EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2018249

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 18koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2019rako laguntzen deialdia argitaratzen da. Lehen Aukera programa.

Xedapenaren data: 2018-12-18
Hurrenkenaren zenbakia: 201806380
Maila: Ebazpena
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2018ko abenduaren 18ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez, gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2019rako laguntzen deialdia onetsi du. Maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartutako Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) letran xedatutakoaren arabera, erakunde autonomo horren zuzendari nagusiari dagokio deialdi hori argitaratzea.
Horiek horrela, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Argitara ematea gazte langabeak euskal enpresetan kontratatzeko 2019rako laguntzen deialdia (Lehen Aukera programa), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2018ko abenduaren 18ko batzarrean hartutako erabakiaren bidez onetsia (ebazpen honen eranskinean dago jasota).
Bigarrena.– Jakinaraztea Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango dituela ondorioak laguntzen deialdia onesten duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiak.
Hirugarrena.– Deialdia onesten duen Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren erabakiaren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri berari, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da zuzenean Vitoria-Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 18a.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JUAN JOSE BORJA BELANDIA FRADEJAS.
ERANSKINA
GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN KONTRATATZEKO 2019RAKO LAGUNTZEN DEIALDIA. LEHEN AUKERA PROGRAMA
Krisi ekonomikoaren egoeragatik kalte handiak pairatu dituzten kolektiboetako bat osatzen dute gazteek. Horrek eragin negatiboa izan du gazteen langabezia-tasan, kolektibo horren egitura-arazoa larriagotu du, bai eta ekonomiaren hazkunde potentziala ere, epe luzean.
Hain zuzen ere, gure gizartearen erronka nagusietako bat gazteen langabezia murriztea da, eta erronka horri heldu behar diote bai erakundeek, bai arlo pribatuak. Arazo horri konponbide egokia emateko funtsezkoa da, alde batetik, zeregin horretan diharduten erakunde eta sektore guztiek babesa ematea eta haien artean koordinatzea, eta, bestetik, ekimen pribatuei laguntzea dagozkion neurriak diseinatzen, hartzen eta abian jartzen.
Ildo horri jarraituz, lanik ez duten eta hezkuntzako zein prestakuntzako jardueretan parte hartzen ez duten gazteen kolektiboarentzako neurriak hartzeko beharra dagoela egiaztatu da, gazteak lan-munduan txertatzeko eta lan-munduan kalitatezko enplegu batekin mantentzeko helburua kontuan hartuta. Kolektibo horretan dagoen heterogeneotasuna dela eta, egoera pertsonal eta prestakuntza-maila oso desberdinak daude, eta neurriek hezkuntzaren eta prestakuntzaren hobekuntza nahiz kontratazioaren eta autoenpleguaren sustapena hartu beharko dituzte aintzat.
Gazteen Enpleguaren Ekimena, lanik ez duten gazte guztientzat eta hezkuntza- edo prestakuntza-sistemetan inolako jarduerarik egiten ez duten gazte guztientzat dena, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren EB 1304/2013 Erregelamenduan, 2013ko abenduaren 17koan, araututa dago, eta kolektibo horretako langabeziaren egitura-arazoari aurre egiteko Europar Batasuneko ekimen enblematikoetako bat da. Ekimen horretan, jarduketa-ekimenak eta -gomendioak babesten dira eta, horregatik, Gazteen Bermeari buruzko Kontseiluaren Gomendioa betetzeko tresna finantzarioetako bat da.
Enpleguaren Europako Estrategiarekin konprometitutako erakundea da Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua; eta, erreferentzia hori oinarri hartuta, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguaren Euskal Estrategia 2020 (http://www.euskadi.eus) antolatu du, erronka hauei aurre egiteko, besteak beste: aukera-berdintasuna, gazteen enplegua osotasunean garatzea, eta gure gazteei lanaren arloan eta garapen pertsonalean aukerak ematea. Hala, deialdi honen xedea da erraztasunak ematea, berriki beren ikasketak amaitu dituzten gaztei lan-munduan txertatzeko lehen aukera emateko, hezkuntza-bizitzatik bizitza profesionalera errazago igaro daitezen.
Horren ondorioz, titulua edo prestakuntza izanik, beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak kontratatzeko egiten da deialdi hau. Lan-kontratu mugagabea edo praktikaldiko kontratua izango da, eta, horrela, gazteen enplegagarritasuna bultzatu nahi da, bai eta gazte horien laneratzea ere. Beraz, Lehen Aukera programa honen azken helburua da egungo egora ekonomikoak gogor zigortutako euskal gizartearen zati horren lan-aukerak hobetzea eta bultzatzea, euskal ekonomiaren lehiakortasuna eta lan-merkatuaren kalitatea hobetzen laguntzea, eta gizarte-bazterkeriari aurre egitea. Gizarte-bazterkeriatzat hau jotzen da: «biztanleriaren zenbait segmentuk dagokien gizarteko bizitza sozialean, ekonomikoan eta kulturalean ez parte hartzea, ez dutelako oinarrizko eskubiderik, baliabiderik eta gaitasunik». Hori guztia Europar Batasuneko testuinguruan giltzarrizko kontzeptua da, biztanle batzuen egoerei (pobrezia, ahultasuna eta bazterkeria) heltzeko garaian.
Eurostat erakundeak 2018ko bigarren hiruhilekoan emandako datuen arabera (horiek dira argitaratutako azkenak), 30 urtetik beherako pertsonen langabezia-tasa % 11,80koa da Europar Batasunean. Gure lurraldean, Estatistikako Institutu Nazionalaren Biztanleria Aktiboari buruzko Inkestaren datuen arabera, kolektibo horren langabezia-tasa % 18,76koa izan da 2018ko bigarren hiruhilekoan, eta, enplegu-tasa, % 43,97koa. Aldiz, EAEko enplegu-tasa orokorra % 71,98koa da.
Bestalde, deialdi honek ezin ditu alde batera utzi lan-merkatuan emakumeen eta gizonen artean dauden diferentziak eta horien arteko berdintasunik eza. Horrela, Estatistikako Institutu Nazionalaren Biztanleria Aktiboaren Inkestaren 2018ko bigarren hiruhilekoko datuek erakusten dutenez, emakumezkoen enplegu-tasa 5 puntu pasatxo txikiagoa da gizonezkoena baino (emakumezkoen enplegu-tasa % 69,27koa da, eta, gizonezkoena, berriz, % 74,74koa). Tasa horiek erakusten dute desagerrarazi beharreko aldea dagoela lan-esparrura sartzeko eta bertan irauteko aukeretan.
Deialdi honek Enpleguaren Euskal Estrategia 2020ko D.2 norabidea barnean hartzen du, eta ildo horretan jardunbide hauek aipatzen dira, gazteen enplegua berariazko helburu duten beste batzuen artean: laneko lehen esperientzia eskuratzea sustatuko duten tresnak sendotzea, ikastun-kontratuei eta praktikaldiko kontratuei lehentasuna ematea, bekak salbuespeneko egoeretan soilik erabiltzea, eta prestakuntza-eremutik lan-eremura igarotzeko trantsizio-prozesuak sendotzea.
Horregatik guztiagatik, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak proposatuta, erakunde autonomo honetako Administrazio Kontseiluak 2018ko abenduaren 18an onesten du euskal enpresetan gazteak kontratatzeko laguntzen deialdia (Lehen Aukera programa) 2019rako, zehaztapen hauen arabera:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Xedea.
Deialdi honen xedea da titulua edo prestakuntza izanik beren tituluarekin lotutako lanetan esperientzia gutxi edo batere esperientziarik ez duten gazte langabeak euskal enpresetan edo 4. eta 12. artikuluetan aurreikusitako bestelako erakundeetan kontratatzeko oinarriak ezartzea eta horretara bideratutako laguntzak arautzea, gazte horien enplegagarritasuna hobetzeko neurri gisa, lanbide-esperientzia lortu eta haien laneratzea sendotzearen bidez.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta Europako Gizarte Funtsaren baterako finantziazioa.
1.– Deialdi honetan araututako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak 4.000.000 eurokoak dira, horietatik 2.153.846 euro Lanbide Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2019ko aurrekontuko ordainketa-kreditukoak, eta 1.846.154 euro 2020ko konpromiso-kreditukoak.
2.– Deialdi hau finantzatzeko bideratutako baliabide ekonomikoak honela banatuko dira:
a) 3.846.154 euro lan-kontratu mugagabeak eta praktikaldiko kontratuak finantzatzeko. Aurrekontu horretatik 2.000.000 euro 2019ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 1.846.154 euro 2020ko konpromiso-kredituari.
b) 153.846 euro 12. artikuluan ezarritako erakunde laguntzaileek lan-eskaintzak jaso, erregistratu eta kudeatzeko, bai eta trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko ere, 2019ko konpromiso-kredituaren kontura.
3.– Lanbiderekin elkarlanean diharduten erakunde kolaboratzaileei lan-eskaintzak biltzeagatik, erregistratzeagatik eta kudeatzeagatik diru-laguntzak emateko eta enpresei praktikaldiko kontratuak eta kontratu mugagabeak egite aldera diru-laguntzak emateko 2019ko ebazpenentzako kreditu nahikoa eta egokia egon behar da 2019. urterako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, betiere Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluaren ondorioetarako; agindu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Nagusien kontura egiteko diren gastu-espedienteen aurreratutako tramitazioa araupetu zen.
4.– Deialdi honi esker diruz lagundutako lan-kontratuak Europako Gizarte Funtsarekin batera finantzatu ahal izango dira, Gazte Enplegurako 2014-2020ko Programa Operatiboaren esparruan edo EAEko 2014-2020 EGIF Programa Operatiboaren esparruan.
5.– Emango diren laguntzen guztizko bolumenak ez du gaindituko aipatu kopurua edo hura handitzetik ateratzen dena, indarreko legeriaren arabera aurrekontu-aldaketak onartzen badira (eskaerak aurkezteko epea amaitu baino lehen); eta, hala balitz, hori guztia argitara eman beharko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez.
II. KAPITULUA
GAZTE LANGABEAK KONTRATATZEKO LAGUNTZAK
3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduketak.
1.– Deialdi honen babesean diruz lagundu ahal izango dira EAEn dauden lan-zentroetako lanpostuetan jarduteko lan-kontratu mugagabeak eta gutxienez 6 hilabete irauten duten praktikaldiko kontratuak. Kontratu horiek guztiek, kontratuaren hasieran, deialdi honetako 5. artikuluan aurreikusitako baldintzak bete beharko dituzte.
Kontratu horiek EHAAn deialdi hau argitaratzen den egunaren biharamunetik 2019ko urriaren 31ra bitartean hasi beharko dira.
2.– Deialdi honen babesean diruz lagundu daitezkeen kontratuak Langileen Estatutuetako aurreikuspenetara egokitu beharko dute, baita aplika daitezkeen arauetara ere, eta kasu guztietan baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Kontratuko lanpostuak kontratatutako pertsonaren ikasketa-mailaren edo trebakuntzaren araberakoak izan beharko dute.
b) Kontratuak idatziz formalizatu beharko dira, eta berariaz jaso beharko dituzte honako datu hauek: langilearen titulua, kontratua noiz hasi eta, halakorik balitz, noiz amaituko den, zenbat iraungo duen, lanaldia eta zein den bete beharreko lanpostua.
c) Urteko ordainketa garbiak kontratuan agertu beharko du, eta ezingo da izan zenbateko hauetatik beherako kopurua, titulu akademikoaren arabera:
d) Kontratuak lanaldi osokoak edo lanaldi partzialekoak izan daitezke; azken kasu horretan, inoiz ez dira izango ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoak.
3.– Diruz lagundu daitezkeen kontratutzat jotzeko, lan-kontratu mugagabeek edo praktikaldiko kontratuek enplegu-sorrera garbia ekarri behar dute berekin, diruz lagunduko den kontratuaren xede den langilea lanean hasi aurreko 6 hilabeteetan enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan duen/dituen lantokiko/lantokietako langile kopuruarekin alderatuta. Kontratazioaren egunean, kontratu berri horrekin enpresako langileen batezbestekoa igoko da.
Ondorio horietarako, adierazitako baldintza ez da betegabetzat hartuko kontratuak arrazoi hauengatik amaitu badira: bidezko diziplinazko kaleratzea, dimisioa, desgaitasuna, adinagatik erretiroa hartzea, lan-denbora borondatez murriztea, langileen ezintasun iraunkor osoa, absolutua edo baliaezintasun handia.
4.– Honako kontratu hauek, berriz, ezin izango dira diruz lagundu:
a) Enpresaburuaren edo enpresaren kontrola duen inoren ezkontideari, oinordekoei eta gainerako senideei (odol- edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailaraino) edo enpresetako administrazio-organoetako edo zuzendaritzako kideei egindako kontratuak, haien forma juridikoa gorabehera.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren edozein deialditan diruz lagungarriak diren jarduerei lotuta gauza daitezkeen kontratuak, edo deialdi horien barruan diruz lagunduak izan direnak.
4. artikulua.– Enpresa onuradunak.
1.– Deialdi honetan zehaztutako kontratu mugagabeak eta/edo praktikaldiko kontratuak egiteagatik diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte enpresa pribatuek (haien forma juridikoa edonolakoa izanda ere), banakako enpresaburuek, ondasun-erkidegoek eta sozietate zibilek, baita elkarte eta fundazioek ere, baldin eta 17. artikuluan ezarritako baldintza orokorrak eta honako hauek betetzen badituzte:
a) Egoitza soziala edo fiskala EAEn izatea edo lantokia EAEn egotea.
b) Administrazio publiko batek edo gehiagok % 50eko edo gehiagoko partaidetza zuzena edo zeharkakoa ez izatea.
c) Enpresako Langileen Legezko Ordezkaritzari (LLO) deialdi honen babesean kontratatzeko asmoaren berri ematea, kontratu mota, kontratazio-aldia eta bete beharreko postua adierazita. Enpresak eskaeran berariaz adierazi beharko du LLO baduen ala ez.
d) Europako Batzordearen aurretiazko erabakiaren bidez laguntza bat legearen aurkakoa eta merkatu erkidearekin bateraezina dela adierazi ostean ez egotea berreskuratze-agindu baten zain.
2.– Lan-kontratu mugagabeak edo praktikaldiko lan-kontratuak egiteko diru-laguntzei dagokienez, ez dira erakunde onuradun izango honako hauek: erakunde autonomoak eta elkarte publikoak, herri-administrazio baten edo gehiagoren mendeko elkarteak edo erakundeak, eta aldi baterako lanen enpresak, langileak lagatzeko enpleguetarako.
5. artikulua.– Deialdi honen babesean kontratatuko gazteek bete beharreko baldintzak.
1.– Deialdi honen xedea da 16 urte baino gehiago eta 30 urte baino gutxiago duten gazteak kontratatzea, eta, horretarako, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Euskal Autonomia Erkidegoan bizitzea.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan-eskatzaile gisa izena emanda eta alta-egoeran egotea, eta kontratua egiterakoan langabea izatea.
c) Honako multzo hauetakoren batean zehaztutako tituluren bat izatea:
– Lizentzia, ingeniaritza, arkitektura edo masterra (Bolonia plana).
– Unibertsitate-diplomatura, ingeniaritza teknikoa, arkitektura teknikoa edo unibertsitate-gradua (Bolonia plana).
– Lanbide Heziketa arautuko edo berariazko Lanbide Heziketako goi- edo erdi-mailako teknikaria. Bi titulu hauek ere aurrekoen baliokideak dira: teknikari laguntzailea (LH1) eta teknikari espezialista (LH2).
– Oinarrizko Lanbide Heziketa.
– Ofizialki aurrekoen baliokidetzat jotzen diren beste titulazio batzuk.
– Profesionaltasun-ziurtagiria.
d) Tituluarekin lotutako enpleguetan 6 hilabeteko esperientzia izatea gehienez ere.
2.– Gazte Bermea Sisteman izena emanda egon behar dute:
a) Enpresak zuzenean egindako hautaketa-prozesuan, 7.1.a) artikuluan araututakoaren arabera, kontratatutako gazteak Gazte Bermea Sisteman izena emanda egon beharko dute, kontratua sinatu aurreko egunetik hasita, gutxienez, urriaren 15eko 18/2014 Legeak –hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituenak– ezarritakoari jarraituz.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, bere bulegoen edo zentro kolaboratzaileen bidez, deialdi honen 7.1.b) artikuluan araututako hautaketa-prozesua egitean, lehentasuna emango zaie Gazte Bermea Sisteman izena emanda daudenei, urriaren 15eko 18/2014 Legeak, –hazkuntza, lehiakortasuna eta efizientzia sustatzeko urgentziazko neurriak onartzen dituenak– ezarritakoari jarraituz.
3.– Prestakuntza Duala egin duten enpresa berean gazteak zuzenean hautatuta egiten diren kontratuetan, prestakuntzaren xedea izan bada hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako titulu bat lortzea, kontratu mugagabeak izan beharko dute, edo gutxienez 12 hilabeteko praktikaldiko kontratuak.
4.– Lehen Aukerako praktikaldiko kontratuaren modalitatea baliatuta aurreko edizioren batean kontratatu ziren pertsonak kontratu mugagabearen modalitatean soilik har daitezke kontuan oraingo deialdiaren ondorioetarako, jada eskuratu duten lan-esperientzia gorabehera, baldin eta kontratu mugagabea egiten duen enpresa ez bada praktikaldiko kontratua egin zuen enpresa berbera.
6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
1.– Kontratu bakoitzeko diruz lagundutako zenbatekoa titulazio akademikoaren arabera zehaztuko da, era honetara:
2.– Aipatutako diruz lagundutako zenbateko guztiak % 10 handituko dira, emakumeak gutxien ordezkatuta dauden arloetan emakumeak kontratatzen badira.
Arlo horiek taula batean jasoko dira, eta taula hori Lanbideren webgune honetan jarriko da, deialdia argitaratzen den egun berean: http://www.lanbide.euskadi.eus
3.– Aipatutako diru-laguntzen zenbatekoak lanaldi osoko kontratuei dagozkie. Denbora partzialeko kontratuetan, zenbatekoak lanaldiaren arabera doituko dira.
7. artikulua.– Programan parte hartuko duten gazteak hautatzeko prozedura.
1.– Programan parte hartuko duten gazteen hautaketa egingo da eskaera aurkeztu baino lehenago. Honela egingo da hautaketa hori:
a) Enpresak egingo du zuzenean, enpresa horrek Euskal Autonomia Erkidegoan duen zentroren batean prestakuntza-aldia amaitu duten gazteak izanez gero, bai prestakuntza dualaren formula baliatuta (hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko prestakuntza baldin bada), bai enpresetan prestakuntza-aldia egiteko 2019rako bekak emateko Eusko Jaurlaritzaren programaren baten babesean (hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko edo unibertsitate-esparrutik lan-esparrurako trantsizioa egiteko). Titulua 2019an eskuratu duten gazteak kontratatu beharko dira.
Enpresak, kontratuak egin aurretik, kontratatuko den pertsonak ikasketak egin dituen prestakuntza-zentrora joko du, ikastetxeak egiazta dezan 5.1 eta 5.2.a) artikuluetan ezarritako baldintzak eta 13.5 artikuluan adierazitako kudeaketaren eta prozesuaren jarraipenaren gainerako xehetasunak betetzen direla.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez edo haren kolaboratzaile den erakunde baten bitartez, aurreko letran jasota ez dauden kasuetan.
Hautaketarako, eskaintza kudeatzeko eskaera bat aurkeztu beharko da bete beharreko lanpostuaren profil bakoitzeko. Eskaera hori inprimaki normalizatu baten bidez aurkeztu behar da, IV. eranskinean ezarritako ereduaren arabera, eta datu hauek adierazi beharko dira, gutxienez: izen-abizenak edo enpresaren izen soziala, IFK/IFZ, enplegatzailearen kotizazioaren kontu-kodea (halakorik bada), lantokiaren udalerria, lanpostuaren izena eta langintza, lanpostuen kopurua, lanpostuaren deskribapena eta enpresariaren, legezko ordezkariaren edo baimena duen pertsonaren sinadura.
Lanbideen Sailkapena erreferentziatzat hartuta adieraziko da lanbidea. Sailkapen hori Lanbideren webgunean jarriko da, (http://www.lanbide.euskadi.eus), deialdi hau argitaratzen den egun berean.
Eskaintza kudeatzeko eskaera bakoitza jasotzen duen bulegoak edo erakunde kolaboratzaileak erregistratuko du eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartekaritza-sisteman identifikatuta geldituko da. Eskaintza erregistratu ondoren, enpresari jakinaraziko zaio haren erreferentzia.
Eskaintzak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ezarritako prozedurak jarraituta kudeatuko dira, eta lehentasuna emango zaie Gazte Bermea Sistemako datu-basean identifikatuta dauden pertsonei, 5. artikuluko 2. zenbakian adierazitako baldintzetan.
2.– Deialdi honen ondorioetarako, eskaintzak biltzeko, erregistratzeko eta/edo kudeatzeko eta/edo trantsizio-prozesuaren jarraipena egiteko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzailetzat joko dira 12. artikuluan aurreikusitakoak, eta horien zerrenda webgune honetan argitaratuko da: http://www.lanbide.euskadi.eus
3.– Kontratu bakoitzaren komunikazio-prozesuan, enpresak nahitaez adierazi beharko du kontratu horri dagokion eskaintzaren erreferentzia.
8. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea, tokia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (II. eranskina) eta honako toki hauetan eskuratu ahal izango dira: http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentraletan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulegoetan.
Horrez gain, administrazio-prozedura erkidearen araudian aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
2.– Lan-kontratuak egiteagatik diru-laguntza jasotzeko eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:
a) Eskaera sinatzen duen pertsonaren NAN/AIZaren fotokopia, edo haren nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena; eta pertsona juridiko eskatzailearen ordez beste batek sinatzen badu eskaera, sinatzen duen pertsona horren legezko ordezkaritzaren egiaztagiria.
b) Enpresaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia.
c) Enpresa eratu dela ziurtatzen duten eskritura eguneratuen fotokopia edo, hala badagokio, erakundea eratu dela justifikatzen duen beste edozein dokumentu.
d) Egindako kontratuaren kopia.
e) Senidetasunik ez izateari buruzko erantzukizunpeko adierazpena (deialdi honetako 3.4.a) artikuluan xedatutakoari jarraituz).
f) Bi txosten «Alta egoeran dauden langileen batez besteko plantillaren txostena» izenekoak, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak egindakoak (RED sistemaren bidez eskuratuak), enpresak EAEn dituen lantokiei buruzkoak: bat, kontratatutako pertsonari enpresan alta eman aurreko sei hilabeteei dagokiona, eta bestea, kontratazioaren alta egunari dagokiona.
Horrez gainera, enpresak Euskal Autonomia Erkidegoan duen zentroren batean prestakuntza-aldia amaitu duten gazteak izanez gero, bai prestakuntza dualaren formula baliatuta (hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko prestakuntza baldin bada), bai enpresetan prestakuntza-aldia egiteko 2019rako bekak emateko Eusko Jaurlaritzaren programaren baten babesean (hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako tituluren bat lortzeko edo unibertsitate-esparrutik lan-esparrurako trantsizioa egiteko), honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:
Aurkeztutako kontratuan adierazitako titulua eskuratu izana egiaztatzen duen agiria.
Kontratua egin den enpresan prestakuntza-aldia egin izana egiaztatzen duen agiria (enpresa, lantokia, aldia, modalitatea eta abar adierazita).
3.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 2. puntuan adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari 10 egun balioduneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola adieraziko du, eta horrek administrazio prozedura erkidearen araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu.
4.– Deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eskabideak aurkezteko epea, eta 2019ko urriaren 31n amaituko da.
5.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.
Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf
9. artikulua.– Lan-kontratua amaitzea.
1.– Funts publikoak efizientziaz erabiliko direla bermatzeko, praktikaldiko kontratuen kasuan, kontratuen gutxieneko iraupena eskatutakoa edo diruz lagundua izan beharko du, eta kontratu mugagabeen kasuan, berriz, 15 hilabetekoa izango da gutxienez.
2.– Kontratazioa egin ondoren, kausa jakin batzuk direla-eta kontratua amaitzen bada (probaldia ez gainditzeagatik lan-kontratua amaitzea, kontratatutakoak lana borondatez uztea, edo kontratatutako pertsonaren baliaezintasuna edo heriotza) idatziz jakinarazi beharko dio enpresak Lanbideri, kontratua amaitu eta gehienez ere zazpi eguneko epean, Lanbidek azken diru-laguntza egokitu dezan kontratatutakoak benetan lan egindako aldiaren arabera.
3.– Kontratu-harremana aurreko paragrafoan aurreikusi ez den beste kausaren batengatik amaitu bada, diru-laguntza oso-osorik itzuli beharko da, deialdi honen 23. artikuluan ezarritakoari jarraituz.
4.– Enpresak beste pertsona bat edo batzuk kontratatu nahi izanez gero, nahitaez eskatu beharko du berriro diru-laguntza, deialdi honetan ezarritako baldintzen arabera, adierazitako epeen barruan baldin badago.
10. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
Diru-laguntzak honela ordainduko zaizkie enpresa kontratatzaileei:
a) Emandako diru-laguntzaren % 52 ordainduko da, 2019ko ekitaldiko aurrekontuaren ordainketa-kredituaren kontura, diru-laguntza ematen den unean.
Ordainketa egin baino lehen, Lanbidek egiaztatuko du Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda dagoela langilea eta plantilla handitu egin dela.
b) Bigarren ordainketan gainerakoa ordainduko da (% 48, edo justifikazioaren ondoren dagokion kopurua), betiere, diruz laguntzekoak diren jarduketak justifikatuta, 11. artikuluan xedatutakoaren arabera, 2020ko ekitaldiko konpromiso-kredituaren kontura.
11. artikulua.– Kontratuak egiteagatiko diru-laguntzaren justifikazioa eta epea.
Kontratuak justifikatzeko, enpresa onuradunak azken memoria bat aurkeztu beharko du, kontratatu dituen pertsonen zerrenda eta kontratuen iraupena jasoko dituena.
Memoria hori aurkezteko epea:
a) Praktikaldiko kontratuen kasuan, kontratua amaitu eta hilabeteko epea.
b) Lan-kontratu mugagabeen kasuan, hasi eta urtebete igaro ondoren.
Nolanahi ere, 2020ko abenduaren 18a baino lehen aurkeztu beharko da memoria.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak ofizioz egiaztatuko du praktikaldiko kontratuen benetako iraunaldia, bai eta kontratu mugagabeak gutxienez 12 hilabete iraun dutela ere, horren ostean bigarren ordainketa egiteko. Halaber, 19.1 artikuluan adierazitakoa betetzen dela egiaztatuko du.
III. KAPITULUA
ERAKUNDE KOLABORATZAILEAK
12. artikulua.– Erakunde onuradunak.
1.– Lan-eskaintzak biltzeko, erregistratzeko eta kudeatzeko onuradun izan daitezke jarduketa horiek egiteko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzaile direnak.
Baldintza hori betetzeko, 2015eko urtarrilaren 23ko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren Ebazpenean aurreikusitako prozedura jarraitu beharko da (EHAA, 21. zenbakia, 2015eko otsailaren 2koa). Ebazpen horretan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzailea izateko prozedura ezartzen da, lan-eskaintzak erregistratu eta kudeatzeko arloan bitartekaritza-zerbitzua emateko.
2.– Halaber, erakunde kolaboratzaile izan daitezke, deialdi honi zehazki lotutako enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko, EAEko honako erakunde hauek:
a) Unibertsitateak.
b) Lanbide-heziketako ikastetxe publikoak eta pribatu itunduak, bai eta ikastetxe horiek biltzen dituzten elkarteak ere.
c) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren erakunde kolaboratzaileak, 2018ko deialdiko lanerako prestakuntza emateko diru-laguntzen eta 2017ko deialdiko lanerako orientazioa emateko diru-laguntzen onuradun badira.
d) Udalak, mankomunitateak, kuadrillak, tokiko garapenerako agentziak eta Behargintzako zentroak.
3.– 13.5 artikuluan definitutako trantsizio-prozesuaren kudeaketa- eta jarraipen-jarduerak egiteko erakunde laguntzaile izan daitezke unibertsitateak, Lanbide Heziketako ikastetxe publikoak eta pribatu itunduak, bai eta ikastetxe horiek biltzen dituzten elkarteak ere.
4.– Lehen Aukera programari lotutako eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko eta/edo trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko erakunde kolaboratzailea izateko eskaera deialdi honetako I. eranskin gisa ematen den inprimakiaren bidez bete beharko da. Eranskin hori Interneteko helbide honetan eskura daiteke: http://www.lanbide.euskadi.eus
Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
5.– Eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko eta/edo trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko baimena izango duten pertsonen gehieneko kopurua, erakunde kolaboratzaile berean, 3 pertsonakoa izango da.
6.– Erakunde kolaboratzailea eraginkorra izateko baldintza hau bete beharko da: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko langileek ematen duten prestakuntza-ekintzetara joan beharko dute eta prestakuntza horri onura atera beharko diote erakundeak eskatutako baimena eskuratuko duten pertsona guztiek, horretarako ezarritako egunetan. Horren aurretik, http://www.lanbide.euskadi.eus webgunean prestakuntza-ekintzen tokiak eta ordutegiak argitaratuko dira, baita ekintza horietan parte hartuko duten erakundeen zerrenda ere.
Aurreko puntuan aipatutako prestakuntza-ekintza egin beharrik ez dute izango Lehen Aukera programako aurreko urteetako laguntzen deialdietan enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko kolaboratzaile izan ziren zentroek, baldin eta egiaztatzen badute prestakuntza jasotako eta, ondorioz, aipatutako deialdi horretan enplegu-eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko jarduerak egiteko baimendutako pertsona hori/horiek enpresako plantillan daudela orain ere.
7.– Prestakuntza-ekintzak bukatutakoan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du, adierazitako baldintzak betetzen dituzten erakundeei, deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, erakunde laguntzaile izaera emateko.
13. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.
1.– Diruz lagundu ahal izango da 12. artikuluan araututako erakunde kolaboratzaileek enplegu-eskaintzak bildu, erregistratu eta kudeatzea, bai eta trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egitea ere, prozesu horiek, azkenean, eta deialdi honen babesean, diruz lagun daitezkeen kontratuak formalizatuta amaitzen badira.
2.– Lan-eskaintzen bilketatzat jotzen da, zenbait enplegu eskaintzailerekin harremanetan jartzen den prozesuaren bidez, lanpostu bateko edo batzuetako estaldura-beharra identifikatzea eta identifikazio horretatik eskaintzen den profila duen horri dagokion kudeaketa-eskaera lortzea.
3.– Lan-enplegu baten erregistrotzat jotzen da, eskaintzen bilketa-prozesuan lortutako datuak kodetzen diren prozesua. Datu horiek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren informazio-sisteman sartzen dira eta, horrela, sisteman enplegu-eskaintza berri bat sortzen da.
4.– Lan-eskaintzen kudeaketatzat jotzen da prozesu hauek guztiak egitea:
a) Aldez aurretik Lanbideren informazio-sisteman erregistratutako eskaintza bat aztertzea, eta, hala badagokio, osatzea.
b) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan izena emanda daudenen artetik, une bakoitzean eskatutako lanpostuak betetzeko pertsona egokiak identifikatzea, eskaintza parekatzeko modu desberdinak erabilita.
c) Eskainitako lanpostuetan sartzeko identifikatutako izangaien prestasuna egiaztatzea.
d) Izangai bakoitza enpresara bidali ostean, horren emaitza jasotzea. Emaitza jasotzeak hau esan nahi du: bete beharreko lanposturako egokitzapenari edo egokitzapen-ezari dagokionez, bidalitako izangaiari buruz enpresak zein balorazio egiten duen eta horren arrazoia zein den jakitea.
5.– Trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipentzat joko dira entitate kolaboratzailearen jarduera hauek:
a) Enpresak zuzenenean hautatzen dituen gazteen lan-eskaerak berreskuratzea, berritzea, berrikustea eta aldatzea.
b) Egiaztatzea kontratatutako gazteak Gazte Bermea Sisteman izena emanda daudela, kontratua sinatu aurreko egunetik, gutxienez.
c) Enpresak zuzenean hautatzen dituen gazteek, kontratua sinatzeko unean, 5.1 artikuluan adierazitako baldintzak betetzen dituztela ziurtatzea eta bermatzea.
d) Kontratua kontratatutako pertsonak egindako ikasketen edo prestakuntzaren mailari egokitutako praktika profesionala lortzea ahalbidetuko duen lanpostu baterako dela egiaztatzea.
e) Prestakuntza Duala enpresan bukatu duten pertsonen kasuan, prestakuntza hori hezkuntza-sistemako Lanbide Heziketako titulu bat lortzeko bada, kontratua mugagabea dela edo gutxienez 12 hilabeteko praktikaldiko kontratua dela egiaztatzea.
f) Kontratatutako pertsona Lanbideko informazio-sisteman identifikatzea Lehen Aukera programaren bidez sustatutako kontratu bati lotutako pertsona gisa.
14. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.
Erakunde kolaboratzaileek, deialdi honen babesean diruz lagundutako kontratu bakoitzeko, zenbateko hauek jasoko dituzte, eskaintzak biltzeko eta erregistratzeko eta/edo trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko jardueren ondorio bada:
– 120 euro, eskaintza bildu eta erregistratu duen erakunde kolaboratzaileak.
– 80 euro, eskaintza kudeatu duen erakunde kolaboratzaileak.
Erakundeak % 10eko gehigarri bat jasoko du deialdi honen babesean diruz lagundutako 20 kontratuko, enplegu-eskaintzak hartu, erregistratu eta/edo kudeatuko baditu.
– 120 euro, hezkuntza-esparrutik lan-esparrurako trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egin duen erakunde laguntzailea.
15. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea, tokia eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.
1.– Enplegu-eskaintzak biltzeko, erregistratzeko eta/edo kudeatzeko diru-laguntzak jasotzeko eskabideak, bai eta trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egiteko diru-laguntzen eskaerak ere, eredu ofizialean aurkeztu beharko dira (III. eranskina). Eredu hori honako toki hauetan eskuratu ahal izango da: http://www.lanbide.euskadi.eus webgunea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu zentrala eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren enplegu-bulegoak.
Horrez gain, administrazio-prozedura erkidearen araudian aurreikusitako moduetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira eskaerak.
2.– Deialdi honen babesean diruz lagundu daitezkeen kontratuak formalizatuta amaitu diren lan-eskaintzak kudeatu dituzten erakunde kolaboratzaileek, diru-laguntzaren eskaerarekin batera, erregistratu eta/edo kudeatu dituzten lan-eskaintzen zerrenda bat aurkeztu beharko dute eta, deialdi honen babesean, lan-eskaintza horietako bakoitzean kontratatutako pertsonak ere agertu beharko dute.
3.– Trantsizio-prozesuaren kudeaketa eta jarraipena egin duten erakunde kolaboratzaileek aurkeztu beharko dute, diru-laguntza eskabidearekin batera, deialdi honen babesean kontratatutako pertsonen eta enpresa kontratatzaileen zerrenda.
4.– Eskabideak guztiz beteta ez badaude, edo 1. puntuan adierazitako derrigorrezko agiriak aurkezten ez badira, erakunde interesdunari 10 egun balioduneko epearen barruan okerra konpon dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan eskatuko zaio; eta, hala egiten ez badu, eskaerari uko egin diola adieraziko du, eta horrek administrazio prozedura erkidearen araudian aurreikusitako ondorioak izango ditu.
5.– Eskaerak aurkezteko epea 2019ko azaroaren 4tik 15era izango da:
6.– Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izan ditzan, erakunde eskatzaileak Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean agertu beharko du.
Erakundea ez badago erregistratuta, edo Ogasun eta Finantza Sailaren hirugarrenen erregistroko banku-datuak aldatu nahi baditu, inprimakia bete beharko du hemen adierazitako ereduaren arabera: http://www.euskadi.eus/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/adjuntos/ALTA.pdf
16. artikulua.– Diru-laguntzak ordaintzea.
Erakunde kolaboratzaileek ordainketa bakarrean jasoko dute diru-laguntza, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena eman ondoren.
IV. KAPITULUA
DIRU-LAGUNTZEN XEDAPEN KOMUNAK
17. artikulua.– Diru-laguntzen enpresa eta erakunde onuradunak.
1.– Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzen enpresa eta erakunde onuradunek baldintza orokor hauek bete beharko dituzte:
a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak egunean izatea.
Organo kudeatzaileak automatikoki egiaztatuko du tributu-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla, bai diru-laguntza emateko garaian, bai ordainketak egiteko unean. Horretarako, ez du eskatzaileen baimenik beharko, hala xedatzen baitu azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50.3 artikuluak, bai eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 13.2.e) artikuluak eta Diru-laguntzei buruzko Erregelamendu Orokorraren 18., 19. eta 22. artikuluek ere.
Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, baldintza hori betetzen duela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak aurkeztu beharko ditu.
b) Diru-laguntzak itzultzeko dagozkion ordainketa guztiak eginak izan beharko ditu.
c) Erakunde eskatzailearen xedeak eta helburuak, onarpen- edo sarbide-sistema, funtzionamendua, ibilbidea, jarduketa, antolamendua edo estatutuak gizonen eta emakumeen tratu- nahiz aukera-berdintasunaren printzipioaren araberakoak izatea.
d) Zigor- edo administrazio-arloan diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzeko zigorrik ez jaso izana, eta horretarako ezgaitzen duen legezko debekurik ez jaso izana, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera edo emakumeen eta gizonen benetako berdintasunerako martxoaren 30eko 3/2007 Lege Organikoaren arabera sexu-diskriminazioarengatik gertatutakoak barne.
e) Ez egotea Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13 artikuluan aurreikusitako gainerako egoeren eraginpean, diru-laguntzen onuradun izateko baldintzei dagokienez.
2.– Enpresa eta erakunde onuradunei diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, ordaintzeko, ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze- edo zigor-prozedura guztiak amaituta egotea.
18. artikulua.– Ebazpena emateko organo eskuduna, emate-prozedura eta ebazpena.
1.– Laneratzea Aktibatzeko zuzendariak du prozedura izapidetzeko eskumena, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, berriz, ebaztekoa.
2.– Eskaerak aurkezten diren hurrenkeran aztertuko dira, eta hurrenkera horretan emango zaizkie diru-laguntzak deialdiko baldintzak eta eskakizunak betetzen dituzten guztiei, harik eta finantzaketarako funtsak amaitu arte. Kreditua zabaltzen ez bada, aurrekontu-zuzkidura amaituta, geratzen diren eskabideei ezezkoa emango zaie, eta EHAAn argitaratuko da horren berri, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez.
3.– Eskaerak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren esanbidezko ebazpen bidez onartu edo ukatuko dira.
Kontratuak egiteagatik jaso daitezkeen diru-laguntzak emateko ebazpenean datu hauek adieraziko dira: diru-laguntzaren zenbatekoa, ordainketa-modua eta diru-laguntzaren justifikazioa.
4.– Eskabideak ebazteko eta jakinarazteko, gehienez sei hilabeteko epea izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita; eta epe hori amaitutakoan diru-laguntzaren eskabidea onartutzat hartuko da, baldin eta esanbidezko ebazpena ematen ez bada.
5.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, horren aurka, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio organo horri, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere jar daiteke zuzenean Gasteizko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik hasita.
6.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpenaz honako hau emango da jakitera Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: alde batetik, deialdi honen babesean diru-laguntza zer enpresak jaso duten eta zenbateko laguntza jaso duten, eta, bestetik, zein enpresari emandako diru-laguntzak aldatu diren. Nolanahi ere, ebazpena berariaz eta banan-banan ere jakinaraziko da.
19. artikulua.– Enpresa onuradunen betebeharrak.
1.– Erakunde onuradunaren betebehar izango dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. eta 46. artikuluetan oro har ezarritakoak, bai eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginak (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onetsia) 50.2 artikuluan jasotakoak ere, eta, bereziki, honako hauek:
a) Kontratuak 7.1.a) artikuluan jasotako hautaketa-prozeduraren bidez egingo dituzten enpresek, kontratuak egin aurretik, kontratatuko den pertsonak ikasketak egin dituen prestakuntza-zentrora jo behar dute, ikastetxeak egiazta dezan 5.1 eta 5.2.a) artikuluetan ezarritako baldintzak eta 13.5 artikuluan adierazitako kudeaketaren eta prozesuaren jarraipenaren gainerako xehetasunak betetzen direla.
b) Kontratuak 7.1.b) artikuluan jasotako hautaketa-prozeduraren bidez egingo dituzten enpresek Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan edo haren erakunde kolaboratzaile batean aurkeztu beharko dute enplegu-eskaintzak kudeatzeko eskaera.
c) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.
d) Plantillaren enplegu-mailari eustea 9. artikuluan adierazitako kontratuen gutxieneko iraunaldian.
e) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren aurrean justifikatzea laguntza jasotzeko betebeharrak eta baldintzak bete direla.
f) Honako hauen egiaztatze-jarduketei baiezkoa ematea: Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoa, Herri Kontuen Euskal Epaitegia, eta Europako funtsen kontrol-instantziak.
Diruz lagun daitezkeen gastuak Europako Gizarte Funtserako aukeratuak izateko baldintzak beteko badituzte, erakunde onuradunean gastuaren kontabilitate-erregistro bat eraman behar da, kontabilitate-identifikazio bereizi batekin edo kontabilitate-kode egoki batekin.
g) Helburu berberarekin administrazio honen bidez edo beste edozein administrazio publiko edo erakunde publiko nahiz pribatutatik diru-laguntzak edo laguntzak jasoz gero, horren berri ematea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
h) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea diru-laguntza emateko kontuan izan den edozein baldintzaren aldaketa, baita diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmenki eragiten dion edozein gertakizun ere.
i) Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari laguntzea jarduera horiek egiaztatzeko, haien jarraipena egiteko eta kontrolatzeko.
j) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi, eta oraindik izapidetzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedura jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.
k) 2014-2020rako Gazte Enplegurako Programa Operatiboaren edo 2014-2020ko EGF Programa Operatiboaren esparruan, deialdi honen babesean diruz lagundutako komunikazio-, zabaltze-, edo argitalpen-material eta ekintza guztietan, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak eta Europako Gizarte Funtsak elkarrekin finantzatu dituztela adieraztea.
Enpresa onuradunen zerrenda Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2013ko abenduaren 17ko (EB) 1303/2013 Erregelamenduaren 115. artikuluan adierazitako zerrenda publikoan jasoko da.
l) Emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasunari buruzko betebeharrak:
– Probetan edo elkarrizketetan eta lanpostuetarako hautaketak egitean tratu- eta aukera-berdintasunaren eta emakumeen eta gizonen arteko diskriminazio ezaren printzipioa aplikatzen dela bermatzea.
– Dokumentazio, publizitate, irudi eta material guztietan sexismorik gabeko hizkera erabili behar da, emakumeen kontrako bereizkeria edo estereotipo sexistak bultzatzen dituzten irudiak saihestu behar dira, eta berdintasunaren aldeko irudiak sustatu behar dira, presentzia orekatua, aniztasuna, erantzukidetasuna eta rol eta genero-identitate pluraltasuna sustatzen dutenak.
m) Kontratatutako pertsonen adostasuna lortzea, haien datuak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren eskura jartzeko, eskatutako diru-laguntza kudeatzeko soil-soilik, eta deialdi honen 24. artikuluan xedatutako edukiaren berri ematea kontratatuei.
2.– Era berean, praktikaldiko kontratu bat amaitzean bete beharko den betebehar espezifiko gisa, enpresak ziurtagiri bat egin behar dio langileari. Hor, honako hauek jaso behar dira, gutxienez:
– Kontratuaren iraupena.
– Betetako lanpostuak, eta bakoitzean egindako zeregin nagusiak.
20. artikulua.– Jarraipena eta kontrola.
Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eta Europako funtsen kontrol-instantziek beharrezkoak diren ikuskaritza- eta kontrol-jarduerak egingo dituzte, deialdi honen helburuak betetzen direla bermatzeko, eta bereziki egiaztatuko dute betetzen direla enplegua benetan sortzea eta kontratuen iraupena ezartzen duten baldintzak.
Horretarako, diruz lagundutako kontratazioei buruzko dokumentazio guztia gorde eta zaindu beharko du enpresak, gutxienez 2026ra arte, deialdi honen ondoriozko konpromiso eta betebehar guztiak betetzen dituela egiaztatu ahal izateko.
21. artikulua.– Diru-laguntza aldatzea.
Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan aldaketarik gertatuz gero, emandako diru-laguntza aldatu ahal izango da, betiere deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko eskakizunei eutsiz. Baldintzen aldaketa horren ondorioz diru-laguntza osoa edo zati bat itzuli behar bada, itzultzeko prozedurari hasiera emango zaio.
22. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira kontzeptu eta helburu berberetarako administrazio honek, beste administrazio batzuek edo beste erakunde pribatu edo publiko batzuek emandako diru-laguntza, laguntza eta diru-sarrerekin, ez ordea lan-kontratu mugagabeetarako edo praktikaldiko kontratuetarako legez ezarritako Gizarte Segurantzari egindako kotizazioetako hobariekin edo murrizketekin.
23. artikulua.– Ez-betetzeak eta emandako diru-laguntzak itzultzea.
1.– Deialdi honetako erakunde onuradunek jasotako zenbatekoak eta legezko interesak –laguntzak ordaintzen direnetik aurrerakoak– itzuli beharko dituzte, baldin eta honako xedapen hauetan oro har aurreikusitako betebeharrak betetzen ez badituzte: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikulua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikulua. Zenbatekoak eta interesak itzuli beharko dituzte, orobat, deialdi honetan ezarritako betebehar espezifikoak betetzen ez badituzte edo azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluan diru-laguntzak itzultzeko ezarritako kasuetako batean sartzen badira. Itzuli beharrekoak itzultzeko, xedapen horretan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan horretarako ezarritako prozedurari jarraituko diote (698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu zen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezarri ziren). Aipatutako kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira lege-ondorio guztietarako.
2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak abiaraziko du itzultzeko prozedura, eta idazkia bidaliko dio laguntza jaso duen erakundeari, ez-betetzea eragin duen edo duten gertaeraren edo gertaeren berri emateko. Hori ez ezik, jakinaraziko dio hamabost eguneko epea duela egokitzat jotako alegazioak edo egiaztagiriak aurkezteko. Prozedura hori hasten denean, eten egingo dira egiteke dauden ordainketak, halakorik egonez gero.
3.– Alegazioak aurkezteko epea igarotakoan halakorik aurkeztu ez badu edo ez badira onartu, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpena emango du. Diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea gehienez 12 hilekoa izango da.
4.– Ebazpenak arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, eta diru-laguntza osorik edo zati bat jasotzeko eskubidea galdutzat ematen badu, interesdunak Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari itzuli beharko dizkio dagozkion diru-kopuruak; horretarako, bi hilabeteko gehieneko epea izango du, ebazpena jakinarazten denetik hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko da.
5.– Borondatezko aldi horretan diru-laguntza itzultzen ez bada, diru-laguntza berreskuratzeko premiamendu-bidera jotzeko izapideak hasiko dira.
24. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.
Datu Pertsonalak Babesteari buruzko Erregelamendu Orokorrean eta datuen babesari buruzko gainerako arauetan ezarritakoari jarraikiz, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzeko eta kontrolatzeko erabiliko ditu deialdi honetan araututako laguntza-eskaerak betez lortzen diren datu pertsonalak.
Interesdunek datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta transferitzeko eskubideak baliatu ahal izango dituzte, bai eta datuak tratatuak izateko mugak ezartzeko eta haien aurka egiteko eskubidea ere. Horretarako, eskubide horiek egikaritzea eskatzeko idazki bat igorri behar dute Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).
Datuen babesari buruzko informazio eta xehetasun gehiago hemen: http://www.lanbide.euskadi.eus/general/-/información/condiciones de uso y politica de privacidad/
25. artikulua.– Lehiari buruzko Europako araudia.
1.– Deialdi honetan gazteak kontratatzeagatik jarritako laguntzek bat etorri beharko dute Europar Batasunaren Funtzionamendu Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatzeari buruzko Batzordearen 2013ko abenduaren 18ko 1407/2013 (EE) Erregelamenduan (DOUE L352, 2013ko abenduaren 24koa) ezarritako minimis arauarekin. Kalifikazio horren ondorioz, enpresa bakar bati «minimis» erako laguntzetan emandako zenbatekoak ezin izango du gainditu 200.000 euroko kopurua hiru ekitaldi fiskalen barruan.
Muga hori aplikatzeko, kontuan hartu beharko da nola definitzen den «enpresa bakarra» Erregelamendu horren 2.2 artikuluan.
2.– Dagokion ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako minimis laguntza horiei buruzko aitorpena egin beharko du laguntza eskatzen duenak, honako hau frogatzeko: minimis laguntza berriarekin ez dela gainditzen aipatutako erregelamenduan ezarritako muga maximoa.
26. artikulua.– Diru-laguntzen arloan aplikatu beharreko arauak.
Diru-laguntzen deialdi honi honako arau hauetan bildutako diru-laguntzei buruzko araubide juridikoa aplikatu behar zaio: Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta hura garatzen duen Erregelamendua (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutakoa). Era barean, arau hauetan xedatutakoa ere aplikatuko da: Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bateginaren VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua –azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartzen duena– eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua (horretan arautzen dira Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kargurako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen araubide orokorra eta bertan ezartzen dira horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen betekizunak, araubidea eta betebeharrak).
I. ERANSKINA
ENPLEGU-ESKAINTZAK BILTZEKO ETA ERREGISTRATZEKO ETA/EDO TRANTSIZIO-PROZESUAREN KUDEAKETA ETA JARRAIPENA EGITEKO ERAKUNDE KOLABORATZAILE IZATEKO ONARPENAREN ESKABIDEA
II. ERANSKINA
ESKAERA GAZTE LANGABEAK EUSKAL ENPRESETAN KONTRATATZEKO LAGUNTZAK
III. ERANSKINA
ENPLEGU-ESKAINTZAK BILTZEKO,ERREGISTRATZEKO ETA/EDO TRANTSIZIO-PROZESUAREN KUDEAKETA ETA JARRAIPENA EGITEKO DIRU-LAGUNTZEN ESKABIDEA
IV. ERANSKINA
«LEHEN AUKERA» ESKAINTZA KUDEATZEKO ESKAERA-ORRI NORMALIZATUA