EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-26 Aldizkari honetan argitaratua: 2018247

AGINDUA, 2018ko abenduaren 12koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, zeinaren bidez ezartzen baitira Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako berariazko gastu bakoitzeko 2019. urtean gehienez ere eman daitezkeen diru-kopuruak eta laguntza horietarako ezarritako kredituak banatzeko irizpideak, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko eta udal bakoitzarentzat 2019rako aurrekontu-mugak finkatzen.

Xedapenaren data: 2018-12-12
Hurrenkenaren zenbakia: 201806323
Maila: Agindua
Diru-sarrerak bermatzeko eta Gizarteratzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legeak honako baliabide hauek arautzen ditu: bazterkeria-arriskua prebenitzekoak, bazterkeria pertsonala nahiz gizarte- eta lan-arloko bazterkeriako egoerak arintzekoak, eta herritarren gizarte-eskubideak benetan baliatzeko behar adina baliabide pertsonal, sozial edo ekonomikorik ez dutenen gizarteratzea erraztekoak. Horien artean daude Gizarte Larrialdietarako Laguntzak (GLL).
Larrialdietarako laguntzaren kontzeptuaren gakoa da behar larri eta berehalakoan baliabide ekonomikorik ez edo eskasak izatea behin-behinean, guk sortu ez dugun egoera bati aurre egiteko. Egoera horiek estali egin behar dira herrialdean dagoen ongizatearen eta Euskal Autonomia Erkidegoan diru-sarrerak bermatzeko errentaren laguntzen gehieneko mugen araberako bizimodua izateko.
Ezusteko gertakari batek eta luzaroan diru-laguntzak jasota bizitzetik sortutako baliabide ekonomiko eskasiak eragindako larrialdiko egoera ekonomikoak estaltzea da kontua. Pertsonen bizitzan zehar, jakineko momentu batean edo hainbat unetan gerta daitezke egoera horiek. Premiazko ondasunak ez izatera edo gabetasuna dakarten egoerak ekiditeko baliabide aringarri bezala erabiltzen dira GLLak.
Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 49. artikuluak ezartzen ditu GLL gisa emandako laguntzen zenbatekoak finkatzeko aintzat izan behar diren irizpideak. Zehazki, 1. paragrafoan inoiz ere gainditu ezin izango den kopuruetariko bat jasotzen da, hau da, aurreikusten den berariazko gastu bakoitzeko araudi bidez gehienez finkatutako diru-kopurua. Legezko aurreikuspen horretan oinarrituz, Gizarte Larrialdietarako Laguntzei buruzko urtarrilaren 18ko 4 /2011 Dekretuak 9. artikuluan ezartzen duenez, berariazko gastu bakoitzerako gizarte-larrialdietarako laguntza gisa urtean gehienez emango diren diru-kopuruak urtero ezarriko dira, agindu bidez.
Laguntzak emateari dagokionez, abenduaren 23ko 18/2008 Legeko 50.1 artikuluak xedatzen duenez, oinarrizko gizarte-zerbitzuek benetako premia-egoera dagoela eta helburu horretarako kontsignatutako kreditua ere badagoela egiaztatu eta gero emango dira GLLak.
Horren ildotik, 2019ko ekitaldirako Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorrean, 23.000.000 euroko ordainketa-kreditua dago ekitaldi honetan diru-laguntza horietarako, eta horiek dira Agindu honetan esleituko direnak.
2019ko ekitaldi-hasieratik, behar duten pertsonei ahalik eta eperik motzenean arreta emateko, arau honen izapidetze aurreratua eratuko da, azken xedapenetatik lehenengoan ezarritako legezko baldintzapean.
Gizarteratzeko eta Diru-sarrerak Bermatzeko abenduaren 23ko 18/2008 Legearen 88.d) artikuluan ezarritakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko udalei dagokie gizarte-larrialdietarako laguntzak onartu ala ukatzea eta ordaintzea. Horretarako, udalek aldez aurretik jakin behar dute urtean gehienez erabil dezaketen diru-kopurua, betiere aurrekontu-ekitaldi bakoitzean laguntza horietara zuzendutako guztizko aurrekontu-esleipenaren barruan.
Gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretu arautzaileak ezartzen du programari esleitutako urteko baliabideak udalei banatzeko eta transferitzeko prozedura. Baliabideen banaketa honako printzipio hauetan oinarritzen da:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan, urtero, GLLen zenbatekoak ordaintzeko beharrezko baliabide ekonomikoak egongo dira jasota.
b) Gizarteratzeko Erakunde arteko Batzordeak aztertu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzeko dagoen dirua erkidego barruko lurralde historikoen eta udalerrien artean nola banatuko diren zehazteko irizpideak gizarte-zerbitzuetako eskumena daukan Eusko Jaurlaritzaren sailak zehaztuko ditu urtero, eta beharren adierazleei begira zehaztu beharko ditu batez ere.
c) Erreferentziako irizpideen aplikazioari jarraituz, Eusko Jaurlaritzan gizarte-zerbitzuetako eskumena duen sailak udal bakoitzari dagokion gehieneko aurrekontua finkatuko du, horren guztiaren berri emanez EHAAn urtero argitaratuko den aginduaren bitartez.
d) Erreferentziako irizpideen aplikazioa oinarri harturik, udal bakoitzari zein aurrekontu-muga dagokion zehaztu ondoren, Eusko Jaurlaritzako sail eskudunak kopuruok transferituko dizkio udal bakoitzari. Transferentziak hiru hilean behin egingo dira.
e) Eusko Jaurlaritzan aurrekontu-ekitaldia ixten denean, udal bakoitzari dagozkion kopuru guztiak erregulatu beharko dira behin betiko, aurrekontu-ekitaldi horretan laguntzak emateko benetan hartutako ebazpenetan oinarrituta, eta kontuan hartuz, horretarako, udalek bidalitako dokumentazioa.
Prozedura hori aplikatuz, banaketarako irizpideak eta aurrekontuetako gehieneko zenbatekoak ezarri dituzten aginduak argitaratu ditu sail honek urtero. Horretaz gain, ekitaldiaren amaieran, esleitutako kredituak birdoitzen zituzten eta aurrekontu-muga berriak ezartzen zituzten aginduak eman dira.
Gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko baliabide ekonomikoak Eusko Jaurlaritzak banatuko dizkie udalei, horiek ez badute beste prozedura bat adostu dagokien foru-aldundiarekin edo mankomunitateen bidez, urtarrilaren 17ko 16/2017 Dekretuak gehitutako bigarren xedapen gehigarriari jarraituz. Dekretu horrek Gizarte Larrialdietarako Laguntzen Dekretua aldatzen du, zeinak udalerria baino lurralde-eremu handiagoko erakundeen partaidetza aurreikusten baitu, eta GLLak kudeatzen dituzten mankomunitateei eta foru-aldundiei laguntzak zuzenean ordaintzea ahalbidetzen, betiere udalek mankomunitateen bidez partekatutako kudeaketa-formulak erabiltzen badituzte edo aldundiei eskuordetu badiote prestazioa ematea.
Azkenik, gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretuak dekretua bera garatu eta gauzatzeko beharrezkoak diren xedapenak emateko ahalmena ematen dio Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari.
Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen xedea da 2019ko ekitaldirako gizarte-larrialdietarako laguntzetan (GLL) bildutako berariazko gastu bakoitzari orokorrean eman beharreko gehieneko zenbatekoak finkatu eta laguntza horiek emateko esleitutako kredituak hainbat udalerriren artean banatzeko irizpideak ezartzea. Horretaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde historiko eta udal bakoitzari urte honetan dagokion aurrekontu-muga zehazten da.
2. artikulua.– Gehienezko urteko zenbatekoak.
1.– 2019rako, Gizarte Larrialdietarako Laguntzen gehieneko zenbatekoak bizikidetza-unitate bakoitzeko (hemendik aurrera, BU), aurreko artikuluan aipatutako berariazko gastu bakoitzerako, honako hauek dira:
a) Alokairu-gastuak:
a.1.– Errentari bakarreko etxebizitzen kasuan, edo GLLa eskatu duen BU bakar batek beste batekin alokairuan hartu badu edo beste bati alokairuan utzi badio, gehienezko laguntza 250 eurokoa izango da hilean, eta ezingo du gainditu etxebizitzaren alokairu-prezioaren edo beste batekin batera alokairuan hartzeagatik edo beste bati alokairuan emateagatik ordaindutako % 70.
a) 2.– Etxebizitzan maizter bat baino gehiago badago edo azpierrentatzeak egin badira, ez dira bi eskaera baino gehiago onartuko, indarrean den araudian xedatutakorekin koherente izanik, eta bizikidetza-unitateen kopuruarekin zatituko da. Bi bizikidetza-unitaterentzako muga 125 euro hilean izango da, eta bien artean ezingo dute gainditu etxebizitzaren alokairu-prezioaren % 80.
a.3.– Etxebizitzan apopilo- edo ostatu-kontratupeko jendea badago, gehienez bi eskabide egin ahalko dira, lehen esandakoaren arabera, eta laguntza, gehienez, 125 eurokoa hilean izango da.
a.4.– Legez eratutako hotel, hotel-apartamentu eta pentsioetan bizi direnen kasuan, hilean 250 euro izango da muga bizikidetza-unitateko. Kasu horretan, BUren muga ez da bi izango, baizik eta establezimenduan legez onartutako gehieneko gela kopuruaren araberakoa.
b) Gizarte-larrialdian egon aurretik etxebizitza edo bizitokia erostearen ondorioz hartutako kredituen interesek eta amortizazioak eragindako gastuengatik 250 euro gehienez hilero, eta ezin izango da gainditu kredituaren hileroko interesen edo amortizazioaren % 70.
c) Elektrizitate-, gas- edo etxerako beste erregai-horniketa batzuek eragindako energia-gastuengatik, 900 euro urtean. Bi BUren kasuan, bakoitzari gehienez 450 euro urtean.
d) «Linea zuriko» etxe-tresna elektrikoen eta altzarien gastuak direla-eta, gehienez 1.850 euro urtean. Bi BUren kasuan, bakoitzari gehienez 925 euro urtean.
e) Etxebizitza konpontzeko, egokitzeko eta/edo oinarrizko instalazioak egiteko gastuak direla-eta, gehienez 1.850 euro urtean. Bi BU baldin badira, bakoitzari gehienez 925 euro urtean.
f) Ohiko etxebizitza edo bizitokia eduki eta mantendu ahal izateko beharrezkoak diren gastuengatik, gehienez 900 euro urtean. Bi BUren kasuan, bakoitzari gehienez 450 euro urtean. Kontzeptu honek honako gastuak hartzen ditu: ura, zaborrak, estolderia, ondasun higiezinen gaineko zergari dagozkionak –ondasunak landa- zein hiri-eremukoak izan– eta jabekideen erkidegoaren kuotatik eratorritako gastuak, bai eta etxebizitzaren segurtasunarekin zerikusia dutenak ere.
g) Bizikidetza-unitateko kide batek edo gehiagok dituzten oinarrizko premiei buruzko gastuengatik, esate baterako: jantziak, hezkuntza eta prestakuntzakoak eta osasun-arretakoak, betiere sistema publikoek gastu horiek estaltzen ez dituztenean, urtean 1.850 euro gehienez.
h) Aurretiko zorpetze-gastuak direla-eta, gehienez 3.000 euro urtean. Bi BUren kasuan, bakoitzari gehienez 1.500 euro urtean.
Aurreko paragrafoan xedatutakoa alde batera utzi gabe, a), b), c), d), e), f) eta g) idatzi-zatietan aipatutako kontzepturen batengatik aurretik ezarritako zorrengatiko gastuak direla-eta urtean gehienez ezar daitezkeen diru-kopuruak ezin izango dira kasu bakoitzean aipatutako idatzi-zatietan kontzeptu horietarako aurreikusitako gehieneko diru-kopuruak baino handiagoak izan.
2.– Dena den, GLLak jasotzea artikulu honen 1. ataleko a), b), c), d), e) eta f) apartatuetako kontzeptuetan, ez da bateragarria Etxebizitzarako Prestazio Osagarria (aurerantzean, EPO) jasotzearekin ez eta etxebizitza legez okupatzeko eskubide subjektiboa baliatzeko etxebizitzarako prestazio ekonomikoarekin ere (aurrerantzean EPE).
Artikulu honen 1. paragrafoko a) apartatuan adierazitako gastuetarako GLLa jasotzea ez da bateragarria Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren ezein modalitaterekin (aurrerantzean DSBE).
3.– Eskabide bakoitzari eslei dakiokeen zenbatekoa eskatzailearen baliabideen arabera eta bizikidetzako gainerako kideen diru-sarreren arabera ezartzen den ehunekoa aplikatzearen emaitza izango da. Ehuneko hori artikulu honetan kontzeptu bakoitzerako ezartzen den gehienezko kopuruaren gainean aplikatuko da, edo benetako gastuaren kopuruaren gainean, kopuru hori kontzeptuko gehienezko kopurua baino txikiagoa bada, Gizarte-larrialdietarako laguntzak arautzen dituen Dekretuko 10.2 artikuluan xedatutakoari jarraikiz. I. eranskinean jasota daude kalkulua egiteko behar diren bi taulak: populazio orokorrarena eta pentsiodunei aplikatzekoa.
4.– Kasu partikular bakoitzean aplika daitekeen zenbatekoa udal eskudunak murriztu beharko du, dauden aurrekontu-baliabideak kontuan hartuta; kasu horretan, kontzeptu bakoitzarengatik eman daitekeen gehieneko zenbatekoa eskatzaile guztien eskaerari modu berean erantzuteko udalaren ustez nahikoa den ehuneko negatiboan murriztu beharko da.
3. artikulua.– Eskaera-pilaketa eta GLLak eska ditzaketen BUen gehieneko kopurua.
Helbide berean bizi diren bi BUk gehienez ere eskatu ahalko dituzte Diru Sarrerak Bermatzeko Euskal Sistemako prestazioak, GLLak barne. Beraz, zenbaketa horretarako aintzat hartuko dira sistemako edozein prestazio –DSBE, EPO edo baita GLLak ere– jasotzeko eratutako BUak, baina lehentasuna izango du zuzenbideko prestazioak –alegia, DSBEa eta EPOa– jasotzeak.
GLLren bi eskaera baino gehiago pilatuz gero, eskaeraren antzinatasunaren arabera artatuko dira, gizarte-zerbitzuek txosten sozialaren bidez bestelako irizpiderik finkatu ezean.
4. artikulua.– Kredituak banatzeko irizpideak.
1.– Gizarte-larrialdietarako laguntzak emateko esleitutako kredituak Euskal Autonomia Erkidegoko udalerrien artean banatzeko irizpideak, zeinak beharrizan-adierazleei jarraituz ezartzekoak baitira, honako parametro hauen arabera finkatuko dira 2019an:
– 2018ko irailaren 30ean, udalerrian dagoen Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen duten unitateen kopurua:
– Diru Sarrera Bermatzeko Errenta edo bestelako prestaziorik jaso ez eta 2018ko irailaren 30era arte udalerrian Lanbiden izena eman duten pertsonen kopurua.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitakoa gorabehera, 400 biztanle baino gutxiagoko udalerriei udalerri horiei guztira legokiekeen zenbatekoaren bataz bestekoaren zenbateko baliokidea bermatzen zaie Gizarte Larrialdietarako Laguntzen programa egikaritzeko.
5. artikulua.– Aurrekontu-mugak.
4. artikuluan adierazitako irizpideak aplikatuta, Euskal Autonomia Erkidegoko udal bakoitzak 2019an gizarte-larrialdietarako laguntzak ordaintzeko zenbat diru erabil dezakeen ezarri da aurrekontuetan. Agindu honen II. eranskinean ageri dira zenbatekoak.
6. artikulua.– Banaketa udalez gaindiko beste erakunde batzuen bidez egitea.
Udalek foru-aldundira jo badute edo partzuergoen, mankomunitateen edo beste formula batzuen bitartez kudeaketa partekatzeko bidea hartu badute gizarte-larrialdiko laguntzen baliabide ekonomikoak banatzeko, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari jakinarazi beharko diote udal bakoitzari esleitutako kopuruak udalaz gaindiko erakunde horietara egin beharreko transferentziak egiteko.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak arautzen dituen Dekretuko 33. artikuluan aipatzen diren datuen bidalketa, Gizarte Zerbitzuei buruzko Euskal Informazio Sistemaren funtzionamendua araututa ez dagoen bitartean, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuaren 2004ko urriaren 8ko Aginduan ezarritako moduan egingo da. Agindu horren bidez argitaratu zen Gizarte Larrialdietarako Laguntzen eskabide-eredu berria, eta prestazio horiei buruzko dokumentazioa euskarri informatikoan bidaltzeko modua arautu zen (2004ko azaroaren 17ko EHAA, 220 zenbakikoa). Edo, bestela, aipatutako aginduan ezarritakoa ordezkatzen duen euskarri informatiko estandarizatuaren bitartez, diru-sarrerak bermatzearen eta gizarteratzearen arloko eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailak zehazten duen moduan, datuen edukiari buruz aipatutako 33. artikuluan eskatzen diren baldintzak betez, betiere.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan bildutako ondorioetarako, Agindu honetako laguntzen ebazpena emateko Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorretan kreditu egokia eta nahikoa izan behar da.
Bigarrena.– Agindu honek 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 12a.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.