EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2018249

AGINDUA, 2018ko abenduaren 18koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuarena, etxebizitzaren alokairurako Gaztelagun programaren laguntzak arautzen dituena eta deialdia egiten duena.

Xedapenaren data: 2018-12-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201806381
Maila: Agindua
2018-2020 aldirako Etxebizitzaren Gida Plana Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen barruan egin den lehena da. Plan horren helburu nagusia etxebizitzaren merkatuan eragitea da, biztanleen etxebizitza-egoera hobetzeko eta, bereziki, etxebizitza bat izateko zailtasun gehien dituzten pertsonen aukerak areagotzeko.
Etxebizitzari buruzko Legearen arabera, alokairua da Euskal Herriko etxebizitzaren egoera konplexuari konponbide bat emateko forma egokiena eta bidezkoena.
Horregatik, 2018-2020 aldirako Etxebizitzaren Gida Planak askotariko kolektiboen etxebizitza-beharrei, hala nola gazteenei, egokitutako konponbideak eskaintzea du helburu, etxebizitza duin eta egoki bat izateko aukera errazteko formula eta neurri berriak garatuz.
2019-2021 Gaztelagun Programa, Etxebizitzaren Gida Planeko 5.1 Ardatzean jasota dagoena, 23 eta 35 urte arteko gazteei emantzipatzen laguntzeko helburuarekin sortu da, eta, hori lortzeko, ohiko eta etengabeko etxebizitzaren errentaren zati bat ordaintzeko zuzeneko laguntzak ematea aurreikusten da.
Bestalde, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren 2018-2020 aldirako diru-laguntzen plan estrategikoak, 2018ko martxoaren 14ko Aginduak onartutakoak, honako konpromiso hau hartzen du 4.3 ardatzean: «143. Alokairu-erregimena lehenetsi, baita gazteen emantzipazioa ere». «2. alokairuko etxebizitzen parkea bultzatu» helburu estrategikoaren barruan, «Alokairuaren sustapenerako diru-laguntzak» izeneko diru-laguntza ildo bat aurreikusten da, eta bertan kokatzen da Gaztelagun Programa.
Ondorioz, agindu honek diru-laguntzen programa hori arautzen duten oinarriak ezartzen ditu, banaka eskatzen dituzten gazteentzat nahiz seme-alabak dituzten familia-unitateen parte direnentzat, ahalik eta errealitate sozial kopuru handienari erantzun bat emateko helburuarekin.
Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuak (Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzekoa) ematen didaten eskumena baliatuta, bat etorrita Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzeko den azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoarekin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntza eta laguntzei aplikatzekoak zaizkien gainerako xedapenekin, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen helburua gazteei zuzendutako etxebizitzaren alokairurako diru-laguntzen Gaztelagun Programa arautzen duten oinarriak ezartzea eta deialdia egitea da.
2. artikulua.– Programaren ezaugarriak.
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta dagoen etxebizitza libre batengatik ordaintzen den hileko errentaren ehuneko bat ordaintzeko laguntzak emango ditu Gaztelagun Programak.
2.– Etxebizitzaren hileko errentak ezingo ditu honako prezio hauek gainditu: 750 euro, Bilbon, Donostian eta Vitoria-Gasteizen; 650 euro, Bilbao eta Donostia metropolialdeetan eta 10.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan; eta 600 euro, gainerako udalerrietan.
3.– Diru-laguntzaren gehieneko iraupena hiru urtekoa izango da.
3. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– 2019rako aurrekontu-zuzkidura 22.500.000 eurokoa da eta kopuru horrekin ordainduko dira urte horretako diru-laguntza guztiak.
2.– Aurrekontu-ekitaldiaren barruan emango diren laguntzen kopuru osoak ez du gaindituko Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan adierazitako zenbatekoa. Halaber, indarrean dagoen legediaren araberako aurrekontu-aldaketak onartzen badira, laguntzen kopuru osoak ezin izango du eguneratutako kopurua gainditu. Beraz, zenbateko hori agortu ondoren, ez da diru-laguntza gehiago emango. Kreditua amaituz gero, etxebizitzaren arloko sailburu eskudunaren agindu bidez jakinaraziko da, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
3.– Urtero, 2020 eta 2021 urteetako ekitaldietan zehar, etxebizitzaren arloko sailburu eskudunaren agindu bidez eta erabilgarri dagoen aurrekontuaren arabera jakinaraziko da ekitaldi bakoitzean Gaztelagun Programaren diru-laguntzei bideratuko zaien gehieneko aurrekontu-zuzkidura. Diru-laguntzei Agindu honetan aurreikusitako erregimena aplikatuko zaie.
4. artikulua.– Onuradunak.
1.– Pertsona fisikoek eskuratu ahalko dute diru-laguntza, banaka nahiz familia-unitate batean bilduta, baldin eta 5. artikuluan jasotako baldintzak betetzen badituzte.
2.– Agindu honen ondorioetarako, familia-unitateak dira ezkontza bidez elkartuta dauden pertsonak edo izatezko bikote erregistratuak, eta, hala badagokio, beren ardurapean dauden seme-alabak, bai eta guraso bakarreko unitateak eta beren ardurapeko seme-alabak ere.
3.– Familia-unitatea osatzen duten pertsona guztiek, seme-alaba adingabeek izan ezik, agindu honetan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte.
5. artikulua.– Baldintzak.
a) 23-35 urte izatea.
b) Laguntzaren eskaera-dataren aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko edozein udalerritan urtebetez bizileku efektiboa eta etengabea eduki izana egiaztatzea.
c) Etxebizitza baten jabari osoaren edo erabiltzeko eta gozatzeko eskubidearen titularra ez izatea, baldin eta ez badu egiaztatzen banantze- edo dibortzio-arrazoiengatik eskuragarri ez duela edo bere borondatearekin zerikusirik ez duen beste arrazoiren batengatik ezin duela bertan bizi.
d) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatutako etxebizitza libre baten errentamendu-kontratuaren titularra izatea, norberaren izenean edo errentakide gisa, eta hori izatea pertsona edo familia-unitate eskatzaileen ohiko eta etengabeko etxebizitza.
e) Inolako familia-loturarik ez edukitzea odolkidetasun edo ahaidetasunezko hirugarren mailaraino, etxebizitzaren errentatzailearekin edo haren bizikidetza unitateko kideren batekin.
f) Errenta banku-transferentzia bidez ordaintzea.
g) Honako diru-sarrera hauek egiaztatzea:
1) Eskabidea norberaren izenean egiten duten pertsonek egiaztatu beharko dute haien urteko diru-sarrera gordinak 15.000 euro edo gutxiagokoak direla, eta Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 9.2.a) artikuluan barne hartzen ez diren pertsona bakarreko bizikidetza-unitateentzako diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) gehieneko zenbatekoa baino altuagoak.
2) Familia-unitateak, bere osotasunean, egiaztatu beharko du urteko diru-sarrera gordinak 20.000 euro edo gutxiagokoak direla, eta Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 9.2.a) artikuluan barne hartzen ez diren pertsona bakarreko bizikidetza-unitateentzako diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) gehieneko zenbatekoa baino altuagoak.
3) Familia ugarien kasuan, egiaztatu beharko da urteko diru-sarrera gordinak 25.000 euro edo gutxiagokoak direla, eta Diru Sarrerak Bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 9.2.a) artikuluan barne hartzen ez diren pertsona bakarreko bizikidetza-unitateentzako diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DSBE) gehieneko zenbatekoa baino altuagoak.
Diru-sarrerak kalkulatzeko, kontuan hartu beharreko epealdia honakoa izango da: zergaren aitorpena egiteko epea amaitu ondoren, eskaera-dataren aurreko azken zergaldia. Diru-sarrera konputagarriak zerga oinarri orokorrak eta aurrezpenaren zerga oinarriak izango dira, baita lan-etekinei aplikatutako hobariak ere.
h) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzea.
6. artikulua.– Bateraezintasunak.
Gaztelagun Programaren alokairurako laguntza ezin izango da bateratu honako hauekin:
1.– Errentamenduko babes publikoko etxebizitza bat izatea.
2.– Errentamenduko etxebizitza pribatu bat izatea Merkatu Libreko Etxebizitzen Alokairurako Bitartekaritzako ASAP (Alokairu Segurua, Arrazoizko Prezioa) programaren bidez edo Etxebizitza Hutsen Bizigune Programaren bitartez.
3.– Diru-sarrerak bermatzeko errenta (DSBE) eta administrazio publikoen gizarteratze-politiketatik eratorritako beste edozein errenta jasotzea.
4.– Etxebizitzarako prestazio osagarria (EPO), etxebizitzarako prestazio ekonomikoa (EPE), udalak ematen dituen diru-laguntzak edo alokairuko gastuak ordaintzen laguntzen duten beste administrazio edo erakunde publiko batzuen edozein diru-laguntza jasotzea.
5.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak (GLL) jasotzea, Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 44. artikuluaren 2.a) apartatuan aipatutako alokairu-gastuei loturik daudenak.
7. artikulua.– Zenbatekoa.
1.– Diru-laguntzaren gehieneko zenbatekoak ezingo du gainditu maizterrak hilean ordaintzen duen alokairuaren % 50, pertsona bakar bat bada nahiz familia-unitate bat bada.
2.– Bizikidetza-unitate bat baino gehiagoko kasuetan, gehienez ere hileko errentaren % 60koa izango da diru-laguntza, eta etxebizitza partekatzen duten pertsona edo familia-unitate bakoitzari emango zaio errenta horretan ordaintzen duen zatiaren % 60, gehienez ere.
3.– Pertsona edo familia-unitate onuradun bakoitzari ematen zaion laguntzaren zenbatekoak ezingo du, inola ere, etxebizitzarako prestazio ekonomikorako (EPE) ezarri den gehieneko muga gainditu.
8. artikulua.– Kudeaketa.
Gaztelagun Programaren alokairurako laguntzak kudeatzea Etxebizitzako lurralde-ordezkaritzari eta Erakunde Laguntzaileari dagokie, 9. eta 13. artikuluetan aurreikusitakoaren arabera.
9. artikulua.– Erakunde laguntzailea.
1.– Alokabide SA sozietate publikoa izendatzen da Gaztelagun Programaren alokairurako laguntzak kudeatzeko Erakunde Laguntzaile, bi testu hauetan ezarritakoaren arabera: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 52. artikulua, 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutakoa, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua -Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena-.
2.– Alokabide SA sozietateari dagozkio honako jarduketa hauek:
– Informazioa, orientabidea eta aholkularitza presentziala eta bana-banakoa eskaintzea, pertsona interesdunek eskabideak behar bezala bete ditzaten eta dokumentazio egokia erants dezaten.
– Eskabideak jasotzea eta baldintzak betetzen direla ziurtatzea.
– Etxebizitzako lurralde-ordezkariari eskaeren ebazpena eta ebazpenaren edozein aldaketa proposatzea.
– Laguntzak ordaintzea.
– Pertsona onuradunek eginbeharrak betetzen dituztela ziurtatzea.
10. artikulua.– Eskabidea eta aurkezteko epea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea 2019ko urtarrilaren 1etik kreditua amaitu arte egongo da irekita.
2.– Interesa duten pertsonek Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoan https://euskadi.eus eskuragarri dagoen eredu ofizialaren arabera aurkeztu beharko dute eskabidea, Zuzenean – Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan eta Alokabide SA sozietate publikoaren egoitzan.
3.– Eskabideak modu telematikoan www.euskadi.eus/gaztelagun webgunean edo aurrez aurre aurkeztu ahal izango dira, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan jasotako edozein organoren aurrean, baita Zuzenean – Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren eta Alokabide SA sozietate publikoaren bulegoetan ere.
4.– Eskatzaileek nahi duten hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dute eskabidea eta beharrezko dokumentazioa. Orobat, eskabidea aurkeztu izanaren ondoriozko jarduketetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluek ezartzen dutenari jarraituz.
11. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu behar diren agiriak.
1.– Baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidearekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu behar dira:
a) Erantzukizunpeko adierazpen bat, errentamenduko babes publikoko etxebizitzarik ez duela eta 6. artikuluan aipatzen den errenta, prestazio edo diru-laguntza bateraezinik jasotzen ez duela esanez.
b) Errentapeko etxebizitzan erroldatuta egotearen ziurtagiri eguneratua eta erroldatzearen antzinatasuna.
c) Jabetza Erregistroaren Indizeen Zerbitzuak eginiko agiria, ziurtatzen duena eskatzailea ez dela etxebizitza baten titular.
d) Diru-sarrerak frogatzeko agiriak:
– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpena, eskaera-dataren aurreko azken zergaldiari dagokiona.
– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenari, behar izanez gero, kontribuziorik gabeko prestazioen ziurtagiria erantsiko zaio.
– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren kopia aurkezten ez duten pertsonek, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:
– Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eginiko lan-bizitzaren agiria, data eguneratua duena.
– PFEZ atxikipenen ziurtagiri ofiziala (10-T dokumentua).
– Ikerketarako beka edo diru-laguntzen kasuan, hori ziurtatzen duen agiria.
e) Etxebizitzaren errentamendu-kontratua ez badago erregistratuta Euskal Autonomia Erkidegoko Hiri Finken Errentamendu Kontratuen Erregistroan, kontratuaren kopia aurkeztu beharko da, datu hauekin: kontratugileen nortasuna, errentapeko finkaren identifikazioa, adostutako iraupena eta hasierako errenta. Kontratua erregistratuta badago, erregistroaren edo fidantza gordailuan utzi izanaren frogagiriaren kopia.
Maizterrak bat baino gehiago badira, eta kontratuan ez bada zehazten maizter bakoitzak ordaindu beharreko zenbatekoa, erantzukizunpeko adierazpen bat egin beharko da, kopuru horiek zehaztuz.
f) Banku-transferentzia bidez errenta ordaindu izana ziurtatzen duen agiria.
g) Etxebizitzaren errentatzailearekin edo haren bizikidetza unitateko kideren batekin odolkidetasun edo ahaidetasunezko hirugarren mailarainoko familia-loturarik ez dagoenaren erantzukizunpeko adierazpena.
h) Hirugarrenen altaren dokumentua, behar bezala beteta.
i) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan aurreikusitako baldintzak betetzen direnaren erantzukizunpeko adierazpena.
j) Pertsona eskatzaileen egoera zibilari buruzko erantzukizunpeko adierazpena. Baterako errentamenduaren kasuan, zehaztu behar da zer harreman mota dagoen alokairua partekatuko duten pertsonen artean.
2.– Laguntza familia-unitate batentzat eskatzen bada, 1. ataleko a), b), c), d), g), i) eta j) letretan aurreikusitako dokumentuek familia-unitateko adin nagusiko pertsona guztiei egin beharko diete erreferentzia, eta familia-liburua aurkeztu beharko da.
3.– Familia ugariek ziurtagiria aurkeztu beharko dute.
4.– Pertsona interesdunek 1. ataleko b), c), eta d) letretan eta 3. atalean aipatutako dokumentuak ez aurkezteko eskubidea dute, baldin eta ez badute eragozpenik jartzen etxebizitzaren arloko sail eskudunak edo Alokabide S.A. sozietateak beste Administrazio Publikoetan eskuragarri dauden dokumentuak elektronikoki kontsultatzeko edo eskuratzeko, sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzako plataformak edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuk kontsultatuz.
12. artikulua.– Behin-behineko aitorpena eskatzea.
1.– Errentamendu-kontratua izenpetu aurretik laguntzaren behin-behineko aitorpena eskatu ahal izateko, 11. artikuluan aurreikusitako agiriak aurkeztu beharko dira, 1. ataleko b), e), f) eta g) letretan aipatutakoak izan ezik.
2.– Eskabidea onartuz gero, pertsona interesdunak hiru hilabeteko epea izango du falta diren dokumentuak aurkezteko, behin-behineko ebazpena jakinarazi den egunetik aurrera.
3.– Dokumentazioa aurkeztu ondoren, behin betiko ebazpena emango da.
4.– Agiriak ez badira epearen barruan aurkezten, behin-behineko aitorpena baliogabetu egingo da.
13. artikulua.– Prozedura eta ebazpena.
1.– Alokabide SA sozietateak eskabideak behar bezala beteta daudela egiaztatuko du, baita laguntza-eskabidea tramitatzeko beharrezko dokumentuak aurkeztu direla ere.
2.– Eskabidea izapidetara onartzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta, halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu, haren eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.
3.– Alokabide SA sozietateak, orobat, Gaztelagun Programaren alokairurako laguntza lortzeko baldintzak betetzen direla egiaztatuko du eta ebazpen bat proposatuko dio Etxebizitzako lurralde-ordezkariari, ebazpen formala egin dezan.
4.– Ebazpena hiru hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabidea egin zen egunetik kontatzen hasita, eta administrazioaren isiltasuna baieslea izango da. Halere, akatsak zuzentzeko epea zabaldu balitz, aipatutako epea etenda geratuko litzateke pertsona eskatzaileak jakinarazpena jasotzen duenetik eskatutako agiri guztiak aurkezten diren arte.
5.– Pertsona interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dute ebazpenaren kontra, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. artikuluan xedatutakoaren arabera.
6.– Ebazpen baiesleen berri emango zaie pertsona onuradunen errolda-agirietan agertzen diren udalei, onuradunek 6. artikuluan ezarritakoaren arabera bateraezinak diren laguntzak jasotzen badituzte, behar diren neurriak har ditzaten.
7.– Ematen diren diru-laguntzak ez dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko. Dena den, Eusko Jaurlaritzaren gardentasunaren atarian eta Alokabide SA sozietatearen webgunean hilean behin argitaratuko da dagokion epean emandako eta iraungitako laguntza kopurua eta zenbateko osoa, lurralde historikoaren eta pertsona onuradunaren sexuaren arabera bereizita.
14. artikulua.– Laguntza ordaintzea.
1.– Alokairuaren diru-laguntza hilero ordainduko da hirugarrenen altaren dokumentuan agertzen den banku-kontuan.
2.– Emakida-egunetik aurrera aginduko da ordainketa, eta sortu, berriz, eskatutako dokumentazioarekin batera eskabidea aurkezten, edo, hala badagokio, zuzentzen den egunaren hurrengo hilaren lehen egunean.
3.– Behin-behineko aitorpenen kasuetan, sortzapen-eguna 11.2 artikuluan aipatutako dokumentazioa entregatzen den egunaren hurrengo hilaren lehen eguna izango da.
15. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
Diru-laguntza jasotzen duten pertsonek honako betebeharrok dituzte:
1.– Laguntzen zenbateko osoa alokairuko etxebizitzaren errenta ordaintzeko erabiltzea.
2.– Sei hilean behin, laguntzaren emakida-egunetik hasita, Alokabide SA sozietatearen bulegoetan aurkeztea errenta ordaindu izanaren bankuko egiaztagiriak.
3.– Urtean behin, laguntzaren emakida-egunetik hasita, Alokabide SA sozietatearen bulegoetan aurkeztea 11.1.d) artikuluan aipatutako diru-sarreren egiaztagiriak, eskabidea aurkeztu ondorengo zergaldiei dagozkienak.
4.– Diru-laguntza emateko arrazoi izan ziren baldintzak aldatzen badira, Alokabide SA sozietateari jakinaraztea.
5.– Hala erabakiko balitz, bidegabeki kobratutako kopuruak itzultzea.
6.– Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak diru-laguntzaren destinoa fiskalizatzeko lanetan eskatutako informazio oro aurkeztea.
16. artikulua.– Laguntza aldatzea.
1.– Etxebizitza, errenta, norberaren izenean ordaindutako zatia edo errentakideak aldatuz gero, laguntzari buruzko ebazpena ere aldatu egingo da, baldin eta pertsona onuradunek baldintzak betetzen jarraitzen badute eta egiaztagiriak aurkezten badituzte.
2.– Guraso bakarrekoak ez diren familia-unitateen kasuan, pertsona onuraduna hiltzen denean, laguntzari buruzko ebazpena aldatu egingo da, familia-unitateko gainerako pertsonek baldintzak betetzen badituzte.
17. artikulua.– Iraungitzea.
1.– Gaztelagun Programaren alokairurako laguntzak honako arrazoi hauengatik iraungiko dira:
a) Emakidaren epea amaitzea.
b) Diru-laguntza jasotzeko gehieneko adinera iristea (36 urte). Familia-unitateen kasuan, nahikoa izango da onuradunetako bat adin horretara iristea.
c) Diru-laguntza emateko arrazoi izan ziren baldintzak ez betetzea.
d) Pertsona onuradunak uko egitea.
e) Pertsona onuraduna hiltzea, 16.2 artikuluan aurreikusitako kasuetan izan ezik.
f) Emandako datutan edo eskabideari erantsitako erantzukizunpeko adierazpenetan iruzur egitea.
g) 15. artikuluan aurreikusitako betebeharrak ez betetzea.
18. artikulua.– Bidegabeki jasotako diru-laguntzak iraungitzea eta itzultzea.
Bidegabeki jasotako diru-laguntzak iraungitzeko eta itzultzeko prozedura bi testu hauetan ezarritakoaren araberakoa izango da: Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53. artikulua, 1/1997 Legegintza Dekretuak onartutakoa, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua –Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena–.
19. artikulua.– Zehapen-araubidea.
Zehapen-araubidea honako testu hauetan aurreikusitakoa da:
a) Etxebizitzari buruzko ekainaren 18ko 3/2015 Legearen X. kapitulua, eta, zehazki, 84. artikuluko ñ letra, falta astun gisa hartzen duena pertsona onuradunek Etxebizitzaren edo birgaitzearen arloan jasotzen dituzten laguntzak haiek ematea eragin zuten xedeez bestelako batzuetara bideratzea.
b) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren IV. titulua.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, ezinbestekoa izango da kreditu egokia eta nahikoa izatea Euskal Autonomia Erkidegoko 2019. urteko Aurrekontu Orokorretan, hala ezarrita baitago Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurreratutako izapidetzea arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduko 5.3 artikuluan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta beronen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburuari, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta hilabeteko epean; halaber, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izango du indarra agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 18a.
Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburua,
IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.