EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2018007

188/2018 DEKRETUA, abenduaren 26koa, Atzerritar adingabeak Euskal Autonomia Erkidegora aldi batez lekualdatzeko xedea duten izaera humanitarioko programei buruzkoa.

Xedapenaren zenbakia: 201800188
Xedapenaren data: 2018-12-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201900112
Maila: Dekretua
Atzerritar adingabeak aldi batez Espainiara lekualdatzeko programak Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei buruzko eta atzerritar horiek gizarteratzeari buruzko 4/2000 Lege Organikoan araututa daude, zeina 2/2009 Lege Organikoaren bidez aldatu baitzen (Atzerritartasun Erregelamendua biltzen duen apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren bidez onartua), eta, zehazki, 187. eta 188. artikuluetan.
187. artikuluak ezartzen du zein diren izaera humanitarioko programen esparruan egiten diren aldi baterako lekualdatzeek bete beharreko gutxieneko baldintzak, baldin eta administrazio publikoek, irabazi-asmorik gabeko elkarte edo fundazioek edo adingabe horien guraso-ahala edo tutoretza dutenekin loturarik ez duten erakundeek sustatzen eta finantzatzen badituzte programa horiek, eta xedetzat baldin badute aldi baterako egonaldiak egitea tratamendu medikoa jasotzeko edo oporraldia igarotzeko.
Horretarako, aipatutako lekualdatzeak egin ahal izateko, 187. artikuluan bertan, atzerritar adingabe horiek egongo diren lurraldeko gobernuaren ordezkariordearen edo probintzia bakarreko autonomia-erkidegoko gobernuaren ordezkariaren aldeko txostena eskatzen da; orobat, eta txosten hori egin aurretik, adingabeak babesteko arloan eskumena duen eta programari buruz iritzia ematen duen organo autonomikoaren txostena behar dela ezartzen da.
Eta, bestalde, 188. artikulua eskolatze-helburuekin egindako aldi baterako egonaldiak xede dituzten aldi baterako lekualdatzeei buruzkoa da; kasu horretan ere, aurreko artikuluan ezarritako prozedura da aplikatu beharrekoa.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legean eta, zehazki, haren 104. artikuluan haurrei lotutako gaietan ezarritako eskumen-esparruarekin bat etorriz, haurrak eta nerabeak babesteko arloan eskumena duten administrazio publikoak foru-aldundiak dira, adingabeak arriskuan edo babesgabetasun larrian edo babesgabezian daudenean.
Eta Eusko Jaurlaritzari dagokio, beste zeregin batzuen artean, legegintza-ekinbidea eta erregelamenduak egiteko ahala baliatzea haurren eta nerabeen arloan.
Bestetik, Euskal Autonomia Erkidego Osorako Erakundeen eta bertako Lurralde Historikoetako Foruzko Jardute-erakundeen arteko harremanei buruzko azaroaren 25eko 27/1983 Legeak ezartzen du azken horiei dagokiela, nori bere lurraldean, Euskal Autonomia Erkidego osorako legedia betearaztea, besteak beste, gizarte-laguntzaren arloan (7.c.1 artikulua) eta haurren politikaren arloan (7.c.2 artikulua).
Era berean, aipatutako arauen esparruan, kontuan hartzekoa da lehenetsi egiten dela adingabearen interes gorena, eta lehenespen hori formalki onartuta dago Adingabearen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 2. artikuluan (lege horrek partzialki aldatzen ditu Kode Zibila eta Prozedura Zibilaren Legea), eta zehaztapen espezifikoa eta garapen xehetua eman zaio Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 22ko 8/2015 Legean. Aitorpen horrek berez dakar «adingabe guztiek eskubidea dutela beren goragoko interesa oinarrizkotzat hartua izan dadin, haurrei dagozkien ekintza eta erabaki guztietan, esparru publikoan bezala pribatuan ere».
Ildo horretatik, ABJLOren 11.2 artikuluak ezartzen du, berariaz, haien interes gorenaren lehentasuna –Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legeak emandako idazketan– botere publikoen jardunak adingabeen arloan izan beharreko printzipio gidarien artean.
Azaldutako guztiagatik, beharrezkotzat jotzen da atzerritar adingabeak aldi batez Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatzea dakarten programek bete beharreko eskakizunak eta baldintzak arautzea, eta, horrez gain, programa lortu nahi diren helburuak lortzeko egokia den ala ez ebaluatzeko eta egiaztatzeko baliatu behar den jarduera-prozedura ere arautzea.
Arautze horren abiapuntuan dago, zalantzarik gabe, atzerritar adingabeen aldi baterako lekualdatzea dakarten programak humanitarioak direla beti; eta, inolaz ere eta inondik inora ere, ez direla familia-harrerako neurri bat edo neurri hori garatzeko ezein modalitate. Hori guztia, xede honekin: batetik, ahalik eta segurtasun juridiko handiena ematea Euskal Autonomia Erkidegora programa horien esparruan lekualdatzen diren atzerritar adingabeei eta haien familiei, eta bestetik, lekualdatutako haurrak eta nerabeak jatorrizko herrialdean errotuta eta beren familiarekin harremanetan eta lotuta mantentzen direla bermatzea. Eta, ondorioz, haurrak eta nerabeak babesteko sistemari buruzko ordenamendu juridikoaren aurkakoa den praktika bidegabe oro prebenitzeko bermeak hobetzeko xedez.
Hori guztia dela eta, Eusko Jaurlaritzak haurren eta nerabeen arloan duen eskumen legegilea baliatuz ematen da dekretu hau, eta haren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde osoan aplikatuko den testu arauemaile bakarrean esparru arauemaile komun bat garatzea, eta esparru hori aplikatuko zaie Euskal Autonomia Erkidego osoan pertsona adingabeko atzerritarrak EAEra aldi batez lekualdatu nahi dituzten programa humanitarioei eta adingabeen arloko autonomia-erkidegoko txostenari, tokian tokiko gobernu-ordezkariordetzak txostena eman aurretik.
Aurreko premisatik abiatuta, dekretu honek zehazten du zer eskakizun tekniko bete behar dituzten atzerritar adingabeak EAEra aldi batez lekualdatu nahi dituzten programa humanitarioek, eta eskakizun horiek lekualdaketaren helburuaren arabera aldatuko dira. Eta, orobat, programak ondo garatzeko eska daitezkeen baldintzak ere ezartzen ditu. Horren guztiaren helburua da bermatzea programa horietan parte hartzen duten atzerritar adingabeen interes gorenaren lehentasuna, bai eta dituzten eskubideen babesa ere.
Eskakizun eta baldintza horiek, nolanahi ere, foru-aldundiek horrelako programak ebaluatzen eta baloratzen daukaten eskarmentu handia kontuan hartuta ezarri dira, eta kontuan hartu dira, orobat, Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatzen diren adingabeen zaintza betetze aldera programa horietan parte hartzen duten eta are, Estatuko legeriak bide ematen duen kasuetan, programa horiek sustatu ere egiten dituzten pertsonen eta familien esperientzia.
Eta, halaber, arautzen du zer jarduera-prozedura bete behar duten foru-aldundiek, prozedura bera erabiliko baitute hiru lurralde historikoek Atzerritartasun Erregelamenduaren 187. artikuluak araututako txostena egiteko. Artikulu horren arabera, autonomia-erkidego bakoitzean adingabeak babesteko arloan eskumena duten erakunde publikoei dagokie txosten hori egitea.
Azken hori, 27/1983 Legearen 8.3.a) eta b) artikuluetan ezarritakoa eragotzi gabe, zeinaren arabera lurralde historikoetako foru-organoek erregelamenduak egiteko ahala baitute, haien zerbitzu propioak garatzeko, eta administrazio-ahala ere bai. Ahal horiek Euskal Autonomia Erkidego osorako erakundeek beren legedia garatzeko ematen dituzten xedapen orokorren arabera baliatuko dira.
Hori horrela izanik, foru-aldundiek dute egikaritzeko eskumena, eta, hortaz, ahalmena dute, orobat, jarduera-prozedura orokorra bakoitzaren antolaketa propioaren arabera egokitzeko, foru-autonomiaren printzipioa bere eginez; printzipio hori beren foru-organoen antolaketa, araubidea eta funtzionamendua onartzeko eskumen esklusiboan zehazten da eta.
Edukiari dagokionez, dekretu hau honela egituratuta dago: bost kapitulu, xedapen gehigarri bat, bi xedapen iragankor eta azken xedapen bat ditu.
I. kapituluan, atzerritar adingabeak aldi batez Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatzeko programak arautzen dituzten xedapen orokorrak biltzen dira, bai eta foru-aldundiek programa horien esparruan bete behar duten jarduera-prozedura ere.
Horretarako, honako gai hauek ezartzen dira: xedea, aplikazio-eremua, aldi batez lekualdatzeko programei eskatzen zaien izaera humanitarioa, programa horien onuradun izan daitezkeen adingabeak, eta programak helburuaren arabera susta ditzaketen pertsona fisikoak nahiz juridikoak.
II. kapituluan, dekretu hau atzerritar adingabeak aldi batez Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatzeko zein programari aplikatzen zaion zehazten da, eta haietako bakoitzak, helburua zein duen kontuan hartuta, bete behar dituen baldintza teknikoak ezartzen dira.
III. kapituluan, aldi batez lekualdatzeko programak garatzeko bete behar diren baldintzak zehazten dira, eta, zehazki, honako alderdi hauei buruzkoak: programetan parte hartzen duten atzerritar adingabeei lagun egitea; atzerritar adingabeen beraien egonaldia Euskal Autonomia Erkidegoan, bai pertsona horien aldi baterako zaintza duten pertsona edo familiekin batera, bai egoitza kolektiboetan; edo aldi baterako zaintza beren gain hartuko duten pertsonak.
IV. kapituluan, aldi batez lekualdatzeko programa garatzearekin ados dagoen ala ez adierazteko txostena egiteko foru-aldundiek jarraitu behar duten jarduera-prozeduraren oinarrizko araudia jasotzen da; txosten horrek, betiere, kontuan izan beharko du aldi batez lekualdatzeko programa dekretu honetan ezarritako eskakizun teknikoetara eta baldintzetara ondo egokitzen den.
Eta, aipatutako arauen esparruan, arreta berezia jartzen da atzerritar adingabeak aldi batez Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatzeko programari buruzko txosten-eskaerarekin batera derrigor aurkeztu beharreko dokumentazioan, non agiri orokorren eta espezifikoen artean bereizten baita. Ildo horretatik, berariazko dokumentazioa gai hauei buruzkoa da; aldi batez lekualdatzeko programaren modalitatea; programa sustatzen duen pertsona juridikoa edo fisikoa, eta nabarmentzekoa da aldi batez lekualdatzeko programa justifikatzeko memoria, programa pertsona juridiko batek sustatu badu; atzerritar adingabeek EAEko egonaldia egingo duten modua, alegia, nola biziko ote diren: aldi batez zainduko dituzten pertsonekin edo familiekin, edo egoitza kolektibo batean.
Eta, azkenik, V. kapituluan, aldi batez lekualdatzeko programak sustatzen dituzten pertsonen betebeharrak arautzen dira, hala nola prestakuntzaren arlokoak, lekualdatutako atzerritar adingabeen jarraipena, aldi batez lekualdatzeko programaren amaierako azalpen-memoria, eta aldi batez lekualdatzeko programa bat sustatzen duten pertsona fisikoek edo juridikoek foru-aldundiei dagokienez beren gain hartzen dituzten betebeharrak.
Ondorioz, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren adostasunarekin eta Gobernu Kontseiluak 2018ko abenduaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Dekretu honen xedea da atzerritar adingabeak aldi batez Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatzeko programa humanitarioek bete behar dituzten eskakizun teknikoak eta baldintzak arautzea, eta aipatutako aldi batez lekualdatzeko programen esparruan foru-aldundiek 4/2000 Lege Organikoaren Araudiaren 187.1 artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritako txostena egiteko bete behar duten jarduera-prozedura arautzea (4/2000 Lege Organikoa Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei buruzkoa eta Atzerritar horiek Gizarteratzeari buruzkoa da, eta apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren bidez onartutako 2/2009 Lege Organikoaren bidez aldatu zen).
2.– artikulua.– Aplikazio-eremua.
Dekretu honen xedapenak atzerritar adingabeak aldi batez Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatzeko programa humanitarioen esparruan jasotzen diren lekualdatze guztiei aplikatzekoak dira. Programa horietako aldi baterako egonaldien xede izango dira tratamendu medikoa jasotzea, oporraldia igarotzea edo eskolatzea.
3. artikulua.– Aldi batez lekualdatzeko programen izaera humanitarioa.
1.– Dekretu honen aplikazio-eremuan sartzen diren programak, atzerritar adingabeak aldi batez lekualdatzekoak, humanitarioak izan beharko dira nahitaez.
2.– Nolanahi ere, humanitariotzat hartzen dira honako kasu hauetan dauden haurrak eta nerabeak lekuz aldatzea xede duten programak:
a) Jatorrizko herrialdea edo herrialde horretako jatorrizko eremua gatazka beliko baten eraginpean egotea edo berriki egon izana.
b) Jatorrizko herrialdea edo herrialde horretako jatorrizko eremua natura-hondamendiek edo gizakiak eragindako hondamendiek kaltetuta egotea.
c) Errefuxiatu-esparruetan egotea.
3.– Halaber, joko da izaera humanitarioa dutela partaidetzaren, gizarte-elkartasunaren eta elkarri laguntzearen printzipioetan oinarritzen diren programa guztiak, baita garapenerako lankidetzan edo nazioarteko lankidetzan dihardutenak ere, ahulezia handiko egoeran, gizarte-arazoetan, premian edo larrialdi medikoetan dauden adingabeei arreta emateko helburua duten programak izanez gero, eta aipatutako arazoek adingabeen ongizatea larriki eragozten badute, eta haien garapen fisikoa, psikologikoa, soziala, hezkuntza-alorrekoa edo pertsonalitatearen garapen askea oztopatzen badute.
4. artikulua.– Aldi batez lekualdatzeko programen onuradun diren adingabeak.
1.– Guraso-agintearen mende edo tutoretzaren mende dauden haurrek eta nerabeek parte hartu ahal izango dute atzerritar adingabeak aldi batez lekualdatzeko izaera humanitarioko programetan. Azken kasu horretan barnean hartzen dira babes-neurriak ezarri zaizkien adingabeak; bereziki, neurri horiek direnean adingabeak hartzea bizitegi-izaerako babes-zentro adingabeentzako espezifikoetan.
2.– Aldi batez lekualdatzeko programetan parte hartzen duten adingabeek bete beharko dituzte dekretu honen 7.1.b), 8.1.c) eta 9.1.b) artikuluetan ezarritako adin-eskakizunak, programa-modalitatearen arabera.
5. artikulua.– Programak sustatzen dituzten pertsona fisikoak eta juridikoak.
1.– Tratamendu medikoa jasotzeko, oporraldia igarotzeko edo eskolatzeko aldi batez lekualdatzeak xede dituzten programa humanitarioak sustatu ahal izango dituzte administrazio publikoek, irabazi-asmorik gabeko elkarteek, fundazioek edo adingabeen guraso-ahala edo tutoretza dutenekin loturarik ez duten beste entitate batzuek.
2.– Programa atzerritar adingabeak aldi batez lekualdatzeko eskolatze-helburukoa bada, aipatutako erakundeez gain, pertsona fisikoek ere susta ditzakete programak, dela banaka dela bikotean. Nolanahi ere, eta laugarren apartatuan xedatutakoa gorabehera, horretarako gehienez ere hirurogeita bost urte izan ahal izango dituzte, eta nahikoa izango da, bikoteen kasuan, bikotekide bat gazteagoa bada.
Adina zehazte aldera, kontuan hartuko da aldi batez lekualdatzeko programari buruzko txostena eskatu zen data.
3.– Adinaren betebehar hori era berean eta baldintza berberetan aplikatuko zaie artikulu honetako lehenengo apartatuan aipatutako pertsona juridikoren batek sustatutako aldi batez lekualdatzeko eskolatze-helburuko programen esparruan lekualdatutako atzerritar adingabeen zaintza onartzen duten pertsona fisikoei, dela banaka dela bikotean.
4.– Salbuespen modura, aldi batez lekualdatzeko eskolatze-helburuko programa bat sustatu ahal izango dute, edo, hala badagokio, programa horretan parte hartzen duten atzerritar adingabeen zaintza beren gain hartu, hirurogeita bost urte beteta edukiagatik egoera hauetakoren batean dauden pertsona fisikoek:
a) Atzerritar adingabe berbera aldi batez lekualdatzeko programaren batean lehenago parte hartu badute.
b) Atzerritar adingabe berbera aldi batez lekualdatzeko programaren bat lehenago sustatu badute.
c) Programa batean parte hartu ez arren, atzerritar adingabeekin aldez aurretik erlazio edo elkarbizitza positiboa eta egokia izan badute.
II. KAPITULUA
ALDI BATEZ LEKUALDATZEKO PROGRAMAK
6. artikulua.– Aldi batez lekualdatzeko programen modalitateak.
Hona hemen zer modalitatetan sailkatu diren atzerritar adingabeak aldi batez lekualdatzeko asmoa duten programa humanitarioak:
a) Tratamendu medikoa jasotzeko aldi batez lekualdatzea; zehazki, helburua da lekualdatutako adingabeari, osasun-arazo larriak dituenez edo garapen integral osoa eragozten dioten arazoak dituenez, behar duen tratamendu mediko espezializatua edo ebakuntza kirurgikoa ematea, haren jatorrizko herrialdean egin ezin daitekeelako.
b) Oporraldia igarotzeko aldi batez lekualdatzea; batik bat, Aste Santuko, udako edo Gabonetako oporretan, eta helburutzat izanik osasuna eta garapen integrala hobetzeko bizi-baldintza egokiagoak izatea eta beste kultura eta bizimodu batzuk ezagutzeko aukera izatea.
c) Eskolatzeko aldi batez lekualdatzea; bereziki, jatorrizko herrialdean salbuespenezko egoeren ondorioz ikasketak egiteko zailtasunak dituzten adingabeak eskolatzeko.
7. artikulua.– Tratamendu medikoa jasotzeko aldi batez lekualdatzeko programak.
1.– Tratamendu medikoa jasotzeko aldi batez lekualdatzeko programek, ezinbestean, honako eskakizun teknikoak bete beharko dituzte:
a) Egonaldiaren iraupena egin beharreko ebakuntzaren eta ondoren egoki den tratamendu medikoaren arabera erabakiko da. Hala, egonaldiak tratamendua amaitu bitartean iraungo du, edo adingabeak errehabilitazioa osasunerako arriskurik gabe jatorrizko herrialdean egin dezakeen artean.
b) Programan parte har dezaketen haurren eta nerabeen adinak ez du gutxieneko mugarik izango.
2.– Adingabea Euskal Autonomia Erkidegoan dagoela bere egonaldia luzatzea gomendatzen duten gorabeherak gertatuz gero –gorabehera horiek gerora gertatutakoak izan zein ez–, jasotzen ari den tratamendu medikoa ez eteteko edo, hala badagokio, jaso duenaz bestelako osasun-laguntza espezializatua emateko (bere jatorrizko herrialdean eskuragarri ez delako), eta betiere tratamendua eteteak edo osasun-laguntza ez jasotzeak osasuna edo bizitza arrisku larrian jartzea badakar, orduan gorabehera horien berri eman behar zaio aldi batez lekualdatzea baimendu duen Gobernuaren Ordezkariordetzari, hark ebatz dezan egokia den adingabearen egonaldia luzatzeko baimena ematea edo, dagokionean, arrazoi humanitarioengatiko bizileku-baimena ematea.
Arrisku edo premiazko ezohiko inguruabarrak edo arrazoiak daudenean, jatorrizko herrialdera itzultzea galarazten dutenak edo Euskal Autonomia Erkidegoan geratzea komenigarri egiten dutenak, horien berri eman beharko zaio, halaber, Gobernuaren Ordezkariordetzari, Espainiako egonaldia luzatzea egokia den ebatz dezan.
3.– Goian aipatutako salbuespenezko gorabeherak eta arrazoiak behar beste argudiatu eta behar bezala frogatu behar dira, agiri bidez. Tratamendu medikoarekin jarraitzeko edo beste osasun-laguntza bati ekiteko premia, beti, dagokion osasun-agintariak egindako txosten kliniko edo mediko baten bidez frogatu beharko da.
4.– Halaber, gorabehera horien berri eta haien ondorioz hartutako neurrien berri eman beharko zaio aldi batez lekualdatzeko programari buruz iritzia eman duen foru-aldundiari.
8. artikulua.– Oporraldia igarotzeko lekualdatze-programa.
1.– Oporraldia igarotzeko aldi batez lekualdatzeko programek, ezinbestean, honako eskakizun tekniko hauek bete beharko dituzte:
a) Aipatutako programetan, gutxieneko egonaldia 14 egun naturalekoa izango da.
b) Gehienezko egonaldia aldatu egingo da, oporraldia zein den, alegia, Aste Santua, uda edo Gabonak diren kontuan hartuta, eta, betiere, aipatutako aldi horietako baten barruan hasi eta bukatu beharko du egonaldiak.
Ondorio horietarako, Aste Santuko oporretako gehieneko egonaldia 14 egun naturalekoa izango da, eta horiek ostegun santuaren aurreko astelehenetik Pazko Astelehenaren ondoko igandera artean izango dira (biak barne). Egun horiek zeintzuk diren zehazteko dagokion urteko Euskal Autonomia Erkidegoko laneko jaiegunen egutegi ofizialean xedatutakoaren arabera jokatuko da.
Udako oporretan, egonaldia 90 egun naturalekoa izango da gehienez, eta ekainaren 1etik irailaren 30era arteko aldia hartuko du, bi egunak barne.
Gabonetako oporrei dagokienez, gehienezko egonaldia 35 egun naturalekoa izango da, abendu eta urtarril bitartean, biak osorik hartuta.
c) Programa honetan parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegora iristea aurreikusten den egunean gutxienez sei urte dituzten haurrek eta nerabeek.
d) Inola ere ezingo dute programa honetan parte hartu adinez nagusi diren haurrek eta nerabeek.
2.– Dagokion oporraldia amaitu ondoren, bukatutzat emango da egonaldia, eta adingabeak bere jatorrizko herrialdera itzuli beharko du, baldin eta ez badago itzultzea eragozten dion gorabehera edo arrazoi salbuespenezko, arriskutsu edo larririk, eta, betiere, gorabehera edo arrazoi horiek behar beste arrazoitu eta behar bezala frogatu beharko dira, agiri bidez.
Gerora sortutako mediku- edo osasun-gorabeherak baldin badira, dagokion osasun-agintaritzak egindako txosten kliniko edo mediko baten bidez frogatu beharko dira.
3.– Goian aipatutako salbuespenezko gorabeherak edo arrazoiak gertatzen direnean, oporraldia igarotzeko xedez aldi batez lekualdatzeko programak sustatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek jakinarazi eta frogatu egin beharko dituzte aldi batez lekualdatzearen aldeko aurretiazko txostena egin duen Gobernuaren Ordezkariordetzan, hark Espainiako egonaldia luzatzea egokia den ebatz dezan.
4.– Halaber, gorabehera horien berri eta haien ondorioz hartutako neurrien berri eman beharko zaio aldi batez lekualdatzeko programari buruz iritzia eman duen foru-aldundiari.
9. artikulua.– Aldi batez lekualdatzeko eskolatze-helburuko programak.
1.– Eskolatzea xede duten aldi batez lekualdatzeko programek, ezinbestean, eskakizun tekniko hauek bete beharko dituzte:
a) EAEko egonaldiak bat egin beharko du nahitaez ikasturte akademikoarekin.
b) Programa honetan parte hartu ahal izango dute egin behar duten ikasturtea hasten den urtean gutxienez hamabi urte dituzten edo beteko dituzten haurrek eta nerabeek soilik, hori baita Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza hasteko eskatzen den gutxieneko adina.
2.– Ikasturtea bukatzean, amaitutzat emango da egonaldia, eta adingabeak jatorrizko herrialdera itzuli beharko du, baldin eta ez badago itzultzea eragozten dion gorabehera edo arrazoi salbuespenezko, arriskutsu edo larririk, eta, betiere, gorabehera edo arrazoi horiek, agiri bidez, behar beste arrazoituta eta behar bezala frogatuta.
Gerora sortutako mediku- edo osasun-gorabeherak baldin badira, dagokion osasun-agintaritzak egindako txosten kliniko edo mediko baten bidez frogatu beharko dira.
3.– Goian aipatutako salbuespenezko gorabeherak edo arrazoiak gertatzen direnean, aldi batez lekualdatzeko eskolatze-helburuko programak sustatzen dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek jakinarazi eta frogatu egin beharko dituzte aldi baterako lekualdatzearen aldeko aurretiazko txostena egin duen Gobernuaren Ordezkariordetzan, hark Espainiako egonaldia luzatzea egokia den ebatz dezan.
4.– Halaber, gorabehera horien berri eta haien ondorioz hartutako neurrien berri eman beharko da ikasturtean zehar adingabeak bizileku izan duen lurralde historikoari dagokion foru-aldundian.
5.– Aldi batez lekualdatzeko programa bukaturik atzerritar adingabea, helburua bera delarik, hona itzultzea nahi bada, aldi batez lekualdatzeko eskolatze-helburuko beste programa batean sartu beharko da haurra edo nerabea.
Horretarako, foru-aldundiak programa berriaren aldeko txostena egin dezan, ezinbesteko baldintza izango da adingabea jatorrizko herrialdera itzuli izana eta han, gutxienez, hogeita hamar egun natural egon izana, lotuta eta errotuta jarrai dezan bere familia biologikoarekin edo gainerako senitartekoekin edota bere zaintzaz edo tutoretzaz arduratzen direnekin, bai eta bere jatorrizko herrialdearekin ere. Hori guztia, aurreko bigarren apartatuan xedatzen dena eragotzi gabe.
III. KAPITULUA
ALDI BATEZ LEKUALDATZEKO PROGRAMAK GAUZATZEKO BALDINTZAK
10. artikulua.– Atzerritar adingabeei lagun egitea.
1.– Oporraldia igarotzeko aldi batez lekualdatzeko programetan, ezinbestekoa izango da atzerritar adingabeak behar bezala lagunduta egotea, bai bidaian, bai Euskal Autonomia Erkidegoko egonaldiak irauten duen artean; horretarako, begirale-lanak egingo dituzten adinez nagusiko pertsonekin egongo dira, behar duten babesa eta laguntza emateko.
2.– Edonola ere, begirale-lanak egiten dituzten pertsonek Euskal Autonomia Erkidegoan bizi beharko dute izatez, oporraldia igarotzeko aldi batez lekualdatzeko programaren iraunaldi guztian.
3.– Gutxieneko begirale-kopurua programa bakoitzean parte hartzen duten adingabeen kopuru zehatzaren arabera finkatuko da, proportzio honetan: begirale bat lekualdatutako 25 adingabeko.
Programa bakoitzean parte hartzen duten adingabeen kopurua zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremura lekualdatutako haurren eta nerabeen multzoari erreparatuko zaio, zer lurralde historikotan biziko diren kontuan izan gabe, lurralde historiko batera baino gehiagotara joaten diren kasuan.
4.– Aurreko apartatuan adierazitako proportzioaren arabera begirale bat baino gehiago dagoenean, pertsona horien herenek, gutxienez, programan parte hartzen duten atzerritar adingabeen jatorrizko herrialde berekoak izan behar dute. Era berean, begirale bakarra badago, atzerritar adingabeen jatorrizko herrialde berekoa izan behar du.
Edonola ere, begirale guztiek gaztelania maila egokia izan behar dute.
5.– Lekualdatutako adingabeak 15etik 25era bitartekoak badira, eta Euskal Autonomia Erkidegorako bidaia zuzena ez bada eta eskalak edo ibilgailu-aldaketak egin behar badira, begirale batez gain, haurren eta nerabeen laguntzaile gisa jardungo duen adin nagusiko batek ere lagundu beharko ditu, arduradun gisa, jatorrizko herrialdetik etortzeko eta hara itzultzeko bidaietan, babesa, laguntza, kontrola eta errefortzua emateko zereginak eginez.
Ez dira arduraduntzat hartuko, inoiz ere, garraio-konpainiako langileak.
6.– Tratamendu medikoa jasotzeko eta eskolatzeko xedez aldi batez lekualdatzeko programetan -programa horiek pertsona fisikoek zein juridikoek sustatu-, ez da ezinbestekoa izango adingabeak Euskal Autonomia Erkidegoan dauden bitartean begirale bat egotea; bai, ordea, hona etortzeko eta jatorrizko herrialdera itzultzeko bidaietan haurren eta nerabeen laguntzaile gisa jardungo duen adinez nagusiko arduradun batek lagun egitea.
11. artikulua.– Atzerritar adingabeen egonaldia.
1.– Atzerritar adingabeak zaintza-lana beteko duten pertsonen edo familien aldetik behar bezala zainduta egongo direla bermatzeko, oro har, gehienez ere hiru haur edo nerabe egon ahal izango dira aldi batez lekualdatzeko programan parte hartzen duen pertsona edo familia bakoitzeko, hargatik eragotzi gabe hurrengo apartatuan ezartzen dena.
2.– Programa berean neba-arreba talde batek parte hartzen badu, programa horren sustatzaile den pertsona juridikoak aztertu egin beharko du komeni den ala ez neba-arrebak, denak, zaintza-lana beteko duen pertsona edo familia berarekin bizitzea edo, hala badagokio, egoitza kolektibo berean elkarrekin bizitzea. Eta, erabaki beharko du, halaber, pertsona edo familia edo egoitza desberdinetan egonez gero, zer-nolako kontaktuak eta zenbatero behar diren egonaldiak irauten duen artean neba-arreba guztien artean harremanari eusteko.
3.– Pertsona fisikoek sustatutako programetan, programa horietan parte hartzen duten atzerritar adingabeek, ezinbestean, programaren sustatzaile diren pertsonen etxean igaro beharko dute egonaldia.
Era berean, pertsona fisiko horiei aurreko apartatuetan aurreikusitako irizpide berak aplikatuko zaizkie, zaintza-funtzioa egingo duten pertsonekin edo familiekin geratuko diren gehieneko haur edo nerabe kopuruari dagokionez.
12. artikulua.– Aldi baterako zaintza-lana beteko duten pertsonak.
Beti, eta kontuan hartu gabe aldi batez lekualdatzeko programa administrazio publiko, irabazi-asmorik gabeko elkarte, fundazio, entitate edo pertsona fisiko edo familia batek sustatzen duen, adingabeen aldi baterako zaintza beren gain hartuko duten pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Hogeita bost urte edo gehiago izatea, eta gaitasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa izatea. Bikoteen kasuan, nahikoa izango da bikotekideetako batek adin hori izatea.
b) Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan bizitzea eta erroldatuta egotea.
c) Guraso-ahalaren egikaritza kendu edo eten ez izana, ebazpen judizial edo administratibo batez, eta guraso-ahala kentzeko arrazoiren batean sartuta ez egotea.
d) Ez egotea tutoretza-egoera batetik legez baztertua.
e) Ez egotea tutore izatea eragozten duten inguruabarretako batean, Kode Zibilean ezarritako xedapenen arabera.
f) Ez egotea, arrisku- edo babesgabezia-arrazoiak direla-eta, bere ardurapean dituen adingabeak babesteko hartutako neurri edo jarduketa baten eraginpean.
g) Epai irmo bidez kondenaturik egon ez izana giza hilketaren dolozko delituagatik (haren erak edo lesioak nolanahikoak izanagatik ere), askatasunaren, osotasun moralaren edo familia-eskubide eta -betebeharren kontratuko delituagatik, genero-indarkeriarekin erlazionatutako delituagatik edota sexu-askatasunaren eta -ukigabetasunaren kontrako delituagatik (horren barnean sartuz sexu-erasoa eta -gehiegikeria, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa eta adingabeak galbidean jartzeko ustelkeria eta gizakien salerosketa).
h) Ez egotea genero-indarkeriaren biktimak babesteko agindu bati lotutako babes-neurrien mende.
i) Ez aritzea aldi batez lekualdatzeko programan parte hartzen duten adingabeen jatorrizko herrialdean nazioarteko adopzio bat egiteko prozedura bat izapidetzen.
j) Adingabeaz arduratzearekin eta hura zaintzearekin bateragarria den osasun-egoeran egotea.
k) Aldi batez lekualdatzeko programetan aurretik parte hartu baldin badu:
– Adingabearekiko hartutako konpromisoak bete izana; zehazki, aurreikusitako datan edo lekualdatzea eta aldi batez Euskal Autonomia Erkidegoan egotea eragin zuten gorabeherak igarotakoan bere jatorrizko herrialdera itzultzen laguntzeari lotutako konpromisoak.
– Euskal Autonomia Erkidegoko egonaldia amaitu ondoren, aldi batez lekualdatzeko programaren garapena azaltzeko memoria egin eta dagokion foru-aldundian aurkeztu izana, egonaldia amaitzen denetik gehienez ere bi hilabeteko epean, eta dekretu honetan ezarritako moduan.
IV. KAPITULUA
ALDI BATEZ LEKUALDATZEKO PROGRAMARI BURUZKO TXOSTENA ESKATZEKO PROZEDURA
13. artikulua.– Eskabideak eta aurkezteko tokia.
1.– Atzerritar adingabeak aldi batez Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatzeko programari buruzko txostena –4/2000 Lege Organikoaren Erregelamenduaren 187.1 artikuluaren bigarren paragrafoaren bukaeran aipatzen da– programa sustatu duen administrazio publikoak, irabazi-asmorik gabeko elkarteak, fundazioak, entitateak, pertsona fisikoak edo familiak aurkeztu beharko du.
2.– Txostenaren eskaerak dagokion foru-aldundiak horretarako onartutako eskabide normalizatuan egingo dira, behar bezala, eta programan parte hartuko duten atzerritar adingabeak biziko diren lurralde historikoko foru-aldundian aurkeztu behar dira.
3.– Haurtzaro Zerbitzua biltzen duen foru-aldundiko sailean aurkez daitezke hautagaitzak, edo, bestela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako moduetako batean ere aurkez daitezke.
Halaber, foru-aldundiek eskabideak bide elektronikoa erabilita aurkezteko aukera eman beharko dute, foru-aldundiek beren erakundeen antolaketa-, araubide- eta funtzionamendu-gaietan dituzten eskumen propioak baliatuz erabakitzen duten moduan.
14. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.
1.– Pertsona fisikoek edo juridikoek egindako eskabideak, gutxienez, adingabeak jatorrizko herrialdetik ateratzeko aurreikusitako data baino 45 egun natural lehenago aurkeztu behar dira.
Hala ere, foru-aldundiak eskatutako lekualdatzeko programari buruzko txostena eman eta jakinarazi ez duen bitartean, eskabidearen edukia handitu ahal izango da, betiere programarekin itxuraldatzen ez bada hasiera batean lortu nahi zen xedea.
2.– Hori horrela izanik ere, eskabidea tratamendu medikoa jasotzeko aldi batez lekualdatzeko programa bati buruzkoa bada, orduan eskabide hori adingabe jakin horren ebakuntza- edo tratamendu-premia dagoen unean bertan aurkeztu beharko da.
15. artikulua.– Dokumentazio orokorra.
Euskal Autonomia Erkidegora atzerritar adingabeak aldi baterako etortzeko programei buruzko txostenaren eskabideak, baldintza guztietan behar bezala osatutakoak eta programaren arduradun bezala identifikatutako pertsonak sinatutakoak, datu hauek egiaztatzen dituen dokumentazioarekin batera aurkeztuko dira:
a) Programaren helburua (tratamendu medikoa, oporrak hartzea edo eskolatzea).
b) Programan parte hartzen duen adingabe bakoitza aldi batez lekualdatzeko berariazko baimena, pertsona horien guraso-ahala edo tutoretza duen pertsonak edo entitateak edo, hala badagokio, dagokien erakunde ofizialek emana.
Aldi batez lekualdatzeko programa helburu medikoekin egiten bada, adingabearen guraso-ahala edo tutoretza duten pertsonek edo erakundeek emandako baimenean agertu beharko da baimena ematen dutela haurrei edo nerabeei medikuaren agindu bidez erabakitzen diren proba diagnostikoak, ebakuntzak edo tratamenduak egiteko.
Eta, baldin eta aldi batez lekualdatzeko programaren helburua eskolatzea bada, orduan goiko paragrafoan azaldutako baimenean azaldu beharko da baimena soilik ikasturtean lekualdatzeko ematen dutela eta ikasturtea amaitu ondoren adingabearen kargu egingo direla berriz ere.
Edonola ere, baimena behar bezala legeztatuta eta identifikatuta aurkeztu beharko da edo, egokia bada, apostillarekin eta, dagokionean, gaztelaniara edo euskarara itzulia, salbu eta oporraldia igarotzeko aldi batez lekualdatzeko programen kasuan, horietan nahikoa izango baita baimena gaztelania edo euskarara itzulita egotea. Baimena itzulitakoa bada, itzulpena zinpeko itzultzaile batek egindakoa ez bada, entitateko arduradunaren erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, non adierazi beharko den aurkeztutako itzulpena espainieraren edo euskararen behar adinako ezagutza egokia duen pertsona batek egin duela, kasuan-kasuan dagokiona. Pertsona hori ere identifikatu egin beharko da.
c) Herrialdean eskumena duen organoak emandako ziurtagiria, egiaztatzeko aurreko paragrafoan deskribatutako baimena sinatzen duen pertsonaren edo erakundearen eta adingabearen artean filiazio-lotura dagoela, edo, hala badagokio, lotura familiarra edo guraso-ahalak edo tutoretzak ematen duen legezko titulua.
Dokumentu horiek behar bezala legeztatuta eta identifikatuta aurkeztu beharko dira edo, egokia bada, apostillarekin eta, dagokionean, gaztelaniara edo euskarara itzuliak, salbu eta oporraldia igarotzeko aldi batez lekualdatzeko programen kasuan, horietan nahikoa izango baita baimena gaztelania edo euskarara itzulita egotea. Baimena itzulitakoa bada, itzulpena zinpeko itzultzaile batek egindakoa ez bada, entitateko arduradunaren erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da, non adierazi beharko baita aurkeztutako itzulpena espainieraren edo euskararen behar adinako ezagutza egokia duen pertsona batek egin duela, kasuan-kasuan dagokiona. Pertsona hori ere identifikatu egin beharko da.
d) Adingabearen osasun-egoerari buruzko ziurtagiri edo txosten medikoa.
e) Adingabeek Euskal Autonomia Erkidegoan egingo duten egonaldian izango duten osasun-estalduraren egiaztagiria. Estaldura hori Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuaren bidez jaso dezakete edo, hala badagokio, Espainian jarduteko baimena duen aseguru-erakunde batekin hitzartutako arrisku orotako estaldura duen mediku-aseguru baten bidez, gaixotasunak eta istripua bere gain hartzen dituela.
f) Erantzukizun zibileko aseguruaren eta istripu-aseguruaren proposamena atzerritar adingabeentzat, eta, hala badagokio, programaren ondorioz begirale-lanetan jarduteko lekualdatutako helduentzat; honako hauek zehaztuko dira, gutxienez:
– Aseguratutako pertsonen zerrenda zehatza (adingabeena zein helduena).
– Bere gain hartzen dituen arrisku zehatzak eta haiei lotutako prestazioak.
– Estalduraren indarraldia, hasiera- eta amaiera-data zehatz adierazita.
Edonola ere, aldi batez lekualdatzeko programetako atzerritar adingabeak Euskal Autonomia Erkidegora iristeko aurreikusitako eguna baino bost egun lehenago, programaren erakunde sustatzaileak aipatutako erantzukizun zibileko eta istripuetako asegurua sinatu dela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu dagokion foru-aldundiaren aurrean.
16. artikulua.– Tratamendu medikoa jasotzeko aldi batez lekualdatzeko programetarako berariazko dokumentazioa.
Aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa gorabehera, aldi batez lekualdatzeko programa tratamendu medikoa jasotzekoa bada, txosten-eskaerekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Adingabearen txosten medikoa, osasun-laguntza espezializatua behar duen gaixotasunari edo patologiari buruzkoa.
b) Adingabearen jatorrizko herrialdean eskumena duen osasun-agintaritzaren egiaztapena, herrialdean ez dagoela haurrak behar dituen ebakuntzak edo tratamenduak egiterik edo duen patologia tratatzerik. Aurkezten den dokumentazioak behar bezala legeztatuta eta autentikatuta edo, hala badagokio, argibidez hornituta egon behar du, eta, behar bada, gaztelaniara edo euskarara egoki itzulita.
c) Adingabea artatuko duen eta Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dagoen osasun-zentro publiko zein pribatu baten egiaztapena, tratamendua Espainian egin daitekeela, eta konpromisoa hartzen duela haurrak behar duen ospitaleratzea eta ebakuntza kirurgikoa edo tratamendu medikoa bere gain hartzeko. Halaber, egingo den ospitaleratzearen eta ebakuntza kirurgikoaren edo tratamendu medikoaren aurreikuspen bat erantsi beharko da.
d) Programa sustatzen duen entitateak ospitaleratzeak eta ebakuntza kirurgikoak edo tratamendu medikoak dakartzan kostuak ordaintzeko duen berariazko konpromisoaren egiaztapena.
17. artikulua.– Aldi batez lekualdatzeko eskolatze-helburuko programetarako berariazko dokumentazioa.
Dekretuaren 15. artikuluan aipatutako dokumentazioa gorabehera, aldi batez lekualdatzeko programa eskolatze-helburukoa bada, txosten-eskaerekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:
a) Adingabeak, egingo duen ikasturte osorako, ikastetxe ofizial batean plazaren erreserba edo matrikulazioa egina duela egiaztatu behar du hezkuntza-agintaritzak.
b) Programa sustatzen duen entitateak edo pertsona fisikoak adingabea eskolatzeak dakartzan gastu guztiak ordaintzeko konpromisoa hartzen duela egiaztatu behar du.
c) Adingabearen esanbidezko adostasuna dagokion ikasturtean eskolatze-helburuko programan parte hartzeko, non, orobat, adierazten den aurrez jaso duela informazioa programaren edukiari, programa sustatzen duten pertsonei eta arautzen duten baldintzei buruz.
18. artikulua.– Pertsona juridikoek aurkeztu beharreko berariazko dokumentazioa.
Aldi batez lekualdatzeko programari buruzko txostenaren eskaera pertsona juridiko batek aurkeztu badu, dekretu honen 15. artikuluan ezarritako dokumentazioa eta, hala badagokio, programaren xedearekin bat etorriz 16. eta 17. artikuluan ezarritakoa aurkeztu behar dira, bai eta agiri hauek ere:
a) Aldi batez lekualdatzeko programa sustatzen duen entitatearen eraketa-akta, non egiaztatuko baita balio osoz eratuta dagoela, eratzen den unean indarrean dagoen legeriaren arabera, eta entitatearen helburuen artean ez dagoela adopzio-prozeduretan –nazionaletan zein nazioartekoetan– bitartekari aritzeko, sustatzeko eta parte hartzeko helbururik edo adinez nagusikoen adopzioei lotutako zernahi jarduera egiterik.
b) Dagokion erregistroan inskribatuta dagoela egiaztatzeko agiria, identifikazio fiskalaren kodea adierazita.
c) Entitatearen legezko ordezkariaren eta programaren arduradun gisa diharduenaren ordezkaritza edo ahalordetzea egiaztatzeko agiria. Eta programa administrazio publiko batek sustatu badu, gaian eskumena duen organoak edo agintariak hartutako erabakia.
d) Estatutuen kopia, non jasota egon beharko baitira, helburuen artean, atzerritar adingabeak aldi batez lekualdatzeko programak egitea, helburu humanitarioak dituztenak, edo, oro har, haurren eta nerabeen eskubideak defendatzea, sustatzea edo babestea.
e) Erantzukizunak hartzeko akta notariala, programa sustatzen duen entitatearen legezko ordezkariak sinatua; alderdi hauek adieraziko dira bertan:
– Programan parte hartzen duten adingabeen zaintzaz eta arretaz arduratzeko proposatutako pertsonak edo familiak jaso duela atzerritar adingabeen zaintza-lanak bere gain hartzeko egokitzapen-baldintza egokiak betetzeko behar den prestakuntza.
– Adingabeen zaintzaz eta arretaz arduratzeko proposatutako pertsonak edo familiak betetzen dituela horretarako eskakizun eta baldintza egokiak.
– Ordezkatzen duen entitatea arduratuko dela programaren parte diren pertsona edo familia guztiak dagozkien betebeharren inguruan jakinaren gainean jartzeaz; hau da, zer-nolako betebeharrak dituzten, adingabeak Euskal Autonomia Erkidegoan egingo duten egonaldian babestuta egon daitezen bermatzeko.
– Proposatutako pertsona edo familia guztiek baliabide ekonomiko egokiak eta behar bestekoak dituztela adingabeek Euskal Autonomia Erkidegoan egingo duten egonaldian izango dituzten mantenu-gastuak, ostatu-gastuak eta osasun-laguntzako gastuak beren gain hartzeko (gastu horiek proposatutako pertsonek edo familiek ordainduko dituzte edo, bestela, programa sustatzen duen entitateak).
f) Aldi batez lekualdatzeko programa justifikatzeko memoria, dekretu honen 22. artikuluaren edukiaren arabera.
g) Programaren proiektu ekonomikoa, entitatearen diru-sarreren eta gastuen aurrekontua zehaztuz, eta programaren finantziazioaren berri emanez.
19. artikulua.– Zaintzaz arduratuko diren pertsonekiko edo familiekiko egonaldietarako berariazko dokumentazioa.
Programan parte hartzen duten adingabeak pertsona edo familia zaintzaileekin bizitzekoak badira Euskal Autonomia Erkidegoan egingo duten egonaldian, aurreko artikuluan aipatzen den dokumentazioa ez ezik, nahitaezko dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:
a) Programan aldi baterako zaintzaile gisa parte hartzea eskatu duen pertsonaren edo familiaren familia-unitatea osatzen duten pertsonen zerrenda, eta haietako bakoitzarekin biziko den haurraren edo nerabearen identifikazioa.
b) Zaintza beteko duten pertsonen nortasuna identifikatzeko eta egiaztatzeko agiria.
c) Zaintza beteko duten pertsonen erroldatze-ziurtagiri eguneratua, etxean bizi diren pertsona guztien zerrenda barne.
d) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, non adierazten baita zaintza beteko duten pertsonek ez dutela aurrekari penalik. Bereziki, adierazi beharko dute ez dutela inoiz kondenarik jaso sexu-askatasunaren edo sexu-osotasunaren kontrako delituren bat egiteagatik –sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea edo gizakien salerosketa–, edo hala badagokio, horiek identifikatzea, eragindako pertsona dela-eta.
Adierazpen horretan jasoko dira, halaber, zaintza beteko duten pertsonen familia-unitatean sartzen diren eta familia-bizilekuan erroldatuta dauden hamalau urtetik gorako pertsona guztiak.
Edonola ere, familiek zaintza beren gain hartu aurreko bost egunetan, programaren erakunde sustatzaileak dagokion foru-aldundian aurkeztu beharko du aurrekari penalik ez dagoela edo, dagokionean, badaudela egiaztatzeko dokumentazio eguneratua, bai eta gaizkile sexualen erregistro nagusiko esanbidezko egiaztagiria, sexu-askatasun eta sexu-osotasunaren aurkako delituengatik epai irmo baten bidezko kondenarik jaso ez izanarena, erantzukizuneko adierazpenean sartutako pertsona guztiena.
e) Entitatearen legezko ordezkariak sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena zaintza beteko duten pertsonen osasun fisiko eta psikikoa ez dela eragozpen, eta bateragarri dela adingabea zaintzearekin.
f) Zaintza beteko duten pertsona guztiek sinatutako erantzukizunpeko adierazpena, non adieraziko baitute badakitela aldi batez lekualdatzeko programaren xedea, eta adingabeak familian egonaldia egitearen xedea ez dela adopzioa, ezta familia-harrera ere (ezein modalitatetan), ez eta adopzio aurreko elkarbizitzarako zaintza-eskuordetza ere.
g) Zaintza beteko duten pertsona guztiek izenpetutako erantzukizunpeko adierazpena, programan parte hartzeak dakarzkien betebeharrak betetzeko borondatea dutela adieraziz; zehazki, betebehar hauek:
– Lekualdatzeak irauten duen bitartean haur bat adoptatzeko prozedurarik ez izapidetzea.
– Haurrari edo nerabeari jatorrizko herrialdera itzul dadin laguntzea eta bultzatzea, behin egonaldiaren iraupena edo egonaldiaren arrazoi ziren gorabeherak amaitzean edo, hala badagokio, Espainiako edo haur edo nerabearen jatorrizko herrialdeko agintariren batek edo programa sustatzen duen erakundeak hala eskatzean.
– Haurraren edo nerabearen mantenuak, ostatuak eta osasun-laguntzak dakartzan gastu guztiak bere gain hartzea.
– Errespetatzea eta balioestea haurraren askatasuna eta duintasuna, nortasunaren bereizgarriak eta ezaugarri indibidualak zein kolektiboak, eta aniztasun etniko eta kulturala, bai eta erlijio-aniztasuna ere, oinarrizko eskubide horien aurkako jardunik egin gabe, hala nola aniztasuna eta diferentzia.
20. artikulua.– Egonaldia izaera kolektiboko egoitza batean egiteko berariazko dokumentazioa.
1.– Programan parte hartzen duen adingabeek, Euskal Autonomia Erkidegoan egingo duten egonaldian egoitza kolektibo batean bizitzekoak badira, dekretu honen 18. artikuluan aipatutako dokumentazioa ez ezik, nahitaezko dokumentazio hau ere aurkeztu beharko dute:
a) Ostatuaren kanpoaldeko zein barrualdeko arkitektura- eta irisgarritasun-, azalera- eta diseinu-ezaugarrien deskribapena, eta, batik bat, irisgarritasun-, arkitektura-, eraikuntza-, hirigintza- eta segurtasun- eta higiene-arloetan indarrean dagoen legeriak ezarritako baldintzak betetzen dituzten ezaugarriena.
b) Alokairua, erreserba edo ostatu-lagapena agiri bidez egiaztatzea.
c) Ostatuaren bizigarritasun-baldintzak egiaztatzea, han biziko den gehienezko pertsona-kopuruari erreparatuta (adingabeak zein helduak barne).
d) Programak irauten duen artean adingabeen zaintza bere gain hartuko duten pertsonen nortasuna egiaztatzea, eta harremanetarako bideak identifikatzea.
2.– Ez da eskatuko artikulu honen a), b), c) eta d) paragrafoetan adierazitako dokumentazioa aurkezteko, baldin eta programaren sustatzaileak aurrez foru-aldundiari aurkeztu badio, entitate horrek lehendik ere parte hartu duelako aldi batez lekualdatzeko programetan, eta, betiere, dokumentazioan jasotako informazioak aldaketarik izan ez badu.
Horretarako, programa sustatzen duen entitateak adierazi beharko du noiz eta zer programaren barruan aurkeztu zuen dokumentazioa, eta, horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpena aurkeztu beharko du, agiri horietan jasotako datuek inolako aldaketarik ez dutela izan adieraziz edo, hala badagokio, aurrez egiaztatutako datuen aldean aldaketak izan dituzten agiriak zein izan diren identifikatuz; azken kasu horretan, aurreko dokumentazioa aldatzen duen dokumentazio eguneratua aurkeztu beharko da.
21. artikulua.– Pertsona fisikoek aurkeztu beharreko berariazko dokumentazioa.
1.– Aldi batez lekualdatzeko programari buruzko txostenaren eskaera pertsona fisiko batek egin badu, dekretu honen 15. eta 17. artikuluetan ezarritako agiriez gain eta programaren eskolatze-helburuaren arabera egoki diren agiriez gain, datu hauek egiaztatzen dituzten agiriak ere aurkeztu beharko dira:
a) Zaintzaz arduratuko diren pertsonen nortasuna egiaztatzeko agiria.
b) Zaintza beteko duen pertsona bakoitzaren seme-alaben egiaztapena, Erregistro Zibila arautzeko indarrean dagoen araudiaren arabera.
c) Zaintza beteko duen pertsonaren edo familiaren erroldatze-ziurtagiri eguneratua, etxean bizi diren pertsona guztien zerrenda barne.
d) Zaintza beteko duten pertsonek eta haien familia-unitatean sartzen diren eta familia-bizilekuan erroldatuta dauden 14 urtetik gorako pertsonek aurrekari penalik ez dutela egiaztatzea, edo hala badagokio, dituzten aurrekari penalak egiaztatzea.
e) Zaintza beteko duten pertsonek eta familia-unitatea osatzen duten eta familiaren etxebizitzan erroldaturik dauden hamalau pertsonatik gorako pertsona guztiek, sexu-gaizkileen Erregistro Zentralaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute, adierazteko ez duela inoiz kondenarik jaso sexu-askatasunaren edo sexu-osotasunaren kontrako delituren bat egiteagatik (sexu-erasoa eta -abusua, sexu-jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzioa eta sexu-esplotazioa, adingabeak galbidean jartzea barne) edo gizakien salerosketagatik.
f) Zaintza beteko duten pertsonen ziurtagiri edo txosten medikoa, non haien egoera fisikoa zein psikikoa egiaztatzen den eta adierazten den egoera horrek ez duela oztopatzen adingabearen zaintza.
g) Programan parte hartuko duen adingabearen nortasuna egiaztatzea, pasaporte bidez edo jatorrizko herrialdean baliokidea den nortasun-agiriaren bidez, non titularraren nazionalitatea ageri den.
h) Adingabearen jatorrizko herrialdea ez den beste batean eskolatu beharra arrazoitzen duten inguruabar berezien justifikazioa.
i) Adingabea Euskal Autonomia Erkidegora iristeko eguna eta bere jatorrizko herrialdera itzultzeko eguna.
j) Adingabeak egingo duen ikasturtearen identifikazioa.
k) Zaintza beteko duten pertsonek izenpetutako erantzukizunpeko adierazpena, non argi geratzen den jakitun direla aldi batez lekualdatzeko programaren helburua eta adingabeak familian egingo duen egonaldiaren xedea ez direla ez adopzioa, ez familia-harreraren ezein modalitate, ez adopzio-aurreko elkarbizitzarako zaintza delegatzea.
l) Zaintza beteko duten pertsonen erantzukizunpeko adierazpena, non adierazten duten programan parte hartzeak dakarzkien eskakizunak betetzeko asmoa dutela eta, zehazki, eskakizun hauek:
– Lekualdatzea indarrean den artean haurra edo nerabea adoptatzeko prozedurarik ez izapidetzea.
– Haurra bere jatorrizko herrialdera itzul dadin bultzatzea eta laguntzea ikasturtea amaitzean, edo, hala badagokio, Espainiako edo haurraren edo nerabearen jatorrizko herrialdeko administrazio publikoren batek edo agintariren batek eskatzen duenean edo programa sustatzen duen entitateak hala eskatzen duenean.
– Bere gain hartzea haurraren edo nerabearen mantenuak, ostatuak eta osasun-laguntzak eta, batik bat, eskolatzeak dakartzan gastuak.
– Errespetatzea eta balioestea haurraren edo nerabearen askatasuna eta duintasuna, nortasunaren bereizgarriak eta ezaugarri indibidualak zein kolektiboak, eta aniztasun etniko eta kulturala, bai eta erlijio-aniztasuna ere, oinarrizko eskubide horien aurkako jardunik egin gabe, hala nola aniztasuna eta diferentzia.
2.– Ez da eskatu beharko artikulu honen lehenengo zenbakiaren a), b), g) eta h) paragrafoetan ezarritako dokumentazioa aurkezteko, baldin eta programaren sustatzaile den pertsona fisikoak, aurrez, foru-aldundian aurkeztu badu, berak sustatutako aldi batez lekualdatzeko programa baten esparruan, eta, betiere, dokumentazio horretan jasotako informazioan aldaketarik izan ez bada.
Horretarako, programaren sustatzaile den pertsona fisikoak adierazi beharko du noiz eta zer adingaberi dagokionez aurkeztu zuen dokumentazio hori, eta, horrekin batera, erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, adieraziz agiri haietan jasotako datuek ez dutela inolako aldaketarik izan; aldaketarik izan bada, berriz, identifikatu egin beharko ditu aurrez egiaztatutako datu haiei dagokienez zein agiritan izan diren aldaketak eta, kasu horretan, aurrekoa aldatzen duen dokumentazio eguneratua erantsi beharko du.
22. artikulua.– Aldi batez lekualdatzeko programa justifikatzeko memoria.
Programari buruzko txosten-eskaerarekin batera aurkeztu behar den aldi batez lekualdatzeko programa justifikatzeko memorian datu hauek eman behar dira, programa pertsona juridiko batek sustatu badu:
a) Programa garatuko den lurralde historiko bakoitzeko arduradunaren identitate-datuak eta harremanetarako datuak.
b) Programaren izaera humanitarioaren eta lortu nahi diren helburuen arrazoiketa.
c) Programan parte hartzen duen atzerritar adingabeen kopurua eta jatorrizko herrialdea edo, hala badagokio, herrialde horretako jatorrizko eremua.
d) Programan parte hartzen duten haurrak eta nerabeak Euskal Autonomia Erkidegora iristeko eguna eta jatorrizko herrialdera itzultzeko eguna.
e) Garraiobideen eta bidaiaren baldintzen zerrenda (alegia, ea bidaietan geldialdirik edo garraiobide-aldaketarik baden), garraiobide-aldaketak barne, bai adingabeak egoitzara iristeko bai jatorrizko herrialdera itzultzeko.
f) Haurren eta nerabeen bizilekua, Euskal Autonomia Erkidegoan egingo duten egonaldian.
g) Zerrenda bat, izen-abizenekin, adinarekin eta generoarekin identifikatuz, batetik, programan parte hartzen duten haurrak eta nerabeak eta, bestetik, helduak –izan lekualdatzeak irauten duen artean begirale-zereginak betez haurrei eta nerabeei lagun egiten dieten helduak, izan hona etortzeko eta jatorrizko herrialdera itzultzeko bidaietan haurren eta nerabeen arduradun gisa diharduten helduak–. Halaber, haurren eta nerabeen kasuan, beharrezkoa izango da, hala badagokio, egoera pertsonala dela-eta edo egoera fisiko edo psikikoa dela-eta premia bereziak dituzten adieraztea.
h) Aurreko zerrenda horretan dauden adingabeen zein helduen nortasuna, pasaporte bidez edo jatorrizko herrialdean baliokidea den eta titularraren nazionalitatea jasotzen duen nortasun-agiriaren bidez egiaztatuta.
i) Puntu honetan, foru-aldundiak dagokion txostena eman aurretik, adierazitako bitartekoen bidez nortasuna akreditatu gabe duten adingabeei baja emango zaie programan, automatikoki, dekretu honen 24.2 artikuluan ezarritakoa betez.
j) Haurrentzat eta nerabeentzat prestatu diren jolas-, hezkuntza- eta osasun-arloko jarduerak, planak edo ekintzak.
k) Programan parte hartuko duen adingabe bakoitza bere herrialdean edo bere herrialdeko jatorrizko eremuan nola dagoen azaltzeko deskribapen zehatza, eta, egoera egiaztatzea, baldin eta honako hauetakoren bat bada: jatorrizko herrialdean edo herrialde horren eremu batean gertatutako hondamendia; gatazka beliko bat duen edo horren ondorioz zailtasun sozialak dituen eremu batetik etortzea; errefuxiatu-esparruetan edo atzerritar adingabeak babesteko zentroetan egotea; tratamendu medikoa jasotzeko edo oporraldia igarotzeko lekualdatutako sahararrak izatea, edo ezaugarri bereziak dituen beste zeinahi egoera (behar bezala justifikatu beharko dira).
23. artikulua.– Dokumentazioaren indarraldia.
Dekretu honen 15. artikulutik 21.era bitartean jasotako agiriak aldi batez lekualdatzeko programari buruzko txostenaren eskabidea aurkeztu baino hiru hilabete lehenago egin edo konpultsatu badira, ez dute baliorik izango.
24. artikulua.– Eskabidea zuzentzea eta hobetzea.
1.– Aldi batez lekualdatzeko programari buruzko txostenaren eskabideak eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioak ez badituzte betetzen dekretu honetan ezarritako baldintzak edo haien edukia nahikoa ez bada, edo beharrezko diren agirietako bat aurkeztu ez bada, 10 egun balioduneko epea emango zaie eskabidea aurkeztu duten pertsona fisikoei edo juridikoei akatsak zuzentzeko edo falta den dokumentazioa aurkezteko; orobat, ohartaraziko zaie, hala egin ezean, eskaera ezetsi eta artxibatu egingo dela. Horrek guztiak ez du eragotziko Administrazioak, eskabidea artxibatu baino lehen, hari buruzko berariazko ebazpen espresu bat emateko eta jakinarazteko duen betebeharra, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 eta 21. artikuluetan xedatutakoaren arabera.
2.– Eskatutako dokumentazioa bat badator aldi batez lekualdatzeko programan parte hartzen duten adingabeen identitatearen egiaztapenarekin, foru-aldundiak eman lezake eskatutako txostena, dokumentazioa horretarako ezarritako epean aurkeztu ez arren; hala ere, programan automatikoki baja emango zaie txostena eman aurretik identitatea egiaztatuta ez daukaten haur eta nerabeei.
3.– Hamar egun balioduneko epea beste bost egun baliodun luzatu ahal izango da ofizioz nahiz pertsona fisiko edo juridiko interesdunak hala eskatuta, akatsak zuzentzeko edo beharrezko agiriak aurkezteko zailtasun bereziak badituzte. Halaber, epea gehiago luzatu ahal izango da, eskatutako dokumentazioa lekualdatu nahi diren atzerritar adingabeen jatorrizko herrialdeetan ezinbestean eskatu edo igorri behar den kasuetan. Edonola ere, luzapen hori ezingo da inoiz izan hilabetetik gorakoa.
4.– Pertsona fisikoak edo juridikoak atzera egiten badu eta eskabidea artxibatzen bada, beste eskabide bat aurkeztu ahal izango du aurrerago.
25. artikulua.– Dokumentazio osagarria.
1.– Aldi batez lekualdatzeko programari buruzko txostenaren eskaera eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioa aztertu eta baloratzeko prozesuan, edo adingabearen zaintza beteko duten pertsonen balorazio psikosoziala egiteko prozesuan, talde teknikoak edo prozesuan esku hartzen ari diren profesionalek ikusten badute argibide edo informazio gehiago eskuratzeko beharra dagoela programari buruz zein zaintza betetzeko interesa duten pertsonek dituzten gorabeherei buruz, eta informazio hori kontuan hartu behar dela egingo den balorazio psikosozialean, orduan bai programa bai interesdunen egoera ahalik eta egokien baloratzeko lagungarri diren beste zeinahi agiri aurkezteko eskatu ahal izango da.
2.– Aurreko artikuluak eskaera zuzentzeko eta hobetzeko ezarritako baldintzei jarraituz eskatuko da dokumentazioa, eta, halaber, eskatutako agiriren bat ez aurkezteak artikulu beraren lehenengo zenbakian ezarritako ondorio berberak ekarriko ditu berekin.
26. artikulua.– Eskabidea aztertzea eta hobetzea.
1.– Aldi batez lekualdatzeko programari buruzko txostenaren eskaera eta harekin batera aurkeztutako nahitaezko dokumentazioa aztertuta, foru-aldundiak egiaztatuko du programaren sustatzaile diren pertsona fisiko edo juridikoek betetzen dituztela dekretu honetan ezarritako eskakizun teknikoak eta baldintzak, eta betetzen direla, halaber, atzerritar adingabeen zaintza beteko duten pertsonei zein programan parte hartuko duten adingabeei eskatutako gorabehera pertsonalak eta familiarrak ere.
2.– Programa pertsona fisikoek sustatu baldin badute, horrez gain, elkarrizketa bat egingo zaio adingabearen zaintzaile izango den pertsonari edo familiari eta, haren emaitzaren argitara, foru-aldundiak pertsona edo familia horren balorazio psikosoziala egitea komenigarria edo ezinbestekoa den baloratuko du, eta, batik bat, bere gorabehera pertsonalak eta familiarrak.
3.– Aurreko paragrafoan ezarritako ondorioetarako, zaintza beteko duen pertsonaren edo familiaren bizilekuari dagozkion oinarrizko gizarte-zerbitzuen lankidetza eskatu ahal izango du foru-aldundiak, adingabe bat zaintzeko egokiak direla frogatzeko, edo familia-unitatearen ezaugarri eta funtzionamendu pertsonala zein familiarra egiaztatzeko.
4.– Aurrez baloratutako gorabeherek komenigarri egiten badute, balorazio psikosozialean parte hartu behar duten teknikariek edo profesionalek zaintza beteko duen pertsonaren edo familiaren bizilekuan bertan egin ahal izango dute balorazio hori.
5.– Nolanahi ere, zaintza bere gain hartuko duen pertsona edo familia bera bada eskolatzeko aldi batez lekualdatzeko programa sustatzen duena, eta azken bost urteetan familia-harrerarako edo adopziorako desegokitzat jo bada, foru-aldundiak pertsona edo familia horren balorazio psikosoziala egitea komenigarritzat edo ezinbestekotzat joz gero, balorazio hori, ezinbestean, bizilekuan bertan egingo da.
6.– Halaber, programa sustatzen duen pertsonak edo familiak aurrez parte hartu badu entitate batek antolatutako programa batean, adingabeko pertsona beraren zaintza betez, orduan foru-aldundiak txostena egin dezan eskatuko dio entitate horri, adingabea familiarekin egindako egonaldian familia horretara nola egokitu zen jakiteko, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera.
7.– Eskolatze-helburuko programa batean parte hartuko duen atzerritar adingabearen gorabehera pertsonalak eta familiarrak baloratzeko, kontuan hartuko dira, batik bat, eta bere benetako egoera zein den jakiteko xedez, honako alderdi hauek:
a) Adina.
b) Baldintza sozio-familiarrak.
c) Jatorrizko herrialdean derrigorrezko eskolatzearen gehieneko adina.
d) Jatorrizko herrialdean ikasketak egiteko zailtasunak.
e) Ikasketek etorkizunean duten erabilgarritasuna.
f) Jatorrizko herrialdera itzultzean integratzeko aukerak.
27. artikulua.– Txostena egitea.
1.– Aldi batez lekualdatzeko programari buruzko eskaera dekretu honetan ezarritako eskakizun teknikoetara eta baldintzetara ongi egokitzen den aztertu ondoren, eta, hala badagokio, atzerritar adingabearen zaintza beteko duen pertsonaren edo familiaren balorazio psikosoziala egin ondoren, aurreko artikuluan jasotako xedapenekin bat etorriz, foru-aldundiak txosten bat egingo du, espresuki, adieraziz programa bat datorren ala ez bereizgarri izan behar lituzkeen helburu humanitarioekin, betiere programak lortu nahi duen helburuaren arabera (tratamendu medikoa jasotzea, oporraldia igarotzea edo eskolatzea).
2.– Nolanahi ere, txostenaren edukia programa garatzearekin ados dagoen ala ez adierazteko izango da eta behar beste arrazoituta egon beharko du, Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 39/2015 Legearen 35. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, eta lege-testu beraren 40. artikuluan eta hurrengoetan xedatutako moduan jakinaraziko zaie interesdunei.
3.– Ondorio horietarako, aipatutako txostenean eskaeraren azterketaren eta balorazioaren emaitza jaso beharko da, bai eta adingabearen zaintza beteko duten pertsonen balorazio psikosoziala egiteko prozesuaren emaitza ere, halakorik egin bada.
Nolanahi ere, aldi batez lekualdatzeko programari buruzko txostenaren eskaera pertsona fisiko batek aurkeztu badu, aipatutako txosten horretan idatziz jaso beharko da aurrekari penalik baduen ala ez, eta, baldin badu, identifikatu egin behar dira eragiten dioten pertsonarekiko; halaber, atzerritar adingabearen eta zaintza bere gain hartuko duten pertsonen artean dauden edo haren familia-unitatea osatzen duen kideren batekin edo familiaren egoitzan erroldatuta ageri den kideren batekin duen lotura familiarren berri emango da, halakorik izanez gero.
4.– Hilabeteko epea egongo da, gehienez, txostena egin eta jakinarazteko, aldi batez lekualdatzeko programari buruzko txostenaren eskabidea organo eskudunaren erregistroan izapidetzera sartu den egunetik hasita.
Aipatutako epe horretan, ez da kontatuko programa sustatu duten pertsona fisikoei edo juridikoei egotz dakizkiekeen arrazoiengatik edo Administrazio Publikoen Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 22. artikuluan jasotako arrazoiren bat tarteko espedientea etenda egon den aldia.
5.– Foru-aldundiak txostena egin arren, aldi batez lekualdatzeko programaren garapenari adostasuna erakutsiz, horrek ez du salbuesten, inolaz ere, atzerritar adingabeak bizileku izango duen lurralde historikoko Gobernu-ordezkariordearen aurretiazko aldeko txostena egiteko beharretik, hala aurreikusita baitago 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamenduaren 187.1 artikuluaren lehenengo paragrafoan.
V. KAPITULUA
ALDI BATEZ LEKUALDATZEKO PROGRAMAREN SUSTATZAILE DIREN PERTSONEN BETEBEHARRAK
28. artikulua.– Zaintzaz arduratuko diren pertsonen edo familien prestakuntza.
1.– Tratamendu medikoa jasotzeko eta oporraldia igarotzeko aldi batez lekualdatzeko programetan, atzerritar adingabeen zaintza beteko duten pertsonek, baldin eta ez badute aurretik parte hartu pertsona juridiko berberak helburu horietarako sustatutako beste programa batean, nahitaez hartu beharko dute parte programa sustatzen duen pertsona juridikoak emandako prestakuntza-jardueretan, izendatutako pertsonak edo familiak atzerritar adingabeen zaintza-lanak beren gain hartzeko egokitasun- eta gaitasun-baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko xedez.
2.– Prestakuntza profesional gaituek eman beharko dute, adingabeekin eta familiekin gizarte-ekintzaren esparruan prestakuntza eta esperientzia duten profesionalek, eta edukian gai hauei buruzko informazio gehigarria sartu beharko da:
a) Emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna.
b) Diskriminaziorik ez egitea, edozein arrazoirengatik (adina, nazionalitatea, arraza- edo etnia-jatorria, erlijioa, generoa, ezintasuna, sexu-orientazioa, genero-identitatea).
c) Betebeharrak eta erantzukizunak ezagutzea eta berdintasun-baldintzetan betetzea sustatzea; batez ere, gizonen eta emakumeen beharrezko baterako erantzukizuna adingabeen zaintzan, hezkuntzan eta prestakuntzan.
d) Harremanak berdintasunean oinarrituta ezartzeko beharra.
3.– Pertsona juridiko berberak sustatuta tratamendu medikoa jasotzeko eta oporraldia igarotzeko aldi batez lekualdatzeko programetan aurrez parte hartu duten pertsonen eta familien kasuan, prestakuntza programaren helburuak eta xedeak lortzera bideratuko da bete-betean.
4.– Aldi batez lekualdatzeko programa eskolatze-helburukoa bada, eta adingabearen zaintza beteko duen pertsonak edo familiak aurrez ez badu parte hartu helburu horietara bideratutako programetan, foru-aldundiak erabaki egin beharko du ea komeni den prestakuntza- edo trebakuntza-elkarrizketetan parte hartzea, honako alderdi hauek egiaztatze eta baloratze aldera:
a) Jakitun da zer dakarren haurraren edo nerabearen zaintza betetzeko prest egoteak eta zer-nolako berezitasunak dituen atzerritar adingabeak aldi batez lekualdatzeko programa batek.
b) Bere gain hartzen ditu programan parte hartzeak dakarzkion erantzukizun guztiak eta, batik bat, adingabeari eragiten dioten erantzukizunak.
c) Ulertzen du adingabeak bere jatorriari, bere familia biologikoari eta bere jatorrizko herrialdeari lotuta jarraitzeko beharra duela, eta lotura hori benetakoa eta egiazkoa izan dadin modu positiboan jardungo du.
29. artikulua.– Lekualdatutako atzerritar adingabeen jarraipena.
1.– Aldi batez lekualdatzeko eskolatze-helburuko programa batean, sustatzailea programa pertsona fisikoa edo juridikoa izan den kontuan hartu gabe, foru-aldundiak erabaki ahal izango du, programan parte hartzen duen haurraren edo nerabearen gorabehera pertsonalak direla-eta egokitzat joz gero, zaintza beteko duen pertsonari edo familiari elkarrizketak edo jarraipen-bisitak egitea, lekualdatutako adingabearen egoera, egokitzapena, integrazioa edo bilakaera ebaluatzeko edo egiaztatzeko xedez.
2.– Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatutako haur edo nerabeetan babesgabetasun-egoera dagoela susmatuz gero, Haurrak eta nerabeak zaintzeko eta babesteko otsailaren 18ko 3/2005 Legeko eskumen-banaketaren arabera babesteko eskumena duen erakunde publikoak jarraipen-bisita egin beharko du.
3.– Era berean, foru-aldundiak egokitzat joz gero, programan parte hartzen duten atzerritar adingabeen zaintza beteko duten pertsonei edo familiei, edo, hala badagokie, programaren arduradunei, ikastetxeko txostenak aurkezteko eskatu ahal izango die, adingabearen eskolaratzea eta hezkuntza-aurrerapena baloratzeko.
30. artikulua.– Aldi batez lekualdatzeko programaren amaierako azalpen-memoria.
1.– Atzerritar adingabeak aldi batez Euskal Autonomia Erkidegora lekualdatzeko programak bukatzean, pertsona fisikoek zein juridikoek sustatuak izan, amaierako azalpen-memoria bat egin beharko da, eta agiri hauek bildu beharko ditu gutxienez:
a) Programari jarraipena egiteko gauzatutako jarduera guztiak biltzen dituen txostena.
b) Adingabeen joan-etorriko bidaietan eta egonaldian gertatutako gorabehera guztiak eta entitate sustatzaileak zein bestelako erakundeek gorabehera horiek konpontzeko egindako ekintzak (gorabehera horiek behar bezala jakinarazi ziren ala ez kontuan hartu gabe) biltzen dituen txostena.
2.– Osasun-tratamendua jasotzea xede duten aldi batez lekualdatzeko programen kasuan, aurreko apartatuan aipatzen den azalpen-memoriaren ordez adingabea artatu duen osasun-zentroaren txostena aurkeztu ahal izango da. Txosten horretan zehaztuko dira, besteak beste, datu hauek: tratamenduak iraun duen denboran zenbat eta zer esku-hartze mediko edo kirurgiko egin diren, zenbat iraun duen tratamenduak, ospitaleratze-aldiaren iraupena eta senda-agiria eman osteko mediku-tratamenduaren iraupena bereizita, eginiko kontsultak, mediku-tratamenduari loturik izan daitezkeen beste intereseko edo garrantzizko gaiak eta, horrela badagokio, mediku-tratamenduak iraun duen denboran sortutako gorabeherak, eta gorabehera horiek bideratzeko eginiko esku-hartzeak.
3.– Pertsona fisikoek sustatutako eskolatze-helburuko programen kasuan, aurreko apartatuan aipatutako azalpen-memoriaren ordez ikastetxeko txosten bat aurkeztu ahal izango da, honelako gaiak eta alderdiak zehaztuko dituena: eskolatzea, ikasturtearen aprobetxamendua, adingabearen hezkuntza-aurrerapena, aldi baterako zaintzaileek atzerritar adingabearen ikaskuntzan izandako lankidetza eta inplikazioa eta, dagokionean, ikasturtean gertatu diren intzidentziak, konpondu ote ziren adieraziz, eta, konpondu baziren, nola.
31. artikulua.– Aldi batez lekualdatzeko programen esparruko oinarrizko betebeharrak.
Aldi batez lekualdatzeko programa bat sustatzen duten pertsona fisikoek edo juridikoek honako betebehar hauek izango dituzte txostena egin duen foru-aldundiarekiko:
a) Atzerritar adingabea Euskal Autonomia Erkidegoan dagoen bitartean gertatutako edozer kausa edo inguruabarren berri ematea foru-aldundiari, baldin eta ezinezko egiten badu adingabea aldi baterako zaintza bere gain hartu duen pertsonarekin edo familiarekin geratzea.
b) Pertsona juridikoek sustatutako programen kasuan, jakinaraztea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, programan parte hartu duten adingabe guztiak itzuli direla jatorrizko herrialdera. Halaber, haur edo neraberen bat jatorrizko herrialdera itzuli izan ez balitz, erantzukizunpeko adierazpena zabaldu egin beharko da, honako informazio hau jasoz: adingabearen identifikazioa eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoan haren zaintza izan duen familia edo pertsonaren identifikazioa ere, bai eta jatorrizko herrialdera ez itzultzeko kausa ere, zein den jakinez gero.
Programa pertsona fisikoek sustatu badute, adingabea jatorrizko herrialdera noiz itzuli den adierazi beharko dute, eta itzulera-data organo eskudunek emandako bisaren indarraldian egon beharko da. Halaber, itzulera-data hori egiaztatu beharko dute pasaportearen kopia konpultsatua aurkeztuta, non agertuko den Estatutik ateratzeko zigilua eta adingabearen jatorrizko herrialdean sartzeko zigilua.
c) Programaren garapenari eta ebaluazioari buruzko amaierako azalpen-memoria igorri behar da foru-aldundira, bai eta aldi batez lekualdatzeko programaren garapenari buruz aurretiko aldeko txostena eman zuen Gobernuaren ordezkariordetzara ere, aurreko artikuluan ezarri bezala; horretarako, gehienez ere bi hilabeteko epea egongo da, adingabea jatorrizko herrialdera itzuli denetik edo, hala badagokio, programa amaitu denetik hasita.
d) Foru-aldundiari jakinaraztea adingabea aldi batez biziko den lurralde historikoari dagokion Gobernu Ordezkariordetzak aldi batez lekualdatzea baino lehen egin behar duen txostenaren emaitza. Jakinarazpena hilabeteko epean egin beharko da, txostena egiten denetik kontatzen hasita.
e) Programan parte hartzen duten adingabeen eta haien jatorrizko familiaren edo tutore zein zaintzaileen arteko harremana bultzatzea, eta, batik bat, anaia-arreben arteko harremana, beste pertsona edo familiaren batekin baldin badaude; horretarako, eskura jarriko zaie komunikazio-sistemetarako sarbide arduratsua, eta komunikazioen isilpekotasuna errespetatuko da.
f) Programan parte hartzen dutenek jatorrizko herrialdean errotuta jarrai dezaten saiatzea.
g) Programan parte hartzen duten adingabeen eskubideak bete daitezen zaintzea, eta, batik bat, intimitaterako eta norberaren irudirako eskubidea.
h) Adingabeari ostatu ematea eta berekin edukitzera, dituen laguntza-, mediku-, gizarte- eta, hala badagokio, hezkuntza-premiei erantzunez.
i) Programan parte hartzen duten adingabeen egoeraren, bilakaeraren eta egokitzapenaren eta integrazioaren jarraipena erraztea, dekretu honen 29. artikuluan jasotzen denez.
j) Aldi batez lekualdatzeko programa garatzeko aurretiazko aldeko txostena egin zuen Gobernuaren Ordezkariordetzari jakinaraztea, espresuki eta formalki, dekretu honen 7.2, 8.2 eta 9.2 artikuluetan ezarritako arrazoi edo gorabehera salbuespenekoak, arriskutsuak edo larriak sortu direla, eta haiek behar bezala egiaztatzea.
k) Dagokion foru-aldundiari jakinaraztea goian aipatutako aparteko gorabeherak edo arrazoiak sortu direla, eta haiei dagokienez Gobernu Ordezkariordetzak hartu dituen neurrien berri ematea.
32. artikulua.– Adingabearen egonaldian zehar gerora sortutako kausak edo inguruabarrak.
1.– Aldi batez lekualdatzeko programa pertsona fisikoek sustatzen badute, foru-aldundiari eman beharko diote adingabearen zaintza betetzen jarraitzea eragozten dien gerora sortutako ezintasunaren berri, administrazio horrek azter eta balora ditzan, berariaz eta egoera pertsonalaren eta familiarraren arabera, ezintasun hori eragin duten arrazoiak eta gorabeherak, eta, azterketaren emaitzaren argitara, erabaki dezan komenigarriagoa den, adingabearen interes gorenaren arabera, haurra edo nerabea bere jatorrizko herrialdera itzultzea edo Euskal Autonomia Erkidegoan geratzea, foru-aldundiaren zaintzapean.
2.– Pertsona juridikoek sustatutako aldi batez lekualdatzeko programen kasuan, adingabearen egonaldian zehar gerora sortutako arrazoiak edo gorabeherak direla-eta adingabeak ezin badu egon aldi batez zaintza bere gain hartu zuen pertsonarekin edo familiarekin, orduan sustatzaileek bermatu beharko dute adingabe horrek Euskal Autonomia Erkidegoan jarraituko duela, programaren parte den beste pertsona edo familia batekin.
3.– Adingabeak programan parte hartzen duen beste pertsona edo familia batekin egonaldia jarraitu ezin badu, programa sustatzen duen pertsona juridikoak aztertu eta baloratu egin beharko ditu, berariaz eta egoera pertsonalaren eta programa garatzeko baldintzen arabera, ezintasun hori eragin duten arrazoiak eta gorabeherak, eta, azterketaren emaitzaren argitara, behar adina arrazoitutako txosten bat prestatu beharko du, non, adingabearen interes gorenaren arabera, haurra edo nerabea bere jatorrizko herrialdera itzultzea justifikatu beharko duen.
4.– Haur edo nerabea jatorrizko herrialdera itzuli aurretik, erakunde sustatzaileak lehen aipatutako txostena Foru Aldundiari eman beharko dio, jakinarazita gerora sortutako zer ezintasunek eragozten duen adingabearen aldi baterako zaintza egiten jarraitzea, eta horren ondorioz, adingabearen egonaldia Euskal Autonomia Erkidegoan.
5.– Nolanahi ere, adingabea jatorrizko herrialdera itzultzeak dakartzan gastu guztiak programa sustatu duen pertsona fisiko edo juridikoak hartuko ditu bere gain.
33. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Aldi batez lekualdatzeko programa bat sustatzen duten pertsona fisikoek edo juridikoek aurrez adierazitako betebeharren bat urratzen badute, sustatzen dituzten hurrengo hiru programetan, iritzia eman behar duen foru-aldundiak programa garatzeko desadostasun-txostena egin beharko du.
2.– Desadostasun-txostena emango da, halaber, ez-betetzearen ardura duen pertsona fisikoak ez duenean sustatu aldi batez lekualdatzeko programa, baina programan parte hartu duenean, programan lekualdatutako atzerritar adingabe baten aldi baterako zaintza bere gain hartuz, baldin eta pertsona juridiko batek sustatutako programa batean parte hartzen badu etorkizunean edo eskolatze-helbururako aldi batez lekualdatzeko programa baten sustatzailea denean zuzenean.
3.– Bete ez den betebeharra atzerritar adingabeari bere jatorrizko herrialdera itzultzeko laguntzarik ez ematea izan bada, desadostasun-txostena emango da etorkizunean sustatzen diren aldi baterako programa guztietan, edozein modalitatetakoak izanik ere.
4.– Horretarako, dagokion koordinazioa ezarriko da foru-aldundien artean, eta betebeharrak urratu dituzten pertsona fisikoen edo juridikoen datuak eman beharko dizkiote elkarri, urratze horrek zer programari eragin dion eta noiz gertatu den zehaztuz.
5.– Hori guztia, alde batera utzi gabe aldi batez lekualdatzeko programen sustatzaile diren pertsona fisiko edo juridikoen jardunak eragin ditzaketen arau-hausteak eta dagozkien zehapenak, betiere autonomia-erkidegoan haurrei eta nerabeei arreta eta babesa emateko legerian indarrean dagoenaren arabera.
XEDAPEN GEHIGARRIA.– Datuen babesa.
Aldi batez lekualdatzeko programetan parte hartzen duten adingabeen eta programa horietan haiei laguntzen dieten, haien zaintza izango duten eta, batik bat, gorabehera pertsonal eta familiarrak baloratzeko beharrezko diren helduen datu pertsonalak biltzeko, tratatzeko eta lagatzeko, indarrean dagoen legedian xedatutakoari jarraituko zaio, eta gaiarekin bat datozen beste xedapen batzuk ere, orokorrean aplikatzekoak eta egokiak direnak, aintzat hartuko dira; bereziki, osasun arloko datu pertsonalak babesteko xedapenak kontuan izango dira.
LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA.– Izapidetzen ari diren eskaerei eta hasita dauden programei aplikatzeko araudia.
Dekretu honetan jasotako xedapenak ez zaizkie aplikatuko 4/2000 Lege Organikoaren Erregelamenduaren 187.1 artikuluan jasotako txostena egiteko eskaerei (4/2000 Lege Organikoa Atzerritarrek Espainian dituzten Eskubide eta Askatasunei buruzkoa eta Atzerritar horiek Gizarteratzeari buruzkoa da, eta 2/2009 Lege Organikoaren bidez aldatu zen, apirilaren 20ko 557/2011 Errege Dekretuaren bidez onartua), baldin eta dekretu hau indarrean jarri aurretik aurkeztu badira eta izapidetzen ari badira, ez eta haien babesean garatzen ari diren aldi batez lekualdatzeko programei ere.
BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA.– Oporraldia igarotzeko edo eskolatzeko aldi batez lekualdatzeak xede dituzten programa humanitarioetan eskatutako gutxieneko adina.
Oporraldia igarotzeko edo eskolatzeko aldi batez lekualdatzeak xede dituzten programa humanitarioetan, ez da aplikatuko dekretu honen 8.1.c) eta 9.1.b) artikuluetan, hurrenez hurren, ezarritako gutxieneko adinaren muga, baldin eta haurrak eta nerabeak lehendik lekualdatu badira Euskal Autonomia Erkidegora, Gobernu Ordezkariordetzak baimendutako helburu berbera duen eta foru-aldundiren baten aldeko txostena duen aldi batez lekualdatzeko programen esparruan.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko abenduaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.