EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2018244

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 4koa, Kontsumobide – Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendariarena, kontsumitzaileen elkarteei diru-laguntzak emateko 2019ko ekitaldiko deialdia eta oinarriak argitaratzen dituena.

Xedapenaren data: 2018-12-04
Hurrenkenaren zenbakia: 201806240
Maila: Ebazpena
Kontsumitzaileen elkarteak irabazteko asmorik gabeko erakundeak dira, eta euren helburua kontsumitzaileen eskubide eta interes legitimoak babestea eta kontsumitzaileei informazioa, prestakuntza eta hezkuntza ematea da.
Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10. artikuluan jasotakoarekin bat etorrita, Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumen esklusiboa da kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestearen inguruko eskumena.
Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Estatutuari buruzko 6/2003 Legearen 28. artikuluan ezarritakoaren arabera, kontsumitzaileen eta erabiltzaileen elkarteak izango dira kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interesak aldezteko unean ordezkaritza eskaini eta parte hartuko dutenak. Euskadiko herri-administrazioek dagokien eremuan kontsumitzaileen aldeko elkarteak sortzea sustatuko dute.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutua 9/2007 Legearen bidez sortu zen, eta haren helburuak Kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldeztearen eta babestearen arloan Jaurlaritzaren politikak zehaztea, planifikatzea, bultzatzea eta betearaztea dira. Eta zereginen artean hauxe dugu besteak beste: kontsumitzaileak eta erabiltzaileak aldezteko eta babesteko elkarteen eta erakundeen garapena indartzea eta sustatzea, eta aktiboki eta diruz lagunduz lan egitea elkarteekin aholkularitza-, defentsa- eta informazio-egitekoetan.
2018ko urriaren 9an, Kontsumobideko zuzendariaren ebazpen baten bidez, erakunde autonomo horren Diru-laguntzen 2019-2021 aldirako Plan Estrategiakoa onartu zen, betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren artikuluan ezarritakoa betez. Gainera, erakunde autonomo horren web-orrian argitaratu zen.
Azaldutako gogoetak eta azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrean, Diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006ko Errege Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoa kontuan izanik, hau
Ebazten dut:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko kontsumitzaileen elkarteei ematen zaizkien diru-laguntzak arautzea, funtzionamenduko, laguntza juridikoko eta berrikuntza teknologikoko proiektuak egiteko gastuak ordain ditzaten.
2. artikulua.– Diru-baliabideak.
1.– Deialdi hau finantzatzeko 431.000 euro erabiliko dira gehienez, eta horietatik 322.000 euro 2019ko ordainketa-kredituari dagozkio, eta 109.000 euro, aldiz, 2020ko konpromiso-kredituari, programan hala xedatuta baitaude.
Ebazpen honetan arautako laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
2.– Aurreko zenbakian ekonomia baliabideen kopuru osoa honelaxe banatzen da, 4. artikuluan ezarritako diruz laguntzeko moduko kontzeptuen artean:
a) 1. lerroan («Kontsumitzaileei arreta ematea») xedatutako laguntzak finantzatzeko: 240.000 euro, hau da, 2019ko ordainketa-kredituari dagozkion 179.304 euro, eta 2020rako konpromiso-kredituari dagozkion 60.696 euro.
b) 2. lerroan («Aholkularitza juridikoa») xedatutako laguntzak finantzatzeko: 155.000 euro, hau da, 2019ko ordainketa-kredituari dagozkion 115.800,50 euro, eta 2020rako konpromiso-kredituari dagozkion 39.199,50 euro.
c) 3. lerroan («Berrikuntza teknologikoko proiektuak») xedatutako laguntzak finantzatzeko: 36.000 euro, hau da, 2019ko ordainketa-kredituari dagozkion 26.895,5 euro eta 2020rako konpromiso-kredituari dagozkion 9.104,50 euro.
3.– Diruz laguntzeko moduko lerroak finantzatzeko baliabide ekonomikoei dagokienez, haietakoren batean kreditua amaitzen ez bada, gerakina beste lerro bateko laguntzak finantzatzeko erabil daiteke. Horretarako lehentasun-hurrenkera 2.2 artikuluan ezarritakoa izango da.
4.– Ebazpen honetan ezarritako laguntzak lehiaketa prozeduraren bidez ebatziko dira, diruz lagundu daitekeen eta 4. artikuluan zehaztutako kontzeptu bakoitzarentzat.
5.– Entitate onuradunek 2019an egindako gastuak ordaintzeko dira laguntza horiek.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Honako baldintza hauek betetzen dituzten kontsumitzaileen elkarteak izan daitezke ebazpen honek araututako diru-laguntzen erakunde onuradun:
Beren helburu bakarra kontsumitzaileak kontsumoaren alor guztietan defendatzea izatea.
Eskaera aurkezteko unean izena emanda edukitzea Euskadiko Kontsumitzaileen Elkarteen Erroldan (uztailaren 30eko 249/1985 Dekretuan zehazten da zein den errolda hori), betiere Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren abenduaren 22ko 6/2003 Legearen 30. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Jardun-eremuak Euskal Autonomia Erkidego osoa hartzea.
Kontsultak egiteko, arreta emateko eta kontsumitzaileek aurkeztutako erreklamazioak kudeatzeko zerbitzu bat izatea.
Zuzenbidean lizentziatutako pertsonek emandako aholkularitzako eta laguntza juridikoko zerbitzu bat izatea.
Gizarte Segurantzarekiko eta EAEko Administrazio Orokorrarekiko zer zerga-betebehar dituen ezagutzea.
Diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen zigor penal edo administratiborik ez izatea, edo ez egotea horretarako desgaitzen duen legezko debeku baten pean.
Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta edukitzea.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako gainerako baldintzak.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen kontzeptuak.
Diruz lagundu daitezkeen 3 lerro ezartzen dira:
1. lerroa: Kontsumitzaileentzako arreta.
2. lerroa: Laguntza juridikoa.
3. lerroa: Teknologia-berrikuntzako proiektuak.
4.1.– Kontsumitzaileei arreta ematea (1. lerroa).
4.1.1.– Diruz lagunduko dira kontsumitzaileen elkarteen funtzionamendu orokorretik eratorritako gastuak, jarduera hauek gauzatzeko egindakoak:
– Kontsumitzaileentzako arreta.
– Erreklamazioak kudeatzea eta kontsumo-harremanei dagozkien gatazketan bitartekotza-lanak egitea.
– Kontsumitzaileei zuzendutako prestakuntza- eta informazio-ekintzak.
Kontsumitzaileekiko arreta-zerbitzua modu orokortuan egingo da, kontuan hartu gabe kontsumitzaile horiek elkarteko kide diren ala ez.
4.2.– Laguntza juridikoa (2. lerroa).
4.2.1.– Diruz lagunduko dira elkarteek kontsumitzaileei emandako laguntza juridikotik eratorritako gastuak:
– Elkarteko aholkulari juridiko batekin izandako kontsultak.
– Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren epaiketetan kontsumitzaileen eskubideak eta interesak defendatzea.
– Kontsumitzaileen multzoari zuzendutako orientazio juridiko orokorrak.
– Bukarazte-akzioak.
4.3.– Berrikuntza teknologikoko proiektuak (3. lerroa).
Webguneak garatu, hobetu eta modernizatzeko proiektuak, on-line erreklamazio- eta kontsulta-zerbitzuak eta bestelako zerbitzu interesgarri berriak inplementatzeko. Eskatzaile bakoitzeko, proiektu bakarra onartuko da.
5. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1. lerroa.
Gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:
– Lokalen alokairuak; erakunde eskatzaile bakoitzak 3 alokairu izan ahalko ditu gehienez, eta publikoari irekitako bulegoekin bat egin beharko dute.
– Langile-gastuak.
– Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31.7 artikuluan ezarritakoarekin bat datozen finantza-gastuak.
– Eskaeraren aurrekontuaren atalean behar berzala zehaztutako bestelako gastu orokorrak (argindarra, ura, gasa, komunikazioak...).
2. lerroa.
Gastu hauek diruz lagundu ahal izango dira:
– Aholkulari juridiko profesionalen minutak.
– Adituen azterlanak edo txostenak.
– Aholkularitza juridikoko funtzioak betetzen dituzten langileak.
– Bukarazte-akzioetatik eratorritako bestelako gastuak.
3. lerroa.
Diruz lagundu ahal izango dira diru-laguntzak xede dituen berrikuntza proiektutik eratorritako gastuak.
Osoki azpikontratatu ahal izango da 2. lerroko jardueren exekuzioa, betiere Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 29. artikuluan eta 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onartutako Diru-laguntzen Erregelamenduaren 68. artikuluan ezarritako baldintzak errespetatuz.
Diruz lagundu daitezkeen gastuen muga kuantitatiboa merkatuaren balioa izango da, eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan ezarritakora egokituko dira.
6. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.
1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta amaitu, berriz, 2019ko otsailaren 15ean.
2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, osorik eta behar bezala beteta, eta hurrengo artikuluan eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Hortaz, euskadi.eus atariaren egoitza elektroniko honetan aurkeztu beharko dira eskaerak:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/kontsumitzaileen-elkarteentzako-laguntzak-2019/y22-izapide/eu
3.– Bide elektronikotik eskabideak aurkeztu osteko izapideak honen bidez egingo dira:
https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/
4.– Prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektroniko bidez egin nahi dituzten erakunde interesdunek onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki behar dute:
https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/y22-izapide2/eu/
5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskabidea eta dokumentuak, aukeran. Gainera, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2 eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
7. artikulua.– Baldintzak egiaztatzea.
1.– Diru-laguntzaren eskaera aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena emango dio Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari zuzenean eskuratzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak, ziurtagiri telematikoen bitartez. Eskatzaileak, kasu horretan, ez ditu bidali beharko dagozkion agiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uko egin diezaioke baimen horri, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion agiriak aurkeztu beharko ditu.
2.– Erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, honako baldintza hauek betetzen direla ziurtatu beharko da:
Helburu bererako diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo beste baliabide batzuk eskatu eta, hala badagokio, jaso direla adierazi behar du erakunde eskatzaileak, edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik etorriak direla ere.
Egiaztatu behar da erakundeak ez daukala abian itzultze- edo zehapen-prozedurarik, edo horiek amaituta dituela; hortaz, diru-laguntza emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko dute itzultze- edo zehapen-prozedurek.
Erakunde eskatzaileak egiztatu behar du ez dagoela laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapen administratibo edo penal baten pean, edo ez daukala horretarako legezko debekurik.
Eskatzailearen helburu bakarra izango da kontsumitzaileak defendatzea kontsumoaren alor guztietan.
Jardun-eremua Euskal Autonomia Erkidego osoa izan behar du.
Aholkularitza zerbitzua eta laguntza juridikoa eskaini behar du.
2018ko abenduaren 31n kuota ordaindua duten bazkide-kopurua jakinaraziko du.
Diru-laguntzak itzultzeko betebeharrak ordainduta eduki behar ditu.
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar ditu.
Edozein unetan egiaztatu ahal izango da erantzukizunpeko adierazpenean jasotako datuak egiazkoak direla. Adierazpen horrek Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 69. artikuluan ezarritako betekizunak bete behar ditu.
Erakunde eskatzaileak edo horren ordezkari gisa jarduten duen pertsonak bere erantzukizunpean adierazi behar du egiazkoak direla eskabidean jasotako datuak, indarrean dagoen legediak eskubidea jasotzeko ezarritako eskakizunak betetzen dituela eta hori egiaztatzen duten dokumentuak dauzkala, eta, diru-laguntza eskuratuz gero, horri dagokion denboraldian zehar eskakizun horiek betetzen jarraituko duela.
8. artikulua.– Dokumentazioa.
Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpena barne, honako agiri hauekin batera aurkeztu beharko da. Orokorki:
2018ko abenduaren 31ko egoera ekonomikoaren balantzea, eta emaitzen kontua, bazkideen kuotetatik sartutako zenbatekoa eta bazkideen kuotetatik ez datozen bestelako diru-sarrerak zehaztuta.
Elkarteak 2018an egindako jardunaren memoria zehatza.
Horrez gain, 1. lerroko eskabideetarako:
Eskaini nahi den kontsumitzaileentzako arreta-zerbitzuaren memoria zehatza, zeinak nahitaez eman beharko baititu haren ardura hartuko duten langileen aipamena, eskaini beharreko orduak eta jardueraren deskribapena.
Erakunde eskatzaileak aurreko urtean parte hartu zuen autonomia-erkidegoko ordezkaritza- eta kontsulta-organo bakoitzak emandako ziurtagiria.
Horrez gain, 2. lerroko eskabideetarako:
Deialdiaren urtean eskaini nahi den zerbitzu juridikoaren memoria zehatza, honako hauek jasota: zein diren haren ardura hartuko duten langileak, zenbat ordu jardungo duten eta jardueraren deskribapena.
Txosten bat, 2018an kontsumitzaileen eskubideen defentsa egiteko aurkeztutako demanda-kopurua jasoko duena. Txosten horri demanda judizialak aurkeztu izana ziurtatzen duen nahikoa frogagiri erantsi beharko zaio, bai eta dagozkion epaien kopia ere.
Txosten bat, 2018an gauzatu diren eta 2019an gauzatzea espero den bukarazte-akzioei buruzkoa.
Horrez gain, 3. lerroko eskaerentzat, memoriak honako hau jaso behar du:
– Proiektuaren helburuak.
– Proiektuaren edukiaren garapena.
– Gauzatze-aurrekontua.
9. artikulua.– Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.
Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio, eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzen dezan; halaber, jakinaraziko zaio, agindutakoa bete ezean, eskabidean atzera egin duela esan nahiko duela, hala ezarrita baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan.
10. artikulua.– Hautaketa.
Diru-laguntzen eskabideak lehiaketa bidez ebatziko dira 1. eta 2. lerroetarako. Alde horretatik, diru-laguntzen esleipena egiteko, aurkeztutako eskabideak erkatu eta, 13. artikuluan ezarritako esleipen-irizpideak kontuan hartuz, lehentasunen arabera ordenatuko dira.
3. lerrorako, diruz lagunduko dira 70 puntu edo gehiago duten proiektuak, balorazio irizpideekin bat etorrita.
11. artikulua.– Balorazio batzordea.
1.– Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko, balorazio batzorde bat eratuko da, eta pertsona hauek izango dira batzordekideak:
– Batzordeburua: Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuko zuzendaria.
– Merkatuaren Ikuskaritza eta Kontrolerako Unitateko arduraduna.
– Erreklamazioetarako, Bitartekaritzarako eta Arbitrajerako Unitateko arduraduna.
– Zerbitzu Orokorretako Unitateko aholkulari juridikoa.
Batzordeburuak izendatuko du kide anitzeko organoko idazkaria.
2.– Epean eta egoki aurkeztutako dokumentazioan oinarrituta balioetsiko ditu eskaerak balorazio batzordeak.
3.– Kontsumobidek, laguntzak kudeatzen dituen organo den heinean, eta balorazio batzordeak, beharrezko irizten badiote, informazio eta agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkiete erakunde eskatzaileei, aurkeztutako eskabideak hobeki ulertu ahal izateko.
12. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
Hauek izango dira erakunde onuradunek gehienez jaso ahal izango dituzten zenbatekoak:
1. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100, 102.000 eurokoa gehienez.
2. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100, 55.000 eurokoa gehienez.
3. lerroa: Aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100, 15.000 eurokoa gehienez.
13. artikulua.– Balorazio irizpideak.
Ebazpen-proposamen bat garatze aldera, irizpide hauek hartuko dira kontuan:
1.– 1. lerroan: Kontsumitzaileei arreta ematea.
2018an kudeatutako erreklamazio-kopurua: 15 puntu gehienez; 0,05 puntu erreklamazio bakoitzeko. Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako, bideratutako eta ebatzitako erreklamazioak soilik hartuko dira kontuan.
2018an jaso eta artatutako kontsulta-kopurua: 10 puntu gehienez; 0,01 puntu kontsulta bakoitzeko. Soilik hartuko dira kontuan Kontsumonet aplikazio informatikoaren bidez behar bezala erregistratutako kontsultak.
Kontsumobiden aurkeztutako eta zehapen-izaerako administrazio-prozedurak eragin dituzten salaketa-kopurua: puntu 1 salaketa bakoitzeko, 5 puntu gehienez.
Astean 20 ordu baino gehiagoz publikoari irekitako bulego bakoitzeko, zeinetan 2018. urtean gutxienez 25 erreklamazio izapidetu baitira: 5 puntu, 15 puntu gehienez.
Sare sozialetako parte-hartzea eta presentzia: 10 puntu gehienez.
Twitter (5 puntu gehienez):
– Elkarteak berak landutako txio argitaratuak: 0,05na puntu, eta, orotara, gehienez ere 3 puntu.
– Jarraitzaileak: 0,5 puntu 300 jarraitzaileko, 2 puntu gehienez.
Facebook (5 puntu gehienez):
– Elkarteak berak landutako post argitaratuak: 0,05 puntu, gehienez ere puntu 3.
– Jarraitzaileak: 0,5 puntu 300 jarraitzaileko, 2 puntu gehienez.
2018an kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko bukarazte-akzio judizialak gauzatu izana 10 punturekin baloratuko da.
Autonomia erkidegoko ordezkatze- eta kontsulta-organoen kopurua, zeinetan titular gisa parte hartu baitu elkarteak aurreko urtean: 0,50 puntu organo bakoitzeko, 5 puntu gehienez.
Elkarteko kuota ordaindua duten bazkide-kopurua. Ordainketak eginda dauzkan bazkidetzat joko da elkartearen urteko kuota ordainduta duen pertsona fisiko edo juridikoa.
– 200 bazkidetik 400era: 5 puntu.
– 401 bazkidetik 600era: 7 puntu.
– 601 bazkidetik 800era: 10 puntu.
– 801 bazkide baino gehiago: 15 puntu.
Bazkide gehiago lortzeko jarduerak egitea: 5 puntu gehienez, puntu 1 burututako jarduera bakoitzeko.
Erakunde eskatzaileak deialdiaren aurreko urtean izandako diru-sarrerak: 10 puntu gehienez.
Puntu bat emango da berezko diru-sarreretatik datozen 4.000 euroko, betiere bazkideen kuotetatik ez badatoz.
2.– 2. lerroan: Laguntza juridikoa.
2018an kontsumitzaileen eta erabiltzaileen interes orokorrak defendatzeko bukarazte-akzio judizialak gauzatu izana 20 punturekin baloratuko da.
2018an kontsumitzaileen eskubideak defendatzeko aurkeztutako demanda judizialen kopurua: 80 puntu gehienez; puntu 1 demanda bakoitzeko.
3.– 3. lerroan: Teknologia berrikuntzako proiektuak.
Proiektua onartzeko, gutxieneko puntuazioa 70 puntu da.
Proiektuaren helburua, gehienez ere 10 puntu.
Proiektuaren edukia, gehienez ere 70 puntu.
Gauzatzeko aurrekontua, gehienez ere 20 puntu.
4.– 1. eta 2. lerroen kalkulua.
Eskatzaile bakoitzak lerro bakoitzeko lortutako puntuazioa lerro bakoitzaren ataletan lortutako puntuazio guztien batuketa izango da. Lerro bakoitzean puntuazio handiena lortu duen eskatzaileari aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren % 100eko diru-laguntza esleituko zaio, 12 artikuluan jasotako mugak kontuan izaki. Gainerako eskatzaileei diru-laguntzaren ehunekoa proportzionalki kalkulatuko zaie.
5.– 3. lerroa kalkulatzea.
Onartutako proiektuan aurkeztu eta onartutako aurrekontuaren % 100 lagunduko da diruz, 12. artikuluan ezarritako mugak aintzat hartuta, betiere.
6.– Behin aurkeztutako eta onartutako aurrekontuen balorazioan eskuratutako portzentajeak aplikatuta, eta 2.2 artikuluko lerroetako bakoitzarentzat aurreikusitako mugak kontuan hartuta, eman beharreko diru-laguntzen guztirako zenbatekoak eskuragarri dagoen aurrekontu-kreditua gainditzen badu, kontsumitzaileen elkarte onuradun guztiei dagokien banaketa proportzionala aplikatuko zaie.
14. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Honako deialdi honetan ematen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio batzuek edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuek mota bereko gastuak finantzatzeko emandako edozein diru-laguntza edo laguntzarekin, bai eta helburu bera duen beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin ere.
2.– Gainfinantzaketarik sortzen bada, edo deialdi honetan ezarritako gehieneko finantzazio publikoko ehunekoa gainditzen bada, jaso beharreko diru-laguntza dagokion kopurura arte murriztuko da.
3.– Gainfinantzaketa itzultze-betebehar bera aurreikusita duten beste laguntza batzuekin konkurrentzian sortzen bada, itzuli beharreko kopurua proportzionala izango da diruz lagundutako jardueraren kostuarekiko laguntzak dakarren ehunekoarekiko.
15. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpen eta jakinarazpen epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko moduak.
1.– Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari dagokio prozeduran planteatuko gai guztien gaineko ebazpenak hartzea, betiere, epaimahai kalifikatzailearen proposamena kontuan hartuz.
2.– Adjudikazio-prozedura bakoitzean hartutako den ebazpenak zehaztutako du eskatutako diru-laguntzak ematen diren edo ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: erakunde onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua eta emandako zenbatekoa, urtez urteko banaketarekin. Ukatzen diren diru-laguntzen kasuan, erakunde eskatzailearen izena eta diru-laguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.
3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren balioa izango du.
4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita. Epe hori igarota aurreko paragrafoan ezarritako jakinarazpenik egin ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, berau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
6.– Agindu honetan jasotako diru-laguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan hasitako edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako diru-laguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.
16. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
Esleitutako diru-laguntzak honela ordainduko dira:
– 4. artikuluko kontzeptu guztietarako emandako zenbatekoaren % 75,71, aldeko ebazpena hartzen den unean; betiere, 18.1.a) artikuluan aipatzen den epea igaro ostean.
– 4. artikuluko kontzeptu guztietarako gainerako % 25a, agindu honetako 5. artikuluan jasotako gastuen guztizkoa justifikatu ondoren.
Diru-laguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.
17. artikulua.– Laguntzaren justifikazioa.
1.– Onuradunak, jasotako diru-laguntza justifikatzeko, agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2020ko martxoaren 15a baino lehen, eskuratutako laguntza lerro bakoitzeko:
a) Burututako ekintzen memoria.
b) Burututako jardueren memoria ekonomikoa, honako hauek bilduko dituena:
– Burututako jardueren gastuen zerrenda sailkatua, hauek adierazita: hartzekodunaren identifikazioa, haren IFK, zenbatekoa, gastuaren azalpen laburtua eta ordainketaren data.
– Aurreko lerroaldean aipatutako gastuen zerrendara batutako gastuak justifikatzeko fakturak. Fakturek jatorrizkoak izan beharko dute edo, bestela, fotokopia konpultsatuak, 2019ko abenduaren 31koak edo lehenagokoak, eta elkarteko buruaren adostasuna eduki beharko dute.
c) Elkartearentzat zuzenean diharduten langileei buruzko frogagiriak eredu ofizialaren araberako nominen bidez aurkeztu beharko dira, Gizarte Segurantzari ordaindu izanaren frogagiriekin eta kasuan kasuko tributu ereduarekin batera, langile bakoitzari dagokiona adierazita.
d) Aldi baterako lankidetzak justifikatzeko, ordainagiriak aurkeztu behar dira, datu hauek jasoko dituztenak: hartzailearen izena, NAN zenbakia, zer kontzepturengatik ordaintzen zaion eta PFEZari dagokion atxikipena.
2.– Kontsumobidek egoki irizten dien adina egiaztapen egin dezake emandako diru-laguntzaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko agiri guztiak aztertu ahal izango ditu.
3.– Gastuak justifikatzerakoan 4. artikuluko ataletan diru-laguntza emateko onartutako aurrekontutik % 15etik gora eta % 25 edo hortik behera desbideratu dela ikusten bada, emandako diru-laguntza gutxiko da, ebazpen baten bidez, eta, horrela, benetan gastatutako diru-zenbatekoari aplikatuko zaion ehunekoa eta diru-laguntza kalkulatzeko aurrekontuari aplikatu zitzaiona berbera izango da.
4.– 4. artikuluko idatz-zatietan % 25etik gora desbideratzeak diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea ekarriko du, ebazpen honen 19. artikuluan ezarritakoaren arabera, non eta diru-laguntza esleitzeko helburuak bete direla zuritzen ez den. Horrela gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa aurreko lerroaldean aurreikusitako moduan gutxituko da.
5.– Diru-laguntza jaso duen kontsumitzaileen elkarteak itzuli egin beharko du behar baino gehiago jasotakoa –halakorik gertatuz gero–; horretarako, bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaion egunetik hasita. Hala agintzen da abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra ezarri zuen dekretu horrek; halaber, horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, araubidea eta eginbeharrak ezarri zituen).
18. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
1.– Betebehar hauek izango dituzten agindu honetan ezarritako laguntzak jasotzen dituzten kontsumitzaileen elkarteek:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Diru-laguntzaren berri ematen dien jakinarazpena jaso eta 10 eguneko epean erakunde onuradunek ukoa idazki batean adierazten ez badute, onartu egiten dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabiltzea, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak –diru-laguntzen inguruko egitekoak dituztenez– eskatzen dieten beste agiri ematea.
c) Kontsumitzaileen elkarteen bulegoetan Kontsumonet informazio-aplikazioaren bitartez jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak kudeatzea (erregistratu, izapidetu eta ebatzi). Kontsumoari buruzko informazio-zentroen sarean dauden zentro guztien jarduerak biltzen ditu Kontsumonet informatika-aplikazioak.
d) Kontsumobidek diruz lagundutako jarduerak garatzeko laguntza eman izanaren jakinarazpena bermatzea, horretarako dagokion logotipoa erabilita.
e) Elkartearen jarduerak sustatu eta horien berri ematean, sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.
f) Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak diru-laguntzaren helburuarekin lotutako harremanen eremuan bete direla bermatzea.
g) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako inguruabarren bat aldatu bada, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, horren berri ematea Kontsumobideri.
h) Jakinaraztea ea diru-laguntzarik, laguntzarik, diru-sarrerarik edo bestelako baliabiderik eskatu edo, hala badagokio, jaso den helburu bererako, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatu batzuetatik.
i) Diru-laguntzaren erakunde onuraduna, behar baino zenbateko handiagoak jasotzen baditu, horiek itzultzera derrigortuta dago. Horretarako, bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaion egunetik hasita, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarri bezala. Hain zuzen ere, dekretu horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta berak ezartzen ditu horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.
j) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 18. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan aurreikusitako gainontzeko betebeharrak betetzea.
2.– Diru-laguntza eman eta, hala badagokio, ordaindu ahal izateko, amaituta eduki behar dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko diru-laguntza publikoak itzultzeko prozedura nahiz zigor-prozedura guztiak, prozedura horiek oraindik izapidetze-aldian badaude behintzat.
19. artikulua.– Ez-betetzeak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezartzen diren kasuetan, diru-laguntzak kendu egingo dira, eta, ondorioz, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu elkarte onuradunak. Halaber, horrela jokatuko da baldin eta elkarte onuradunak betebeharrak konplitu gabe uzten baditu, gastuak justifikatzen ez baditu, eskabidean esandakora gabe beste zerbaiterako erabiltzen badu, edota, oro har, ebazpen honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako betekizunen bat betetzen ez badu.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Hirugarrena.– Xedapen hauek arautzen dute ebazpen honetako diru-laguntzak: Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea; urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. Kapitulua, eta Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko araudia.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 4a.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,
NORA ABETE GARCÍA.