EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2019-01-07 Aldizkari honetan argitaratua: 2018004

AGINDUA, 2018ko abenduaren 19koa, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko ekainaren 26ko Aginduaren babesean aurkeztutako eskabideak ebazten dituena. Aipatu aginduak 2018an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen liga nazionaletan, kategoria absolutuan ezartzen ditu.

Xedapenaren data: 2018-12-19
Hurrenkenaren zenbakia: 201900074
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/07/09an argitaratutako 2018/06/26ko AGINDUA [201803555]

AURREKARIAK
1.– 2018ko uztailaren 9an EHAAn argitara eman zen Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren 2018ko ekainaren 26ko Agindua, 2018an egingo edo hasiko diren kirol-lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, nazioarteko eremua eta izaera dutenetan, kategoria absolutuan, eta emakumezkoen liga nazionaletan, kategoria absolutuan diru-laguntzak emateko arauak ezartzeko dena.
2.– 2018ko ekainaren 26ko Aginduaren 10.1 artikuluarekin bat etorriz, Balorazio Batzordeak diru-laguntza eskabideen gaineko aginduaren proposamena egin zuen 2018ko abenduaren 5eko bilkuran, baita Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari jakinarazi ere, hura ikusita, aurkeztutako diru-laguntza eskabideen gaineko erabakia har zezan.
Horrela bada, balorazio-batzordeak egindako agindu-proposamena ikusita eta aginduaren 13. artikuluan emandako ahalmenez baliatuz, honako hau
EBAZTEN DUT:
1.– I. eranskinean jakinarazten diren entitateei dagozkien diru-laguntzak ematea.
2.– II. eranskineko eskabideak ez onartzea bertan agertzen den arrazoia dela eta.
3.– 2018ko ekainaren 26ko Aginduan arautako diru-laguntzak jasotzen dituztenek testuaren 15. artikuluan jasotako betebeharrak bete beharko dituzte.
4.– Diru-laguntza bi ordainketetan pagatuko da: lehenean, diruz lagundutako zenbatekoaren ehuneko hirurogeita hamar, esleipen-ebazpena jakinarazitakoan eta hura onartzeko epea igarotakoan gauzatuko da; eta bigarrena, beste hogeita hamarra, 2019ko urtarrilaren 1etik hara gauzatuko da, betiere diruz lagundutako lehiaketa justifikatutakoan, zeina 2019ko martxoaren 31 baino lehenago burutu beharko baita.
Hori horrela izateko, emandako diru-laguntza onartu egin beharko da. Diru-laguntza ematen zaiela jakinarazteko jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean, entitate onuradunek ez badiote diru-laguntzari espreski eta idatziz uko egiten, onartu dutela ulertuko da.
5.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko, 2019ko martxoaren 31 baino lehen, ondoren zehazten diren agiriak aurkeztuko dituzte erakunde onuradunek http://www.euskadi.eus/nirekarpeta-ren bitartez:
a) Jarduerari buruzko txostena. Bertan, 2018ko ekainaren 26ko Aginduan baloratzen diren alderdiak azaldu beharko dira gutxienez.
b) Lehiaketa diru-laguntza eskaera aurkeztu eta gero egin bada, epailearen aktak eta lehiaketaren behin betiko programa.
c) Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza berariaz aipatzen duten dokumentu guztien aleak.
d) Jarduera gauzatzean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialak erabili direla egiaztatzen duen dokumentazioa.
e) Ekitaldiaren kostu-kontuen behin betiko balantzea, diru-sarrera eta gastu guztiak adierazita; bereziki jaso beharko dira helburu berarekin eskuratutako beste laguntzak, eskabideak aurkezteko unean haien eraginkortasunaren berri ez baldin bazegoen.
6.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira –betiere diru-laguntzaren xedea bete bada– edo beste erakunde publiko zein pribatuetatik beste laguntzarik jaso bada, laguntza emateko agindua aldatu ahal izango da. Horretarako, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak likidazio-agindua emango du esleitutako diru-laguntzaren zenbatekoa doitzeko.
7.– Ondorengo hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntzak (zenbateko osoa edo zati bat) 2018ko ekainaren 26ko Aginduan onartutako jardueretarako erabili beharrean, beste zerbaitetarako erabiltzea.
b) 2018ko ekainaren 26ko Aginduan ezarritako betebeharrak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren kitapen-aginduan adierazitako kopurua ez itzultzea horretarako ezarritako epean.
d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.
Ez-betetzeren bat gertatu dela egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera.
8.– Interesdun guztiei agindu honen berri emango zaie banan-banan, nahiz eta EHAAn ere argitaratuko den.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Beraz, beraren aurka, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, hala adierazten baitu Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legeak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 19a.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.