EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2018020

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko abenduaren 20ko bilkuran hartua, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalaren fiskalizazio-txostena 2016koa, behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-12-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201900468
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko abenduaren 20an egindako bilkuran
ERABAKI DU:
Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalaren 2016ko fiskalizazio-txostena behin betiko onestea, Erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 20a.
HKEEko lehendakariordea,
JOSÉ ANGEL QUINTANILLA ANGULO.
HKEEko idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
ABANTO Y CIÉRVANA-ABANTO ZIERBENAKO UDALAREN FISKALIZAZIO-TXOSTENA, 2016
Laburdurak.
139/2015 FD: Bizkaiko Foru Aldundiaren 139/2015 Foru Dekretua, uztailaren 28koa, Bizkaiko toki erakundeen kontularitzako esparru arautzailea onesten duena.
AG: Auzitegi Gorena.
AHM: Arautze Harmonizatuari Meneratua.
AO: Administrazio Orokorra.
AP: Aleko prezioak.
BAO: Bizkaiko Aldizkari Ofiziala.
BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.
BLH: Bizkaiko Lurralde Historikoa.
BPG: Barne Produktu Gordina.
DDBN: Diru-laguntzen Datu Base Nazionala.
DLO: 38/2003 Lege Orokorra, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzkoa.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EFPL: 6/1989 Legea, uztailaren 6koa, Euskal Funtzio Publikoari buruzkoa.
EHJAN: Euskal Herriko Justizia Auzitegi Gorena.
EIOZ: Eraikuntza, instalakuntza eta obren gaineko zerga.
FA: Foru Araua.
GODG: Gastu Orokorretarako Diruzaintza geldikina.
HAPO: Hiri Antolaketako Plan Orokorra.
HHS: Hiriko Hondakin Solidoak.
HILBIZ: Hiri izaerako lursailen balio igoeraren gaineko zerga.
HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
JEZ: Jarduera ekonomikoen gaineko zerga.
KEAO: Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoa.
LUO: Lurraren Udal Ondarea.
LZ: Lanpostuen Zerrenda.
MINECO: Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioa.
OHZ: Ondasun higiezinen gaineko zerga.
PGPN: Publikotasunik gabeko Prozedura Negoziatua.
SPKLTB: 3/2011 Legegintzako Errege Dekretua, azaroaren 14koa, Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina onesten duena.
TAOAL: 7/1985 Legea, apirilaren 2koa, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena.
TE: Toki Entitateak.
TMIZ: Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga.
XG: Xedapen gehigarria.
I.– Sarrera.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak otsailaren 5eko 1/1988 Legeak eta Epaitegiaren Osoko bilkurak onetsitako Lan Programak agindutakoari jarraikiz, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalaren 2016ko Kontu Orokorraren fiskalizazio-lana mamitu du.
Fiskalizazio-lan honek honako alderdi hauek besarkatzen ditu:
– Legezkotasuna: honako aurrekontuaren atal hauetan ezargarria den arautegia bete izana: aurrekontua, zuzenbide publikoko sarrerak, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, zerbitzuak eta hornidurak eta diru-laguntzen emakida. Azterketa lan hau fiskalizazioaren ekitaldiari dagokio, beharrezko irizten diren beste ekitaldi batzuei buruzko egiaztatzeak egitea kaltetu gabe, fiskalizazio-gai den ekitaldian eragina dutelako.
– Kontabilitatea: Kontu Orokorra ezargarri zaizkion kontularitzako printzipioekin bat datorrela egiaztatzea. Kontu Orokorrak Udalaren eta Abanto-Zierbena Zerbitzuak, SL udal sozietatearen balantzea, ekonomia-ondarearen emaitzaren kontua eta oroitidazkia besarkatzen ditu. Udalari dagokionez, gainera, aurrekontuen likidazioa ere jasotzen du.
– Lanaren zabalak ez du gastuaren efikazia eta efizientziari buruzko azterlan berariazkorik besarkatu; ezta, kudeaketa prozedurei buruzkorik ere. Nolanahi den ere, fiskalizazioan zehar sortu diren alderdi partzialak txosten honen III. idazpuruan aztertu ditugu.
– Udalaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako udalerriak 9.577 biztanle zituen 2016ko urtarrilaren 1ean eta bere egituran, Udalaz gain, Abanto-Zierbena Zerbitzuak, SL sozietate publikoa barne hartzen du, % 100 udalak partaidetua; sozietate honek tokiko garapen agentzia kudeatzen du eta Udalak agintzen dizkion beste jarduera batzuk garatzen kultura, gazteria, kirol, ingurumen eta Tokiko Agenda 21 ataletan.
Gainera, ondoko mankomunitate eta partzuergoen atal da: Ezkerraldeko eta Meatzaldeko Mankomunitatea (HHSen kudeaketa), Bilbao-Bizkaia Ur Partzuergoa (uraren ziklo osoaren kudeaketa) eta Bizkaiko Garraio Partzuergoa (garraio zerbitzua). 2016ko ekitaldi itxieran Talleres Gallarreta Lantegiak, S.L., eta Meatzaldeko Behargintza, S.L. sozietateetan ere parte hartzen zuen Trapagaran, Muskiz eta Ortuellako Udalekin batera lehenengoan eta horiez gain, baita Zierbenako Udalarekin ere bigarren sozietatean.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa.
1.– 2016ko ekitaldian kontratu bidezko estaldurarik gabe hainbat gastu gauzatu ziren, bide garbiketa zerbitzuei, hiri-hondakin solidoen bilketari eta zerbitzu osagarriei zegozkienak, 696.998 euroren zenbatekoan, harik eta kontratu berria indarrean sartu zen arte, urte horretako azaroan esleitu zena.
2.– Udalak 2016ko ekitaldian energia elektrikoa hornitzeko zerbitzua kontratatu zuen, guztira 409.942 euroren zenbatekoan, esleipen prozedurari dagozkion betekizunak saihestuta eta SPKLTBren 86.2 artikuluak xedatutakoa urratuz. Kontratazio hori, baina, arautze harmonizatuari lotutako kontratuetarako aurreikusitako izapidetzeari meneratu behar zitzaiokeen.
Epaitegi honen ustetan, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalak, 1etik 2ra bitarteko paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera, zuzentasunez bete du 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
1.– Epaitegi honen iritzira egin behar ziratekeen doitzeek ondotik zehaztutako eragina dute Udalaren 2016ko abenduaren 31ko Diruzaintza Geldikinaren, Egoera Balantzearen eta Funts Propioen gainean:
2.– Udalaren Kontu Orokorra ez zaio egokitzen Bizkaiko toki entitateen kontabilitateko izapidean ezarritakoari, 139/2015 FD bidez onartutakoa, izan ere, ez ditu jasotzen ondare garbian aldaketen egoera, eskudiruzko fluxuen egoera, ezta toki entitatearen memoria ere.
3.– BFAk 2013ko maiatzaz geroztik betearazte-bidean bildutako kopuruei dagokienez, ez dira aurrekontuan erregistratu berandutza eta premiamenduko gainkarguen interesei dagozkien diru-sarrerak. Zorren printzipalari dagokionez, zorrak bidegabeki ordaindu gabe modura ageri diren kasuetan kobrantzak erregistratu ez direlako, atxikitako narriadura deuseztatzea da egokia bi urtetik gorako antzinatasuna duten haien kasuetan.
4.– Ez dago euskarri egoki edo behar adinakorik Udalaren Balantzean jasotako ibilgetu ez finantzarioaren saldoak 2016ko abenduaren 31ko ondasun eta eskubideen egiazko egoerarekin bat datozen ondorioztatzen utziko duenik, ezargarriak zaizkion printzipio eta balorazio irizpideei jarraikiz.
5.– Ez dago euskarri egoki edo behar adinakorik Udalaren Balantzean jasotako epe luzeko finantza inbertsioen saldoak 2016ko abenduaren 31ko ondasun eta eskubideen egiazko egoerarekin bat datozen ondorioztatzen utziko duenik, ezargarriak zaizkion printzipio eta balorazio irizpideei jarraikiz.
Epaitegi honen iritzira, 1etik 5era bitarteko paragrafoetan adierazitako salbuespenak alde batera, Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Udalaren Kontu Orokorrak alderdi esanguratsu guztietan 2016ko ekitaldiaren jarduera ekonomikoa eta abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena erakusten du; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honetan, alde batetik, jarduera ekonomiko eta finantzarioa arautzen duten printzipioak betetzeari modu nabarmenean eragiten ez dioten hutsak adierazten dira; eta bestetik, kudeaketa hobetzeko agerian jartzen diren prozeduraren alderdiak.
III.1.– Aurrekontua eta Kontabilitatea.
– 2016ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorra ez zen 2015eko abenduaren 31 baino lehenago behin betiko onartu, Bizkaiko Lurralde Historikoko Toki Entitateen Aurrekontuei buruzko abenduaren 2ko 10/2003 FAren 15.2 artikuluak agintzen duen moduan.
– 2016ko ekitaldian aurrekontuaren egonkortasun helburua bete izanari buruzko tokiko Kontu-hartzailetzaren txostena egitea Udalari soilik zegokion, ez mendeko duen Abanto-Zierbena Zerbitzuak, SL entitateari; gainera, egindako kalkuluek ez zituzten Nazio eta Lurraldeko Kontuen Europako Sistemaren arabera ezargarriak diren doiketak txertatzen (1463/2007 Errege Dekretuaren 16.2 artikulua, azaroaren 2koa, Aurrekontuaren Egonkortasunari buruzko abenduaren 12ko 18/2001 Legea garatzeko araudia onesten duena, toki entitateei dagokienez.
– 2016ko ekitaldian Udalak 244.264 euroren zerga-sarrerak kontabilizatu zituen transferentzia eta diru-laguntza arrunten kapituluan.
– Udalak transferentzia eta diru-laguntzen kapituluan ondasun eta zerbitzuen kontratazioari dagozkion gastuak, nagusiki kultur ekintza eta festen ospakizunekin edo gizarte zerbitzuen arloarekin lotutakoak; ordea, zuzena gastuen bigarren kapituluari egoztea litzateke.
– Langileari emandako aurrerakin eta maileguen itzulketak ez dira kontabilitatean emakidak erregistratzen diren kontu berean erregistratzen eta kontularitzako saldoak egiazko saldoa 69.325 euroan gainditzen du 2016ko ekitaldi itxieran, ondoko taulan ikus daitekeen moduan:
III.2.– Sarrera Fiskalak.
– Udalak 2013ko maiatzean hitzarmen bat izenpetu zuen BFArekin nahitaezko diru-bilketaren kudeaketa gauzatzeko. Gerora BFAk aipatutako hitzarmena aplikatuta egindako kobrantzengatik transferitutako kopuru guztiak identifikatu gabe daude, aplikatzeko zain dauden kobrantzen kontu-sail batean. Udalak ez daki zein zergadunek egin dituzten ordainketak eta zein kontzeptutarako.
– Hiri izaerako lursailen balioaren igoeraren gaineko zergaren likidazioak (HILBIZ) atzerapen handiz egiten dira Udalean eta fiskalizazio-gai izan den ekitaldian kontabilizatutako sarrerak eraikinen transmisioei dagozkie, oro har hiru urte lehenago egindakoenak.
III.3.– Langileria.
– Udalaren Lanpostu-zerrenda ez zaio plantillaren egiturazko beharrizanei egokitzen eta behar horiei zerbitzu enpresen kontratazio bidez erantzuten zaie. Adierazitako prozedura erabili izanaren ondorioz, 2016ko ekitaldi itxieran lan kontratu mugagabe ez finkoko izaera zuen langile bat zegoen funtzionarioentzat gordeta behar luketen egitekoak betetzen, EFPLren 19. artikuluari jarraikiz.
– 2016ko urtean egindako aldi baterako lan-kontratuko langileen bi kontrataziotan, epe motzekoak, ez da behar hainbat egiaztatu hautaketa-prozedurarik batere egin denik.
III.4.– Transferentziak eta emandako Diru-laguntzak.
– Udalak ez du diru-laguntzen plan estrategikorik, eskuratu asmo diren helburu eta ondorioak, horiek lortzeko behar den epea, aurreikusgarri diren kostuak eta finantzaketa iturriak zehaztuko dituena.
– Ez da betetzen informazioa emateko obligazioa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalari, Diru-laguntzen Lege Orokorraren 20. artikuluak arautzen duena.
– 2016ko ekitaldian 10 onuraduni emandako 25.481 euroren diru-laguntza zuzenetan ez dago erasota onuradun izaera eskuratzeko Diru-laguntzen Lege Orokorraren 13.2 artikuluan aurreikusitako betekizunak bete diren eta zehazki, ez da zerga eta Gizarte Segurantzarekiko obligazioetan gaurkotuta dagoelako inongo agiri justifikagarririk aurkezteko eskatu. Halaber, ez da argitara eman diru-laguntza hauen zenbateko, helburu eta onuradunei buruzko informazioa (abenduaren 9ko 19/2013 Legearen 8.1.c artikulua, gardentasun, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa).
III.5.– Kontratazioa.
Abanto y Ciérvana-Abanto-Zierbena Zerbitzuak, S.L.ren kontratazio prozedurak.
– Sozietatearen kontrataziorako barne aginpideak SPKLTBra egokitu gabe zeuden.
Kontratazio espedienteak.
Fiskalizazio-gai izan den urtean indarrean zeuden hamabi kontratu aztertu ondoren, honako alderdi hauek azaleratu zaizkigu:
– Kontratu baten esleipen-ebazpenak (5 zk. espedientea), aleko prezioetan esleitutakoa, ez zuen ezargarria den hitzarmen kolektiboari buruzko informaziorik barne hartzen, apirilaren 7ko 3/2016 Legeak agintzen duen moduan, kontratazio publikoan klausula sozial jakin batzuk barne hartzeari dagokionez.
– Guztira 154.055 euroren zenbatekoan esleitutako bi kontratutan (11 eta 12 zk. espedienteak) ez ziren behar hainbat justifikatu eskaintzak balio-neurtzean emandako puntuazioak, balio-judizio baten mendeko ziren irizpideak zenbatestean.
– Atzerapenak gertatu ziren 203.488 euroan esleitutako bi kontraturen egikaritzan (2 eta 8 zk. espedienteak) eta ez dago jasota luzapenak gauzatu izana. Bietan ere egikaritza epea negoziatu beharreko ezaugarrietako bat izan zen esleipenduna hautatzeko orduan eta berandutzeak egikaritza epeen gainean % 300dik gorakoak izan ziren.
– 133.986 euroren zenbatekoan esleitutako obra batean (2 zk. espedientea) ez dago jasota dagokion harrera-akta egin zenik (SPKLTBren 234.2 artikulua).
Administrazio kontrataziorik gabeko gastua.
– Udalak ez du prozedura negoziatu bitartez administrazio-kontratazioko derrigorrezko espedientea izapidetu, gas-hornidurari dagozkion 48.703 euroren gastuen egikaritzan.
III.6.– Beste batzuk.
Gardentasuna.
– Abenduaren 9ko 19/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa, udalek aldika-aldika eta modu eguneratuan argitara eman beharko dute informazioa, zeinaren ezagutza garrantzizkoa den euren jardueraren gardentasuna bermatzeko, jarduera publikoaren funtzionamendu eta kontrolari dagokionez. Lege hau zuzen betetzeko Udalak web orrian argitaratu behar lituzke, besteak beste, urteko kontuak, aurrekontuaren egikaritzari eta aurrekontuaren egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren helburuak betetzeari buruzko informazioa eta tokiko ordezkarien ondasun eta jardueren urteko aitorpenak.
IV.– Finantza Analisia.
Udalak azken ekitaldietan likidatutako magnitude nagusien bilakaera ondoko taulan dago zehaztua.
Sarrera arruntak: 2015 eta 2016ko ekitaldian diru-sarrera hauek aurreko ekitaldien aldean % 1 eta % 3 bitartean egin zuten behera, hurrenez hurren, eta aztertutako aldian guztira % 4 murriztu ziren. Hona hemen bariazio azpimarragarrienak:
– Zerga zuzenak, zeharkakoak, tasak eta bestelako sarrerak: sarrera arruntei dagokienez azaldutako bilakaera bertsua izan zuten. EIOZ kontzeptuan aitortutako sarreren fluktuazioaren eragina kenduta, aztertutako aldian sarrerek are nabarmenago egin zuten behera, % 5,5en gainetik eta 2015eko ekitaldian nagusitzen da aurreko ekitaldiaren aldean % 5eko bariazio garbi negatiboarekin. Bariazio nagusiak honako hauek izan dira:
• Zerga zuzenak: diru-sarrera hauek 2015ean % 6 egin zuten behera aurreko ekitaldiaren aldean eta pixka bat berroneratu ziren 2016an; honen ondorioz, aztertutako aldian % 5,5ekoa baino zertxobait handiagoa izan zen murrizketa. Aipatutako fluktuazioa nagusiki OHZk eta HILBIZek izan duten jokaeraren ondorio da. Azken zerga honi dagokionez esan behar da 2015ean 137.574 euroren diru itzulketak egin zitzaizkiola Eliza Katolikoaren Bilboko Elizbarrutiari, epai baten ondorioz, eta ekitaldiko diru-sarreretan eragin negatiboa izan zutela.
• Tasak eta bestelako sarrerak: 2015 eta 2016ko ekitaldian diru-sarrera hauek aurreko ekitaldien aldean % 2 eta % 3 bitartean egin zuten behera, hurrenez hurren, eta aztertutako aldian guztira % 5 murriztu ziren. 2015eko ekitaldian kapitulu honetan berandutza interesak eta premiamendu gainkarguak itzultzeagatik baliogabetzeak erregistratu ziren, arestiko paragrafoan aipatutako epaiarekin lotuta, guztira 95.672 euroren zenbatekoan.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: sarrera hauek ez zuten ia batere aldaketarik izan aurreko ekitaldiaren aldean eta 2016an % 3 egin zuten behera. Bilakaera hori zerga itunduen partaidetzatik eratorritako sarrerek izan dutenaren oso antzekoa izan da (Udalkutxa); sarrera hauek kapituluko diru-sarrera guztien % 90 baino gehiago egiten dute.
Funtzionamendu gastuak: sarrera arruntek ez bezala, gora egin dute aztertutako aldian (% 1,5). Hona hemen alderdi esanguratsuenak aurrekontuko kapituluen arabera:
– Langile gastuak: 2015ean langile gastuek % 2 egin zuten gora aurreko ekitaldiaren aldean, besteak beste, 2012ko abenduko aparteko ordainsaria ordaindu izanaren ondorioz. 2016an kopuru bereko ordainketa egin da, kontzeptu berarekin, oraindik ordaintzeko zegoen gainerakoari dagokiona. Ekitaldi horretan kapituluko gastua % 6 handitu zen, aplikatutako % 1eko ordainsari igoera baino askoz handiagoa. Honi dagokionez esan behar da zenbait ebazpen judizial betez, 2016an 141.029 euro ordaindu zirela udal kontu-hartzaile kargua betetzen zuen langile bat 2010ean ordeztu izanaren ondorioz.
– Ondasun arrunt eta zerbitzuen erosketa: nahiz 2015eko ekitaldian gastuak % 7 egin zuen gora, 2016an izandako % 11ko beheraldiaren ondorioz, aztertutako aldian bariazioa guztira negatiboa izan da, % 5 ingurukoa.
– Transferentzia eta diru-laguntza arruntak: kontzeptu honek eragindako gastuak % 5 egin zuen gora 2015eko ekitaldian aurreko ekitaldiaren aldean eta berriz igo zen 2016an, % 1 baino gutxiago; horren ondorioz, aztertutako aldian bariazioa guztira % 6 ingurukoa izan da. Bilakaera hau udal sozietateari egindako transferentziek izan dutenaren parekoa izan da, aztertutako ekitaldi bakoitzean kapituluko gastuen % 28 egiten dutenak.
Aurrezki gordina eta aurrezki garbia: bi magnitudeek saldo positiboa dute aztertutako aldiaren hiru ekitaldietan, nahiz murriztu diren: % 40 aurrezki gordina eta ehuneko horren gainetik aurrezki garbia. Aurrezki gordina 2014ko ekitaldian sarrera arrunten gainean % 14 izatetik 2016an horien gainean % 9 izatera aldatu da eta aurrezki garbia % 9tik % 5era aldatu da adierazitako aldian magnitude berari dagokionez.
Kapital eragiketen emaitza: magnitude honek saldo negatiboa erakusten du aztertutako aldian, bereziki handia 2014ko ekitaldian. Ondoko ekitaldietan, nahiz inbertsio errealen gastua 2014ko ekitaldiarekiko % 176 eta % 125 bitartean hazi den, diru-laguntzek eta kapital transferentziek eragindako diru-sarreren bilakaerak eragin du kapital eragiketen emaitzaren saldo negatiboa txikiagoa izatea.
Eragiketa ez finantzarioen emaitza: positiboa izan da aztertutako aldi guztian zehar, nahiz % 24 egin duen behera.
Diruzaintza geldikina: 2016ko ekitaldia 2 milioi euroren Gastu Orokorretarako Diruzaintza Geldikinarekin kitatu da. Alabaina, HKEE honek proposatu dituen doikuntzak aintzat hartuz gero, magnitude hau 1,3 milioi eurotara murriztuko litzateke eta Gastu Orokorretarako Diruzaintza Geldikina, berriz, 853.704 eurotara gehitu.
Zorpetzea: 2016an % 14 egin du behera 2015ekoarekiko eta % 12 azken ekitaldi honetan aurrekoarekiko, gauzatu diren amortizazioen ondorioz. Aztertutako aldian ez da beste zorpetze eragiketarik gauzatu.
Ondorioa: nahiz Udalaren egoera ekonomikoa itxura batean osasuntsua den, aurrekontuko magnitudeen gainean egin behar diren zuzenketek egoera doituagoa erakusten digute. Nolanahi den ere, egungo gastu-mailari eutsiz gero, Udalak behar hainbat baliabide ditu funtzionamendu arruntari eusteko eta etorkizuneko inbertsioei aurre egiteko, zorpetu beharrik izan gabe.
Aurrekontuaren egonkortasuna: Udalak eta udal sozietateak 2016ko ekitaldiko aurrekontuen likidazioa dela-eta, aurrekontuaren egonkortasun, gastuaren arau eta zor publikoaren helburuak betetzeari dagokionez egindako azterlanaren ondorioz zera egiaztatu da:
– Aurrekontuaren egonkortasunari buruzko helburua bete da, eragiketa ez finantzarioen superabita eskuratu baita.
– Gastuaren araua bete da, izan ere 2015eko ekitaldiaren aldean zenbakarria den gastuaren bariazioak ez zuen Espainiako ekonomiaren epe ertaineko BPGren erreferentziazko hazkuntza tasa gainditu (% 1,8).
– Zor publikoaren helburua bete da, egiazko zor biziaren bolumena 2016ko abenduaren 31n finantzazkoak ez diren sarreren % 60 baino txikiagoa izan baita.
V.– Urteko Kontuak.
V.1.– Udala.
V.2.– Abanto y Ciérvana-Abanto-Zierbena Zerbitzuak, S.L.
ABANTO Y CIÉRVANA-ABANTO ZIERBENAKO UDALAREN ALEGAZIOAK
II.– Iritzia.
II.1.– Legeak betetzeari buruzko iritzia.
Kontratazioa.
«1.– 2016ko ekitaldian kontratu bidezko estaldurarik gabe hainbat gastu gauzatu ziren, bide garbiketa zerbitzuei, hiri-hondakin solidoen bilketari eta zerbitzu osagarriei zegozkienak, 696.998 euroren zenbatekoan, harik eta kontratu berria indarrean sartu zen arte, urte horretako azaroan esleitu zena.»
Adierazitako bideak garbitzeko, HHSak biltzeko eta zerbitzu osagarriak emateko kontratua 2016ko otsailaren 29an amaitzen zen, baina Abanto y Ciérvana-Abanto Zierbenako Tokiko Gobernu Batzordeak hori luzatzea erabaki zuen, hurrengo kontratua formalizatu arte. Beste kontratu hori 2016ko abenduaren 12an egin zen. Hortaz, Udalaren aldetik akordioa egon zen kontratuarekin jarraitzeko, eta, beraz, baita zerbitzu horiei dagozkien gastuak exekutatzeko ere.
Halaber, adierazi behar da kontratazio-espedienteen izapideetan atzerapenak izan direla 2015eko bukaeratik 2016ko apirilera bitartean, pleguak egiteaz arduratzen den administrazio orokorreko teknikaria aldi baterako ezintasun-egoeran egon zelako.
«2.– Udalak 2016ko ekitaldian energia elektrikoa hornitzeko zerbitzua kontratatu zuen, guztira 409.942 euroren zenbatekoan, esleipen prozedurari dagozkion betekizunak saihestuta eta SPKLTBren 86.2 artikuluak xedatutakoa urratuz. Kontratazio hori, baina, arautze harmonizatuari lotutako kontratuetarako aurreikusitako izapidetzeari meneratu behar zitzaiokeen.»
Esan beharra dago prestazio horren bitartez Udala Bizkaiko Kontratazio Zentralak izapidetutako esparru-akordioan sartu dela. Foru Aldundia arduratu da akordio hori esleitzeaz, eta horren kontratua 2017ko abenduaren 19an formalizatu zen. Halaber, Udalak dagokion kontratua formalizatu du esleipendunarekin.
Udalak energia elektrikoa sistema horren bitartez izapidetzea erabaki du, gastuak aurrezteko eta baldintza ekonomiko onuragarrienak lortzeko helburuarekin. Horrela, gastu publikoa murriztea lortuko dute; izan ere, Zentralaren kontratazio-bolumenari esker (62 erakundek egin dute bat Esparru Akordioarekin) hornitzaileek prezio lehiakorragoak eskaini ditzakete, eta hori onuragarria da Udalarentzat. Sistema horri esker, halaber, kudeaketa eraginkorragoa lor daiteke, izapidetzea sinplifikatu daiteke eta eskuratze-denbora murriztu daiteke.
II.2.– Urteko kontuei buruzko iritzia.
«1.– Epaitegi honen iritzira egin behar ziratekeen doitzeek ondotik zehaztutako eragina dute Udalaren 2016ko abenduaren 31ko Diruzaintza Geldikinaren, Egoera Balantzearen eta Funts Propioen gainean.»
HKEEk proposatutako doikuntza negatiboak, 2016ko Diruzaintzako soberakinean eginikoak, oro har, bai diru-sarreren bai gastuen sortzapen-irizpideari zor zaizkio, eta Epaitegiak aztertutako ekitaldi amaieran estimatutako soberakina alda dezakete. Hala ere, soberakinak izaera metagarria duenez, ez luke eraginik izango Udalbatzaren gaur egungo soberakinean.
«2.– Udalaren Kontu Orokorra ez zaio egokitzen Bizkaiko toki entitateen kontabilitateko izapidean ezarritakoari, 139/2015 FD bidez onartutakoa, izan ere, ez ditu jasotzen ondare garbian aldaketen egoera, eskudiruzko fluxuen egoera, ezta toki entitatearen memoria ere.»
Epaitegiak aipatzen dituen hiru dokumentuei dagokienez, Udaleko kontabilitateko aplikazio informatikoaren bidez egin ziren. Ez zeuden paperean inprimatuta Kontu Orokorraren administrazio-espedientean, ezta Epaitegiari igorritako dokumentazioan ere.
«3.– BFAk 2013ko maiatzaz geroztik betearazte-bidean bildutako kopuruei dagokienez, ez dira aurrekontuan erregistratu berandutza eta premiamenduko gainkarguen interesei dagozkien diru-sarrerak. Zorren printzipalari dagokionez, zorrak bidegabeki ordaindu gabe modura ageri diren kasuetan kobrantzak erregistratu ez direlako, atxikitako narriadura deuseztatzea da egokia bi urtetik gorako antzinatasuna duten haien kasuetan.»
Aldundiak bidalitako dokumentazioa ez da nahikoa bidalitako zorrei kobrantzak egotzi ahal izateko. Bi urtetik gorako antzinatasuna ez da aintzat hartu soberakinaren kalkuluan, aplikatzeko dauden diru-sarrerak kobratzeko dagoen zenbatekoari kendu baitzaizkio, besteak beste, beste edozein gastutarako finantzaketa-iturri izan ez daitezen. Hala ere, informazio gehiago eskatzeko konpromisoa hartu da, kobratzeko dauden saldoak garbitu ahal izateko.
«4.– Ez dago euskarri egoki edo behar adinakorik Udalaren Balantzean jasotako ibilgetu ez finantzarioaren saldoak 2016ko abenduaren 31ko ondasun eta eskubideen egiazko egoerarekin bat datozen ondorioztatzen utziko duenik, ezargarriak zaizkion printzipio eta balorazio irizpideei jarraikiz.»
Euskarri egoki eta nahikoa dago. Kanpoko enpresa batek eta Kontabilitate sailak eginiko aktibo ez-korrontearen guztizko saldoen arteko aldea honi zor zaio: inbentarioaren urteko eguneratzean ekitaldi bakoitzaren akten eta bajen kontu hartu zen, hasierako saldoa kontabilitatearen aldetik zuzendu gabe, zegoen informaziora egokituz. 2017 ekitaldiko Kontu Orokorrean, kontabilitatearen eta inbentarioaren arteko saldoak egokitu egin dira.
«5.– Ez dago euskarri egoki edo behar adinakorik Udalaren Balantzean jasotako epe luzeko finantza inbertsioen saldoak 2016ko abenduaren 31ko ondasun eta eskubideen egiazko egoerarekin bat datozen ondorioztatzen utziko duenik, ezargarriak zaizkion printzipio eta balorazio irizpideei jarraikiz.»
Euskarri egoki eta nahikoa dago. Epe luzeko finantza-inbertsioen saldoek ez zituzten barne hartzen langileei emandako maileguen itzulketak, aurrekontuko kontabilitatetik ondarekora aldatzeko tauletan konfigurazio arazo bat egon baitzen. Saldoa 2017 ekitaldiko Kontu Orokorrean zuzendu da. Bestetik, 2005ean likidatutako udal-sozietate baten partaidetza bat erregistratuta zegoen. 2017 ekitaldiko Kontu Orokorrean, kontabilitatearen eta inbentarioaren arteko saldoa egokitu egin da.
III.– Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
III.1.– Aurrekontua eta Kontabilitatea.
«2016ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorra ez zen 2015eko abenduaren 31 baino lehenago behin betiko onartu, Bizkaiko Lurralde Historikoko Toki Entitateen Aurrekontuei buruzko abenduaren 2ko 10/2003 FAren 15.2 artikuluak agintzen duen moduan.»
Hasierako onespena 2015eko abenduaren 17ko osoko bilkuran egin zen. Ondoren, espedientea jendaurrean jarri zen 15 eguneko epean, 2015eko abenduaren 21eko BAOn argitaratuta. 2016ko urtarrilaren 19an behin betiko onespena argitaratu zen, eta egun horretan bertan sartu zen indarrean. Aurreko ekitaldiko aurrekontua luzatu zen, aurrekontu-araudian jasotzen denari jarrikiz. Nolanahi ere, ez zen kalterik izan gastuaren betearazpenean, aurrekontuaren luzapena 19 egunez egon baitzen soilik indarrean.
«2016ko ekitaldian aurrekontuaren egonkortasun helburua bete izanari buruzko tokiko Kontu-hartzailetzaren txostena egitea Udalari soilik zegokion, ez mendeko duen Abanto y Ciérvana-Abanto-Zierbena Zerbitzuak, S.L. entitateari; gainera, egindako kalkuluek ez zituzten Nazio eta Lurraldeko Kontuen Europako Sistemaren arabera ezargarriak diren doiketak txertatzen (1463/2007 Errege Dekretuaren 16.2 artikulua, azaroaren 2koa, Aurrekontuaren Egonkortasunari buruzko abenduaren 12ko 18/2001 Legea garatzeko araudia onesten duena, toki entitateei dagokienez).»
Kontu Hartzailetzaren txostenean jasota ez badago ere, KESen araberako baterakuntza eta doikuntzak egin ziren, eta Toki Erakundeen Laguntzarako Foru Zerbitzuari epe barruan igorritako formularioetan islatu ziren.
«2016ko ekitaldian Udalak 244.264 euroren zerga-sarrerak kontabilizatu zituen transferentzia eta diru-laguntza arrunten kapituluan.»
OHZren eta EJZren urteko likidazioari zegozkion hiru diru-sarrera izan ziren, eta 2015eko Udalkutxaren urteko likidazioarekin denboran bat egin zutenez, oker batengatik guztiak sartu ziren kapitulu berean. Nolanahi ere, ez dituzte balantzea eta emaitzen kontua aldatzen, eta ez diote eragiten idatzitako urteko kontuen fideltasunari.
«Udalak transferentzia eta diru-laguntzen kapituluan ondasun eta zerbitzuen kontratazioari dagozkion gastuak, nagusiki kultur ekintza eta festen ospakizunekin edo gizarte zerbitzuen arloarekin lotutakoak; ordea, zuzena gastuen bigarren kapituluari egoztea litzateke.»
Udal-sozietateak gastu gisa kontabilizatzen du, eta aintzat hartuta sozietateak Udalarekin bat egiten duela, gastuak urteko kontu bateratuen 2. kapituluan agertzen dira.
«Langileari emandako aurrerakin eta maileguen itzulketak ez dira kontabilitatean emakidak erregistratzen diren kontu berean erregistratzen eta kontularitzako saldoak egiazko saldoa 69.325 euroan gainditzen du 2016ko ekitaldi itxieran, ondoko taulan ikus daitekeen moduan.»
Ohar horri dagokionez, 5. iritzian adierazitakoari lotzen gatzaizkio.
III.2.– Sarrera Fiskalak.
«Udalak 2013ko maiatzean hitzarmen bat izenpetu zuen BFArekin nahitaezko diru-bilketaren kudeaketa gauzatzeko. Gerora BFAk aipatutako hitzarmena aplikatuta egindako kobrantzengatik transferitutako kopuru guztiak identifikatu gabe daude, aplikatzeko zain dauden kobrantzen kontu-sail batean. Udalak ez daki zein zergadunek egin dituzten ordainketak eta zein kontzeptutarako.»
Ohar horri dagokionez, 3. iritzian adierazitakoari lotzen gatzaizkio.
«Hiri izaerako lursailen balioaren igoeraren gaineko zergaren likidazioak (HILBIZ) atzerapen handiz egiten dira Udalean eta fiskalizazio-gai izan den ekitaldian kontabilizatutako sarrerak eraikinen transmisioei dagozkie, oro har hiru urte lehenago egindakoenak.»
Erabaki zen zentzuzkoena zela zerga hori arautzen duen araudiari buruz zegoen ezjakintasun juridikoa ebatzi arte itxarotea. Eta hori ebatzi denean, likidatzen hasi da.
III.3.– Langileria.
«Udalaren Lanpostu-zerrenda ez zaio plantillaren egiturazko beharrizanei egokitzen eta behar horiei zerbitzu enpresen kontratazio bidez erantzuten zaie. Adierazitako prozedura erabili izanaren ondorioz, 2016ko ekitaldi itxieran lan kontratu mugagabe ez finkoko izaera zuen langile bat zegoen funtzionarioentzat gordeta behar luketen egitekoak betetzen, EFPLren 19. artikuluari jarraikiz.»
Estatuko aurrekontu orokorren legeak zenbait muga ezartzen ditu urtero lanpostuak eta plazak sortzeari dagokionez; hori dela eta, zaila da plantilla benetako beharretara egokitzea. Bestalde, kontratuen legeriak ez du debekatzen zerbitzu-enpresak kontratatzea. Gainera, 2012ko abenduaren 28an, 816 zenbakiko Alkatetza Dekretuaren bidez onetsi ziren toki-erakundeek kanpoko zerbitzuak behar bezala kontratatzeko jarraibideak, lan-harreman bat aitortzeko erabakigarritzat jo daitezkeen egintzak saihesteko. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/85 Legean, 84.–85. artikuluetan, tokiko zerbitzu publikoak zuzenean eta zeharka kudeatzeko aukera ezartzen da; hortaz, zerbitzu-enpresak kontratatzea baimentzen da.
Aipatu behar da langile bat lan-kontratu mugagabe ez-finkoarekin egotearen arrazoia ez dela izan zerbitzu-enpresa bat kontratatu izana; langileen legez kanpoko lagapena egon da tartean. Kultura-zerbitzua Abanto y Ciérvana-Abanto-Zierbena Zerbitzuak S.L. udal-enpresa publikoaren esku utzi zen (aurrerantzean, AZZ S.L.) 2010eko uztailaren 29ko osoko bilkuran onetsitako kudeaketa-aginduaren bidez. Era berean, AZZ S.L.k Enkartur erakundea azpikontratatu zuen zerbitzu hori emateko. Azpikontratatutako pertsonak erreklamazio bat jarri zuen, langileen legez kontrako lagapena egon zelako eta, 10. zenbakiko lan-arloko epaitegiaren martxoaren 20ko 95/2015 Epaiaren bidez, kondenatu egin ziren Udala, AZZ S.L. enpresa publikoa eta Enkartur erakundea. Horrez gain, interesdunari aukera eman zitzaion nahi zuen lantokia aukeratzeko, eta Udala aukeratu zuen.
Lanpostu hori sortu zenean, 2015eko apirilaren 30eko osoko bilkuran Lanpostu Zerrenda aldatzeko hartutako erabaki bidez, funtzionario gisa sortu zen, hala ezartzen baitu araudiak, gauzatzen dituen funtzioak kontuan hartuta. Interesdunak erabaki horren aurkako errekurtsoa jarri zuen eta, ondorioz, lanpostua lan-kontratudun gisa eratu zen, bat etorriz Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salak emandako 390/2017 Epaiarekin.
«2016ko urtean egindako aldi baterako lan-kontratuko langileen bi kontrataziotan, epe motzekoak, ez da behar hainbat egiaztatu hautaketa-prozedurarik batere egin denik.»
Udalak langileak hautatzeko araudia errespetatzen eta betetzen du, baita berdintasun-, merezimendu-, gaitasun- eta publizitate-printzipioak ere. Ikastetxea garbitu behar zela eta, langile hori berehala kontratatu behar izan zen, garbiketa-lanak egiteko. Gure lan-poltsan inor ere libre ez zegoenez, enplegu-zerbitzu publikora jo genuen; izan ere, ordu batzuk baino ez genituen garbiketa-ordutegia hasteko.
Lan-poltsa handitu arte itxaron izan bagenu, osasungarritasun-baldintzak kaltetu egingo lirateke, inork ez bailuke garbituko udalerriko ikastetxeetako bat.
Gaur egun lan-poltsak handitu egin dira, eta, existitzen ez diren lanpostuetan, lan-poltsetarako deialdiak egiten ari gara, Udalerako langileak hautatzeko, batez ere premiaz ordezkatu behar diren lanpostuetarako.
III.5.– Kontratazioa.
Kontratazio espedienteak.
Ikuskatutako urtean indarrean zeuden hamabi kontratu berrikusi ondoren, honako alderdi hauek detektatu dira:
«Kontratu baten esleipen-ebazpenak (5 zk. espedientea), aleko prezioetan esleitutakoa, ez zuen ezargarria den hitzarmen kolektiboari buruzko informaziorik barne hartzen, apirilaren 7ko 3/2016 Legeak agintzen duen moduan, kontratazio publikoan klausula sozial jakin batzuk barne hartzeari dagokionez.»
5. espedientearen (etxeko laguntza zerbitzua) subrogazio-eranskinean zehazten zen Bizkaiko etxeko laguntza zerbitzuaren hitzarmen kolektiboa aplikatu behar zaiela subrogazio-eskubidea duten pertsonei. Kontratuen Legearen testu bateginaren 120. artikuluan eta zenbait klausula sozial kontratazio publikoan sartzeko apirilaren 7ko 3/2016 Legearen 5. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Halaber, kontratua esleitu baino lehen, eskaintza onena egin zuen enpresak erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu zuen. Adierazpen horren arabera, aplikatu beharreko hitzarmena Bizkaiko etxeko laguntza zerbitzuaren hitzarmen kolektiboa da.
Beraz, Udalak bazekien zein hitzarmen kolektibo aplikatuko zitzaien kontratuaren parte izango ziren langileei, 3/2016 Legean zehazten diren helburuak betetzeko; izan ere, honako hau dio lege horrek: «Kontratazio publikoa jarduera ekonomiko esanguratsua da, eta haren mende daude kontratu publikoak esleituta dauzkaten enpresa pribatuetan lan egiten duten pertsona asko; horregatik, botere publikoek egiaztatu behar dute laneko betebeharrak betetzen direla, eta helburu horrekin onartzen da lege hau».
«Atzerapenak gertatu ziren 203.488 euroan esleitutako bi kontraturen egikaritzan (2 eta 8 zk. espedienteak) eta ez dago jasota luzapenak gauzatu izana. Bietan ere egikaritza epea negoziatu beharreko ezaugarrietako bat izan zen esleipenduna hautatzeko orduan eta berandutzeak egikaritza epeen gainean % 300dik gorakoak izan ziren.»
2. espedienteari dagokionez (Rubiaseko tunela egonkortzeko lanen kontratua), Rubiaseko tuneleko lanak epe barruan amaitu zituzten. Xehetasun txiki batzuk amaitu gabe gelditu ziren; hala ere, 2016ko uztailaren 22an tunela ireki zuten. Laburbilduz, bi asteko atzerapena egon zen, eta ez lau astekoa, hasiera baten aurreikusi zuten moduan.
8. espedienteari dagokionez (gimnasiorako ekipamendua hornitu eta instalatzea), gimnasiorako makinak esleipendunak eskainitako astearen barruan hornitu eta instalatu zituzten, pisuak gordetzeko altzaria izan ezik. Hori dela eta, harrera-akta hiru aste beranduago sinatu zuten. Hala ere, gimnasioak zerbitzuak ematen jarraitu zuen, aurretik zeukaten armairua erabili baitzuten pisuak gordetzeko. Beraz, atzerapenak ez zion kalterik egin Udalari.
«133.986 euroren zenbatekoan esleitutako obra batean (2 zk. espedientea) ez dago jasota dagokion harrera-akta egin zenik (SPKLTBren 234.2 artikulua).»
2. espedienteari begira (Rubiaseko tunela egonkortzeko lanen kontratua), dokumentu bat sinatu zuten, zehaztuz lanak proiektuaren arabera egin direla eta obraren zuzendariaren oniritzia dutela. Horrez gain, zehaztu zuten lanek exekuzio-proiektuaren preskripzioak bete dituztela eta dagoeneko amaitu dituztela. Beraz, SPKLTBren 235.2 artikuluan xedatutakoa bete zuten.
«Udalak ez du prozedura negoziatu bitartez administrazio-kontratazioko derrigorrezko espedientea izapidetu, gas-hornidurari dagozkion 48.703 euroren gastuen egikaritzan.»
Esan beharra dago prestazio horren bitartez Udala Bizkaiko Kontratazio Zentralak izapidetutako esparru-akordioan sartu dela. Foru Aldundia arduratu da akordio hori esleitzeaz. Halaber, Udalak dagokion kontratua formalizatu du esleipendunarekin.
Udalak gas-hornidura sistema horren bitartez izapidetzea erabaki du, gastuak aurrezteko eta baldintza ekonomiko onuragarrienak lortzeko helburuarekin. Horrela, gastu publikoa murriztea lortuko dute; izan ere, Zentralaren kontratazio-bolumenari esker hornitzaileek prezio lehiakorragoak eskaini ditzakete, eta hori onuragarria da Udalarentzat. Sistema horri esker, halaber, kudeaketa eraginkorragoa lor daiteke, izapidetzea sinplifikatu daiteke eta eskuratze-denbora murriztu daiteke.
III.6.– Beste Batzuk.
Gardentasuna.
«Abenduaren 9ko 19/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzkoa, udalek aldika-aldika eta modu eguneratuan argitara eman beharko dute informazioa, zeinaren ezagutza garrantzizkoa den euren jardueraren gardentasuna bermatzeko, jarduera publikoaren funtzionamendu eta kontrolari dagokionez. Lege hau zuzen betetzeko Udalak web orrian argitaratu behar lituzke, besteak beste, urteko kontuak, aurrekontuaren egikaritzari eta aurrekontuaren egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren helburuak betetzeari buruzko informazioa eta tokiko ordezkarien ondasun eta jardueren urteko aitorpenak.»
Dokumentu batzuk ez dituzte argitaratu oraindik. Estatuko Aurrekontuen Legeak ezarritako mugen eta aurrekontu-egonkortasunaren ondorioz ezin izan dira baliabide material nahiz giza baliabide egokiak lortu araudian zehaztutako guztia betetzeko. Dena dela, argitaratzeko eta araudian xedatutakora egokitzeko ahaleginak egiten ari dira.
IV.– Finantza Analisia.
«Diruzaintza geldikina: 2016ko ekitaldia 2 milioi euroren Gastu Orokorretarako Diruzaintza Geldikinarekin kitatu da. Alabaina, HKEE honek proposatu dituen doikuntzak aintzat hartuz gero, magnitude hau 1,3 milioi eurotara murriztuko litzateke eta Gastu Orokorretarako Diruzaintza Geldikina, berriz, 853.704 eurotara gehitu.»
Ohar horri dagokionez, 1. iritzian adierazitakoari lotzen gatzaizkio.