EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2018237

EBAZPENA, 2018ko urriaren 26koa, Hezkuntzako sailburuordearena, zeinaren bidez jakinarazten baita zein itunpeko ikastetxek jarraituko duten Ulibarri programan, zeintzuk sartuko diren 2018-2019 ikasturtean, zein ordu-kopuru dagokien, eta zein itunpeko ikastetxek utzi duten programa.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-10-26
Hurrenkenaren zenbakia: 201806052
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2018/05/31n argitaratutako 2018/05/22ko AGINDUA [201802867]

323/2003 Dekretuak Hizkuntza Normalkuntzako Ulibarri programa arautzen du. Dekretu horrek ezarritakoaren bidetik, Hezkuntza Sailak 2018ko maiatzaren 22ko Agindua eman zuen (maiatzaren 31ko EHAA). Agindu horretan ezartzen da ikastetxeek gehienez zenbat diru izango duten Ulibarri programarako 2018-2019 ikasturtean eta zer baldintza bete behar dituzten programan sartzeko edo jarraitzeko.
323/2003 Dekretuaren III. kapituluko 7. artikuluan zehazten den JABA batzordea 2018ko uztailaren 9an bildu zen. Ulibarriren barruan dauden ikastetxeen berrikuspena egin eta gero, zera ikusi da: gaur egun Ulibarrin dauden itunpeko ikastetxeak 2013-2014 ikasturtean egindako lau urteko proiektuaren arabera aritu direla normalkuntza-lanetan, eta jarraitzeko asmotan diren guztiek 2018-2022 proiektua egin dute, berritzeguneetako hizkuntza normalkuntzako aholkularien gidaritzapean eta horien oniritziarekin. Hortaz, programan jarraitzeko eskabidea egin duten ikastetxe guztiek jarraipena izango dute Ulibarri programan 2018-2019 ikasturtean.
Bestalde, 9 ikastetxek eskatu dute Ulibarri Programan sartzea. guztiek egin dute 2018-2022 proiektua berritzeguneetako hizkuntza normalkuntzako aholkularien gidaritzapean eta horien oniritziarekin, CPES ARCE BHIP ikastetxea izan ezik, eta denek aurkeztu dute eskatutako gainerako dokumentazioa. Beraz, eskabide guztiak onartu dira, CPES ARCE BHIP izan ezik.
Azkenik, ikastetxe batek Ulibarri Programa uztea eskatu du.
Ondorioz, eta Batzordearen proposamenari jarraikiz, ebazpen honetan zehazten da zein itunpeko ikastetxek jarraitzen duten Hizkuntza Normalkuntzako Proiektuetan, zein itunpeko ikastetxe sartuko diren 2018-2019 ikasturtean, zein ordu-kopuru dagokien eta, azkenik, zein ikastetxek utzi duten programa. Horren haritik, hauxe
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Hezkuntza Sailaren 2018ko maiatzaren 22ko Aginduaren ildotik, Ulibarri programan sarbidea eskatu eta onartutako itunpeko ikastetxeen zerrenda argitaratzea I. eranskinean.
2. artikulua.– Datorren ikasturtean, 2018-2019an, alegia, jarraituko duten ikastetxeen zerrenda argitaratzea II. eranskinean.
3. artikulua.– 2018-2019 ikasturterako programa utziko duten ikastetxeen zerrenda argitaratzea III. eranskinean.
4. artikulua.– CPES ARCE BHIP (014621) ikastetxearen eskabidea ez onartzea, aurkeztu behar ziren agiriak ez aurkezteagatik.
5. artikulua.– Hainbanaketa orokorra egin ondoren, ikastetxe berrientzat jarritako diru-kopurutik soberan gelditu dena programan jarraipena eskatu dutenentzat gordeta zegoenari gehitzea.
6. artikulua.– Programan dauden ikastetxeen onarpena/jarraipena berrikusi ahal izango du Hezkuntza Sailak, ikastetxe bakoitzak 2018ko abenduaren 31 arte egindako ibilbidea aztertu ondoren; betiere, Hizkuntza Normalkuntzako Proiektu hauen funtzionamendua eta jardunbidea arautzen duen dekretuaren eta hori garatzen duten lege-xedapenen arabera.
7. artikulua.– 323/2003 Dekretuak arautzen duenari jarraikiz, ordainketa bi zatitan egingo da ekitaldi bakoitzean dauden diru-baliabideei egokituta. Aurten, zenbateko osoaren % 20 ordainduko da lehen ordainketaren bitartez, eta gainontzekoa ikasturte bukaeran, memoria aurkeztu eta onartu ondoren.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio bideari, eta, beronen aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Hezkuntzako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen honek EHAAn argitaratzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 26a.
Hezkuntzako sailburuordea,
MIREN MAITE ALONSO ARANA.
I. ERANSKINA
2018-2019 Ulibarri programan sartuko diren itunpeko ikastetxeen zerrenda
II. ERANSKINA
2018-2019 Ulibarri programan jarraituko duten itunpeko ikastetxeen zerrenda
III. ERANSKINA
2018-2019 Ulibarri programa utziko duten itunpeko ikastetxeen zerrenda