EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2018005

ERABAKIA, 2018ko azaroaren 13koa, UPV/EHUren Gobernu Kontseiluarena, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko Negozioen Kudeaketako eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako gradu bikoitza ezartzekoa dena.

Xedapenaren data: 2018-11-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201900084
Maila: Akordioa
Negozioen Kudeaketako eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako gradu bikoitza egiteko plangintza bat prestatze aldera, errektoreordetza honek behar diren akordioak sustatu ditu gradu hau 2019-2020 ikasturtetik aurrera abian jartzeko.
Hori dela eta, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen proposamenez, eta Unibertsitateko Graduko Batzordeak 2018ko urriaren 25ean aldeko txostena egin eta gero, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Onartzea, eranskinean zehazten den bezala, honako arautegi hau: arautegia, UPV / EHUko Negozioen Kudeaketako eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako gradu bikoitza lortzekoa.
Bigarrena.– Argitara ematea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Leioa, 2018ko azaroaren 13a.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Idazkari nagusia,
PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.
ARAUTEGIA, UPV/EHUKO LAN HARREMAN ETA GIZARTE LANGINTZA FAKULTATEKO NEGOZIOEN KUDEAKETAKO ETA LAN HARREMAN ETA GIZA BALIABIDEETAKO GRADU BIKOITZA LORTZEKOA
1. artikulua.– Helburua.
Arautegi honen helburua da ikasketa programa bat zehaztea, ikasleek Negozioen Kudeaketako Graduko eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduko ikasketa planetako irakasgaiak (eranskinean jasotakoak) egin ahal izateko, hartara, irakasgaiok gainditutakoan, graduko titulu biak eskura ditzaten. Programa horren kudeaketa Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateari dagokio, alde batera utzi gabe arautegi honen bosgarren artikuluan Batzorde Akademikoari emandako eskumenak.
2. artikulua.– Aplikazio eremua.
1.– Arautegi hau aplikatuko zaie Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Negozioen Kudeaketako eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako gradu bikoitzaren (aurrerantzean, gradu bikoitza) ikasketa programan emango dituen ikasketei.
2.– Gradu bikoitzaren egiturari esker, bertan matrikulatuta dauden eta programako ikasketak gainditzen dituzten ikasleek bi titulu ofizial eskuratuko dituzte aldi berean: Negozioen Kudeaketako Gradua eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradua, eta bi tituluek balioa izango dute estatu osoan.
3.– Araubide akademikoa, ikasketak emateko arauak, ikasleen ebaluazioa eta, oro har, gradu bikoitzaren ikasketa programaren alderdi akademiko guztiak arautegi honetan zehaztuko dira, eta, hemen jasota ez dagoen guztirako, UPV / EHUko arau orokorrak aplikatuko dira.
3. artikulua.– Zuzendaritza akademikoa eta betearazlea.
1.– Gradu bikoitzaren zuzendaritza akademikoa gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoari dagokio. Bertan ordezkatuta daude Ekonomia eta Enpresa Fakultatea eta Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultatea, eta batzordearen osaera hurrengo artikuluan dago zehaztuta.
2.– Gradu bikoitzeko koordinatzaile lanetan txandakatuko dira, bi ikasturtean behin, Negozioen Kudeaketako Graduko koordinatzailea eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradukoa.
4. artikulua.– Batzorde Akademikoaren osaera.
1.– Batzorde Akademikoak honako kide hauek izango ditu:
a) Ekonomia eta Enpresa Fakultateko dekanoa edo hark eskuordetutako pertsona.
b) Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko dekanoa edo hark eskuordetutako pertsona.
c) Ekonomia eta Enpresa Fakultateko Elkanoko Atalaren koordinazioko dekanordea.
d) Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko dekanorde bat, fakultate horretako dekanoak aukeratua.
e) Gradu bikoitzeko koordinatzailea.
f) Gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleen ordezkari bat.
2.– Batzorde Akademikoko idazkaria dekanordeetako bat izango da; txandaka arituko dira, bi ikasturterik behin aldatuta.
3.– Batzorde Akademikoko burua dekanoetako bat izango da; txandaka arituko dira, bi ikasturterik behin aldatuta.
5. artikulua.– Batzorde Akademikoaren eginkizunak.
1.– Gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoaren ardura izango da, oro har, gradu bikoitzaren zuzendaritza akademikoa. Zehazki, eginkizun hauek izango ditu:
a) Fakultate bietako batzarrei ikasturte bakoitzerako plaza mugak proposatzea, eta, behin batzarrek onartuta, Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko dekanoari bidaltzea, hark, graduko gainontzeko titulazioetako plaza mugekin batera, bideratu diezazkion arlo horretako eskumenak dituen errektoreordeari.
b) Gradu bikoitzaren antolaketa akademikoa.
c) Gradu bikoitzaren irakaskuntzaren kalitatea bermatzea eta zaintzea, ikastegi bietako kalitate batzordeekin koordinazioan.
2.– Batzorde Akademikoa gutxienez sei hilean behin bilduko da. Batzordeko buruak deituta bilduko da, edo Batzorde Akademikoko bi kidek gutxienez eskatuta.
3.– Batzorde Akademikoak ahalegina egingo du erabakiak aho batez hartzeko, eta, ezinezkoa denean, kasuan kasuko eskumenak dituen errektoreordeak hartuko du erabakia.
6. artikulua.– Gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak.
Honako hauek izango dira gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak:
a) Batzorde Akademikoak hartutako erabakiak betetzea.
b) Gradu bikoitzaren ordezkaria izatea.
c) Batzorde Akademikoak emandako beste eginkizun batzuk.
d) Beste eginkizun batzuk, UPV / EHUko arauen arabera graduko koordinatzaileari dagozkionak.
7. artikulua.– Onarpena.
1.– Ikasleak gradu bikoitzean onartzeko aplikatuko dira UPV/EHUk ikasleak onartzeko dituen arau orokorrak.
2.– Gradu bikoitzeko onarpen nota kalkulatzeko, kontuan hartuko da Negozioen Kudeaketako Graduari eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduari dagozkien gai espezifikoen haztapenetik lortutako kalifikaziorik onena.
8. artikulua.– Matrikula.
1.– Administrazio ondorioetarako, gradu bikoitza Lan Harreman eta Gizarte Langintza Fakultateko gradua izango da.
2.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleek matrikula egingo dute gradu horretan UPV / EHUko gainontzeko ikasleen baldintza berberetan.
3.– Ikasleek matrikula egitean prezio publikoak ordainduko dituzte arlo horretako arauetan jasotakoari jarraituz, eta eskubidea izango dute ordaintzetik salbuetsita egoteko baldin eta arau horietan edo legeetan zehaztutako baldintzak betetzen badituzte.
9. artikulua.– Gradu bikoitzaren arau akademikoak.
1.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleak haren ikasketa programako irakasgaietan baino ez dira matrikulatuko maila bakoitzean. Ikasketa programa arautegi honen eranskinean dago jasota.
2.– Lehenengo mailan, maila horretako kreditu guzti-guztietarako egin beharko dute matrikula. Hurrengo maila bakoitzean, ikasleak gutxienez 66 ECTS kreditutan matrikulatu beharko dira, gradu bikoitzeko programa osoa amaitzeko 66 kreditu baino gutxiago falta zaizkienean izan ezik.
3.– Lehenengo maila amaitzean ikasleek gutxienez matrikulatutako kredituen % 60 izan beharko dituzte gaindituta.
4.– Hurrengo maila bakoitza amaitzean, ikasleek gutxienez matrikulatutako kredituen % 60 izan beharko dituzte gaindituta. Edozelan ere, ikasleek gehienez ere zazpi ikasturtetan amaitu beharko dute programa.
5.– Baldintza horietakoren bat betetzen ez duten ikasleek utzi egin beharko dute gradu bikoitza. Hala ere, Negozioen Kudeaketako Graduan edo Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduan –beraiek aukeratutakoan– jarraitu ahal izango dituzte ikasketak. Horretarako, eskaria aurkeztu beharko dute dagokion dekanotzan. Ikasle horiek kasuan kasuko fakultateak ezarritako epeetan eta irizpideen arabera egin beharko dute matrikula.
Era berean, ikasle batek erabakiz gero gradu bikoitza bere borondatez uztea, aurreko paragrafoan azaldutako prozedura aplikatuko zaio aukera izan dezan Negozioen Kudeaketako Gradura edo Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Gradura pasatzeko.
6.– Negozioen Kudeaketako Graduko eta Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduko tituluak lortzeko kredituen aitorpena egingo da ikasleak gaindituta dituenean gradu bikoitzaren ikasketa programako irakasgai guztiak, bi titulazioetako gradu amaierako lanak barne.
10. artikulua.– Ebaluazioa.
Gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleen ebaluazioa egingo da gainontzeko titulazio ofizialetako ikasleentzat ezarritako ohiko prozedurari jarraituz, eta graduko titulazio ofizialetarako Gobernu Kontseiluak onartutako egutegi akademikoaren arabera.
11. artikulua.– Tituluak eta tituluen gehigarri europarrak (TGE) ematea.
Gradu bikoitzaren programa gainditzen duten ikasleek Lan Harreman eta Giza Baliabideetako Graduko titulua eta Negozioen Kudeaketako Graduko titulua eta horien gehigarri europarrak eskatu ahal izango dituzte, kasuan kasuko prezio publikoak ordainduta.
12. artikulua.– Arautegia onartzea.
Gradu bikoitz honetan matrikulatutako ikasleek arautegi honi jarraitu beharko diote, eta, hemen jasota ez dagoenerako, UPV / EHUko arau orokorrei.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau 2019-2020 ikasturtean sartuko da indarrean.