EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-24 Aldizkari honetan argitaratua: 2018246

165/2018 EBAZPENA, abenduaren 13koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea Mutrikuko Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Mutrikuko Portuko San Nikolas Ermitaren azpiko ezponda egonkortzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201800165
Xedapenaren data: 2018-12-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201806296
Maila: Ebazpena
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak hitzarmena sinatu duenez gero, zabalkunde egokia izan dezan, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Mutrikuko Udalarekin Udalarekin sinatutako lankidetza-hitzarmena, Mutrikuko Portuko San Nikolas Ermitaren azpiko ezponda egonkortzeko dena. Eranskinean dago testua.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 13a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN ABENDUAREN 13KO 165/2018 EBAZPENARENA
LANKIDETZA-HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ETA MUTRIKUKO UDALAREN ARTEAN, MUTRIKUKO PORTUKO SAN NIKOLAS ERMITAREN AZPIKO EZPONDA EGONKORTZEKO DENA
Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 22an.
HONAKO HAUEK BILDU DIRA:
Aitor Etxebarria Atutxa jauna, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Portu eta Itsas Gaietako zuzendaria, bere karguan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren izenean ari dela, 2018ko azaroaren 20ko Gobernu Kontseiluaren akordioaren arabera Hitzarmen hau sinatzeko ahala izanik.
José Ángel Lizardi Agirregomezkorta, Mutrikuko Udaleko alkate-lehendakaria, bere karguan eta berorren izenean ari dela, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.b) artikuluak xedatzen duen bezala, Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 25.1 artikuluari lotuta.
Bi aldeek elkarri aitortzen diote lankidetza-hitzarmen hau egiteko eskumena eta lege-gaitasuna, eta xede horretarako,
HAU ADIERAZTEN DUTE:
I.– Eskumena:
A.– Euskadiko Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak du Euskadiko portuen arloko eskumen esklusiboa, betiere Espainiako Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan interes orokorreko portuei buruz ezarritakoa betez.
B.– Mutrikuko Udala da ahalen titularra beste administrazio publiko batzuek berezkoak dituzten jarduera osagarrien arloan (Euskadiko Toki Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legearen 16.1 artikulua).
II.– Helburua:
1.– 2018ko otsailean, harri eta arrokak erori ziren San Nikolas ermitaren eta Mutrikuko kaiaren arteko ezpondan; zehazki, Moila kaleko 10.aren ondoko txabolen gainean, eta kalteak eragin zizkien luiziak.
Horren aurretik, 2013. urte hasieran, arrokak erori ziren, eta mazelaren oinean pilatu, Mutrikuko Moila kaleko 10.aren ondoan. Une horretan, egonkortzeko behin-behineko zenbait neurri hartu ziren.
Bestalde, 2014ko urtarrila amaieran, ezponda egonkortzeko larrialdiko obra egin zen, zenbait harri-bloketan antzemandako ezegonkortasunen ondorioz.
Gaur egun, Moila kaleko 10.aren ondoan dauden txabolak eroritako harrien ondorioz kaltetuta daude. Moila kaleko 10.ean, hesi dinamiko bat jarri zen, eraikina babesteko, eta patiora erori ziren material guztiak kendu ziren. Oraindik aurki daiteke, txabolen ondoan, azken luiziko materiala pilatuta.
Ezegonkortasunen eraginpeko ezpondak aztertu eta egonkortzeko helburuarekin, hainbat azterlan egin dira, Eusko Jaurlaritzako Portuetako Zuzendaritzak eskatuta:
–«Txosten geoteknikoa. Mutrikuko Portuko ezponda bat egonkortzea. Mutriku» (IKERLUR, 2013ko apirila; erref.: T-130205).
–«Eraikuntza-proiektua. Mutrikuko Portuko ezponda bat egonkortzea. Mutriku» (IKERLUR, 2014ko apirila; erref.: P-140202.1).
2018ko apirilean, Mutrikuko Udalak eskatuta, «Mutrikuko portuko San Nikolas ermitaren azpiko ezponda egonkortzeko proiektua» (IKERLUR, erref.: P-180402) idatzi zen.
Hala, proiektuan, eremua segurtasun-baldintza egokietan erabili ahal izateko beharrezkoa den irtenbide egonkortzaile bat zehazten da.
2.– Azaldutako egoera berezia denez, eta urte hasierako luiziaren ondorioz dagoen irristatze-arriskuagatik, hitzarmena sinatu duten aldeek borondatea azaldu dute egonkortzeko obren finantzazioan eta exekuzioan lankidetzan aritzeko, Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikuluan ezarritakoaren arabera, lankidetzako egoeretan bakoitzari dagozkion eta egozten zaizkion eskumenak betetze aldera.
Beharrezkoak diren jardueren gutxi gorabeherako kostua, aipatutako proiektuaren arabera, guztira, hau da: 154.281,00 euro (BEZa barne).
Zifra hori gehienekotzat jotzen da; birdoitu gabe dago egingo diren etorkizuneko esleipen-faseko jaitsieren arabera.
Proiektuan aurreikusitako jarduketak 2019an zehar gauzatuko dira.
3.– Adierazitako guztiagatik, hitzarmen hau sinatzea erabaki dute, eta hitzarmena arautzeko, kontuan hartuko dira
KLAUSULAK
Lehenengoa.– Hitzarmenaren xedea.
Hitzarmen honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Mutrikuko Udalaren artean erakunde arteko lankidetza ezartzea, San Nikolas ermitaren azpiko ezponda egonkortuko duen irtenbide bat emateko, «Mutrikuko portuko San Nikolas ermitaren azpiko ezponda egonkortzeko proiektua» (IKERLUR, 2018ko apirila; erref.: P-180402) izenekoan zehaztutako neurriak eta egin beharreko lan guztiak eginda, behar bezala gauza dadin.
Bigarrena.– Alderdien konpromisoak.
1.– Aldeek adierazitako helburu berbera dute, eta, beraz, batera eta modu koordinatuan jardungo dira ezarritako helburua lortze aldera, betiere administrazio bakoitzari dagozkion eskumenak errespetatuz eta printzipio hauen arabera:
a) Bakoitzaren eskumenekoak diren eremu guztietan, elkarren arteko lankidetza bultzatuko dute parte-hartzaileek.
b) Administrazio sinatzaileek batzorde bat sortzea erabaki dute, eta batzorde horrek koordinatuko ditu ezarritako helburua lortzeko gauzatu beharreko jarduerak eta programatutakoak.
c) Administrazio sinatzaileek konpromisoa beren gain hartzen dute, nork bere eskumenen baitan, hitzarmen honetan ezarritako helburua lortzeko beharrezkoak diren administrazio-jarduerak lehentasunez izapidetzeko, edozein dela jarduera mota.
2.– Egindako eta egiteke dauden jarduketen guztizko kostu zenbatetsia Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta Mutrikuko Udalaren ekarpenekin finantzatuko da.
3.– Izenpetzen duten bi aldeetako bakoitzak egin beharreko jarduketak finantzatuko ditu, aurreikuspenen arabera eta helburu horietarako ezarritako prozeduren arabera, guztizkoarekiko ehuneko hauen pareko zenbatekoekin:
– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra: % 50.
– Mutrikuko Udala: % 50.
Ondorio horietarako, ez da kontuan izango izenpetzen duten aldeek lehendik finantzatu dituzten jarduketen (txostenak eta proiektuak) zenbatekoa.
4.– Hitzarmena aurrez izapidetzearen ondorioz, esleipena edo hirugarrenekiko konpromisoa aurreikusitako betebeharrak finantzatzeko kreditu egokia edo nahikoa egotearen baldintza etengarriaren pean jartzen dela jaso beharko da. Izenpetzen duten administrazioek konpromisoa hartzen dute egin beharreko obren kontratazioaren benetako kostuarekiko dagokion zatia finantzatzera bideratuko den kreditua dutela eta eskuragarri dutela ziurtatzeko. Izenpetzen duten administrazioek konpromisoa hartzen dute egin beharreko obren kontratazioaren benetako kostuarekiko dagokion zatia finantzatzera bideratuko den kreditua dutela eta eskuragarri dutela ziurtatzeko. Xede horietarako, hauek dira aurreikusi diren aurrekontu-partidak:
– EAEko Administrazioa: 19.0.1.03.43.0300.2.739.00.51510.001/R.
– Mutrikuko Udala: 0600.601.01.450.00.
5.– Desoreka ekonomikorik gertatuz gero, obrak aurreikusitakoa baino kostu handiagoa eragin duelako, aldeek egingo diote aurre egoerari, klausula honetan ezarritako irizpidearen arabera, Jarraipen Batzordeak onartu ondoren.
Hirugarrena.– Obren kontratazioa, zuzendaritza eta ikuskaritza.
1.– Mutrikuko Udalari dagokio:
– obrak kontratatzea.
– egin beharreko obren zuzendaritza eta ikuskaritza teknikoa, bai bitarteko propioen kargura bai kontratatutakoen kargura.
– ziurtagiriak onartzea.
2.– Udalak onartutako ziurtagiriak bidaliko dizkio EAEko Administrazio Orokorrari (Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritza), ordaindu beharreko zenbatekoa adieraziz, aurreko atalaren arabera, eta ordaindu egin beharko dute.
Laugarrena.– Obrak egitea.
1.– Mutrikuko Udalak obraren nondik norako guztien berri emango dio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari, Jarraipen Batzordearen bidez; eta, bereziki, kontratuaren inguruko gorabeherak jakinaraziko dizkio, halakorik gertatuz gero, bai eta eragin ekonomikoak dituztenak ere.
2.– Obrak hasten direnetik, obrei buruz jartzen diren kartel, iragarki eta bestelako seinale guztietan administrazioek finantzatzen parte hartzen dutela adieraziko da.
Bosgarrena.– Jarraipen-batzordea.
1.– Jarraipen Batzorde bat eratuko da, eta hauek izango dira kideak:
a) Aitor Etxebarria Atutxa jauna, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren ordezkaritzan.
b) Jose Angel Lizardi Agirregomezkorta jauna, Mutrikuko Udalaren ordezkaritzan.
Edo eskuordetzen dituzten ordezkariak.
2.– Batzordeak behar beste lan-bilera egingo ditu, eta landu beharreko gai espezifikoaren arabera, beste pertsona batzuk ere parte har dezatela erabaki dezakete.
3.– Honako hauek dira Batzordearen zereginak:
– Barne-funtzionamendua zehaztea.
– Lehenengo klausulan azaldutako obrak gauzatzeko jarduera-plana zehaztea eta administrazio sinatzaileek gauzatu beharreko jarduerak koordinatzea, kontuan hartuta, betiere administrazio bakoitzari zer eskumen dagozkion.
– Obren nondik norakoak zuzenean eta aldian-aldian jakitea, proiektuaren aldaketak onartzea –halakorik balego–, organo eskudunera bideratu baino lehen hark onar ditzan.
– Eta, oro har, hitzarmen honetan adostutakoa betetzen dela kontrolatzea, eta hitzarmen honetan adierazitakoa interpretatzeko eta betetzeko sortzen diren arazoei aurre egitea.
4.– Lankidetza-hitzarmen honetan berariaz aurreikusi ez den orori dagokionez, batzordea Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen II. kapituluaren II. tituluan kide anitzeko organoei buruz ezarritako arauen bidez arautuko da.
Seigarrena.– Betebeharrak ez betetzea.
1.– Aldeetako batek hartu diren konpromisoak betetzen ez baditu, ahal hauek edukiko dituzte beste aldeek:
a) Konpromisoak zorrotz betetzea eskatu ahalko dute, edo
b) Hitzarmena modu adostuan deuseztatzea eskatu ahalko dute.
2.– Azken kasu horretan, amaitzeko baldintzak zehaztuko dituzte esku hartu duten aldeek, Jarraipen Batzordearen bidez.
Zazpigarrena.– Bertan behera uztea.
Hitzarmena bertan behera geratuko da alde guztiek hala adosten badute.
Zortzigarrena.– Hitzarmenaren indarraldia.
Hitzarmenak sei hilabeteko indarraldia izango du, sinatzen den egunetik zenbatzen hasita.
Bederatzigarrena.– Hitzarmenaren izaera eta jurisdikzio eskuduna.
1.– Hitzarmen hau Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legearen 48.1 artikuluaren babesean eta toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 57. artikuluaren babesean egin da. Halaber, arau espezifikorik ez badago, legezko testu horien printzipioak aplikatuko zaizkio, sor daitezkeen zalantzak eta hutsuneak ebazteko.
2.– Hitzarmen honen edukiaren interpretazioak, aldaketak, ondorioek eta bertan behera uzteak sor ditzaketen auzigaiak, eta hirugarren klausulan aurreikusitako batzordearen bitartez ebatzi ez direnak, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legean xedatutakoaren arabera ebatziko dira.
Alderdiek irakurri ondoren, eta ados daudela adierazteko, euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako lankidetza-hitzarmenaren lau ale izenpetzen dituzte sinatzaileek idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean, guztiek estatus bera dutela.
Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra,
AITOR ETXEBARRIA ATUTXA.
Mutrikuko Udala,
JOSÉ ÁNGEL LIZARDI AGIRREGOMEZKORTA.