EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2019028

AGINDUA, 2019ko otsailaren 1ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, Donostia udalerriko Morlans Behean, AM.09ko A1 lursailean, babes ofizialeko 70 etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematen diona.

Xedapenaren data: 2019-02-01
Hurrenkenaren zenbakia: 201900689
Maila: Agindua
GERTAKARIAK
Lehenengoa.– Garai hartako Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila eta Donostiako Udalak hitzarmen bat sinatu zuten 2004ko otsailaren 23an. Han, Donostiako Morlans Behea AM.09 HEn Babes Ofizialeko Etxebizitzak / Etxebizitza Sozialak Sustatzea-ren baldintzak zehazten dira. Hitzarmen horren zazpigarren klausulan esaten da Donostiako Udala izango dela sustapenean interesatutako udalerri bakarra. Agindu honek AM.09ko A1 lursailari dagokion sustapena baino ez da arautuko.
Bigarrena.– Etxebizitzako Gipuzkoako lurralde-ordezkariaren 2014ko abenduaren 15ko ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin-behineko kalifikazioa eskuratu zuen 70 babes ofizialeko etxebizitzako sustapen horrek. Sustapena Donostiako udalerrian kokatuta dago, Morlans Behea eremuan , AM.09ko A1 lursailean, eta Euskadiko Etxebizitza eta Lurra SA (Visesa) baltzu publikoak sustatzen du, EB3-1118/14-LC-000 espediente zenbakia duelarik.
Hirugarrena.– Etxebizitza horietako hiru, bi logelakoak, 81,29 m²ko azalera dutenak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude. Gainontzeko 67 etxebizitzetatik, 42 bi logelakoak dira eta 54,64 m² eta 58,42 m² bitarteko azalerak dituzte, 25 hiru logelakoak dira eta 78,59 m² eta 80,12 m² bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitzak lagatzeko araubidea alokairua izango da.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari dagokio honako Agindu hau xedatzea, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen denaren arabera; 2012ko urriaren 15eko, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren, etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Aginduko 48. artikuluan xedatutakoari jarraiki. Sustapeneko etxebizitzak aipatutako 2012ko urriaren 15eko Aginduko III Kapituluko 1go atalean ezarritako prozeduraren arabera esleituko dira.
Bigarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitzaren Legeak, Administrazio-auzotasuna Euskal Autonomia Erkidegokoan duen pertsona orori etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea onartzen dio. Harik eta erregelamendu-xedapenak argitaratzen diren arte Legearen Laugarren Xedapen Iragankorra ezarriko da.
Aipatutako Xedapen horrek honako baldintzak betetzen dituzten bizikidetza-unitateei onartzen die etxebizitza duin eta egoki bat eskuratzeko eskubidea: urtean 15.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten hiru kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateak, urtean 12.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten bi kideko bizikidetza-unitateak eta urtean 9.000 euro baino gutxiagoko diru-sarrerak dituzten kide bakarreko bizikidetza-unitateak. Guztiei alokairuko eskatzaile gisa lau urteko antzinatasuna eskatzen zaie Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan.
Eskubide subjektibo honen onarpenak bizikidetza unitate horiei lehentasuna ematen die babes publikoko etxebizitzak eta zuzkidura-bizitokiak eskuratzerakoan; lehentasun hori prozedura honetan kontuan hartu beharko da.
Hirugarrena.– Ekainaren 18ko 3/2015 Etxebizitza Legeak 62. artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta, prozedura honetan 5 kide baino gehiagoko bizikidetza unitateek ezingo dute parte hartu.
Laugarrena.– Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan izen emandako titularretako batek Donostiako Udalerrian erroldatuta egon behar du.
Horrenbestez, aipatutako legezko manuak, horiekin bat datozenak eta aplikatu beharreko gainerakoak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako udalerrian, Morlans Behea eremuan, AM.09ko A1 lursailean, babes ofizialeko 70 etxebizitza alokairuan esleitzeko prozedurari hasiera ematea.
Bigarrena.– Esleipen prozedura honetan, agindu hau argitaratzen den egunean Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa Donostiako udalerrian izen emanda daudenek parte hartu dezakete betiere honako baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Inskripzioaren titularretako batek, gutxienez, erroldatuta egon behar du Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan, Donostiako udalerrian, prozedurari hasiera emateko agindu hau argitaratzen den egunean.
b) 2017. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak 3.000 euro baino txikiagoak ez direla eta 39.000 euro baino handiagoak ez direla egiaztatzea eskatzen da. Mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriek, desgaitu psikikoek edo genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko. Baldintza egiaztatzeko, izen ematearen titular guztien diru-sarreren batura kontuan hartuko da.
c) Etxebizitza jabetzan, azalera eskubidean edo gozamenean ez edukitzea agindu hau argitaratzen den egunaren aurreko bi urteetan. 2012ko urriaren 15eko Aginduko 9. artikuluan jasotako etxebizitza premiaren baldintzaren salbuespenak ezarriko dira.
d) 5 kide baino gehiagoko bizikidetza unitateek ezingo dute parte hartu, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legeak 62. artikuluan gain-okupazioaren inguruan zehazten duenari jarraituz.
Hirugarrena.– Esleitu beharreko etxebizitza horietatik honakoak gordeko dira:
a) 3 etxebizitza, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokitutakoak. Etxebizitza horiek esleitzeko, honako lehentasun-ordena hau hartuko da kontuan:
Gurpil-aulkian ibili behar duten pertsonak.
Bi bastoiren mendekotasuna duten pertsonak.
1971/1999 Errege Dekretuko 3. eranskineko D) eta H) bitarteko atalen arabera 7 edo puntu gehiago batzen dituzten pertsonak.
b) Etxebizitza 2, Agindu hau argitaratzen den egunean etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa onartuta daukaten eskatzaileentzat. Zerrenda barematuan puntu gehien dituen espedienteari egokitzen zaion etxebizitza izango da esleituko dena. Uko eginez gero, kupo honetan etxebizitzaren ezaugarriei egokitutako bizikidetza unitaterik ez balego, etxebizitza hori gainontzeko eskatzaileen artean esleituko da.
c) 65 etxebizitza, gainerako eskatzaileentzat.
Laugarrena.– Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan agindu honetan eta aplikatu beharreko arauetan aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta bizikidetza unitateek, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairu-erregimenean inskribatuta badaude. Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza unitateek sustapen honetako esleipen prozeduran parte hartu nahiko balute, 2019ko martxoaren 5etik 18ra bitartean (biak barne) dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute:
– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Andia 13, 20004 Donostia.
– Postaz: Gipuzkoako Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzan, Andia 13, 5. solairua, 20004 Donostia.
– Telematikoki: http://www.etxebide.euskadi.eus web gunearen bidez.
Bosgarrena.– Onartutako eskaerak hurrengo lerroetan jasotako barematzeko irizpideen arabera lortutako puntuazio-ordenari jarraituta ordenatuko dira, agindu hau argitaratzen den eguna aintzakotzat hartuta; berdinketak Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan alokairuko eskatzaile gisa antzinatasun handiena kontuan hartuta ebatziko dira.
1.– Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroko alokairu-araubideko inskripzioaren antzinatasuna: 5 puntu emango dira alokairu-araubideko inskripzio-urte bakoitzeko (gehienez 40, gutxienez 5).
2.– Bizikidetza-unitateko kide bakoitzeko 5 puntu emango dira (gehienez 30, gutxienez 5).
3.– 3.000 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituzten eskatzaileei gehienez 20 puntu emango zaizkie; 15 puntu 9.001 eta 15.000 euro bitartekoak dituztenei, 10 puntu 15.001 eta 25.000 euro bitartekoei eta gutxienez 5 puntu 25.001 eta 30.000 euro bitartekoei.
4.– 10 puntu emango zaizkie sustapenaren udalerrian erroldaturiko titular bat gutxienez duten espedienteei.
5.– 10 puntu emango dira etxebizitza-premia bereziko kolektiboren baten parte izateagatik (adimen eta garapen-desgaitasuna edo gaixotasun mentala duten pertsonak, kide bakarreko familiak, genero indarkeriaren biktimak diren emakumeak, legalki dibortziatuak edo bananduak, gerora sortutako ordaintzeko ezintasunaren ondorioz beraien ohiko etxebizitzaren jabetza galdu duten pertsonak, 70 urtetik gorakoak, 30 urtetik beherakoak); gehienez 30 puntu emango dira kolektibo bat baino gehiagoren parte izanez gero.
Seigarrena.– «Ebazten dut» ataleko hirugarren b) puntuaren arabera etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubide subjektiboa onartuta daukaten eskatzaileen kuporako gordetzen diren etxebizitzak eta gainerako eskatzaileentzako etxebizitzak honela esleituko dira:
1.– Hiru logelako etxebizitzak barematzeko ordenaren arabera esleituko zaizkie gutxienez 4 kide dituzten eta Donostian erroldatuta dauden bizikidetza-unitateei. Etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, barematzeko ordenaren arabera esleituko zaizkie 3 kide dituzten eta Donostian erroldatuta dauden bizikidetza-unitateei. Etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, barematzeko ordenaren arabera esleituko zaizkie 2 kide dituzten eta Donostian erroldatuta dauden bizikidetza-unitateei. Etxebizitzak esleitu gabe jarraituko balute barematzeko ordenaren arabera esleituko zaizkie kide bakarreko diren eta Donostian erroldatuta dauden bizikidetza-unitateei.
2.– Bi logelako etxebizitzak barematzeko ordenaren arabera esleituko zaizkie 3 kide dituzten eta Donostian erroldatuta dauden bizikidetza-unitateei. Etxebizitzak esleitu gabe geratuko balira, barematzeko ordenaren arabera esleituko zaizkie 2 kide dituzten eta Donostian erroldatuta dauden bizikidetza-unitateei. Etxebizitzak esleitu gabe jarraituko balute barematzeko ordenaren arabera esleituko zaizkie kide bakarreko diren eta Donostian erroldatuta dauden bizikidetza-unitateei.
Zazpigarrena.– Etxebizitzak esleitu ondoren etxebizitzarik eskuratu ez dutenek osatutako itxaron-zerrenda egingo da kupo bakoitzean, seigarren atalean jasotako lehentasunak aintzat hartuta.
Itxarote-zerrendarik ez badago edota agortzen bada, etxebizitza hutsak 2012ko urriaren 15eko Aginduko 59. artikuluan ezarritako prozeduraren arabera esleituko dira.
Zortzigarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxarote-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).
Bederatzigarrena.– Agindu honen aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean, bi hilabeteko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko otsailaren 1a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.