EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-02-05 Aldizkari honetan argitaratua: 2019025

EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 25ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Donostiako (Gipuzkoa) «CE.07 Miraconcha» HEko Villa Vista Eder eraikinaren xehetasun-azterketaren gainean.

Xedapenaren data: 2019-01-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201900603
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko uztailaren 12an, Donostiako Udalak Donostiako (Gipuzkoa) «CE.07 Miraconcha» HEko Villa Vista Eder eraikinaren xehetasun-azterketaren (aurrerantzean, xehetasun-azterketa) ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura hasteko eskaera egin zion ingurumen-organoari. Eskaerarekin batera, Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa aurkeztu ziren, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukiarekin. Ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, 2018ko azaroaren 16an, eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei kontsulta egiteko izapideari ekin zion Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, eta egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien, ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan ohar horiek oinarritzat hartuta. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako, Turismoko eta Gazteria eta Kiroletako zuzendaritza nagusiei, Gipuzkoako Ekologistak Martxan elkarteari, Parkeen Lagunak Haritzalde Elkarte Naturalistari eta Eguzkizaleak aisialdi-elkarteari. Era berean, 2018ko azaroaren 16an, Donostiako Udalari kontsulta-izapideen hasieraren berri eman zitzaion.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendariordetzaren txostenak jaso dira; espedientean dago horren emaitza.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.
Xehetasun-azterketa abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; bertan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasatu behar diren plan eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan edo programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean arautzen da, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta xehetasun-azterketaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera–. Ingurumen-arloko alderdiak Planaren proposamenean sartzearen alde egiten du txostenak, eta Plana aplikatzearen inpaktu nabarmenen gaineko iritzia ematen, baita ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako «CE.07 Miraconcha» HEko Villa Vista Eder eraikinari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea, Donostiako Udalak sustatua, jarraian zehazten den moduan:
A.– Planaren deskripzioa: helburuak eta jarduketak.
Donostiako «CE.07 Miraconcha» HEko Villa Vista Eder eraikinaren xehetasun-azterketak aurreko xehetasun-azterketa bat aldatzen du, eremu berari buruzkoa (Villa Vista Eder, Donostiako Mirakontxa pasealekuan), 1997ko azaroaren 3an behin betiko onartua eta indarrean dagoen Donostiako Hiri Antolamenduko Plan Orokorrean baliozkotua (2010eko ekainean behin betiko onartua). Finkak eraikin nagusi bat dauka, 1913koa, oinplano errektangularrekoa, eta 1919an handitu egin zen, atzeko aldean beste eraikin bat erantsita.
Xehetasun-azterketaren xedea da eraikin nagusia hotel-establezimendu bihurtzea. Horretarako, dagoen eraikin nagusia mantenduta, aurreko xehetasun-azterketak zehaztutako antolamendu bolumetrikoa eta lerrokadurak zuzentzea proposatu da, baina indarrean dagoen planeamenduan ezarritako hirigintza-eraikigarritasuna aldatu gabe. Era berean, erantsitako eraikinaren zati bat bota eta birmoldatzea proposatzen da. Eraikin nagusiaren kanpoko itxura eta eraikin horren ondoko lorategia mantentzea planteatzen da.
B.– Proposatutako xehetasun-azterketaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Aurkeztutako dokumentazioa ikusita, xehetasun-azterketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei edo funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Planak zenbateraino eragiten duen beste plan edo programa batzuetan, bai eta hierarkizatuta daudenetan ere. Xehetasun-azterketak lurzatian indarrean dagoen lerrokadura eta antolamendu bolumetrikoa aldatzen du, eta eraikin nagusia mantentzen du. Ingurumenaren ikuspegitik, xehetasun-azterketak ez du aintzat hartzeko moduko eraginik beste plan edo programa batean ere.
c) Plana egokia den ala ez, ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Adierazi denez, xehetasun-azterketak eremuaren antolamendu xehatua egiten laguntzen du, hotel-eraikin bat egitea ahalbidetzeko xedez. Horrela, bada, irizten da egokia dela garapen iraunkorra sustatzen duten ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko. Horri dagokionez:
– Azterketak kontuan hartu behako luke, azterketaren ondoriozko eraikuntza-proiektuetan aintzat hartze aldera, «Eraikuntza eta birgaitze jasangarriaren gida Euskal Autonomia Erkidegoko etxebizitzetarako» dokumentuaren gomendioak, proposatzen den eraikinean energia aurrezteko eta efizientzia areagotzeko xedez.
– Xehetasun-azterketak aztertu beharko du hotel-jarduera ezartzeko proiektuaren dokumentu gehigarri gisa paisaia-integrazioko azterlana jasotzeko aukera, zeina ezarria baitago Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-antolamenduan paisaia babestu, kudeatu eta antolatzeari buruzko ekainaren 3ko 90/2014 Dekretuaren 7. artikuluan.
– Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2016 Dekretuak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira egikaritu garapen urbanistiko berriak kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez badira, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa. Ondorioz, ziurtatu beharko da etorkizunean bete ahal izango direla kalitate akustikoaren helburuak planaren antolamenduaren esparruan, edo, bestela, bermatu beharko da jasandako maila akustikoak ahalik eta txikienak direla, eta horretarako, besteak beste, ingurumen-txostenean jasotako inpaktu akustikoaren azterketan adierazitako neurri zuzentzaileak ezarri beharko dira. Dena dela, eraikinen barruko espazioan aipatutako arauaren 31. artikuluan ezarritako kalitate-balio objektiboak bete beharko dira.
– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenaren arabera, Villa Vista Ederren eraikin nagusia udalaren hirigintza-plangintzaren bidez babesteko proposatutako eraikin gisa azaltzen da, eta, ondorioz, plangintzaren bidez honako babes-irizpide hauek planteatzen dira:
– Jatorrizko ezaugarriei eta bolumetriari eutsiko zaie, jasodurak eta gorantz haztea saihestuta. Era berean, ez dira fatxadetan elementuak erantsiko, baldin eta haien hegalek jatorrizko proportzio-sistema kaltetzen badute.
– Ez da esku-hartzerik egingo beheko solairuan eta sarbideetan.
– Baoen diseinuari dagokionez, jatorrizko materialak mantenduko dira.
– Askotariko tratamenduetan materiala kontserbatzea.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak. Ez da hauteman plana gauzatzearen ondoriozko ingurumen-arazo adierazgarririk, betiere, besteak beste, segurtasunari eta osasunari, ingurumenari, hondakinen kudeaketari, natura-ondareari, paisaiari, kutsadura akustikoari, urei eta kutsatutako lurzoruen kudeaketari dagokienez indarrean dagoen araudia betez gauzatzen badira ukitutako eremuarekin lotutako esku-hartzeak eta jarduerak.
e) Xehetasun-plana egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Esku-hartzearen eremua bizitegirako hiri-lurzoru finkatua da, eraikia, eta bertan nagusi dira osagai antropiko eta erruderalak, aparteko ingurumen-baliorik gabekoak. Ez dago natura-espazio nabarmenik eraginpeko eremuaren inguruan, ezta eralda daitekeen ingurumen-balio handiko eremurik ere; hortaz, ez dago Plana garatzearen ondorioz larriagotu daitekeen ingurumen-arriskurik.
Plana garatzearen ondoriozko eraginak erantsitako eraikinaren birgaitze eta eraikuntzarekin lotuta daude, lur-mugimenduak eta eraikuntzako hondakinak sortzea ekarriko baitute, baita baliabideak kontsumitzea eta giza habitataren kalitatea okertzea ere, ibilgailuen eta makinen joan-etorriagatik eta eraberritze-, eraikuntza- eta urbanizazio-lanek eragindako lur-mugimenduek sortutako eragozpenengatik (zaratak, hautsa, bibrazioak...).
Bai eremuaren egungo egoera –dagoeneko urbanizatuta dago–, bai xehetasun-azterketaren ondoriozko jarduketen ezaugarriak kontuak izanik, jarraian zehaztuko diren prebentzio-, babes- eta zuzenketa-neurriak aplikatuta, ez da aurreikusten azterketak proposatutako jarduketek ingurumenaren gaineko ondorio garrantzitsurik izaterik. Obrak egin bitartean herritarrek jasango dituzten eraginak (makinek sortutako zaratak eta emisio atmosferikoak) denbora tarte zehatz batera mugatuko dira, eta, gainera, ez dira garrantzitsuak izango kontuan izanez gero jarduketon ezaugarriak eta kokalekuak.
Funtzionamendu-faseari dagokionez ere, ez da aurreikusten giza habitataren kalitatearen gaineko ondorio garrantzitsurik.
Planteatutako jarduketak ikusita eta aintzat hartuta ingurumen-dokumentu estrategikoan planteatutako neurriak eta ingurumen-txosten estrategiko honetan planteatzen direnak, ez da aurreikusten xehetasun-azterketak ingurumen-inpaktu negatibo nabarmenik sortuko duenik.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, Ebazpen honetan adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, Ingurumen Agiri Estrategikoan eta xehetasun-azterketan bertan jasotakoarekin bat. Hauek dira neurri horiek, besteak beste:
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua.
– Lur eta soberakinen kudeaketa: proiektuan sortutako indusketa-soberakinak baimendutako soberakin-biltegira eramango dira, eta indarreko legerian ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea:
Obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean aurreikusitakoa beteko da.
Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinak Eraikuntzako eta eraispeneko hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun arauak bete behar dituzte (dekretu horren bidez, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko araudia onartzen da), eta itxita egon behar dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea: zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta isurpen akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen soinu-isuriei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-igorpenak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora. Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Urak babestea: urbanizazio-, eraispen- eta eraikuntza-proiektuek lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak aurreikusi beharko dituzte, adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.
– Fauna eta landare multzo autoktonoentzako habitatak babestea: jarduketa-zonaldea balizatu egingo da, eta kontuz jardungo da ukituak izan daitezkeen zuhaitzetan kalterik ez sortzeko. Era berean, aurreikusitako jarduketek ukituko ez dituzten zuhaitzak markatu eta babestu egingo dira.
– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz jarduera horietan, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburu hori Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kaleratu zuen.
– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria: eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa IV. Ingurumen Esparru Programa 2020 egitasmoak, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak eraikinetan energia-aurrezpena eta -efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere.
Bigarrena.– Zehaztea ez dela aurreikusten, honako ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritako baldintzekin bat, Donostiako «CE.07 Miraconcha» HEko Villa Vista Eder eraikinaren xehetasun-azterketak ingurumen arloko ondorio kaltegarri garrantzitsurik izatea, eta, horrenbestez, ez dela beharrezkoa ohiko ingurumen-ebaluazio estrategikoa egitea.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia Donostiako Udalari jakinaraziko zaio.
Laugarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, honako ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean Plana onartuko ez balitz. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du Planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Bosgarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 25a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.