EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2018021

AGINDUA, 2018ko azaroaren 19koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita «Ziur Fundazioa» izeneko fundazioaren eraketa.

Xedapenaren data: 2018-11-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201900497
Maila: Agindua
Aztertuta geratu da Donostiako «Ziur Fundazioa» izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko espedientea. Hona hemen
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2018ko uztailaren 17an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, «Ziur Fundazioa» izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko; Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Donostiako Udalak sortu zuten fundazio hori. Eraketaren eskritura publikoak fundazio-gutunaren izaera dauka, bi urteko epean beste fundatzaile batzuk batu daitezen. Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskabideari.
Bigarrena.– Fundazioen Erregistroak, 2018ko uztailaren 17ko idazki baten bidez, aurkeztutako dokumentazioan atzemandako akatsak zuzentzeko eskatu zuen, eta azaroaren 15ean sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskatutako dokumentazio hori.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak 2018ko urriaren 19an aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.
Laugarrena.– Fundazioaren estatutuen 3.1 artikuluan aurreikusitakoaren arabera: fundazioaren xedea da Gipuzkoako Lurralde Historikoaren gaitasunak sendotzea fabrikazio aurreratuaren arloan –zehazki industria-zibersegurtasunaren arloan–, teknologia-sektorearen garapena bultzatzea, eta Gipuzkoako enpresen lehiakortasuna eta nazioarteko posizionamendua indartzea –bereziki industria-sektorekoena–. Berariaz:
a) Zibersegurtasunaren esparruko jakintza sortzea bultzatzea.
b) Eragileak, enpresak eta industriak sentsibilizatu eta prestatzea.
c) Zibersegurtasunarekin lotutako jardunbideak zabaldu eta ezartzea enpresetan.
d) Prebentziorako eta esku hartzeko tresnak eskaintzea.
Bosgarrena.– Estatutuen 4. artikuluan xedatutakoaren arabera, fundazioak Donostiako Zuatzu industrialdean izango du egoitza (Urola eraikina, 1. solairua), eta Gipuzkoako Lurralde Historikoaren eremuan egingo du lan batez ere, horrek ezertan galarazi gabe jarduera hori Euskal Autonomia Erkidego osora zabaltzea.
Seigarrena.– Hasierako fundazio-zuzkidura 30.000 eurokoa izango da; horietatik, 28.500 euro Gipuzkoako Foru Aldundiak jarriko ditu, eta, 1.500 euro, aldiz, Donostiako Udalak. Ekarpen hori egin dela jasota geratu da erregistro-inskripzioaren espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.
Zazpigarrena.– Hasierako patronatuko kideak, fundazioa eratzeko eskrituran ezarritakoaren arabera, hauek izango dira (izendapenaren indarraldia mugagabea da berezko kideentzat eta lau urtekoa gainerakoentzat):
– Lehendakaria: Ainhoa Aizpuru Murua. Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Saileko foru-diputatua Gipuzkoako Foru Aldundian. (Berezko kidea).
– Lehendakariordea: Jose Enrique Corchón Álvarez. Gipuzkoako Foru Aldundiko Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusia. (Berezko kidea).
– Idazkaria: Garikoitz Agote Alberro. Ekonomi Sustapeneko zuzendari nagusia. (Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatua).
– Bokala: Maite Barruetabeña Zenekorta. Gipuzkoako Foru Aldundiko Araubide Juridikoko eta Funtzio Publikoko zuzendari nagusia. (Berezko kidea).
– Bokala: Denis Itxaso González. Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kirola Saileko foru-diputatua. (Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatua).
– Bokala: José Ignacio Asensio Bazterra. Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Saileko foru-diputatua. (Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatua).
– Bokala: Eneko Goia Laso. Donostiako alkatea. (Donostiako Udalak izendatua).
Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, ekainaren 9ko 9/2016 Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoak) 16.2 artikuluan ezarritako moduetako batean.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala aurreikusten dute ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena) 3.1 artikuluan, ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duena) 4.1.a) artikuluan, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua) 6.1.m) artikuluan, eta apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuak (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa) 3.1 artikuluan.
Bigarrena.– Berariaz legitimatuta dagoen pertsona batek sustatu du espedientea; era berean, beharrezkoak ziren datu eta agiri guztiak aurkeztu dira, hots, bete egin dira ekainaren 2ko 9/2016 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioena) 7.–12. bitarteko artikuluetan eta 51.2 artikuluan eta ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena) 36.–39. bitarteko artikuluetan ezarritako betekizunak. Beraz, aplikatu beharreko legezko eta erregelamenduzko manuen arabera eratu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Donostiako «Ziur Fundazioa» izeneko fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, gaurko datarekin eta F-436 zenbakiarekin, bai eta patronatuko hasierako osaera ere (patronatuko kideak zazpigarren aurrekarian aipatzen dira), Martín Gabarain Astorqui notarioaren aurrean 2018ko uztailaren 10ean egiletsitako eskritura publikoan jasotako zehaztapenekin bat etorriaz (protokolo-zenbakia: 868); geroago, eskritura publiko hori zuzendu egin zen, aipatutako notarioak 2018ko azaroaren 12an egindako eginbidearen bitartez.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 19a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.