EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-21 Aldizkari honetan argitaratua: 2018014

AGINDUA, 2018ko azaroaren 29koa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Fundación Iseak fundazioaren eraketa inskribatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan.

Xedapenaren data: 2018-11-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201900304
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da Fundación Iseak fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskatuz aurkeztutako espedientea. Hona hemen:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2018ko urriaren 16an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, Fundación Iseak fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko. Fundazioa honako hauek sortua da: Sara de la Rica Goiricelaya, Lucía Gorjón García, Lucas Gortazar de la Rica, Fernando Fernández-Monge Cortazar, Ainhoa Vega Bayo eta Paloma Ubeda Molla.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak 2018ko azaroaren 28an aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta fundazioaren bideragarritasun ekonomikoari buruz.
Hirugarrena.– Estatutuetako 3. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, oinarritzat hartuta interes komuna eta orokorra partikularren interesen gainetik jartzea, honako hauek dira Fundazioaren helburuak:
a) Sistemaren beharrak, indarguneak eta ahuleziak identifikatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomiaren eta gizartearen ezagutza zehatza eta dinamikoa izateko balioko duten zenbait esparrutan gauzatutako jarduketen diagnostikoa eta ebaluazioa eginez, esaterako lan-arloan edo arlo sozio-demografikoan, baita beste arlo batzuetan ere eskatuz gero, betiere erabaki politiko edo sozialak hartzea errazteko.
b) Gizartea eta bizitza politiko eta sozialaren balioak hobetzeko garrantzitsuak diren zenbait esparru sozio-ekonomikoetan, –lan-merkatua, hezkuntza, generoa, pobrezia, hiri-politika, besteak beste– egoeraren araberako informazioa herritarren eskura jartzea, gizarte zibilari informazioa eskuratzen eta azterketak egiteko plataforma gisa laguntza emateko.
c) Gizartean ezagutza zabaltzeko agente izatea, gizarte zibilak eta gobernu-erakundeek dituzten erronkak gainditzeko aukerak maximizatzen laguntzeko.
d) Gizarte politiken eta politika ekonomikoen azterketa eta azterlan zehatzak eta independenteak egitea modu iraunkorrean, metodologia aurreratu eta egiaztatuak erabiliz, Euskadiko erakunde publikoei zein pribatuei eta beste lurralde eta herrialdeetakoei erabakiak hartzen laguntzeko.
Laugarrena.– Estatutuen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, fundazioaren helbidea hau izango da: EHUko Ekonomia eta Empresa Fakultatea, Agirre Lehendakariaren etorbidea, 83, Bilbao (Bizkaia). Fundazioak Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatuko du bereziki bere jarduna.
Bosgarrena.– Fundazioaren hasierako dotazioa 30.000 eurokoa da. Hasieran, fundatzaileek 7.500 euro jarri dituzte, eraketaren eskritura publikoan zehaztutako proportzioan, eta gainerakoa gehienez ere bost urteko epean jarriko da. Ekarpen hori egin dela jasota geratu da erregistro-inskripzioaren espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 37.1.c) artikuluak.
Seigarrena.– Estatutuen 9. artikuluan xedatutakoaren arabera, fundazioaren Patronatuak gutxienez hiru kide eta gehienez hamabost izango ditu. Horietatik, gutxienez hiru kide, edo nolanahi ere kopuru bakoiti bat, biziartean arituko dira karguan; gainerakoak lau urtez arituko dira.
Eraketaren eskritura publikoan jasota dagoenez, lehenengo patronatua honako kide hauek osatzen dute:
– Lehendakaria: Ana Leonor Revenga Shanklin (biziarteko kargua).
– bokala: Sara de la Rica Goiricelaya (biziarteko kargua).
– bokala: Francisco José Pérez García (biziarteko kargua).
– bokala: Carmen Herrero Blanco (2022ko urriaren 8ra arte).
– bokala: Mario Negre Rossignoli (2022ko urriaren 8ra arte).
– bokala: Miren Jasone Cenoz Iragui (2022ko urriaren 8ra arte).
– bokala: Jorge Barrero Fonticoba (2022ko urriaren 8ra arte).
– Idazkari ez-patronoa: Andrea Molinos Larrea.
Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 9ko 9/2016 Legeak 16.2 artikuluan ezarritako moduetako batean.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala aurreikusita dago lau lege-xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Berariaz legitimatuta dagoen pertsona batek sustatu du espedientea; era berean, beharrezkoak ziren datu eta agiri guztiak aurkeztu dira, hots, bete egin dira ekainaren 2ko 9/2016 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioena) 7.–12. bitarteko artikuluetan eta 51.2 artikuluan eta ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena) 36.–39. bitarteko artikuluetan ezarritako betekizunak. Beraz, aplikatu beharreko legezko eta erregelamenduzko manuen arabera eratu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta aplikagarriak diren gainerako arauak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Sarrikoko (Bizkaia) Fundación Iseak fundazioaren eraketa eta Patronatuaren hasierako osaera Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea, egun honetako datarekin eta F-440 erregistro-zenbakiarekin. Kide horiek seigarren aurrekarian agertzen dira, eta denek ere espresuki onartu dituzte euren karguak, Juan Benguria Cortabitarte notarioaren aurrean egiletsitako eskritura publikoan ezarritako zehaztapenekin bat etorriz (protokolo-zk.: 2.096).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 29a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.