EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-25 Aldizkari honetan argitaratua: 2019018

EDIKTUA, adostasunik gabeko dibortzioari buruz bideratutako 134/2017 prozeduraren ondoriozkoa.

Xedapenaren data: 2019-01-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201900424
Maila: Ediktua
JAKINARAZPEN-ZEDULA
Adostasunik gabeko dibortzioari buruzko 134/2017 prozeduran epaia eman da. Prozedura Barakaldoko (Bizkaia) Lehen Auzialdiko 5 zenbakiko Epaitegian bideratu da, Sakaneno Luis jaunaren aurka, Segunda Nguili Lili-Luis andreak eskaturik. Haren idazpurua eta epaitza honako hauek dira:
EPAITZA
Baiesten dut Segunda Nguili Lili Luis andreak Sakaneno Luis jaunaren aurka aurkeztutako demanda. Horrenbestez, alderdien arteko ezkontza-lotura dibortzio bidez deseginda dagoela dekretatzen dut, deklarazio horrek berekin dakartzan legezko ondorio guztietarako. Horretaz gainera, honako neurri hauek onartzen ditut, alderdien eta XXXXX adingabeko alabaren arteko harremanak arautzeko:
A) Sakaneno Luis jaunak XXXXX alaba komunarekiko zuen guraso-ahala bertan behera uztea; izan ere, ahal hori aurrerantzean amak baliatuko du esklusiboki, eta zaintza eta jagoletza ere amari esleitzen zaizkio, eta zaintza ez duen gurasoak bisita- eta egonaldi-erregimena izatea ez da bidezkotzat jotzen.
B) Alabaren alde eta zaintza ez duen gurasoaren kargura, hileko 120 euroko mantenu-pentsioa ezartzea, zeina hilabeteko bakoitzeko lehen bost egunen barruan ordaindu beharko den, eta urtero eguneratuko da Estatistika Institutu Nazionalak edo haren ordezko erakundeak Estatu osoarentzat argitaratutako KPIren arabera; zenbaketa hasteko oinarritzat ebazpen honen eguna hartuko da.
C) Alaba adingabearen ezohiko gastuak, bi gurasoek ordainduko dituzte, erdibana, ebazpen honen zuzenbideko oinarrietan adierazten den eran. Dena dela, premiazkoak ez diren ezohiko gastuak biek baimendu beharko dituzte. Baimena emantzat joko da, baldin eta beste alderdiak jakinarazpen fede-emailea egin eta hurrengo 10 egunetan berariazko eragozpenik jartzen ez bada (jakinarazpen horretan adieraziko da zer gastu egin nahi den, zergatik den beharrezkoa eta zenbatekoa den, eta, gainera, dagozkion agiriak jasoko dira han). Eta hori guztia auzialdian sortutako kostuei buruzko berariazko erabakirik hartu gabe.
Ebazpen hau irmoa denean, jakinarazi bekio ofizioz Erregistro Zibil Zentralari, orri-bazterreko oharra egin dadin. Ez da berariaz erabakirik hartzen auzialdi honetan sortutako kostuei buruz.
Aurkaratzeko modua: Bizkaiko Probintzia Auzitegian aurkeztutako apelazio-errekurtsoaren bidez (PZLb, 455. artikulua). Errekurtsoa egiteko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan, hogei egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta biharamunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, hauek adieraziko dira: aurkaratzea zein alegaziotan oinarritzen den eta apelatutako ebazpena eta aurkaratutako erabakiak zein diren (PZLb, 458.2 artikulua).
Errekurtsoa jarri ahal izateko, 50 euroko gordailua eratu beharko da, eta, baldintza hori bete ezean, ez da hura izapidetzea onartuko. Gordailua egiteko, zenbateko hori zainpean jarri beharko da epaitegi honek Banco Santanderren duen gordailu eta kontsignazio kontuan. Kontuaren zenbakia hauxe da:4795. Ordainagiriaren kontzeptua idazteko hutsunean, «errekurtsoa» dela adierazi beharko da (kodea: 02-Apelazioa). Kontsignazioa egiaztatu beharko da errekurtsoa aurkeztean (BJLOren 15. xedapen gehigarria).
Errekurtsoa jartzeko, gordailua eratzetik salbuetsita daude aipatutako xedapenaren 5. apartatuan aipatzen direnak eta doako laguntza juridikorako eskubidea aitortua dutenak.
Eta epai honen bidez erabaki, agindu eta sinatzen dut.
Eta Sakaneno Luis demandatuari behar bezala jakinarazteko, eman eta sinatzen dut ediktu hau, Barakaldon (Bizkaia), bi mila eta hemeretziko urtarrilaren hamabosta.
JUSTIZIA ADMINISTRAZIOAREN LETRADUA.