EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-08 Aldizkari honetan argitaratua: 2018005

ERABAKIA, 2018ko azaroaren 13koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen Gobernu Kontseiluarena, zeinaren bidez onartzen baita UPV / EHUko Farmazia Fakultateko Farmaziako eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradu Bikoitza ezartzea.

Xedapenaren data: 2018-11-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201900083
Maila: Akordioa
Farmaziako eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradu Bikoitza egiteko plangintza bat prestatze aldera, errektoreordetza honek behar diren akordioak sustatu ditu gradu hori 2019/2020 ikasturtean abian jartzeko.
Hori dela eta, Graduko eta Graduondoko Ikasketen arloko errektoreordearen proposamenez, eta Unibertsitateko Graduko Batzordeak 2018ko urriaren 25ean aldeko txostena egin eta gero, Gobernu Kontseiluak honako hau
ERABAKI DU:
Lehenengoa.– Onartzea, eranskinean zehazten den bezala, honako arautegi hau: Arautegia, UPV / EHUko Farmaziako eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradu Bikoitza lortzeko dena.
Bigarrena.– Argitara ematea erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
Leioa, 2018ko azaroaren 13a.
Errektorea,
NEKANE BALLUERKA LASA.
Idazkari nagusia,
PEDRO MARÍA IRIONDO BENGOA.
ARAUTEGIA, UPV / EHU-ko FARMAZIA FAKULTATEKO FARMAZIAKO ETA GIZA NUTRIZIOKO ETA DIETETIKAKO GRADU BIKOITZA LORTZEKO DENA
1. artikulua.– Helburua.
Arautegi honen helburua ikasketa-programa bat zehaztea da, ikasleek Farmaziako Graduko eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Graduko ikasketa-planetako irakasgaiak egin ahal izateko, hartara graduko titulu biak eskura ditzaten. Programazio horren kudeaketa Farmazia Fakultateari dagokio, alde batera utzi gabe arautegi honen bosgarren artikuluan Batzorde Akademikoari emandako eskumenak.
2. artikulua.– Aplikazio eremua.
2.1.– Arautegi hau aplikatuko zaie UPV / EHUak Farmaziako eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradu Bikoitzaren ikasketa-programan emango dituen ikasketei.
2.2.– Gradu bikoitzaren egiturari esker, bertan matrikulatuta dauden eta programako ikasketak gainditzen dituzten ikasleek bi titulu ofizial eskuratuko dituzte aldi berean: Farmaziako Gradua eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradua, eta bi tituluek balioa izango dute estatu osoan.
2.3.– Araubide akademikoa, ikasketak emateko arauak, ikasleen ebaluazioa eta, oro har, gradu bikoitzaren ikasketa-programaren alderdi akademiko guztiak arautegi honetan zehaztuko dira, eta hemen jasota ez dauden gaietarako, UPV / EHUko arau orokorrak aplikatuko dira.
3. artikulua.– Zuzendaritza akademikoa eta betearazlea.
3.1.– Gradu bikoitzaren zuzendaritza akademikoa gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoari dagokio. Bertan ordezkatuta daude Farmazia Fakultateko dekanotza taldea eta bi graduetako batzorde akademikoak: Farmaziako Gradukoa eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradukoa.
3.2.– Gradu bikoitzeko koordinatzaile lanetan txandakatuko dira, bi ikasturtean behin, Farmaziako Graduko koordinatzailea eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradukoa.
4. artikulua.– Batzorde Akademikoaren osaera.
4.1.– Batzorde Akademikoak honako kide hauek izango ditu:
– Farmazia Fakultateko dekanotza taldearen ordezkari bat, dekanoak proposatua.
– Farmaziako Graduko koordinatzailea eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradukoa.
– Farmaziako Graduko mailako koordinatzaileak eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradukoak.
– Gradu bikoitzeko ikasleen ordezkari bat.
4.2.– Batzorde Akademikoko idazkari lanetan txandakatuko dira, bi ikasturtean behin, titulazio bateko eta besteko mailako koordinatzaileak.
4.3.– Batzorde Akademikoko burua izango da Farmazia Fakultateko dekanotza taldearen ordezkaria.
5. artikulua.– Batzorde Akademikoaren eginkizunak.
5.1.– Gradu bikoitzeko Batzorde Akademikoaren ardura izango da, oro har, gradu bikoitzaren zuzendaritza akademikoa. Zehazki, eginkizun hauek izango ditu:
– Gradu bikoitzaren antolaketa akademikoa.
– Gradu amaierako lanetarako proposatutako gaien onarpena.
– Gradu bikoitzaren irakaskuntzaren kalitatea bermatzea eta zaintzea, ikastegiko Kalitate Batzordearekin koordinazioan.
5.2.– Batzorde Akademikoa gutxienez sei hilean behin bilduko da, batzordeko buruak deituta. Era berean, Batzorde Akademikoko hiru kidek gutxienez hala eskatzen dutenean ere bilera egin ahal izango da.
5.3.– Batzorde Akademikoak ahalegina egingo du erabakiak aho batez hartzeko, eta, ezinezkoa denean, ikastegiko zuzendariak hartuko du erabakia.
6. artikulua.– Gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak.
Honako hauek izango dira gradu bikoitzeko koordinatzailearen eginkizunak:
– Batzorde Akademikoak hartutako erabakiak betetzea.
– Gradu bikoitzaren ordezkaria izatea.
– Beste zeregin batzuk, Batzorde Akademikoak emandakoak edo UPV / EHUko arauen arabera titulazioko koordinatzaileari dagozkionak.
7. artikulua.– Onarpena.
7.1.– Ikasleak gradu bikoitzean onartzeko aplikatuko dira UPV/EHUk ikasleak onartzeko dituen arau orokorrak.
7.2.– Gradu bikoitzeko onarpen nota kalkulatzeko, kontuan hartuko da Farmaziako Graduari eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Graduari dagozkien gai espezifikoen haztapenetik lortutako kalifikaziorik onena.
8. artikulua.– Matrikula.
8.1.– Administrazio ondorioetarako, gradu bikoitza Farmazia Fakultateko gradua izango da.
8.2.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleek matrikula egingo dute gradu horretan UPV / EHUko gainontzeko ikasleen baldintza berberetan.
8.3.– Ikasleek matrikula egitean prezio publikoak ordainduko dituzte arlo horretako arauetan jasotakoari jarraituz, eta eskubidea izango dute ordaintzetik salbuetsita egoteko arau horietan edo legeetan zehaztutako baldintzak betetzen baldin badituzte.
9. artikulua.– Gradu bikoitzaren arau akademikoak.
9.1.– Gradu bikoitzean onartutako ikasleak haren ikasketa-programako irakasgaietan baino ez dira matrikulatuko maila bakoitzean. Ikasketa-programa arautegi honen I. eranskinean dago jasota.
9.2.– Lehenengo mailan, maila horretako kreditu guzti-guztietarako egin beharko dute matrikula. Hurrengo maila bakoitzean ikasleak gutxienez 60 kreditutan matrikulatu beharko dira, gradu bikoitzeko programa osoa amaitzeko 60 kreditu baino gutxiago falta zaizkienean izan ezik.
9.3.– Ikasturte bakoitzean ikasleek gutxienez matrikulatutako kredituen % 60 gainditu beharko dituzte. Edozelan ere, ikasleek gehienez ere zortzi ikasturtetan amaitu beharko dute programa.
9.4.– Aurreko puntuko (9.3) baldintzaren bat betetzen ez duten ikasleek utzi egin beharko dute gradu bikoitza. Hala ere, Farmaziako Graduan edo Giza Nutrizioko eta Dietetikako Graduan –beraiek aukeratutakoan– jarraitu ahal izango dituzte ikasketak. Horretarako, eskaria aurkeztu beharko dute ikastegiko idazkaritzan. Ikasle horiek eskolak ezarritako epeetan eta irizpideen arabera egin beharko dute matrikula.
Era berean, ikasle batek erabakiz gero gradu bikoitza bere borondatez uztea, aurreko paragrafoan azaldutako prozedura aplikatuko zaio aukera izan dezan Farmaziako Gradura edo Giza Nutrizioko eta Dietetikako Gradura pasatzeko.
9.5.– Farmaziako Graduko eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Graduko tituluak lortzeko kredituen aitorpena egingo da ikasleak gaindituta dituenean gradu bikoitzaren ikasketa-programako irakasgai guztiak, bi titulazioetako gradu amaierako lanak barne.
10. artikulua.– Ebaluazioa.
Gradu bikoitzean matrikulatutako ikasleen ebaluazioa egingo da gainontzeko titulazio ofizialetako ikasleentzat ezarritako ohiko prozedurari jarraituz, eta graduko titulazio ofizialetarako Gobernu Kontseiluak onartutako egutegi akademikoaren arabera.
11. artikulua.– Tituluak eta tituluen gehigarri europarrak (TGE) ematea.
Gradu bikoitzaren programa gainditzen duten ikasleek Farmaziako Graduaren eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako Graduaren tituluak eta titulu horien gehigarri europarrak eskatu ahal izango dituzte, kasuan kasuko prezio publikoak ordainduta.
12. artikulua.– Arautegia onartzea.
Gradu bikoitz honetan matrikulatutako ikasleek arautegi honi jarraitu beharko diote, eta hemen jasota ez dauden gaietarako, UPV / EHUko arau orokorrei.
AZKEN XEDAPENA
Arautegi hau 2019-2020 ikasturtean jarriko da indarrean.