EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-27 Aldizkari honetan argitaratua: 2018248

AGINDUA, 2018ko abenduaren 17koa, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuarena, Hazitek Programa arautzen duen agindua aldatzeko dena.

Xedapenaren data: 2018-12-17
Hurrenkenaren zenbakia: 201806352
Maila: Agindua

Aurreko erreferentziak:
  • 2017/03/02an argitaratutako 2017/01/31ko AGINDUA aldatzen du [201701116]

Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urtarrilaren 31ko Aginduak (2017ko martxoaren 2ko EHAA, 43. zenbakia) Hazitek, Enpresa I+G bultzatzeko Programa arautzen du.
Proposatutako aldaketak bi helburu ditu: alde batetik, programara I+G proiektuak aurkezten dituzten enpresen kopurua handitzea, eta, bestetik, aurkeztutako ikerketa-lanen bikaintasuna saritzea. Horretarako, handitu egingo da industria-arloko ikerketa-lanetarako laguntzen munta, eta aldaketak ezarriko dira ebaluazio-irizpideetan, laguntzarik handiena lortzeko bete behar diren gako-irizpideetan nota altuagoa eskatuta. Bestalde, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren 29. eta 31. artikuluak betetzeari buruzko zenbait alderdi zehaztu nahi dira, ez baitaude berariaz adierazita
Horrenbestez, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Hazitek Enpresa I+G bultzatzeko Programa arautzen duen Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urtarrilaren 31ko Aginduaren 7. artikulua (2017ko martxoaren 2ko EHAA, 43. zenbakia) –diruz laguntzeko moduko gastuak– aldatzen da, eta era honetan idatzita geratzen da:
«1.– Diruz laguntzeko moduko gastuak, honako hauek izango dira:
a) Langileen kostu zuzenak (ikertzaileak, teknikariak eta eskatzailearen plantillakoak diren eta ikerkuntza-jarduera horretan enplegatuta dauden bestelako laguntzaileak), proiektura bideratuta dauden heinean.
b) Zeharkako kostuak, betiere kostu sinplifikatuen sistema aplikatuta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren 2014ko apirilaren 10eko 2/14 Zirkularrari jarraituz, eta 1303/2013 Erregelamenduaren (EB) 67.1 eta 68 artikuluetan eta 1304/2013 Erregelamenduaren (EB) 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz. Alde horretatik, diruz lagundu daitezkeen langileen kostu zuzenen % 15 zenbatuko da zeharkako kostutzat.
c) Kanpo-aholkularitza eta zerbitzu baliokideen kostua (erakunde parte-hartzaileen pertsonala ez den pertsonal lankidea eta proiektuaren espezializazio handiko zatien azpikontratazioa barne), kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera. Zerbitzu horiek esklusiboki eta era iraunkorrean ikerkuntza-jarduerarako erabiliko dira eta kanpo-hornitzaileei erositakoak izango dira, jakintza tekniko eta teknologikoak barne.
d) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agenteak, hartarako akreditatutakoak, azpikontratatzearen ondoriozko gastuak, kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko d) letraren arabera.
e) Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko 3. paragrafoko d) letrakoaren arabera, proiektura esklusiboki bideratutako aholkularitzaren eta zerbitzu baliokideen gastuak; haien artean, barne hartu ahal izango da diru-laguntza justifikatzeko kontuko proiektuak ekarritako gastuen kontu-ikuskapena. Kontu-ikuskapenaren kostua, gehienez, 1.500 euroz lagundu ahal izango da proiektu, erakunde onuradun eta urteroko bakoitzeko.
f) ETEentzako jabetza-eskubide industrialen kostuak, kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 25. artikuluko 3. paragrafoko d) letraren arabera.
g) Ikerkuntza-jardueraren ondorioz zuzenean hartutako ustiapen-gastuak (hala nola materialen eta hornikuntzen gastuak...).
h) Ikerkuntza-jarduerarako soilik eta era jarraituan erabilitako instrumentu eta ekipamenduen gastuak: ikerkuntza-jardueretan soilik eta era jarraituan erabilitako ekipamendu eta instrumentuen kostuen amortizazioa proiektuan zehar, doan lagata lortutakoen kasuan izan ezik.
i) Aurreko a), b), c), d), e), f), g) eta h) letretan aipatutako gastu diruz lagungarriak, Kategorien araberako salbuespeneko Erregelamenduaren 2. eta 25. artikuluetan xedatutakoaren arabera interpretatuko dira.
2.– Gastu horiek Diru-laguntzei buruzko 2013/38 Lege Orokorraren 29. eta 31. artikuluak betetzera behartuta daude eta horregatik honako baldintza hauek bete behar ditu:
a) Oro har, erakunde onuradunak ezingo du hirugarrenekin kontratatu diruz lagundutako proiektuaren kostu osoaren % 50 baino gehiagoko diru-laguntza jarduera, Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasuneko sailburuordeak ebazpen bidez onartzen badu salbu, espezializazio handia eta / edo erakunde onuradunek beren baliabide propioekin egin ezin izatearen arrazoiengatik.
b) Hirugarrenekin adostutako jarduera % 20 gainditzen badu eta 60.000 euro baino gehiagokoa bada, kontratua idatziz egongo da. Halaber, kontratuaren gastuaren bolumena Teknologiaren, Berrikuntzaren eta Lehiakortasuneko sailburuaren ebazpen bidez onartu behar da.
c) Diruz laguntzeko moduko gastuaren zenbatekoak gainditu egiten baditu Sektore Publikoko Kontratuei buruzko azaroaren 8ko 9/2017 Legeak kontratu txikietarako ezarritako zenbatekoak, onuradunak hornitzaile ezberdinetatik hiru eskaintza gutxienez eskatu beharko ditu, lanaren konpromisoa hartu aurretik, zerbitzua ematea edo ondasuna entregatzea, salbu eta, horien ezaugarri bereziak direla eta, ez badago merkatuan horiek burutzeko, emateko edo hornitzeko erakunde nahikorik, edo salbu eta gastua diru-laguntza eman aurretik egin bada.
Aurkeztu diren eskaintzetatik, eraginkortasun- eta ekonomia-irizpideen arabera aukeraketa egingo da, eta horiek justifikazioan jarri beharko dira; proposamen ekonomikoki abantailatsuena aukeratzen ez denean, txosten batean justifikatu beharko da.
Halaber, zerbitzua edo ondasunaren izaera dela eta, hori egiteko merkatuan dauden entitate kopuru nahikorik ez badago, eta hiru eskaintza aurkeztea ezinezkoa bada, txosten batean justifikatu beharko da.
Gastua aurretiaz egiteari dagokionez, amortizazio gastua onuradun gisa onartuko da, hiru eskaintza aurkeztu beharrik izan gabe, diru-laguntza eskatu aurretik egindako inbertsioetatik eratorritakoa bada.»
2. artikulua.– Hazitek enpresaren I + G laguntza programa arautzen duen Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren 2017ko urtarrilaren 31ko Aginduaren 9. artikuluaren 4. paragrafoa aldatzen da – Laguntza-zenbatekoa – (2017ko martxoaren 2ko EHAA, 43. zenbakia), eta honela idatzita geratuko da:
«4.– I+G+B jardueretarako, erakunde onuradun bakoitzak jaso ditzakeen laguntzen mugak (itzuli behar ez diren diru-laguntzak), salbuespenari buruzko 651/2014 Erregelamendu Orokorraren 25.5 artikuluan adierazitakoaren arabera, onetsitako diruz lagun daitezkeen gastuen aurrekontuen ehuneko hauetara iritsi ahal izango dira, gehienez:
a) Izaera lehiakorreko proiektuen kasuan:
1) Ikerkuntza Industrialeko proiektuen kasuan: diruz lagun daitezkeen kostuen % 40, gehienez, gako-ebaluazio irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera.
2) Garapen esperimentaleko proiektuen kasuan: diruz lagun daitezkeen kostuen % 25, gehienez, gako-ebaluazio irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera.
3) Estatuz haraindiko lankidetzako proiektuetarako, adibidez ERANET ekimenen kasuan, diruz lagun daitezkeen gastuetan % 5 gehiago lor dezakete, baldin eta enpresa batek ere ez badu diruz lagun daitezkeen gastuen % 70 baino gehiago bere gain hartzen.
4) Edonola ere, itzuli behar ez diren diru-laguntzen zenbatekoa, gehienez ere, 250.000 eurokoa izango da urteko eta erakunde onuradun bakoitzeko.
b) Ikerkuntza industrial edo izaera lehiakorreko garapen teknologikoko proiektuen kasuan:
1) Ikerkuntza industrialeko proiektuen kasuan: diruz lagun daitezkeen kostuen % 50, gehienez, gako-ebaluazio irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera.
2) Garapen esperimentaleko proiektuen kasuan: diruz lagun daitezkeen kostuen % 25, gehienez, gako-ebaluazio irizpideetan lortutako puntuazioaren arabera.»
3. artikulua.– Hazitek enpresaren I + G laguntza programa arautzen duen Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegiturako sailburuaren 2017ko urtarrilaren 31ko Aginduaren 17. artikuluaren 3. paragrafoa aldatzen da –Ebaluazio-irizpideak– (2017ko martxoaren 2ko EHAA, 43. zenbakia), eta honela idatzita geratuko da:
«3.– Honako hauek aldi berean betetzen direnean aukeratuko da proiektu bat: ebaluazioan lortutako guztirako notak goreneko guztirako notaren % 50 edo handiagoa denean eta irizpide bakoitzean lortutako guztirako notak gako-irizpide hauetako bakoitzari dagokion goreneko notaren % 40 edo handiagoa denean; kasu horretan, laguntzaren intentsitatea honako ehuneko hauetara irits daiteke:
Proiektu batek lortutako notari dagokionez, aldi berean, ebaluazioan lortutako guztirako nota goreneko guztirako notaren % 50 edo handiagoa denean eta irizpide bakoitzean lortutako guztirako nota gako-irizpide hauetako bakoitzari dagokion goreneko notaren % 50 edo handiagoa denean, laguntzaren intentsitatea honako ehuneko hauetara irits daiteke:
* Estatuz haraindiko izaera lehiakorreko proiektuetarako, adibidez ERANET ekimenen kasuan, diruz lagun daitezkeen gastuetan % 5 gehiago lor dezakete, betiere enpresa batek bere gain hartzen duena diruz lagun daitezkeen kostuen % 70 baino handiagoa ez bada.»
XEDAPEN IRAGANKORRA
Agindu honetan araututako laguntzen ondorioetarako, SPRI-Sociedad para la Transformación Competitiva/Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, SAri egindako aipamenak SPRI-Enpresa Garapenerako Euskal Agentziari egiten zaizkiola ulertuko da, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Agindu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren administrazioarekiko auzien salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 17a.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.