EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-15 Aldizkari honetan argitaratua: 2018010

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 14koa, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Bizkaiko lurralde-ordezkariarena, zeinaren bidez ATECYRri baimena berritzen baitzaio profesional baimenduak prestatzeko aitortutako erakunde gisa aritzeko.

Xedapenaren data: 2018-12-14
Hurrenkenaren zenbakia: 201900202
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/07/22an argitaratutako 2013/04/16ko EBAZPENA [201303352]

AURREKARIAK
Bat.– Industriaren eta Energiaren sailburuordearen 2013ko apirilaren 16ko Ebazpenaren bidez, ATECYR Instalazio termikoen ikuskatzaileen (ITI) espezialitatean baimendutako profesionalak prestatzeko entitate gisa aitortzen da.
Bi.– 2018ko azaroaren 6an, ATECYR erakundearen ordezkariak eskabideak aurkeztu zituen profesional baimenduak prestatzeko aitortutako erakunde gisa aritzeko zeukan baimena berritzeko, espezialitate berean, Arabako eta Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzetan.
Hiru.– Eskabide horrekin batera, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitako eskakizun eta baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ziren. Industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen ditu dekretu horrek.
Lau.– Aurkeztutako agiriak aztertu ostean, ATECYR erakundeak egindako eskabideak direla-eta, 2018ko abenduaren 4an eta 12an, hurrenez hurren, Arabako eta Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzetako Industria eta Energia Administrazioko teknikariek aldeko txostenak eman zituzten erakundearen baimena berritzeko.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Bat.– Bizkaiko lurralde-ordezkaria da eskabide hau ebazteko eskuduna, hala ezartzen baita Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko abenduaren 4ko Aginduaren 2. artikuluan (2006-12-26ko EHAA). Artikulu hori loturik dago Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuaren 24. artikuluarekin.
Bi.– Industria-segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuan ezarritakoaren arabera izapidetu da espediente hau. Instalazio Termikoen Ikuskatzailearen espezialitatea Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2008ko uztailaren 22ko Aginduaren bitartez eman da –Eraikinetako Instalazio Termikoen Erregelamendua (EIT) garatzen duena–. Agindu horren azken xedapenetako lehenengoan Industria, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2006ko apirilaren 10eko Aginduan –63/2006 Dekretua garatzen duena– dagoeneko bilduta zeudenei eransten zaio espezialitate hori.
Hiru.– Halaber, ATECYR erakundeak Arabako eta Bizkaiko Lurralde Historikoetan dituen instalazioek aipatu dekretuaren 22. artikuluan jasotzen diren gutxienekoak betetzen dituzte.
Lau.– Labur esanda, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretu horretan ezarritakoari jarraituz izapidetu da prozedura, eta erakunde eskatzaileak, bere aldetik, dekretu horren 25. artikuluan jasotako egiaztagiri nahikoa aurkeztu ditu.
Aipatutako lege-manuak eta oro har eta gai honetan aplikatzekoak diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1.– Industria segurtasunaren alorrean norbanakoaren prestakuntzako txartelak eta enpresa baimenduak arautzen dituen martxoren 14ko 63/2006 Dekretuan ezarritakoari jarraituz, ATECYR erakundeari profesional baimenduak prestatzeko aitortutako erakunde gisa aritzeko baimena berritzea, Arabako eta Bizkaiko Lurralde Historikoen, honako espezialitate honetan:
● Instalazio termikoen ikuskatzailea (ITI).
Baimendutako instalazioak honako hauek dira:
● Arabako Peritu, Ingeniari Tekniko eta Industria-adarreko Ingeniaritzako Graduatuen Elkargo Ofiziala.
Gerardo Armesto kalea, 2-1 (01008) Vitoria-Gasteiz.
● Bizkaiko Ingeniari Industrialen Elkargo Ofiziala.
Mazarredo kalea, 69-4 (48009) Bilbao.
2.– Aitortutako erakunde orok bete beharko ditu legezko xedapenek eta erregelamenduzkoek ezartzen dituzten eginbeharrak; bereziki, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren V. kapituluan aurreikusitakoak.
3.– Aitortutako erakundeek galdu egingo dute aitortutako erakundearen kalifikazioa, baldin eta ez badituzte betetzen aipatu dekretuan xedatutako betebeharrak eta konpromisoak edo aplikatu behar diren bestelako arauak.
4.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke saileko zerbitzu-zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan eta hurrengoetan.
Bilbao, 2018ko abenduaren 14a.
Bizkaiko lurralde-ordezkaria,
ADOLFO GONZÁLEZ BERRUETE.