EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-18 Aldizkari honetan argitaratua: 2018242

184/2018 DEKRETUA, abenduaren 11koa, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari Eusko Irratia-Radiodifusión Vasca, SA sozietate anonimo publikoaren kapital zabalkuntzan partaidetza izateko baimena ematen diona, eta, ondorioz, sozietatearen estatutuak aldatzen dituena.

Xedapenaren zenbakia: 201800184
Xedapenaren data: 2018-12-11
Hurrenkenaren zenbakia: 201806172
Maila: Dekretua
Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak hau ezartzen du 110. artikuluan: enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Gobernu Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana; eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen sailburuak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta ematen den egunetik aurrera izango du eragina.
Baltzuaren estatutuen arabera, sozietatearen helburua honako hau da: igorpen irratielektrikoez baliatuta, soinuak uhinen bidez –edo horretarako diren kableen bidez– sortzea eta zabaltzea –bitartekoz edo bitartekorik gabe– herritar guztiengana, edo herritar batzuengana; betiere helburua izanik informazioa, kultura, artea, aisialdia, merkataritza, publizitatea, hezkuntza-sistemarekin batera lan egitea, euskal kultura sustatu eta zabaltzea eta, batik bat, euskara sustatu eta garatzea, eta, horietaz gain, aipatutako eginkizunekin bat etorri edo horien osagarri diren jarduera oro.
Eusko Irratia, SA sozietate anonimo publikoak, 2018ko azaroaren 12ko Batzar Orokor Unibertsal Ezohikoan, honako erabaki hau hartu zuen: kapital soziala berrogeita hemezortzi mila euro eta hogeita hamabi zentimo (58.000,32) gehitzea; eta, horretarako, bat koma zero zortzi (1,08) euroko balio nominala duten berrogeita hamahiru mila zazpiehun eta lau (53.704) akzio berri jaulkitzea, hurrenez hurren 510.027tik 563.730ra zenbakituak, biak barne.
Euskal Irrati Telebista erakunde publikoa da aipatu erakundearen akziodun bakarra; horrenbestez, sozietate horretan bazkide izateari dagozkion eskubideez baliatuko da, akzio berriak eskuratzeari buruzko erabakia hartzearren. Halaber, lehenengo paragrafoan azaldutakoarekin bat, Gobernu Kontseiluaren baimena behar da akzio berriak eskuratzeko.
Azkenik, Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren 10.2 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Irrati Telebista zuzenbide pribatuko ente publikoa Kultura eta Hizkuntza Politika Sailari atxikita dago.
Horren ondorioz, Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuaren proposamenez, Gobernu Kontseiluak 2018ko abenduaren 11n egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Euskal Irrati Telebista erakunde publikoari baimena ematea Eusko Irratia, SA sozietate anonimo publikoaren kapitalaren gehikuntzan parte hartzeko, hain zuzen ere, berrogeita hemezortzi mila euro eta hogeita hamabi zentimotan (58.000,32), eta, horretarako, bat koma zero zortzi (1,08) euroko balio nominala duten berrogeita hamahiru mila zazpiehun eta lau (53.704) akzio berri jaulkitzeko.
Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak zabalkuntzaren % 100ean parte hartuko du. Hortaz, aipatutako kapital-zabalkuntzaren ondoren, Euskal Irrati Telebista erakunde publikoak honako partaidetza hau izango du: seiehun eta zortzi mila zortziehun eta hogeita zortzi euro eta berrogei zentimokoa (608.828,40), 563.730 akzio berdinetan banatuta, bakoitzak 1,08 euroko balioa duela. Hau da, sozietatearen etorkizuneko kapitalaren % 100ari dagokion partaidetza.
2. artikulua.– Eusko Irratia- Radiodifusión Vasca S.A. sozietatearen estatutuen 5. artikulua aldatzea, honela idatzita geratzeko: «Sozietatearen kapital soziala seiehun eta zortzi mila zortziehun eta hogeita zortzi euro eta berrogei zentimo izango da (608.828,40), 563.730 akzio izendunetan banatuta. Akzio bakoitzak 1,08 euroko balio nominala du, 1etik 563730ra arteko zenbakiak (biak barne) dituzte hurrenez hurren eta Euskal Irrati Telebista erakundeak guztiz harpidetu eta ordainduko du.»
AZKEN XEDAPENA
Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko abenduaren 11n.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua,
BINGEN ZUPIRIA GOROSTIDI.