EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2019016

EBAZPENA, 2019ko urtarrilaren 8koa, zeinaren bidez ingurumen-txosten estrategikoa egiten baita Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bigarren aldaketari buruz (aldaketa hori Galindo 01 (ZI_GA01) eremu industrial finkatuaren antolamendu xehatua aldatzeari buruzkoa da).

Xedapenaren data: 2019-01-08
Hurrenkenaren zenbakia: 201900359
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko ekainaren 21ean, Trapagarango Udalak Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bigarren aldaketari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatua hasteko eskaera burutu zuen (aldaketa hori Galindo 01 (ZI_GA01) eremu industrial finkatuaren antolamendu xehatua aldatzeari buruzkoa da). Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola plan aldaketaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa; azken horrek Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zuen. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan dokumentu hori egin duten pertsonak definitu dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluak xedatutakoa betetzeko, 2018ko irailaren 18an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki iritzitako oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, Eusko Jaurlaritzako erakunde hauei egin zitzaien kontsulta: Kultura Ondarearen Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzari. Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari ere galdetu zitzaion.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen-arloko oharrak egin ahal izateko.
Behin abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren txostena jaso da, espedientean bertan islatutako emaitzarekin.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio garrantzitsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, ingurumenaren gaineko ondorioen analisia plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela, betiere aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bigarren aldaketa (aldaketa hori Galindo 01 (ZI_GA01) eremu industrial finkatuaren antolamendu xehatua aldatzeari buruzkoa da) kasu horietako bat da.
Aztertuta geratu dira Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bigarren aldaketaren proposamenean ingurumen arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu (proposamen hori Galindo 01 (ZI_GA01) eremu industrial finkatuaren antolamendu xehatua aldatzeari buruzkoa da) eta plana aplikatzearen inpaktu garrantzitsuen gaineko iritzia ematen, baita sartu behar diren azken zehaztapenen inguruan ere, ingurumen-ondorioetarako soilik.
Xedapen hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen Ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerakoak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bigarren aldaketari buruzko ingurumen-txosten estrategikoa egitea (aldaketa hori GALINDO 01 (ZI_GA01) eremu industrial finkatuaren antolamendu xehatua aldatzeari buruzkoa da). Aurrerantzean, planaren aldaketa deituko zaio. Baldintza hauetan egingo da:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduerak.
Planaren aldaketa honen helburua da Galindo 01 (ZI_GA01) eremu industrial finkatuaren antolamendu xehatua aldatzea da, aparkatzeko toki-ekipamenduaren sistemaren muga aldatzeko, SZT_GA01-2ko eraikin tertziarioaren partzelari aparkatzeko behar diren partzelak eslei dakizkion. Baimena ematen da, beraz, aire zabaleko aparkaleku EC.1 erabilera kokatzeko SZT_GA01-2 azpizona tertziarioaren lursailetan, dagoen eraikinak okupatzen ez baditu.
B) Plana aldatzeko ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluaren arabera, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertuko dira, planaren aldaketak ingurumen-ebaluazio estrategikorik behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren aldaketaren ezaugarriak: Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:
a) Planaren aldaketak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Planaren aldaketak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapenari, ezaugarriei, neurriei eta funtzionamenduari dagokienez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zenbaterainoko eragina duen planaren aldaketak beste plan edo programa batzuetan. Planteatutako aldaketa bat dator eremuari eragiten dioten sektoreko lurralde-planekin. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik.
c) Planaren aldaketa egokia da ingurumenaren arloko kontsiderazioak integratzeko; batez ere, garapen jasangarria sustatzearren: aldaketari esker berrerabili ahal izango dira artifizial bilakatutako lurzoruak eta ibilgailuen zirkulazioaren murrizketa ekar dezake.
d) Planaren aldaketarekin lotutako ingurumen-arazo esanguratsuak. Planean egindako aldaketek, aurreko antolamendu xehatuarekin alderatuta, ez dakarte ingurumen-arazoen areagotze nabarmenik, aldaketen ondoriozko jarduerak, besteak beste, segurtasun, osasun, ingurumen, paisaia, kutsadura akustiko eta ur arloetako araudiei erantzunez egiten badira.
e) Planaren aldaketa egokitzat jotzen da ingurumen arloko legedia (erkidegokoa eta estatukoa) txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Plana aldatzen den ingurunea zolatutako eremu bat da non ez baitago ingurumen-babeseko inolako araubiderik, ez eta balio natural edo kulturalengatik nabarmen daitekeen elementurik ere. Era berean, eremuan ez da aurkitu ingurumen-arrisku nabarmenik (uholdeak, akuiferoen ahultasuna...).
Planaren aldaketak eragin ditzakeen afekzio nagusiak aire libreko aparkalekua egokitzeko obrekin lotutakoak dira. Obra horiek lurra berdintzeko edo zoladura berria jartzeko izango dira, bai eta seinaleztapena, argiteria eta babes-elementuak (giza habitataren kalitatearen murriztea, makinen joan-etorrien ondorioz, hondakinen sortzea eta zarataren eta hautsaren areagotzea) ipintzeko ere.
Ondorioen eta eragina jasan lezakeen gunearen ezaugarriei dagokienez, planaren aldaketaren zehaztapenak eta ebazpen honetako aurreko ataletan deskribatutakoa kontuan izanik, ez da aurreikusten ingurumen-ondorio adierazgarririk izango denik plana gauzatzearen ondorioz.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planaren aldaketan jasotakoarekin bat etorriz.
Ebazpen honen xede den planaren aldaketaren zehaztapenak garatzeko baliabideetan etorkizunean garatuko diren neurriak gorabehera, egokitzat jotzen dira planaren aldaketa ebaluatzeko aurkeztutako ingurumen-dokumentu estrategikoan jasotako neurriak.
Bestalde, proiektua gauzatzean aplikatu beharreko neurriek lotura izango dute obretako jardunbide egokien eskuliburuarekin, lurren eta soberakinen kudeaketarekin, hondakinen sorkuntza eta kudeaketarekin, induskatutako lurzoruen kontrolarekin eta uraren eta airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestearekin (ebazpen honen I. eranskinean jasota daude planaren aldaketatik eratorritako proiektuko obrak gauzatzeko neurri babesle eta zuzentzaileetako batzuk).
Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, hau zehaztea: aurrez ikusitakoaren arabera, Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bigarren aldaketak (aldaketa hori Galindo 01 (ZI_GA01) eremu industrial finkatuaren antolamendu xehatua aldatzeari buruzkoa da) egiteak ez du kontrako ondorio esanguratsurik izango ingurumenean, eta, beraz, ez da ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen hau Trapagarango Udalari jakinaraztea.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.– Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarraldia galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, Trapagarango Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren bigarren aldaketaren proposamena onartzen ez bada (proposamen hori Galindo 01 (ZI_GA01) eremu industrial finkatuaren antolamendu xehatua aldatzeari buruzkoa da), gehienez ere lau urteko epean. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2019ko urtarrilaren 8a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.
ERANSKINA
– Obrako langileek erabiltzeko jardunbide egokien eskuliburua. Gutxienez, gai hauekin zerikusia duten alderdiak bilduko ditu: lanaldiak, makineria, aldi baterako desbideratzeak, isurketak saihestea, ahalik eta hauts eta soinu gutxien sortzea, herritarren lasaitasunean eragin negatiboa izan dezaketen jardunak minimizatzea, hondakinak kudeatzea, etab.
– Hondakinak sortzea eta kudeatzea: obrak egitean eta garbiketa-kanpainak dirauen bitartean sortutako hondakinak kudeatzeko, Hondakinei eta Lurzoru Kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta berariazko arauetan xedatutakoa beteko da.
– Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
– Hondakin arriskutsuak jasotzen dituzten ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak beteko dituzte (833/1988 Errege Dekretua, Hondakin toxikoei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamendua onartzekoa).
– Olio erabiliak kudeatuko dira Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera.
– Airearen kalitatearen eta kalitate akustikoaren babesa: Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuari eta isuri akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen isuri akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, eta hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten soinu-isuriak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatua) eta arau osagarrietan ezarritakora.
– Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.