EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-14 Aldizkari honetan argitaratua: 2018240

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 15ekoa, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariarena, zeinaren bidez oinarriak jendaurrean jartzen baitira eta deialdia egiten baita diru-laguntzak emateko, toki-erakundeei eta haiek sustatutako erakundeei zuzenduta, kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta interesak susta eta babes ditzaten, 2019ko ekitaldirako.

Xedapenaren data: 2018-11-15
Hurrenkenaren zenbakia: 201806121
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/10/11n argitaratutako 2018/10/02ko AGINDUA [201804980]

Euskal Autonomia Erkidegoko Estatutuaren 10. artikuluak ezartzen duen bezala, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak babestearen arloko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoarena da esklusiboki.
Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 6/2003 Legearen 19. artikuluak ezartzen duenez, Eusko Jaurlaritza derrigortuta dago kontsumitzaileei eta erabiltzaileei laguntza eta informazioa emateko bulegoak eta zerbitzuak sustatzeko, bai udalek sortutakoak bai udalek sortutako erakundeenak.
9/2007 Legeak sortutako Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren helburua da Eusko Jaurlaritzak kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatu eta babesteko baliatzen dituen politikak zehaztu, planifikatu, sustatu eta gauzatzea, eta, dituen funtzioen artean, honakoa jasotzen da Legearen 4.1.j) artikuluan: «Kontsumoaren arloan eskumenak erabiltzen dituzten udal-administrazioekin lankidetzan aritzea, kontsumitzaileen informaziorako udal-bulegoak hedatzea sustatzea, behar duten guztian aholkuak ematea beren eginkizunak hobeto bete ditzaten, eta lankidetza-hitzarmenak sinatzea, beren helburuak betetzeko ahalik eta teknikarik eta materialik onenen hornikuntza konpartitze aldera».
Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2010eko otsailaren 17ko Aginduak kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko jarduerak garatzen dituzten EAEko toki-erakundeei diru-laguntzak nola eman arautu zuen, bai indibidualki aritzen direnei bai zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen ordezkari gisa aritzen direnei. Toki-erakundeek sustatuko erakundeei laguntzak nola eman ere arautzen du aginduak.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuaren 2018ko urriaren 2ko Aginduaren bitartez (2018ko urriaren 11ko 197. zenbakidun EHHA), Osasun eta Kontsumoko sailburuaren 2010eko otsailaren 17ko Agindua indargabetu zen, urtero Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariaren ebazpen bidez laguntzon oinarriak eta deialdia bera publikoki egiteko asmoz, betiere Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren diru-laguntzen plan estrategikoarekin bat.
2018ko urriaren 9an, Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariaren ebazpen baten bidez onartu zen 2019-2021 aldirako erakunde autonomoaren diru-laguntzen plan estrategiakoa, betiere, azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren artikuluan ezarritakoa betez. Plana Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren webgunean argitaratu da.
Programa indarrean jarri den aldian pilatutako esperientziak laguntza-programaren araudia aldatzea gomendatzen du, aplikagarria den administrazio-araudian eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren diru-laguntzen plan estrategikoan ezarritakora egokituz.
Azaldutako gogoetak eta azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrean, Diru-laguntzen erregelamendua onartzen duen uztailaren 21eko 887/2006ko Errege Dekretuan, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan xedatutakoa kontuan izanik,
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Ebazpen honek xede du publiko egitea kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko jarduerak garatzen dituzten EAEko toki-erakundeei diru-laguntzak emateko 2019ko deialdia. Diru-laguntzok bai indibidualki aritzen diren toki-erakundeei bai zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen ordezkari gisa aritzen direnei bai toki-erakundeek sustatuko erakundeei emango zaizkie.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta diru-laguntza lerroak.
1.– Dekretu honetan publikatutako laguntzetarako jarritako baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan xede horretarako berariaz ezarriko diren aurrekontu-kredituetatik hartuko dira.
2.– Helburu hori betetzeko, 958.570 euro erabiliko dira, 2019ko ekitaldiko Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-kredituaren arabera. Honela banatuko da diru hori:
a) 859.171 euroko aurrekontu-kreditua egongo da honako hauen gastuak ordaintzeko: kontsumitzaile eta erabiltzaileei argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak egiteko, eta kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoen (KIUB) zentro eta zerbitzuen argitalpenak editatzeko eta zabaltzeko jardueretarako. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
2019. urtea: 644.378 euro.
2020. urtea: 214.793 euro.
b) Kontsumoko ikuskaritza-jarduerek eragindako gastuak ordaintzeko 80.000 euroko aurrekontu-kreditua egongo da. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
2019. urtea: 60.000 euro.
2020. urtea: 20.000 euro.
c) 19.399 euroko aurrekontu-kreditua egongo da kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoen (KIUB) zentro eta zerbitzuak instalatzeko, eraberritzeko, handitzeko, hornitzeko edo lekuz aldatzeko. Aurrekontu-kreditu hori honela banatuko da:
2019. urtea: 14.549 euro.
2020. urtea: 4.850 euro.
3.– Ebazpen honetan ezarritako laguntzak, diruz lagundu daitekeen eta 4. artikuluan zehaztutako kontzeptu bakoitzarentzat, dagokion lehiaketa prozeduraren bidez ebatziko dira.
4.– Entitate onuradunek 2019an egindako gastuak ordaintzeko dira laguntza horiek.
5.– Ebazpen honetan arautako laguntzak emateko, kreditu egokia eta nahikoa egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan, hala xedatzen baita Euskal Autonomia Erkidegoko 2019ko aurrekontu orokorren bidez ordainduko diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruzko Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Ebazpen honetan aurreikusitako diru-laguntzak kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoak (KIUB) zabalik dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko toki-erakundeek jaso ahal izango dituzte, bai indibidualki bai zerbitzua partekatzen duten hainbat toki-erakunderen ordezkari gisa. Toki-erakundeek sustatuko erakundeek ere jaso ahal izango dituzte laguntzok. Irizpide hauek izango dira indarrean laguntzak ematerakoan:
Zerbitzuak ematen dituzten udalerri eta mankomunitateak:
– 20.000 biztanle baino gehiagori zerbitzua ematen dioten bulegoak gutxienez astean hogei orduz izango dira zabalik.
– 10.000 eta 20.000 biztanle artean zerbitzatzen dituzten bulegoak gutxienez astean zortzi orduz izango dira zabalik.
– 10.000 biztanle baino gutxiagori zerbitzua ematen dioten bulegoak gutxienez astean lau orduz izango dira zabalik.
Era berean, KIUBik ez izan arren, 2019an bat zabaltzeko proiektua aurkezten duten toki-erakundeek, edo beraiek sustatutako erakundeek, ere jaso ahal izango dituzte laguntzak.
Deialdiko diru-laguntzak jasotzeko interesa duten erakundeak egunean izan behar dituzte zerga-betebeharrak, Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eta diru-laguntzen itzulketagatiko obligazioekin lotutako ordainketak.
Azaroaren 17ko Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 artikuluan xedatutako egoeraren batean dauden erakundeek ezingo dute deialdian jasotako diru-laguntzarik eskuratu.
4. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.
Honako ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak 2019ko ekitaldian egindako gastuak ordaintzera bideratuko dira, betiere honako kontzeptuekin lotuta baldin badaude:
a) Kontsumitzaile eta erabiltzaileei argibideak eta prestakuntza emateko jarduerak egitea, eta kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoetarako (KIUB) diren zentro eta zerbitzuen argitalpenak editatzeko eta zabaltzeko jarduerak egitea.
b) Kontsumoko ikuskapeneko jarduerak egitea.
c) Kontsumitzaileei Informazioa emateko Udal Bulego gisa erabiltzen diren zentro eta zerbitzuak instalatzea, berrikuntza-lanak egitea, handitzea, ekipamendua jartzea edo haiek lekuz aldatzea. Ekipamendu berriak erosteko egindako 1.000 euro baino gutxiagoko gastuak ez dira diruz lagunduko.
Nolanahi ere, diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikulua xedatutakoa aplikatuko da beti.
5. artikulua.– Eskaerak aurkeztea eta izapidetze elektronikoa.
1.– Eskabideak aurkezteko epea ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hasi eta 2019ko otsailaren 14an amaituko da.
2.– Bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu beharko dira eskabideak, eskabide-ereduaren arabera, behar bezala beteta, eta hurrengo artikuluan eskatutako agiriak erantsi beharko zaizkio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 14.2 artikuluan xedatu bezala. Eskaerak Euskadi.eus atariaren egoitza elektroniko honetan aurkeztu beharko dira:
https://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2019/kiubentzako-laguntzak-2019/y22-izapide/eu
3.– Bide elektronikotik eskabideak aurkeztu osteko izapideak, honen bidez egingo dira: https://www.euskadi.eus/nire-karpeta/y22-izapide2/eu/
4.– Prozedura honen izapide guztiak bitarteko elektroniko bidez egin nahi dituzten pertsona interesdunek onartutako ziurtagiri elektronikoa eduki behar dute:
https://www.euskadi.eus/identifikazio-elektronikorako-onartutako-bitartekoak/y22-izapide2/eu/
5.– Erakunde eskatzaileek euskaraz edo gaztelaniaz aurkez ditzakete eskabidea eta dokumentazioa, aukeran. Gainera, prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 oinarrizko Legearen 5.2 eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.
6.– Diru-laguntzaren eskaera aurkeztearekin batera, eskatzaileak baimena emango dio Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuari zuzenean eskuratzeko zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak betetzen dituela ziurtatzen duten agiriak, ziurtagiri telematikoen bitartez. Eskatzaileak, kasu horretan, ez ditu bidali beharko dagozkion agiriak. Hala ere, eskatzaileak berariaz uka dezake baimen hori, eta, halakorik egiten baldin badu, dagozkion agiriak aurkeztu beharko ditu.
6. artikulua.– Dokumentazioa.
1.– Eskabide orriekin batera aurkeztu beharreko agiriak honako hauek izango dira oro har:
a) Organo eskudunaren erabakiaren ziurtagiria, laguntza jasotzeko, eskatutako zenbateko zehatza adierazita.
b) Honako obligazio eta alderdiak egiaztatzen dituen erantzukizunpeko adierazpena:
– Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoak (KIUB) zerbitzuak ematen dituen udalerriko, mankomunitateko edo eremuko 2018. urteko biztanle-kopurua.
– Bulegoa kontsumitzaileen kontsultei erantzuteko eta aurkeztutako erreklamazio edo salaketak bideratzeko zer ordutegitan dagoen irekita.
2.– Eskatutako laguntza 4.a) artikuluan aurreikusitako gastuak ordaintzera bideratuta badago, eskaria egiterakoan, aurreko paragrafoan zehaztutakoaz gain, honako agiriak ere aurkeztu beharko dira:
Funtzionamenduaren eta jardueren gastuen aurrekontu banakatua, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsita.
3.– Eskatutako laguntza 4.b) artikuluan aurreikusitako gastuak ordaintzera bideratuta badago, eskaria egiterakoan, 1. paragrafoan zehaztutakoaz gain, honako agiriak ere aurkeztu beharko dira:
a) Kontsumo ikuskaritzako jardueren gastuen aurrekontu banakatua, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsita.
b) 2018. urtean egindako ikuskapen kopuruaren gaineko erantzukizunpeko adierazpena, ikuskapenak zer sektoretan egin diren, kontsumo ikuskapenak egiteko arduradunak zeintzuk izan diren eta ikuskaritza zerbitzuaren kostua zehaztuz.
4.– Eskatutako laguntza ekipamendu berriak erostera bideratuta badago, eskaria egiterakoan, 1. paragrafoan zehaztutakoaz gain, udalak edo organo eskudunak ikus-onetsitako aurrekontu banakatua ere aurkeztu beharko da. Ekipamendu berriak erosteko egindako 1.000 euro baino gutxiagoko gastuak ez dira diruz lagunduko.
5.– Eskatutako laguntza Kontsumitzaileei Informazioa emateko Udal Bulegoen zentro eta zerbitzuak instalatzeko, eraberritzeko, handitzeko, hornitzeko edo lekuz aldatzeko gastuak ordaintzera bideratuta badago, eskaria egiterakoan, 1. paragrafoan zehaztutakoaz gain, dagokion proiektua onartzeko organo eskudunak hartutako akordioaren ziurtagiria aurkeztu beharko da. Proiektuak lokala herritarrei arreta emateko egokia dela bermatu beharko du, eta, era berean, proiektuaren kostuaren balorazio ekonomikoa ere jaso behar du.
6.– KIUB berri bat jarri behar bada abian, eskaria egiterakoan, 1. paragrafoan zehaztutakoaz gain, honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dira:
a) KIUB berria sortzea erabaki den udalaren edo organo eskudunaren osoko bilkuraren akordioa.
b) Proiektuaren kostu ekonomikoaren gaineko organo eskudunaren ziurtagiria.
c) Honako obligazio eta alderdiak egiaztatzen dituen erantzukizunpeko adierazpena:
Kontsumitzaileei informazioa emateko udal-bulegoa (KIUB) Kontsumitzaile eta Erabiltzaileei Informazioa eta Arreta emateko Zentroen Sarean integratzeko konpromisoa.
2019. urtean egin eta erantzutea espero den erreklamazio, kontsulta eta jarduera kopuruaren aurreikuspena.
7.– Eskaera zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen ordezkari gisa jokatzen duen toki-erakunde batek aurkezten duenean, kontuan izan beharko du eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak aurkezterakoan toki-erakunde guzti-guztien agiriak aurkeztu beharko dituela.
7. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari dagokio ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
8. artikulua.– Aurkeztutako eskaeretako akatsak zuzentzea.
Aurkeztu den eskabidean akatsen bat edo zehaztasun faltaren bat ikusten bada, erakunde eskatzaileari jakinaraziko zaio eta 10 eguneko epea emango, akatsa zuzen dezan; halaber, jakinaraziko zaio, agindutakoa bete ezean, eskabidea bertan behera utzi duela esan nahiko duela, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
9. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.
1.– Honako oinarrietako 2.2 artikuluan jasotako diru-laguntza lerro bakoitzerako aurkeztutako eskaerak aztertu eta ebaluatzeko epaimahai kalifikatzaile bat sortuko da, honako kide hauek osatuko dutena:
a) Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria, lehendakari gisa.
b) Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren bi ordezkari: Merkatuaren Ikuskaritza eta Kontrolerako Unitatearen arduraduna eta Erreklamazioetarako, Bitartekaritzarako eta Arbitrajerako Unitatearen arduraduna. Bietako batek idazkaritza-lanak egingo ditu, hitz egiteko eta botoa emateko eskubidearekin. Arduradunok absentziagatik, gaixotasunagatik edo kargua esleitu gabe dagoelako parte hartzerik ez badute, beste unitate arduradun batek edo arduradun diren unitateko teknikariek ordezkatu ahal izango dituzte.
c) Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak izendatutako bi ordezkari.
2.– Epaimahai kalifikatzaileak, denboran eta behar bezala aurkeztutako dokumentazioa eta diru-laguntzak kuantifikatzeko irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen proposamena aurkeztuko dio Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari.
3.– Beharrezkotzat iritziz gero, bai Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuak, laguntzak kudeatzen dituen organoa den heinean, bai balorazio batzordeak nahi beste informazio eta agiri osagarri eskatu ahal izango dizkiete erakunde eskatzaileei aurkeztutako eskabideak hobeki ulertu ahal izateko.
10. artikulua.– Diru-laguntzen izaera eta zenbatekoa.
1.– Ebazpen honetan aurreikusitako laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen bidez gauzatuko dira.
2.– Erakunde onuradun batek 4.a) artikuluan aurreikusitako diruz lagundu daitekeen kontzeptuagatik 60.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez.
3.– Erakunde onuradun batek 4.b) artikuluan aurreikusitako diruz lagundu daitekeen kontzeptuagatik 20.000 euro jaso ahal izango ditu gehienez.
4.– Erakunde onuradun batek 4. artikuluan jasotako diruz lagundu daitezkeen kontzeptuengatik jaso dezakeen zenbatekoa ezin da inoiz ere onartutako aurrekontuaren % 70 baino gehiagokoa izan.
5.– Ebazpen honetako 4. artikuluan jasotako diruz lagundu daitezkeen kontzeptuengatik eman beharreko diru-laguntzei aurre egiteko gastuaren zenbatekoa, behin honako artikulu honetan aurreikusitako portzentajeak eta mugak aplikatuta, eskuragarri dagoen aurrekontu-kreditua baino handiagoa denean, erakunde onuradun guztiei dagokien hainbanatzea aplikatuko zaie hurrengo artikuluan ezarritako balorazio irizpideak aplikatuz lortutako puntuazioaren proportzioan.
6.– Behin eskaera guztiei erantzunda 4. artikuluan jasotako diruz lagundu daitekeen kontzepturen batean esleitutako zuzkidura ekonomikoa agortuko ez balitz, dagokion soberakina gainontzeko kontzeptuei bideratutako zuzkidura handitzeko erabili ahal izango da.
11. artikulua.– Balorazio-irizpideak.
1.– Diru-laguntzak emateko ebazpen-proposamena egiteko, epaimahai kalifikatzaileak aurkeztu eta onartutako aurrekontuari aplikatuko zaizkion ondoko irizpideak izango dira kontuan:
a) Diruz lagundu daitezkeen 4.a) eta 4.c) artikuluetan aurreikusitako kontzeptuen ondoriozko gastuekin lotuta:
1) 2018an erantzundako eta Kontsumonet aplikazio informatikoan jasotako erreklamazio kopurua hurrengo taularen arabera (30 puntu):
– 10.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat bi erreklamazioko.
– 10.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat lau erreklamazioko.
– 20.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hamar erreklamazioko.
– 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hogei erreklamazioko.
2) 2018an erantzundako eta Kontsumonet aplikazio informatikoan jasotako kontsultak hurrengo taularen arabera (20 puntu):
– 10.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat bost kontsultako.
– 10.001 eta 20.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hamar kontsultako.
– 20.001 eta 50.000 biztanle arteko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hogei kontsultako.
– 50.000 biztanle baino gehiagoko udalerri edo mankomunitateak: puntu bat hogeita hamar kontsultako.
3) Kontsumo arloan 2018. urtean egindako jarduerak (20 puntu):
– Informazio, prestakuntza eta heziketa jarduerak: 10 puntu.
– Kontsumo ikuskaritzako jarduerak: 5 puntu.
– Tokiko enpresek kontsumoko arbitraje sistemarekin bat egitea sustatzeko jarduerak: 5 puntu.
4) KIUBak zerbitzatutako herritar kopurua honako taula honen arabera (20 puntu):
– 5.000 biztanle arte: 2 puntu.
– 5.000 eta 10.000 biztanle artean: 4 puntu.
– 10.001 eta 15.000 biztanle artean: 6 puntu.
– 15.001 eta 20.000 biztanle artean: 8 puntu.
– 20.001 eta 30.000 biztanle artean: 10 puntu.
– 30.001 eta 40.000 biztanle artean: 12 puntu.
– 40.001 eta 50.000 biztanle artean: 14 puntu.
– 50.001 eta 75.000 biztanle artean: 16 puntu.
– 75.001 eta 100.000 biztanle artean: 18 puntu.
– 100.000 biztanle baino gehiago: 20 puntu.
5) Kontsumitzaileei Informazioa emateko Udal Bulegoaren zerbitzua udalerrien mankomunitate baten eremuan garatzen bada: 10 puntu.
6) Kontsumitzaileei Informazioa emateko Udal Bulego berri bat sortzen den kasuetan, apartatu honetako 1. eta 2. puntuak eskatzaileak eskaera egin duen urterako egindako aurreikuspenen arabera baloratuko dira.
b) Diruz lagundu daitezkeen 4.b) artikuluan aurreikusitako kontzeptuen ondoriozko gastuekin lotuta:
2018. urtean egindako kontsumoko ikuskapen kopurua: 40 puntu.
Ikuskatutako kontsumo sektoreen kopurua: 10 puntu.
Kontsumo ikuskaritzara bideratutako pertsona kopurua eta kostua: 30 puntu.
Bulegoak zerbitzatutako herritar kopurua: 20 puntu.
12. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.
1.– Honako deialdi honetan ematen diren diru-laguntzak bateragarriak dira beste administrazio batzuk edo beste erakunde publiko edo pribatu batzuk mota bereko gastuak finantzatzeko emandako edozein diru-laguntza edo laguntzarekin, baita helburu bera duen beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin.
2.– Gainfinantzaketarik sortuko balitz edo deialdi honetan ezarritako gehieneko finantzazio publikoko ehunekoa gaindituko balitz, jaso beharreko diru-laguntza dagokion kopurura arte murriztuko da.
3.– Gainfinantzaketa itzultze betebeharra aurreikusita duten beste laguntza batzuekin konkurrentzian sortuko balitz, itzuli beharreko kopurua proportzionala izango da diruz lagundutako jardueraren kostuarekiko laguntzak suposatzen duen ehunekoarekiko.
13. artikulua.– Kudeaketa, ebazpena, errekurtsoak, ebazpen eta jakinarazpen epeak, jakinarazteko eta argitaratzeko moduak.
1.– Aurkeztutako eskabideak dagozkien prozeduraz izapidetuko dira deialdiko laguntza-lerro bakoitzean, eta Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendariari dagokio prozeduran planteatuko gai guztien gaineko ebazpenak hartzea, betiere, epaimahai kalifikatzailearen proposamena kontuan hartuz.
2.– Adjudikazio-prozedura bakoitzean hartutako den ebazpenak zehaztutako du eskatutako diru-laguntzak ematen diren edo ukatzen diren. Ematen badira, honako hauek zehaztuko dira: erakunde onuradunaren izena, diruz lagundutako proiektua eta emandako zenbatekoa, urtez urteko banaketarekin. Ukatzen diren diru-laguntzen kasuan, erakunde eskatzailearen izena eta diru-laguntza ukatzeko arrazoiak emango dira.
3.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta jakinarazpenaren balioa izango du.
4.– Prozedura ebazteko eta ebatzitakoa erakunde interesdunei jakinarazteko gehieneko epea sei hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera kontatzen hasita. Epe hori igarota aurreko paragrafoan ezarritako jakinarazpenik egin ez bada, diru-laguntzaren eskabidea ezetsi dela ulertu beharko dute interesdunek, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25.1.a) artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.
5.– Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, berau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
6.– Agindu honetan jasotako diru-laguntzak onuradunei emateko eta ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen eremuan hasitako edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaituta egotea. Prozedurak, amaieran, laguntza publikoak eskuratzeko desgaikuntza badakar, edo laguntza itzultzeko betebeharra ezartzen badu, eta dirua ez bada itzuli borondatez itzuli beharreko epean, emandako diru-laguntza indargabetu egingo da, onuradun-izaera eskuratzeko debekua izateagatik.
14. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.
1.– Deialdi honen babesean emandako diru-laguntza bi igorpenetan ordainduko da, jarraian zehaztu bezala:
a) Behin 16.a) artikuluan zehaztutako epea berariazko ukorik gabe igarotakoan, emandako diru-laguntzaren % 75 ordainduko da.
b) Bigarren ordainketa 2020an egingo da, eta, bertan, diru-laguntza behin 15. artikuluan ezarri bezala justifikatu eta gero egindako likidazioaren ostean ateratzen den kopurua ordainduko da.
Diru-laguntzaren ordainketa ezingo da egin baldin eta onuradunak ez baditu ordaindu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, eta, orobat, itzulketa-ebazpen bat dela medio, zorduna bada.
2.– Eskaera toki-erakunde batek aurkeztu baldin badu zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen izenean, ordainketa eskaera egin duen erakundeari egingo zaio, betiere, erakunde horrek gainontzekoekin hitzartutako hitzarmena betez egin beharreko banaketari kalterik egin gabe.
15. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko, erakunde onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu 2020ko martxoaren 31 baino lehen:
a) Emandako diru-laguntza funtzionamendura eta informazio eta prestakuntza jarduerak egitera bideratu bada, egindako gastu totalaren organo esleipendunaren ziurtagiria.
a) Emandako diru-laguntza kontsumo ikuskapenak egite bideratu bada, egindako gastu totalaren organo esleipendunaren ziurtagiria.
c) Emandako diru-laguntza ekipamenduak erostera bideratu bada, egindako gastu totalaren organo esleipendunaren ziurtagiria, erositako ondasun higiezinen inbentarioko eta ondasunok mugagabe kontsumitzaileen babeseko helburuetarako erabiliko direla frogatzeko ziurtagiria, eta egindako gastuaren faktura.
d) Emandako diru-laguntza bideratu bada KIUBa instalatzera, eraberritzera, handitzera, hornitzera edo lekuz aldatzera, egindako gastu totalaren organo esleipendunaren ziurtagiria.
e) Kasu guztietan, KIUBak 2019an garatutako jardueren amaierako memoria.
2.– Eskaera zerbitzua partekatzen duten zenbait toki-erakunderen ordezkari gisa jokatzen duen toki-erakunde batek aurkezten duenean, kontuan izan beharko du aurkeztu beharreko agiriak aurkezterakoan toki-erakunde guzti-guztien agiriak aurkeztu beharko dituela.
3.– Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutukoak egokitzat iritzitako adina egiaztapen egin dezake emandako diru-laguntzaren inguruan, eta laguntza justifikatzeko agiri guztiak aztertu ahal izango ditu.
4.– Gastuak justifikatzerakoan diru-laguntza emateko onartutako aurrekontutik % 15etik gorako eta % 25eko edo hortik beherako desbideratzea eman dela ikusten bada, emandako diru-laguntza gutxitu egingo da aldaketak egiteko ebazpen baten bitartez; hain zuzen ere, benetan gastatutako zenbatekoari aplikatuko zaion ehunekoa diru-laguntza kalkulatzeko aurrekontuari aplikatu zitzaion berbera izango da.
Desbideratzea % 25etik gorakoa bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu egingo da ebazpen honen 17. artikuluan ezarri bezala; salbuespena diru-laguntza emateko izandako helburu guztiak bete izana justifikatzea izango da. Horrela gertatuz gero, diru-laguntzaren zenbatekoa aurreko lerroaldean aurreikusi bezala gutxituko da.
16. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Ebazpen honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakunde onuradunek betebehar hauek bete beharko dituzte:
a) Esleitutako diru-laguntza onartzea. Hori dela-eta, diru-laguntza esleitzen zaiela jakinarazten duen adierazpena jaso eta hamar eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz uko egin ezean, diru-laguntza onartu dutela ulertuko da.
b) Diru-laguntza emandako helburu zehatzerako erabiltzea eta jasotako diru-laguntzon gainean dituzten funtzioak betetzeko asmoz Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatutako informazioa ematea.
c) Kontsumitzaileei Informazioa emateko Udal Bulegoetan jasotako kontsulta eta erreklamazio guztiak Kontsumonet aplikazioa informatikoaren bidez kudeatzea. Aplikazioak Kontsumitzaile eta Erabiltzaileei Informazioa eta Arreta emateko Zentroen sareko zentro guztien jarduketak barnebiltzen ditu.
d) Diruz lagundutako jarduerak egiteko Kontsumobideren laguntza jaso izana komunikatzea bermatzea, haien zabalkundea edo publizitatea egin beharra dagoenean, horretarako dagokion logotipoa agertuta.
e) Toki-erakundeak ikuskaritza jardueretarako diru-laguntzak jaso baditu, erakunde onuraduna derrigortuta dago Kontsumobideren ikuskaritzako eta alerta sareko kanpainetan parte hartzera.
f) Jarduerak sustatu eta horien berri ematean sexismorik gabeko hizkuntza eta irudiak erabiliko direla bermatzea.
g) Erabiltzaile eta kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak diru-laguntzaren helburuarekin lotutako harremanen eremuan bete direla bermatzea.
h) Diru-laguntza ematerakoan kontuan hartutako zirkunstantziaren bat aldatu bada, aldaketa objektiboa zein subjektiboa izan, Kontsumobideri horren berri ematea.
i) Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz eta, hala badagokio, eskuratuz gero, horren berri ematea.
j) Diru-laguntzaren erakunde onuradunak behar baino zenbateko handiagoak jasotzen baditu, horiek itzultzera derrigortuta dago. Horretarako, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak ezarri bezala, bi hilabeteko epea izango du, itzulketa-ebazpena jakinarazten zaion egunetik kontatzen hasita. Hain zuzen ere, dekretu horrek arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra, eta berak ezartzen ditu horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak.
k) Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14., 18. eta 46. artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2 artikuluan aurreikusitako gainontzeko betebeharrak betetzea.
17. artikulua.– Ez betetzeak.
Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko testu bategina onartzen duen azaroaren 17ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezartzen diren kasuetan, diru-laguntzak kendu egingo dira, eta, ondorioz, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli beharko ditu elkarte onuradunak. Halaber, horrela jokatuko da baldin eta elkarte onuradunak betebeharrak konplitu gabe uzten baditu, gastuak justifikatzen ez baditu, eskabidean esandakora gabe beste zerbaiterako erabiltzen badu, edota, oro har, ebazpen honetan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako betekizunen bat bete gabe uzten badu.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO HIRUGARRENA
Ebazpen honek hizpide dituen diru-laguntzek, honako hauek xedatutakoari egiten diote men: urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legea; urriaren 1eko Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren 40/2015 Legea; azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuko Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategineko VI. titulua eta VII. tituluko III. kapitulua; eta Diru-laguntzen 38/2003 Lege Orokorrean eta azken horren araudia onartzen duen 887/2006 Errege Dekretuan jasotako oinarrizko arauketa.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 15a.
Kontsumobide-Kontsumoko Euskal Institutuaren zuzendaria,
NORA ABETE GARCÍA.