EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2018009

194/2018 DEKRETUA, abenduaren 26koa, Osasun Saileko Estatistikarako Organo Berezia sortu eta berorren antolakuntza eta jarduteko modua ezartzen dituen Dekretua aldatzekoa.

Organo emailea: OSASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201800194
Xedapenaren data: 2018-12-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201900156
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2000/12/21ean argitaratutako 2000/11/28ko 200000238 DEKRETUA aldatzen du

Azaroaren 28ko 238/2000 Dekretua (Osasun Saileko Estatistikarako Organo Berezia sortu eta berorren antolakuntza eta jarduteko modua ezartzen dituena) indarrean jarri zenetik igarotako aldian zehar, dekretu hori aplikatzen duen errealitateak hainbat aldaketa izan ditu, eta, ondorioz, Osasun Sailak bere edukia egungo testuinguruaren arabera egokitzeko aukera eta beharrizana aztertu ditu.
Ekainaren 22ko 180/1993 Dekretuak (Jaurlaritzako Sailen Estatistikarako Organo Bereziak arautzen dituenak) 5.2 artikuluan ezartzen duenari jarraikiz, organo horiek unipertsonalak dira. Hala ere, Osasun Sailaren ardurapeko eragiketa estatistikoek urteotan hartu duten dimentsioa eta Sailak hainbat sailburuordetza eta zuzendaritzatan izandako egituraketa kontuan hartuta, ezinbestekoa da konfidentzialtasun estatistikoaren pean dauden datuak eskuratuko dituen teknikari-taldeak era koordinatuan egin dezala lan. Aipatu dekretuan aldatu beharreko alderdien artean beharrezkoena, eragiten duen arazoagatik, honako hau da: egingo den aldaketak aukera eman behar du Estatistika Organokoak ez diren Saileko langileek harekin lankidetzan aritu daitezen eragiketa estatistikoak garatzeko orduan, sekretu estatistikoa zainduta; gainera, garrantzitsua da Estatistika Organoak Sailaren jarduera estatistikoa planifikatu, koordinatu eta sustatzeko aukera izatea.
Beharrizan horiek garatzeko, beraz, beharrezkoa da alderdiok arautzen dituen araudia aldatzea.
Beste araudi-aldaketa bat ere egin da, abenduaren 15eko 20/2012 Dekretua (Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) abiapuntu duela, Sailaren izena ordeztu baita.
Gainera, aurreikuspen batzuk birformulatu egin dira, helburu bikoitza lortzeko: batetik, testua gaur egun Osasun Sailaren administrazio-prozedura eta antolakuntza-egitura arautzen dituen araudira egokitzea, eta, bestetik, genero-ikuspegia txertatzea.
Hori guztia dela eta, Osasuneko sailburuak proposatuta, Euskal Estatistika Batzordea kontsultatu ondoren eta Gobernu Kontseiluak 2018ko abenduaren 26an egindako bileran eztabaidatu eta onartu ostean, honako hau
XEDATZEN DUT:
Artikulu bakarra.– Aldatzea 238/2000 Dekretua, azaroaren 28koa, Osasun Saileko Estatistikarako Organo Berezia sortu eta berorren antolakuntza eta jarduteko modua ezartzen dituena.
Lehenengoa.– Gaztelaniaz «Departamento de Sanidad» jartzen zuen kasu guztietan «Departamento de Salud» geratuko da; euskaraz, Osasun Saila izaten jarraituko du.
Bigarrena.– Bigarren artikulua honela geratuko da:
«2. artikulua.– Menpekotasuna.
Osasun Saileko Estatistikarako Organo Berezia organo unipertsonala da, eta sail horretako Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko Zuzendaritzako zuzendariaren menpe egongo da zuzen-zuzenean.»
Hirugarrena.– 3.e) artikulua honela geratuko da:
«3. artikulua.– Eskumenak.
e) Sailaren jarduera estatistikoa planifikatu, koordinatu eta sustatzea, bai eta beste erakunde batzuekiko harremana ere, artikulu honen c) eta d) hizkietan ezarritako eginkizun estatistikoen ondorioz, betiere 4/1986 Legearen 29. artikuluko c) eta d) hizkietan ezarritakoari jarraikiz.»
Laugarrena.– Laugarren artikulua honela geratuko da:
«4. artikulua.– Jarduteko modua.
a) Osasun Saileko Estatistikarako Organo Berezia 180/1993 Dekretuko 4. artikuluan jasotako Estatistika Organo Berezien Erregistroan inskribatuko da. Euskal Autonomia Erkidegoko Estatistikaren eremuan jarduterakoan, estatistikaren alorreko legeak (sekretu estatistikoarena batik bat) bete beharko ditu beste organo eta erakunde batzuekin eta bere Sailari atxikitakoekin izan ditzakeen harremanetan.
b) Osasun Saileko Estatistika Organo Bereziak zaindu egingo ditu Saileko organo eta erakunde instituzionalek legez eta berariaz estatistikaren gainean esleituta dituzten eskumenak.
c) Edonola ere, organo eta erakunde instituzional horiek Estatistika Organo Bereziari emango diote azken horrek bere eskumenak baliatzeko behar duen informazioa. Halaber, organo honekin lankidetzan arituko dira agindu ahal zaizkien eta beren eskumeneko gaietan eragina duten azterketak, estatistikak, txostenak eta ikerketa-lanak diseinatu eta egiteko orduan.
d) Bere eskumenak garatzean, Osasun Saileko Estatistika Organo Bereziak aipatu organora atxiki gabeko langileen partaidetza eduki ahalko du, bai Saileko langileena, bai Saileko erakunde instituzionaletako langileena; langileak, estatistika-eragiketei eragiten dien lana egitean, apirilaren 23ko 4/1986 Legearen 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, estatistika-langiletzat joko dira, eta estatistika-arloan egiten dituzten lanak Saileko Estatistika Organo Bereziaren jarraibide teknikoen arabera egokitu beharko dira, eta, batez ere, sekretu estatistikoa gordeko da beren jarduera dela-eta ezagutzen duten informazio ororen gainean.»
Bosgarrena.– 5.1 artikulua honela geratuko da:
«1.– Osasun Saileko Estatistika Organo Bereziak emandako egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da. Errekurtso hauek ezagutzeko eta ebazteko gaitasuna duen organoa ere sekretu estatistikoaren menpe egongo da.»
Seigarrena.– Azken xedapenetatik lehena honela geratuko da:
«Ahalmena ematen zaio osasuneko sailburuari, dekretu honetan ezarritakoa garatu eta exekutatzeko behar diren xedapenak har ditzan.»
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko abenduaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Osasuneko sailburua,
JON DARPÓN SIERRA.