EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2019022

EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 23koa, Portu eta Itsas Gaietako zuzendariarena, zeinaren bidez erabakitzen baita deialdi publikoaren bitartez honako prozedura hau hastea: Donostiako portuan 6. zerrendako ontziek amarralekuak erabiltzeko emakidak ematea.

Xedapenaren data: 2019-01-23
Hurrenkenaren zenbakia: 201900524
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/11/08an argitaratutako 2017/10/19ko AGINDUA [201705330]

Euskadiko Kirol Portua SAk aisiako ontziak amarratzeko instalazio batzuk dauzka Donostiako portuan, irabazizko helburuaz ustiatuta; hala ere, beroriek okupatzeko, ezinbestekoa da amarralekua erabiltzeko baimena aldez aurretik ematea.
Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko portuetan baimen horiek emateko prozedura agindu honetan dago ezarrita: Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Agindua, zeinaren bidez arautzen baitira aisiako ontzien titularrei amarralekuak emateko prozedura eta horiek erabiltzeko emakiden araubidea. Izan ere, agindu horren 5. artikuluaren arabera, Administrazioak amarraleku-eskaerak aurkezteko epea irekiko du Portu eta Itsas Gaietako zuzendariaren ebazpen baten bidez egindako deialdiaren iragarkia eginez, eta iragarki hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
Esandakoarekin bat, eta apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 7.h) eta 23.c) artikuluek zuzendaritza honi ematen dizkioten eskumenak baliatuta (dekretu horren bitartez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezarri ziren), honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Deialdi publikoaren bitartez, honako prozedura honi hasiera ematea: Donostiako portuan 6. zerrendako ontziek amarralekuak erabiltzeko emakidak ematea, betiere ebazpen honen I. eranskinean jasotako oinarriekin bat.
Bigarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen; beraz, beraren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Azpiegitura eta Garraioko sailburuordeari hilabeteko epean, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 23a.
Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria,
AITOR ETXEBARRIA ATUTXA.
I. ERANSKINA
OINARRIAK
Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.
Deialdiaren xedea da 6. zerrendako ontziei amarralekuak erabiltzeko emakidak ematea, aisiako ontzi patroidunak zein patroi gabeak alokatzeko jardueretarako, denbora-tarte zehatz baterako, kirol-arrantzako jardueraren bat edo zeharkaldiren bat egiteko, charter nautikoko enpresei eskatzen zaizkien legezko eskakizunekin (1985eko abenduaren 4ko Agindua) eta administratiboekin bat; hau da, alokairu-kontratuaren helburua nabigazioa bera izango da, ez, ordea, bidaiariak garraiatzea edo itsas txangoak egitea, Donostiako portuan.
Bigarrena.– Justifikazioa eta helburuak.
Charter nautikoak aukera ematen du ontziak alokatzeko, patroiekin zein patroirik gabe, denbora-tarte zehatz batean zeharkaldiren bat egiteko. Gainera, nautikaren sektoreko segmentu horrek aukera ematen du ahalik eta jende gehiena erakartzeko nabigaziora eta itsas ingurunea eta tokiko geografia ulertzera, horri esker itsasozale eta nautikazale gehiago sor baitaitezke, oro har. Hori dela eta, Euskadiko portuen Administrazioari interesatzen zaio horrelako jarduerak bultzatzea bere eskumeneko portu-instalazioetan. Horretarako, egokitzat jotzen da errentamendu nautikorako ontziei hainbat amarraleku erreserbatzea; izan ere, erabiltzeko baimena emango zaie denboran mugatutako egonaldi baterako, hau da, charterreko bezeroak txandakatuta, eta, horrela, ondasun publiko bat erabiltzaile gehiagok erabiltzea lortuko da.
– Helburuak.
Oro har, herritarren artean nabigazioa sustatzea. Lortu nahi da jende gehiago hurbiltzea nabigaziora eta itsas ingurunea, kostaldea eta tokiko geografia ulertzera hurbiltzea.
Erraztasunak ematea nabigazioari dagozkion kontzeptuak, prozedurak eta jarrerak ikasteko, bai eta baloreak sustatzea ere, hala nola, oro har, ingurunearekiko errespetua eta, bereziki, itsas ingurunearekiko errespetua.
Hirugarrena.– Eskainitako amarralekuak.
1.– Hiru (3) amarraleku eskaintzen dira, honela banaturik:
– 10 x 3,6 m-ko amarraleku 1.
– 12 x 4,1 m-ko 2 amarraleku.
2.– Amarralekuen kokapena planoan dago adierazita (ebazpen honen II. eranskina).
3.– Administrazioak beretzat gordetzen du amarralekuen kopurua eta ezaugarriak aldatu, murriztu edo handitzeko ahalmena.
Laugarrena.– Eskabideak.
1.– Eskabideak eredu normalizatuan aurkeztuko dira (ebazpen honen III. eranskina). Eredu hori doan eskuratu ahal izango da Euskadiko Kirol Portua SAren (aurrerantzean EKP) bulegoetan, Donostian (Molla Erdia, Donostia).
2.– Halaber, Eusko Jaurlaritzaren www.euskadi.eus webgunetik deskarga daiteke: Eusko Jaurlaritza – Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila – Portuak (Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzaren epigrafean) – Kirol-portuetako amarralekuak: «Amarratzeko eskaera».
3.– Eskabideekin batera dokumentazioa aurkeztu beharko da, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren 10. artikuluak eskatutakoaren arabera (agindu horretan arautzen dira aisiako ontzien titularrei amarralekuak emateko prozedura eta horiek erabiltzeko emakiden araubidea), bai eta oinarri hauen bederatzigarren puntuan aipatutakoak betetzen direla egiaztatzen duen memoria ere. Memoria horretan, besteak beste, alderdi hauek detektatzeko proiektuaren analisia ere egin behar da:
– Produktua eta zerbitzua.
• Jardueraren deskribapena.
• Produktuen eta zerbitzuen identifikazioa.
• Produktuaren deskribapena.
• Jardueren garapena.
– Zerbitzuaren politika eta bezeroarentzako arreta.
– Indarguneak eta abantailak.
– Bezeroa.
– Antolaketa eta giza baliabideak. Adieraziko da nor izango d(ir)en ontziko patroia(k), baldin eta alokatzen bada patroi eta guzti, oinarri hauen hamargarren puntuan ezarritako betekizunak egiaztatzeko. Halaber, jarduerari atxikitako langileen zerrenda aurkeztuko da, eta hor adieraziko da langile propioak diren edo azpikontratatuak diren, zer hitzarmen kolektibo dagokien lehiaketaren xedeko jardueran arituko diren langile propioei edo azpikontratatutako enpresetakoei, esleipenduna izanez gero.
Jarduera egiteko, azpikontratatzea aurreikusi bada, adieraziko da hala dela eta zehaztuko da zer azpikontratatuko den eta zer izen eta profil dauzkaten azpikontratatu nahi diren eta jarduera egiteko ardura hartuko duten enpresak edo pertsonek.
Bosgarrena.– Eskabideak aurkezteko lekua.
Eskabideak zuzenean aurkez daitezke EKPk Donostian dauzkan bulegoetan (Molla Erdia z.g.), astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 15:00etara, eta, larunbatetan, 10:00etatik 13:00etara, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan xedatutakoa eragotzi barik.
Seigarrena.– Eskabideak aurkezteko epea.
2019ko otsailaren 11tik 2019ko martxoaren 1era aurkez daitezke eskabideak.
Zazpigarrena.– Prozedura.
Amarralekuen emakidak emateko prozedura Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren 4. artikuluak xedatutakoaren arabera beteko da (agindu horretan arautzen dira aisiako ontzien titularrei amarralekuak emateko prozedura eta horiek erabiltzeko emakiden araubidea).
Zortzigarrena.– Balorazio-irizpideak.
– Baloratuko da eskainitako produktua eta zerbitzua egokiak diren alderdi hauei dagokienez: deialdiko justifikazioa eta lortu nahi diren helburuak (oinarrien bigarren puntua), eskainitako azpiegituren ezaugarriak (eskainitako amarralekuak eta portuko instalazioak, oro har), kokapen fisikoa eta geografikoa, eta indarreko legeak.
– Eskaintzaren kalitatea, negozioaren egitura eta produktuak eta negozioaren orientazioa. Baloratuko da produktuak izatea kontsumitzaileek jarrera pasiboa alde batera uzten duten horietakoak, kontsumitzaileek nolabait nabigazioan eta ontziko jardueran parte hartzekoak, ingurune naturalarekiko interakzio aktiboa izatekoak bai datuak bilduz, bai ekosistemak eta espezieak identifikatuz, bai ikus-entzunezko baliabideen bitartez gertaera natural atipikoak hartuz, etab.
Kanpoan utziko dira 10 lagun baino gehiagoko taldeentzako produktuak, bidaiariak garraiatzekoak eta itsas txangoetakoak.
– Profesionaltasuna eta eskifaiaren profila. Baloratuko da, batez ere, patroiaren profila, titulazioari eta ibilbide profesionalari dagokienez. Halaber, baloratuko da eskifaiakideek euskara jakitea, bai eta eskifaian emakumeak egotea ere.
Bederatzigarrena.– Betekizunak.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren 8. artikuluak adierazitako betekizunez gain (agindu horretan arautzen dira aisiako ontzien titularrei amarralekuak emateko prozedura eta horiek erabiltzeko emakiden araubidea), honako hauek ere bete beharko dira:
– 10 eskifaiakide edo gutxiagoko ontziaren despatxua.
– Patroiaren titulua. Titulu profesionala.
– Eskifaiaren kontratuak. Esleipena egindakoan eta urtean behin.
Hamargarrena.– Amarralekua erabiltzeko baldintzak.
Aisiako ontzien titularrei amarralekuak emateko prozedura eta horiek erabiltzeko emakiden araubidea arautzen dituen Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduaren III. kapituluan –Aisiako ontzien titularrek amarralekuak erabiltzeko emakiden araubidea– xedatutakoaz gain, baldintza hauek ere ezartzen dira:
1.– Emakida hartzen duen ontziaren baseak Donostiako portua izan behar du. Titularren bat ontzi bererako beste amarralekuren baten titularra bada Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko beste porturen batean, beste horri uko egin beharko dio, hala badagokio, esleipen-ebazpena eman eta hilabetera, eta agiriz egiaztatu beharko du uko-egite hori benetan gauzatu dela.
2.– Amarralekua erabiltzeko emakidak lau urte iraungo du ematen den unetik aurrera.
3.– Amarralekua erabiltzeko emakidak ez dakar portuko aparkaleku-zerbitzua portuan horretarako erabiltzen den zonaldean.
4.– Euskara erabili beharko da publizitate- edo komunikazio-euskarri guztietan (errotuluak, iragarkiak, liburuxkak, etab.), ontzia identifikatzeko erabiltzen direnetan edo Euskal Autonomia Erkidegoaren titulartasuneko portu-instalazioen barruko jarduerak sustatzekoetan.
Hamaikagarrena.– Publikotasuna.
Aisiako ontzien titularrei amarralekuak emateko prozedura eta horiek erabiltzeko emakiden araubidea arautzen dituen Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urriaren 19ko Aginduan xedatutakoaz gain, deialdi honen alderdi guztiekin zerikusia duen informazio oro argitara emateko tokia izango da EKPk Donostian dauzkan portu-instalazioen iragarki-ohola; halaber, deialdiari buruz egiten diren argitalpenak jakinarazpenen ordezkoak izango dira harik eta prozedura amaitutzat ematen duen ebazpena eman arte; ebazpen hori EHAAn emango da argitara. Hori guztia Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45.1.b) artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Hamabigarrena.– Datuen babesa.
1.– Datu pertsonalen babesari eta eskubide digitalen bermeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betetzeko xedez, jakitera ematen da esleipendunek ematen dituzten datu pertsonalak «Portu-aldeko jabari publikoko emakidak eta baimenak» eta «Portuetako tarifak» izeneko fitxategietan sartuko direla eta horien arduraduna Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza dela. Halaber, jakitera ematen da datu horiek jaso eta tratatzearen helburua dela amarralekuen erabilera kudeatzea; beraz, informazio horren hartzailea zuzendaritza hori bera izango dela.
2.– Datuak eskuratzeko, zuzentzeko eta ezerezteko eta tratamendua mugatzeko eta haren aurka egiteko eskubideak Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).