EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2019016

EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Bilboko Portu Agintaritzaren egoitzan eta beste zenbait jabetzatan Bilboko HAPO aldatzeari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa eta irismen-dokumentua egiteko dena.

Xedapenaren data: 2019-01-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201900360
Maila: Ebazpena
EGITATEZKO AURREKARIAK
Bilboko Udalak, 2018ko maiatzaren 18an, eskaera bat aurkeztu zuen ingurumen-organoan, hain zuzen ere, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura izapidetzen hasteko, honako plan honen aldaketari dagokionez: Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (aurrerantzean, Plana) aldatzea Bilboko Portu Agintaritzaren egoitzan eta beste zenbait jabetzatan, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoaren arabera. Eskaerarekin batera, zenbait agiri aurkeztu zituen, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategiko bat, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. eta 29. artikuluetan xedatutako edukia zuena.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua aplikatuz, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak zenbait erakunderi eskatu zien egoki ikusten zituzten oharrak egiteko, ingurumen-organo horrek, ohar haiek oinarritzat hartuta, ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiari, Ura Uraren Euskal Agentziari, Euskal Herriko Itsasertz Mugarteari, Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari eta Eguzki «Eguzkizaleak» aisialdi-elkarteari.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin zitzaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, honako hauek erantzun dute: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Zuzendaritza Nagusiak, URA Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Lanen Zuzendaritzak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, beste helburu batzuen artean, plangintza-prozesuaren lehen faseetan ingurumenaren gaineko ondorioen analisia txertatzea, aukerarik egokienak hautatzeko, jardueren metatze- eta sinergia-efektuak aintzat hartuta.
Plana abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluaren kasuetan sartzen da; artikulu horretan, aurreikusten da ingurumen-organoak zer plan eta programari egin behar dien ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo plan, edo programaren gainean ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra dagoela, ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzakeelako; gainera, ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuak proposatuko du zer eduki izan behar duen irismen-dokumentuak, hala badagokio. Ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko prozedura 29. artikulutik 32. artikulura bitartean araututa dago, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.
Dokumentazio teknikoa eta Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak aztertuta, eta ikusita hasierako dokumentu estrategikoa zuzena dela eta bat datorrela indarreko araudian ezarritako alderdiekin, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –eskumena duen organoa baita otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du. Txostenak dioenez, Planaren proposamenean egoki jasota daude ingurumen-arloko alderdiak; txostenak, gainera, iritzia ematen du Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien gainean, eta jasotzen du zein diren ingurumen-ondorioetarako soilik sartu behar diren azken zehaztapenak.
Honako hauek ikusi dira: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legea, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Ingurumen-txosten estrategikoa egitea, honako plan honen aldaketari buruz: Bilboko Portu Agintaritzaren egoitzan eta beste zenbait jabetzatan Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeari buruz. Hona txostenaren edukia:
A.– Planaren deskribapena: helburuak eta jarduketak.
Jasotako dokumentazioaren arabera, Planaren xedea da Bilboko Portu Agintaritzan dagoen orube eraiki bat birkalifikatzea. Campo Volantín 37an eta Huertas de la Villa 45ean dago eraikina, eta hotel bat eta bulego-eraikin bat daude han, hurrenez hurren. Birkalifikazioaren arrazoia da aipatutako eraikinen garrantzia nabarmentzea, orubea hobeto aprobetxatze aldera. Izan ere, Portu Agintaritzaren bulegoak Santurtziko udalerrira aldatu dira, eta, egun, han garatzen du jarduera nagusia.
Aldaketa puntualak, gainera, helburutzat du 1.110 m
Eraikina handitzeak berekin dakar zoruaren eremu bat erreserbatu beharra, erabilera publikoko lorategiak eta espazio libreak egiteko. Kasu honetan, ordea, aldaketa puntualari buruzko hirigintza-dokumentuak dionez, ez dago modu materialik zorua lagatzeko aldaketaren eremuna. Hori dela eta, proposatzen da Portu Agintaritzaren 1.340 m
Bestalde, aurkeztutako hirigintza-dokumentuaren arabera, Planetik eratorritako jarduketetan, egungo eraikinen babes-mailari eutsiko zaio, betiere Bilbon indarrean dagoen HAPOrekin bat etorriz, hau da: A babes-maila, babes berezia, Olabarri eraikinerako, eta C maila, oinarrizko babesa, atxikitako eraikinerako (bulego-erakinerako).
B.– Planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aplikatuko dira plan edo programa bati ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin behar zaion zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak, bereziki honako hauek kontuan hartuta:
a) Planak zenbateraino ezartzen duen proiektuetarako eta beste jarduera batzuetarako esparrua: Plana eraikuntza-proiektu baten esparrua da, baina, aurkeztutako dokumentazioaren arabera, ez du ezartzen baldintzarik –besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokienez– etorkizunean baimena emateko beste proiektu batzuei, zehazki ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legerian jasotako kategoriaren bateko proiektuei.
b) Zer neurritan eragiten duen Planak beste plan edo programa batzuetan: ingurumen-ikuspegitik, Planak ez du ondorio aipagarririk izango beste plan edo programa batzuetan.
c) Plan berezia egokia den ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko, batez ere, garapen jasangarria sustatzearren: Planaren helburua da, besteak beste, zoruaren erabilera efizientea babestea eta optimizatzea. Nolanahi ere, proposamena eta indarrean dagoen araudia bateragarriak direla bermatzen ez den bitartean, ezin da ziurtatu zoruak gaitasuna duenik aurkeztutako proposamena han gauzatzeko.
d) Planarekin edo programarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsu batzuk: batetik, Planak proposatzen du azalera eraikigarria handitzea azterlanaren eremuan dagoen eraikinetako batean; eta, bestetik, eremua uholdeak jasateko arrisku handia duen inguru batean dago, lehentasunezko fluxu-eremuaren barruan. Urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren bidez, Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko eta Espainia barneko Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko Mugapen Hidrografikoen Plan Hidrologikoen berrikuspena onartzen da. Bada, errege dekretu horren 41. artikuluan ezartzen denez, jabari hidrauliko publikoko polizia-eremuaren kanpoaldeko uholde-arriskua duen aldean aplikatuko diren erabilera-mugak 40. artikuluan jasotako berberak izango dira. Artikulu horretan ezartzen denez, salbuespenez baimena emango da alde batean edo bietan eraikuntza finkatuko mehelinak dauzkaten orubeetako eraikinak birgaitzeko, baldin eta esku-hartzeek berekin ez badakarte espazio kalteberen azalera edo bolumena handitzea. Hortaz, lege hori aintzat hartuta, uste da egungo eraikinetako baten bolumena handitzeko proposamenak ingurumen-arazo esanguratsuak eragin ditzakeela.
Gainera, Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena aintzat hartuta, proposamenak inpaktu itzulezina izan dezake eraikin-multzoan, ez baita bateragarria eraikinetako baten ondare-balioei dagozkien eraberritze zientifikoko eta kontserbadoreko esku-hartzeekin –izan ere, uste da erakin horrek merezi duela Kultura Ondasun Kalifikatu izendatzea–.
2.– Sor daitezkeen ingurumen-efektuak eta seguruenik eraginpean izango den eremuaren ezaugarriak:
Eraginpean gera litekeen eremuaren ezaugarriak aztertu dira, eta egindako proposamenak ikusi dira. Beraz, aintzat hartuta indarrean dagoen araudian ezarritako mugak eta ingurumen-dokumentu estrategikoan bildutakoak, ondorioztatzen da jarduketek ez dutela izango ingurumen-efektu esanguratsurik, salbu eta eraikin-multzoaren eraikigarritasuna handitzeko proposamena, multzoa uholdeak jasateko arrisku handia duen eremu bateko fluxu-aldean baitago.
Bigarrena.– Ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoarekin bat etorriz, Planari ingurumen-ebaluazio arrunta egin behar zaio. Izan ere, ezin da baztertu plan hori ezartzeak ingurumenean efektu esanguratsuak izatea.
Hirugarrena.– Bilboko Portu Agintaritzaren egoitzan eta beste zenbait jabetzatan Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra aldatzeari dagokion ingurumen-azterlan estrategikoari buruzko irismen-dokumentua egitea, ingurumen-ondorenetarako bakarrik eta honako baldintza hauen arabera:
Ingurumen-azterketa estrategikoak honako gutxieneko eduki hau hartu beharko du barnean: abenduaren 9ko 21/2013 Legearen IV. eranskinean eta Plan eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoaren prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren II. eranskinean ezarritakoa (I. eranskinean jasotakoa ere kontuan izan behar da).
Eremuaren ezaugarriak eta garatu nahi diren jarduketak kontuan izanik, gai hauek jaso beharko dira, besteak beste:
A.– Ingurumen-helburu estrategikoak, printzipioak eta jasangarritasun-irizpide aplikagarriak.
Ingurumen-azterlan estrategikoak berariaz justifikatu beharko du Planak nola ezartzen dituen araudietatik, estrategietatik eta oro har onartutako programetatik eratorritako ingurumen-helburuak; nagusiki, 2020rako IV. Ingurumen Esparru Programaren helburu estrategikoak eta jarduketa-lerroak hartuko dira Plana egiteko funtsezko oinarri gisa. Horrez gain, xedapen hauetan bildutako irizpideak jaso beharko ditu: Euskal Autonomia Erkidegoko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean, urriaren 16ko 211/2 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duen apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretuan bildutakoak.
Zehazki, garrantzizkoa da Planean honako irizpide hauek jasotzea:
– Arrisku naturalak dituzten zoruen urbanizazioa geldiaraztea, zorua erabiltzeko irizpideak uholdeak izateko graduaren arabera aplikatuz.
– Udalerriko paisaiak eta kultura-ondarea kontserbatu eta hobetzea.
Ingurumen-ebaluazio estrategikoaren azterlanak ebaluatu beharko du proposatutako jarduketetan zenbateraino biltzen diren ingurumen-helburu estrategikoak eta jasangarritasun-irizpideak, aipatutako garapen jasangarriko printzipioetatik datozenak.
B.– Ingurumen-ebaluazioaren esparru geografikoa.
Ingurumen-azterlan estrategikoak Planaren aplikazio-eremua deskribatu beharko du, ingurumen-ikuspegitik. Hiri-eremu bat da, Bilboko hirigunean dagoena, Salve aldean. Orube bat du, eta, han, bi erakin daude: bata, bulego-eraikin bat, eta, bestea, Olabarri familiaren Hotela deritzona.
Identifikatu beharreko ingurumen-ezaugarri nagusia da eremua lehentasunezko fluxu-inguruan dagoela, EAEko uholde-arriskugarritasuneko eta -arriskuko mapen arabera (URA, 2013), 100 urteko uholde-orbanaren barruan, alegia.
Adierazi beharra dago, era berean, aldaketa puntualaren xede diren eraikinek Udalaren babesa dutela, kultura-ondarearen ondasunak diren aldetik Bilboko HAPOren arabera. Olabarri Hotela-Jauregitxoak A babes-maila du, babes berezia; erantsitako bulego-erakinak, berriz, C mailakoa, oinarrizkoa. Ingurumen-azterlan estrategikoan, kontuan hartu beharko da, halaber, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzak jakinarazi duela eraikin horri EAEko Monumentu Multzoaren kalifikazioa emateko proposamena egin dela.
C.– Ingurumenaren ikuspegitik esanguratsuak diren eremuak zehaztea.
Ingurumena babestu, zaindu eta hobetu beharrak, ekosistemen eta haien zerbitzuen galera eta erresilientziaren murrizketa mugatuz, berekin dakar ingurumen-azterlan estrategikoak identifikatzea, zoruaren antolamenduari buruzko erabakiak hartzeko prozedura osoan zehar, nolako natura-kapitala dagoen Planaren esparruan; hau da, kontuan izan behar ditu natura-balio nabarmenak dituzten ingurumen-eremu garrantzizkoak: ingurumen-babeseko araubideren bat duten eremu guztiak –izan nazioarteko hitzarmenetatik eratorritako araubidea nahiz natura-ondareari eta biodibertsitateari buruzko oinarrizko legeria aplikatzeko arau-xedapen orokorretatik eratorritakoa–, edo lurralde- eta hirigintza-plangintzatik eratorritako babes-araubideren bat duten natura-inguruneak.
D.– Etorkizunean jarduketak egiteko egokiak ez diren eremuak.
Ingurumenaren aldetik problematikoak diren eta gerora proposamenak gauzatzean zaindu beharko diren eremuak detektatu beharko ditu ingurumen-azterlan estrategikoak. Eremuaren ingurumen-diagnostiko egoki bat egin beharko da haren harrera-gaitasuna, arrisku-guneak, eremu hauskor edo kalteberak eta abar ebaluatzeko.
Apartatu hau idazteko, kontuan hartu beharra dago Planaren eremua uholde-arrisku handia duen inguru batean dagoela (ARPSI ES017 BIZ-IBA-01). Aintzat hartu beharko da zein den aipatutako arrisku-inguruarekin lotutako uholde-arriskuaren kartografia, eta kontuan hartu eremua uholdeak izateko arrisku handia duen inguru batean dagoela, lehentasunezko fluxu-eremu batean.
E.– Egindako aurretiazko kontsulten erantzunen ingurumen-analisi laburra.
Jarraian, labur-labur jasotzen dira eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei egindako kontsulten tramitean jasotako txostenetako ingurumen arloko eduki garrantzitsuenak:
– Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondasunaren Zerbitzua: Foru Aldundiaren fitxategiak aztertuta, baieztatzen da eremuan ez dagoela kalifikatutako edo inbentariatutako ondasun arkitektonikorik edo arkeologikorik.
– Uraren Euskal Agentziako Plangintza eta Lanen Zuzendaritza: Honako ohar hauek egiten ditu Planaren jarduketei buruz:
– Planari lotutako mugaketa izapide-fasean badago ere, uste izatekoa da proposamenak ez duela eraginik itsas-lehorreko jabari publikoaren gainean, ez eta hari lotutako babes-zerrendetan ere.
– Eremua uholde-arriskua izateko inguru batean dagoenez gero, Uholde Arriskua Kudeatzeko Planak (2021-2027), plangintzaren hurrengo zikloan, jarduketa-proposamen bat jasotzen du, Planaren beraren berrikusketaren mende egongo dena, eta, aurreikuspenen arabera, 2021eko abenduan behin betiko onartuko dena.
– Lurralde-antolamenduaren eta hirigintzaren arloko eskumena duen administrazioak baimenduko ditu uholde-arriskua duen eremurako erabilerak, hala xedatuta baitago urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren 41. artikuluan. Horretarako, kontuan hartu beharko dira arau horretako 40. artikuluan ezarritako baldintzak. Izan ere, arau horretan, besteak beste, ezartzen da bakarrik baimenduko direla eremu kalteberen azalera edo bolumena handitzea ez dakarten esku-hartzeak.
Hortaz, txostenaren amaierako ondorioa da ezin dela bermatu aurreikusitako aldaketa bateragarria denik indarrean dagoen araudiarekin.
– Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza: aurkako txostena egin du, proposamenak inpaktu itzulezina baitakar eraikinetako baten gainean: Hotela. Txostenaren arabera, hortaz, proposamena ez da bateragarria eraikinaren ondare-balioei dagozkien eraberritze zientifikoko eta kontserbadoreko esku-hartzeekin. Izan ere, haren iritziko, Kultura Ondasun Kalifikatu izendatzea merezi du eraikinak.
F.– Kontuan hartu beharreko funtsezko alderdiak eta ingurumen-azterlan estrategikoan duten irismena.
Aurrekoarekin bat etorriz, garatzen diren apartatuek honako eskema metodologiko honi erantzun behar diote:
1.– Edukia, helburuak eta egokiak diren beste plan eta programa batzuekin duten erlazioa.
2.– Ingurumenaren egungo egoera.
3.– Ingurumenean gerta daitezkeen efektu esanguratsuak.
4.– Prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak.
5.– Alternatibak aukeratzeko prozesua.
6.– Ingurumena zaintzeko programa.
7.– Laburpen ez-teknikoa.
Ebaluatzen den dokumentuaren ezaugarriak direla eta, uste da ingurumen-azterlan estrategikoak honako alderdi hauetan sakondu behar duela, gutxienez jarraian adierazten den zabaltasun- eta zehaztasun-mailarekin:
1.– Edukia, helburuak eta beste plan eta programa batzuekiko erlazioak.
Ingurumen-azterlan estrategikoak Planaren helburu nagusien laburpen bat izango du, eta beste plan eta programa lotuekin dituen erlazioei buruzko azterketa labur bat. Azaldu beharko du, gainera, ingurumen-alderdiak Planaren prestaketan nola txertatzen diren.
Azterlanak era espezifikoan justifikatu beharko du nola hartu diren kontuan txosten honetako A apartatuan jasotako ingurumena babesteko helburuak eta jasagangarritasun-printzipio eta -irizpideak. Justifikazio horrek oinarri izango du bai arauetan, bai planean bertan ezarritako adierazle eta mugen erabilera.
Azterlanak azterketa bat aurkeztu beharko du, zehazten duena Pana bategarria dela hierarkikoki goi-mailakoak diren lurralde- eta sektore-antolamenduko planekin; besteak beste, ibai eta erreken lurralde-plan sektorialekin. Gutxienez, aztertu beharko da Plana bateragarria dela urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuarekin (1/2016 Errege Dekretuaren bidez, Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko eta Espainia barneko Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko Mugapen Hidrografikoen Plan Hidrologikoen berrikuspena onartzen da) eta, halaber, bateragarria dela Kantauri Ekialdeko Mugapen Hidrografikoaren Plan Hidrologikoarekin (2015-2021) –zehazki, uholde-arriskua duten eremuei lotutako zehaztapenekin–, Eremu Babestuen Erregistroarekin eta Uholde Arriskua Kudeatzeko Planarekin (2015-2011).
Planaren helburu eta jarduketen eta eremuan eragina duten plan eta programen helburu eta zehaztapenen arteko koherentzia eta erlazioa zehaztuko dira.
Halaber, eremuari aplikatu beharreko gainerako planei dagokienez izan daitezkeen bigarren mailako efektuak eta metatze- eta sinergia-efektuak identifikatuko dira. Hemen identifikatutako efektuak, halakorik izanez gero, Planaren inpaktuak identifikatu eta baloratzeko apartatuan ebaluatuko dira. Xedea da helburu komunak lortzea, eta horrez gain, Planaren jarduketarako alternatibak aztertzea, baldin eta beste planen helburu eta jarduketa-ildoekiko gainjartze, gatazka edo bateraezintasunak agertzen badira.
2.– Ingurumenaren egungo egoera.
Azterlanak deskribatu behar du zein diren ingurumenaren gaur egungo egoeraren alderdi garrantzizkoak, eta zehaztu behar du nolako ingurumen-ezaugarriak dituzten Planaren efektu nabarmena izan dezaketen guneek eta zer bilakaera izan lezaketen Plana aplikatzen ez bada, klima-aldaketa kontuan izanik.
Ingurumen-arazo garrantzizkoak identifikatu behar dira, eta, bereziki, txosten honetako C apartatuan jasotako edozein gunerekin erlazionatutako arazoak, ingurumenaren aldetik nabarmenak direnak.
Era berean, lurraldearen ingurumen-unitate homogeneoak definituko dira haien paisaia-ezaugarrien eta baliabide naturalen azterketa integratutik abiatuta.
Lehen aipatutako ingurumen-alderdiak era kartografikoan adierazi beharko dira, Plan honen izaerarekiko eskala proportzionatuan.
Ingurumenaren gaur egungo egoeraren deskribapena egiteko, ingurumen-adierazleak erabiliko dira; horretarako, Ingurumen Esparru Programaren adierazleen oinarrizko panelean jasotakoak erabili ahal izango dira, bai eta Eustatek lurraldeari eta ingurumenari buruz bildutakoak ere, eta txosten honetako aurreko apartatuetan adierazitako ingurumen-helburuen bilakaerari buruzko informazio garrantzitsua eman dezaketen beste batzuk.
Azterlanak, gutxienez, zehaztu beharko du bizitoki-erabilerarako azaleraren zer ehuneko ezarriko den uholde-arriskua duen eremuan, edo, halakorik ez badu, alderdi horri buruzko beste adierazle batzuk eman beharko ditu, kasu bakoitzean datu zehatzak lortzeko izandako zailtasunak justifikatuz. Era berean, proposatzen diren beste adierazle batzuei buruzko datuak jaso beharko ditu azterlanak; hala, ingurumen-egoera zehaztuko da, ingurumena zaintzeko programa aplikatzeko erreferentzia izango dena.
3.– Ingurumenean gerta daitezkeen efektu esanguratsuak.
Apartatu honetan, ingurumenean izan daitezkeen efektu esanguratsuak aztertu beharko dira, honako alderdi hauek barnean hartuta: biodibertsitatea, biztanleria, gizakien osasuna, fauna, flora, lurra, ura, airea, kultura-ondarea, ondare historikoa barne, klima-faktoreak, klima-aldaketan izan dezakeen eragina –bereziki, Planari lotutako karbono-aztarnaren ebaluazio egokia–, ondasun materialak, kultura-ondarea eta paisaia. Faktore horien arteko erlazioa ere kontuan izan behar da, eragindako ekosistemek eskainitako ingurumen-zerbitzuak ere ebaluatuz. Efektu horiek barnean hartu behar dituzte zeharkako efektuak eta metatze- eta sinergia-efektuak, epe labur, ertain eta luzean, efektu iraunkor eta aldi baterakoak, positibo eta negatiboak.
Planaren aplikazioaren ondorioz planteatzen diren ekintzen deskribapen zehatz bat garatuko du azterlanak, baldin eta ingurumenean efektu kaltegarri nabarmenak izan baditzakete. Horrela identifikatutako ekintza bakoitzerako, espero daitezkeen ingurumen-efektuak deskribatuko dira, eta, hala behar denean, justifikatu beharko da zergatik ez den espero ingurumen-efektu kaltegarri jakin bat gertatzea. Eta identifikatutako inpaktu guztietatik, berariaz nabarmendu beharko dira esanguratsutzat hartutakoak.
Kontuan hartuta Planak egiten dituen proposamenak, honako hauek nabarmendu behar dira efektu esanguratsuenen artetik:
– Eremua uholde-arriskua duen aldean dago, jabari hidrauliko publikoko polizia-eremuaren kanpoaldean. Hortaz, Udalak baimendu beharko ditu eremu horretako erabilerak eta jarduerak, hala xedatzen baita urtarrilaren 8ko 1/2016 Errege Dekretuaren 41.2 artikuluan (1/2016 Errege Dekretuaren bidez, Kantauri Mendebaldeko, Guadalquivirreko, Ceutako, Melillako, Segurako eta Jucarreko eta Espainia barneko Kantauri Ekialdeko, Miño-Sileko, Dueroko, Tajoko, Guadianako eta Ebroko Mugapen Hidrografikoen Plan Hidrologikoen berrikuspena onartzen da). Horretarako, kontuan hartu beharko da ezen, arau horrek, uholde-arriskua duen polizia-eremuaren mugei buruzko 40.3 artikuluan, adierazten duela salbuespenez baimentzen duela era horretako eraikinak egitea, zenbait baldintza betez gero. Zehazki, C epigrafeko baldintzak dioenez, aurretik jarduera kalteberak izan dituzten eraikinak eraberritzea baino ez da baimenduko, betiere eremu kalteberen azalera edo bolumena handitzea ez dakarten esku-hartzeak egiteko bada. Hots, Planak, a priori, ez du bermatzen proposamena bateragarria izatea uholdeen aurkako babes-neurriekin, eta, beraz, ingurumen-efektu esanguratsuak izan ditzake.
– Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostenaren arabera, gainera, proposamenak inpaktu itzulezina izango du eraikin-multzoan, ez baita bateragarria eraikinaren ondare-balioei dagozkien eraberritze zientifikoko eta kontserbadoreko esku-hartzeekin. Izan ere, zuzendaritza horren iritziko, Kultura Ondasun Kalifikatu izendatu beharko litzateke eraikina.
4.– Prebentzio-, zuzentze- eta konpentsazio-neurriak.
Ingurumen-ebaluazioaren azken faseetan, alternatibarik egokiena hautatu ondoren, hartu beharreko neurri prebentibo, zuzentzaile eta, azken buruan, konpentsatzaileak garatuko dira, identifikatutako inpaktuak arintzeko; horrela, bermatuko da Planak ez duela izango ingurumen-efektu esanguratsurik ingurumen-azterlan estrategikoan bertan ezarritako baldintzetan. Ahal den heinean, zehaztuko da proposatutako neurri bakoitza zer garapen-tresnatan inplementatuko den.
Bestalde, hala badagokio, Planaren barnean egonik ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egitera behartutako proiektuak identifikatu beharko dira, garapenaren baldintzak ezartzeko eta proiektuak gauzatzean sortutako eraginak gutxitzeko gidalerroak ezartzeko.
Azkenik, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak eskatzen duenez, ingurumen-azterlan estrategikoak barnean hartuko ditu zenbait neurri, klima-aldaketan izan dezaketen eragina arinduko dutenak eta klima-aldaketara egokitzea ahalbidetuko dutenak. Xede horrekin, IHOBEk egindako gida metodologiko hauek erabili ahal izango dira erreferentzia gisa: «Klima-aldaketara egokitzeko udal-programak egiteko gida. Udalsarea 21 lan-koadernoa» eta «Euskadiko Hirigintzaren Plangintzari buruzko Eskuliburua Klima-aldaketa arintzeko eta Klima-aldaketara egokitzeko (IHOBE)».
5.– Alternatibak aukeratzeko prozesua.
Alternatibak hautatzeko prozesuaren laburpen arrazoitu bat jasoko da, bideragarritasun teknikoa, ekonomikoa eta ingurumen-arlokoa eta Planaren helburuekiko bat-etortzea eta proportzionaltasuna justifikatuko dituena, batez ere txosten honetako A apartatuan adierazitako ingurumen-helburuekikoak.
Ingurumen-azterlan estrategikoak barnean hartu behar du ezer ez egiteko aukera. Bada, aukera horretan, Planaren eremuak gaur egungo egoeran jarraituko luke. Plana aplikatu ez, eta haren proposamenak garatu ezean, hau da, eremuak gaur egungo egoeran jarraituz gero, aztertu beharko da zein izango litzatekeen arlo garrantzitsuen eboluzio probablea.
Apartatua bukatzeko, hautatutako aukera argudiatu beharko da, eta, betiere, bermatu beharko da hautatutako aukera teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarria dela, eta ingurumenaren ondare eta ingurumen-osagaiei ahalik eta kalte txikiena eragiteko ahalegina egin beharko da.
6.– Ingurumena zaintzeko programa.
Azterlanak ingurumena zaintzeko programa bat garatuko du, eta han deskribatuko da zer neurri aurreikusi diren Plana aplikatzeak dakartzan efektuak berrikusteko. Ingurumena zaintzeko programan adierazleak deskribatuko dira eta, behar izanez gero, efektu esanguratsuenen erreferentziako balioak, bai positiboak bai negatiboak.
Ingurumena zaintzeko programak azterlanean proposatzen diren adierazleak jaso beharko ditu, txosten honetako F.2 apartatua betetzeko, bai eta kasu bakoitzean datuak biltzeko erabiliko diren aldizkakotasunari eta metodoei buruzko proposamen zehatz bat ere.
7.– Laburpen ez-teknikoa.
Azterlanak aurreko epigrafeen arabera emandako informazioaren laburpen ez-tekniko bat izango du: publikoak oro har ulertzeko moduko informazio laburra izango du, aztertutako alderdi guztiak landuta eta, era berean, informazio grafikoa bilduta, dokumentu autoaskia eta azterlanarekiko independentea izan dadin.
G.– Hasierako onespenaren ondoren sustatzaileak kontsultatu beharko dituen eraginpeko administrazio publikoak eta publiko interesduna.
Honako hau da eraginpeko administrazio publikoen eta interesdunen zerrenda, urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren 12. artikuluan eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 22. artikuluan xedatutakoari jarraituz:
– Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritza.
– Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritza.
– Ura Uraren Euskal Agentzia.
– Kultura Zuzendaritza Nagusia. Bizkaiko Foru Aldundia.
– Euskadiko Itsasertz Demarkazioa.
– Ekologistak Martxan Bizkaia.
– Eguzki. Eguzkizaleak aisialdirako elkartea.
H.– Jendaurreko informazioaren eta kontsulten modalitateak, iraupena eta epeak.
Informazioa eskuratzeko eta parte-hartze publikoa izateko eskubidea bermatzeko, organo erabakitzaileak, edo, hala badagokio, sustatzaileak, jendaurreko informazioaren izapidearen pean jarriko du Plan honen hasierako bertsioa, ingurumen-azterlan estrategikoarekin batera, 45 egunez gutxienez.
Halaber, epe horretan bertan, aurreko apartatuan identifikatu diren eragindako administrazio publikoen eta pertsona interesdunen iritzia jaso beharko da gutxienez.
21/2013 Legearen 17.3 artikulua aplikatuz, ingurumen-azterlan estrategikoa egiteko eta lege horren 20., 21., 22. eta 23. artikuluetan aurreikusitako jendaurreko informazioa eta kontsultak gauzatzeko gehieneko epea hamabost hilabetekoa izango da, irismen-dokumentua sustatzaileari jakinarazten zaion egunetik hasita.
I.– Dokumentazioa aurkezteko instrukzioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 16. artikuluaren arabera, kualifikazio profesional eta goi-mailako hezkuntzari buruzko arauen arabera behar besteko gaitasun teknikoa duten pertsonek egingo dute azterlana, eta Legearen eskakizunak betetzeko behar den kalitatea izango du. Azterlanaren egileak identifikatu behar dira, haien titulazioa eta, hala badagokio, lanbide arautua adierazita. Identifikazioak barnean hartuko ditu izen-abizenak eta nortasun-agiri nazionalaren kodea edo helburu berberetarako balio duen beste dokumentu bat. Gainera, amaiera-data eta pertsona horien sinadura jasoko dira. Azterlanaren edukien eta informazioaren fidagarritasunaren erantzule izango dira horiek, alde batera utzita administrazioak berak frogagarri gisa emandako datuak.
Dokumentazioa aurkezteko, honako jarraibide hauek bete beharko dira:
1.– Ingurumen-adierazpen estrategikoaren eskaerarekin batera aurkeztutako dokumentuek behar den koherentzia errespetatu beharko dute, bai haien artean bai aurretik aurkeztutakoekin, halakorik bada; hartara, ez da oztopatuko erabakia hartu behar duten administrazio-organoen lana, baizik eta erraztuko da.
2.– Kontu handiz adierazi beharko dira kasu bakoitzean dokumentu teknikoen apartatuak haien artean erlazionatzea ahalbidetzen duten datuak (esaterako, apartatu batean Planaren ekintzak deskribatzen badira eta beste batean ekintza horiek eragindako ingurumen-inpaktuak, bi kasuetan ekintzak izen berarekin aipatu beharko dira).
3.– Beharrezkoa bada, datuak zer iturritatik lortu diren adierazi behar da.
4.– Dokumentazio grafikoa eta kartografikoa sartu beharko da, behar bezala geoerreferentziatua, behar duten apartatuetan.
5.– Plano guztiak kodearekin eta izenburuarekin identifikatu behar dira. Halaber, honako hauek adierazi beharko dira: irudikatutako datuak zuzen interpretatzeko behar diren azalpenak eta sinboloak; eskala grafikoa eta zenbakizkoa, inprimatzeko formatua adierazita; sinadura, eta noiz egin den.
6.– Jatorrizko eskalatik murriztutako planoak aurkeztuz gero, planoan jatorrian adierazitako eskala zuzendu beharko da, horretan oinarrituz egindako neurketek zalantzarik sor ez dezaten.
7.– Testuetan zehar aipaturiko eranskin, irudi, plano edo argazki guztiak dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira. Erreferentzia horiek dagokion elementua erraz aurkitzeko moduan egingo dira, argi eta garbi.
8.– Informazio jakin bat dokumentuetako apartaturen baten osatze edo zuzentze gisa aurkeztuz gero, eta aldi berean espedientean zuzendu nahi den apartatua mantentzen bada, informazio berriak adierazi beharko ditu osatzearen edo zuzentzearen ondorioz jatorrizko dokumentuan ezeztatutzat edo ordezkatutzat jo beharreko kapituluak, orrialdeak, epigrafeak, apartatuak, paragrafoak, esaldiak, koadroak, irudiak, planoak eta abar. Aurreko informazioren bat osatzen edo zuzentzen duen informazioak egoera horren berri eman beharko du hasieran. Eskaera bat zuzentzeko aipatutako jarraibideak betetzen ez badira, izapide gehigarri bat eska daiteke kontraesanezko edo inkongruenteak izan daitezkeen alderdiak argitzeko, eta horrek prozeduraren ebazpena atzeratzea ekarriko du.
9.– Eskaera IKS-eem sistemaren bidez aurkeztu beharko da, aplikatzekoak diren eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean eskura daitezkeen fitxak eta formularioak erabilita, zehazki, helbide honetan:
http://www.euskadi.eus/web01-a2inguru/es/contenidos/informacion/guia_iks/es_def/index.shtml
10.– Dokumentu bat .pdf formatuan aurkezten denean, gehienez 30 MB izango ditu eta bilaketak egiteko aukera eman behar du. Luzera handiagoko dokumentuak zatitu egin behar dira sisteman txertatzeko.
11.– Aurkeztutako dokumentazio guztiaren aurkibide osoa txertatuko da, adierazitako apartatu bakoitza zer orrialdetan dagoen zehaztuta. Aurkibidea aurkeztean .pdf dokumentu baterako, adierazitako orrialde-zenbakia bat etorriko da orrialde hori aurkitzeko irakurketa programaren «Joan orrialde honetara» eremuan adierazi behar denarekin.
12.– Dokumentu kartografikoak .pdf formatuan eta .shp formatuan entregatu beharko dira. Plano horiek kode batekin eta izenburuarekin identifikatu beharko dira; halaber, legenda bat izan beharko dute eta adierazitako datuak ongi interpretatzeko behar den sinbologia. Shape fitxategiek, ongi manipulatu ahal izateko, ez dute 10 Mb-tik gorakoak izan behar.
13.– Organo sustatzaileak bermatu beharko du datuak igortzean datu pertsonalak babesteari buruzko arautegia betetzen dela.
Laugarrena.– Ebazpen honen edukia Bilboko Udalari jakinaraztea.
Bosgarrena.– Agindua ematea ebazpen hau argitara eman dadin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 9a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.