EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2019026

AGINDUA, 2019ko urtarrilaren 30ekoa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuarena, Bilboko udalerriko Zorrozaurren, 104 etxebizitza tasatu erosketan esleitzeko hautaketa-prozesua hasten duena eta hainbat zehaztasun finkatzen dituena.

Xedapenaren data: 2019-01-30
Hurrenkenaren zenbakia: 201900644
Maila: Agindua
GERTAKARIAK
1.– Etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzko Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduak babes ofizialeko etxebizitzak esleitzeko prozedura arautzen du. Hori, Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 12. artikuluan jasotzen da.
2.– 2015eko azaroaren 16an, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak eta Euskadiko Etxebizitza eta Lurra E.A.–k (Visesa) lankidetza-hitzarmena sinatu zuten Bilboko Udaleko Zorrozaurren, babes publikoko etxebizitzak sustatzeko.
3.– Etxebizitzako Bizkaiko lurralde-ordezkariaren 2017ko otsailaren 17ko Ebazpenaren bidez, babes ofizialeko behin behineko kalifikazioa eskuratu du Bilboko udalerriko Zorrozaurreko 104 etxebizitza tasatuko sustapenak. Sustapen honen espediente zenbakia EB2-1375/16-LT-000 da. Etxebizitza horietako 5, bi logelakoak, 82,31 m²ko eta 83,84 m² bitarteko azalera dutenak, mugikortasun urri iraunkorra duten elbarriei egokituta daude. Gainontzeko 99 etxebizitzetatik, 32 bi logelakoak dira, eta 67,41 m² eta 70,00 m² bitarteko azalerak dituzte; beste 67 etxebizitzak hiru logelakoak dira, eta 80,03 m² eta 86,01 m² bitarteko azalerak dituzte. Etxebizitzak lagatzeko araubidea jabetza osoan izango da.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
1.– Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburuari dagokio honako agindu hau ematea, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, zeina etxebizitza-eskatzaileen erregistroari eta babes ofizialeko etxebizitzak nahiz araubide autonomikoko zuzkidura-bizitokiak esleitzeko prozedurei buruzkoa baita.
2.– Babes publikoko etxebizitzen erregimenari eta etxebizitzaren eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei buruzko 2008ko martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 18. artikuluan jasotzen denaren arabera, lehen eskualdatzeko babes ofizialeko etxebizitzak eskuratu behar direnean, bizikidetza-unitatea osatzen duen titularretako bat gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egongo da, kasuan kasuko araudiak ezarritako gutxieneko antzinatasunarekin.
3.– Babes ofizialeko etxebizitza eskuratzeko eskatuko diren urteko diru-sarrera haztatuen mugak, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuaren 2011ko irailaren 14ko Aginduan ezarritakoak izango dira.
4.– 39/2008 Dekretuaren 22. artikuluan jasotzen denaren arabera, diru-sarrerei dagokienez kontuan hartu beharreko epealdia honakoa izango da: zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, esleipen-prozedurari hasiera emateko Aginduaren argitalpen-dataren aurreko azken zergaldia.
5.– Arestian aipaturiko 2012ko urriaren 15eko Aginduak ezartzen du, pertsonek edo bizikidetza-unitateek babes ofizialeko etxebizitzen esleipen prozeduretan parte hartzeko, Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan inskribatuta egon beharko dutela. Baldintza hau betetzen dela ulertzen da agindu hau argitaratzen den datan Etxebiden erosketako eskatzaile moduan alta emanda badaude.
6.– Agindu horretan honako hau ere esaten da: prozeduran sartzea borondatezkoa izango dela, eta hasiera aginduan zehaztutako epean eta bitartekoaren bidez egin beharko dela.
7.– Esleitzeko modua egoera ezberdinen araberakoa izango da: prozeduran onartutako eskatzaileen kopurua sustapeneko etxebizitzen kopurua baino handiagoa bada, esleipena notarioaren aurreko zozketa publiko bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 31. eta 41. bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera. Aldiz, etxebizitzen kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak 42. eta 44. bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.
8.– Etxebizitzen esleipenean, Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuko da.
Aipatutako lege-xedapenak eta oro har gai honetan erabilgarri diren gainerakoak aztertu ondoren, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Bilboko udalerriko Zorrozaurren, 104 etxebizitza tasatuen esleipenari hasiera ematea.
Bigarrena.– Sustapen honetako etxebizitzak lagatzeko araubidea jabetza osoa izango da.
Hirugarrena.– Esleipen prozeduran honako pertsona hauek edo bizikidetza-unitateek parte hartu ahal izango dute: agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan altan egon eta erosketa eskatzen dutenek, betiere, bertan jasotako baldintzak betetzen badituzte.
Laugarrena.– Izena emateko eskaeran aukeratutako udalerrietako bat Bilbo edo Bilbo metropoliko udalerrietako bat izan beharko da.
Bosgarrena.– Etxebizitzaren titular izango diren pertsonetako batek Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon dela egiaztatu beharko du, behintzat urte beteko antzinakotasunaz, agindu hau argitaratzen den datan.
Seigarrena.– Eskatzen da egiaztatzea 2017. urteko zergaldiko diru-sarrera haztatuak ez direla 12.000 euro baino txikiagoak eta ez direla 50.000 euro baino handiagoak. Mugikortasun murriztua duten pertsonek edo desgaitasun psikikoa duten pertsonek nahikoa dute 3.000 euroko gutxieneko diru-sarrerak egiaztatzea. Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeek ez dute gutxieneko diru-sarrerarik egiaztatu beharko.
Zazpigarrena.– Esleipen-prozeduran parte hartu ahal izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den datan agindu honetan eta aplikatu beharreko arauetan aurreikusten diren baldintzak betetzen dituzten pertsonek eta unitateek, Etxebizitza Eskatzaileen Erregistroan erosketa-erregimenean inskribatuta badaude. Aipatutako baldintzak betetzen dituzten pertsonek edo bizikidetza unitateek sustapen honetako esleipen prozeduran parte hartu nahiko balute, 2019ko otsailaren 28a eta martxoaren 13a bitartean (biak barne) dagokion inprimakia aurkeztu beharko dute:
– Aurrez aurre: Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzua-Zuzenean, Kale Nagusia 85, 48011 Bilbao.
– Postaz: Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritza, Kale Nagusia 85, 6. solairua, 48011 Bilbao.
– Telematikoki http://etxebide.euskadi.eus web gunearen bidez.
Zortzigarrena.– Sustapeneko etxebizitzetatik 5 mugikortasun mugatu iraunkorra duten pertsonei egokituta daude, etxebizitzak bi logelakoak dira. Etxebizitza horiek, mugikortasun mugatu iraunkorra duen pertsona bat dagoen bizikidetza unitateen artean esleituko dira.
Etxebizitza horiek honako ordena honetan esleituko dira: lehenik eta behin, egokitutako etxebizitzak gurpil-aulkian dauden pertsonei esleituko zaizkie, gero bi makulu nahitaez behar dituzten pertsonei eta, azkenik, 1971/1999 Errege Dekretuaren 3. eranskinaren D) eta H) bitarteko paragrafoekin lotuta 7 puntu edo gehiago dituztenei.
Bederatzigarrena.– Etxebizitzaren ekainaren 18ko 3/2015 Legearen 62.2 artikuluan gainokupazioari buruz jasotakoa kontuan hartuta esleituko dira etxebizitzak. Gauzak horrela, gehienez 5 kide dituzten bizikidetza-unitateek parte hartu ahal izango dute.
Hamargarrena.– Eskatzaileen kopurua sustapeneko etxebizitzen kopurua baino handiagoa denean, esleipena notarioaren aurreko zozketa bidez egingo da, 2012ko urriaren 15eko Aginduaren 31. eta 41. bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera.
Etxebizitzen kopurua eskatzaileena baino handiagoa bada, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzak notarioaren aurrean ordenatuko ditu etxebizitza-eskaerak, eta etxebizitzak agindu horren 42. eta 44. bitarteko artikuluetan jasotzen den prozeduraren arabera esleituko dira.
Hamaikagarrena.– Onartutakoen eta baztertutakoen zerrendak, etxebizitza-esleipenak eta itxaron-zerrendak Eusko Jaurlaritzaren Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) iragarki-oholetan argitaratuko dira eta baita Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren iragarki-ohol elektronikoan ere (www.euskadi.eus > egoitza elektronikoa > iragarki taula).
Hamabigarrena.– Agindu honen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke hilabeteko epean, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa hasieratik, zuzenean, bi hileko epean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan. Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da errekurtso biak aurkezteko epea.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 30.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.