EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2019017

EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 16koa, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariarena, arrantzako kapitainaren titulazioa lortzeko 2019ko azterketa arruntetarako deialdia egiteko dena. Deialdia arrantza-sektoreko titulu profesionalak arautzen dituen urtarrilaren 24ko 36/2014 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera egiten da.

Xedapenaren data: 2019-01-16
Hurrenkenaren zenbakia: 201900385
Maila: Ebazpena
Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 18. artikuluan ezarritakoaren arabera, Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari dagokio itsas arrantzarako gaikuntza profesionala sustatzea; eskumen horren eta arrantza-sektoreko titulu profesionalak arautzen dituen urtarrilaren 24ko 36/2014 Errege Dekretuak ezarritakoaren arabera, hau
EBAZTEN DU:
2019an arrantzako kapitainaren titulazioa lortzeko azterketa teorikoa egiteko ondoren adierazten diren 2 deialdiak egitea:
1. deialdia.– 2019ko otsailaren 25etik aurrera.
2. deialdia.– 2019ko urriaren 14tik aurrera.
Azterketen data zehatzak «Blas de Lezo Pasaiako Itsas Arrantza BHI» institutuaren iragarki-taulan iragarriko dira, azterketak egin baino astebete lehenago.
Deialdiak honako hauen arabera egingo dira:
DEIALDIAREN OINARRIAK
Lehenengoa.– 1.– Azterketak Pasaian (Gipuzkoa), «Blas de Lezo Pasaiako Itsas Arrantza BHI»n egingo dira.
Halaber, azterketa guztiak horretarako eratutako epaimahaiak ebaluatuko ditu. Epaimahaia eratzeko, ebazpen honen 5. oinarriak xedatutakoa eta otsailaren 2ko 16/1993 Dekretuak zerbitzuko arrazoiak direla-eta eman beharreko kalte-ordainei buruz xedatutakoa hartu behar da kontuan.
2.– Azterketak egungo programetara egokituko dira, martxoaren 7ko APM/243/2018 Aginduaren arabera, zeinaren bidez garatzen baita 36/2014 Errege Dekretua, urtarrilaren 24koa, arrantza sektoreko titulu profesionalak arautzen dituena.
3.– Eskabideak formalizatu beharko dira Pasaian (Gipuzkoa), «Blas de Lezo Pasaiako Itsas Arrantza BHI» institutuaren idazkaritzan.
4.– Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko 3/2018 Lege Organikoan xedatutakoa betez, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak adierazten du eskabideetako datu pertsonalak fitxategi automatizatu batean sartuko direla, erabiltzeko. Nahi izanez gero, eskatzaileak eskubidea izango du datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezeztatzeko eta datuen aurka egiteko, legeak aurreikusi bezala. Horretarako, idazki bat bidali beharko du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Arrantza eta Akuikultura Zuzendaritzara (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), erabilpen horren arduradun den heinean.
Eskabidea formalizatu ondoren, agiri hauek aurkeztu beharko dira:
– Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, bizileku-txartela edo indarrean dagoen pasaportea.
– Alturako arrantzako patroiaren, alturako patroiaren (arrantza) titulua, edo titulu hori eskatu izanaren gordekina.
5.– Halaber, izangaiek ondoren azaltzen diren Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, bizileku-txartela edo indarrean dagoen pasaportea eraman beharko dituzte azterketa teorikoetara.
6.– Eskabideak honako epe hauen barruan aurkeztuko dira:
1. deialdia, 2019ko otsailean: 2019ko otsailaren 4tik 15era arte.
2. deialdia, 2019ko urrian: 2019ko irailaren 23tik urriaren 4ra arte.
7.– Azterketetan parte hartzeko dokumentazioa «Blas de Lezo Pasaiako Itsas Arrantza BHI» institutuan (Marinelen kalea 2, Pasai San Pedro, Gipuzkoa) aurkeztu ahal izango da.
8.– Azterketara aurkeztu ezean, matrikula ezin izango da hurrengo deialdi baterako aldatu, ezta azterketako eskubideak itzuli ere, tartean oso arrazoi larriak ez badira behintzat (arrazoi horiek epaimahaiaren aurrean behar bezala frogatu beharko dira).
Bigarrena.– Azterketak baloratuko dituzten epaimahaiak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak izendatuko ditu.
Hirugarrena.– Epaimahaiburuek zentro aztertzaile bakoitzeko iragarki oholean agerraraziko dituzte deialdi eta titulazio guztietako azterketen datak, deialdi honetan ezarritako epeetan, eta lehenengo oinarrian ezarritakoa ere betez. Era berean, behar den denborarekin, zentro bakoitzeko iragarki-oholean, titulazioetako bakoitzaren azterketa-orduak, epaimahai aztertzaileen osaera eta onartuen eta baztertuen zerrendak adieraziko dituzte.
Laugarrena.– Azterketak amaitutakoan, ebazpen honetako bigarren oinarrian adierazitako administrazio-bulegoetako iragarki-oholean jarriko dira ikusgai lortutako kalifikazioen zerrendak. Izangaiek egokitzat jotzen dituzten erreklamazioak aurkeztu ahal izango dizkiote epaimahaiburuari, aipaturiko zerrenda horiek jendaurrean jarri eta 5 eguneko epearen barruan. Erreklamazioak behar bezala arrazoitu beharko dira, eta epaimahaiko idazkariari bidali beharko zaizkio, NANaren fotokopiarekin batera. Datu pertsonalak, helbidea eta posta-kodea azaldu beharko dira, idatziz erantzun ahal izateko.
Azterketak 2 urtez gordeko dira, kalifikazioak irmo bihurtzen diren unetik aurrera. Salbuespenez, berrikusi diren azterketak 3 urtez gordeko dira.
Bosgarrena.– Deialdi honen aurka eta beronen ondoriozko egintza administratibo guztien aurka jo ahal izango da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/12015 Legean ezarritako modu eta kasuetan.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 16a.
Arrantza eta Akuikulturako zuzendaria,
LEANDRO AZCUE MUGICA.