EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2018007

191/2018 DEKRETUA, abenduaren 26koa, zeinaren bidez 23.990 euroko kredituak sartzen baitira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2018ko aurrekontuan, errepideen arloan (AP-1 autobidea, Burgos-Armiñon) Estatutik eskumen eta/edo zerbitzu berriak jaso direla-eta.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201800191
Xedapenaren data: 2018-12-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201900109
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/12/29an argitaratutako 2017/12/22ko 201700005 LEGEA
  • Ikus 2018/12/05ean argitaratutako 2018/12/03ko 201800174 DEKRETUA

Maiatzaren 24ko 1/2011 Legegintzako Dekretuaren bitartez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Erregimenari buruz indarrean dauden lege-xedapenen testu bategina onartzen da, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikoko fundazio eta partzuergoei aplikatuko zaien aurrekontu-erregimena arautzen da. Bada, dekretu horren 75. artikuluan ezartzen denez, Euskal Autonomia Erkidegoak Estatutik zerbitzu eta eskumen berriak jasoz gero, zirkunstantzia horren ondoriozko obligazioei aurre egiteko, Aurrekontu Orokorretan beharrezko kredituak sartuko dira, bai eta likidatzea aurreikusten diren eskubide ekonomikoak ere. Guztiarekin ere, Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Transferentzien Bitariko Batzordearen Akordioa azkenekoz argitaratu zenetik harako hogei egun baliodun igaro baino lehen, Jaurlaritzak onartu egin beharko du eskumen eta/edo zerbitzu berriari dagokion aurrekontua, ekitaldia amaitu arteko aldiari dagokiona onartu ere.
2018ko abenduaren 5ean, Estatuko Aldizkari Ofizialean, Euskal Autonomia Erkidegoari errepideen arloan eginkizunak eta zerbitzuak transferitzeko abenduaren 3ko 1414/2018 Errege Dekretua eman zen argitara; eta, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 2018ko abenduaren 5ean, ordea, aipatutako arloari dagokionez, argitara eman zen abenduaren 3ko 174/2018 Dekretua, hau da, Transferentzien Bitariko Batzordearen 2018ko azaroaren 26ko Akordioa onartzen duena.
Horren ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuak eta Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko abenduaren 26an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren 2018ko aurrekontuan kredituak sartzea.
1.– 23.990 euroko gastu-egoera onartzen da, eta honako obligazio hauei aurre egiteko beharrezko zenbatekoaz eratzen da: errepideen arloan (AP-1 autobidea, Burgos-Armiñon) Estatutik jasotako eskumen eta/edo zerbitzuen ondoriozko obligazioak, hain justu ere.
2.– Jasotako eskumen berriari dagokion sarrera-egoera 23.990 eurokoa da.
3.– Sarrera- eta gastu-egoerak, aurreko paragrafoetan aipatuak, aldi honi dagozkio: 2018ko abenduaren 1etik 2018ko abenduaren 31ra artekoa; eta honela banatzen dira:
Gastuak: 5141 programa: Garraioaren Plangintza.
Diru-sarrerak: 9111 programa: Foru Aldundien Ekarpenak.
2. artikulua.– Kredituak sartzetik datozen ondorioak.
1.– Ogasun eta Ekonomia Sailak integratu egingo du aurreko artikuluan aipatutako gastu- eta sarrera-egoera Euskal Autonomia Erkidegoaren 2018ko aurrekontuan, betiere bidezko ondorio juridikoetarako, eta, bereziki, kontabilitatea, exekuzioa eta osteko likidazioa egoki gauza daitezen.
2.– Martxoaren 23ko 2/2007 Legearen bitartez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuak finantzatzeko foru aldundiek egin beharreko ekarpenak zehaztu eta baliabideak egoki banatzeko metodologia onartu zen 2007-2011 aldirako; bada, indarrean den metodologia horretako 9. artikuluko 1. apartatuan xedatzen denarekin bat etorriaz, Kupoaren metodologiaren ondoriozko dedukzio osagarria, zehazki metodologia horretako 2. artikuluan zehaztua, burutuko da, hain justu ere 2018ko ekitaldian eta 23.990 euroko zenbatekoarekin.
3.– Aurreko paragrafoan aipatutako metodologiaren 9. artikuluko 3. apartatuan xedatutakoarekin bat etorriz, eta transferentzia berriak finantzatzeko, foru aldundiek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiari ekarpen espezifiko eta osagarri bat egingo diote 2018ko ekitaldian, 23.990 euroko zenbatekoa egiten duena.
4.– Aurreko 2. eta 3. zenbakietan zehaztutako ondorioak data honetatik aurrera aplikatuko dira: aipagai dugun arloko eginkizunak eta zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoari eskualdatzen zaizkion egunetik aurrera, hain justu ere.
3. artikulua.– Kupoan minorazio bat aldatzearen ondorioak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoaren 2017-2021 bosturtekorako kupoa zehazteko metodologiaren –abenduaren 28ko 11/2017 Legeaz onartutakoaren– 11. artikuluko 1. eta 2. apartatuetan xedatutakoarekin bat etorriaz, 2018ko ekitaldiko kupo likidoaren minorazioaren ondoriozko emaitza hauxe izango da: dekretu honetako aurreko artikuluko 2. zenbakian adierazitako dedukzio osagarrian behin betiko zenbatzen dena.
2.– Dekretu honetan aurreko artikuluko 3. zenbakian aipatutako ekarpen espezifiko eta osagarrian ere zenbatuko da emaitza hori.
3.– Ogasun eta Ekonomia Sailari baimena ematen zaio, beharrezkoa bada, artikulu honetan xedatutakoaren ondorioz bidezkoak diren aldaketak egiteko.
4. artikulua.– Legebiltzarrari jakinaraztea.
Dekretu honen babespean egindako kreditu-kontsignazioari dagokionez, Jaurlaritzaren izenean, Ogasun eta Ekonomia Sailak jakitun jarriko du Ekonomia, Ogasun eta Aurrekontu Batzordea.
AZKEN XEDAPENA.– Indarrean jartzea.
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hartuko du indarra dekretu honek, baina 2018ko abenduaren 1etik aurrerako ondorioak izango ditu. Izan ere, transferentziek egun horretatik aurrera izan dute eragina.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko abenduaren 26an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.