko, zirkuitu itxian ura erabiltzen dute prentsek.
Prentsatu ondoren, pieza erretiratzen da, eta eragile desmoldekatzaile baten laguntzaz irtetea errazten.
Etiketatze bidez identifikatzen dira lehortu soilik egingo diren piezak.
4. prozesua: lehortzea.
Lehortze-prozesuan, pieza 80-250.ºC artean lehortzen da, lehortze-programaren arabera. Prentsatutako pieza gas naturaleko errekuntza bidez berotzen da, labe-tunelekin linean dauden lehortegietan, zeinek labeetatik eratorritako aire beroa erabiltzen baitute. Prentsatutako pieza guztiak prozesu horretatik pasatzen dira (grafitorik gabeko erregogor basikoa, grafitoa duen materiala eta erregogor ez-basikoa [SN] gas naturaleko aldizkako lehortegietan).
5. prozesua: egostea.
Egoste-prozesua grafitorik gabeko produktu basiko prentsatuei aplikatzen zaie, eta lehortze-prozesuaren ondoren egiten da. Prozesu horretan, pieza 1.550-1.750 C artean berotzen da. Pieza berotzeko, gas naturaleko labeak erabiltzen dira.
Lehortze- eta egoste-prozesuen ondoren, inprimagailu edo pistola batez etiketatzen eta identifikatzen dira piezak.
6. prozesua: mekanizazioa.
Piezak lehortu edo egosi ondoren, eta hala badagokio, horien mekanizazioa egiten da, artezteko makinen, zulagailuen eta zerren bidez.
Zirkuitu itxiko ura erabiltzen da zulagailu eta zerradun piezen mekanizazioa hozteko, eta artezketa, aldiz, lehorrean egiten da.
7. prozesua: ontziratzea eta igortzea.
Amaitutako produktua enpresaren hainbat sekziotan ontziratzen da: SN produktua gunean ontziratu ohi da, eta, gainerako produktuak, aldiz, zumitz-gunean ontziratzen dira. Ontziratzaile automatiko bat dago formatu estandarrenetarako.
8. prozesua: zerbitzu orokorrak.
Prozesu honetan, eragiketa hauek biltzen dira: hoztea (prentsetako talde hidraulikoak hoztea eta pieza hoztea mekanizazioan), tailer mekanikoa/mantentze-lanak, laborategi kimikoa eta mediku-zerbitzuak.
Tunel-labea eta bi prentsak instalatu ondoren, aurreikusten da instalazioak urteko 50.000 tonako ekoizpen-gaitasuna izango duela konformazioko lerroan eta 500 tonakoa konformaziokoa ez den lerroan.
Ekoizpen-prozesurako erabilitako energia-baliabideak energia elektrikoa, gas naturala eta gasolioa dira. Gasolioa orgatiletan erabiltzen da, eta urtean 53.846 litro kontsumitzen direla zenbatesten da. Gas naturala lehortze- eta egoste-labeetan beroa sortzeko erabiltzen da, eta urtean 61.538 Mwh kontsumitzen direla zenbatesten da. Bestalde, energia elektrikoa fabrika osoan erabiltzen da, eta urtean 13.077 Mwh kontsumitzen dira.
Ura industria-xedeetarako (prentsak hozteko, eta zerra eta zulagailudun mekanizazioan piezak hozteko) zein xede sanitarioetarako erabiltzen da, eta gehiena udalaren saretik hartzen da. Urtean 7.228 m
Enpresan sortutako efluenteak honela sailkatzen dira: hondakin-urak (prozesu-urak eta sanitarioak) eta euri-urak (estalkien zorrotetatik eratorriak). Hondakin-urak (hozte-urak eta ur sanitarioak) Añarbeko Uren Mankomunitatearen kolektorearen sistemara isurtzen dira; euri-ur garbiak, berriz, Urumea ibaira isurtzen dira zuzenean.
Instalazioak atmosferara igortzen duten 21 igorpen-foku ditu; horietako 17 honako igorpen-foku sistematiko hauei dagozkie: birrinketa- eta ehotze-zirkuituak (3), bola-errotak (2), mekanizazioa (1), tunel-labeak (6), lehortegiak (5). Bestalde, 4 foku igorpen-foku ez-sistematikoei dagozkie.
Instalazioan sortzen diren hondakin esanguratsuenak hauek dira: alde batetik, zerbitzu orokorren eragiketen ondorioz sortutako erregogorren eta plastikoen hondarrak, eta bestetik, SN mekanizazio-prozesuko araztegiko lohiak. Hondakin arriskutsuei dagokienez, mantentze-lanen eragiketetatik eta zerbitzu orokorretatik sortzen dira.
Proiektuak, besteak beste, neurri hauek biltzen ditu, zeinak teknika erabilgarri onenak direla pentsa baitaiteke:
Hirugarrena.– Honako baldintza eta eskakizun hauek ezartzea, Krosaki AMR Refractarios SAk Hernaniko udal-mugartean (Ibaiondo industrialdea) sustatutako zeramika-produktu erregogorrak fabrikatzeko jarduera ustiatzeko eta eteteko.
A) Gutxienez seiehun mila (600.000) euroko erantzukizun zibileko aseguru bat eratu beharko da, honako hauek estaliko dituena: hirugarren pertsonei edo horien ondasunei sortutako balizko kalteengatiko kalte-ordainak, eta baimen honek onartutako jardueraren ondorioz aldatzen den ingurumena konpondu eta berreskuratzeko kostuak.
Aseguru horren zenbatekoa urtero eguneratu ahal izango da, aurreko 12 hileko kontsumo-prezioen indizearen arabera (KPI) handituz.
B) Administrazioarekiko harremanen arduraduna.
Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Krosaki AMR Refractarios SAk aldaketa horien berri emango du.
C) Babes- eta zuzenketa-neurriak.
Babes- eta zuzenketa-neurriak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, hurrengo apartatuan adierazitakoa kontuan hartuta, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoa kontuan hartuta.
C.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.
C.1.1.– Baldintza orokorrak.
Krosaki AMR Refractarios SAk sustatutako instalazioa ustiatzean, honako baldintza hauek bete beharko dira: igorpen atmosferikoek ez gainditzea ebazpen honetan ezarritako igorpenen muga-balioak, eta Ingurumen Sailburuordetzak jarraibide teknikoetan ezarritako baldintza teknikoak betetzea.
Prozesuan zehar atmosferara botatzen den kutsagarri oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko dira, behar denean, kutsagarrien ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren. Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango igorpenek, baldin eta teknikoki eta/edo ekonomikoki bideragarria ez bada igorpen konfinatugabeak biltzea, edota egiaztatzen bada kalte urria eragiten dutela ingurunean.
Neurri egokiak hartuko dira ustekabeko igorpenak egiteko probabilitatea murrizteko, eta haien efluenteek giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperaturaren eta konposizioaren arabera sortzen diren aldaketei eraginkortasunez aurre egiteko. Halaber, disfuntzio-aldien eta erabilezintasunen iraupena ahalik eta gehien murriztu beharko da.
Instalazioaren titularrek Atmosfera Kutsa Dezaketen Jardueretarako Instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.
Atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna eta fokuen segurtasuna eta zerbitzuak.
Organo horrek foku berri bat baimendu ondoren, hura abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako IKE txosten bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.
C.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.
Urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren (atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duenaren eta bera ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituena) katalogoan bildutako 03 03 19 01 jarduerari lotutako honako foku konfinatu hauek ditu zeramika-produktu erregogorrak fabrikatzeko Krosaki AMR Refractarios SAren instalazioak:
Bestalde, lehengaiak manipulatu eta biltegiratzeko eremuan, igorpen barreiatuak sortzen dira. Igorritako kutsatzaileak partikula solidoak dira. Bestetik, laborategitik eta kalitate-kontroletik eratorritako gas- eta hauts-erauztailuen 4 foku ditu:
Foku ez-sistematiko horietariko bat urtean batez beste hamabi alditan baino gehiagotan funtzionatzera pasako balitz eta aldi bakoitzak ordubete baino gehiago iraungo balu, edo, maiztasuna edozein dela ere, instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bost baino handiagoa bada igorpenen iraupen orokorra, igorpen-foku sistematiko gisa araupetu beharko da.
Urte jakin batean foku sistematiko batek foku ez-sistematiko bezala funtzionatzen badu, ez da foku horren gaineko kontrolik egin beharko urte horretan. Ondorengo urtean egin beharko da, baldin eta kontrola salbuesteko baldintzek ez badute bere horretan jarraitzen. Ingurumena zaintzeko dagokion programan justifikatu beharko da inguruabar hori.
C.1.3.– Igorpenaren muga-balioak.
Instalazioa diseinatu, ekipatu eta ustiatzean, atmosferara egiten diren igorpenetan ez dira gaindituko igorpenen muga-balio hauek:
Balio horiek baldintza hauekin lotuta daude: 273.º C-ko tenperatura eta 101,3 kPa-eko presioa, gas lehorra eta % 18 (v) oxigenoa.
Atmosfera Kutsa Dezaketen Jardueretarako Instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 9. artikuluan xedatutakoaren arabera ebaluatuko da igorpenen muga-balioak betetzen direla. Ikusten bada igorpenen muga-balioren bat ez dela betetzen, behar diren neurri zuzentzaileak hartu beharko dira luzamendurik gabe, eta, berehala, ez-betetzearen, neurri zuzentzaileen eta horien epeen berri eman beharko zaio ingurumen-arloko eskumenak dituen sailari.
C.1.4.– Gasak bildu eta kanporatzeko sistemak.
a) Atmosfera Kutsa Dezaketen Jardueretarako Instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako betebeharrak bete beharko dituzte instalazioaren titularrek.
b) Fokuen hondar-gasen kanporatze-tximiniak ez dira egongo Hirugarren C.1.2 apartatuan (fokuen sekzioa, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna, segurtasuna eta zerbitzuak) ezarritako koroatze-kotatik behera, eta atmosferaren arloko eskumenak dituen sailak argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte elementu horiek.
c) Organo honek foku berri bat baimendu ondoren, abiarazten denetik sei hilabete igaro baino lehen, ingurumen-kontroleko erakunde batek egindako hasierako neurketa-kontrol bat igorri beharko da. Nolanahi ere, epe hori luzatzeko eskatu ahal izango zaio Ingurumen Sailburuordetzari, betiere behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio.
d) Igorpen barreiatuak gutxitzeko, lehengaiak estalitako nabe batean biltegiratuko dira, eta, materialekin eskuz aritzean eta horiek kargatzean eta deskargatzean, neurriak hartuko dira partikulen igorpena gutxitzeko, esaterako: materiala toki garaietatik ez botatzea; pisatzeko sistema automatikoak txertatzea eta arazketa-sistema izatea lotuta; eta deskargen abiadura gutxitzea.
C.2.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.
C.2.1.– Isurien sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokalekua.
C.2.2.– Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.
– 1. isurketa: industria-urak eta osasun-erabilerako urak.
C.2.3.– Isurketaren muga-balioak.
Hauek izango dira kolektorera egiten den isurketaren parametroak, bakoitzerako zehazten diren gehienezko balioekin:
Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurketaren muga-balioak lortzeko.
C.2.4.– Arazteko eta husteko instalazioak.
Arazketa-instalazioek edo hondakin-urak zuzentzeko neurriek elementu hauek hartuko dituzte barne, funtsean:
– Prentsak hozteko zirkuitu itxia, hozte-dorre batekin.
– Mekanizazioko piezak hozteko zirkuitu itxia, ondorengo oinarrizko elementuak dituen ur-garbiketako instalazioarekin:
– Ur zikinak 2,0 m
– Irabiaketa mekanikoa duen 6 m
– Lohiak loditzeko eta metatzeko 13 m
– Ur garbiak berrerabiltzeko 10 m
– Automatismo- eta kontrol-sistema
Ikusiz gero hartutako neurri zuzentzaileak ez direla nahikoak, Krosaki AMR Refractarios SAk behar beste aldaketa egingo ditu arazketa-instalazioetan baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan isurketak. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik, eta, behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.
Kutxeta bat jarri beharko da, eta kutxatila horrek lagin esanguratsuak lortzeko beharrezko diren ezaugarri guztiak izango ditu. Ikuskatu ahal izateko sarbide zuzeneko lekuan kokatuko da kutxatila.
C.3.– Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.
C.3.1.– Hondakin guztientzako baldintza orokorrak.
a) Hondakinei eta Kutsatutako Lurzoruei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta aplikatzekoak diren araudi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira instalazioetan sortutako hondakin guztiak, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.
b) Espresuki debekatuta dago sortzen diren hondakin mota ezberdinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorrian bertan bereiziko dira, eta hondakinak biltzeko eta biltegiratzeko bitarteko egokiak jarriko dira, nahasketarik ez gertatzeko.
c) Hondakin-kudeaketaren hierarkia-printzipioei jarraituz, aurrea hartzea sustatu behar da hondakinen sorreran, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkeran kudeatu daitezela, hau da: aurrea hartzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balioztatzeko beste modu batzuk, balioztapen energetikoa barne hartuta. Hondakinak ezabatu edo deuseztatzeko aukera bakarra izango da teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren aldetik ezinezkoa izatea horiek balorizatzea. Behar bezala egiaztatu beharko da hori horrela dela.
d) Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan, hondakin jakin batzuk tratatzeko instalazio baimenduak badaude, halako hondakinak lehentasunez instalazio horietara bidaliko dira, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.
e) Baldin eta aurreikusten bada zabortegi baimenduan deuseztatzea dela hondakinen azken helmuga, hondakin horiek karakterizatu egingo dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak ezarritako jarraibideen arabera.
f) Instalazioan sortutako hondakinen kantitatea (ebazpen honetan jasotakoa) orientagarria da soilik, jardueraren ekoizpen-gorabeherak eta ekoizpenaren eta hondakin-sortzearen arteko erlazioa kontuan hartu behar dira. Datu horiek jardueraren adierazleetan ageri dira. Hargatik eragotzi gabe abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan (4.d apartatuan) ezarritakoa, instalazioko aldaketak kalifikatzeko, kasu honetan soilik eskatu beharko da baimena egokitzea: baldin eta aurretik ezarri diren biltegiratze- eta ontziratze-baldintzak aldatu beharra badakar sortutako hondakinen kantitatea handitzeak.
g) Hondakinak biltzeko guneak edo guneek lurzoru iragazgaitza izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hauts-itxurako hondakinen kasuan, hondakinak euri-urarekin bustitzea edo haizeak herrestan eramatea eragotziko da, eta, beharrezkoa izanez gero, estali egingo dira.
h) Hondakinak lehenengoz kendu baino lehen, kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko da, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz, betiere: Europako Hondakin Zerrenda, Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatu egiten baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko1357/2014/EB Erregelamendua, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina ordeztekoa (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da, eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira ebazpen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.
i) Baldin eta hondakinak desagertu edo galduko balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko zaie gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzari eta Hernaniko Udalari.
j) Sortutako hondakinak beste autonomia-erkidego batzuetara lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko dira.
Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipen eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluan dionaren arabera.
k) Nahitaezko aurretiko jakinarazpen-kasuetan, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25. artikuluan aurreikusitako eta matxoaren 13ko 180/2015 Errege Dekretuaren 9. artikuluan garatutako kausetako bat gertatzen denean, hondakinak garraiatzearen aurka egin ahalko dute hala organo honek nola helmugako autonomia-erkidegoko organo eskudunak; arrazoitutako erabakiz, garraio-jakinarazpena aurkeztu eta gehienez ere hamar eguneko epean jakinarazi beharko diote operadoreari.
l) Baldin eta estatutik kanpora esportatzen badira hondakinak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2006ko ekainaren 14ko 1013/2006 Erregelamenduan, hondakinen lekualdaketei buruzkoan, ezarritakoa bete beharko da.
C.3.2.– Hondakin arriskutsuak.
a) Hauek dira sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak:
b) Hondakin arriskutsu bakoitzari dagokion izendapena eta kodifikazioa ezartzen zaio, hondakin bakoitzaren egoera eta ezaugarrien arabera, baimena izapidetzean jasotako informazioa oinarri hartuta. Kode batzuek aldaketaren bat izan badezakete ere, oinarrizko beste kode batzuk, beren izaera dela-eta, aldatu gabe utzi behar dira ekoizpen-jarduerak iraun bitartean, hala nola hondakinaren osagai arriskutsuak eta mota zehazten dituztenak. Kudeaketa-bideetan hierarkizazioa egokia dela egiaztatzeko eta Hondakinak Kudeatzeko Europako Estrategian bai Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko 2015-2020 Esparru Programan ezarritakoa betetzen dela bermatzeko, organo honek onartu egin beharko du hondakin bakoitzaren onarpen-agirietan jasotako informazioa, dagokion kudeatzaile baimenduak horretarako eskaria egin ostean. Egiaztatzeak garrantzi berezia izango du, batez ere, berreskurapena edo balorizazioa kudeatzeko eragiketa-kodearen arabera kudeatu diren hondakinen onarpen-agirietan lagatze- edo ezabatze-kodeak baliozkotzeko eskatzen bada.
c) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela eta, arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete isurketaren baten ondoriozko nahasketa bat gertatuz gero.
d) Hondakin arriskutsuak ontziratzeko, indarrean dagoen araudian ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira. Hondakin arriskutsuak dauzkaten ontziek eta ontzikiek etiketa argia, irakurgarria eta ezabagaitza eduki beharko dute, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, edukiak isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
e) Berariazko hondakin sanitarioak (II. taldea) manipulatu, ontziratu, etiketatu eta biltegiratzeko baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakin Sanitarioen Kudeaketari buruzko martxoaren 3ko 21/2015 Dekretuan eta hura ondoren garatzeko araudietan ezarritakoak izango dira.
f) Gainerako hondakin arriskutsuak ezin izango dira 6 hilabete baino luzaroago gorde. Salbuespen-egoeretan, ingurumen-organoak epe hori aldatu ahalko du, behar bezala justifikatutako arrazoiak direla medio, baldin eta bermatzen bada gizakion osasuna eta ingurumena babestuko dela.
g) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da dokumentu bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Dokumentu hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana bidali aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio zehatza egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela proposatutako kudeaketa modua.
h) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, horretarako egin beharreko jakinarazpena aurretiaz eginda dagoela, araudian zehaztutako moduan, identifikaziorako dokumentua bete beharko da. Dokumentu horren ale bat garraiolariari emango zaio, eta zamarekin batera eraman beharko du jatorritik helmugaraino. Krosaki AMR Refractarios SAk artxiboan erregistratu eta gutxienez hiru urtez gorde beharko ditu tratamendu-kontratuak eta identifikazio-agiriak edo dokumentu ofizial baliokideak.
i) Hondakin arriskutsuak baimendutako kudeatzailearen instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela egiaztatu beharko da.
j) Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari jarraituz kudeatu beharko du sortutako industriako olio erabilia Krosaki AMR Refractarios SAk.
k) Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak –besteak beste, lanpara fluoreszenteenak– Gailu Elektriko eta Elektronikoen Hondakinei buruzko otsailaren 20ko 110/2015 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira. Halaber, Pilei eta metagailuei eta haien hondakinen ingurumen-kudeaketari buruzko otsailaren 1eko 106/2008 Errege Dekretuan xedatutakoa bete beharko dute pila eta metagailuen hondakinek. Baimendutako kudeatzailearen onarpen-agiria izateko, eraman aurretiko jakinarazpena egiteko eta kontrol- eta jarraipen-agiria betetzeko betebeharretik salbu egongo dira kudeaketa-sistema integratuko kudeaketa-azpiegituretara eramaten diren hondakinak, bai eta toki-erakundeei ematen zaizkienak ere, gaika bildutako udal-hondakinekin eta haien parekoak direnekin batera kudea ditzaten, baldin eta dagokion toki-erakundeak eman izana egiaztatzen badu. Toki-erakundeei eman izanaren egiaztagiriak hiru urtez gorde behar dira, gutxienez.
l) Krosaki AMR Refractarios SAk PKB daukaten gailuak dituenez, nahitaez bete behar ditu horiek behar bezala kudeatzeko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretua (poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituena) eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.
m) Krosaki AMR Refractarios SAk Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2009ko irailaren 16ko 1005/2009 (EE) Erregelamenduan zehaztutako gai erabiliak bere egiten dituen heinean, berreskuratu egingo dira aldeek onetsitako bitarteko teknikoen bidez deuseztatzeko, edo ingurumenaren ikuspegitik onargarria den beste edozein deuseztatze-bide tekniko erabiliz, edota birziklatzeko edo birsortzeko xedez, aparatuak berrikusi edo mantentzeko eragiketetan nahiz desmuntatu edo deuseztatu aurretik.
n) Krosaki AMR Refractarios SAk urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.
o) Erregistro bat eramango da, eta han adieraziko dira kopurua, mota, identifikazio-kodea, jatorria, metodoak eta tratatzeko lekuak, hondakin guztien sorrera- eta lagapen-datak.
p) Hondakin arriskutsuen kudeaketaren oinarrizko printzipioetako bat betetzeko, zeina mota horretako hondakin ahalik eta gutxien sortzea baita, Krosaki AMR Refractarios SAk hondakin arriskutsu gutxiago sortzeko plan bat egin eta aurkeztu beharko dio Ingurumen Sailburuordetza honi, lau urtetik behin, Hondakin eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 17.6 artikuluan xedatutakoaren arabera, betiere aipatutako legea garatzen duen araudiak ez badu Krosaki AMR Refractarios SAk hondakin arriskutsuen ekoizle txiki gisa katalogatzen.
q) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada Krosaki AMR Refractarios SA, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.
r) Artikulu honetako g) eta h) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta n) eta p) letretan aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita, irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz (ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzekoa).
s) Amiantoa duten hondakinak hautemanez gero, Amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzeko 108/1991 Errege Dekretuaren 3. artikuluan ezarritako eskakizunak bete beharko ditu Krosaki AMR Refractarios SAk. Horrez gain, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun- eta osasun-arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.
C.3.3.– Hondakin arriskugabeak.
a) Hauek dira sustatzaileak adierazitako hondakin arriskugabeak:
b) «Arazketako lohiak» eta «gainerako erregogorrak» hondakinen kasuan, hondakin horiek ispilu-sarrera dute gaur egun indarrean dagoen hondakinen Europako zerrendan. Bada, horiek hondakin arriskugabetzat hartuko dira, baldin eta lehenengo aldiz ebaluatu baino lehen karakterizatzen badira; karakterizazio horren emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko dira, proposatutako kudeaketa egokia ote den egiaztatzeko. Hondakina arriskutsua dela ebatziz gero, ebazpen honetako Hirugarren C.3.2 apartatuan zehaztutakoa aplikatu beharko da.
c) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio –hornitzaileari–, erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balorizatzaile baimendu bati emango zaizkio.
d) Baldin eta hondakin horiek deuseztatzeko badira, ezingo dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua balorizatzea bada, ordea, 2 urtez gorde ahal izango dira.
e) Oro har, ebakuatu aurretik hondakin guztiek izan beharko dute kudeatzaile baimendu batek emandako tratamendu-kontratua, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da ebazpen honetako hondakin-kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela proposatutako kudeaketa modua. Krosaki AMR Refractarios SAk onarpen-agiriak edo agiri ofizial baliokideak erregistratu eta artxibategian gorde beharko ditu, nahitaezkoak badira, hiru urtez gutxienez.
f) Hondakina hondakindegian biltegiratuz gero, hondakin arriskugabea eraman aurretik dagokion kontrol- eta jarraipen-agiria bete beharko da, Hondakinak Hondakindegietan Biltegiratuta eta Betelanak Eginda Ezabatzea arautzeko otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoaren arabera.
g) Balorizatzeko edo ezabatzeko helburuarekin, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluaren arabera.
h) Baldin eta Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxiki zaion hornitzaile batengandik eskuratutako merkataritarako edo industriarako ontzi baten azken jabea bada Krosaki AMR Refractarios SA, ontzi-hondakin edo ontzi erabili horren ingurumen-kudeaketa zuzena egitearen arduraduna da, eta, beraz, ontzi hori kudeatzeko baimena duen kudeatzaile bati eman beharko dio.
i) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek jasotzeko: kantitatea, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodoak eta tokiak, hondakinen sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtean behin, Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko dira kontrol-erregistro horren kopia bat eta ingurumena zaintzeko programa, dagokion urtekoa,.
j) Artikulu honetako e), f) letretan aipatutako dokumentuak –kudeatzaileak EAEkoak direnean– eta g) letran aipatutakoak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, transakzio elektronikoko IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita, irailaren 25eko 183/2012 Dekretuan xedatutakoari jarraituz (ingurumeneko administrazio-prozeduretan zerbitzu elektronikoen erabilera arautzeko eta ingurumenean eragina duten jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko erregistroa sortzeko eta arautzekoa).
C.4.– Ontziak merkaturatzea.
Krosaki AMR Refractarios SAk, bere produktuak merkaturatzeko ontziak eta enbalajeak erabiltzen dituen enpresa den aldetik, ontzi horien gaineko informazioa eman beharko du urtero, martxoaren 31 baino lehen; horretarako, ontzien gaineko urteko adierazpena egin beharko du. Datu horiekin batera, ingurumena zaintzeko dagokion urteko programa ere bidaliko du.
Era berean, Krosaki AMR Refractarios SAk ontzi erabiliak eta ontzi-hondakinak kudeatzeko biltegiratze- eta itzultze-sistema bat ezarri beharko du, nahitaez (zuzenean edo kudeaketa-sistema integratu bati atxikita). Krosaki AMR Refractarios SAk, baldin eta industria- edota merkataritza-ontziak erabiltzen baditu bere produktuak merkaturatzeko, aipatutako betebehar horretatik salbuesteko eskatu ahalko du, Ontziei eta Ontzien Hondakinei buruzko apirilaren 24ko 11/1997 Legearen lehenengo xedapen gehigarriari atxikitzen bazaio; atxikimendu horren bidez, produktuaren kontsumitzaileari transferitzen zaio ontzi horiek kudeatzeko eta ingurumen-organoari informazioa pasatzeko betebeharra.
Baldin eta Krosaki AMR Refractarios SAk, urte natural batean zehar, merkaturatzen baditu ontziratutako produktuak edo, kasua bada, hondakinak sor ditzaketen industria- edo merkataritza-ontziak, hain justu ere jarraian zehaztutako kantitateetan baino handiagoetan:
– 250 tona, beira soilik bada.
– 50 tona, altzairua bada bakarrik.
– 30 tona, aluminioa bada bakarrik.
– 21 tona, plastikoa bada bakarrik.
– 16 tona, egurra bada bakarrik.
– 14 tona, kartoia edo material konposatuak badira bakarrik.
– 350 tona, hainbat material badira, eta bakoitzak, bera bakarrik hartuta, ez baditu lehen aipatutako kantitateak gainditzen.
Enpresaren Prebentzio Plan bat egin beharko du. Plan horrek hiru urteko indarraldia izango du, eta onartutako Enpresaren Prebentzio Planaren kontrol- eta jarraipen-txostena egin beharko zaio urtero, dagokion urteko martxoaren 31 baino lehen. Dagokion urteko ingurumena zaintzeko programarekin batera bidaliko dira bi dokumentuok.
C.5.– Lurzorua eta lurrazpiko urak babesteko baldintzak.
a) Krosaki AMR Refractarios SAk ebazpen honen Hirugarren E.4 apartatuan (ezohiko jarduneko prebentzioari eta esku-hartzeari buruzkoa) jasotako neurriak eta Hirugarren C.3 apartatuan (hondakinak biltegiratzeari eta horien zamalanei buruzkoa) jasotako neurriak hartuko ditu.
b) Krosaki AMR Refractarios SAk jarraipena eman beharko die instalatutako piezometroetan egindako aldizkako kontrolei eta lurzoruaren kalitatearen adierazpenaren ebazpenean eta Pedro Orbegozo enpresaren zabortegi ohia itxi ondorengo baldintzak ezartzen dituen ebazpenean adierazitako kontrolei, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako aginduak betetzeko, lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera.
– Gasolioa deskargatzean, tanta-jarioak saihesteko neurriak hartu beharko dira. Gasolio-biltegiak petrolio-instalazioei aplikatzeko araudian jasotako babes-neurriak beteko ditu, eta ezarritako azterketak eta ikuskapenak egingo zaizkio.
– Produktu kimikoak biltegiratzeko gunean euri-ura sartzea saihestuko da, estalkia luzatuz.
– Lurzatian isurketa, jario edo ihesen eraginpean dauden gainazal guztiak zolatu eta iragazgaiztu egingo dira.
– Produktu eta hondakin arriskutsuen biltegiratzeek beharrezko segurtasun-neurriak izango dituzte, lurzoruari egin diezaioketen kaltea saihesteko. Oro har, isurketak, jarioak edo ihesak eragozteko moduan biltegiratuko dira lehengaiak, erregaiak eta produktuak. Era horretan, jarioak biltzeko sistema izango dute ontzi mugikorretan zein finkotan biltegiratutako produktu kimiko likido guztiek (batez ere gai eta prestakin arriskutsuak) eta biltegiratutako erregai likidoek.
– Hondakinak ebazpen honi dagozkion apartatuetan adierazitako jarraibideen arabera biltegiratuko dira.
c) Halaber, urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan, ekainaren 25eko 4/2015 Legean eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuta dauden eta lurzoruaren babesarekin lotura duten betebeharrak egikaritzeko, 2016ko azaroaren 17an ingurumen-organoak bidalitako «Lurzoru kutsatuen eta lurpeko uren gaineko arauzko eskakizunak aplikatzea ingurumen-baimen integratua behar duten instalazioetan» zirkularrean aipatzen diren instalazioei eskatzen zaien dokumentazioa entregatu beharko du sustatzaileak. Zirkular horretan, honako hau jasotzen da: lurzoruaren egoeraren aldizkako txostenaren edukia eta emateko baldintzak, lurpeko uren eta lurzoruen txostena, kontrol-agiria eta jarraipen-agiria, esteka honetan eskura daitekeena:
http://www.euskadi.eus/informacion/aplicacion-de-las-distintas-exigencias-normativas-en-materia-de-suelos-contaminados-y-aguas-subterraneas-en-instalaciones-que-requieren-autorizacion-ambiental-integrada/web01-a2ingkut/es/
Nolanahi ere, sustatzaileak lurzoruen dokumentu bakar bat bidaliko du, ikerketa-lanak egiten eta lurzoruaren kalitatea leheneratzen ibiltzen den erakunde ezagun batek egina, eta hauek jasoko dira dokumentu horretan: lurzoruaren egoerari buruzko aldizkako txostena, oinarrizko txostena, eta kontroleko eta lurzoruen eta lurrazpiko uren jarraipeneko dokumentuak. Aurrerantzean ere, emandako dokumentuak aldatu edo dokumentu berriak eman behar balira, lurzoruen dokumentu berri bakar bat bidaliko da.
d) Instalazioetan egindako aldaketek eragindako lur-mugimenduei dagokienez, baldintza hauek bete beharko ditu sustatzaileak:
1.– Instalazioa baimenduta dagoen lurzatiaren barruan lurrak mugitzea erakarriko lukeen aldaketa bat aurreikusiz gero:
– Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 25. artikuluko 1.c) apartatuan ebazten duenarekin bat etorriz, jardueraren sustatzaileak hondeatu beharreko materialak (lurra, obra-hondakinak, etab.) karakterizatu beharko ditu, jardun kutsatzaileen ondorioz erasan zaien ala ez egiaztatzearren, eta, karakterizazio horren emaitzen arabera, horientzako kudeaketa-modu egokiena zehaztearren.
– Hondeatutako materialen 500 m³ gainditzen dituenean hondeaketa horrek, sustatzaileak gaikako hondeaketa-plan bat aurkeztu beharko du. Ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 13. artikuluan adierazitako edukia jaso beharko du planak, zeina ingurumen-organoak onartu beharko baitu, betetzen hasi aurretik.
– Hondeatu beharrekoa 500 m³ baino gutxiago bada, informazio hau eman beharko da aldaketaren jakinarazpenean: non dagoen kokatuta, zenbat hondeatu behar den, aurreikusitako hasiera-eguna, kontratista, jarraipenaren eta kudeaketaren ardura izango duen erakundea.
– Aurreko kasu horietan guztietan, hondeatzen amaitutakoan, hondeatutako materialak zuzen berrerabili edo kudeatu direla ziurtatzen duen txosten bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan, behar bezala karakterizatu ondoren.
– Oro har, irizpide hauek hartuko dira aintzat:
– Soberakinak hondakindegian biltegiratuz hustu nahi izanez gero, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duen otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuan ezarritakoari jarraikiz egingo da hondakinen karakterizazioa. Oro har, lagin baten azterketa egin beharko da. Laginak hondakindegian kudeatu beharreko soberakinen 500 m3 bakoitzeko 10 azpilagin izango ditu gutxienez, baina hori aldatu ahal izango da espero daitekeen kutsaduraren heterogeneotasunaren eta homogeneotasunaren arabera. Afekzioa homogeneoa izango dela aurreikusten den kasuetan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen handiagoa duten unitateez osatutako lagin konposatua hartu ahal izango da, eta, aldiz, afekzio heterogeneoaren kasuan, 500 m3-ko bolumena baino bolumen txikiagoa duten unitateez osatutakoa.
– Soberako materialak instalazio berean berrerabili ahal izateko, balio hau izan beharko dute material horiek: Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritako VIE-B (industria-erabilera) balioaren azpitikoa. Horrez gain, lur horien hidrokarburo-edukia ezin izango da arriskutsua izan. Horretarako, erakunde egiaztatu batek egin beharko ditu laginketa eta azterketa, honen arabera: 199/2006 Dekretua, urriaren 10ekoa, Lurzoruaren kalitatea ikertu eta berreskuratzeko erakundeak egiaztatzeko sistema ezartzen duena, eta erakunde horiek lurzoruaren kalitatearen gainean egindako ikerketen edukia eta norainokoa zehazten dituena.
– Ekainaren 25eko 4/2015 Legean xedatutako VIE-A ebaluazioko balio adierazleak eta TPH direlakoetarako 50 mg/kg baino balio txikiagoak lortzen dituzten lurrak lur garbitzat hartuko dira, eta, beraz, onartu egingo dira baimendutako betelan batean.
– Substratu harritsu osasuntsua murrizketarik gabe kudeatu ahal izango da. Lurzoru naturalaren pareko den harrizko substratu meteorizatuaren kasuan, aurreko puntuetan ezarritako irizpidea beteko da.
2.– Baldin eta aurreikusten bada lur-mugimendua dakarren aldaketaren bat egingo dela instalazioa baimenduta dagoen lurzatitik kanpo (lurzoru berria okupatuz) eta okupatu nahi den lurzoru berriak lehenago izan badu ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 1. eranskinean aipatzen den jardueraren bat, sustatzaileak lurzoru-gaiei buruzko adierazpen bat lortu beharko du, egin nahi diren aldaketak egiten hasi aurretik.
Era berean, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 22. artikuluko 2. apartatuaren arabera, lurraren kutsadura-aztarnak aurkitzen badira, horren berri eman beharko zaie dagokion udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari, sailburuordetza horrek ezar ditzan hartu beharreko neurriak, aipatutako 4/2015 Legearen 23. artikuluko 1.e apartatuari jarraikiz, betiere.
C.6.– Zaratari buruzko baldintzak.
a) Beharrezko neurri guztiak ezarriko dira indize akustiko hauek gaindi ez daitezen:
a.1.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 40 dB gainditu, 07:00ak eta 23:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 45 dB ere.
a.2.– Maila hauei egokitu behar zaie jarduera: etxebizitzen barrualdean entzungo den LAeq,60 segundo zarata-indizeak ezin izango du inoiz ere 30 dB gainditu, 23:00ak eta 7:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta LAmax indizeak 35 dB ere.
a.3.– Jarduerak ez du 1. taulan adierazitakoa baino zarata handiagoa egingo, 4m-ko garaieran neurtuta (egoera berezietan izan ezik, horietan apantailamenduak saihesteko beharrezko garaiera hartuko da), industria-esparruaren kanpoaldeko itxituraren perimetro osoan.
1. taula. Industria-esparruaren kanpoaldeko itxituran eskatutako zarata-mailak.
Abian den instalazioak, 1. taulan finkatutako mugak betetzeaz gain, ez du eguneko inolako baliotan (LAeq,d, LAeq,e eta LAeq,n) 1. taulan adierazitako balioak baino 3 dB-etik gorako gehikuntzarik gaindituko.
Gainera, jardueraren gainerakotik bereizitako prozesuaren jardun-modu bat baldin badago, jardun-modu horri lotutako zarata-maila bat zehaztu beharko da (LAeq,Ti). Ti jardun modu horren iraupen-denbora izango da. Maila horrek ez ditu 1. taulan finkatutako balioak 5 dB-etan gaindituko.
b) Jardueraren zuzeneko edo zeharkako eraginez, zaratarentzat ezarritako kalitate akustikoaren helburuak gainditzen direnean, hain zuzen ere, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean garatzen den Zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei buruzko urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. eta 16. artikuluetan adierazten direnak, jarduerak beharrezko neurriak hartu beharko ditu helburu horiek gainditu ez daitezen.
c) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du nabarmen handitu behar sentsibilitate akustiko handiko guneetako zarata-maila.
d) Tunel-labe berriaren eta bi prentsaren instalazioarekin lotutako zarata-iturri berrietarako, Krosaki AMR Refractarios SAk beharrezko neurriak hartuko ditu instalazioak ez ditzan kanpoko ingurumenera transmititu Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren I. eranskineko F taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoak, betiere horiek aipatutako arauaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera ebaluatuta.
– Muga-balio horiek aplikagarriak dira orobat inongo eremu akustikotan kokatuta ez dauden bizitegi-erabilerako eraikinetarako, baliook eraikinaren garaiera orotan leihodun fatxada guztietara iristen den soinuari dagozkiolarik, are eraikin horiek Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldetik kanpo egonda ere.
Kanpoaldeko muga-balioek lurretik 2 metroko garaiera eta leihodun fatxaden kanpoaldeko eraikuntzaren garaiera guztiak dituzte erreferentziatzat.
Lokal mugakideak egonez gero, lokal horien erabilera kontuan hartuta, instalazioak ezingo du aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Errege Dekretuaren I. eranskineko G eta H tauletan ezarritako muga-balioak baino zarata-maila handiagoa transmititu haietara.
Ezarritako zarata-immisioaren muga-balioak errespetatzen direla joko da baldin eta, aipatutako urriaren 16ko 213/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritako prozeduren arabera, honako baldintza hauek betetzen badituzte ebaluatutako adierazle akustikoen balioek, urtebeteko epean:
– Urteko batez besteko balioek ez dituzte gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan ezarritako balioak.
– Eguneroko balioek ez dituzte 3 dB-tan gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan ezarritako balioak.
– Lkeq, Ti indizean neurtutako balioek ez dituzte 5 dB-an gainditzen aipatutako I. eranskineko F taulan adierazitako balioak.
C.7.– Hondakin arriskugabeen balorizazio-prozesurako baldintzak eta kontrolak.
Krosaki AMR Refractarios SAren Hernaniko instalazioetan hondakin arriskugabeak balorizatzeko egiten den jarduera beste materia inorganiko batzuk biltegiratu eta berreskuratzean datza (R5 eta R13 kudeaketa-lanak). Hondakin arriskugabeen tratamendua honetan datza: altzairuaren, zementuaren eta karearen sektoreetatik etorritako magnesita-oinarridun estaldura erregogorra biltegiratzea eta birrintzea, gero lehengai modura txertatzeko ekoizpen-prozesuan.
Urtean 22.500 tonakoa da hondakin arriskugabeak tratatzeko gehieneko gaitasuna.
1.408 m
C.7.1.– Hondakinak onargarriak.
a) Krosaki AMR Refractarios SAk hondakin hauek onar ditzake tratatzeko:
b) Kudeatu beharreko hondakinek ezingo dute izan 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina ordezten duen Batzordearen 2014ko abenduaren 18ko 1357/2014 Erregelamenduan ezarritako arrisku-ezaugarrietako bat ere.
c) Instalazioan ez dira inola ere onartuko ebazpen honetan zehaztu ez diren hondakinak, edo hondakin onargarrien artean adierazitakoak izanik ere, bestelako hondakin-mota generikoren batekin kutsatuta daudenak.
C.7.2.– Hondakinen sarreraren kontrola.
a) Instalazioak funtzionatzen duen bitartean, bertan tratatuak izateko iristen diren hondakin arriskugabeen kontrola egin beharko da, hondakin horiek ebazpen honetako baldintzen arabera onargarriak direla bermatzeko. Kontrol horretan, Ingurumen Sailburuordetza honek onartutako tratamendu-kontratuan ezarritako egiaztapena egin beharko da. Dokumentu horretan, onartzeko parametro mugatzaile eta baldintzatzaileak ezarriko dira. Egiaztapen hori sarrera-kontroleko dokumentu batean erregistratuta geratuko da.
b) Instalazioan tratatzea aurreikusten den hondakin-jatorri berri bakoitzeko, eragileak tratamendu-kontratua bete beharko du, IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), non, hala badagokio, hondakina onartzeko parametro mugatzaile edo baldintzatzaileen proposamena jasoko baita.
Hondakin bat onartzeko aukera egiaztatu eta gero, Krosaki AMR Refractarios SAk tratamendu-kontratua bidaliko dio hondakinaren titularrari, non ezarriko baitira baldintzak eta, hondakina ematen ez bada, iraungitze-data. Horrez gain, hondakina onartzeko parametro mugatzaileak edo baldintzatzaileak jasoko dira, eta, hala badagokio, hondakin-partida bakoitza hartu aurretik analizatu beharreko parametroak.
c) Beste autonomia-erkidego batzuetatik eratorritako hondakinak lekualdatzeko, Estatuaren Lurraldearen Barruko Hondakinen Lekualdaketa arautzen duen 180/2015 Errege Dekretua eta Euskal Autonomia Erkidegoan gerora egiten den arau horren garapena bete beharko da.
Hori hala izanik, hondakinak beste autonomia-erkidego batera lekualdatzeko, identifikazio-agiri bat aurkeztu beharko da, jarraipena eta kontrola egiteko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 25.2 artikuluari jarraikiz.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Hondakinak Kudeatzeko eta Prebenitzeko 2020 Planaren helburu estrategikoetan ezarritakoaren arabera, hondakinak ebazpen honen babesean emandako tratamendu-kontratu baten kargura bidali aurretik, ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du dokumentu hori. Krosaki AMR Refractarios SAk ezingo du kudeatu beharreko hondakinik jaso, organo honek aldez aurretik tratamendu-kontratua baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 egun naturaleko epean egin beharko da, kontratua jasotzen denetik hasita. Epe hori igarota, ez bada izan berariazko posizionamendurik, hura aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko tratamendu-kontratuan, besteak beste, honako datu hauek jaso beharko dira: parametro mugatzaileak, hondakinen deskribapena eta, hondakina ematen ez bada, iraungitze-data.
e) Hondakinak onartu eta jasotzeko aukera egiaztatzeko xedearekin, Krosaki AMR Refractarios SAk hondakin horiek onartzeko parametroen egiaztapena ahalbidetuko duten baliabide tekniko eta giza baliabideak eskuragarri izan beharko ditu une oro.
f) Hondakin bat ezin bada onartu, zeinaren HEZ kodea hondakin baimenduen artean baitago, tratamendu negatiboaren kontratu bat egin beharko da, hondakin horiek kudeatzeko ezintasunaren arrazoiak azalduz.
C.7.3.– Zamalanak.
a) Hondakin horien zamalanak egiteko ibilgailuen aparkalekuek egokitutako lursaila izango dute, eta, orobat, beharrezko maldak eta balizko isuriak biltzeko sareak, horiek kutxatila itsurantz edo biltzeko putzurantz zuzentzeko, betiere bidean ibilgailuaren azpitik igaro gabe edo beste ibilgailu edo instalazio batzuetara hurbildu gabe.
b) Plantan hondakinekin zamalanak egitean edo hondakinak manipulatzean, kontu handia izan beharko da kontrolik gabeko isuririk edo isuri lausorik ez egoteko, edo, bestela, isuri horiek ahalik eta txikienak izan daitezen. Alde horretatik, funtsezkoa da ekipamenduen estankotasuna.
C.7.4.– Jasotako hondakinen biltegiratzea.
a) Tratatu beharreko hondakinak biltegiratzeko instalazioek lurzoru iragazgaitzak izango dituzte, aurreikusitako zamak jasateko eta egon litezkeen ihes edo isuriei eusteko gai direnak, eta biltegiratze-eremu bereiziak izan beharko dituzte hondakin onargarrien mota generiko bakoitzerako.
b) Balorizatu beharreko hondakin arriskugabe horiek 2 urtez gorde ahal izango dira gehienez.
c) Euria sartzea eta haizeak arrastatzea saihesteko moduan biltegiratu beharko dira instalazioan onartutako hondakinak.
d) Hautsezko hondakinak eta soltean hartutakoak siloetan eta pabiloiaren barruan biltegiratuko dira, tratatu arte.
e) Hondakinak desagertu edo galduko balira, edo ihes egingo balute, berehala jakinaraziko zaio gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzari eta Hernaniko Udalari.
f) Instalazioaren etenaldi teknikoaren egoera berezietan, edo instalazioaren ezohiko funtzionamenduaren ondoriozko bestelako egoeretan, Krosaki AMR Refractarios SAk B.7.1 apartatuan adierazitako hondakinen transferentzia-zentro gisa jardun ahal izango du, hondakinak kudeatzeko beste instalazio baimendu batera eramateko.
C.7.5.– Hondakin baliotuen datuen erregistroa.
a) Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 40. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, Krosaki AMR Refractarios SAk fitxategi kronologikoa izan beharko du, formatu fisiko edo telematikoan. Fitxategian, datu hauek jasoko dira, ordena kronologikoan: hondakinen kantitatea, izaera, jatorria, helmuga eta tratamendu-metodoa. Hala dagokionean, onartutako eta kudeatutako hondakinen garraiobidea eta bilketa-maiztasuna ere jasoko dira. Baztertutako hondakinei dagokienez, berriz, kantitatea, baztertutako hondakina sortzen duen enpresa, baztertzeko arrazoia, baztertutako hondakinaren azken helmuga eta beste jazoera batzuk jasoko dira. Aipatutako fitxategi kronologikoan, hondakinen ekoizpen- eta kudeaketa-lanen dokumentu bidezko egiaztapenean bildutako informazioa sartu behar da.
b) Artxibo kronologiko hori gutxienez hiru urtez gordeko da, eta urtero bidaliko da Ingurumen Sailburuordetzara, dagokion urteko ingurumen-zaintzako programaren barruan, betiere Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 41. artikuluarekin bat etorriz.
C.7.6.– Estatuz kanpotik inportatutako hondakinak.
a) Hirugarren herrialdeetatik datozen hondakinak kudeatzeko, Hondakinen lekualdatzeari buruzko ekainaren 14ko 1013/2006 EE Erregelamendua betetzen dela egiaztatu beharko da. Erregelamendu horrek Europako estatu kideen barruko lekualdatzeak eta Europako Batasunak hirugarren herrialdeetara egiten dituen esportazioak arautzen ditu.
b) Horrez gain, aurreikusten bada hondakindegian ezabatu beharko direla inportatu beharreko hondakinak zein inportatutako hondakinen destino instalazioan aurreikusitako balorizatze- eta ezabatze-tratamendutik lortutako korronte esanguratsuren bat, orduan, kontsulta bat egin beharko zaio organo honi, justifikatuz aurreikusitako mugaz gaindiko lekualdaketak bat datozela EAEko Hondakinak Prebenitzeko eta Kudeatzeko 2020 Planean zehaztutako hondakinen inguruko plangintzaren helburuekin.
D) Ingurumena zaintzeko programa.
Sustatzaileak aurkeztutako dokumentuetan aurreikusitakoaren eta honako apartatu hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da ingurumena zaintzeko programa:
D.1.– Atmosferako isurketak kontrolatzea.
a) Krosaki AMR Refractarios SAk isurketak kontrolatu beharko ditu, informazio honen arabera:
b) Puntu honetako a) letran aipatutako neurketa guztiak II. mailako administrazioarekiko lankidetza-erakunde batek egin beharko ditu, dekretu honetan xedatuaren arabera: 212/2012 Dekretua, urriaren 16koa, ingurumen-lankidetzako erakundeak arautzen dituena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumen Lankidetzako Erakundeen Erregistroa sortzen duena. Neurketa horiei dagozkien txostenek Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuaren 2012ko uztailaren 11ko Aginduan jasotako baldintzak bete beharko dituzte, batez ere gai hauei dagokienez: helburua eta neurketa-plana, neurketen adierazgarritasuna, neurketa-kopurua, banako neurketa bakoitzaren iraupena eta erreferentziazko metodoen hautapenerako irizpidea.
c) Halaber, a) letran azaldutako isurketa-foku baten kontrola egin behar den urtean, foku horrek urtean hamabi aldiz baino gutxiagoko batezbesteko maiztasunarekin funtzionatzen badu, isurketa bakoitzak ordubete baino gehiago irauten duela, edo, bestela, edozelako maiztasunarekin, emisioaren iraupen globala instalazioaren funtzionamendu-denboraren ehuneko bostetik gorakoa bada, urte horretan ez da beharrezkoa izango foku horren kontrolik egitea, eta hurrengo urtean egin beharko da, betiere kontroletik salbuesteko baldintzek irauten ez badute. Inguruabar hori urteko ingurumena zaintzeko programan, dagokion urtekoan, justifikatu beharko da.
d) Sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetzara bidali beharko ditu eskatutako kontrolen txostenak, zeinen edukia jarraibide teknikoetan ezarritakoaren araberakoa izango baita. Dokumentu horiek transakzio elektroniko bidez bidaliko dira Ingurumen Sailburuordetzara, IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.
D.1.1.– Lortutako emaitzen erregistroa.
Erregistro bat egingo da eguneratutako dokumentazioarekin, Atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuaren 8. artikuluan xedatutakoari eta Atmosfera Kutsa Dezaketen Jardueretarako Instalazioak arautzen dituen abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuaren III. eranskinean ezarritako edukiari jarraikiz.
Erregistro hori eguneratuta eta ingurumen-ikuskatzaileen eskura egongo da.
D.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.
a) Honako analisi hauek egingo dira:
b) Kanpoko kontrol bakoitza, bai laginak hartzea, bai ondorengo analisia, «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta Hirugarren C.2.3 apartatuan aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketaren lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.
c) Isurien kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzari igorriko zaizkio, ebazpen honen Hirugarren D.6 apartatuan ezarritako epeetan eta baldintzetan.
d) Kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti laginketak.
e) Isurketak baimenaren baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da puntu honetako a) letran ezarritako kontrol-parametro guztiek ebazpen honen Hirugarren C.2.3 apartatuan ezarritako mugak betetzen dituztenean.
D.3.– Zarataren kontrola.
a) Indize akustikoen ebaluazioak egin beharko dira hiru urterik behin: Ld, Le, Ln ,LAeq,Ti eta LAeq,60 segundu. Lortutako emaitzen arabera, ondorengo neurketetarako beste aldizkakotasun bat zehaztu ahalko da.
b) Aurreko apartatuan adierazitako ebaluazio guztiak administrazioaren II. mailako erakunde laguntzaile batek egin beharko ditu urriaren 16ko 212/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz. Erakunde horrek UNE-EN ISO/IEC 17025 arauaren araberako egiaztagiria eduki beharko du akustikaren arloan espazio- eta denbora-laginketa egiteko. Nolanahi ere, ebaluazio horiek egiten dituzten erakundeek gaitasun tekniko egokia dutela zainduko du ingurumen organoak.
c) Ebaluazio-metodoak eta -prozedurak eta ebaluazio horiei buruzko txostenak Ingurumen Sailburuordetza honek emandako jarraibide teknikoetan eta urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren (zonifikazio akustikoari, kalitatearen helburuei eta igorle akustikoei dagokienez, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duena) IV. eranskinean ezarritakora egokituko dira.
d) Sustatzaileak proposamen zehatz bat landu beharko du, ebaluazio-puntu zehatzak jasoko dituena. Proposamena ebazpen honen Hirugarren D.7 apartatuan aipatzen den ingurumena zaintzeko programaren agiri bateginean sartuko da.
D.4.– Jardueraren adierazleak kontrolatzea.
Sustatzaileak jardueraren gaineko honako parametro-adierazle hauen segimendua egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko, eta dagokion urteko ingurumen-zainketako programarekin batera aurkeztuko du:
D.5.– Lurzoruaren eta lurrazpiko uren kontrola.
a) Ebazpen honen Hirugarren C.5 apartatuan eskatutako dokumentazioaz gain, datu hauek aurkeztuko dira:
– Aintzat hartutako aldian izan diren intzidentziak, substantzia arriskutsuak direla-eta lurraren eta lurrazpiko uren kutsadura sortu ahal izan dutenak.
– Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– bai eta larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Tresneria eta azaleraren egoera ona, edo, hala badagokio, horietan antzemandako hutsuneak jasotzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.
– Lurzorua edo lurrazpiko urak kutsatuta egon daitezkeela dioen adierazpena, halakorik balego, edo, bestela, horrelako aztarnarik ez dagoela egiaztatzen duen adierazpena.
b) Krosaki AMR Refractarios SAk, gainera, lurzoruaren eta lurpeko uren kalitatearen kontrola egingo du, gutxienez bi zundaketa eginez honako hauetarako: urak karakterizatzeko, ateratako lur-zutabea karakterizatzeko eta piezometro bana gaitzeko. Horiek lurpeko uren kalitatearen jarraipena egiteko erabiliko dira. Zundaketak kokatzean, kontuan hartuko dira egon daitezkeen arrisku-iturriak eta lurpeko uren jarioa; hala, instalaziotik gorako eta beherako uren jarioa alderatu ahal izango da.
Atal honetan jasotakoa betetzeko aurkeztu beharreko informazioa lehen aipatutako urriaren 10eko 199/2006 Dekretuan xedatuaren arabera egiaztatutako erakunde batek egin beharko du, hala nola organo honek horretarako onar ditzakeen jarraibideetan adierazitakoaren arabera.
D.6.– Emaitzak kontrolatu eta igortzea.
Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu behar dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webguneko bidalketa-prozedura telematikoari jarraikiz:
https://www.euskadi.eus/y22-izapide/eu/contenidos/serv_proc_comunicacion/p_comu_201732123333101/procedures/proc_201732144928210/eu_def/electronic_partial.shtml
Era horretan, aipatutako programak zehaztutako aldian egiten diren kontrol guztiak, ibilgura edo itsasora isuritako urei dagozkienak izan ezik, Ingurumena Zaintzeko Programarekin batera bakarrik aurkeztuko dira, eta erreferentziako urtea amaitu ondoren, betiere. Ezarritako baldintzak betetzen ez direnean bakarrik jakinarazi beharko da, eta jakinarazpena ingurumen-baimen integratuan ezarritakoaren arabera egingo da. Era berean, urtebete baino aldizkakotasun handiagoko kontrolik egiten bada, kontrola egiten den urteari dagokion programaren barruan baino ez da igorriko.
Emaitza horiek urtero igorriko dira, betiere martxoaren 31 baino lehen, eta txosten bat aurkeztu beharko da zaintzeko programaren emaitzekin batera. Txosten horretan, babes- eta zuzenketa-neurrien funtzionamendua, prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak eta emaitzen analisia jasoko dira, epe horretan izandako jazoera nagusiak bereziki aipatuta, haien kausa eta konponbideak; halaber, laginak nola hartu diren zehaztuko da, aldez aurretik egin ez bada.
D.7.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.
Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, eta han, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bildu. Programa horrek honako hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko puntuen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.
Era berean, Ingurumena Zaintzeko Programak jaso beharko du jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika, adierazle horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).
E) Ezohiko egoeretan kutsadurari aurrea hartzeko neurriak eta funtzionamendu-baldintzak.
E.1.– Instalazioa gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.
Programatutako urtean behingo mantentze-lanei dagokienez, isurketen eta sortuko diren hondakinen kalkulua egin beharko du enpresak, eta, hala egokituz gero, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere bai.
Instalazioa gelditzean nahiz abiaraztean, mantentze-eragiketetan eta ezohiko egoeretan sortutako hondakinak kudeatzeko, Hirugarren C.3 apartatuan («Instalazioan ekoitzitako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak») ezarritakoari lotu beharko zaio, baina ez da beharrezkoa izango hondakin horiek baimendutako hondakinen zerrendan jasota egotea.
E.2.– Jarduera etetea.
Jarduerari lege hauek aplikatu behar zaizkio: 4/2015 Legea, ekainaren 25ekoa, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzekoa (EJSN-93, 1. Ber. 26260 Zeramika-produktu erregogorren fabrikazioa), eta 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzekoa. Horrenbestez, Krosaki AMR Refractarios SAk jarduera-etete horren berri eman beharko dio ingurumen-organoari, bi hileko epea agortu baino lehen; jakinarazpen horrekin batera, jarduera-proposamen bat ere aurkeztu beharko da, erakunde horrek ezar dezan noraino iristen diren bere betebeharrak eta noiz hasiko den beranduenez lurzoruaren kalitatea deklaratzeko prozedura hasteko epea, ekainaren 25eko 4/2015 Legearen 31.3 artikuluan xedatzen denari jarraikiz.
Jarduera eten utzi baino lehen, Krosaki AMR Refractarios SAk instalazioetan dauden hondakin guztiak kudeatu beharko ditu, ebazpen honen Hirugarren C.3 apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz.
E.3.– Jarduera aldi baterako etetea.
Jarduera aldi baterako etetea aurreikusten bada, Industriako Isurketen Erregelamendua onartzen duen urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 13. artikuluan arautu bezala, Krosaki AMR Refractarios SAk, nahitaezko aurretiazko jakinarazpenarekin batera, dokumentu bat bidali beharko du Ingurumen Sailburuordetzara, adierazteko nola beteko dituen instalazioa jardunik gabe egonda ere aplikagarriak zaizkion ingurumen-baimen bateratuko kontrolak eta baldintzak.
Era berean, jarduera berriz hasi baino lehen, instalazioen funtzionamendu ona ziurtatu beharko da, ingurumenean eragina izan dezakeen edozein isurketa edo emisio saihesteko.
E.4.– Jarduera anomaloa izanez gero aplikatu beharreko neurriak eta jarduketak.
Aurkeztutako dokumentazioan egindako proposamenean, ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, apartatu honetan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:
a) Instalazioen prebentziozko mantentze-lanak.
Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera ona bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo isuriak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei eta segurtasun-neurriei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da honako hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztasuna), biltegiratzeko neurri bereziak (substantzia arriskutsuak), gerta litezkeen ihesei antzemateko neurriak edo gehiegizko betetzeaz ohartarazteko alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitu beharra, maiztasuna, garbiketa-mota) eta lurzoru gaineko isuriak biltzeko sistemak.
Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.
Halaber, atmosferara eta uretara egindako isurketak prebenitu eta zuzentzeko sistemen (arazketa, minimizazioa, etab.) eta ikuskatu eta kontrolatzeko ekipoen egoera ona bermatzeko neurriak jaso beharko dira.
Hozteko urak arazteko prozesuan sortutako lohiak aldizka aterako dira, instalazioa behar bezala ibil dadin. Behar izanez gero, gorde egingo dira hondoan hustubiderik ez duten biltegi iragazgaitzetan. Inoiz ez dira pilatuko euri-uren jariatzearen ondorioz ibilgu publikoa kutsatzeko arriskua egon daitekeen guneetan.
Pabiloien barruan zolak garbitzean sortutako urak tratamendu-lerrora bidaliko dira, edo, bestela, kudeatzaile baimendu batek kudeatuko ditu.
Hondakin-ura ezingo da «by-pass» bidez isuri arazketa-instalazioetan.
Programatutako mantentze-lanetan nahitaez egin behar badira «by-pass» bidez isurketak, titularrak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dio aurretiaz, eta segurtasun-neurrien eta isurketak ingurune hartzailearen kalitatearen gainean duen eragina ahal den neurrian gutxitzeko neurrien funtzionamendua zehaztu. «By-pass» horretan aurreikusi gabeko isurketa bat egongo balitz, titularrak segurtasun-neurrien funtzionamendua egiaztatu beharko du, dagokion txostena Ingurumen Sailburuordetzara bidalita (atal honetako j) letran adierazitakoari jarraituz).
b) Halaber, erregistro bat eduki behar da, aldizka egindako mantentze-lanak eta hautemandako jazoerak jasota uzteko.
c) Titularrak behar diren bitartekoak izango ditu eskura, arazketa-instalazioak zuzen ustiatzeko eta ustekabeko isuriak prebenitzeko hartu diren segurtasun-neurriak eraginkor mantentzeko.
d) Erabilitako olioak, efluenteen arazketako hondakinak, besteak beste, eta, oro har, instalazioan sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.
e) Hautsezko produktuak biltegiratzeko, silo itxiak edo hautsa xurgatzeko sistemak dituzten pabilioi estali eta itxiak eduki beharko dira.
f) Prozesurako behar diren lehengaiak, erregaiak eta produktuak biltegiratuko dira, halako kondiziotan ezen ez baitira izango ingurunean sakabanatzeko moduan.
g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, biltegiratze-instalazioek baldintza batzuk bete beharko dituzte; zehazki, produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritakoak.
h) Larrialdi-egoeran berehala eta eraginkortasunez jarduteko beharrezko diren material guztien behar besteko kantitatea eduki beharko da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei aurre egiteko produktu xurgatzaile selektiboak; segurtasuneko edukiontziak, kaltetutako ingurunea isolatzeko hesiak eta seinaleztapen-elementuak, eta babes pertsonalerako ekipo egokiak.
i) Tangen hustuketa kontrolatzeko balio duen protokolo edo prozedura edukiko dute. Bertan, lantegiaren eraginkortasunari eragin diezaioketen isuriak lantegira joatea saihestu beharko da.
j) Gorabeheraren bat izanez gero, agintariei jakinaraztea.
Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabeheraren edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, sustatzaileak gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri berehala eman beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari, zuzentzeko edo eusteko neurri egokiak hartu ondoren, betiere. Jakinarazpenean, honako alderdi hauek adierazi beharko dira gutxienez:
– Gorabehera mota.
– Jatorriak eta kausak (unean zehaztu daitezkeenak).
– Zuzentzeko edo eusteko neurriak, berehala aplikatu direnak.
– Sortutako ondorioak.
– Epe laburrera aurreikusitako jardunak, halakorik badago.
Jazoera edo anomalia larriren bat edo ustekabeko isurketaren bat egonez gero, SOS DEIAK eta Hernaniko Udala berehala jakinaren gainean jarri behar dira. Ondoren, gehienez ere 48 orduko epean, istripuaren ondorioz sortutako egoera zehaztasunez jasotzen duen txosten bat bidali beharko zaio Ingurumen Sailburuordetzari. Txosten horretan, datu hauek agertuko dira gutxienez:
– Gorabehera mota.
– Gorabehera non, zergatik eta zer ordutan gertatu den.
– Gorabeheraren iraupena.
– Ustekabeko isuria izanez gero, emaria, isuritako gaiak eta ingurune hartzailean hauteman daitekeen eragina zehaztu beharko dira, haren analisia barnean hartuta.
– Mugak gaindituz gero, isurketei buruzko datuak.
– Eragindako kalteen balioespena.
– Hartutako neurri zuzentzaileak.
– Anomalia berriro ez gertatzeko prebentzio-neurriak.
– Prebentzio-neurriak eraginkortasunez aplikatzeko aurreikusitako epeak.
Baimenaren baldintzak urratzen dituen isurketa bat gertatzen bada eta, gainera, pertsonen osasunerako arriskutsua bada edo sistema naturalen oreka modu larrian kaltetu badezake, titularrak berehala etengo du isurketa hori, eta, horrez gain, horren berri ere eman beharko die Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Uraren Euskal Agentziari eta babes zibilean zein ingurumenaren arloan ardurak dituzten erakundeei, baita SOS DEIAK (112) larrialdi-zerbitzuei ere, behar diren neurriak har ditzaten.
k) Larrialdi-egoeretan, babes zibilari buruzko araudian eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dia.
l) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Betebehar hori betetzen dela egiaztatzeko, erakunde eskudunek emandako egiaztagiriak aurkeztuko dizkiote Ingurumen Sailburuordetzari.
F) E-PRTR jakinarazpena.
Atmosferara, uretara eta lurzorura egindako isurketei eta sortu dituen hondakinei buruzko aurreko urteko datuak bidaliko dizkio Krosaki AMR Refractarios SAk Ingurumen Sailburuordetzari urtero, martxoaren 31 baino lehen, E-PRTR-Euskadi botatako eta eskualdatutako kutsagarrien Europako Inbentarioa landu eta eguneratzeko, E-PRTR Araudiko eta Ingurumeneko baimen bateratuetako isurketen gaineko informazioa ematea arautzen duen apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuari jarraituz.
Informazio hori lekualdatzeko, IKS-eeM Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabiliko da (www.eper-euskadi.net webgunean eskuragarri), hots, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren Ingurumen Informazioa Kudeatzeko Sistema.
Datu horietako batzuek osatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumenean Eragina duten Jardueren Erregistroa, eta erregistro hori transakzio-basea izango da, informazioa Europako Ingurumen Agentziaren erregistroetara bidaltzeko (E-PRTR-Europa erregistroa).
Ingurumen-adierazpena agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez arautzen dira informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.
G) Instalazioko aldaketak.
Baldin eta hori egitea gomendatzen badute arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan.
Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu egin daiteke jardueraren sustatzaileak hala eskatuta edo ofizioz, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.
Instalazioetan aldaketak egin ahal izateko, honako helbide elektroniko honetan eskuragarri dagoen inprimakia bete beharko da aldez aurretik:
www.euskadi.eus/contenidos/serv_proc_autorizacion/p_autho_20183895085814/procedures/proc_20183895329689/es_def/adjuntos/Formulario_modificaciones.doc
Eta abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera eskatuko da organo honen onespena. Egin beharreko aldaketa funtsezkoa bada, ezin izango da egin harik eta ingurumen-baimen integratua aldatu arte.
Urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren (Industriako Isurpenen Erregelamendua onartu eta Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena) 14.1 artikuluak aldaketa funtsezkotzat jotzeko irizpideak ezartzen ditu.
Nolanahi ere, aipatutako urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren 14.2 artikuluan zehaztutakoarekin bat etorriz, irizpide horiek orientagarriak dira, eta ingurumen-organoak kalifikatuko du eskatutako aldaketa, funtsezkotzat edo ez-funtsezkotzat jota, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 10. artikuluan ezarritako irizpideekin bat etorriz.
Era berean, proiektua aldatzen den kasuetan, aplikatzekoa izango da Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1.c) eta 7.2.c) artikuluetan xedatutakoa.
Baldin eta aldaketan aurreikusten bada lurzoru berria okupatzea, eta aipatutako lurzoruak lurzorua kutsa dezaketen jarduerak edo instalazioak baditu edo izan baditu, aldaketa gauzatu aurretik, hartu beharreko kokalekuaren lurzoru-kalitatearen adierazpena eduki beharko da, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legean ezarritakoarekin bat etorriz.
Laugarrena.– Ebazpen honetako laugarren apartatuko honako puntu hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituela dokumentu bidez egiaztatu beharko dio Krosaki AMR Refractarios SAk Ingurumen Sailburuordetzari:
– Ebazpen hau eskuratu eta ondorengo hilabetean:
– Hirugarren D.1. Labe-tuneletatik eratorritako partikulen isuriak ahalik eta gehien minimizatzea xede duen ekintza- plan bat aurkeztu beharko da ingurumen-organoan. Argiki zehaztu beharko da burutuko diren ekintzak zein diren, eta aurreikusitako ekintza bakoitzaren datak, aldizkakotasunak eta arduradunak adierazi. Gainera, ekintzen eraginkortasunaren jarraipena egitea ahalbidetzen duten adierazleak sartu beharko dira. Ekintza-planaren betetze-mailari buruzko txosten bat helaraziko da urtero, eta dagokion urteko adierazleak eta plana abian jartzen hasi zenekoak aztertuko dira. Azterketa horren arabera berrikusiko da ekintza-sorta, emaitzak hobetzeko xedearekin.
– Ebazpen hau eskuratu eta ondorengo sei hileetan:
– Hirugarren A. Erantzukizun zibileko asegurua, ezarritako zenbatekoarekin.
– Hirugarren C.3.2. Kudeatzaile baimenduari ematen zaizkion sortutako hondakinak behar bezala identifikatu eta sailkatzen direla justifikatu beharko du, bereziki hondakin arriskutsuen izaerari eta arrisku-ezaugarriei dagokienez, betiere honako zerrenda honetan ezarritako irizpideekin bat etorriz: Europako Hondakin Zerrenda, 2014ko abenduaren 18ko Batzordearen Erabakiz argitaratua, zeinaren bidez aldatzen baita hondakinen zerrendari buruzko 2000/532/EE Erabakia; eta 1357/2014/EB Erregelamendua, Batzordearena, 2014ko abenduaren 18koa, zeinaren bidez ordezten baita Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2008/98/EE Zuzentarauaren III. eranskina (zuzentarau hori hondakinei buruzkoa da eta zuzentarau jakin batzuk baliogabetu zituen). Hori egiaztatu ondoren, eguneratu egingo dira baimen honetan jasota eta izapidetzeko orduan indarrean zeuden identifikazioa eta sailkapena.
– Hirugarren C.3.3.b. «Arazketako lohiak» eta «gainerako erregogorrak» hondakinen arriskugarritasun karakterizazioa.
– Hirugarren D.3. Instalazio berrien (tunel-labe berria III eta bi prentsa) soinu-igorpenaren kalkuluaren bidezko ebaluazioa, eta soinu-igorpena kontrolatzeko proposamena, ebaluazio-puntuak barne hartzen dituena.
– Hirugarren D.5. Instalazioan hartutako neurrien egoera –zolak iragazgaiztea, drainatzeak, kubetak eta kutxatilak– bai eta larrialdi-egoeran jarduteko bitarteko egokiak eta nahikoak erabilgarri daudela egiaztatzen duen adierazpena, teknikari eskudunak sinatua. Tresneria eta azaleraren egoera ona, edo, hala badagokio, horietan antzemandako hutsuneak jasotzen dituen berariazko adierazpena jaso beharko du.
– Hirugarren D.6. Ebazpen honen arabera eguneratutako ingurumen-zaintzaren programa.
Era berean, sustatzaileak «as built» proiektua aurkeztu beharko du Ingurumen Sailburuordetza honetan, aipatutako epean, hala nola teknikari eskudun batek egindako ziurtagiri bat, instalazioak aurkeztutako proiektuaren eta ebazpen honetan xedatuaren arabera eraikita eta hornituta daudela esaten duena. Nolanahi ere, ebazpen honetan jasotako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, ezinbestekoa izango da kontuan hartzea ingurumen-organo honi lotutako zerbitzu teknikoek, hala egokituz gero, egiten duten ikuskaritza-bisitaren emaitza.
Bosgarrena.– Ingurumen-baimen integratuaren berrikuspena ofizioz egingo da honako kasu hauetan:
a) Instalazioak sortutako kutsadura dela eta, finkatutako igorpenen muga-balioak berrikustea edo beste batzuk ezartzea komeni bada.
b) Isuriak nabarmen murritz daitezke gehiegizko kosturik izan gabe, erabil daitezkeen teknikarik onenetan egindako aldaketa handien ondorioz.
c) Prozesuaren edo jardueraren funtzionamendu-segurtasuna dela eta beste teknika batzuk erabili behar badira.
d) Arroko erakundeak, urei buruzko legedian xedatutakoaren arabera, uste badu ingurumen-baimen integratua berrikustea edo aldatzea justifikatzen duten inguruabarrak daudela, Estatuko Administrazio Orokorrak kudeaturiko arroetako jabari publiko hidraulikora egindako isuriei dagokienez. Kasu horretan, arroko erakundeak, txosten lotesle baten bidez, organo eskudunera joko du ingurumen-baimen integratua eman dezan, gehienez ere hogei eguneko epean berrikuste-prozesua hasteko.
e) Instalazioari aplikagarri zaion sektoreko legediak hala eskatzen badu, edo abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 22.3 artikuluari jarraikiz, ingurumen-kalitateko arau berriak edo berrikusiak betetzea beharrezkoa bada.
f) Aplikatu beharreko araudi berria indarrean jartzen bada.
g) Ingurunearen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza garrantzitsu berrietara egokitu beharra badago; bereziki, inplikatutako sistemen hauskortasuna areagotzen dela hautematen bada.
h) Ingurumena zaintzeko programan jasotako emaitzen edo bestelako oharren arabera, egiaztatzen bada ez direla nahiko ingurumen-inpakturako ezarritako babes-, zuzenketa- edo konpentsazio-neurriak.
i) Abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluko 1., 2. eta 3. zenbakietan ezarritakoarekin bat etorriz egindako azterketa eginda, aldatu egin behar dela ondorioztatzen bada.
Ingurumen-baimen integratua berrikusteak ez dakar kalte-ordaina jasotzeko eskubidea, hala ezarrita baitago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 26.5 artikuluan.
Seigarrena.– Krosaki AMR Refractarios SAk ebazpen honen xede den zeramika-produktu erregogorrak fabrikatzeko jardueran titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori jakinarazi beharko du, Ingurumen Sailburuordetzak onar dezan.
Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du honako hauek gertatzen direnean:
– Ez egiaztatzea ebazpen honen laugarren artikuluan ezarritako baldintzak epean betetzen direla, non eta interesdunak ez duen eskatzen, behar bezala justifikatuta, epea luzatzeko.
– Krosaki AMR Refractarios SAren nortasun juridikoa azkentzea, indarreko arauek aurreikusitako kasuetan.
– Krosaki AMR Refractarios SAk eskatuta, zeramika-produktu erregogorren fabrikazioa etetea urtebetetik gorako epe batez, saldu eta aldi baterako eten baimendua bada.
Zortzigarrena.– Ingurumen-baimen integratu honetan ezarritako baldintzak ez betetzea arau-hauste astun edo oso astun gisa tipifikatuta dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren 31. artikuluari jarraituz, eta aipatutako legearen 32. artikuluan jasotako zigorrak ezartzea ekar dezake.
Bederatzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Krosaki AMR Refractarios SAri, Hernaniko Udalari, ingurumeneko baimen integratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.
Hamargarrena.– Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen; horrenbestez, gorako errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, betiere Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta hurrengoetan xedatutakoari jarraikiz.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 16a.
Ingurumeneko sailburuordea,
MARIA ELENA MORENO ZALDIBAR.