EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-06 Aldizkari honetan argitaratua: 2019026

1/2019 EBAZPENA, urtarrilaren 24koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea sinatutako lankidetza-hitzarmena, Basque Research and Technology Alliance euskal partzuergo zientifiko-teknologikoa sortzeko.

Xedapenaren zenbakia: 201900001
Xedapenaren data: 2019-01-24
Hurrenkenaren zenbakia: 201900640
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea sinatutako lankidetza-hitzarmena, Basque Research and Technology Alliance euskal partzuergo zientifiko-teknologikoa sortzeko. Eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 24a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN URTARRILAREN 24KO 1/2019 EBAZPENARENA
BASQUE RESEARCH AND TECHNOLOGY ALLIANCE EUSKAL PARTZUERGO ZIENTIFIKO-TEKNOLOGIKOA SORTZEKO LANKIDETZA-HITZARMENA
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 23a.
BILDU DIRA:
María Aranzazu Tapia Otaegui andrea, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz.
Alex Arriola Lizarriturri jauna, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren izenean eta hura ordezkatuz.
Francisco Javier González Azpiri jauna, Azterlan Fundazioaren izenean eta hura ordezkatuz.
José María Rodriguez Ibabe jauna, CEIT IK4 Zentro Teknologikoa Elkartearen izenean eta hura ordezkatuz.
Francisco Javier Rodriguez Parra jauna, Cidetec Fundazioaren izenean eta hura ordezkatuz.
M.ª Begoña Goiricelaya Ruiz de Azua andrea, Gaiker Fundazioaren izenean eta hura ordezkatuz.
Nerea Aranguren Achótegui andrea, Ideko S. Coop. kooperatibaren izenean eta hura ordezkatuz.
Marcelino Caballero Pozo jauna, Ikerlan S. Coop. kooperatibaren izenean eta hura ordezkatuz.
Iñaki Otaño González jauna, Lortek S. Coop. kooperatibaren izenean eta hura ordezkatuz.
Emiliano López Atxurra jauna, Tecnalia Research & Innovation Fundazioaren izenean eta hura ordezkatuz.
Jesús M.ª Iriondo Arrizabalaga jauna, Tekniker Fundazioaren izenean eta hura ordezkatuz.
Julián Flórez Esnal jauna, Vicomtech Interakzio bisualeko eta Komunikazioko Teknologien Zentroa Fundazioaren izenean eta hura ordezkatuz.
Rogelio Pozo Carro jauna, Azti Fundazioaren izenean eta hura ordezkatuz.
Leire Barañano Orbe andrea, Neiker Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea SAren izenean eta hura ordezkatuz.
José M.ª Mato de la Paz jauna, CIC Biogune Biozientzietako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroa Elkartearen eta CIC Biomagune Biomaterialetako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroa Elkartearen izenean eta hura ordezkatuz.
Nuria Gisbert Trejo andrea, CIC Energigune Energia Alternatiboen Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroaren izenean eta hura ordezkatuz.
José M.ª Pitarke de la Torre jauna, CIC Nanogune Nanozientzietako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroa Elkartearen izenean eta hura ordezkatuz.
Hitzarmen honetan, ordezkari bakoitza ordezkatzen duen administrazioaren edo entitatearen izenarekin izendatuko da, eta denak aipatzeko garaian, «aldeak» terminoa erabiliko da.
Hitzarmen honetan parte hartzen duten eta Administrazioez (Orokorraz zein Instituzionalaz) bestelakoak diren erakundeei «Partzuergoko agente» deituko zaie izenez identifikatzea beharrezkoa ez denean.
Aldeek dokumentu honen bidez elkar behartzeko gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasuna aitortzen diote elkarri, eta honako hau.
AZALTZEN DUTE:
Lehenengoa– Euskal Autonomia Erkidegoak, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.16 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eskumen esklusiboak ditu esleituta ikerketa zientifiko eta teknikoaren arloan, Estatuarekin koordinatuta.
Bigarrena.– Euskal erakundeek apustu jarraitua egin dute ikerketaren eta berrikuntzaren alde, eta enpresen lehiakortasuna hobetzen eta ongizate eta aberastasun ekonomiko eta soziala sortzen laguntzeko ikuspegian oinarritu dira beti. Estrategia horren emaitza gisa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Kontseilua arautzen duen apirilaren 8ko 49/2014 Dekretuan zehaztutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sistema eratu da, eta, horri esker, Europar Batasuneko berrikuntza-maila handiko eskualdeen taldean kokatu da Euskadi.
Hirugarrena.– Sistema horren muina Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteak dira. Sare hori Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea arautzeko oinarri-arauak gaurkotzen dituen urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren bidez arautu zen hasiera batean. Agenteek, nolanahi ere, euskal enpresen eta euskal gizartearen premiei erantzun ahal izateko ikerketa eta ezagutza aurreratuko eskaintza bat osatzen dute.
Laugarrena.– Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteen efizientzia eta emaitzetarako orientazioa areagotzeko eta lankidetzaren eta osagarritasunaren bitartez Euskadiko produkzio- eta gizarte-sareari egiten dioten balio-ekarpena hobetzeko, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea egokitu, antolatu eta eguneratu egin da. Sarearen erregulazioa, nolanahi ere, arestian adierazitako urriaren 1eko 221/2002 Dekretua indargabetu zuen Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuan («109/2015 Dekretua» aurrerantzean) jasota dago.
Bosgarrena.– Lankidetza Hitzarmen hau formalizatzen duten aldeek uste dute iritsi dela, ia bi hamarkadako esperientziaren ondoren, sistemaren bilakaeran aurrera egiteko eta, horretarako, Basque Research and Technology Alliance euskal partzuergo zientifiko-teknologikoa («Partzuergoa» aurrerantzean) izeneko entitate publikoa eratzeko garaia. Entitate horrek nolanahi ere, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareak herrialdeko erronkei aurre egiteko eta nazioartean duen lekua hobetzeko behar dituen masa kritikoak lankidetzan aritzeko eta gehitzeko dinamika ziurtatuko du.
Seigarrena.– Hitzarmen honi bere premia eta bidezkotasuna, eragin ekonomikoa, xede duen jardueraren kontratuz besteko izaera eta administrazio-hitzarmenetarako ezarritako araubide juridikoaren betetzea justifikatzen dituen memoria bat gaineratu zaio I. eranskinean.
Zazpigarrena.– Partzuergoko agenteek beren nortasun juridiko propioa eta jarduteko erabateko ahalmena izango dute, eta independentziarekin eta erabakitzeko gaitasunarekin jardungo dute agenteen arteko harreman-ereduaren barruan, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzko ekainaren 23ko 109/2015 Dekretuari jarraikiz.
Zortzigarrena.– Hitzarmen honi jarraikiz, Partzuergoko agenteen erantzukizuna ez zaio Partzuergoari transferituko, Partzuergoko agente bakoitzaren emaitzei dagokienez. Beraz, agenteek ahalmen osoa izango dute beren ikerketa-agendak eta transferentzia eta merkatuko agendak landu, garatu eta egikaritzeko, aurrerago zehaztuko dugunez.
Bederatzigarrena.– Aldeek adierazten dute dokumentu hau izenpetzea eta Partzuergoa eratzea ez dela oztopo izango Partzuergoko agenteen artean dagoen lehia librerako.
Azaldutako guztia dela eta, aldeek lankidetza-hitzarmen hau izenpetzea adostu dute. Hitzarmena honako klausula hauei lotuta egongo da:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
1.– Hitzarmen honen xedea honako hau da: aldeek zientzia, teknologia eta berrikuntzaren arloko jarduerak sustatzeko lankidetzan jardutea eta, ildo horretan, haien arteko elkarlana eta sinergien sorkuntza bermatzea eta haien koordinazioa sustatzea. Horretarako, eta helburu horiek lortzeko egitura egoki gisa, Euskal Partzuergo Zientifiko-Teknologikoa sortu da.
2.– Xede horri begira, Hitzarmenak hobetu egingo du zientzia, teknologia eta berrikuntzaren arloko egungo kudeaketa publikoaren efizientzia, politika horietarako baliabide publikoen baterako erabilera erraztuko du, eta onura publikoko jarduerak egiten lagunduko du, betiere aurrekontu-egonkortasunari eta finantza-jasangarritasunari buruzko araudian ezarritako irizpideak kontuan hartuta.
Bigarrena.– Araubide juridikoa.
1.– Hitzarmen hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeari («40/2015 Legea» aurrerantzean) eta, bereziki, Lege horren 47-53. artikuluetan (biak barne) eta 118-127. artikuluetan (biak barne) ezarritako araubideari lotutako administrazio-hitzarmen bat da, sustapen ekonomikoan eta zientzia, teknologia eta berrikuntzaren garapenean bere gain hartutako eskumenen arabera.
40/2015 Legearen 123. artikuluari jarraikiz, Euskal Partzuergo Zientifiko-Teknologikoa sortzeko baliabidea da Hitzarmen hau, eta Administrazio Orokorrak, organismo publikoek eta sorkuntzan parte hartzen duten entitateek izenpetu behar dute.
2.– 40/2015 Legearen 47.2 artikuluan aurreikusitako hitzarmen moten artean, administrazio publiko baten, administrazio horren mendeko zuzenbide pribatuko entitate publiko baten eta zuzenbide pribatuko beste subjektu batzuen artean izenpetutako hitzarmen bat da hau, eta gauzatzearen bidez ez da eskumenik lagako izenpetzen duten zuzenbide pribatuko subjektuen alde.
Hirugarrena.– Euskal Partzuergo Zientifiko-Teknologikoaren sorkuntza.
1.– Hitzarmenaren xedea eta alde guztien intereseko jardueren garapena era egokian kudeatzeko, aldeek erabaki dute Euskal Partzuergo Zientifiko-Teknologikoa eratzea. Partzuergoak nortasun juridiko propioa izango du (kideen nortasunaz bereizia), irabazi-asmorik gabekoa izango da, eta, Estatutuei jarraikiz, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari atxikita egongo da egungo Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren antolamendu-egituraren bitartez, eta, etorkizunean, zientzia, teknologia eta berrikuntzaren arloan eskumena izango duen Sailaren antolamendu-egituraren bitartez.
2.– Partzuergoa zuzenbide publikoko entitate gisa eratuko da, eta honako hauek izango dira osatuko dutenak:
● Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra.
● Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Instituzionaleko SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia izeneko zuzenbide pribatuko entitate publikoa.
● Hitzarmen hau izenpetzen duten eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarekoak diren ikerkuntza kooperatiboko zentroak eta zentro teknologikoak.
3.– Hitzarmen honen bidez, halaber, Partzuergoaren Estatutuak adosten dira, hots, Partzuergoak jarraitu beharreko araudia (testu osoa II. eranskin gisa gaineratu da).
4.– Partzuergoak 40/2015 Legearen 118-127. artikuluei (biak barne), azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 7.4.c) artikuluari eta Estatutuei jarraituko die.
5.– Partzuergoari aplikatu beharreko aurrekontu, ondare eta kontabilitateko araubidea eta kontrol ekonomiko-finantzarioa atxikita dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena izango da. Aurrekoa galarazi gabe, Partzuergoaren urteko kontuen kontu-ikuspena egingo da, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ardura izango da. Partzuergoaren urteko aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen parte izango dira, eta haien likidazioa Kontu Orokorrean txertatuko da.
Laugarrena.– Jardun-eremuak.
1.– Aldeek sortutako Partzuergoaren bidez honako eremu hauetan lankidetzan jardutea adostu dute:
a) Jarduera zientifiko-teknologikoa: jarduera horren bidez, Partzuergoko agenteen gaitasun zientifiko-teknologikoak egituratu nahi dira jarduera zientifiko-teknologikoaren koordinazio, plangintza eta jarraipenaren bitartez, Euskadin eta nazioartean erreferente izateko.
b) Talentua: 109/2015 Dekretuaren IV. eranskinean araututakoan oinarrituta, honako hauek adostu nahi dira: zuzendaritza-postuen, kudeaketa-postuen eta ikertzaileen karrera-planen eduki komunak, erreferentziazko ikertzaileen kontratazioa, ikertzaileak industriara transferitzeko aukera eta jardunbide egokien identifikazioa eta elkartrukea.
c) Ezagutzaren transferentzia: Partzuergoko agenteak babestu eta sustatu egingo dira enpresa-sektoreari teknologia transferitzeko garaian, koordinazioaren, plangintzaren eta haien gaitasunen ustiapenean euskarria eskaintzearen bidez. Horren barruan, ikerketa aplikaturako gaitasunak ez ezik, aktibo teknologikoen eta jabetza intelektual eta industrialeko aktiboen babesa eta transferentzia ere sartzen dira.
Aurreko paragrafoan aipatutako ezagutza-transferentzia egiterakoan, konfidentzialtasunari, esklusibotasunari eta/edo jabetza intelektual eta industrialari lotutako betebeharrak edota Partzuergoko agenteek kontratu-loturen ondorioz hirugarrenekin beren gain hartutako edozein izaeratako beste betebehar batzuk bete beharko dira beti eta kasu guztietan.
d) Komunikazioa eta marketina: Partzuergoaren markaren eta nazioarteko proiekzioaren kudeaketan era koordinatuan jardutea, komunikazio eta marketineko baterako ekintzak koordinatzea eta euskal gizartean zientzia eta teknologia sustatu eta zabaltzea. Partzuergoko agenteek beren marka propioak erabiltzen eta sustatzen jarraitu ahal izango dute, eta Partzuergoaren marka osagarria izango da.
e) Jarduera ekonomiko-finantzarioa: jardun komuna sustatuko da egitura korporatiboaren kudeaketan eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente gisa konfiguratzen dituen 109/2015 Dekretuan bildutako adierazleen jarraipenean. Halaber, eta Partzuergoaren berezko jarduera ekonomiko-finantzarioa alde batera utzita, agenteek balia ditzaketen finantza-babeseko politika publikoei eta laguntza-programei lotutako eztabaida, koordinazio eta elkarrizketarako foroa izango da Partzuergoa.
f) Euskarria eta zerbitzuak I+G+Baren kudeaketan: Partzuergoko agenteak adierazitako jardun-eremuetan eta interes komuneko beste edozein esparrutan babestea, hala nola honako hauetan: I+G+Ba kudeatzeko sistemak, jardunbide egokien identifikazioa eta elkartrukea kalitatearen kudeaketari eta I+G+Baren homologazioari lotutako gaietan, lanbide-jarduna, IPRaren kudeaketa, Compliancea, Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoa eta beste lege-betekizun batzuk.
2.– Partzuergoaren jardun-eremua ez da zabalduko, ezein kasutan, Partzuergoko agenteen kudeaketara eta haiek Hitzarmen honetan edo Estatutuetan berariaz aurreikusi gabeko gaietan egiten duten jarduerara.
Bosgarrena.– Partzuergoaren helburuak eta funtzioak.
1.– Partzuergoaren helburuak honako hauek dira:
a) 109/2015 Dekretuaren 3.2 artikuluan zehaztuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko ikerkuntza kooperatiboko zentroen eta zentro teknologikoen jardueraren koordinazioa sustatzea.
b) Partzuergoko agente zientifiko-teknologikoen jarduerak eta administrazioen eta Partzuergoko entitate publikoen politika zientifiko-teknologikoak lerrokatu eta bateragarri egitea.
c) Partzuergoko agenteei bikaintasuneko ezagutza zientifiko-teknologikoa sortzeko eta enpresei helarazteko eta, era horretan, enpresa horien lehiakortasun orokorrean laguntzeko eginkizuna betetzea erraztuko dieten baldintzak sendotzea.
d) Euskadiko ahalmen zientifiko-teknologikoa nazioartean ezagutzeko moduko marka propio batekin proiektatzea. Marka hori bateragarria izango da Partzuergoko agenteen markekin, eta ez du eragingo marka horiek ezabatzea, ordezkatzea edo kaltetzea.
2.– Partzuergoak honako funtzio hauek beteko ditu bere helburuak lortzeko:
a) Partzuergoaren Ikerketa Agenda egitea unitate zientifiko-teknologikoen bidez, 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean eta plan hori aldatzen duten planetan zehaztutako oinarrizko parametroak garatuz.
Partzuergoaren Ikerketa Agenda» Zuzendaritza Batzordeak egindako dokumentu bat da, eta aurretik Partzuergoko agente bakoitzak zehaztutako eta onartutako Ikerketa Agenda biltzen eta osatzen du. Bertan, sinergiak eta osagarritasunak baliatzen dira, esleitutako ikerketa-baliabideak eta bere gain hartutako espezializazio-apustuak islatzen dira, eta aldi jakin bateko helburu estrategikoak lortzeko ezarritako lehentasunak zehazten dira.
«Unitate zientifiko-teknologikoak» Partzuergoak lantaldeak lehentasunen edo agenden barruko gaien arabera egituratu eta koordinatzeko duen tresna dira, eta Partzuergoko agenteez osatuta daude, espezializazioaren arabera.
b) Partzuergoko agenteek Partzuergoko administrazio eta entitate publikoen finantzaketa publikoaren bidez azpiegitura berezietan egiten dituzten eta, nolanahi ere, milioi bat eurotik gorako zenbatekoa duten inbertsiorik garrantzitsuenak (garrantzi zientifiko-teknologikorik handiena dutenak direlako) aztertu, koordinatu eta, hala badagokio, proposatzea.
Partzuergoko agenteek askatasun osoz egin ahal izango dituzte bidezkotzat hartzen dituzten azpiegitura-inbertsioak, betiere horretarako beren jarduerarekin lortu dituzten diru-sarrera pribatuak, Partzuergokoak ez diren beste administrazio publiko batzuetatik jasotakoak edota, Partzuergoko administrazio eta entitate publikoen finantzaketa publikoan oinarrituta, aurreko paragrafoan adierazitako milioi euroko zenbatekora iristen ez direnak erabiltzen badira.
c) Partzuergoko agenteen jarduera berria arestian adierazitako Partzuergoaren Ikerketa Agendan jaso gabeko ikerketa-eremuetan hasi eta gara dadin bultzatzeko irizpideak ezartzea.
d) Partzuergoaren Transferentzia eta Merkatu Agenda egitea, merkatu-unitateen koordinazioaren bidez.
Partzuergoaren «Transferentzia eta Merkatu Agenda» Zuzendaritza Batzordeak egindako dokumentu bat da, Partzuergoko agente bakoitzak zehaztutako eta onartutako Transferentzia eta Merkatu Agenda biltzen eta osatzen du, eta enpresa guztiei lehiakortasuna hobetzeko eskuragarri dauden gaitasun teknologikoak eta merkataritza-jardunen proposamenak helaraztea du helburu. Partzuergoaren Transferentzia eta Merkatu Agendak, nolanahi ere, Partzuergoko agenteek hirugarrenekin dituzten harremanak (kontratu-izaerakoak zein sozietate-izaerakoak) errespetatuko ditu, hala nola beste entitate batzuen organoetan parte hartzea, gutxieneko kontratazioko akordioak edota espezializazioan bat egitea.
«Merkatu-unitateak» Partzuergoak lantaldeak sortutako ezagutza aplikatzeko sektoreen arabera egituratu eta koordinatzeko duen tresna dira, eta enpresa-eskariei erantzuten diete.
e) Partzuergoaren baterako komunikazio- eta irudi-jarraibideak zehaztea eta, horretarako, Partzuergoko agente bakoitzaren marka kokatzeko estrategiekiko bateragarritasuna bilatzea.
f) Nazioarteko ikerketa-talenturik onena prestatu, erakarri eta eustera zuzendutako sistemak erabakitzea. Horretarako, 109/2015 Dekretuaren IV. eranskinean jasotakoa oinarritzat hartuta, Partzuergoko agenteen zuzendaritza-postuen, kudeaketa-postuen eta ikertzaileen lanbide-karrerako planen eduki komunak garatzeko aukera erraztuko du Partzuergoak. Halaber, ikertzaileak industriara transferitzeko aukera erraztuko du.
g) Partzuergoko agenteen egonkortasun eta egoera ekonomiko-finantzarioaren jarraipena egitea, Partzuergoaren helburuak erarik egokienean lortzeko. Horretarako, beharrezkoa den informazioa bildu ahal izango da.
h) Partzuergoko agenteei administrazio-euskarria eta kudeaketa-euskarria ematea aurreko Klausulan zehaztutako jardun-eremuetan eta interes komuneko gaietan, hala nola honako hauetan: I+G+Ba kudeatzeko sistemak, jardunbide egokien identifikazioa eta elkartrukea kalitatearen kudeaketari eta I+G+Baren homologazioari lotutako gaietan, lanbide-jarduna, IPRaren kudeaketa, Compliancea, Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoa eta beste lege-betekizun batzuk. Horren helburua, nolanahi ere, agente bakoitzak bereiz egiten dituen jarduerei balio erantsia ematea da.
3.– Partzuergoak, bere funtzioak betetzean, emakumeen eta gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean ezarritako betebeharrak hartuko ditu bere gain:
a) Partzuergoko langileei dagokienez, tratu-berdintasunaren, aukera-berdintasunaren eta aniztasunarekiko eta desberdintasunarekiko errespetuaren printzipioei jarraitzea.
b) Bere jardunetan, genero-ikuspegia txertatzea, ekintza positiboa erabiltzea, eta sexuaren araberako rolak eta estereotipoak desagerrarazteko bidean aurrera egitea.
c) Zuzendaritza-organoetan eta kide anitzeko organoetan, ahalmen, gaitasun eta prestakuntza egokia izango duten emakume eta gizonen ordezkaritza orekatu bat osatzea.
d) Datuak sexuaren arabera bereizita bildu eta aurkeztea.
e) Euskarri mota orotan hizkuntza eta irudi ez-sexistak erabiltzea.
Seigarrena.– Aldeen konpromisoak.
Aldeek honako konpromiso hauek hartuko dituzte beren gain:
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Partzuergoaren egitura korporatiboa mantentzen lagunduko du haren indarraldian. Jardueraren lehen urtean, 500.000 euroko ekarpena egingo du, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren aurrekontuen kontura. Hurrengo urteetan, berriz, Partzuergoaren aurrekontuetan ezarritako urteko zenbatekoen % 50eko ekarpena egingo du.
2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, halaber, dauden aurrekontu-ahalmenen eta dirulaguntzei buruzko araudian aurreikusitakoaren barruan, Partzuergoko agenteek baliatu ahal izango dituzten I+G+Bko jarduerak babesteko politikak eta haietan laguntzeko programak finkatuko ditu, elementu erabakigarriak baitira herrialdean jarduera ekonomikoa eta balio erantsi handiko enplegua sortuko dituen euskal politika zientifiko-teknologiko bat garatzeko.
3.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak Partzuergoaren egitura korporatiboa mantentzen lagunduko du haren indarraldian. Jardueraren lehen urtean, 100.000 euroko ekarpena egingo du, bere aurrekontuaren kontura. Hurrengo urteetan, berriz, Partzuergoaren aurrekontuetan ezarritako urteko zenbatekoen % 10eko ekarpena egingo du.
4.– Partzuergoko agenteek Partzuergoaren egitura korporatiboa mantentzen lagunduko dute haren indarraldian. Jardueraren lehen urtean, 400.000 euroko ekarpena egingo dute. Hurrengo urteetan, berriz, Partzuergoko agenteek Partzuergoaren aurrekontuetan ezarritako urteko kontuen % 40ko ekarpena egingo dute. Agente bakoitzaren ekarpenak I+Gko ustiapenean lortu dituen diru-sarrerek Partzuergoko agente guztiek kontzeptu beragatik lortu dituzten guztizko diru-sarreretan duten proportzioaren arabera banatuko dira. Banaketa hori urtean behin eguneratuko da, aurreko urteko kontabilitate-ekitaldia amaitu ondoren.
5.– Aurreko 1., 3. eta 4. ataletan ezarritako finantza-ekarpenak ez dira izango Hitzarmena gauzatzearen ondorioz sortutako gastuak baino handiagoak.
6.– Partzuergoa osatzen duten Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko ikerkuntza kooperatiboko zentroek eta zentro teknologikoek honako konpromiso hauek hartuko dituzte:
a) Jarduera zientifiko-teknologikoari lotutako jardun-eremuan, Partzuergoko agenteek unitate zientifiko-teknologikoetan parte hartuko dute, Partzuergoaren Ikerketa Agenda egingo dute eta azpiegitura berezietan egiten dituzten inbertsio-proiektuen eta ikerketa-eremu berrietan bultzatutako gaitasunen berri emango diote Partzuergoari.
b) Talentuari lotutako jardun-eremuan, Partzuergoko agenteek zuzendaritza-postuen, kudeaketa-postuen eta ikertzaileen lanbide-karrerako planen eduki komunei jarraituko diete, 109/2015 Dekretuaren IV. eranskinean araututakoan oinarrituta.
c) Ezagutzaren transferentziari lotutako jardun-eremuan, Partzuergoko agenteek merkatu-unitateetan parte hartuko dute, eta Partzuergoaren Transferentzia eta Merkatu Agenda egingo dute, konfidentzialtasunari, esklusibotasunari eta/edo jabetza intelektual eta industrialari lotutako betebeharrak edota Partzuergoko agenteek kontratu-loturen ondorioz hirugarrenekin beren gain hartutako edozein izaeratako beste betebehar batzuk galarazi gabe.
d) Komunikazioaren eta marketinaren eremuan, Partzuergoko agenteek Partzuergoak berak zehaztutako komunikazio- eta irudi-jarraibide komunak beteko dituzte, eta Partzuergoko agente bakoitzaren marka kokatzeko estrategiekiko bateragarritasuna bilatuko dute.
e) Jarduera ekonomiko-finantzarioaren eremuan, Partzuergoko agenteek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko kide gisa zehazten dituen 109/2015 Dekretuan aipatutako adierazleen betetzeari buruzko informazioa bidaliko diote Partzuergoari.
f) Euskarriaren eta balio erantsiko babes-zerbitzuen eremuan, Partzuergoko agenteek modu aktiboan hartuko dute parte Partzuergoaren organo eta eginkizunetan, pertsona juridiko independente gisa erabakitzeko duten gaitasuna kaltetu gabe.
7.– Partzuergoak eta bertako kideek, halaber, Hitzarmen hau garatzeko eta interes komuneko beste edozein harreman arautzeko bidezkotzat hartzen dituzten akordio guztiak izenpetu ahal izango dituzte.
Zazpigarrena.– Jasangarritasun ekonomiko-finantzarioa.
1.– Partzuergoa ikuspuntu ekonomiko-finantzariotik jasangarria izan dadin, aldeek elkarrekin aztertuko dituzte diru-sarrerak eta finantzaketa lortzeko aurreikusitako bideak eta baliabideak, eta, Estatutuek eskatutako gehiengoekin adostu ondoren, osatu egingo dituzte beren ezohiko ekarpenen bidez, Partzuergoaren jarduerak jarraitzeko beharrezkoa den kasuan.
Administrazioak –Orokorrak eta Instituzionalak– eta Partzuergoko agenteek ezohiko ekarpen horietan izango duten ehunekoa seigarren klausularen 1., 3. eta 4. ataletan ezarritako ekarpenetan izango duten bera da.
2.– Partzuergoaren baliabideen jatorria honako hau da:
a) Aurreko atalean xedatutakoaren arabera Partzuergoko administrazio eta entitate publikoen aurrekontuen kontura jasotzen dituen transferentziak.
b) Partzuergoko gainerako agenteen ekarpenak.
c) Edozein enpresa edo entitate publikotatik jasotako dirulaguntzak, laguntzak eta dohaintzak.
d) Bere jardueren bidez lortzen dituen diru-sarrerak eta bere ondarearen errendimenduak.
e) Aldi baterako diruzaintza-desorekei erantzuteko ematen zaizkion kredituak eta maileguak, Partzuergoko administrazio eta entitate publikoek baimena eman ondoren eta Estatutuetan ezarritako baldintzetan.
f) Zuzenbidean baliozkoa den beste edozein.
3.– Partzuergoko agente bakoitzak urte natural bakoitzaren lehen lauhilekoaren barruan egingo du bere ekarpena, indarrean dauden legezko eta erregelamenduzko arauak betetzearen baldintzapean.
Zortzigarrena.– Partzuergoko langileak.
1.– Partzuergoaren zerbitzura diharduten langileak funtzionarioak edota Partzuergoko administrazio eta entitate publikoetako langileak izan daitezke. Araubide juridikoa Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena izango da, Partzuergoa, bere Estatutuei jarraikiz, administrazio publiko horri atxikita baitago. Ordainsariak ez dira izango Administrazio Orokor horretako lanpostu baliokideetarako ezarritakoak baino handiagoak.
2.– Salbuespen gisa, bete beharreko funtzioen berezitasuna dela eta Partzuergoko administrazio eta entitate publikoetako langileekin bete ezin diren lanpostuen kasuan, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren barruan funtzio publikoaren arloko ardura duen Sailak baimena eman ahal izango du Partzuergoak funtzio horiek beteko dituzten langileak zuzenean kontratatzeko; nolanahi ere, enplegatu publikoak hautatzeko printzipioak aplikatuko dira.
Bederatzigarrena.– Fede ona, informazioa eta aldaketa.
1.– Aldeek lankidetzan fede onez jarduteko konpromisoa hartu dute. Bereziki, Partzuergoko administrazio eta entitate publikoek jarrera irmoa hartuko dute Euskal Partzuergo Zientifiko-Teknologikoa bultzatu eta sustatzeko lanean.
2.– Era berean, aldeek konpromisoa hartu dute Hitzarmen honetan eragina izan dezakeen edozein gairi buruzko informazioa biltzeko (eta, bereziki, Partzuergoaren funtzioak behar bezala betetzean eragina izan dezaketenei buruzkoa).
3.– Hitzarmenaren aldaketa aldeek aho batez erabaki beharko dute.
Hamargarrena.– Hitzarmenaren jarraipena.
1.– Partzuergoko Estatutuen arabera sortutako Zuzendaritza Batzordeak Hitzarmen honen jarraipena egingo du. Horretarako, Hitzarmena betetzen dela zainduko du, garatzen denean sortzen diren zalantzak eta eztabaidak argituko ditu eta Hitzarmenaren hobekuntzarako eta eraginkortasunerako komeni diren ekimenak proposatuko ditu. Zuzendaritza Batzordearen osaerari Partzuergoko administrazio eta entitate publiko bakoitzeko ordezkari bat gehituko zaio, Hitzarmenaren jarraipen-funtzioak betetzen dituenean.
2.– Horretarako, Zuzendaritza Batzordea gutxienez hiru hilean behin eta Lehendakaritzak erabakitzen duen edota gutxienez kideen laurdenek eskatzen duten guztietan bilduko da. Deialdia egiteko, eratzeko eta erabakiak hartzeko araubidea Partzuergoaren Estatutuetan ezarritakoa izango da.
3.– Hitzarmenaren administrazio-izaera kontuan hartuta, administrazioarekiko auzien jurisdikzioari dagokio aldeek Zuzendaritza Batzordearen esku-hartzearen bidez elkarren arteko adostasunez konpondu ezin dituzten gatazkez arduratzea.
Hamaikagarrena.– Indarraldia.
1.– Hitzarmen hau alde guztiek izenpetu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
2.– 40/2015 Legearen 125.1 artikuluari jarraikiz, aldeek ez dute amaierarik jarri Partzuergoaren iraupenerako, eta, beraz, Hitzarmen honek indarrean jarraituko du Partzuergoa desegiten ez den bitartean.
Hamabigarrena.– Azkentzea eta suntsiarazpena.
1.– Hitzarmen honen xede diren jardunak erabat betetzea eta suntsiarazteko arrazoi bat egotea izango dira Hitzarmena azkentzeko arrazoiak.
2.– Suntsiarazteko arrazoiak honako hauek izango dira:
a) Aldeek aho batez erabakitzea.
b) Alderen batek Hitzarmenaren klausuletan xedatutakoa ez betetzea, betiere bete ez duen aldeak Partzuergoko administrazio edo entitate publikoetako edozeinek ez-betetzea jakinarazi eta hogeita hamar (30) eguneko epean betetzen ez badu.
Hitzarmena arrazoi horrengatik suntsiarazten bada, eragindako kalteak ordaindu beharko dira. Kalte-ordain hori zor den zenbatekoaren bikoitza izango da gutxienez (ez-betetzea diru-ekarpen bat ez egitea denean), eragindako beste kalte batzuen ondoriozko konpentsazioa galarazi gabe.
Arrazoi hori Partzuergoko edozein kideri egotz dakiokeenean, gainerako aldeek Hitzarmenak indarrean jarraitzea erabaki ahal izango dute, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta Partzuergoko gutxienez beste administrazio edo entitate publiko batek jarraitzen badute.
c) Hitzarmen honetan jasota edo legeetan aurreikusita dagoen beste azkentze-arrazoi oro.
3.– Hitzarmena suntsiarazten bada, likidatu egingo da, aldeen betebeharrak eta konpromisoak zehazteko. Hitzarmen honen ondoriozko finantza-konpromisoen kasuan, 40/2015 Legearen 52.2 eta 3 artikuluetan jasotako likidazio-arauak aplikatuko dira.
Hamahirugarrena.– Konfidentzialtasuna.
1.– Aldeek tratamendu konfidentziala emango diote Partzuergoan parte hartzean eskuratzen duten informazio, dokumentazio edo ezagutzari, betiere aurkeztu edo partekatu duen kideak konfidentzialtzat hartzen badu.
2.– Konfidentzialtzat hartutako informazio, dokumentazio edo ezagutza hori Hitzarmen honen xedea lortzeko beharrezkoa den neurrian baino ez da erabiliko.
3.– Aldeek eskuragarri duten informazio oro behar bezalako arduraz zaindu beharko da. Aldeek emandako informazioa eskuratzeko aukera dagokion xedea lortzeko behar duten langileei baino ez zaie emango, eta Hitzarmen honi jarraikiz hartutako konfidentzialtasun-konpromisoen berri emango zaio informazio hori eskuragarri duenari.
4.– Hitzarmen honi jarraikiz aldeek informazioa jakinarazteak ez du ezein eskubiderik sortuko informazioaren hartzailearentzat, jabetza industrialaren, intelektualaren edo know-howaren inguruko eskubide babestuei dagokienez.
5.– Klausula honetan ezarritako konfidentzialtasun-konpromisoak iraupen mugagabea izango du, Hitzarmen honen indarralditik kanpo.
Hamalaugarrena.– Datu pertsonalen tratamendua.
1.– Partzuergoa, nortasun juridiko propioa duen entitatea den heinean, tratamenduaren arduradun gisa tratatuko ditu datu pertsonalak. Aldeek konpromisoa hartu dute Partzuergoak datuak babesteari buruz une bakoitzean indarrean dagoen araudia, eta, bereziki, apirilaren 27ko Datuak Babesteko 2016/679 Erregelamendu Orokorra betetzen dituela bermatzeko ahaleginik handienak egiteko, eta, Partzuergoaren izaera publikoaren ondorioz, datuak babesteko ordezkari bat izendatzeko betebeharra ezarriko da, inolako mugarik gabe.
2.– Datuak babesteko araudia betez, Hitzarmen honen izenpetzean, kudeaketan eta gauzatzean alde baten izenean eta hura ordezkatuz eta/edo haren kontura esku hartzen duten pertsona fisikoen datu pertsonalak hartzailearen ardurapean tratatuko dira Hitzarmena egin, garatu, mantendu eta kontrolatzeko eta bidezko lege-betebeharrak betetzeko.
Datu pertsonalen titularrak datuak eskuratu, zuzendu, aurkaratu, ezabatu eta eramateko, tratamendua mugatzeko eta erabaki automatizatuetan oinarritutako tratamenduak aurkaratzeko eskubideak eta legez aitortutako beste edozein eskubide baliatu ahal izango ditu alde bakoitzaren ardurapeko tratamenduari dagokionez, eta idazki bat bidaliko du Partzuergoko kide bakoitzaren helbidera. Datuen titularrek, halaber, beren datu pertsonalen babesari lotutako edozein erreklamazio edo eskaera aurkeztu ahal izango dute datuak babesteko bidezko agintaritzan.
Datuen tratamendua beharrezkoa da arestian adierazitako helburuetarako, eta tratamendua legitimatzen duten arrazoiak honako hauek dira: (i) aldeen arteko kontratu-harremana egin, gauzatu, bete eta kontrolatzea, eta (ii) alde bakoitzaren lege-betebeharrak betetzea. Datu pertsonalak Hitzarmenaren indarraldian tratatuko dira, eta, amaitu ondoren, sei urteko aldi batean, aplikatu beharreko lege oro betetzeko helburu bakarrarekin, aldeei, salbuespen gisa, edozein lege-ekintzaren edo kontratu-ekintzaren preskripzio-epe luzeago bat aplikatu behar zaienean izan ezik.
3.– Partzuergoaren jarduera garatzeko esparruan, baliteke datu pertsonalen fluxuak gertatzea aldeen artean eta aldeetako baten eta Partzuergoaren artean. Aldeek konpromisoa hartu dute datuak babesteko indarrean dagoen Espainiako araudian eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean datu-komunikazio horiei dagokienez xedatutakoa betetzeko.
Bereziki, aldeetako bakoitzak konpromisoa hartu du Hitzarmen honen gauzatzean eta kudeaketan inplikatuta dauden pertsonen edo beste hirugarren batzuen edozein datu pertsonal beste alde bati edo Partzuergoari jakinarazi aurretik pertsona horiei aurreko 2. atalean aurreikusitakoaren edukiaren berri emateko eta entitate hartzaileari datu pertsonal horiek behar bezala komunikatzeko aplikatu beharreko beste edozein betekizun betetzeko (informatzeko eta lege-oinarri batean babesteko betebeharrak barne), eta entitate hartzaileak ez du vis-a-vis jardun gehigarririk egin behar izango interesdunekin.
Aldeek itundu dutenez, datu-komunikazio horietako bat zerbitzu-prestazio batzuen esparruan egiten bada eta zerbitzu horiek egiteko zerbitzuen onuradunaren ardurapeko datu pertsonalak eskuragarri eduki behar badira, eraginpean hartutako entitateek datu pertsonalen tratamendua agintzeko bidezko kontratua egingo dute, datuak babesteko indarrean dagoen Espainiako araudian eta Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrean ezarritakoari jarraikiz.
Hamabosgarrena.– Herri Kontuen Euskal Epaitegiari jakinaraztea.
Hitzarmen hau Herri Kontuen Euskal Epaitegiari igorriko zaio izenpetu eta hurrengo hiru hilabeteetan, 40/2015 Legearen 53. artikuluari jarraikiz eta Hitzarmenean hartutako konpromiso ekonomikoen zenbatekoa kontuan hartuta.
Hamaseigarrena.– Atxikimenduak.
1.– Hitzarmen honi atxiki ahal izango zaizkio eta Partzuergoan txertatu ahal izango dira beste administrazio publiko batzuk edo sektore publikoko beste entitate batzuk, baita aurrez Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarean txertatutako beste edozein ikerkuntza kooperatiboko zentro edo zentro teknologiko ere, Partzuergoaren Estatutuetan zehaztutako prozedurari jarraikiz.
2.– Agente bat Hitzarmenean atxikimendu soilaren bidez sartu ezin denean eta horretarako Hitzarmenaren baldintzaren bat aldatu behar denean, aldeek aho batez hartu beharko dute erabakia.
3.– Ildo berean, Partzuergoko agenteak Partzuergotik eta Hitzarmen honetatik bereizi ahal izango dira, eta, horretarako, Partzuergoaren Estatutuetan aurreikusitako prozedurari jarraitu beharko diote.
Hamazazpigarrena.– Deuseztasun partziala.
1.– Dokumentu honen xedapenen baten deuseztasunak ez du eragingo dokumentuaren erabateko deuseztasuna, xedapen deusezak funtsezko izaera duenean izan ezik.
2.– Aurrekoa gorabehera, Hitzarmen honen xedapenen bat deuseztasun-arrazoiren bati lotuta dagoen kasurako, aldeek konpromisoa hartu dute xedapen hori aldatzeko, legeetara egokitzeko (xedapenean aurreikusitako helburuak bete daitezen) eta, beharrezkoa izanez gero, Hitzarmenean egin beharreko aldaketa (egungo idazkuntza ordeztuko duena) izenpetzeko.
Hemezortzigarrena.– Eskubideei uko egitea.
Alderen batek Hitzarmen honen edo ordenamendu juridikoaren arabera dagokion eskubideren bat baliatzen ez badu, ezin izango da interpretatu, ezein kasutan, eskubide horri uko egiten dionik; izan ere, titularrak komenigarritzat hartzen duenean baliatu ahal izango du.
Hemeretzigarrena.– Publikotasuna.
Hitzarmen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
* * *
Eta, adostasuna adierazteko, aldeek Hitzarmen hau izenpetu dute, 18 aletan (aldeak adinatan) eta ondorio bakarrerako, goiburuan adierazitako lekuan eta egunean.
Eusko Jaurlaritzaren izenean:
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituaren sailburuaren izenean,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
SPRI- Enpresa-garapenerako Euskal Agentziaren izenean:
Zuzendari nagusia,
ALEX ARRIOLA LIZARRITURRI.
Azterlan Fundazioaren izenean:
Zuzendari nagusia,
JAVIER GONZÁLEZ AZPIRI.
CEIT-IK4 Teknologia Zentroa elkartearen izenean:
Lehendakaria,
JOSÉ MARÍA RODRIGUEZ IBABE.
Cidetec Fundazioaren izenean:
Zuzendari nagusia,
JAVIER RODRÍGUEZ PARRA.
Gaiker Fundazioaren izenean:
Zuzendari nagusia,
BEGOÑA GOIRICELAYA RUÍZ DE AZUA.
Ideko, S. Coop.–en izenean :
Zuzendaru kudeatzailea,
NEREA ARANGUREN ACHÓTEGUI.
Ikerlan, S. Coop.–en izenean:
Zuzendari nagusia,
MARCELINO CABALLERO POZO.
Lortek, S. Coop.–en izenean
Lehendakaria,
IÑAKI OTAÑO GONZÁLEZ.
Tecnalia Research & Innovation Fundazioaren izenean:
Lehendakaria,
EMILIANO LÓPEZ ATXURRA.
Tekniker Fundazioaren izenean:
Lehendakaria,
JESÚS M.ª IRIONDO ARRIZABALAGA.
Vicomtech Interakzio bisualeko eta Komunikazioko Teknologien Zentroa Fundazioaren izenean:
Zuzendari nagusia,
JULIÁN FLÓREZ ESNAL.
Azti Fundazioaren izenean:
Zuzendari nagusia,
ROGELIO POZO CARRO.
Neiker Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea SAren izenean:
Zuzendari nagusia,
LEIRE BARAÑANO ORBE.
CIC Energigune Energia Alternatiboen Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroaren izenean:
Zuzendari nagusia,
NURIA GISBERT TREJO.
CIC Nanogune Nanozientzietako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroa Elkartearen izenean:
Zuzendari nagusia,
JOSÉ M.ª PITARKE DE LA TORRE.
CIC Biogune Biozientzietako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroa Elkartearen eta CIC Biomagune Biomaterialetako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroa Elkartearen izenean:
Zuzendari nagusia,
JOSÉ M.ª MATO DE LA PAZ.
HITZARMENAREN I. ERANSKINA
EUSKAL PARTZUERGO ZIENTIFIKO-TEKNOLOGIKOAREN AUKERA ETA BEHARRA JUSTIFIKATZEKO MEMORIA
Euskal erakundeek ikerketaren, garapen teknologikoaren eta berrikuntzaren aldeko apustu irmoa egin izan dute, gure enpresen lehiakortasuna hobetzen eta ongizate ekonomikoa eta soziala sortzen laguntzeko.
Apustu irmo horri esker, ikerketako eta jakintza aurreratuko egungo eskaintza osatzen duten agenteak garatu eta finkatu ahal izan dira Euskadin. Azken urte hauetan agente horien bilakaeran –banako agenteen bilakaeran zein Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen (ZTBES) osotasunaren bilakaeran– eragin positiboa izan duten prozesuak garatu dira. Hartara, nabarmendu behar dira Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen (IKZ) sorrera, Zentro Teknologikoetan (ZT) egindako integrazio-ekimenak eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea berrantolatzea eta eguneratzea.
Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroak eta Zentro Teknologikoak dira Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen elementu nuklearretako bat, eta prozesu horien emaitza gisa eta zentroek beraiek –gaur egun Euskadiko I+Gko gastu osoaren % 20 hartzen dute– egindako ahaleginaren emaitza gisa, 283 miloi eurotik gorako sarrerak lortu dituzte (2016an) eta 3.500 pertsona baino gehiago biltzen dute I+Gan lanean. Gainera, azken urte hauetan, Zentro Teknologikoek zein Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroek estatuan zein nazioartean duten posizioa finkatu dute.
Dena dela, osatzen duten multzoaren funtzionamendua hobetzeko tartea dago oraindik ere. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen berrantolamenduak Zentro Teknologikoetarako zein Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroetarako kudeaketa komunerako oinarriak finkatu ditu helburu operatiboak lerrokatzearen bidez; alabaina, sarearen funtzionamendua hobetzen jarraitzeko zenbait erronkari egin beharko zaio aurre:
– Baterako marka eta herrialde-irudia. Nazioartean kokatzeko beharrak bultzatuta –nazioarteko zentro eta korporazio handiekin lehian–, elkarlanean jarduteko formulak bilatu behar dira, gaitasuna eta masa kritikoa areagotzeko.
– Eskaintzaren arrazionalizazioa. Arrazionalizazio horrek eskatuko du eraginkortasunean, kalitatean eta inpaktuan beste urrats bat egitera –euskal berrikuntzako ekosistemak XXI. mendean eskatzen duen urratsa–.
– Ikerketa kolaboratibo eraginkorra. Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteek aurrera egin behar dute egungo baliabide eta gaitasun guztien errendimendua hobetuko duten lankidetza eta koordinazio eskemetarantz.
– Sinergien aprobetxamendua. Behar-beharrezkoa da egungo sinergiak aprobetxatuko dituen egitura komuna sortzea.
Horrenbestez, Zentro Teknologikoen eta Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroen jarduera zientifiko-teknologikoa koordinatuko duen eta zentro horiei erronka horien aurrean lagunduko dien Korporazio Teknologiko bat abian jartzeko une egokian gaude.
Korporazio horren sorrerak, hau da, Euskal Partzuergo Zientifiko-Teknologikoa izango denaren sorrerak aukera eman beharko du partzuergoko agente bakoitzaren jarduera bera finkatzeko eta egonkortzeko (haren autonomiatik eta espezializaziotik) eta adostutako jardun-esparruetan modu espezifikoan garatzen duten jarduera koordinatzeko. Hartara, gaitasunen aprobetxamendu maximoa sustatuko da, kalitate-maila areagotuko da eta nazioartean duen posizionamendua hobetuko da.
Euskal Partzuergo Zientifiko-Teknologikoak helburu hauek garatuko ditu:
● Partzuergoko agenteek enpresei balio handiko zerbitzuak eskain diezaieten errazten duten baldintzak indartzea, betiere enpresen lehiakortasun globalean laguntzera begira.
● Euskadiren ahalmen zientifiko-teknologikoa munduan proiektatzea, nazioartean ezagutuko den marka propio batekin.
● Espezializazioa, bikaintasuna eta Herriaren erronkei eman beharreko erantzuna erraztuko duen ikerketa- eta transferentzia-agenda formulatzea, Euskadiko zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloko planetan eta politiketan ezarritako parametroen arabera.
● Masa kritikoen sorrera, gaitasun osagarrien aprobetxamendua eta nazioarteko proiektuetarako sarbidea sustatuko duten gobernantzako eta lankidetzako dinamikak sustatzea.
● Nazioarteko ikerkuntza-talenturik onena prestatzeko, erakartzeko eta atxikitzeko sistemak diseinatzea eta ezartzea.
● Enpresa berrien sorreraren, zerbitzugintzaren eta jabetza intelektualaren eta industrialaren ustiapenaren bitartez sortutako ezagutzari balioa ematea.
HITZARMENAREN II. ERANSKINA
BASQUE RESEARCH AND TECHNOLOGY ALLIANCE
EUSKAL PARTZUERGO ZIENTIFIKO-TEKNOLOGIKOAREN ESTATUTUAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Eratzea.
1.– Basque Research and Technology Alliance euskal partzuergo zientifiko-teknologikoa (aurrerantzean «Partzuergoa») zuzenbide publikoko entitate gisa eratzen da eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari atxikitzen zaio, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bitartez, edo etorkizunean sail horren ordez zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloko eskumena izango duen sailaren bitartez.
2.– Partzuergoa sortu da 2019ko urtarrilaren 23a datan sinatutako lankidetza-hitzarmenaren bitartez (aurrerantzean «Hitzarmena»). Hitzarmen hori sinatu dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak eta 109/2015 Dekretu bidez araututako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarea osatzen duten Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroek eta Zentro Teknologikoek (aurrerantzean «Partzuergoko agenteak») –109/2015 Dekretua, ekainaren 23koa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarearen osaera arautzeari eta eguneratzeari buruzkoa (aurrerantzean, «109/2015 Dekretua»).
3.– Partzuergoko kide izango dira, halaber, Hitzarmenaren hamaseigarren klausulari jarraituta Partzuergoari atxiki zaizkion entitateak.
4.– Partzuergoak ez du irabazi asmorik.
2. artikulua.– Nortasun juridikoa.
Partzuergoak berezko nortasun juridikoa du, baita bere xedeak betetzera begira jarduteko ahalmen osoa ere.
3. artikulua.– Iraupena.
Partzuergoa Hitzarmena sinatzen den egunetik dago indarrean, eta iraupen mugagabea du.
4. artikulua.– Araubide juridikoa.
1.– Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez –7.4, c artikulua– onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak («40/2015 Legea») eta Estatutu hauek antolatzen eta arautzen dute Partzuergoa. Bi testu horietan aurreikusten ez diren alderdietan, 40/2015 Legearen 119.2 artikuluan hala kalifikatutako arauak aplikatuko dira.
2.– Kontratazioaren arloan, Partzuergoa administrazio publikotzat jotzen da, betiere Sektore Publikoko Kontratuen arazoaren 8ko 9/2017 Legearen 3.2.b) artikuluaren arabera lege horren bidez eraman dira Espainiako ordenamendu juridikora Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/UE eta 2014/24/UE zuzentarauak.
3.– Partzuergoari aplika dakiokeen aurrekontuko, kontabilitateko, ondareko eta kontrol ekonomiko-finantzarioko araubidea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokiona izango da. Aurrekoa baztertu gabe, Partzuergoaren urteko kontuen kontu-ikuskapena egingo da, eta kontu-ikuskapen hori Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ardura izango da. Partzuergoaren urteko aurrekontuak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen parte izango dira, eta horien likidazioa Kontu Orokorraren barnean hartuko da.
5. artikulua.– Helbidea.
Partzuergoaren helbidea da: Kurutz-Gain industria-poligonoa, 10 zk., 20850 Mendaro (Gipuzkoa).
II. KAPITULUA
XEDEA, HELBURUAK ETA FUNTZIOAK
6. artikulua.– Xedea.
1.– Partzuergoaren xedea da bere kideen arteko lankidetza honako jardun-esparru hauetan:
a) Jarduera zientifiko-teknologikoa: jarduera horren bidez, Partzuergoko agenteen gaitasun zientifiko-teknologikoak egituratu nahi dira jarduera zientifiko-teknologikoaren koordinazio, plangintza eta jarraipenaren bitartez, Euskadin eta nazioartean erreferente izateko.
b) Talentua: 109/2015 Dekretuaren IV. eranskinean araututakoan oinarrituta, honako hauek adostu nahi dira: zuzendaritza-postuen, kudeaketa-postuen eta ikertzaileen karrera-planen eduki komunak, erreferentziazko ikertzaileen kontratazioa, ikertzaileak industriara transferitzeko aukera eta jardunbide egokien identifikazioa eta elkartrukea.
c) Ezagutzaren transferentzia: Partzuergoko agenteak babestu eta sustatu egingo dira enpresa-sektoreari teknologia transferitzeko garaian, koordinazioaren, plangintzaren eta haien gaitasunen ustiapenean euskarria eskaintzearen bidez. Horren barruan, ikerketa aplikaturako gaitasunak ez ezik, aktibo teknologikoen eta jabetza intelektual eta industrialeko aktiboen babesa eta transferentzia ere sartzen dira.
Aurreko paragrafoan aipatutako ezagutza-transferentzia egiterakoan, konfidentzialtasunari, esklusibotasunari eta/edo jabetza intelektual eta industrialari lotutako betebeharrak edota Partzuergoko agenteek kontratu-loturen ondorioz hirugarrenekin beren gain hartutako edozein izaeratako beste betebehar batzuk bete beharko dira beti eta kasu guztietan.
d) Komunikazioa eta marketina: Partzuergoaren markaren eta nazioarteko proiekzioaren kudeaketan era koordinatuan jardutea, komunikazio eta marketineko baterako ekintzak koordinatzea eta euskal gizartean zientzia eta teknologia sustatu eta zabaltzea. Partzuergoko agenteek beren marka propioak erabiltzen eta sustatzen jarraitu ahal izango dute, eta Partzuergoaren marka osagarria izango da.
e) Jarduera ekonomiko-finantzarioa: jardun komuna sustatuko da egitura korporatiboaren kudeaketan eta Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente gisa konfiguratzen dituen 109/2015 Dekretuan bildutako adierazleen jarraipenean. Halaber, eta Partzuergoaren berezko jarduera ekonomiko-finantzarioa alde batera utzita, agenteek balia ditzaketen finantza-babeseko politika publikoei lotutako eztabaida, koordinazio eta elkarrizketarako foroa izango da Partzuergoa.
f) Euskarria eta zerbitzuak I+G+Baren kudeaketan: Partzuergoko agenteak adierazitako jardun-eremuetan eta interes komuneko beste edozein esparrutan babestea, hala nola honako hauetan: I+G+Ba kudeatzeko sistemak, jardunbide egokien identifikazioa eta elkartrukea kalitatearen kudeaketari eta I+G+Baren homologazioari lotutako gaietan, lanbide-jarduna, IPRaren kudeaketa, Compliancea, Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoa eta beste lege-betekizun batzuk.
2.– Partzuergoaren jardun-eremua ez da zabalduko, ezein kasutan, Partzuergoko agenteen kudeaketara eta haiek Estatutuetan berariaz aurreikusi gabeko gaietan egiten duten jarduerara.
7. artikulua.– Helburuak.
Partzuergoaren helburuak dira:
a) 109/2015 Dekretuaren 3.2 artikuluan zehaztuta dauden Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko ikerkuntza kooperatiboko zentroen eta zentro teknologikoen jardueraren koordinazioa sustatzea.
b) Partzuergoko agente zientifiko-teknologikoen jarduerak eta administrazioen eta Partzuergoko entitate publikoen politika zientifiko-teknologikoak lerrokatu eta bateragarri egitea.
c) Partzuergoko agenteei bikaintasuneko ezagutza zientifiko-teknologikoa sortzeko eta enpresei helarazteko eta, era horretan, enpresa horien lehiakortasun orokorrean laguntzeko eginkizuna betetzea erraztuko dieten baldintzak sendotzea.
d) Euskadiko ahalmen zientifiko-teknologikoa nazioartean ezagutzeko moduko marka propio batekin proiektatzea. Marka hori bateragarria izango da Partzuergoko agenteen markekin, eta ez du eragingo marka horiek ezabatzea, ordezkatzea edo kaltetzea.
8. artikulua.– Funtzioak.
1.– Partzuergoak honako funtzio hauek beteko ditu bere helburuak lortzeko:
a) Partzuergoaren Ikerketa Agenda egitea unitate zientifiko-teknologikoen bidez, 2020ko Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean eta plan hori aldatzen duten planetan zehaztutako oinarrizko parametroak garatuz.
«Partzuergoaren Ikerketa Agenda» Zuzendaritza Batzordeak egindako dokumentu bat da, eta aurretik Partzuergoko agente bakoitzak zehaztutako eta onartutako Ikerketa Agenda biltzen eta osatzen du. Bertan, sinergiak eta osagarritasunak baliatzen dira, esleitutako ikerketa-baliabideak eta bere gain hartutako espezializazio-apustuak islatzen dira, eta aldi jakin bateko helburu estrategikoak lortzeko ezarritako lehentasunak zehazten dira.
«Unitate zientifiko-teknologikoak» Partzuergoak lantaldeak lehentasunen edo agenden barruko gaien arabera egituratu eta koordinatzeko duen tresna dira, eta Partzuergoko agenteez osatuta daude, espezializazioaren arabera.
b) Partzuergoko agenteek Partzuergoko administrazio eta entitate publikoen finantzaketa publikoaren bidez azpiegitura berezietan egiten dituzten eta, nolanahi ere, milioi bat eurotik gorako zenbatekoa duten inbertsiorik garrantzitsuenak (garrantzi zientifiko-teknologikorik handiena dutenak direlako) aztertu, koordinatu eta, hala badagokio, proposatzea.
Partzuergoko agenteek askatasun osoz egin ahal izango dituzte bidezkotzat hartzen dituzten azpiegitura-inbertsioak, betiere horretarako beren jarduerarekin lortu dituzten diru-sarrera pribatuak, Partzuergokoak ez diren beste administrazio publiko batzuetatik jasotakoak edota, Partzuergoko administrazio eta entitate publikoen finantzaketa publikoan oinarrituta, aurreko paragrafoan adierazitako milioi euroko zenbatekora iristen ez direnak erabiltzen badira.
c) Partzuergoko agenteen jarduera berria arestian adierazitako Partzuergoaren Ikerketa Agendan jaso gabeko ikerketa-eremuetan hasi eta gara dadin bultzatzeko irizpideak ezartzea.
d) Partzuergoaren Transferentzia eta Merkatu Agenda egitea, merkatu-unitateen koordinazioaren bidez.
Partzuergoaren «Transferentzia eta Merkatu Agenda» Zuzendaritza Batzordeak egindako dokumentu bat da, Partzuergoko agente bakoitzak zehaztutako eta onartutako Transferentzia eta Merkatu Agenda biltzen eta osatzen du, eta enpresa guztiei lehiakortasuna hobetzeko eskuragarri dauden gaitasun teknologikoak eta merkataritza-jardunen proposamenak helaraztea du helburu. Partzuergoaren Transferentzia eta Merkatu Agendak, nolanahi ere, Partzuergoko agenteek hirugarrenekin dituzten harremanak (kontratu-izaerakoak zein sozietate-izaerakoak) errespetatuko ditu, hala nola beste entitate batzuen organoetan parte hartzea, gutxieneko kontratazioko akordioak edota espezializazioan bat egitea.
«Merkatu-unitateak» Partzuergoak lantaldeak sortutako ezagutza aplikatzeko sektoreen arabera egituratu eta koordinatzeko duen tresna dira, eta enpresa-eskariei erantzuten diete.
e) Partzuergoaren komunikazio- eta irudi-jarraibide komunak zehaztea eta, horretarako, Partzuergoko agente bakoitzaren marka kokatzeko estrategiekiko bateragarritasuna bilatzea.
f) Nazioarteko ikerketa-talenturik onena prestatu, erakarri eta eustera zuzendutako sistemak erabakitzea. Horretarako, 109/2015 Dekretuaren IV. eranskinean jasotakoa oinarritzat hartuta, Partzuergoko agenteen zuzendaritza-postuen, kudeaketa-postuen eta ikertzaileen lanbide-karrerako planen eduki komunak garatzeko aukera erraztuko du Partzuergoak. Halaber, ikertzaileak industriara transferitzeko aukera erraztuko du.
g) Partzuergoko agenteen egonkortasun eta egoera ekonomiko-finantzarioaren jarraipena egitea, Partzuergoaren helburuak erarik egokienean lortzeko. Horretarako, beharrezkoa den informazioa bildu ahal izango da.
h) Partzuergoko agenteei administrazio-euskarria eta kudeaketa-euskarria ematea aurreko Klausulan zehaztutako jardun-eremuetan eta interes komuneko gaietan, hala nola honako hauetan: I+G+Ba kudeatzeko sistemak, jardunbide egokien identifikazioa eta elkartrukea kalitatearen kudeaketari eta I+G+Baren homologazioari lotutako gaietan, lanbide-jarduna, IPRaren kudeaketa, Compliancea, Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoa eta beste lege-betekizun batzuk. Horren helburua, nolanahi ere, agente bakoitzak bereiz egiten dituen jarduerei balio erantsia ematea da.
2.– 8. artikulu honen indarrez, Partzuergoari zehazki esleitzen ez zaizkion funtzioak Partzuergoko agenteei egokituko zaizkie edo, hala badagokie, Partzuergoko administrazioei eta erakunde publikoei.
III. KAPITULUA
PARTZUERGOAREN ORGANOAK
9. artikulua.– Organoak.
1.– Partzuergoa gobernu-organoetan, kudeaketa- eta zuzendaritza-organoetan, aholku-organoetan eta administrazio-organoetan antolatzen da.
2.– Gobernu-organoak dira:
a) Batzar Nagusia.
b) Lehendakaritza.
c) Lehendakariordetza.
3.– Kudeaketa- eta zuzendaritza-organoak dira:
a) Zuzendaritza Batzordea.
b) Zuzendaritza Nagusia.
4.– Aholku-organoak dira:
a) Batzorde Zientifiko-Teknologikoa.
b) Industria Batzordea.
5.– Idazkaritza da Partzuergoaren administrazio-organoa.
10. artikulua.– Batzar Nagusia.
1.– Batzar Nagusia da Partzuergoaren gobernu-organo gorena.
2.– Batzar Nagusian ordezkatuta daude, hitzarekin eta botoarekin, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia eta Partzuergoko agenteak.
3.– Batzar Nagusiaren parte izango dira Partzuergoko Lehendakaritza –Batzar Nagusiko kide den aldetik dagokion hitzarekin eta botoarekin– eta Zuzendaritza Nagusia –hitzarekin baina botorik gabe–.
4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lau ordezkari izango ditu, Gobernu Kontseiluak izendatuko dituenak, betiere zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloan eskumena duen Sailak proposatuta.
5.– SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak ordezkari bat izango du, haren antolamendu eta funtzionamendu instituzionala arautzen duen arauak ezarritakoaren arabera izendatua.
6.– Partzuergoko agente bakoitzak ordezkari bat izango du Batzar Nagusian, eta haren gobernu- eta zuzendaritza-organo goreneko lehendakariari dagokio ordezkaritza.
7.– Administrazioen, entitateen eta Partzuergoko agenteen ordezkariek boto kopuru jakin baterako eskubidea dute, zehazki ordezkatzen duten administrazioak edo entitateak Partzuergoa finantzatzeko egindako urteko ekarpenarekiko boto kopuru proportzionala izango da.
Ondorio horretarako, Hitzarmenaren Seigarren Klausulan ezarritako ekarpen berezien baturaren proportzioan banatuko dira boto-eskubideak Partzuergoko kideen artean.
Proportzio horren arabera eta, Hitzarmenaren seigarren klausulan, Partzuergoaren funtzionamendurako aurreikusten diren ekarpenen arabera:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak Batzar Nagusiko boto-eskubideen % 50 izango du bere esku.
b) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak Batzar Nagusiko boto-eskubideen % 10 izango du bere esku.
c) Partzuergoko agenteek Batzar Nagusiko boto-eskubideen % 40 izango dute beren esku. Boto eskubide hori banatuko da Partzuergoko agente bakoitzaren I+Gko ustiapen-sarreren pisu erlatiboaren arabera, hau da, kontzeptu horren ondoriozko agente guztien sarrera osoarekiko duten pisuaren arabera. Banaketa hori urtero eguneratuko da, aurreko urteko kontabilitate-ekitaldia itxi ondoren, baita Partzuergora beste agente bat sartzen denean ere, Estatutu hauen 38. artikuluan ezarritakoaren arabera.
8.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagozkion boto-eskubideak Batzar Nagusian dituen ordezkarietako edozeinek baliatu ahal izango ditu.
9.– Administrazioen, entitate publikoen eta Partzuergoko agenteen ordezkarien behin-behineko ordezkapenerako, erakundeetako bakoitzean aplikatzekoak diren arauei jarraituko zaie.
10.– Administrazioek, entitate publikoek eta Partzuergoko agenteek edozein unetan aldatu ahal izango dituzte Batzar Nagusietan dituzten ordezkariak; horretarako, ordezkariak izendatzeko ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta Partzuergoko Idazkaritzari jakinarazi beharko diote, betiere jakinarazpena hartu dela jasoaraziko duen edozein bitartekoz helarazitako ziurtapen egokiaren bitartez.
11.– Batzar Nagusia eratu eta gehienez bi urteko epean, Nazioarteko Adituen Aholkularitza Batzordea (International Advisory Group) sortuko da. Aholkularitza Batzorde hori nazioartean izen handia duten adituez osatutako posizionamendurako eta konektagarritasunerako aholkularitza-organo bat izango da.
12.– Batzarreko edozein kidek proposatuta, Lehendakaritzak edozein pertsona edo erakunde Partzuergoko kidea izan edo ez gonbidatu ahal izango du Batzar Nagusiaren bilkuretara, baldin eta gai-zerrenda osatzen duten gaietako edozeinetarako ekarpen interesgarriak egin ditzakeela baderitzo.
11. artikulua.– Lehendakaritza.
1.– Partzuergoko Lehendakaritza Partzuergoko kideen artean hautatuko da, Batzar Nagusiaren gehiengo osoaren aldeko botoarekin. Inork ez badu gehiengo osoa lortzen, bozketa errepikatuko da Batzar Nagusiko bilkura berean, eta, orduan, boto kopururik handiena lortzen duen pertsona hautatuko da.
2.– Lehendakaritzaren agintaldiak lau urteko iraupena izango du, eta hainbatetan berrautatu ahal izango dute. Hautespenerako dauden baldintza berak beteta ezeztatu ahal izango da izendapena. Lehendakaria ezeztatzeko eta lehendakari berria hautatzeko, gai-zerrendan puntu bakar hori duen deialdi berezia egin beharko da. Batzar Nagusian dauden boto-eskubideen % 50ek gutxienez eskatu beharko du Batzar Nagusien bilkura hori. Lehendakaria aukeratu zen egunetik 12 hilabete pasa arte, gutxienez, ezin izango da Lehendakaritza ezeztatzea eskatu.
12. artikulua.– Lehendakariordetza.
1.– Partzuergoko Lehendakariordetza hautatzeko eta izendapena ezeztatzeko, aurreko artikuluan Lehendakaritzarako ezarritako prozedura, iraupen eta baldintza berei jarraituko zaie.
2.– Lehendakaritza eta Lehendakariordetza ezin izango dira administrazio edo entitate publiko berak Partzuergoan dituen ordezkarien esku egon.
13. artikulua.– Zuzendaritza Batzordea.
1.– Zuzendaritza Batzordea arduratuko da Partzuergoaren kudeaketaz eta zuzendaritzaz.
2.– Zuzendaritza Batzordearen kide izango dira:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren arloko Sailburuordetza eskudunaren titularra, organo hori zuzenduko duena.
b) Partzuergora atxikitako Administrazio bereko arlo horretako Zuzendaritza eskuduneko titularra, lehena ordezten duena haren funtzioetan.
c) Partzuergoko agente bakoitzaren goreneko lerruneko zuzendaritzetako titularrak, edo horietako edozein ordezteko izendatu diren pertsonak.
d) Partzuergoko Zuzendaritza Nagusiko titularra.
e) SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziaren ordezkaria, betiere Zuzendaritza Batzordeak Hitzarmenaren jarraipena egiteko funtzioak egiten dituenean, Hitzarmenaren hamargarren klausularen arabera.
3.– Zuzendaritza Batzordeko kide bakoitzak boto bateko eskubidea du.
4.– Zuzendaritza Batzordeak I+G+B-ko Kudeaketa Batzordea izan dezake, arlo horrekin lotzen diren gaietako organo ordezkari gisa. Gai horien artean daude kalitate-arauak, zaintza, karrera profesionala, jardun profesionalaren kudeaketa, ikertzaileen erakarpena eta transferentzia, ikertzaileen sormenaren eta motibazioaren kudeaketa, IPRaren kudeaketa, Compliance, Datuak Babesteko Lege Organikoa, segurtasuna eta konfidentzialtasuna, jokabide-kodeak eta beste legezko baldintza batzuk.
5.– Zuzendaritza Batzordeko edozein kidek proposatuta, Lehendakaritzak edozein pertsona edo erakunde –Partzuergoko kidea izan edo ez– gonbidatu ahal izango du bere bilkuretan parte hartzera, baldin eta gai-zerrenda osatzen duten gaietako edozeinetarako ekarpen interesgarriak egin ditzakeela baderitzo.
14. artikulua.– Zuzendaritza Nagusia.
Zuzendaritza Nagusia pertsona bakarreko organo bat da Batzar Nagusiak izendatzen duena Lehendakaritzak proposatuta. Kualifikazio egiaztatua duten profesionalen artean hautatzen da. Bere gain hartzen du Partzuergoaren zuzendaritza eta Partzuergoaren funtzionamendu operatiboaren ardura, baita bertako zerbitzuen eta langileen burutza ere.
15. artikulua.– Batzorde Zientifiko-Teknologikoa.
1.– Batzorde Zientifiko-Teknologikoa aholku-organo bat da, eta Partzuergoaren edozein gobernu- eta zuzendaritza-organok eskatu ahal izango dizkio akordio eta txosten ez-lotesleak.
2.– Honako kideek osatzen dute Batzorde Zientifiko-Teknologikoa:
a) Partzuergoko Zuzendaritza Nagusiak, batzordeburua izango da.
b) Partzuergoaren zerbitzura dauden langileen artean Partzuergoko arlo zientifiko-teknologikoaz arduratzen den pertsona, Zuzendaritza Nagusiak izendatua.
c) Partzuergoaren barruan sortzen diren Unitate Zientifiko-Teknologikoen koordinazioaz arduratzen diren pertsonak.
d) Partzuergoko agente bakoitzeko ordezkari bat. Zentro bakoitzean arlo zientifiko-teknologikoaz arduratzen den pertsona izango da edo hura ordezteko izendatu dena.
3.– Zuzendaritza Nagusiak Euskal Unibertsitate Sistemaren barnean hartzen diren unibertsitateetako bakoitza gonbidatuko du ordezkari bat izendatzera Batzorde Zientifiko-Teknologikoko kide izateko –Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legearen, otsailaren 25ekoaren, 2. artikuluaren arabera–.
4.– Era berean, Zuzendaritza Nagusiak edozein pertsona edo erakunde, Partzuergoko kide izan edo ez, gonbidatu ahal izango du bilkuretara, baldin eta jorratu beharreko gaietako edozeinetarako ekarpen interesgarriak egingo dituela baderitzo. Pertsona horiek hitzarekin baina botorik gabe parte hartuko dute.
5.– Batzorde Zientifiko-Teknologikoko kideek boto-eskubidea izango dute batzordean erabakiak hartu behar direnean, salbu aurreko paragrafoaren arabera bilkuretara gonbidatu diren pertsonek.
16. artikulua.– Industria Batzordea.
1.– Industria Batzordea aholku-organo bat da, eta Partzuergoaren edozein gobernu- eta zuzendaritza-organok eskatu ahal izango dizkio akordio eta txosten ez-lotesleak.
2.– Industria Batzordeko kide izango dira:
a) Partzuergoko Zuzendaritza Nagusia –batzordeburua izango da–.
b) Partzuergoaren zerbitzura dauden langileen artean Partzuergoko ezagutzaren transferentziaren arloaz arduratzen den pertsona, Zuzendaritza Nagusiak izendatua.
c) Partzuergoaren barruan sortzen diren Merkatuko Unitateen koordinazioaz arduratzen diren pertsonak.
d) Partzuergoko agente bakoitzeko ordezkari bat. Zentro bakoitzean industria-arloaz arduratzen den pertsona izango da edo hura ordezteko izendatu dena.
3.– Zuzendaritza Nagusiak Euskal Autonomia Erkidegoan kokatzen diren, berezko nortasun juridikoa duten eta irabazi asmorik ez duten kluster-erakundeen presidentziak gonbidatuko ditu Industria Batzordeko kide izango diren ordezkari bana izendatzera.
4.– Era berean, Zuzendaritza Nagusiak edozein pertsona edo erakunde, Partzuergoko kide izan edo ez, gonbidatu ahal izango du bilkuretara, baldin eta jorratu beharreko gaietako edozeinetarako ekarpen interesgarriak egingo dituela baderitzo.
5.– Industria Batzordeko kideek boto-eskubidea izango dute, Batzordean erabaki bat hartu behar denean. Aurreko paragrafoan aurreikusitako moduan, Batzordeko bilkuretan gonbidatu gisa parte hartzen dutenek, ordea, ez dute boto eskubiderik izango.
17. artikulua.– Idazkaritza.
Batzar Nagusiak Partzuergoari atxikitako langile funtzionarioen artean hautatuko du Partzuergoko Idazkaritzaren titularra.
IV. KAPITULUA
ESKUMEN ORGANIKOAK
18. artikulua.– Batzar Nagusiarenak.
1.– Batzar Nagusiari dagokio:
a) Partzuergoko Lehendakaritzako eta Lehendakariordetzako titularra hautatzea eta ezeztatzea.
b) Zuzendaritza Nagusiko titularra hautatzea eta haren kontratua bertan behera uztea hautatu aurretik, Lehendakaritzak proposamena egin beharko du.
c) Partzuergoari atxikitako langile funtzionarioen artean hautatzea eta ezeztatzea Idazkaritzaren titularra.
d) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari igorri beharreko aurrekontu-aurreproiektua eta kontu orokorra onartzea haren aurrekontuen eta kontuen barnean hartzeko.
e) Kontratazio-prozedurei hasiera eman dakien baimentzea, kontratuaren balio zenbatetsia 500.000 eurotik gorakoa denean.
f) Partzuergora beste administrazio publiko batzuk edo sektore publikoan integratutako beste entitate batzuk sar daitezen onartzea, baita 109/2015 Dekretu bidez arautzen den Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko beste ikerketa kooperatiboko zentro batzuk eta beste zentro teknologiko batzuk ere. Era berean, bereizte-kuota onartzea, kideetakoren batek Partzuergotik irtetea erabakitzen badu.
g) Estatutuak aldatzea.
h) Barne-araudia onartzea.
i) Ondasunak eta eskubideak eskuratzea eta besterentzea eta horien gaineko transakzioak egitea, Euskal Autonomia Erkidegoko ondareari buruzko legeriaren arabera.
j) Aurrez Zuzendaritza Batzordeak onartu dituen Partzuergoko Ikerketa Agenda eta Transferentzia eta Merkatu Agenda berrestea.
k) Zuzendaritzako eta kudeaketako postuei dagokien karrera profesionaleko planen eduki komunak onartzea, baita Partzuergoko agenteetako ikertzaileenak ere, Zuzendaritza Batzordearen proposamena kontuan izanik.
l) Garrantzi zientifiko-teknologiko handiena duten eta milioi bat eurotik gorako zenbatekoa duten azpiegitura berezietako inbertsiorik adierazgarrienak berrestea Estatutu hauen 8.1.b) artikuluan ezarritako baldintzetan, betiere Zuzendaritza Batzordeak onartu ondoren.
m) Partzuergoaren Ikerketa Agendan biltzen ez diren ikerketa-esparruetan Partzuergoko agenteek egindako jarduera berriak onartzea, Zuzendaritza Batzordean aurrez aztertu eta koordinatu ez direnak.
n) Partzuergoak Partzuergokoak ez diren beste administrazio batzuekin edo entitate batzuekin egiten dituen lankidetza-hitzarmenak onartzea.
o) Lanpostuen zerrenda onartzea eta ordainsarien zenbatekoa finkatzea ez dira inola ere gaindituko atxikitako administrazioko lanpostu baliokideetarako ezarritako ordainsariak.
p) Aholkularitza-batzordeak edo -organoak eratzea, 10.11 artikuluan aurreikusten denaren modukoa, eta horien osaera, agintea eta funtzioak zehaztea.
q) Partzuergoa desegitea.
r) Partzuergoari dagokion eta Estatutu hauetan Partzuergoaren beste organo bati zehazki esleitzen ez zaion beste edozein egiteko betetzea.
2.– Aurreko zenbakian ezarritako eskumenetan, eta Batzar Nagusian gairen bat tratatzeko aurrez Zuzendaritza Batzordeak egindako proposamen bat egon behar duenean, Batzar Nagusiak erabakiak hartuko ditu proposamen horien edukia, guztiz edo zati batean, aldatu edo zuzendu gabe; horrenbestez, Zuzendaritza Batzordeak egindako proposamenaren alde edo aurka bozkatzera mugatuko da.
19. artikulua.– Zuzendaritza Batzordearena
Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearen eskumena da:
a) Partzuergoaren Ikerketa Agenda eta Transferentzia eta Merkatu Agenda onartzea eta Batzar Nagusiari berrets ditzan proposatzea.
b) Partzuergoaren kudeaketa-plana onartzea, Zuzendaritza Planak proposatuta, eta Batzar Nagusiari urtero kudeaketa-planaren berri ematea.
c) Partzuergoaren, Unitate Zientifiko-Teknologikoen eta Merkatu Unitateen jarduera gainbegiratzea, Zuzendaritza Nagusiaren deskarguen bitartez.
d) Zuzendaritzako eta kudeaketako postuei dagokien karrera profesionaleko planen eduki komunak Batzar Nagusiari proposatzea, baita Partzuergoko agenteetako ikertzaileenak ere.
e) Garrantzi zientifiko-teknologiko handiena duten eta milioi bat eurotik gorako zenbatekoa duten azpiegitura berezietako inbertsiorik adierazgarrienak aztertzea, koordinatzea eta onartzea –Estatutu hauen 8.1.b) artikuluan ezarritako baldintzetan–, eta, gero, Batzar Nagusiari berrets ditzan proposatzea.
f) Partzuergoaren Ikerketa Orokorreko Agendan biltzen ez diren ikerketa-esparruetan Partzuergoko agenteek egiten duten jarduera berria aztertzea eta koordinatzea, eta Batzar Nagusiari jarduera hori onar dezan proposatzea.
g) Hirugarren batzuek Partzuergoari eskatzen dizkieten zerbitzuak edo proiektuak Partzuergoko agenteei esleitzea eta haiek koordinatzea eta kudeatzea ondorio horretarako, Zuzendaritza Batzordeak zerbitzu edo proiektu horiek tramitatzeko eta Partzuergoko agenteen artean esleitzeko prozedura arautuko duen barneko araudia onartu ahal izango du.
h) Partzuergoak Estatutu hauetan definitutako jardun-esparruetan bultzatzen dituen sustapen-politikak gauzatzea.
i) Partzuergoaren markaren eta horren erabileraren jarraibide orokorrak onartzea.
j) Unitate Zientifiko-Teknologikoak eta Merkatu Unitateak sortzea eta horien koordinatzaileak izendatzea.
k) Partzuergoak foroetan edo erakundeetan izan beharreko presentzia eta ordezkaritza definitzea.
l) Komite edo batzorde delegatuak edo exekutiboak eratzea, 13.4 artikuluan aurreikusten denaren modukoa, eta horien osaera, agintea eta funtzioak zehaztea Zuzendaritza Batzordeak bere funtzioetako batzuk komite edo batzorde delegatu edo exekutibo horietan eskuordetu ahal izango ditu.
m) Hitzarmenaren jarraipena egitea, eta, horretarako, hitzarmena bete dadin zaintzea, haren garapenean sor daitezkeen zalantzak eta auziak ebaztea eta hobetzeko eta eraginkortasuna areagotzeko komenigarriak izan daitezkeen ekimenak proposatzea.
20. artikulua.– Lehendakaritzarena.
Lehendakaritzak funtzio hauek beteko ditu:
a) Partzuergoa ordezkatzea jarduera orokorraren garapenean eta orotariko negozio juridikoetan eta organismo publiko edo pribatuen aurrean, betiere Zuzendaritza Nagusiari, Partzuergoaren kontratazio-organo den aldetik, esleitzen zaizkion funtzioak alde batera utzi gabe.
b) Batzar Nagusiaren bilkurak deitzea eta horietan lehendakari gisa jardutea, eta, horretarako, sor daitezkeen berdinketak bere kalitateko botoarekin ebaztea eta hartutako erabakiak bete daitezen zaintzea.
c) Batzar Nagusiari proposatzea Partzuergoko Zuzendaritza Nagusiaren izendapena eta ezeztapena.
d) Partzuergoaren izenean eta ordezkaritzan ekintza judizialak eta administrazio-errekurtsoak baliatzea, eta egiten den Batzar Nagusiaren hurrengo bilkuran horien berri ematea.
21. artikulua.– Lehendakariordetzarena.
Lehendakariordeak lehendakaria ordeztuko du postu hori betegabeko kasuetan, lehendakaria bertan ez dagoenean edo gaixorik dagoenean, eta hari esleitzen zaizkion funtzioak beteko ditu.
22. artikulua.– Zuzendaritza Nagusiarena.
Zuzendaritza Nagusiak funtzio hauek hartuko ditu bere gain:
a) Partzuergoaren zerbitzuak zuzentzea, zerbitzu horien eta haien langileen burutza bere gain hartuz.
b) Partzuergoaren kudeaketa-plana lantzea eta Zuzendaritza Batzordeari onar dezan proposatzea, baita hura gauzatzea ere.
c) Kontratuak egitea Partzuergoaren izenean eta ordezkaritzan, eta kontratazio-organo gisa jardutea, Batzar Nagusiak prozeduraren hasiera onartu ondoren, kontratuaren balioa 500.000 eurotik gorakoa dela zenbatesten denean.
d) Aurrekontua prestatzea, Batzar Nagusiak aurreproiektu gisa onar dezan, eta, ondoren, onartzen den aurrekontua gauzatzea.
e) Partzuergoaren, Unitate Zientifiko-Teknologikoen eta Merkatu Unitateen jarraipena eta ebaluazioa egitea, eta jarraipenaren eta ebaluazioaren berri ematea Zuzendaritza Batzordeari.
f) Batzar Nagusiko bilkuretan hitzarekin baina botorik gabe parte hartzea eta Zuzendaritza Batzordearen bilkuretan hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.
g) Batzorde Zientifiko-Teknologikoaren eta Industria Batzordearen bilkurak deitzea eta horietan lehendakari gisa jardutea, eta sortzen diren berdinketak kalitateko botoarekin ebaztea.
h) Partzuergoaren organoen erabakiak eta ebazpenak gauzatzea eta horiek zehazki eskuordetzen dizkioten funtzioak bere gain hartzea.
i) Partzuergoko langileak zuzentzea eta, oro har, barne-araubidea aplikatzea eta betetzea.
23. artikulua.– Batzorde Zientifiko-Teknologikoarena.
1.– Batzorde zientifiko-teknologikoak funtzio hauek hartuko ditu bere gain:
a) Partzuergoaren Ikerketa Agenda lantzeko eta garatzeko proposamenak egitea eta aholkularitza eskaintzea, Partzuergoko agenteen espezializazioaren arabera.
b) Unitate Zientifiko-Teknologikoen lanaren jarraipena egitea eta Zuzendaritza Batzordeari horien egitekoari buruzko aholkuak ematea.
2.– Unitate Zientifiko-Teknologikoak eratu ahal izango dira lantaldeak lehentasunen arabera artikulatzeko eta koordinatzeko, baita Partzuergoaren Ikerketa Agenda azpibanatzen den sektoreko esparruen arabera artikulatzeko eta koordinatzeko ere.
3.– Zuzendaritza Batzordeak sortuko ditu unitateak, Batzorde Zientifiko-Teknologiakoak proposatuta. Sortzen den unitate bakoitzak koordinatzaile bat izango du, eta koordinatzaile horrek sustatu eta zuzenduko du unitatearen jarduera. Horien parte izan daitezke Partzuergoko agenteak, haien espezializazioaren arabera. Unitatean parte hartzen duten Partzuergoko agenteek izendatzen duten pertsonetako batek –horien artean hautatuko denak– beteko du koordinazioaren funtzioa.
24. artikulua.– Industria Batzordearena.
1.– Industria Batzordearen egitekoak izango dira:
a) Partzuergoaren Transferentzia eta Merkatu Agenda lantzeko eta garatzeko proposamenak egitea eta aholkularitza eskaintzea, Partzuergoko agenteek sortuta.
b) Merkatu Unitateen lanaren jarraipena egitea eta Zuzendaritza Batzordeari horien funtzioari buruzko aholkuak ematea.
2.– Merkatu Unitateak sortu ahal izango dira, lantaldeak lehentasunen arabera eta Partzuergoko Transferentzia eta Merkatu Agendaren edukien arabera artikulatzeko eta koordinatzeko.
3.– Zuzendaritza Batzordeak sortuko ditu unitateak, Industria Batzordeak proposatuta.
Sortzen den unitate bakoitzak koordinatzaile bat izango du, eta koordinatzaile horrek sustatu eta zuzenduko du unitatearen jarduera. Horien parte izan daitezke Partzuergoko agenteak, haien espezializazioaren arabera. Unitatean parte hartzen duten Partzuergoko agenteek izendatzen duten pertsonetako batek –horien artean hautatuko denak– beteko du koordinazioaren funtzioa.
25. artikulua.– Idazkaritzarena.
1.– Idazkaritza da Partzuergoaren administrazio-organoa.
2.– Idazkaritzak bere eginkizunak beteko ditu, boto eskubiderik gabe, Partzuergoko kide anitzeko organo guztietan. Zerrenda hau inolako muga izan gabe, kide anitzeko organoetako bilkuren deialdiak prestatu eta kudeatuko ditu, organo horien lehendakaritzak aginduta, bilkura bakoitzeko quoruma egiaztatuko du, organoetako bakoitzera bertaratzen diren kideen boto-eskubidea egiaztatuko du, boto-eskuordetzeak jaso eta zainduko ditu, eta bilkuren akta idatziko du,aktan islatuko ditu bilkuraren lekuaren, iraupenaren, bertaratuen eta gai-zerrendaren nondik norakoak, eta barnean hartuko du puntu bakoitzaren eta sortutako eztabaiden laburpen deskribatzailea eta bozketen emaitza. Hartutako erabakien ziurtagiriak jaulkiko ditu, Lehendakaritzaren oniritziarekin. Horrez gain, Partzuergoaren berezko dokumentuak zainduko ditu eta artxibategiak kudeatuko ditu. Partzuergoko organoen aholkularitza juridikoa egikarituko du, eta egiteko horiek guztiak betetzeko behar besteko baliabideak emango zaizkio Idazkaritzari.
V. KAPITULUA
GOBERNU-ORGANOEN FUNTZIONAMENDUA
26. artikulua.– Bilkurak egiteko lekua.
Partzuergoaren organoen bilkurak, bai ohikoak, bai ezohikoak, haren egoitzan egingo dira. Salbuespen gisa, Partzuergoko agenteen egoitzetan egin ahal izango dira.
27. artikulua.– Bilkuren aldizkakotasuna.
1.– Batzar Nagusiak ohiko bilkura egingo du ekitaldi bakoitzaren lehen sei hilabeteen barruan, Lehendakaritzak deituta, bere erabakiz nahiz Zuzendaritza Batzordeak edo, gutxienez, Batzar Nagusiko kideen laurdenek hari egindako eskaeraren ondorioz. Azken bi kasuetan, bilkuraren deialdia ezin izango da hamar egun baino gehiago luzatu Lehendakaritzari eskatzen zaionetik.
2.– Zuzendaritza Batzordeak ohiko bilkura egingo du hiru hilean behin, eta ezohikoa, Lehendakaritzak hala erabakitzen duenean edo haren kideen gutxienez laurdenek eskatuta. Azken kasu horretan, Zuzendaritza Batzordeko Lehendakaritzan eskaera aurkeztu eta hurrengo lau egunetan egin beharko da bilkuraren deialdia.
3.– Batzorde Zientifiko-Teknologikoa eta Industria Batzordea ohiko bilkuran elkartuko dira sei hilabetean behin gutxienez, eta ezohiko bilkuran haren kideen gutxienez laurdenek eskatuta. Azken kasu horretan, dagokion batzordeko Lehendakaritzan eskaera aurkeztu eta hurrengo lau egunetan egin beharko da bilkuraren deialdia.
28. artikulua.– Deialdiak.
1.– Batzar Nagusiaren bilkurak haren Lehendakaritzak deitu beharko ditu, haiek egiteko adierazitako dataren aurreko hamabost egun natural lehenago, gutxienez.
Zuzendaritzat Batzordearen bilkurak haren Lehendakaritzak deitu beharko ditu, haiek egiteko adierazitako dataren aurreko hamabost egun natural lehenago, gutxienez.
Premiazko kasuetan, dagokion organoko Lehendakaritzak, deialdian, epe horiek erdira murriztu ahal izango ditu. Halakoetan, premiazkotasuna egotea onartu beharko da bilkuraren hasieran, berori egiteko nahitaezko baldintza gisa.
2.– Deialdiaren iragarkiaren baitan jaso beharko dira bilkuraren lekua, ordua eta bertan jorratu beharreko aztergaien zerrenda, gai bakoitzaren euskarri-dokumentazioa erantsita edota berariaz adierazita hura Partzuergoko Idazkaritzan eskuragarri dagoela. Deialdia bitarteko elektronikoen bidez egin ahal izango da, baldin eta ziurtatzen bada hartzaileak hura jaso duela.
3.– Ezin izango da erabakirik hartu aztergaien zerrendan berariaz agertzen ez diren gaien inguruan, salbu eta organoko kide guztiak bilkuran badaude eta gai horiek aztertzea aho batez onartzen badute.
29. artikulua.– Eratzea.
1.– Batzar Nagusia lehen deialdian baliozkotasunez eratzeko, boto-eskubidea duten haren kideen gutxienez erdiak egotea eskatuko da. Quorum horri eutsi beharko zaio bilkura osoan. Aipatutako quoruma beteko ez balitz, bilkura ordu berean, bi egun geroago, automatikoki deitutzat joko da. Hala eta guztiz ere, eratzeko beharrezko quorumera iritsiko ez balitz, Lehendakaritzak ondoriorik gabe utziko du deialdia.
2.– Zuzendaritza Batzordea baliozkotasunez eratzeko, boto-eskubidea duten haren kideen gehiengo osoa egotea eskatuko da. Behar adinako quorumik ez balego, bigarren deialdian eratuko da, lehen deialdirako adierazitako ordua baino ordu erdi geroago. Orduan, nahikoa izango da boto-eskubidea duten haren kideen herenak bertaratzea.
3.– Batzorde Zientifiko-Teknologikoa eta Industria Batzordea baliotasunez eratuko dira haien gehiengo osoa bertaratzen bada. Quorumik ez balego, bigarren deialdian eratuko dira, lehen deialdirako adierazitako ordua baino ordu erdi geroago. Orduan, nahikoa izango da boto-eskubidea duten haien kideen herenak bertaratzea.
4.– Bilkurak baliotasunez eratzeko eta egiteko, beharrezkoa izango da dagokion organoko Lehendakaritza eta Idazkaritza bertaratzea.
30. artikulua.– Erabakiak hartzea.
1.– Partzuergoaren organoko kideek euren ordezkaritza eskuordetu ahal izango dute, idatziz, organo bereko bete kide baten alde, hori Partzuergoko Idazkaritzari jakinaraziz gero, idatziz ere.
2.– Partzuergoko kide anitzeko organoen erabakiak hartuko dira Batzar Nagusiaren bozketan bertaratutako ordezkarien gehiengo soilaren bidez, Estatutu hauetako 10.7 artikuluaren arabera, edota Zuzendaritza Batzordearen bozketan bertaratutako kideen gehiengo soilaren bidez, Estatutu hautako 13.3 artikuluaren arabera. Berdinketarik izanez gero, bozketa berriz egingo da, eta, berdinketak iraungo balu, dagokion organoko Lehendakaritzaren kalitateko botoak erabakiko du.
3.– Beharrezkoa izango da Batzar Nagusian dagoen boto kopuruaren gehiengo osoaren aldeko botoa, Estatutu hauetako 10.7 artikuluaren arabera, gai hauen inguruko erabakiak hartzeko:
a) Partzuergoko agenteen urteko ekarpenak adieraztea eta aldatzea.
b) Partzuergoko agenteen ezohiko ekarpenak onartzea.
c) Partzuergoko Lehendakaritza hautatzea.
d) Zuzendaritza Nagusia izendatzea eta atzera egitea.
e) Kide berriak atxikitzea.
f) Partzuergoko kideen bereizte-kuota onartzea.
g) Onartzea finantza-eragiketak, kreditukoak, besterentzeak, transakzioak nahiz edonolako erabakiak, horien zenbatekoak ekitaldiko aurrekontuaren ehuneko hogei gainditzen dutenean.
h) Berrestea azpiegitura berezietako inbertsio nabarmenenak garrantzi zientifiko-teknologiko handienekoak izateagatik, milioi bat euroko zenbatekoa gainditzen badute betiere; Estatutu hauetako 8.1.b) artikuluan aipatzen diren baldintzetan.
i) Estatutuak aldatzea.
j) Partzuergoa beste entitate juridiko batean integratzea.
k) Partzuergoa desegiteko arrazoiren bat izatea.
l) Partzuergoko kide bat nahitaez bereiztea.
m) Partzuergoko aktibo eta pasiboak modu globalean lagatzea sektore publikoko beste entitate bati, hura deseginez gero.
4.– Beharrezkoa izango da Zuzendaritza Batzordeko kideen hiru laurdenen aldeko botoa honako gai hauetan erabakiak hartzeko:
a) Onartzea Partzuergoaren Ikerketa Agenda eta Transferentzia eta Merkatu Agenda.
b) Onartzea Partzuergoaren kudeaketa-plana, Zuzendaritza Nagusiak proposatuta.
c) Analizatzea, koordinatzea eta onartzea azpiegitura berezietako inbertsio nabarmenenak garrantzi zientifiko-teknologiko handienekoak izateagatik, milioi bat euroko zenbatekoa gainditzen badute betiere; Estatutu hauetako 8.1.b) artikuluan aipatzen diren baldintzetan.
d) Onartzea edo aldatzea hirugarrenek Partzuergoari eskatutako zerbitzuak edo proiektuak tramitatu eta esleitzeko prozedurari buruzko dagokion barne-araudia.
5.– Gobernu- eta zuzendaritza-organoetako kideek, baita Partzuergoko langileek ere, euren jardunetan errespetatu egin beharko dituzte 40/2015 Legean xedatutako abstentzio-betebeharrari buruzko arauak.
Zehazki, interes-gatazka baten eraginpean dagoen edonork ez du esku hartuko edo eraginik izango gatazkaren eraginpeko erabakiak hartzean, ez du parte hartuko erabaki horiek planteatzen diren bileretan eta ez du eskuratuko interes-gatazka horri eragiten dion informazioan.
Horren inguruan 40/2015 Legean ezarritakoa bazter utzi gabe, gatazka-interesa dagoela joko da egoera jakin batzuetan, non Partzuergoaren interesak topo egiten baituen edo eraginpean nahiz eraldatuta geratzen baiten gai beraren inguruko interes pertsonalak egoteagatik.
VI. KAPITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKOA
31. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
1.– Partzuergoaren baliabide ekonomikoak hauek dira:
a) Bere aurrekontutik datozen diru-sarrerak.
b) Partzuergoko administrazio eta erakunde publikoen ekarpenak.
c) Partzuergoko agenteen ekarpenak.
d) Edozein entitate publiko nahiz pribaturengandik jasotzen dituen dirulaguntzak, bestelako laguntzak eta dohaintzak.
e) Bere jardueren bidez lortzen dituen diru-sarrerak eta bere ondarearen errendimenduak.
f) Ematen zaizkion kredituak eta maileguak, atxikitzeko administrazioaren baimenarekin eta hark ezarritako mugekin.
g) Legez onartutako bestelakoak.
2.– Hasiera batean adostutako ekarpenak Partzuergoa eratzeko eta bere indarraldian haren jarduera egiteko araututa daude Hitzarmenaren seigarren klausulan, zazpigarren klausulan hitzartutako ezohiko ekarpenak bazter utzi gabe.
3.– Batzar Nagusiak hitzartuko du ekitaldi baterako planifikatutako jardueraren muga proportzionala, Partzuergoko edozein kidek betebehar ekonomikoak beteko ez balitu.
32. artikulua.– Ekarpenak ordaintzea.
1.– Administrazioen, erakunde publikoen eta Partzuergoko agenteen ekarpen ekonomikoak urte bakoitzeko lehen lauhilekoan zehar egingo dira.
2.– Partzuergoko kideren bat atzeratuko balitz bere ekarpenen ordainketan hogeita hamar natural baino gehiago –aurreko paragrafoan adierazitako aldiaren ondoren–, etenda geratuko da haren parte-hartzea Partzuergoaren organoetan, eta etenda geratuko da, baita ere, haren boto-eskubidea haietan hartzen den edozein erabakitan, ordainketa egiten ez duen bitartean. Dagokion ekarpena urtebete baino gehiagoz ez ordaintzea nahitaezko kausa izango da Partzuergotik bereizteko, behar adinako berme ekartzen badu salbu.
33. artikulua.– Ondarea.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren ondarean sartutako Partzuergoaren ondarea osatzen dute bere titulartasuneko ondasun eta eskubide guztiek, azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean ezarritakoaren arabera.
2.– Partzuergoari dagozkio bere titulartasuneko ondasun eta eskubideen gaineko ahalmenak, baita atxikita dituenen gainekoak ere, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bateginean xedatutakoaren arabera.
3.– Berorren inbentarioa prestatu eta eguneratzeaz gainera, ondareari buruzko araudiaren arabera, Partzuergoak eskatzen zaion laguntza emango du Euskadiko Ondareko Ondasunen eta Eskubideen Inbentario Orokorra prestatzeko.
34. artikulua.– Kontratu-araubidea.
Sektore Publikoko Kontratuei buruzko arazoaren 8ko 9/2017 Legearen 3.2.b) artikuluaren arabera, Partzuergoa administrazio publikotzat hartzen da.
35. artikulua.– Aurrekontuko, kontabilitateko eta finantza-kontroleko araubidea.
1.– Partzuergoak urtero prestatu eta onartuko du bere aurrekontu-aurreproiektua, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren atxikipeneko sailari igorriko dio, horren Aurrekontu Orokorretan beharrezko independentziaz txerta dadin Euskadiko aurrekontu-araubidearen arloan indarrean diren lege-xedapenen testu bategina onartzen duena eta Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatu beharreko aurrekontu-araubidea arautzen duen maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren arabera.
2.– Partzuergoaren ekonomia-kontrolak eta kontabilitateak jarraitu egiten diote urriaren 19ko 2/2017 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ekonomia Kontrolari eta Kontabilitateari buruzko Legearen testu bateginari.
36. artikulua.– Bermeak.
Edozein eragiketa ekonomikotan, berme osagarria eskatu behar da; hau da, Partzuergoko agenteen abala. Horiek abala emango dute egindako ekarpenen zenbatekoaren proportzioan, eragiketa ekonomikoari dagokion urterako aurrekontuan sartutako ekarpen guztiekiko.
VII. KAPITULUA
LANGILEEN ARAUBIDEA
37. artikulua.– Giza baliabideak.
1.– Partzuergoko langileak funtzionarioak edota lan-kontratudunak izan daitezke, eta Partzuergoko administrazio eta entitate publikoetakoak izango dira. Langileen araubide juridikoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarena –administrazio horri atxikita baitaude–, eta haien ordainsariek ezin izango dute inola ere gainditu aipatutako administrazioan pareko lanpostuetarako ezarritakoak.
2.– Salbuespen gisa, bete beharreko funtzioen berezitasuna dela eta Partzuergoko administrazio edo entitate publikoetako langileekin bete ezin diren lanpostuen kasuan, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren barruan funtzio publikoaren arloko ardura duen Sailak baimena eman ahal izango du Partzuergoak funtzio horiek beteko dituzten langileak zuzenean kontratatzeko; nolanahi ere, enplegatu publikoak hautatzeko printzipioak aplikatuko dira.
3.– Zuzendaritza Nagusiak kontratatutako pertsona Partzuergoari lotetsita egongo da lan-harreman bereziaren bidez, honako hauetan ezarritakoaren arabera: urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 2.1.a) artikulua; eta Goi-zuzendaritzako langileen izaera bereziko lan-lotura arautzen duen abuztuaren 1eko 1382/1985 Errege Dekretua.
VIII. KAPITULUA
PARTZUERGOAN SARTZEA ETA BERTATIK BEREIZTEA
38. artikulua.– Sartzea.
1.– Kide berri bat Partzuergoan sartzeko dela administrazioa, erakunde publikoa nahiz ikerkuntza kooperatiboko zentroa edo zentro teknologikoa, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarekoa, beharrezkoa izango da:
a) Entitate interesdunaren eskaera.
b) Batzar Nagusiak gehiengo osoz onartzea boto-eskubidea duten haren kideen legezko kopurua.
c) Eskatzaileak Hitzarmena sinatzea. Hitzarmena sinatzean, hari beste eranskin bat gehituko zaio. Horretan, zehaztu egingo dira eskatzaileak bere gain hartzen dituen betebeharrak Partzuergoan sartzearekin batera, urte naturala osatzeko geratzen den denboraz. Atxikitzeko eranskinean zehaztuko da Partzuergoaren organoetan entitateari dagozkion ordezkarien kopurua, eta, ondorio horretarako, berriro esleituko dira Estatutu hauetako 10.7.b) edo 10.7.c) artikuluetan, hurrenez hurren, SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari edo Partzuergoko agenteei ezagututako boto-eskubideen ehunekoak, hala badagokio.
d) Atxikipena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
39. artikulua.– Bereizte boluntarioa.
1.– Partzuergoko kideak edonoiz bereizi ahal izango dira harengandik.
2.– Edozein kide Partzuergotik bereizteko, beharrezkoa izango da asmo hori duen kideak Partzuergoko Lehendakaritzari hori idatziz jakinaraztea, eta kide horrek arrazoia adierazita baliatuko du bereizte-eskubidea. Jakinarazpenari entitate horren dagokion organoak hartutako erabakiaren ziurtapena erantsi beharko zaio, haren barne-funtzionamendua zuzentzen duen arauaren arabera.
3.– Bereizi nahi duen kidearen bereizte-kuota (positiboa edo negatiboa) finkatzeko, Zuzendaritza Batzordeak batzorde espezifiko bat eratuko du. Batzorde horretan nahitaez sartuta egongo da bereiztea eskatu duen kidearen ordezkari bat, eta 40/2015 Legearen 126.2.a) artikuluan jasotako bereizte-kuota kalkulatzeko prozedura aplikatuko da. Kidea Partzuergotik eraginkortasunez bereiziko da bereizte-kuota finkatu ondoren, baldin eta kuota hori positiboa bada, edota zorra ordaindu ondoren, kuota negatiboa bada.
4.– Kide batek edo gehiagok Partzuergotik bereizteak ez du berekin ekarriko hura desegitea, baldin eta gainerako kideek jarraitzen badute eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo, gutxienez, beste administrazio edo erakunde publiko batek badirau.
5.– Nolanahi ere, Partzuergoko kide bat bereiztean 40/2015 Legearen 125. artikulua izango da aplikatzekoa.
40. artikulua.– Nahitaezko bereiztea
Batzar Nagusiaren iritziz Partzuergoko kideren batek ez balitu bete, modu larrian eta behin eta berri, Hitzarmenean edo Estatutu hauetan ezarritako betebeharrak, Batzar Nagusiak erabaki ahal izango du –eraginpeko entitatearen defentsa-eskubidea bermatuko duen bidezko espedientea hasi ondoren– hura Partzuergotik bereiztea. Horretarako, beharrezkoa izango da Partzuergoko legezko kideen gehiengo osoa hala erabakitzea. Prozeduran, dagokion bereizte-kuota zehaztuko da.
IX. KAPITULUA
ESTATUTUAK ALDATZEA
41. artikulua.– Aldatzeko prozedura.
1.– Partzuergoaren Estatutuak aldatu ahal izango dira Zuzendaritza Batzordeko Lehendakaritzaren ekimenez edota boto-eskubidea duten Batzar Nagusiko kideen gutxienez laurdenek eskatuta.
2.– Aurreko atalean adierazitako ekimena hartu ondoren eta Batzar Nagusia ezohiko bilkuran eraturik, Estatutuen aldaketari hasierako onarpena emango zaio egindako proposamenetan oinarrituta, eta egokitzat jo diren txosten guztiak aurkeztu ondoren. Aurkeztutako aldaketa-proposamenak eta, hala badagokio, igorritako txostenak Batzar Nagusiko kideei eman beharko zaizkie, ezohiko bilkuraren deialdiari erantsitako dokumentazioarekin batera.
3.– Idazkaritzak Estatutuak aldatzeko proiektu bat prestatuko du. Testu bategin bat izango da, hasieran onartutako aldaketa-proposamenak bilduko dituena.
4.– Estatutuak aldatzeko proiektua onartzeko, beharrezkoa izango da boto-eskubidea duten Batzar Nagusiko legezko kide kopuruaren gehiengo osoaren aldeko erabakia.
5.– Estatutuen aldaketa, behin onartu ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
X. KAPITULUA
PARTZUERGOA DESEGITEA
42. artikulua.– Desegiteko arrazoiak.
Partzuergoa desegiteak hura likidatzea eta azkentzea dakar. Egoera huetan gertatuko da hori:
a) Partzuergoa eratu zeneko xedeak bete direnean.
b) Legezko xedapen bidez.
c) Batzar Nagusiak hala erabakiz gero, boto-eskubidea duten haren kideen gehiengo osoaren aldeko botoaz.
d) Beste entitate publiko batean txertatzeagatik, haren eskumenak bat baldin badatoz Partzuergoarenekin.
43. artikulua.– Prozedura.
1.– Batzar Nagusiak, desegiteko erabaki hartzearekin batera, organo likidatzaile bat izendatuko du. Organo hori Partzuergoa atxikita dagoen administrazioko entitate bat izango da, lotetsia nahiz independentea. Horretarako, Lehendakaritzak idazki bat zuzenduko dio atxikipeneko sailaren titularrari, desegitearen inguruan dagoen dokumentazioarekin batera. Idazki horretan proposatuko du organo edo entitate bat izendatzea ekonomia- edo ondare-kontrolaren arloan eskumena dutenen artean.
2.– Organo likidatzaileak kalkulatuko du Partzuergoko kide bakoitzari dagokion likidazio-kuota, Estatutu hauetako 10.6 artikuluan ezarritako proportzioaren arabera. Bestela, horren ordez, 40/2015 Legearen 127.3 eta 4. artikuluetan finkatutako prozedura aplikatuko da.
3.– Boto-eskubidea duten Batzar Nagusiko kideen gehiengo osoz, erabaki ahal izango da aktiboak eta pasiboak modu globalean lagatzea Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko beste entitate bati, Partzuergoaren jardueraren jarraitutasunari eusteko eta gauzatu ez diren haren helburuak betetzeko asmoz. Lagapen global horrek berekin dakar Partzuergoa likidatu gabe azkentzea.