EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2018250

AGINDUA, 2018ko abenduaren 26koa, Hezkuntzako sailburuarena, zeinaren bidez deialdia egiten baita Lanbide Heziketako heziketa-zikloak eskaintzen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuen ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko 2018-2019ko ikasturteko diru-laguntzetarako.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-12-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201806419
Maila: Agindua
Merkatuen eta ekoizpenen globalizazioaren egungo egoera eta horren ondoriozko lehia handia direla eta, estrategia berriak behar dira euskal enpresa-ehuna lehiatzeko posizio batean jartzeko.
Egoera horretan, Lanbide Heziketa funtsezko aliatua da lanbide-profilak garatzeko eta, horrela, bermatzeko estrategia berri horien diseinuak eta garapenak eta balio berezi baten sorrerak ahalbidera diezaiela gure enpresei etorkizun jasangarri bat eta, ondorioz, pertsonen enplegagarritasuna nabarmen handitzeko bidean aurrera egitea.
Lanbide Heziketako IV. Euskal Plana erreferentziako baliabidea eta gida da lanbide-heziketako euskal sistemaren eraldatze eraginkorraren prozesurako, giza ahalmenean oinarritutako prestakuntza-eredu integratu berri batera zuzenduta, eragile aktibo bereizlea den aldetik, eta ikuspegi lehiakorrago eta berritzaileago bat emanda, enpresa-errealitatearekin bat.
Horrez gain, Lanbide Heziketako V. Euskal Plana lantzen ari da eta planak erantzuna eman nahi die laugarren iraultza industrialak jartzen dituen erronkei, garapen jasangarrirantz aurrera eginez; konpetentzia eta kualifikazio berrien bitartez giza talentua sustatuz, ekoizpen-ingurune berritik datozen erronkei aurre egiteko; eta Lanbide Heziketaren finkapena ziurtatuz, 4.0 industria, konektibitatea, garapen jasangarria, ezagutzaren kudeaketa eta 4.0 balioak oinarri hartuta gure gizarteko lanbide-, ekonomia-, zientzia eta kultura-eraldaketei arrakastaz erantzuteko.
2018ko uztailaren 5ean, Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Heziketari buruzko 2018ko ekainaren 28ko 4/2018 Legea argitaratu da eta, haren bidez, berrikuntza gisa, LHko eredu konbinatu bat sartu da lanbide-heziketan. Eredu horrek, Bizialdi Osoko Ikaskuntzari buruzko urriaren 10eko 1/2013 Legean zehaztutako Lanbide Heziketa integratua ez ezik, berrikuntza aplikatuko ikaskuntzak eta ekintzailetza aktiboa ere hartzen ditu barnean. Bi eremu horiek kualitatiboki eraldatu behar dituzte lanbide-heziketak arlo ekonomikoan eta, batik bat, arlo produktiboan izango dituen ondorioak, betiere, helburu izanik pertsona aktiboak prestatzea, euren trebetasunen eta, bereziki, euren lanbide-helburuen zati izango baitira, batetik, berrikuntza (euren lanbide-eremukoa), eta, bestetik, ekimen-sena eta espiritu ekintzailea (dagokien sektore ekonomikoan).
Halaber, Lanbide Heziketako Eredu Konbinatuan Espezializatutako Ikastetxeen Euskal Sarea sortu eta arautzen du, euskal produkzio-sareari jarri zaizkion erronkei erantzuna emateko. Horrek guztiak, batetik, prestakuntza aurreratu bat hartzen du barnean, LH ikasten duten pertsonen kualifikazio eta espezializazioak altuak izan daitezen; eta, horrekin batera, berrikuntza aplikatu bat, teknologiaren arloan, enpresa txiki eta ertainei produktua, produkzio-prozesua eta zerbitzua hobetzen laguntzea lehenetsita, eta, metodologiaren arloan, ikasteko era aldatuta eta zeharkako konpetentziak hobetuta. Horrez gain, lanbide-heziketako zentroetan ekintzailetza-kultura sustatzearen eta enpresen sorrerari laguntzearen garrantzia ezartzen du legeak.
Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 28ko 4/2018 Legea eta Lanbide Heziketako V. Euskal Plana garatzeko, honako helburu hauei lotutako jarduerak gauzatuko dira:
– Lanbide Heziketako prestakuntza-eskaintza baliaerraza izatea eta ikasleei aukera ematea konpetentzia profesionala barneratzeko bai ikastetxeetan bai lantokietan.
– Lanbide Heziketako zentroetan, ikas-ekinezko prestakuntzako proiektuen ezarpena bultzatzea.
– Sare publikoaren eta sare itunduaren ohiko funtzionamendua bermatzea, baita koordinazio- eta laguntza-organoena ere.
Beraz, hortxe dauzkagu erronkak, eta, horretarako, beharrezkoa da Lanbide Heziketako ikastetxeen parte-hartze aktiboa proiektuak diseinatzeko eta garatzeko, benetan posible izan dadin gero eta ingurune espezializatuago eta konplexuagoetan ikaskuntza-metodo berritzaileak ezartzea, eta, horrela, ikasleek eskuratutako ezagutzak errazago eta benetan transferi daitezen, eta, azken finean, enpresen espezializazio-maila handitu eta, ondorioz, abantaila lehia-abantaila jasangarria lor dezaten.
Horrenbestez, deialdi honen bitartez, sustatu eta piztu nahi da Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten itunpeko ikastetxe pribatuak parte har dezaten estrategikotzat jo diren ekimenetan, ekimenok garatzeko ekipamenduaren finantzaketaren bitartez.
Hezkuntza Sailaren Diru-laguntzen Plan Estrategikoaren barruan sartzen da deialdi hau.
Ondorioz, eta hemen xedatutakoekin bat: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. tituluan (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzen araubidea arautzekoa), Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Araudia onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuan, hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdiaren helburua.
Deialdi honen helburua da ekipamendu eguneratu eta beharrezkoa erosteko edo errentan hartzeko finantzaketa, bai eta hortik eratorritako gastuen finantzaketa ere, curriculuma garatzeko orduan ikasteko metodo eta erreminta berritzaileak ezartzeko eta enplegurako prestakuntza-programak eta espezializazio profesionalerako programak zabaltzeko, agindu honetako I. eranskinean adierazitako heziketa-zikloetan.
2. artikulua.– Onuradunak.
Agindu honetan araututako diru-laguntzak eskuratu ahal izango dituzte ikastetxe pribatuen pertsona fisiko edo juridiko titularrek baldin eta, 2018-2019ko ikasturtean, Euskal Autonomia Erkidegoan I. eranskineko erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloren bat badaukate itunduta.
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen gastuak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako ondoreetarako, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko da agindu honen 1. artikuluan definitutako ekipamenduaren erosketa edo errentamendua.
2.– Ekipamendua erosteko edo errentan hartzeko kostuak ez du, inola ere, merkatuko balioa gaindituko.
3.– BEZa ez da, inola ere, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko.
4.– Agindu honen diru-laguntzaren xedeko ekipamendua 2018ko urtarrilaren 1etik 2019ko ekainaren 30era bitartean erosi beharko da, edo errentan hartu, bai eta ordaindu ere. Alde horretatik, egindako gastutzat joko dira justifikazio-kontua aurkezteko epea amaitu aurretik egiazki ordaindu direnak. Egiazki ordaindu den zenbatekoa baino ezin da diruz lagundu.
5.– Agindu honen diru-laguntzako ekipamenduak diru-laguntzaren xede zehatz horretarako izango dira, eta bi urte baino gutxiago ezin izan daitekeen denboraldi baterako, ekipamendua erosi edo errentan hartzen den egunetik aurrera.
4. artikulua.– Aurrekontu-zuzkidura eta diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Agindu honetarako diren diru-laguntzen zenbateko osoa milioi bat (1.000.000) eurokoa da.
Agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko, ezinbestekoa izango da kreditu egokia eta nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko 2019. urteko Aurrekontu Orokorretan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurreratutako izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
2.– Deialdiaren xedeko diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, epe barruan eta behar bezala aurkeztu diren eskabide guztiek bete beharko dituzte agindu honen 5. artikuluan adierazitako eskakizunak.
3.– Diru-laguntza bakoitzaren banakako zenbatekoa zehazteko, artikulu honen 1. apartatuan adierazitako zuzkidura proportzionalki banatuko da 2. apartatuan adierazitako eskabideen artean, 8. artikuluan adierazitako irizpideak aplikatu eta lortu duten puntuazioaren arabera; ematen den azken zenbateko horrek izan du gainditu eskatutako zenbatekoa.
4.– Banaketa hori egiteko, lehenik, lortutako puntu bakoitzeko balioa zehaztuko da; horretarako, hau egingo da: deialdiko zuzkiduraren kopurua zati onartutako eskabide guztietan lortutako puntuazio guztien batura. Kasu bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko, hau egingo da: kalkulu horren emaitzatik ateratzen den puntu-balioa bider eskabide bakoitzak lortutako puntu kopurua.
5.– Kalkulu horretatik ateratako kopurua eskatutako kopurua baino handiagoa bada, diru-laguntzaren zenbatekoa doitu egingo da horren parera, eta soberako kopurua banatu egingo da, deskribatutako sistemaren arabera, egoera berean ez dauden eskabideen artean.
5. artikulua.– Parte hartzeko eskakizunak.
Edonola ere, agindu honen deialdiko diru-laguntzak eskuratu ahal izateko, interesdunek honako hauek bete behar dituzte:
a) Itunpeko ikastetxe pribaturen baten titularra izatea, non 2018-2019ko ikasturtean Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloren bat ematen baita (agindu honen 1. eranskinean adierazitako heziketa-zikloetariko bat).
b) Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera kentzen duen zigor penal edo administratiboren baten eraginpean ez egotea sexu-diskriminazioa dela-eta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.
c) Indarreko xedapenek ezarritako zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea, baita diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ere. Betekizun biek iraun behar dute emandako diru-laguntzak likidatu arte; beraz, egiaztatu egingo da bete egiten direla bai emateko orduan bai ordaintzeko orduan.
d) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako egoera batean ere ez egotea.
6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa.
1.– Interesdunek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko baliabide elektronikoen bidez egingo dituzte eskaerak, kontsultak eta izapide guztiak.
2.– Izapidetze elektronikoa hauetan dago araututa: Administrazio Elektronikoari buruzko otsailaren 21eko 21/2012 Dekretua eta Informatika eta Teknologiako zuzendariaren 2006ko otsailaren 9ko Ebazpena; ebazpen horren bidez, Platea E-Administrazioko Plataforma Teknologikoa onartu zen.
3.– Eskabideak bide elektronikoz nola izapidetu, erantsi beharreko dokumentazio-ereduak eta deialdi honi lotutako gainerako izapideak honako helbide elektroniko honetan daude eskuragarri:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/fp_ekipamendua/y22-izapide/eu/
4.– Eskabidearen osteko izapideak, justifikazioa barnean dela, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bidez egin beharko dira: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko modua, tokia eta epea.
1.– Eskabideak (II. eranskina), baldintza guztiak behar bezala beteta, modu elektronikoan aurkeztu behar dituzte, agindu honen 6. artikuluan xedatutakoaren arabera, eta hilabeteko epearen barruan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
2.– Eskabidea aurkezteak esan nahi du berariaz eta formalki onartu direla deialdi honen oinarrietan zehaztutako baldintzak.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.6 artikulua eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.7 artikulua aplikatuz, eskabidean erantzukizunpeko adierazpena jasoko dute, honako betebehar eta eskakizun hauek egiaztatzeko:
a) Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatu zaizkien eta, hala badagokio, haietatik jaso diren diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea, eta adieraztea, baiezkoa izanez gero, laguntza eman duen erakundearen izena eta zenbatekoa.
b) Ez egotea diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean, berariaz adierazita sexu-bazterkeriagatik izandakoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoaren arabera.
c) Egunean izatea diru-laguntzak itzultzeko betebeharren ordainketa.
d) Egiazkoak izatea eskabideko datuak eta emandako dokumentazioa, eta betetzea indarreko araudian diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako baldintzak.
4.– Eskaerekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu behar da:
a) Beharrezko ekipamenduaren justifikazio-txostena, III. eranskina.
b) Eskatzaileren batek inbertsioa amaitu badu eskabidea aurkezten duen egunerako, inbertsio hori egin izanaren eta egindako benetako gastuaren egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu.
5.– Diru-laguntzaren eskabidea aurkezteak baimena emango du Lanbide Heziketako Sailburuordetzak zuzenean egiazta dezan diru-laguntzen eskatzaileek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen dituztela. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, betebehar horiek betetzen dituela egiaztatzen duten administrazio-agiriak aurkeztu beharko ditu.
6.– Eskabidea oso-osorik betetzen ez bada, edo eskabidearekin batera behar den dokumentazioa aurkezten ez bada, eskatzaileari eskatuko zaio 10 egun naturaleko epean akatsa zuzentzeko, edo nahitaezko agiriak aurkezteko, eta, gainera, esango zaio aurrekoa egin ezean, eskabideari uko egiten diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluaren araberako ebazpena eman ondoren.
8. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
Diru-laguntza hauen balorazio-irizpideak hauek izango dira:
1.– Agindu honen 1. eranskinean ezarri, eman eta Hezkuntza Sailarekin itundutako heziketa-ziklo desberdinen kopurua, 2018-2019ko ikasturtekoak. % 50eko balio haztatua izango du. Heziketa-ziklo bakoitzari koefiziente bat emango zaio, I. eranskinean adierazitako taldeetakoak izatearen arabera. Zer taldetakoak diren kontuan hartuta, aplikazio-koefiziente horiek taula honetan adierazitakoak izango dira:
Batu egingo dira aipatutako ikasturtean ikastetxe bakoitzak emandako heziketa-zikloei dagozkien koefizienteak. Koefiziente horien batuketetan batura handiena lortzen duen eskabideak jasoko du horretarako adierazitako puntuazio handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez kalkulatuko dira.
2.– Agindu honen 1. eranskinean ezarritako heziketa-zikloetan 2018-2018ko ikasturtean izena eman duten ikasleen kopurua. % 20ko balio haztatua izango du. Aurreko paragrafoan zehaztutako heziketa-zikloetan matrikulatutako ikasle-kopuruaren batuketa egingo da. Koefiziente horien batuketetan batura handiena lortzen duen ikastetxeak jasoko du horretarako adierazitako puntuazio handiena, eta gainerakoak proportzio sinple baten bidez kalkulatuko dira.
3.– Enplegurako lanbide-heziketako prestakuntza-ekintzetan emandako orduen kopurua. % 30eko balio haztatua izango du. Batu egingo da 2018ko ekitaldian amaitu eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak (Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari atxikia) ziurtatutako prestakuntza-ekintzetako orduen kopura eta Lanbidek (Euskal Enplegu Zerbitzua) kudeatutako prestakuntza-ekintzetako orduen kopurua, arautu baitziren 2018ko ekitaldirako diru-laguntzetarako deialdian, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresek prestakuntza-ekintza estrategikoak egin zitzaten (2018ko ekainaren 20ko EHAA).
Ordu kopururik handiena daukan eskabideari egokituko zaio horretarako adierazitako puntuazio handiena, eta gainerako eskabideetarako balorazioa proportzio sinple baten bidez kalkulatuko da.
9. artikulua.– Prozeduraren instrukzioa.
1.– Plangintza eta Antolaketako zuzendariak izango du emate-prozedura instruitzeko eskumena.
2.– Balorazio-batzorde bakar bat eratuko da aurkeztutako eskabideak aztertu, ebaluatu eta hautatzeko; kide anitzeko organo gisa jardungo du, eta hauek izango dira kideak:
a) Batzordeburua: Nicolás Sagarzazu Alzua, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.
b) Bokalak:
M.ª Eugenia Santos Urdiain, Lanbide Heziketako Zerbitzuaren arduraduna, edo haren ordezkoa.
Bizkaiko Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria.
Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria.
Edurne Iturrioz Aramendi, Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.
Aitor Panera Alonso, Arabako Lurralde Ordezkaritzako Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa.
Pablo Gaztelumendi Martínez, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzako teknikaria, edo haren ordezkoa; idazkari-lanetan arituko da, hitza bai baina botorik gabe.
3.– Balorazio-batzordeak, aurkeztutako eskabideak ebaluatutakoan, behin-behineko ebazpenaren proposamena egingo du, behar bezala arrazoituta. Proposamen hori agindu honen 6. artikuluan ezarritako baliabide elektronikoez jakinaraziko zaie onuradunei, eta 10 egun naturaleko epea emango zaie, halaber, jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, egoki iritzitako alegazioak aurkez ditzaten. Hamar egun naturaleko epea igarotzen bada jakinarazpenaren edukira sartu gabe, jakinarazpena baztertutzat joko da, eta, prozedurari jarraikiz, izapidea gauzatutzat joko da, salbu eta, ofizioz edo hartzaileak eskatuta, horra sartzea teknikoki edo materialki ezinezkoa dela egiaztatzen bada.
4.– Aurkeztutako alegazioak aztertuta, balorazio-batzordeak prozeduraren ebazpen-proposamena egingo du, diru-laguntza ematea proposatutako eskatzaileen zerrenda adierazita, baita zenbatekoa ere, eta horretarako jarraitutako ebaluazioa eta balorazio-irizpideak zehaztuko ditu proposamen horrek. Plangintza eta Antolaketako zuzendariak, organo instrukzio-egile gisa, Lanbide Heziketako sailburuordeari bidaliko dio proposamen hori, ondoren ebazpena eman dezan.
5.– Ebazpenerako behin-behineko eta behin betiko proposamenek ez dute eskubiderik sortzen onuradun gisa proposatutako pertsonen alde, harik eta emateko ebazpena jakinarazten zaien arte.
10. artikulua.– Ebazteko prozedura, jakinarazpena eta publikotasun-prozedurak.
1.– Deialdi honetan aurkeztutako eskabideak prozedura bakarrean izapidetuko dira, eta, horiek ebaztea, interesdunek planteatutako gai guztiak erabakita, Lanbide Heziketako sailburuordeari dagokio, balorazio-batzordeak proposatuta.
2.– Hartzen den ebazpenak erabakiko du eskatutako diru-laguntzak emango diren ala, hala badagokio, ukatu egingo diren; lehenengo egoeran, adierazi behar dira onuradunaren izena edo izen soziala, zer ikastetxe den, zenbateko puntuazioa lortu duen, eta zenbateko diru-laguntza eman zaion. Ukatutako eskabideei dagokienez, eskatzaileen izena edo izen soziala eta laguntza zergatik ukatu den adieraziko du ebazpenak.
3.– Aurreko paragrafoan aipatzen den ebazpenak ez du administrazio-bidea agortzen, eta pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete horren kontra Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.
4.– Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie interesdunei; dena den, haren ezagutza orokorra bermatzearren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, hauek adierazita: onuradunen zerrenda, zer ikastetxe den, zenbateko puntuazioa lortu duen, eta zenbateko diru-laguntza eman zaion.
5.– Prozedura ebazteko eta ebazpena pertsona interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilekoa izango da, deialdiaren agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; epea igaro eta ebazpenik jakinarazi ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi egin dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan xedatutako ondoreetarako.
6.– Agindu honetan aurreikusitako diru-laguntzen emakida eta, hala badagokio, ordainketa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak amaitzeko baldintzapean geratuko da.
11. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Justifikazio-agiriak aurkezteko, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bitarteko elektronikoak erabili beharko dira, honako helbide honetako Nire karpeta atalaren bitartez: https://www.euskadi.eus/nirekarpeta
2.– Diru-laguntzen onuradunek justifikazio-kontuari dagozkion agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
a) IV. eranskina – Justifikazio-memoria ekonomikoa. Agiri horretan, errenta-kuoten fakturak/ordainketak zerrendatuko dira, hauek adierazita: hartzekoduna, faktura-zenbakia, jaulkipen-data eta ordaintze-data. Eranskin horrekin batera, fakturak eta horien egiaztagiriak aurkeztuko dira, euskarri elektronikoan, edo kopia digitalizatuak.
b) Diru-laguntzaz gain, finantzaketaz ere baliatu badira jarduerak bai baliabide propioez bai bestelako diru-laguntzez edo baliabideez, justifikazio horretan, egiaztatu beharko da zenbatekoa, haren jatorria eta funts horiek diruz lagundutako jardueretarako erabili direla.
Errentamendua bada, gastuen hileko kuotaren zati proportzionalaren justifikazioa, kontratuaren kopiaren eta ordainagirien bidezkoa.
Onuradunek jatorrizko justifikazio-agiri guztiak izan behar ditu zaintzapean eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzaren eskura, eskatzea du eta.
c) V. eranskina – Azken memoria, hauek adierazita, besteak beste:
– Egindako inbertsioaren azalpen laburra.
– Programatutako helburuen lorpen-mailari buruzko informazioa.
– Emaitzen ebaluazioa eta hobetzeko proposamenak.
3.– Agiri horiek aurkezteko azken eguna 2019ko irailaren 15a izango da.
4.– Emandako zenbateko osoa eskuratzeko, ekipamenduaren eskuratzeari egotzitako kostuek diruz lagundutako zenbatekoa baino handiagoak edo parekoak izan behar dute.
12. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
Diru-laguntzak ordainketa bakar batean emango dira, zuzen justifikatu ostean.
13 artikulua.– Ez-betetzeak eta itzulketa-prozedura.
1.– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuak nahiko arrazoi izango dira diru-laguntzak ezeztatzeko eta berandutze-interesekin batera itzularazteko, diru-laguntza ordaintzen denetik itzularaztea egokia dela erabaki arteko interesak, hain zuzen ere. Horretarako, egoki iritzitakoak egiaztatzeko eskumena izango du Hezkuntza Sailak.
2.– Diru-laguntza itzultzeko, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritako prozedura beteko da. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira. Hori gorabehera, bideratu beharreko beste ekintza guztiak bideratu ahal izango dira. Bestalde, aipatutako zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat joko dira, legezko ondorio guztietarako.
14. artikulua.– Ebazpena aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira eta beste erakunde publiko edo pribaturen batetik bestelako diru-laguntzak ere lortzen badira, eta, horren ondorioz, ezarritako mugak gainditzen badira, emate-ebazpena ere aldatu ahal izango da hirugarrenen eskubideak kaltetu gabe.
Horretarako, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak likidazio-ebazpena emango du eta, han, eman diren diru-laguntzen zenbatekoak doituko dira.
15. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituenekin, baldin eta gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, horren berri eman beharko da. Izan ere, gainfinantzaketarik gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, behar den gehieneko mugaraino.
16. artikulua.– Jarduera egiteko baldintzak eta onuradunen betebeharrak.
Proiektua egiteko, diru-laguntzen onuradunek baldintza eta betebehar hauek hartu beharko dituzte kontuan:
1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Horretarako, diru-laguntza eman zaiela jakinarazi eta hamabost egun naturaleko epean onuradunek berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.
2.– Diru-laguntzako ekipamenduak diru-laguntzaren xede zehatz horretarako izango dira, eta bi urte baino gutxiago ezin izan daitekeen denboraldi baterako, ekipamendua erosi edo errenta-kontratua egiten den egunetik aurrera.
3.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari justifikatzea deialdian ezarritako betekizunak eta baldintzak betetzen dituztela.
4.– Jasotako funtsak zertarako erabili diren frogatzen duten agiriak gordetzea, baita elektronikoak ere, baldin eta egiaztatu eta kontrolatu ahal badira.
5.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eman beharko diete, beren jardunean ari direla, deialdi honen kargura jasotako diru-laguntzei buruz eskatzen dieten informazioa.
6.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatutatik agindu honetako helburu bererako diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabiderik eskuratuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.
7.– Laguntza ematerakoan kontuan izandako gorabeheraren bat aldatzen bada, horren berri eman beharko diote Lanbide Heziketako Sailburuordetzari.
8.– Lanbide Heziketako Sailburuordetzari erraztu behar diote diruz lagundutako ekipamenduen kontrola, jarraipena eta ebaluazioa.
9.– Jasotako diru-laguntzen berri emateko neurriak hartzea. Difusio-neurri horien euskarrietan –informatikoak zein bestelakoak izan– adierazpen hau sartzera mugatuko dira: «Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Lanbide Heziketako Sailburuordetzak 2018ko deialdian finantzatutako ekipamendua».
10.– Hemen xedatutako betebehar guztiak betetzea: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikulua.
17. artikulua.– Datuen babesa.
1.– Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoarekin bat etorrita, eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorrita, deialdi honen izapideetan jasotako datu pertsonalak –parte-hartzaileek tratatzea eta argitara ematea baimendu dituztenak– «Diru-laguntzak eta laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi horren helburua diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea izango da, bai eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruzko informazioa ematea ere. Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Datuetara sartzeko, datuak zuzentzeko, ezerezteko eta horien aurka egiteko eskubideez baliatzeko, Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.
2.– Deialdi honetan parte hartzeko eskatzeak berekin dakar Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzari baimena ematea beste erakunde publiko batzuetan egiazta dezan aurkeztutako agiriak egiazkoak diren.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honetako diru-laguntzak honako arau hauetan xedatutakoaren arabera arautuko dira: 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoarena; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako dekretuaren bidez onetsitako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluaren III. kapitulua; eta oinarrizko araudia, hau da, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorra eta horren erregelamendua onesten duen 887/2006 Errege Dekretua.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 26a.
Hezkuntzako sailburua,
CRISTINA URIARTE TOLEDO.