EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-20 Aldizkari honetan argitaratua: 2018244

180/2018 DEKRETUA, abenduaren 11koa, Katea Legaia, SLL erantzukizun mugatuko lan-sozietatea gizarte-intereseko deklaratzeko dena.

Xedapenaren zenbakia: 201800180
Xedapenaren data: 2018-12-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201806238
Maila: Dekretua
Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan dago xedatuta gizarte-intereseko deklara daitezkeela gizarte-zerbitzuak ematen diharduten irabazi-asmorik gabeko erakundeak, baldin eta arauz adierazitako betekizunak betetzen badituzte, aintzatesteko bai euren ibilbidea bai autonomia-erkidegoan gizarte-ekintzako hirugarren sektorean gizarte-zerbitzuak garatzeko egindako ekarpena.
Gizarte-zerbitzuetako irabazi-asmorik gabeko erakundeak gizarte-intereseko deklaratzeari buruzko urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan daude araututa gizarte-interesaren deklarazioa lortzeko baldintzak eta prozedura aplikagarria.
Haren babesean, Katea Legaia, SLL sozietateak aipatutako deklarazioa eskatu du, uste baitu merezi duela gizarte-interesekoa dela aitortzea gizarte-ekintzaren arloan egiten dituen jarduerengatik.
Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzaren txostenean adierazi bezala, Katea Legaia, SLL sozietatea merkataritza-sozietate bat da eta, 1995ean erantzukizun mugatuko sozietate gisa hasi zen arren, 2005ean erantzukizun mugatuko lan-sozietate bihurtu eta Katea Legaia, SLL izena hartu zuen. Haren helburua da industria- eta zerbitzu-jarduerak egitea, zuzenbidean onartutako edozein forma juridikotan, desgaitasunen bat duten pertsonentzako enplegua sortzeko xedez.
Ibilbide historikoa du Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak ematen; izan ere, egiaztatuta dago horretan jardun duela autonomia-erkidego honetan, etenik gabe, 1995az geroztik, lehendabizi erantzukizun mugatuko sozietate gisa eta gerora, 2005etik aurrera, erantzukizun mugatuko lan-sozietate gisa. Gipuzkoako Lurralde Historikoaren eremuan gauzatzen ditu bere jarduerak.
Aipatutako urriaren 7ko 424/2013 Dekretuan xedatutakoaren arabera, gizarte-intereseko deklaratzeko, dekretua eman behar da, gizarte-zerbitzuen arloan eskumena duen eta espedientea izapidetu duen sailburuak proposatuta eta Gobernu Kontseiluak onartuta.
Horrenbestez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko abenduaren 11n egindako bileran aztertu eta onartu ondoren, hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Katea Legaia, SLL gizarte-intereseko deklaratzea, uste baita Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-zerbitzuak garatzen laguntzen duela gizarte-ekintzako bere jardueren bidez.
2. artikulua.– Katea Legaia, SLL sozietateari deklarazio honen berezko eskubideak aitortzea, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legearen 74. artikuluan xedatutakoak.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko abenduaren 11n.
El Lehendakari,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.