EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2018242

EBAZPENA, 2018ko abenduaren 11koa, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearena, zeinaren bidez, areagotu egiten baita autonomoek, enpresek eta udalerriek merkataritza-ekintzailetza pizteko laguntzen programa erregulatzen duen eta horren deialdia egiten duen Aginduaren zenbatekoa, 2018ko ekitaldiari begirakoa.

Xedapenaren data: 2018-12-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201806174
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/10/09an argitaratutako 2018/10/02ko AGINDUA [201804939]

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2018ko urriaren 2ko Aginduaren bidez (2018ko urriaren 9ko EHAA, 195. zk.), autonomoek, enpresek eta udalerriek merkataritza-ekintzailetza pizteko laguntzen programa erregulatzen da, eta horren deialdia egiten, 2018ko ekitaldiari begira.
Aginduaren 2. artikuluak (baliabide ekonomikoei buruzkoak) honako hau ezartzen du:
«1. Aurreko artikuluko xedera bideratutako baliabide ekonomikoek kopuru hauek izango dituzte, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan xede horretarako ezarri diren aurrekontu-kredituetan izango dute jatorria:
a) 1.200.000 euro udalen jarduketa-proiektuetarako.
b) 500.000 euro merkataritza-enpresek ekiteko.
c) 500.000 euro merkataritza-enpresek ekiteko, enpresaren titularrak emakumeak bakarrik badira edo enpresan % 50eko partaidetza badute.
d) b) eta c) letrei dagokienez, bietako edozeinetan areagotu ahalko da diru-hornidura, behar izanez gero, beste letrako soberakinen kargura.
2.– Deialdi honetan esleituko diren laguntzen bolumenak ezingo du gainditu artikulu honetan edo honen eguneraketan xedatzen den zenbatekoa, indarreko legerian jasotzen den kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketaren araubidearekin bat eginez. Halakorik gertatuz gero, iragarri egingo da, Turismo eta Merkataritzako sailburuordearen ebazpenaren bidez».
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak merkataritza-enpresetan ekiteko bideratu dituen 1.000.000 euroren zenbatekoa (horietatik 500.000 euro merkataritza-enpresek ekiteko dira, enpresaren titularrak emakumeak bakarrik badira edo enpresan % 50eko partaidetza badute) ez da eskaera guztiei erantzuteko nahikoa; beraz, kopuru hori areagotu behar da.
Aurreko guztiarengatik, honako hau
EBAZTEN DUT:
Milioi bat eta laurehun mila eurotan (1.400.000 eurotan) areagotzea Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2018ko urriaren 2ko Aginduaren 2. artikuluan xedatzen den zenbatekoa (Agindu horren bidez, autonomoek, enpresek eta udalerriek merkataritza-ekintzailetza pizteko laguntzen programa erregulatzen da, eta horren deialdia egiten, 2018ko ekitaldiari begira). Beraz, laguntzen guztizko kopurua 3.600.000 eurokoa izango da, eta honela banatuko da:
a) 1.200.000 euro udalen jarduketa-proiektuetarako.
b) 1.200.000 euro merkataritza-enpresek ekiteko.
c) 1.200.000 euro merkataritza-enpresek ekiteko, enpresaren titularrak emakumeak bakarrik badira edo enpresan % 50eko partaidetza badute.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen hau indarrean jarriko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen; beraz, gora jotzeko errekurtsoa jarri ahalko da beronen aurka, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko sailburuaren aurrean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita hilabeteko epean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko abenduaren 11.
Merkataritza eta Turismoko sailburuordea,
ISABEL MUELA LÓPEZ.