EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2018022

AGINDUA, 2018ko abenduaren 20koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez hidrokarburoak ikertzeko «Saia» izeneko baimenaren lehenengo luzapena ematen baita.

Xedapenaren data: 2018-12-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201900521
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2012/12/20an argitaratutako 2012/12/04ko 201200269 DEKRETUA
  • Ikus 2018/10/16an argitaratutako 2018/10/03ko AGINDUA [201805048]

Lehenengoa.– Abenduaren 4ko 269/246 Dekretuaren bidez (EHAA, 246. zk., abenduaren 20koa), «Saia» izeneko baimena eman zitzaion Euskadiko Hidrokarburo Baltzua SAri (SHESA), Euskal Autonomia Erkidegoan hidrokarburoak ikertzeko, 49.752 hektareatan. 6 urterako eman zen baimen hura, eta erpinek definitzen dute haren eremuen mugaketa, zeinaren ED50 koordenatu geografikoak jarraian deskribatzen baitira Greenwich meridianoari dagozkion longitudeekin:
Bigarrena.– Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2018ko urriaren 3ko Aginduaren bidez baimena ematen da partez uko egiteko Euskal Autonomia Erkidegoan hidrokarburoak ikertzeko «Saia» izeneko baimenari; uko-egite hori Euskadiko Hidrokarburo Baltzua (SHESA) merkataritza-sozietateak eskatu du. Horrela, bada, 44.030´52 hektareari egiten zaio uko, eta 5.721´48 hektarea atxikitzen da.
Hirugarrena.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzan 2018ko irailaren 20an sartu den idazkiaren bidez, Luis Muñoz Jiménez jaunak, Euskadiko Hidrokarburo Baltzuaren (SHESA) zuzendari tekniko ahalordedun gisa, hidrokarburoak ikertzeko «Saia» izeneko baimena luzatzeko izapidetzea eskatu zuen, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1988 Legearen 15.1 artikuluan adierazitako eran; horretarako, bikoiztuta aurkeztu zuen Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko Legearen Erregelamendua onartzeko uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretuaren 14. artikuluan horri dagokionez adierazitako dokumentazioa.
Laugarrena.– Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 15. artikuluak honako hau adierazten du:
«1. Gobernuak edo autonomia-erkidegoetako gobernu-organoek (baldin eta euren lurralde-eremuari eragiten diotenak badira) emango dituzte ikerketa-baimenak. Baimen horiek eskumen esklusiboa emango dute zehazten diren eremuak ikertzeko, sei urteko epean.
Salbuespenez, epe hori luzatu egin ahal izango da, interesdunak eskatuta, hiru urterako. Luzapena emateak baimenaren jatorrizko azalera 100eko 50 murriztea ekarriko du, eta, eman ahal izateko, baimenaren titularrak indarraldiaren lehenengo aldirako ezarritako eginbeharrak bete beharko ditu».
Bestetik, erregelamendu horren 14.6 artikuluan ezartzen denez, luzapena emateko, titularrak oinarrizko eginbeharrak bete behar izango ditu, baimena emateko dekretuan adierazitakoak, 28. artikuluaren 1. apartatuan xedatzen denez.
Bosgarrena.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2018ko urriaren 5eko Ebazpenaren bidez, «Saia» izeneko ikerketa-baimenaren lehenengo luzapena emateko prozedura hastea ebatzi zen, eta Euskadiko Hidrokarburo Baltzuari (SHESA) eskatu zitzaion baimena emateko dekretuan ezarritako oinarrizko eginbeharrak bete dituela ziurtatzeko, eskatutako luzapena eman ahal izateko xedez. Justifikazio hori garaiz eta eraz aurkeztu zen administrazio honetan.
Seigarrena.– Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzak espedientea izapidetu ondoren, titularrak goian aipatutako legerian eta, zehazki, Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko Legearen Erregelamendua onartzeko uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretuaren 14. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituela jotzen da.
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Lehenengo luzapena.
Euskadiko Hidrokarburo Baltzuari (SHESA) lehenengo luzapena ematea, hiru urterako, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legearen 15.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Bigarrena.– Azalera atxikia.
«Saia» baimena 49.752 hektarearako eman zen hasiera batean. Hidrokarburoen Sektoreari buruzko 34/1998 Legearen 15. artikuluko 1. apartatuan ezarritakoarekin bat etorriz, legez ezarritako luzapena eskatzean, baimenaren hasiera bateko azaleraren % 50 murriztu behar da gutxienez.
Horrela, 2017ko abenduaren 15ean, baimenaren eremua partez murriztea eskatu zen, eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako 2018ko urriaren 3ko Aginduaren bidez onartu zen hori. Baimena % 88,5 murriztea onartu zen (hasiera bateko 200 saretetatik 177 sareta); hau da, hasierako azaleraren % 11,5 atxiki zen (hasierako 200 saretetatik 23 sareta). Horrela, bada, hona hemen uko egindako eta atxikitako azalerak, bai eta atxikitako azaleraren koordenatuak ere:
Atxikitako azaleraren koordenatuak: 5.721,48 hektarea.
Hirugarrena.– Ikerketa-programak eta konpromisoak. Konpainia titularrak, bere proposameneko kopuru eta baldintzekin bat etorriz, luzapenak irauten duen bitartean honako ikerketa-programa hau egin beharko du gutxienez.
Indarraldiaren lehenengo urtea: putzuaren diseinua eta hobi potentzialaren zulaketarako eta produkzio-probetarako lan guztien ingurumen-ikerketak, sortutako datuen ebaluazioa eta, lortutako emaitzen arabera, egin beharreko jarduketa gehigarriak planteatuko dira:
– Emaitzak positiboak balira, «Saia» ikerketa-baimena indarrean izan den aurreko urteetan mapatutako egitura antiklinala esploratzen jarraitzea erabakiko da, helburu potentziala izanik konbentzionalak jurasiko itsastarraren megasekuentziaren kareharri eta dolomietan, Bilboko Antiklinalean, lan-plangintza honetako hurrengo epigrafean deskribatutako lanekin.
– Luzapenaren indarraldiko lehenengo urtean lortutako esplorazio-emaitzak negatiboak balira, ondorioztatuko balitz ezinezkoa dela gailur antiklinalera iristea gainazaleko kokapen posibleetan zulaketa eginez, edo ingurumen-ikerketen arabera ezinezkoa balitz obra hori egitea ingurumena babestearekin bateragarriak diren afekzioak sortu gabe, uko egingo litzaioke «Saia» ikerketa-baimenari.
Indarraldiko bigarren eta hirugarren urtea: «Saia» ikerketa-baimenaren bi urte horietan aurreikusitako lanak luzapenaren lehenengo urtean egindako lanetan lortutako emaitzen mende egongo dira, bai eta putzua zulatzeko eta espedienteko memorien arabera produkzio-probak egiteko baimen administratibo guztiak lortzearen mende ere.
Laugarrena.– Uko-egiteen araubidea.
Erabat edo partez uko egiten denean, titularrek Administrazioak eskatu bezala justifikatu behar dute aurreko puntuan adierazitako lan eta inbertsioei dagozkien konpromisoak bete dituztela, uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretuaren bidez onartutako Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko 1974ko ekainaren 27ko Erregelamenduaren 73. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.
Bosgarrena.– Urteko gutxieneko inbertsioa.
Uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretuaren bidez onartutako Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko 1974ko ekainaren 27ko Erregelamenduaren 28.1.2 artikuluaren arabera, baimenaren indarraldian, 39.066 euro inbertitu beharko dira gutxienez hektareako eta indarraldiaren urte bakoitzeko, hau da, 223.514 euro (berrehun eta hogeita hiru mila bostehun eta hamalau euro).
Seigarrena.– Zerga-betebeharrak.
Konpainia titularrak, uztailaren 30eko 2362/1976 Errege Dekretuaren bidez onartutako Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko 1974ko ekainaren 27ko Erregelamenduaren 14. artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian, baliabide berezi gisa, 0,075126 euro sartu beharko ditu luzatutako hektarea bakoitzeko.
Justifikatu egin beharko da betebehar hori bete dela Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren Zuzendaritzan, dagokion egiaztagiria aurkeztuta, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hogeita hamar eguneko epean.
Zazpigarrena.– Iraungitzea.
Hidrokarburoen Ikerketa eta Ustiapenari buruzko 1974ko ekainaren 27ko Legearen Erregelamenduaren 26. artikuluarekin bat etorriz, funtsezkotzat jotzen dira agindu honetako hirugarren eta bosgarren apartatuak, eta horiek ez betetzeak baimena iraungitzea dakar.
Zortzigarrena.– Eraginkortasuna.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 20a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.