EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2018008

168/2018 EBAZPENA, abenduaren 21ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Bilboko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Bilboko Udalerrian Zorrotzaurreko Eremu Mistoko 1. Jarduketa Integratuko 1. Betearazpen Unitatean Zuzkidura-Etxebizitzak egiteko.

Xedapenaren zenbakia: 201800168
Xedapenaren data: 2018-12-21
Hurrenkenaren zenbakia: 201900133
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lankidetza-hitzarmen hori sinatu du; beraz, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Bilboko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Bilboko Udalerrian Zorrotzaurreko Eremu Mistoko 1. Jarduketa Integratuko 1. Betearazpen Unitatean Zuzkidura-Etxebizitzak egiteko. Eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 21a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 21KO 168/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORREKO INGURUMEN, LURRALDE PLANGINTZA ETA ETXEBIZITZA SAILAREN ETA BILBOKO UDALAREN ARTEKOA, BILBOKO UDALERRIAN ZORROTZAURREKO EREMU MISTOKO 1. JARDUKETA INTEGRATUKO 1. BETEARAZPEN UNITATEAN ZUZKIDURA-ETXEBIZITZAK EGITEKO
Bilbon, 2018ko abenduaren 13an.
BERTARATUAK:
Alde batetik, Ignacio Maria Arriola López jauna, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua.
Eta bestetik, Juan María Aburto Rique jauna, Bilboko Udaleko Alkatea.
BERTARATZEN DIRA:
Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu gisa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra ordezkatuz, egintza honetarako baimenduta Gobernu Kontseiluak 2018ko urriaren 2ko saioan hartutako erabakiaren bidez.
Eta bigarrena, Bilboko Udaleko Alkate gisa, beraren ordezkari gisa, egintza honetarako baimenduta Bilbao Hiriko Gobernu Batzordeak 2018ko abenduaren 12an hartutako erabakiaren bidez.
Agertutako bi pertsonek legezko ahalmen nahiko eta beharrezkoa aitortzen diote elkarri Lankidetza Hitzarmen hau gauzatzeko, eta horri begira
HAUXE ADIERAZTEN DUTE:
Lehenengoa.– Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak ezartzen du Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa duela lurralde eta kostaldearen antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren alorretan.
Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak etxebizitza politika gidatzen dituzten printzipioak aipatzen ditu bere 2. Artikuluan; horien artean, honako hauek daude:
1.– Etxebizitza duin, egoki eta irisgarria izateko eskubidea bermatzeko, lankidetzan eta koordinatuta aritzea botere publiko guztiak, Estatuko Administrazio Orokorraren mendeko organoak eta euskal sektore publikoa barne, zeina osatzen baitute Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, foru-aldundiek, toki-erakundeek eta haien mendeko titulartasun publikoko erakunde guztiek.
2.– Etxebizitza duin eta egoki bat legez okupatzeko eskubidearen eraginkortasunaren inguruko ekimenetan jarduketa publikoak eta pribatuak koherenteak izatea.
3.– Etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak planifikatu eta programatzea, kontuan hartuta alokairuko etxebizitza dela Konstituzioan ezarritako etxebizitza-eskubideari erantzuteko funtsezko tresna.
4.– Etxebizitza edo bizitoki babestu bat izateko eskubidea erabiltzerakoan edozein diskriminazio desagerraraztea, kolektibo ahulen aldeko ekintza positiboko neurriak ezarrita eta jokabide diskriminatzaileak zigortuta.
5.– Lurralde-kohesioa egotea sustapen- eta birgaikuntza-neurrien aurreikuspen eta aplikazioaren banaketa orekatuan, eta, aldi berean, etxebizitzen eta zuzkidura-bizitokien eskaintza zabal eta behar bestekoa lortzea.
6.– Herritarrek etxebizitzei eta zuzkidura-bizitokiei buruzko politika publikoak formulatzeko prozesuan benetan parte hartzea eta lankidetzan jardutea, bai eta bizitegiak sustatu, eraiki, kontserbatu, birgaitu, berroneratu eta berritzen edo horien administrazio edo kudeaketako zereginetan aritzen diren izaera sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko entitateek ere.
7.– Etxebizitza babestu eta zuzkidura-bizitoki berrien eraikuntzako esku-hartze guztiak nahiz etxebizitza horien birgaitze- edo eraberritze-jarduketak bizigarritasun-, funtzionaltasun- eta segurtasun-baldintzak hobetzera bideratzea, arreta berezia jarrita irisgarritasunean, baliabide naturalen erabilera eraginkorrean eta gizarte-, finantza- eta ingurumen-jasangarritasunean, diseinu unibertsalaren printzipioei jarraiki.
8.– Jarduera produktiboak eta pertsonen bizitza indibiduala eta familiakoa erantzunkidetasunez bateratzen lagunduko duen hiri-plangintza bat bultzatzea, erantzunkidetasunezko gizarte-antolaketa bat erraztuz.
9.– Eraikinak, etxebizitzak eta haien ingurune urbanizatua gizarte-erantzukizunez erabil daitezen bultzatzea, duten funtzio soziala errespetatu eta betetzeko.
10.– Etxebizitzaren arloan plangintza bat ezarri, garatu eta exekutatzea herritarren premia errealen eta haien egoera pertsonal, sozial, ekonomiko eta laboralen arabera.
Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Hori dela-eta, botere publikoek kasu honetan Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak eta Bilboko udalak, modu bateratuan jardun behar dute, eta hori egitera behartuta ere badaude, beharrezkoak diren babes publikoko etxebizitzak egitea ahalbidetzen dituzten baldintzak sortzeko, eta bizitegi-lurzoruko ondare publikoa eratzeko, lehen aipatutako helburuak lortu ahal izateko.
Bigarrena.– Halaber, bi erakunde publikoei dagokien jarduera bateratua egiaztatzeko eta berresteko, aurreko atalean adierazitako alderdien inguruan, Euskal Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Tokiko Erakundeek bestetik, euren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar litzaketen lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko dizkiete elkarri, bakoitzak bere eremuaren baitan.
Alde horretatik, gogoratu behar da bi Administrazio Publikoek jadanik kolaboratu dutela aurretik etxebizitza babestua Zorrotzaurreko eremuan sustatzeko, Bilboko Portu Agintaritzak Zorrotzaurreko penintsulan dituen lursail batzuen Hirigintza Antolamendurako Hitzarmena 2006ko uztailaren 17an sinatzearen bitartez.
Ildo beretik, 2013ko martxoaren 4an beste Lankidetza Hitzarmen bat sinatu zen, gai hauen inguruan: eremu horren garapena, Deustuko kanalaren irekiera eta Zorrotzaurrera iristeko zubien exekuzioa, Bilbon.
Bi Administrazio Publikoek uste dute etxebizitza publikoa udalerrian sustatzeko gauzatzen duten politika bateratua osatu egin behar dela zuzkidura-bizitokien exekuzioarekin.
Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, etxebizitzaren alorrean dituen eskumenak erabiliz, lurzorua behar du zuzkidura-bizitokiak eraikitzeko etxebizitza behar egiaztatuak dituzten udalerrietan, horien artean Bilbon, errenta-ahalmen txikia duten eta, hortaz, etxebizitzaren merkatu librera ezin iritsi daitezkeen familientzat (Etxebizitzaren Legearen 23.3 artikulua).
Laugarrena.– Lurzoru eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legeak ezartzen du, bere 17. eta 81. artikuluetan, plangintzak ekipamendu komunitario gisa kalifikatu ahal izango dituela espezifikoki zenbait lurzoru, gehienbat bizitegi-erabilera duten eremuetan, zuzkidura-bizitokiak egiteko, bai aldi baterako bizitoki gisa erabiltzeko eta bai behar bereziak dituzten kolektiboen gizarte-bizitoki gisa erabiltzeko.
Eta Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak ezartzen du bere 24.1 artikuluan, udal-plangintzan zuzkidura-bizitokitarako hornidura publiko modura kalifikaturik dauden lursailak bi eratara lor daitezkeela, halakoak ezartzeko ardura duen administrazioaren alde: jarduketa integratuetan sartuta edo haiei atxikita baldin badaude, derrigor eta doan lagaz; edo, jarduketa integratuetan sartu gabe eta haiei atxiki gabe badaude, nahitaez desjabetuz. Hor eraikitzen diren eraikinak, legean eta legea garatzen duen araudian ezarritako baldintzak betetzen badituzte, zuzkidura-bizitegitzat hartuko dira.
Bosgarrena.– Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak «Zorrotzaurreko Penintsulako Antolamendu Geroratuko Eremua» izeneko hiri-lurzoruko esparru bat sortu zuen.
Bilboko Udalak, 2012ko apirilaren 20ko Udalbatzaren erabakiz, behin betiko onartu zuen Bilboko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren Aldaketa, «Zorrotzaurre» Penintsulako Antolamendu Geroratuko Eremuari dagokionez.
2012ko azaroaren 29an, Bilboko Udalak erabaki zuen behin betiko onartzea Zorrotzaurreko Hiri Antolamendurako Plan Berezia.
2015eko abenduaren 16an, Bilboko Udaleko Gobernu Batzarrak erabaki zuen behin betiko onartzea Zorrotzaurreko 1. Jarduera Integraturen 1. Exekuzio-unitatearen Birpartzelatzeko Proiektua.
Birpartzelazio Proiektu horren arabera, AD-1 lursaila Bilboko Udalari esleitzen zaio osorik, doako, legezko eta derrigorrezko lagapen gisa.
Lursailaren deskribapena honako hau da: Deustu Bekoa eremuan kokatutako lursaila, Zorrotzaurreko Eremu Mistoko 1. Jarduera Integratuaren 1. Exekuzio-unitatean sartua eta bizitegi-zuzkiduretara zuzendua.
Seigarrena.– Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legeak Lurzoruaren Ondare Publikoa arautzen du, eta ezartzen du hori gainerako ondaretik bereizitako ondare independiente batez osatuta egongo dela eta Eusko Jaurlaritzaren aldetik etxebizitzaren gaineko eskumena duen sailak kudeatuko duela, besteak beste helburu hauek betetzeko:
a) Lurzorua edo bizitokitarako hirigintza-eraikigarritasuna eskuratzea, etxebizitzak, bizitokiak, lokalak eta atxikiak sustatzeko edo eraikitzeko.
b) Aipatutako eraikin babestuak sustatzea edo eraikitzea, eta baita jarduera horrekin lotutako ekipamendu publikoak ere sustatzea edo eraikitzea.
Bilboko Udalak, helburu horiek bere eginez, egokitzat jotzen du aipatutako AD-1 lursaila dohainik lagatzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari.
Etxebizitzaren alorrean indarrean dagoen araudiak ez duenez aurreikusten Lurzoruaren Ondare Publiko hori integratzen duten ondasunak dohainik eskuratzeko kasu edo prozedurarik, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuan horri begira xedatutakoa beteko da.
Lege-testu horren 38. artikuluan ezartzen denez, ondasunak dohainik eskuratzeari buruzko erabakia ondasunaren titulartasuna duen sailak hartuko du, Gobernu Kontseiluak hori baimendu eta gero, baldin eta, beste baldintza batzuen artean, eskuratze horrek gastua sortzen duen erabilera espezifikoko baldintza edo konpromisoren bat atxikita badu, betiere interes publikoko arrazoiak tartean egonda, kasu honetan bezala, eta doako eskuratzea onartzeko eskumena duen organoak horrela kontsideratzen badu.
Halaber, gogoratu behar da premiazko neurriei buruzko 105/2008 Dekretuaren 29. artikuluaren 2. Idatz-zatiak ezrtzen dituela zuzkidura-bizitokiak sustatzeko jarraibideak, etxebizitzaren alorrean eskumena duen Administrazio autonomoaren Sailari zuzenduak:
Etxebizitzaren arloan eskumena duen Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak zuzkidurazko bizitokiak sustatzeko, helburu horretarako lurzatiak eman beharko ditu dagokion Udalak. Zuzkidurazko bizitokietarako lurzatien ematea birpartzelazioari buruzko erabakiaren bitartez formalizatu beharko da, etxebizitzaren arloan eskumena duen Sailak onartu ondoren, edota bidezko hitzarmena izenpetzearen eta ondoren Udalak lagapenari buruzko erabakia eta Eusko Jaurlaritzak onarpenari buruzko erabakia hartzearen bidez, hori guztia araudi aplikagarrian xedatutakoari jarraiki.
Bakoitzaren interesak, konpromisoak eta ekarpenak modu egokian instrumentatzeko xedez, bi alderdiek Lankidetza Hitzarmen hau formalizatzen dute, ondoren adierazitako klausulen arabera:
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Lankidetza Hitzarmen honen helburua da zuzkidura-bizitokien sustapena ahalbidetzea Zorrotzaurreko Eremu Mistoko 1. Jarduera Integratuaren 1. Exekuzio Unitatean, Bilboko udalerrian.
Bigarrena.– Bilboko Udalak eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak adosten dute lehen deskribatutako Unitatearen AD-1 lursaila zuzkidura-bizitokien sustapenera zuzentzea.
Bilboko Udalak lursaila lagatzeko konpromisoa hartzen du, horren doako lagapena egiteko erabakia hartzearen bidez; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak, berriz, zuzkidura-bizitokiak lursail horretan exekutatzeko konpromisoa hartzen du.
Hitzarmen honetan adostutako ondare-operazioa egin ahal izateko, Gobernu Kontseiluaren baimena lortu behar da aurretik, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak Gobernu Kontseiluaren onarpena tramitatzeko konpromisoa hartzen du, lagapena egin ahal izan dadin.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lursailaren titulartasuna onartu dezan, horren baldintza da lurzoruaren kutsadura prebenitu eta zuzentzeari buruz indarrean dagoen araudia betetzetik ondorioztatu litezkeen betebeharretatik libre geratzea, Ingurumen Sailburuaren Erabakiaren bitartez lursail honetarako aurreikusita dagoen Hondeaketa Planaren exekuzioaren salbuespenarekin, lan hori Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hartuko baitu bere gain.
Klausula honetan aurreikusitako ondasunaren doako lagapenari dagokion ondare-operazioa eskritura publikoan formalizatuko da sei hilabeteko epean, Gobernu Kontseiluak doako lagapena onartzeari buruzko erabakia hartzen duen egunetik kontatuta.
Hirugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila konprometitzen da AD-1 lursailaren urbanizazio osagarrien lanak ahalik eta arinen kontratatzera eta osorik gauzatzera, baita aipatutako zuzkidura-bizitokiak sustatzera ere.
Konpromiso horretan sartzen da lan horiei dagozkien proiektu teknikoak bere kontura erredaktatzea. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak bere gain hartuko ditu aipatutako dokumentuak erredaktatzetik ondorioztatzen diren gastuak.
Saila konprometitzen da zuzkidura-ekipamendu hau diseinatzeko kontratuaren esleipena tramitatzera, proiektu-lehiaketaren bidez, sektore publikoko kontratuaren arloan indarrean dagoen araudian erregulatuta dagoen moduan. Prozedura honen baitan, Sailak bermatuko du Bilboko Udaleko bi ordezkarik parte hartuko dutela aurkeztutako lanak baloratuko dituen epaimahaian.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila konprometitzen da zuzkidura-bizitokiei lotutako eraikuntza- eta urbanizazio-lanak 4 urteko epean bukatzera, doako lagapena eskritura publikoan formalizatzen denetik kontatuta. Edonola ere, behar den bezala justifikatutako arrazoirik egonez gero, hitzarmenaren sinatzaileek epe horren luzapena adostu ahal izango dute, aho batez; luzapen horrek ezin izango du inola ere gainditu Hitzarmenaren indarraldia.
Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak hartutako konpromiso guztiak baldintza baten mende egongo dira, alegia, aldez aurretik horretarako egokiak diren aurrekontu-kontsignazioak egotea eta Euskal Autonomia Erkidegoak funtsak eskura jarri ahal izatea, aurrekontu- egonkortasunaren eta finantza- iraunkortasunaren printzipioak betez.
Hala eta guztiz ere, klausula honetan adostutako konpromisoak bete ahal izateko, aurretik AD-1 Lursaila Euskal Autonomia Erkidegoari ematea.
Laugarrena.– Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila konprometitzen da deklaratzera Bilbao dela zuzkidura-bizitokien sustapenean interesatuta dagoen udalerri bakarra; sustapena udalerri horretako 35 urtetik beherako pertsonei zuzenduko da lehentasunez.
Hala eta guztiz ere, Bilboko Udalak proposatu ahal izango du, Programa hauetan sartutako etxebizitza konkretu batzuk aukeratze-prozedura horretatik kanpo uztea, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak horien esleipen singularra egiteko konpromisoa hartzen du, betiere udalaren hirigintza-jarduerek ukitutako pertsonen alde baldin bada.
Bizitokiren bat libre geratzen bada, esleitu egin ez delako, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak erabakiko du, Agindu baten bidez eta Udala kontsultatu ondoren, zein diren interesatuta egon daitezkeen pertsona gazteak eta/edo udalerriak.
Bosgarrena.– Bilboko Udalak konpromiso hau hartzen du: ez dio exijituko Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailari, Administrazio Publikoa den aldetik, inolako finantza-bermerik, hala nola aplikatzekoa den araudiagatik exijitu litezkeen fidantza edo abalak, batez ere hondakinen kudeaketari dagokionez edo obrak udal agintaritzaren titulartasuneko ondasun higigarri edo higiezinak jatorrizko egoerara itzultzeari dagokionez.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Saila konprometitzen da hondakinak kudeatzera haien kudeaketa gidatzen dituzten printzipioen arabera, haien balorizazioa lehenetsiz ezabaketaren ordez, eta egokiak diren neurri guztiak hartuko ditu obrak sor litzakeen afekzioa minimizatzeko; halaber, neurriak hartuko ditu bermatzeko hala dagokionean, obraren eraginez ukituta geratu diren udal titulartasuneko ondasunak haien lehengo egoerara itzultzen direla.
Seigarrena.– Bi Administrazio Publikoek beharrezkotzat joten dute Hitzarmenaren Jarraipen Batzorde bat eratzea; batzordean administrazio bakoitzaren bi ordezkari egongo dira, eta beraren eginkizuna izango da aurreikuspenak eta hartutako konpromisoak betetzen ote diren behatzea, horiek zorroztasunez betetzera zuzendutako neurriak proposatzea, erreferentziazko zuzkidura-bizitokien sustapena egitean sor litezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, eta, orokorrean, etorkizunean sor litezkeen gorabehera guztiak atenditzea.
Hitzarmen honetan planteatuta ez dauden alderdiei dagokienez, Jarraipen Batzordearen funtzionamendua gidatuko da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluaren II. Kapituluaren 3. atalean ezarritakoagatik.
Zazpigarrena.– Hitzarmen honek izaera administratiboa du, eta, hortaz, beraren interpretazio, aplikazio, exekuzio eta ondorioen inguruan sor litezkeen kontuak administrazioarekiko auzien jurisdikziotik bideratuko dira, aurreko Klausulan aurreikusitako bidea agortzen denean.
Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2014ko otsailaren 26ko 2014/23/EB eta 2014/24/EB Zuzentarauak espainiar ordenamendu juridikora ekartzen dituen azaroaren Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legearen 6. Artikuluaren arabera, Hitzarmen hau ez dago Lege horren mende. Nolanahi ere, horrek ez du baztertzen Lege horren printzipioen aplikazioa ager litezkeen zalantza eta hutsuneen inguruan erabakitzeko.
Zortzigarrena.– Lankidetza Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da, sinatzen den egunetik kontatuta. Edonola ere, aurreko atalean aurreikusitako epea bukatu baino lehen, hitzarmenaren sinatzaileek edozein unetan adostu ahal izango dute kontratua luzatzea, gehienez beste lau urtez, edo kontratua azkentzea.
Bederatzigarrena.– Hitzarmen hau edozein unetan berrikusi ahal izango da alderdietako batek hala eskatuz gero, eta aldatu ere egin ahal izango da sinatzaileek aho batez erabakitzen badute, hitzarmenari erantsi beharreko gehigarria sinatzearen bitartez.
Hamargarrena.– Dokumentu honetan jasotako betebeharrak ez betetzea hitzarmena suntsiarazteko arrazoia izango da, eta, hortaz, alderdiak euren jatorrizko egoera juridikora itzuliko dira; horrelakoetan, suntsiaraztearen eragileak ordaindu beharko ditu sortutako kalte-galera guztiak, bai beste alderdiari eta bai fede oneko hirugarrenei.
Orobat, hitzarmen hau suntsiarazi daiteke bere izaeraren ondorioz indarrean dagoen legedian jasota dagoen beste edozein arrazoiagatik.
Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak uko egin ahal izango dio Hitzarmen honetan aurreikusitako sustapenari, aurreko paragrafoan aurreikusitako kalte-ordaina ordaindu gabe, baldin eta gero sortutako arrazoiengatik, hala nola sustapenaren hirigintza-baldintzen aldaketagatik, sustapena bideraezin bihurtzen bada teknikoki eta ekonomikoki.
Eta adostasun eta fede onaren froga gisa, dokumentu hau sinatzen dute, lau aletan, hasieran adierazitako lekuan eta egunean.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.
Bilboko Alkatea,
JUAN MARÍA ABURTO RIQUE.