EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-31 Aldizkari honetan argitaratua: 2018250

AGINDUA, 2018ko abenduaren 12koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, zeinaren bidez iragartzen baita G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuetan ekonomia garatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzen 2019ko ekitaldiko deialdia, entitate pribatuei zuzendua (Erein pribatuak).

Xedapenaren data: 2018-12-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201806412
Maila: Agindua
Landa-eremuen garapena lehentasunezko helburua izan da beti Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren politiketan, gizarte osoari egiten zaion funtzio anitzeko ekarpen garrantzitsua baita, kalitateko elikagaien eta lehengaien ekoizle gisa, lurraldearen kudeatzaile gisa eta baliabide naturalen, biodibertsitatearen eta paisaiaren administratzaile gisa.
Landa Ingurunearen Garapenerako apirilaren 8ko 10/1998 Legearen landa-garapeneko politikaren xede orokorrak honako hauek dira: euskal nekazaritzaren eta landa-ingurune osoaren funtzio-aniztasuna eta iraunkortasuna, landa-ingurunearen berezko ezaugarri nagusiei eustea eta nekazaritzak eta landa-eremuko enpresek eta ekonomia-egiturek lehiatzeko duten gaitasuna sustatu eta hobetzea.
Hori kontuan hartuta, agindu honek landa-eremuen ekonomiaren dibertsifikaziorako, eremu horretan enplegua sustatzeko eta Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako inguruneak garatzeko diru-laguntzen deialdia iragartzen du 2018ko ekitaldirako.
«Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanaren arabera G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuei zuzenduta dago agindu hau (http://www.euskadi.eus/zonificacion-rural-de-la-cae-2015–2020/web01-a2lanits/es/), eta bertan ezartzen diren baldintzak betetzen dituzten entitate pribatuak izan ahal izango dira horren onuradun.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak honi jarraikiz emango dira: 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamendua, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzekoa; laguntza, gehienez, 200.000 eurokoa izango da enpresa bakoitzeko, hiru zerga-ekitalditan.
Agindu honetan arautako diru-laguntzak emateko baldintza izango da kreditu egokia eta nahikoa egotea Euskal Autonomia Erkidegoko 2019. urteko aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
Hori dela eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Xedea, izaera eta esparru geografikoa.
1.– Agindu honen xedea da 2019. urterako diru-laguntza deialdi bat egitea, helburu duena G4, G5 eta G6 landatartasun-mailako landa-eremuen ekonomiaren garapena eta dibertsifikazioa. Eremu horiek zehaztuta daude «Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanean, eta agindu honetako I. eranskinean jasota daude.
2.– Agindu honen babespean ematen diren laguntzak ez dira itzuli beharrekoak izango.
Bigarrena.– Laguntza-motak eta onuradunak.
1.– Laguntzaren xede izango dira Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuetan enpleguari eusten eta hura sortzen laguntzen duten eta nekazaritzakoak ez diren jarduerak sortzeko eta garatzeko egiten diren inbertsio-modalitate hauek:
a) Nekazaritza-sektorearekin lotuta ez dauden jarduerak, baina sektore hori dibertsifikatzen dutenak. Nekazaritza kontzeptuak barne hartzen du nekazaritzakoa dena, abeltzaintzakoa eta basokoa, Nekazaritza eta Elikagaigintza Politikako abenduaren 23ko 17/2008 Legearen 4. artikuluko 1. zenbakiarekin bat etorriz. Onuradun izan ahalko dira nekazaritza-sektoreari lotutako pertsona fisiko edo juridikoak eta ustiategi bateko familia-unitateko kideak, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko 1305/2013 (EB) Erregelamenduaren 19. artikuluko 3. zenbakian ezarritakoari jarraikiz (Landa Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsaren (LGENF) bitartez landa-garapenari laguntzak emateari buruzkoa eta Kontseiluaren 1698/2005 (EE) Erregelamendua indargabetzen duena).
b) Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak eratu eta garatzea, Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioak egiten duen definizioaren arabera, bigarren eta hirugarren sektoreetako edozein eratako enpresak eratu eta sortzea. eta autonomoetan alta emandako pertsona fisikoek garatutako proiektuak egitea, non eta inbertsioak ez diren bideratzen nekazaritzako produktuak eta elikagaiak ekoiztera, eraldatzera eta merkaturatzera. Garapena dela ulertuko da produktibitatea gehitzen duen edo ekoizpen- edo negozio-ildo berria dakarren edozein inbertsio. Laguntza-lerro honen onuradun izan daitezke deialdi honetako xede diren landa-eremuetan kokatuta dauden enpresak.
c) Enpleguaren sorrera garbia. Laguntza horien onuradun izan ahalko dira mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak, baldin eta nekazaritza-arlokoak ez badira eta landa-eremuetan kokatzen badira. Nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan xedatutako lanaldiaren % 50eko enplegua izan beharko da, gutxienez. Era berean, laguntzak jaso ahalko dituzte enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisiko langabeek, baldin eta deialdi honen xede diren landa-eremuetan bizi badira eta beren autoenplegua sortuko duen eta nekazaritzakoa ez den proiektu bati ekiten badiote.
2.– b) eta c) apartatuetan jasotako laguntzen onuradun izan ahalko dira nortasun juridikorik ez duten pertsona fisiko eta juridiko pribatuen taldeak, ondasun-erkidegoak edo, nortasun juridikorik eduki gabe, b) eta c) hizkietan aurreikusitako proiektu eta jarduerak aurrera eraman ditzakeen edozein motatako unitate ekonomikoa edo ondare bereizia. Haietan partaide diren pertsona fisiko edo juridiko pribatu guztiak joko dira onuraduntzat, eta guztiek bete beharko dituzte agindu honetan eta agindua garatzeko eta aplikatzeko arauetan ezarritako betekizun eta baldintzak.
3.– Aurreko puntuko b) eta c) apartatuetan jasotako laguntzak bateraezinak dira haien artean.
4.– Erakunde publikoak laguntza horietatik kanpo geratzen dira.
5.– Ezingo zaie laguntza eman krisi-egoeran dauden enpresei, betiere aintzat hartuta krisialdian dauden eta finantzarioak ez diren enpresak salbatzeko eta berregituratzeko estatu-laguntzei buruzko erkidegoaren zuzentarauetan jasotako definizioa.
6.– Agindu honen bidez deitzen diren laguntzak Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzko 2013ko abenduaren 18ko Batzordearen 1407/2013 (EB) Erregelamenduaren arabera emango dira (2013ko abenduaren 24ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala, L 352/7). Horiek horrela, enpresatzat ulertu behar da jarduera ekonomiko bat gauzatzen duen erakunde oro, izaera juridikoa eta finantzaketa-modua edozein dela ere.
Hirugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Aurreko ebazpen-ataleko 1. apartatuan aipatutako laguntza-ildoei dagozkien eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduketak honako hauek dira:
1.– Mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta/edo garatzeko edozein proiektu, eta enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisikoek garatutako jarduerak, non eta ez diren nekazaritzako produktuak eta elikagaiak ekoiztera, eraldatzera eta merkaturatzera bideratutako inbertsioak, landa-eremuko garapen ekonomikoarekin lotuta daudenak:
– Industria-jarduerarekin lotuta dauden proiektuak: tailerrak, fabrikak, instalazioak eta lokalak hainbat helburutarako, besteak beste, makineria konpontzeko; honelako gauzak ekoizteko edota sortzeko: nekazaritzakoak ez diren materialak eta ondasunak, plastikoak, elektrizitatea, energia, gasa, baporea eta beroa, ur-horniketako enpresak, estolderia eta hondakin-deuseztatzea, saneamendua eta beste; energia berriztagarriak eta horiekin zerikusia duten jarduerak.
– Turismoarekin, landetxeekin eta nekazaritza-turismoarekin, turismo-zerbitzuak ematearekin, denda, jatetxe, tokiko eskaintza eta elikadurarekin lotutako proiektuak.
– Zerbitzuen ezarpenarekin eta eskaintzarekin lotutako proiektuak:
● Zerbitzu tekniko hauek: arkitektura eta ingeniaritza, kontabilitatea, zerbitzuen kontu-ikuskaritza, garbiketa industriala, albaitaritza-jarduerak.
● Zerbitzuak sektore ekonomiko guztiei, besteak beste nekazaritzari edo basogintzari, edo landa-biztanleei: cateringa, bide-segurtasuneko zerbitzuak, eremu babestuetarako zerbitzuak, segurtasun-zerbitzuak, lorezaintza-zerbitzuak, parkeen kudeaketa.
● Gizarte-zerbitzuak, besteak beste, umeak zaintzeko, adinekoak zaintzeko, osasuna zaintzeko eta desgaitasunen bat duten pertsonak zaintzeko zerbitzuak, eskola-ustiategiak.
● Aisialdiko, jolaserako eta kiroleko jarduerekin lotutako zerbitzuak.
– Eskulangintza garatzeko eta eskulangileen jardueretarako proiektuak.
– IKTekin eta merkataritza elektronikoarekin lotutako proiektuak.
2.– Enpleguaren sorrera garbiko proiektuak.
– Besteen konturako langileak kontratatzea, aurretik lanik izan ez dutenak edo aurretik zeukatena galdu dutenak. Nolanahi ere, kasu bakoitzean aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboan xedatutako lanaldiaren % 50eko enplegua izan beharko da, gutxienez.
– Jarduera independenteak sortzea, hau da, langile autonomoak jartzea edo gizarte-ekonomiako araubide juridikoaren pean dauden enpresak sartzea sustatzen dutenak.
Laugarrena.– Diruz lagundu daitezkeen kostuak.
1.– Diru-laguntzak jaso ditzaketen kostutzat hartuko dira agindu honetan araututako laguntzen helburu diren jardueretan egindako inbertsioak eta/edo gastuak, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera eginikoak.
2.– Jarduera ekonomikoa dibertsifikatzeko eta mikroenpresak, enpresa txiki eta ertainak sortu eta garatzeko laguntzen kasuan, honako hauek hartzen dira diruz lagundu daitezkeen kostutzat:
a) Enpresa-planari lotutako ondasun higiezinak eskuratzea.
b) Enpresa-planari lotutako ondasun higiezinak eraiki edo birgaitzea.
c) Makinaria eta ekipamendu berriak erostea eta finantza-errentamendu bidez –erosteko betebeharra izanda– eskuratzea, ondasunaren merkatu-balioraino.
d) Jarduera berriari lotuta dauden bigarren eskuko ekipamenduak eta makinaria erostea, baldin eta aurreko 5 urteetan beste laguntzarik jaso ez badute; non eta erosketa berria ez den egiten hobekuntza teknologikoagatik edo errendimendu-arrazoiengatik.
e) b) eta c) apartatuetan jasotako gastuei lotutako kostu orokorrak, hala nola profesionalen ordainsariak, diruz lagundu daitekeen zenbatekoaren % 10eraino.
f) Ibilgailu bat eskuratzea, baldin eta jarduera ekonomikoa ibilgailu horretan bakarrik garatzen bada eta hura egokitu beharra izan bada jarduera gauzatzeko. Kontzeptu honengatik jasotako diru-laguntza ez da izango ibilgailuaren guztizko prezioaren % 20 baino gehiago, ez eta 20.000 eurotik gorakoa ere.
g) Ibilgailu bat eskuratzea, baldin eta jarduera ekonomiko bakarra pertsonak edo salgaiak garraiatzea bada. Kontzeptu honengatik jasotako diru-laguntza ez da izango ibilgailuaren guztizko prezioaren % 20 baino gehiago, ez eta 20.000 eurotik gorakoa ere.
h) Ibilgailuak egokitzea diru-laguntzaren xede den jarduerara: 10.000 euro gehienez ere.
i) Programa eta aplikazio informatikoak eta web-orri eta plataformak eskuratu edo garatzeko egindako inbertsioak.
j) Patenteak, lizentziak, autore-eskubideak eta erregistratutako markak eskuratu edo erregistratzeko egindako inbertsioak: 20.000 euro gehienez ere.
k) Tresnak eta altzariak.
l) Laguntza-eskaeraren xede den inbertsioari lotutako azterlanak: gehienez ere diruz lagundu daitekeen zenbatekoaren % 10eraino.
m) Proiektuari lotutako beste azpiegitura batzuk.
n) Berezko lanak: diruz lagundu daitekeen aurrekontuaren % 20raino gehienez.
3.– Enplegua sortzeko proiektuen kasuan, diruz lagundu daitezkeen kostuak kontratazioari lotutakoak izango dira.
4.– Hauek ez dira diruz lagunduko:
a) BEZa.
b) Interes zordunak, finantza-gastuak eta banku-bermearen gastuak.
c) Berandutze-interesak, errekarguak, hertsapen-isunak, zehapen administratibo eta penalak, eta prozedura judizialen zein judizioz kanpokoen gastuak.
d) Zuzeneko zergak eta gizarte-aurreikuspeneko edozein araubidera eginiko ekarpenak, laguntzaren onuradunari dagokionez.
e) Berreskura daitezkeen zeharkako zergak.
f) Egoitzako erabilera baino ez duten etxebizitzak, eta erabilera pertsonaleko eta etxeko erabilerako ondasunak eta ibilgailuak.
g) Ondasunak eta zerbitzuak erostearen ondoriozko faktura edo kontratuetan eginiko deskontuak, eta kontratu publiko edo pribatuetan kontratistak eginiko itzulketak edo ordainketak, aldaketen edo bestelako kausen ondorio direnak.
h) Finantza-errenta, baldin eta kontratuan eragiketa amaitzean ondasuna erosteko beharra zehazten ez bada. Bestalde, ez dira diruz lagunduko errentatzailearen marjina, interesak birfinantzatzeko kostuak, gastu orokorrak eta aseguramendu-gastuak.
i) Telefono-terminalak eskuratzea, nahiz eta horiek aplikazio informatikoak barnean hartu.
j) Ekipamenduak eta makinaria birjartzeko edo soilik ordezteko inbertsioak.
k) Instalazioak edo makinaria mantentzeko gastuak.
5.– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoak gainditzen baditu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legean ezarritako zenbatekoak, gutxienez hiru eskaintza –hornitzaile ezberdinenak– eskatu beharko ditu onuradunak, obrarako konpromisoa kontratatu aurretik, zerbitzua eman aurretik edo ondasuna entregatu aurretik, non eta, haien ezaugarri bereziak direla-eta, merkatuan ez den aski erakunde haiek egin, eman edo entregatzeko, edo non eta diru-laguntzaren aurretik ez den egin gastua.
Aurkeztutako eskaintzen artean egindako hautua (justifikazioan, edo, hala badagokio, diru-laguntzaren eskabidean aurkeztu beharko dira) efizientzia- eta ekonomia-irizpideekin bat etorriz egin beharko da, eta, betiere, berariaz justifikatu beharko da memoria batean, baldin eta proposamen ekonomiko onenaren alde egiten ez bada.
Bosgarrena.– Diruz lagundutako jardueraren azpikontratazioa.
1.– Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 68. artikuluan xedatutakoa aplikatuz gero, honako kasu honetan kontsideratzen da onuradunak azpikontratatu egin duela: diru-laguntzaren helburu den jardueraren exekuzio partziala edo osoa hirugarrenekin hitzartzen duenean (887/2006 Errege Dekretuz onartzen da Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren Erregelamendua). Kontzeptu horretatik kanpo gelditzen dira onuradunak diru-laguntza jaso duen jarduera bere kontura gauzatu ahal izateko egin behar dituen gastuak.
2.– Diruz lagundutako jardueraren % 100 azpikontratatu dezake onuradunak. Ezin izango da jarduerarik azpikontratatu, baldin eta diruz lagundutako jardueraren kostua gehitu eta jardueraren edukiari inongo balio erantsirik ematen ez badio. Hirugarrenekin azpikontratatutako jarduerak diru-laguntzaren % 20tik gora hartzen badu eta kopuru hori 60.000 eurotik gorakoa bada, azpikontratazioak betekizun hauek konplitu beharko ditu:
a) Kontratua idatziz egitea.
b) Diru-laguntza ematen duen erakundeak aldez aurretik kontratua egiteko baimena ematea.
Diruz lagundutako jarduerak beste administrazio publiko baten diru-laguntza jaso duenean, ulertuko da administrazio horrek egiaztatu duela eskakizun horiek betetzen dituela.
3.– Ezin da kontratua zatikatu, zenbatekoa murrizteko eta aurreko ataleko baldintzak bete beharrik ez izateko helburuarekin.
4.– Onuradunaren aurrean baino ez daude behartuta kontratistak, eta onuradunak osorik bereganatuko du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen ardura.
Seigarrena.– Finantziazioa.
1.– Agindu honetan jasotzen diren laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan xede horretarako ezartzen diren kredituetatik aterako dira, honela banatuta:
2.– Agindu honetako diru-laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko Aurrekontu Orokorretan.
Zazpigarrena.– Onuradun izateko betekizunak.
Pertsona fisiko eta juridikoek, Diru-laguntzei buruzko abenduaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako betekizunez gainera, honako hauek bete beharko dituzte:
a) Egunean izatea zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak.
b) Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
c) Deialdi honen xede diren landa-eremuetan gauzatzea diru-laguntza jasotzen duten jarduketak.
d) Dibertsifikazio-jardueren kasuan, onuradunak lanbide nagusia nekazaritza izan behar du, Gizarte Segurantzan bere nekazaritza-jarduerari dagokion erregimenean alta emanda egon behar du, eta jarduera horretan urtebete jardun behar izan du gutxienez. Onuradunak lanbide nagusia nekazaritza duela joko da, baldin eta gutxienez beren errentaren % 50 lehen sektoretik lortzen badu eta sektore horretan duten dedikazioa ere gutxienez % 50ekoa bada.
e) Enplegu-sorreraren kasuan, onuradunak deialdi honetako landa-eremuan sortu behar du enplegua; jarduera independenteen sorreraren kasuan, berriz, deialdi honetako landa-eremuan bizi behar du.
f) Enpresa krisialdian ez egotea, estatuek krisialdian dauden enpresa ez-finantzarioak salbatzeko eta berregituratzeko ematen dituzten laguntzei buruzko zuzentarauen arabera (2014/C 249/01).
g) Elkarteen kasuan, horiek elkartzeko eskubidea arautzen duen martxoaren 22ko 1/2002 Lege Organikoaren 4. artikuluko 5. eta 6. apartatuetan aurreikusitako debekuen kausetan nahastuta ez egotea. Ez-zilegitasun penalaren zentzuzko zantzuak egoteagatik, administrazio-prozedura ez etetea, 1/2002 Lege Organikoaren 30.4 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, betiere ebazpen judizial sendorik esleitzen ez bada, haren arabera, kasuan kasuko inskripzioa egin ahal izango baita dagokion erregistroan.
h) Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen epai irmorik ez izatea, ez eta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetako seigarrenean xedatutakoarekin bat etorriz.
i) Konkurtso-deklarazioa eskatu ez izana, edozein prozeduratan kaudimengabetzat jo ez izana, konkurtsoan deklaratuta ez egotea, salbu eta horretan eraginkortasuna hartu badu hitzarmen batek, esku-hartze judizialaren pean ez egotea edo desgaitua ez izatea Konkurtsoari buruzko uztailaren 9ko 22/2003 Legearen arabera, konkurtsoaren kalifikazio-epaian ezarritako desgaitze-aldia amaitu gabe.
j) Administrazioarekin hitzartutako edozein kontratu ezeztatzea eragin ez izana.
k) Pertsona fisikoa, merkataritza-sozietateen administratzaileak edo beste pertsona juridiko batzuen legezko ordezkaritza dutenak ez egotea ekainaren 26ko 1/2014 Legean (kargu publikodunen jokabide-kodea eta haien interes-gatazkak arautzen dituena) ezarritako kasuren batean, edo Hauteskunde Araubide Orokorraren ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoan araututako hautapen bidezko karguren bat ez izatea, horietan ezarritako baldintzetan.
l) Erregelamenduz zerga-paradisu gisa kalifikatutako herrialde edo lurralde batean ez izatea zerga-egoitza.
m) Eskatzaileek jakinarazi behar dute diruz laguntzen den gastu bera ordaintzeko beste diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide ekonomikorik eskatu dioten ala ez administrazio publiko edo erakunde publiko edo pribaturen bati, eta eskuratu duten ala ez.
Zortzigarrena.– Eskabideak, agiriak eta aurkezteko epea.
1.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularrari zuzenduko zaizkio laguntza-eskabideak.
2.– Pertsona fisikoek modu presentzialean zein elektronikoan aurkez ditzakete eskabideak: pertsona fisikoek, berriz, bide elektronikoa baino ezin dute erabili:
– Modu presentziala: eskabideak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1 – 01010 Vitoria-Gasteiz) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak xedatzen dituen tokietariko edozeinetan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuarekin bat etorriz.
– Bide elektronikoa: euskadi.eus egoitza elektronikoan aurkeztuko dira eskabideak: gaztelaniaz: https://www.euskadi.eus/y22–home/es/; euskaraz: https://www.euskadi.eus/y22–home/eu/
Eskabidea izapidetzeko eta dokumentazioa aurkezteko moduak (elektronikoa zein presentziala izan) ez du behartuko aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak modu berean egitera, edonoiz alda daiteke eta.
3.– Eskabideak bide elektronikoz nahiz presentzialez aurkezteko, inprimaki-eredu normalizatua erabiliko da, helbide hauetan eskuragarri dagoena: gaztelaniaz: http://www.euskadi.eus/ayudas_appa/ (Erein privados); euskaraz: http://www.euskadi.eus/laguntzak_naep/ (Erein pribatuak).
Eskabidea egin osteko izapideak helbide elektroniko honen bidez egingo dira: gaztelaniaz: http://www.euskadi.eus/micarpeta; euskaraz: http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Eskabidea ordezkari baten bitartez egiten bada, artikulu hauetan xedatutakoaren arabera egiaztatu beharko da ordezkaritza: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 5. eta 6. artikuluak.
6.– Honako agiri hauek aurkeztu beharko dira eskabidearekin batera:
a) Hirugarrenen alta. Pertsona juridikoa izanez gero, ahalordetze-eskritura eta erakundearen eratze-eskrituraren eta estatutuen kopia, dagokion erregistroan zigilatuta.
b) Pertsona fisiko edo juridiko eskatzailea nekazaritza-ustiategi baten familia-unitateko kide bada, bertan gutxienez urtebete daramala egiaztatuko du, bere nekazaritzako jardueraren arabera Gizarte Segurantzan dagokion erregimeneko altaren bidez.
c) Azken bi ekitaldietako kontu ikuskatuen kopia, sozietateen zerga edo PFEZaren aitorpena.
d) Dibertsifikatzen duen titulartasun partekatuko nekazariaren kasuan, izaera hori egiaztatu beharko du.
e) Enpresa-izaera hartuko duten pertsona fisikoen kasuan, errolda-agiria.
f) Enplegu-sorreraren kasuetan, emakumeek, epe luzeko langabeek eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten pertsonek inguruabar horiek egiaztatu beharko dituzte.
g) Izaera juridikorik ez duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuen taldeen eta ondasun-erkidegoen kasuan, kide guztiek sinatutako dokumentua, non jasotzen baitira talde bakoitzeko kideek beren gain hartutako konpromisoak, bai eta haietako bakoitzak aplikatuko duen diru-laguntzaren zenbatekoa, taldeari onuradun den aldetik dagozkion betebeharrak betetzeko ahalorde nahiko dituen ordezkari edo ahaldunaren izena eta funtsen hartzaile gisa izendatutako kidearen izena –hark banatuko ditu taldeko gainerako kideen artean–.
h) Jarduera egingo den lekuan ondasun higiezina erabiltzeko baimena ematen duen tituluaren kopia, hura jabetza osoan edo partekatuan, errentamenduan, gozamenean edo prekarioan eduki.
i) Eraikuntza- edo birgaitze-obrak egingo badira, proiektu teknikoa aurkeztuko da, bai eta hura gauzatzeko behar diren baimen eta lizentziak ere, edo, bestela, haiek eskuratzeko eskabidea.
j) Proiektua baloratzeko memoria, agindu honen II. eranskineko ereduaren arabera egina. Proiektuaren deskribapena eta baloratu behar diren puntu guztiak jasoko ditu memoriak; eta, informazio horren euskarri gisa, behar diren akordio eta ziurtagiriak erantsi beharko dira, Jasotzen diren alderdiak bakarrik hartuko dira kontuan.
k) Pertsona fisikoek aurreko ebazpen-ataleko d) apartatutik l) apartatura bitartean (biak barne) aipatutako eskakizunak betetzen dituztela adierazteko erantzukizunpeko adierazpena aurkeztuko dute.
l) Pertsona juridikoek, berriz, aurreko ebazpen-ataleko f) apartatutik l) apartatura bitartean (biak barne) aipatutako eskakizunak betetzen dituztela adierazteko erantzukizunpeko adierazpena.
m) Aurrekontuak eta/edo proformako fakturak.
7.– Zuzendaritza kudeatzailearen zerbitzu teknikoek automatikoki egiaztatuko dute onuradunak egunean dituela zerga-betebeharrak eta gizarte segurantzarekikoak, bai eta haren NAN/IFK ere. Hala ere, eskatzaileak baimen hori berariaz uka dezake, baina, kasu horretan, adierazitako dokumentuak aurkeztu beharko ditu. Gainera, eskabidea aurkezteak esan nahi du eskatzaileak baimena ematen diola Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzari zuzenean eskura dezan beste edozein administrazio publikok egindako dokumentazio guztia, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluko 2. paragrafoan.
8.– Eskatzaileek administrazio honetan edo beste edozein administrazio publikotan aurkeztu badute eskatutako dokumentazioa, eta aldaketarik ez dela egin berariaz adierazten bada, ez dute aurkeztu beharko dokumentazio hori, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluaren 3. zenbakiarekin bat etorriz. Adierazi beharko da, hala ere, noiz eta zer administrazio-organotan aurkeztu diren agiri horiek. Eskaera aurkeztuz gero, baimena emango da organo kudeatzaileak dokumentazio hori eskuratzeko. Horrek ez du esan nahi baimena berariaz ukatu ezin denik. Hori egitekotan, adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.
9.– Eskabideak aurkezteko epea bi hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Eskabideak betekizun guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela hutsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legaren 21. artikuluan ezarritako moduan emango den ebazpen baten bitartez.
10.– Nahi den hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dira laguntza-eskabidea eta eskatutako agiriak. Ildo horretatik, eskatzaile bakoitzak hautatutako hizkuntza erabiliko da eskabidea aurkeztu ondoko jardueretan, prozedurak irauten duen bitartean, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearekin bat.
11.– Aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide edota agiri osagarriak eskatu ahal izango zaizkio eskatzaileari.
12.– Onuradun bakoitzeko, proiektu bakar bat lagunduko da diruz; hala ere, hori ez da eragozpena izango eskatzaile bakoitzak proiektu bat baino gehiago aurkezteko. Proiektu horietatik, betiere, balorazio-irizpideen arabera puntu gehien lortzen duena lagunduko da diruz.
Bederatzigarrena.– Laguntzak kudeatzea.
Landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzak kudeatuko ditu agindu honetan aurreikusitako laguntzak, eta, halaber, diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena egingo du. Gainera, egoki irizten dien ikuskapenak egin ahal izango ditu zuzendaritzak, diru-laguntza lortu duten proiektuak egoki gauzatzen direla ziurtatzeko; alde horretatik, onuradunak behartuta daude eskatzen zaizkien agiriak eta informazioa aurkeztera.
Hamargarrena.– Balorazio-batzordea eta -irizpideak.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, eta honako kide hauek izango ditu: landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako hiru teknikari, zuzendaritza horretako titularrak ebazpen bidez izendatuak.
2.– Ebazpenean zehaztuko da zein izango den batzordeko idazkaria eta zein batzordeko presidentea.
3.– Balorazio-batzordeak, bere eginkizunak betetzen diharduela, eskatuko du Haziko adituak bere bileretara bertaratu daitezen. Batzordeak, era berean, arloko adituei aholkularitza emateko eska diezaieke beharrezko irizten dion guztietan.
4.– Ondoko tauletako irizpideen arabera baloratuko dira proiektuak, eta horretarako, Proiektua Baloratzeko Memorian bildutako datuak bakarrik hartuko dira aintzat (II. eranskina), bai eta dokumentazio bidez frogatutakoak ere.
a) Dibertsifikazio-lerroko proiektuak:
b) Enpresa-lerroko proiektuak:
c) Enplegua sortzeko lerroko proiektuak:
5.– Eskatzaileak laguntza bat eskuratu badu Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko abenduaren 27ko Aginduaren bidez egindako deialdian, 2 puntu kenduko zaizkio lortutako guztizko puntu-kopurutik (agindu horren bidez iragartzen da «Landa Eremuen Definizio Teknikoa» azterlanaren arabera G4, G5 eta G6 sailkatutako landa-eremuetan ekonomia garatzeko eta dibertsifikatzeko laguntzen 2019ko ekitaldiko deialdia). Ofizioz egiaztatuko dute egoera hori balorazio-batzordeko kideek.
6.– Proiektuek, hautatuak izateko, gutxienez 50 puntu lortu behar dituzte.
Hamaikagarrena.– Laguntzaren zenbatekoa.
1.– Bigarren ebazpen-ataleko 1. a) eta b) puntuetan, araututako laguntzak lortutako puntuazioaren arabera emango dira. Honako taula honen arabera zehaztuko da proiektu bakoitzari esleitu beharreko laguntza-ehunekoa:
2.– Enplegua sortzeko proiektuen kasuan (bigarren ebazpen-ataleko 1.c), laguntzaren zenbatekoa ez da kalkulatuko diruz lagundu daitezkeen gastuen ehuneko baten arabera; aitzitik, zenbateko finko bat izango da, eta behin baino ez da emango, sortutako lanpostu bakoitzeko, eta betiere kontratatutako lanaldiaren arabera. Honako taula honen arabera emango da:
* Kasu bereziak: emakumeak, epe luzeko langabeak eta % 33ko edo gehiagoko desgaitasun fisikoa edo psikikoa duten pertsona desgaituak.
Hamabigarrena.– Esleitzeko prozedura.
1.– Lehiaketa bidez esleituko dira agindu honetan jasotako laguntzak, hala ezarrita baitago Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.1 artikuluan.
2.– Balorazio-batzordeak proiektuak aztertu, eta, aurreko ebazpen-ataleko irizpideei jarraituz, puntuak esleituko ditu. Ondoren, zenbatekoak kalkulatuko ditu, lortutako puntuazioaren arabera.
3.– Gero, hiru zerrenda prestatuko ditu, hau da, laguntza-lerro bakoitzeko, bat. Hiru zerrendak goitik beherako hurrenkeran antolatuko dira, proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren arabera, eta hurrenkera horri jarraituz emango dira laguntzak.
4.– Hiru laguntza-modalitateetako bati dagokion zenbatekoa agortu ezean, soberakina beste modalitateen zenbatekoei metatu ahalko zaie.
5.– Proiektu bik edo gehiagok puntuazio bera lortzen badute, «Landatartasun-maila» handiena duena lehenetsiko da, eta, berdinketak badirau, «Eskualdeko Landa Garapenerako Programara egokitzea» irizpidean puntuazio handiena lortu duena.
Hamahirugarrena.– Ebazpena.
1.– Landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak ebatziko laguntzak, balorazio-batzordeak aurkeztutako proposamena aintzat hartuta. Ebazpena, proposamen horrekin bat ez datorrenean, arrazoitu beharko da. Proposamena, izan ere, ez da loteslea.
2.– Ebazpenak informazio hau jaso beharko du, gutxienez:
a) Onartutako eskabideei dagokienez:
– Pertsona edo erakunde onuradunen izena.
– Diruz lagundutako proiektua.
– Diruz lagundu daitekeen gastuaren zenbatekoa.
– Diruz lagundutako zenbatekoa, urteko kuoten arabera banatua.
– Aurreikusitako jarduerak egiteko epea.
– Klausula bat, non onuradunari ezartzen baitzaio pertsona juridikoaren eraketa egiaztatuko duen dokumentazioa aurkezteko betebeharra, hala badagokio, bai eta proiektua gauzatzeko behar diren lizentzia eta baimenak aurkezteko betebeharra ere.
– Zehapen-prozeduraren batean edo itzultze-prozeduraren batean egonez gero, hura amaitu egin beharko da, emateko ebazpena eta, hala badagokio, ordaintzekoa onartzeko. Prozeduraren ondorioz laguntza publikoak jasotzeko desgaikuntza edo itzultzeko betebeharra ezarriko balitz, baldintzapean emandako laguntza indargabetu egingo da, onuradun izateko debekua dakarten egoeretako batean egoteagatik.
– Nortasun juridikorik gabeko elkarteen kasuan, berariaz adierazi beharko dira elkarteko kide bakoitzak proiektua gauzatzeko hartzen dituen konpromisoak eta diru-laguntzatik kide bakoitzari aplikatu beharreko zenbatekoa. Kide guztiek izango dute onuradun-izaera.
b) Onartu ez diren eskabideei dagokienez:
– Pertsona edo erakunde eskatzaileen izena.
– Laguntza ukatzeko arrazoiak.
3.– Agindu hau indarrean jarri eta gehienez sei hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da ebazpena. Epe hori bukatu eta ebazpen berariazkorik eman ez bada, interesdunek ezetsitzat jo beharko dituzte eskabideak, hala xedatzen baita urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.
4.– Lehia-konkurrentziako prozeduraren ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta argitalpena jakinarazpentzat hartuko da, urriaren 1eko 39/2015 Legearen 45. artikuluaren b) apartatuko 1. paragrafoan xedatutakoaren arabera. Hala eta guztiz ere, interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio ebazpen osoaren berri. Betiere, lehenik egiten den jakinarazpenaren data hartuko da jakinarazpen-datatzat.
5.– Laguntza emateko edo ukatzeko ebazpenaren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio interesdunak landa-garapenaren eskumena duen sailburuordeari, hilabeteko epean ebazpenaren jakinarazpena jasotzen duenetik aurrera, edo hiru hilabeteko epean, administrazio-isiltasunaren ondorioak gertatu eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluarekin bat etorriz.
6.– Hirugarren apartatuan aipatzen den ebazpena jakinarazteaz gainera, agindu honen babespean laguntza jasoko duten onuradunen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, landa-garapenaren eskumena duen zuzendaritzako titularraren ebazpen bidez. Zerrenda horretan, emandako zenbatekoak ere adieraziko dira, publikotasun-ondorioetarako baino ez.
Hamalaugarrena.– Onuradunen betebeharrak.
Agindu honek arautzen dituen laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:
1.– Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Diru-laguntzaren onuradunak ez badio berariaz eta idatziz diru-laguntzari uko egiten laguntza eman izanaren jakinarazpena hartu eta hamabost egunean, onartu egiten duela ulertuko da.
2.– Diruz lagundutako inbertsio eta gastuei 5 urtez eutsi behar diete, gutxienez, gauzatzen direnetik aurrera; epe horretan ezingo dira ez besterendu ez amortizatu, ez eta diru-laguntzen xedea ez den beste ezertarako erabili ere. Ondorio horietarako, eta ondasun higiezinak eraiki, eskuratu edo birgaitzen diren kasuan, onuradunak diru-laguntza ematen dion administrazio-ebazpena aurkeztu beharko du dagokion jabetza-erregistroan. Erregistro horretan, agiri hori ikusita, jabaria erabiltzeko mugaren erregistro-idazpena egingo da, hipoteka-legeriarekin bat etorriz.
3.– Laguntza emateko ebazpenak eta, hala badagokio, laguntza luzatzeko ebazpenak xedatzen duen epean egin behar dute diruz laguntzen den gastua.
4.– Enplegua sortzeko proiektuen kasuan, gutxienez hiru urtez eutsi beharko diete sortutako lanpostuei, benetan sortzen diren datatik –hau da, Gizarte Segurantzako altatik– hasita.
5.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari jakinarazi behar diote inbertsio osoa edo zati bat egin dutela, eta haren esku utzi behar dituzte inbertsioak gauzatu dituztela egiaztatzeko behar diren agiri guztiak.
6.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen sailaren babesa dutela aipatu beharko dute, proiektua zabaltzeko egiten diren agirietan eta publizitatean. Aipamen hori Eusko Jaurlaritzaren erakunde-nortasunaren eskuliburuan xedatutakoarekin bat etorriz txertatuko da (http://www.ivap.euskadi.eus/r61vedorok/es/contenidos/información/identidad_corporativa/es_5611/identidad_corporativa.html). Horretaz gainera, landa-garapenaren arloan eskumena duen sailak memoria bat egiteko eskatu ahal izango du, lortutako ingurumen-hobekuntzaren ikuspuntutik garrantzitsutzat jotzen diren proiektuak jendaurrean jartzeko.
7.– Eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari, Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, jasotako laguntzak zertarako erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko lanean dihardutela.
8.– Agindu honetako ebazpen-ataleko zortzigarren zenbakiak xedatzen duena alde batera utzi gabe, landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari idatziz jakinarazi behar diote xede bererako beste diru-laguntza edo laguntza batzuk eskatu eta, hala badagokio, eskuratu dituztela beste administrazioren batetik edo erakunde publiko edo pribaturen batetik, hala gertatzen denean. Era berean, abian den ekitaldian eta aurreko bietan eskatutako edo eskuratutako minimis laguntza guztiak jakinarazi beharko dituzte, haien xedea edozein dela ere. Inguruabar horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean egin beharko jakinarazpen hori, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.
9.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzaren bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri eman beharko dute, idatziz landa-garapenaren arloan eskumena duen sailari. Aldaketa horren berri izan eta hamabost egun naturaleko epean egin beharko da jakinarazpen hori, eta, edozein kasutan, jasotako funtsei eman zaien erabilera justifikatu baino lehen.
10.– Xedapen hauetan ezarritako betebeharrak konplitzea: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluan eta Diru Laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan.
Nortasun juridikorik ez duten elkarteak ezin dira desegin Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 32.m) artikuluarekin lotuta 44. artikuluan finkatzen den preskripzio-epea igarotzen den arte.
11.– Merkataritza-legeriak eskatutako terminoetan ikuskatutako kontabilitate-liburuak, erregistro izapidetuak eta gainerako dokumentu guztiak izatea, eta deialdi bakoitzean finantzatutako inbertsioarekin lotutako inbertsio eta gastu guztietarako kontabilitate-kode egoki bat edo kontabilitate-sistema bereizi bat mantentzea, araudiak finkatzen dituen kontrolak egin ahal izateko.
Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzen duten agiriak gorde behar dituzte, agiri elektronikoak barne, egiaztatzeko eta kontrolatzeko ekintzak gauzatzeko erabil baitaitezke.
Hamabosgarrena.– Gauzatzeko epeak.
1.– Proiektuak 2019ko urtarrilaren 1etik 2019ko abenduaren 31ra egin ahalko dira.
2.– Laguntza emateko ebazpenean ezarritako epean burutu beharko dira diruz lagundu daitezkeen jarduerak. Epe horiek finantzaketa-kredituen izaerari egokituko zaizkio.
3.– Salbuespenez, diruz lagundutako jarduketa egin eta amaitzeko epea luzatzeko ebazpena eman ahal izango du landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzak, baldin eta erakunde onuradunari egotzi ezin zaizkion arrazoiak gertatzen badira (behar bezala frogatu beharko dira) eta inbertsioaren eta/edo gastuaren mugaeguna amaitu baino 30 egun natural lehenago gutxienez idatzizko eskabidea egiten bada horretarako. Kasu horretan, dena den, epea ezin izango da izan hasieran emandakoa baino luzeagoa.
Hamaseigarrena.– Laguntzen justifikazioa.
1.– Nekazaritza-sektoreko jarduera ekonomikoa beste jarduera batzuetara dibertsifikatzeko eta mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak sortzeko eta garatzeko laguntzen kasuan, eta nekazaritzako eta elikagaigintzako sektoreari lotuta ez dauden pertsona fisikoek jarduera independenteak sortzeko laguntzen kasuan, honako hauek aurkeztuta egiaztatuko da inbertsioa edota gastua behar bezala gauzatu dela:
a) Egiten diren jarduketak justifikatzeko memoria bat, laguntzaren xede den proiektua gauzatu dela azaltzen duena.
b) Fakturak edo froga-balio bereko agiriak, eta ordainketen frogagiriak, laguntzaren onuradun den pertsonaren izenean eginak.
c) Aurkeztutako fakturen zerrenda.
d) Erantzukizunpeko adierazpena, honako hau adieraziko duena: fakturak eta frogagiriak ez direla aurkeztu beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko. Aitzitik, agiri horiek aurkeztu baldin badira beste laguntza-programa batzuk justifikatzeko, zehaztu beharko da programak zein diren eta, faktura edo justifikazio-dokumentu bakoitzari dagokionez, zein den jasotako diru-laguntzaren ehunekoa.
e) Laguntza jasotzeko pertsonifikaturiko erakunde bat eratu beharra baldin badago, eraketa-akta, estatutuak eta dagokion erregistroan izena emanda dagoela ziurtatzen duen agiria.
f) Laguntza jasotzeko manuzko baimenak eta lizentziak aurkeztu behar badira, eta laguntza-eskabidea egitean eman gabe badaude, haiexek aurkeztu beharko dira.
g) Eskudiruzko ordainketen bidezko justifikazioen kasuan, urriaren 20ko 7/2012 Legearen 7. artikuluko 1. apartatuan jasotzen diren mugak gorde beharko dira; lege horren bidez, batetik, zerga- eta aurrekontu-araudia aldatzen da, eta, betetik, iruzurraren kontra egiteko eta hura prebenitzeko jarduketak areagotzeko finantzaketa-araudia egokitzen da.
h) Obrak egitearen ondoriozko gastuen kasuetan, eskumena duen maila teknikoko pertsona batek sinatutako obren ziurtagiriak aurkeztu beharko dira, obrak gauzatu direla frogatzeko.
i) Era berean, diruz lagundu daitekeen inbertsioaren guztizkoaren % 20ko mugarekin, justifikatutzat jo ahal izango dira bai onuradunak berak egindako lanak eta bai onuradunaren ingurukoak izanik enpresariak ez direnek edo hala ez dihardutenek egindako lanak ere. Kasu horretan, hornitzailearen faktura ordainduen bitartez justifikatu beharko dira materialak, eta eskudun teknikariak sinatutako ziurtagiriaren bitartez eskulana; ziurtagiri horretan direlako lanetan inbertitutako ordu guztien kostua zehaztu beharko da. Ezarritako baremo ofizialekin bat egin beharko da orduen balioespena; horrek ez du sekula ere gaindituko merkatuan lan horiek duten balioespena, ezta urbanizazio- eta eraikuntza-prezioen oinarria ere, zehazki Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean arlo honetan eskumena duen sailak argitaratutakoa. Edonola ere, onuradunari agiri osagarria eskatu ahalko zaio.
j) Landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzako teknikariek memoria gehigarri bat aurkezteko eskatu ahal izango dute. Memoria horrek taula xehatu bat jasoko du, fakturei eta ordainketa justifikagarriei buruzko datuekin, adibidez: fakturazioaren eta ordainketaren erreferentziak eta datak, hornitzailea, kontzeptua, zenbatekoa eurotan eta aplikatutako zergak.
2.– Enplegua sortzeko laguntzak. Kasu horietan, justifikazio-agiri hauek aurkeztu beharko dira:
a) Besteren konturako kontratazioaren kasuan, honako hauek aurkeztu beharko dituzte: lan-kontratuen kopia; Gizarte Segurantzan alta emanda daudela egiaztatzeko agiria; kontratazioaren hilabeteko TC2a; altaren aurretiko langabezia-egoera egiaztatzen duen lan-bizitzaren txostena, eta alta-egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak emana, kontratazioa egin aurreko 12 hilabeteei dagokiena.
b) Jarduera independenteen sorreraren kasuan, altaren aurretiko langabezia-egoera egiaztatzen duen lan-bizitzaren txostena aurkeztu beharko da, bai eta Gizarte Segurantzan dagokion erregimenean alta emanda egotearen ziurtagiria ere.
3.– Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du, betebeharra dutenen baimenik izan gabe, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean daudela, hala xedatuta baitago azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluan. Hala eta guztiz ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori laguntza-eskabidean, eta hala egiten badu, dagokion ziurtagiria aurkeztu beharko du.
4.– Kudeaketa egokia eta artikulu honen 1. apartatuan aipatzen diren laguntzen ordainketa bermatzeko, justifikazio-agiriak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izango da, laguntza emateko ebazpenean ezarritako inbertsioaren edo gastuaren azken egunetik edo azken luzapenaren azken egunetik aurrera.
5.– Landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, beharrezkoa baderitzo, betiere arrazoiak emanda.
Hamazazpigarrena.– Ordainketa.
1.– Aurreko ebazpen-atalean ezarritako baldintzen arabera laguntza justifikatu ondoren egingo da ordainketa, eta, betire, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzako teknikariek ziurtapena egin ondoren. Eraikitze, eskurapen edo birgaitzearen kasuan, azken ordainketa egin aurretik, emakida-ebazpena jabetza-erregistroan inskribatu dela egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu erakunde onuradunak.
2.– Inbertsioen kasuan, ekitaldi bakoitzeko bi ordainketa partzial egin ahal izango dira, interesdunak hala eskatuta, aurreko ebazpen-atalean aipatzen diren ziurtagiriak, alegia, proiektuaren zati bat gauzatu dela egiaztatzekoak, aurkeztu ondoren.
Laguntza emateko unean, pertsona onuradunaren izaera bereganatzen duen erakundeari dagokion erregistroan eraketa eta inskripzioa oraindik egin gabe dauden kasuan, ez dira emango ordainketa partzialak, harik eta hura eratu arte.
3.– Enplegua sortzeko laguntzen kasuan, lehen ordainketa bat egingo da, % 50ekoa, besteren konturako kontratazioa edo jarduera independenteen sorrera (hamaseigarren ebazpen-ataleko 2. apartatuan aipatzen dena) egiaztatzen duten agiriak aurkeztu ondoren. Bigarren ordainketa, gainerako % 50a, lehenengoa egin eta urtebetera, eta landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako zerbitzu teknikoek sortu diren lanpostuei eusten zaiela behar bezala egiaztatu ondoren, edo, jarduera independenteen kasuan, Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremu batean bizitzen jarraitzen dutela.
4.– Onuradunei diru-laguntza hauek ordaintzeko, ezinbestekoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren edo haren erakunde autonomoen antzeko diru-laguntzak edo laguntzak direla-eta bideratzen hasitako itzulera- edo zigor-prozedurak amaituta edukitzea.
5.– Diru-laguntzaren xede den proiektua ezarritako gehieneko epeen barruan egiten ez bada edo egiaztatzeko dokumentazioa aurkezten ez bada diru-laguntza jasotzeko eskubidea galduko da.
Hamazortzigarrena.– Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.
1.– Aldi berean beste edozein erakunde publiko nahiz pribatuk emandako diru-laguntzak eta laguntzak lortzen badira, hori justifikatu eta jakinarazi beharko zaio, idatziz, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzari, egoera horren berri izan eta hurrengo hamabost egun naturalen barruan, eta, edonola ere, jasotako funtsen erabilera justifikatu baino lehen. Ildo horretatik, landa-garapenaren arloko zuzendariak laguntza aldatzeko dagokion ebazpena emango du, eta, haren bidez, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak oinarri berrira egokituko dira. Gainera, hala badagokio, hasiera emango zaio itzulketa-prozesuari, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoari jarraituz (698/1991 Dekretuaren bidez, batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da, eta, bestetik, horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dira).
2.– Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada gauzatzen aurreikusitako epeetan, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada baina proiektua ez bada funtsean aldatzen eta, betiere, agindu honetako gutxieneko eskakizunak betetzen badira eta laguntza ezarritako helburu bererako erabiltzen bada, horren berri eman beharko zaio aldez aurretik, eta idatziz justifikatu, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzari, baina ez da aldatuko diru-laguntza emateko ebazpena.
Aitzitik, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izandako baldintzak aldatzen badira, onartutako proiektua ez bada aurreikusitako epeetan gauzatzen, eskabidearekin batera aurkeztutako proiektua aldatu edo birprogramatzen bada eta, horren guztiaren ondorioz, proiektua funtsean aldatzen bada baina laguntza helburu bererako erabiltzen bada, horren berri aldez aurretik eman beharko zaio, eta idatziz justifikatu, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzari, eta diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da. Horretarako, landa-garapenaren alorrean eskumena duen zuzendariak dagokion ebazpena aldatzeko ebazpena emango du.
3.– Baldin eta diruz lagundutako jardueraren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino txikiagoa bada, emandako diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion proportzioan, landa-garapenaren arloan eskumena duen zuzendaritzako titularraren likidazio-ebazpen bidez. Ondoren, diru-laguntzaren ehunekoa oinarri berriari aplikatuko zaio.
Hemeretzigarrena.– Atzera egitea eta uko egitea.
1.– Eskatzaileak aukera izango du eskabidean atzera egiteko. Eskatutako laguntzak emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi baino lehen egin beharko du atzera. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak bete-betean onartuko du atzera egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.
2.– Emandako laguntzari uko egin ahal izango dio onuradunak. Laguntza onartu ondoren eta gastua egiten bukatu aurretik egin ahal izango dio uko laguntzari, baldin eta Administrazioak ez badu inolako ordainketarik egin, betiere. Atzera egitea jasota uzten duen edozein bide erabiliz egin ahal izango da, baldin eta dagozkion sinadurak baditu. Landa-garapenaren arloko eskumena duen zuzendaritzako titularrak espresuki onartuko du uko egite hori, eta prozedura bukatutzat joko du pertsona horri dagokionez.
Hogeigarrena.– Ez-betetzeak.
1.– Onuradunak ez badu betetzen agindu honetako betebeharren bat edo diru-laguntzak emateko ebazpenak ezartzen duen baldintzaren bat, ez badu proiektua partez betetzen (eta, modu horretan, laguntzaren xedea osorik hutsaltzen badu), edo diru-laguntza edo laguntza publikoak itzultzera behartzen duen egoeraren batean badago Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 53. artikuluarekin eta abenduaren 17ko 38/2003 Legearen 37. artikuluarekin bat etorriz, laguntza eman zuen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesdunari entzunda), ebazpen bidez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea kenduko dio (partzialki edo erabat) onuradunari, eta, hala badagokio, aginduko dio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko hartu dituen laguntzak (guztia edo zati bat, proiektuaren betetze-mailarekiko modu proportzionalean) eta dagozkion legezko interesak, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuarekin (Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzkoa) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 53. artikuluarekin bat etorriz, hartara eragotzi gabe beste neurri batzuk hartzea. Aipatutako diru kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako. Ez-betetzea inbertsioei eusteko epeari badagokio, emandako diru-laguntzaren itzulketa «pro rata temporis» egingo da.
2.– Arau-hauste administratibotzat har daitezkeen gertakarien ondorioz hasten bada itzulketa-prozedura, organo eskudunari jakinaraziko zaizkio gertakariok, dagokion zehapen-prozedura has dezan.
Hogeita batgarrena.– Bateragarritasunak.
1.– Europako Batzordearen abenduaren 18ko 1407/2013 Araudiak (EE), minimis laguntzei Europar Batasuneko Funtzionamenduaren Ituneko 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzkoak, ezartzen du enpresa jakin bati estatu kide batek emango dizkion laguntzen kopuru osoa ez dela 200.000 euro baino gehiagokoa izango, hiru zergaldiko edozein alditan.
2.– Laguntza hauek bateragarriak izango dira beste edozein administrazio publiko, sail, erakunde publiko zein pribatuk emandako laguntzekin, betiere laguntza guztien zenbatekoa ez bada kasu bakoitzean aplikatzen diren erregelamenduetan edo jarraibideetan ezarritako gehieneko zenbatekoa baino handiagoa. Kasu horretan, hemezortzigarren ebazpen-ataleko 1. apartatuan xedatutakoa errespetatu beharko da.
3.– Laguntza hauek bateraezinak izango dira Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako Zuzendaritzak 2019ko ekitaldian bere jardun-eremuan egindako beste edozein deialditan eskuratutakoekin. Zuzendaritzako zerbitzu teknikoek ofizioz egiaztatuko dute bateraezintasun hori.
Hogeita bigarrena.– Datuen babesa.
Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak konpromisoa hartzen du datuak dagokien babes-mailarekin tratatzeko, betiere Datu pertsonalak babesteko eta eskubide digitalak bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan ezarritakoarekin bat etorriz.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA.– Errekurtsoak.
Agindu honen aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuari, hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunean hasiko dira epeak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA.– Ondorioak.
Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 12a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.