EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2018014

AGINDUA, 2018ko azaroaren 29koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación Assumptio Pro Innova Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.

Xedapenaren data: 2018-11-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201900305
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Fundación Assumptio Pro Innova Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea, honako aurrekari hauetan oinarriturik:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2018ko irailaren 7an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskari bat sartu zen, Fundación Assumptio Pro Innova Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Invinza SAk sortu zuen fundazio hori. Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskabideari.
Bigarrena.– Fundazioen Erregistroak, 2018ko urriaren 8an eta azaroaren 7an, fundazioari eskatu zion zuzen zitzala bidalitako dokumentazioan atzemandako akatsak; azaroaren 28an sartu zen Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskatutako dokumentazio hori.
Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak 2018ko azaroaren 28an aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari eta fundazioaren bideragarritasun ekonomikoari buruz.
Laugarrena.– Estatutuen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera, Fundación Assumptio Proinnova Fundazioaren helburua da medikuntzari lotutako jarduera zientifikoak, prestakuntzakoak, kulturalak eta sozialak sustatzea, baita medikuen kolektiboan eta oro har osasun-arloko lanbideetan ikerketa osagarria sustatzea ere.
Bosgarrena.– Estatutuen 5. eta 6. artikuluetan xedatutakoaren arabera, fundazioaren egoitza Tolosan (Gipuzkoa) dago, helbide honetan: Izaskungo aldapa, 9; fundazioak gehienbat Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen ditu bere jarduerak.
Seigarrena.– Fundazioaren hasierako dotazioa 30.000 eurokoa da. Erakunde fundatzaileak hasieran 7.500 euro jarriko ditu; gainerakoa gehienez ere bost urteko epean jarriko da. Ekarpen hori egin dela jasota geratu da erregistro-inskripzioaren espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.
Zazpigarrena.– Estatutuen 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, fundazioaren Patronatuak gutxienez 6 kide eta gehienez 10 izango ditu. Berezko kideen kargua mugagabea izango da eta gainerakoenak bost urteko iraunaldia izango du, hau da, 2023ko irailaren 7ra artekoa.
Eraketaren eskritura publikoan jasota dagoenez, lehenengo patronatua honako kide hauek osatzen dute:
– Lehendakaria: Jesús Gómez Montoya, Inviza SAko lehendakaria (berezko kidea).
– Lehendakariorde lehena: Francisco Martínez García, Inviza SAko Lehendakaritzaren ondokoa (berezko kidea).
– Lehendakariorde bigarrena: Iñigo Pedro Dendaluce Izaguirre, Inviza SAko gerentea (berezko kidea).
– Idazkaria: Elixabete Ocaña Arizcorreta, Inviza SAko finantza-zuzendaria (berezko kidea).
– 1. bokala: Borja Ollo Tejero. (Patrono ez-berezkoa, erakunde fundatzaileak izendatua bost urterako).
– 2. bokala: Luis Ángel Samaniego Olano, Tolosako Asuncion Klinikako Prestakuntza Batzordeko lehendakaria (berezko kidea).
– 3. bokala: María Caballero Ruiz, Tolosako Asuncion Klinikako Ikerketa Batzordeko lehendakaria (berezko kidea).
– 4. bokala: Borja Gómez Usabiaga (Patrono ez-berezkoa, erakunde fundatzaileak izendatua bost urterako).
Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legeak 16.2 artikuluan ezarritako moduetako batean.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren eraketa-espedientea agindu bidez ebaztea, hala aurreikusita baitago lau lege-xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa duen pertsona batek sustatu du espedientea. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datuak eta agiriak erantsi zaizkio, eta bereziki bete da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 17ko 9/2016 Legearen 7.etik 12.erako eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Aplikatzekoak diren legeetan eta erregelamenduetan ezarritakoarekin bat etorrita eratu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Tolosako Fundación Assumptio Pro Innova Fundazioa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, egun honetako datarekin eta F-439 erregistro-zenbakiarekin, baita Patronatuaren hasierako osaera ere. Kide horiek zazpigarren aurrekarian agertzen dira, eta denek ere espresuki onartu dituzte euren karguak, betiere 2018ko irailaren 7an Maria Valentina Montero Vilar notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zk.: 955). Eskritura publiko hori 2018ko azaroaren 13an aipatutako notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoaren bidez zuzendu zen (protokolo-zk.: 1329).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 29a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.