EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2018237

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez formulatzen baita Durangoko Birjinoste EU-2ren Hiri Antolamenduko Plan Bereziaren ingurumen-txosten estrategikoa.

Xedapenaren data: 2018-11-09
Hurrenkenaren zenbakia: 201806050
Maila: Ebazpena
AURREKARIAK
2018ko irailaren 17an, Durangoko Udalak eskabide bat bete zuen, Birjinoste EU-2ren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari buruzko ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuari hasiera emateko. Eskabidearekin batera, zenbait dokumentu aurkeztu ziren, hala nola Planaren zirriborroa eta ingurumen-dokumentu estrategikoa, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 29. artikuluan ezarritako edukia zutela. Gainera, ingurumen-dokumentu estrategikoan, dokumentu hori egin duten pertsonak aipatzen dira, sinatuta dago eta amaiera-data dauka.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikulua betetzeko, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak egoki irizten zieten oharrak egiteko eskatu zien zenbait erakunderi, ohar horiek oinarritzat hartuta ingurumen-organo horrek ingurumen-txosten estrategikoa egin zezan. Zehazki, kontsulta egin zitzaien Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritzari eta Osasun Publikoaren eta Adikzioen Bizkaiko Zuzendariordetzari; Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Kiroletako Zuzendaritza Nagusiari, IHOBE Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoari eta Bizkaiko Ekologistak Martxan elkarteari.
Era berean, Durangoko Udalari jakinarazi zitzaion izapidea hasita zegoela.
Halaber, espedientean jasota dagoen dokumentazioa eskuragarri egon zen Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren webgunean, interesdunek egoki ikusten zituzten ingurumen arloko oharrak egiteko aukera izan zezaten.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 30. artikuluan ezarritako epea amaituta, hauen txostenak jaso dira: Eusko Jaurlaritzako Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Natura Ondare eta Klima Aldaketa Zuzendaritza, bai eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Kultura Ondarearen Zerbitzua (Kultura eta Kiroletako Zuzendaritza Nagusia); espedientean daude horien emaitzak.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 1. artikuluan ezarritakoaren arabera, haren helburua da ingurumenean ondorio esanguratsuak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautuko duten oinarriak ezartzea; horrela, ingurumenaren babes-maila handia bermatuko da, garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin.
Era berean, Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2 artikuluan aurreikusten da zein diren ingurumen-organoak egindako ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatutik pasa behar diren planak eta programak, honako hauek zehazteko: planak edo programak ez duela eragin nabarmenik ingurumenean, ingurumen-txosten estrategikoan ezarritakoaren arabera, edo planen nahiz programen gaineko ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta egin beharra, haiek ingurumenerako eragin nabarmenak ekar litzaketelako. Birjinoste EU-2ren Hiri Antolamenduko Plan Berezia kasu horietako bat da.
Aztertuta geratu dira Planaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko txostenak eta dokumentazio teknikoa, eta kontuan hartu da ingurumen-dokumentu estrategikoa zuzena dela eta indarreko araudian ezarritako alderdiekin bat datorrela. Horrenbestez, txosten horiek aintzat hartuta, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak –ingurumen-arloko organo eskuduna den aldetik otsailaren 27ko 3/1998 Legearen eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera– judizio-elementu nahikoa dauka, eta, beraz, ingurumen-txosten estrategiko hau ematen du, zeinak Planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten baitu eta Plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen baitu, baita sartu behar diren azken oharrak ere, soilik ingurumen-arlokoak.
Hauek guztiak aztertu dira: 3/1998 Lege Orokorra, otsailaren 27koa, Euskal Herriko Ingurugiroa Babestekoa; 21/2013 Legea, abenduaren 9koa, Ingurumen-ebaluazioari buruzkoa; 77/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena; 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoko Araubide Juridikoari buruzkoa, eta aplikatzekoak diren gainerako arauak. Horrenbestez, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Birjinoste EU-2ren Hiri Antolamenduko Plan Bereziari (hemendik aurrera, Plan Berezia) buruzko ingurumen-ebaluazio estrategikoa formulatzea, Durangoko Udalak sustatuta, jarraian jasotzen diren baldintzetan:
A) Planaren deskribapena: helburuak eta jarduerak.
Ebazpen honen babeseko Plan Bereziak xedetzat du Durangoko Plangintzako Arau Subsidiarioetan mugatutako Birjinoste EU-2 eremuaren hiri-lurzoruaren antolamendu xehatua aldatzea. 2005eko urtarrilaren 28an onartu ziren behin betiko arau horiek.
Birjinoste EB-2 eremuaren Hiri Antolamendurako Plan Bereziak unitate horren antolamendu xehatua aldatzea proposatzen du, hiri-espazioetan are kalitate handiagoa lortzearren, bai eta eraikinen ingurunearekiko zein elkarrekiko antolaketa hobea ere. Birjinoste EB-2 eremuaren hirigintza-aldaketa hiri-lurzoru finkatugabea eraberritu eta berritzeko jarduera bat da.
Horretarako, zenbait eraikin kenduko dira (bi baserri eta industria-eraikin baten hondakinak), eta sustapen libreko etxebizitza bloke bat, «L» formakoa, eraikitzea proposatzen da eremu horren ekialdean, baita BOEen eraikin bat ere, non merkataritza-/zerbitzu-erabilerarako espazio bat erreserbatuko baita.
Eremuaren ezaugarri nagusiak.
Birjinoste EB-2 eremuak 18.554 m
Aztertutako eremua Durangoko herrigunean dago, eta muga hauek ditu: hegoaldean, Santasusanoestea kalea; ekialdean, Larrasoloeta kalea; iparraldea, Kurutziaga kaleko eraikinen atzeko aldea; eta mendebaldean, Komentukalea kalea eta San Antonio-Santa Rita ikastetxea.
Plan Bereziaren eremua hiri-egituran dago guztiz; baratze batzuk, bi baserri eta aurri-egoeran dagoen eraikin industrial abandonatu bat daude bertan. Ibilgailu eta oinezkoentzako sarbidea du, eta ur, saneamendu, elektrizitate eta telefonoko oinarrizko elementuez hornituta dago.
Gehienbat belardi motako landaretza dago Birjinosteko eremuan. Eremua oso antropizatuta dago, eta ez du natura-balio adierazgarriko elementurik; hala eta guztiz ere, eremu honetan zuhaitz handi samar batzuk daude (altzifreak, pinuak, izeiak, sahatsak...), sasi, hurritz, fruta-arbola eta baratze txikiekin nahasita. Espezie horiek «birika berdea» eta abifaunarentzako babesleku dira udalerriko hiri-egituraren erdian.
Ez da aurkitu garrantzi bereziko bestelako ingurumen-baliorik, ezta kultur ondarearekin lotutako elementu interesgarririk ere.
Eremu horretan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituen edo izan dituen lurzoru bat dago (48027-00073 kodea).
Plan Berezia betearazteari lotutako ingurumen-afekzioak: lurren mugimenduekin lotutakoak izango dira aurreikusten diren eragin nagusiak eta lurzoru eraldatuen gaineko balizko eragina, eraikinak eraistea eta horrek dakartzan hondakinak, makinen joan-etorria (eta ondorioz zarata, hautsa zein eragozpenak sortzea), lurzorua okupatzea, dauden landareei eragitea, oraingo landaretzan dauden fauna-espezieei eragozpenak egitea, kalitate akustikoko helburuak gainditzea proiektatutako eraikinen kanpoko aldean...
Babestu, zuzendu eta konpentsatzeko neurriak: Ingurumen Dokumentu Estrategikoan (IDE) plan edo programaren aplikazioak ingurumenean eragin dezakeen edozein ondorio negatibo prebenitzeko, murrizteko, eta, ahal den neurrian, zuzentzeko aurreikusitako neurriak jasota daude, klima-aldaketa kontuan hartuta. Natura-baliabideen babesarekin eta haien erabilera optimizatzearekin, paisaiarekin, kutsatuta egon daitezkeen lurzoruekin zein hondakin-kudeaketarekin loturiko neurrietan oinarritzen da proposamena, eta gauzatzeko faseetarako gomendioak biltzen ditu.
B) Proposatutako planaren ezaugarriak aztertu ondoren, eta abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluarekin bat etorriz, lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideak aztertu dira, Planak ingurumen-ebaluazio estrategiko arrunta behar duen ala ez zehazteko.
1.– Planaren ezaugarriak. Honako alderdi hauek hartu dira kontuan:
a) Planak zer neurritan ezartzen duen proiektuetarako esparrua. Plan Bereziak ez dauka baldintzatzailerik, besteak beste, kokapen, ezaugarri, neurri edo funtzionamenduari dagokionez, proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko legedian zerrendatutako kategorietako baten batekoak diren proiektuak etorkizunean baimentzeko.
b) Zenbaterainoko eragina duen Planak beste plan edo programa batzuetan. Ez da aurkitu plangintza nagusiarekiko bateraezintasunik. Durangoko indarreko Plangintzako Arau Subsidiarioek hiri-lurzoru sailkatzen dute kokalekua. Gainera, Ingurumen Dokumentu Estrategikoan Plan Berezia beste plan batzuekin bateragarri den ere aztertu da; besteak beste, Lurralde Antolamenduaren Gidalerroekin (LAG), Durangoko funtzio-arloko Lurraldearen Arloko Planarekin (LAP), EAEko trenbide-sarearen Lurralde Plan Sektorialarekin (LPS), Nekazaritza eta Basozaintzako LPSrekin, Garapen Jasangarrirako Euskal Ingurumen Estrategiarekin, Tokiko Agenda 21arekin...
c) Plana egokia den edo ez ingurumen-oharpenak integratzeko, bereziki garapen jasangarria sustatzeko helburuarekin bat eginik. Plan Berezia garatuz lortu nahi den helburuetako bat da hiri-espazioen kalitatea handitzea, bai eta eraikinen antolaketa hobetzea ere, era horretan, hiri-eremua berrituz, hiri-lurzorua arintzeko, mugikortasun-arazoak konpontzeko, ingurumena hobetzeko... etab. Asmoa da hirigintza-antolamendu berri bat garatzea, oraingo eraikinen kokapena eta forma aldatzeko, eta horri esker, estetika- eta ingurumen-kalitate handiagoa lortzea.
d) Planarekin lotutako ingurumen-arazo adierazgarriak: ebazpen honen aurreko atal batzuetan adierazi bezala, izan litezkeen eragin nagusiak obren fasean gertatzen direnak izango dira (lur-mugimenduekin lotuta eta lurzoru eraldatuen gaineko balizko eragina, hondakinak sortzea, makinen joan-etorria, zaratak, hautsa, biztanleei eragozpenak egitea), landaretzari eragitea, kalitate akustikoko helburuak gainditzea proiektatutako eraikinen kanpoko aldean...
e) HAPB egokitzat jotzen da ingurumenaren arloko legeria –Europakoa nahiz Espainiakoa– txertatzeko.
2.– Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriak.
Ondorioen eta eragina jasan lezakeen eremuaren ezaugarriei dagokienez, eta Plan Bereziaren zehaztapenak kontuan harturik, ez da aurreikusten ingurumen-arazo adierazgarririk gertatzea haren gauzapenaren ondorioz, betiere eragin-eremuan egiten diren jarduerak segurtasun eta osasunaren, ingurumenaren, natura-ondarearen, kultur ondarearen, paisaiaren, kutsadura akustikoaren eta uren arloko indarreko araudiari jarraikiz, besteak beste, egiten badira. Eta bereziki beteko da uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa (Plan Bereziaren eremuan lurzorua kutsa dezaketen jarduerak dituzten edo izan dituzten lurzoruen inbentarioan jasotako lurzati bat dago, 48027-00073 kodea duena), baita zaratari buruzko indarreko araudian ezarritakoa ere.
3.– Neurri babesle eta zuzentzaileak indarreko araudiaren arabera gauzatuko dira, ingurumen-txosten estrategikoak formulatzen duen ebazpenean adierazitakoarekin bat, eta, aurrekoaren aurkakoa ez den orotan, ingurumen-dokumentu estrategikoan eta planean bertan jasotakoarekin bat etorriz.
Besteak beste, neurri hauek hartu beharko dira:
– Obra-proiektua gauzatzeko orduan, obrako langileek jardunbide egokien gida bat erabil dezaten ahalegindu behar da.
– Dagoen landaredia babestea: ahal dela, eremuan dauden eta interesekoak diren berdeguneak bere horretan utziko dira.
• Obraguneak zedarritu egingo dira, landarediari ahalik eta gutxien eragiteko.
• Natura-interesekotzat jotako zuhaitzen bat kendu behar bada, zuhaitz hori birlandatzeko aukera kontuan hartuko da beti. Horretarako, zuhaitz horiek ezin hobeto kontserbatu beharko dira, behin betiko lekuan birlandatu arte.
• Gomendatzen da Plan Bereziak tamaina handiko ahalik eta zuhaitz gehien kontserbatzeko neurriak jaso ditzan, eta espazio libreetan bertako zuhaitzak eta zuhaixkak jartzea, ahalik eta irtenbide naturalenak aukeratuta.
• Gomendatzen da landareztatzeko plan bat egitea, barne hartzen duena haltzadi kantauriarreko espezieak erabiltzea eremua lehengoratzeko.
• Gomendatzen da kontsulta egitea organo eskudunari, Plan Bereziaren jarduera-esparruan dauden landare-espezie inbaditzaileak desagerrarazteko helburua duten neurriak hartzeko.
– Hondakinen sorrera eta kudeaketa: obrak egin bitartean sortutako hondakin guztiak eta indusketaren, eraispenen eta garbiketa-kanpainaren soberakinak kudeatzeko, uztailaren 28ko 22/2011 Legean (hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa) eta berariazko araudietan aurreikusitakoa beteko da.
• Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen kudeaketa arautzeko ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira eraikuntza- eta eraispen-hondakinak.
• Hondakin arriskutsuentzako ontzietarako, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako arauak bete beharko dituzte (hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen du dekretu horrek); itxita egongo dira baimendutako kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.
• Olio erabiliak, berriz, Industrian Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan eta EAEn Erabilitako Olioaren Kudeaketa arautzen duen irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan xedatutakoaren arabera kudeatuko dira.
• Lurren eta soberakinen kudeaketa: obretan indusketa-soberakinak sortzen badira, baimendutako soberakin-biltegira eraman eta indarreko legediaren arabera kudeatuko dira.
• Induskatutako lurzoruen kontrola: Durangoko Udalari eta Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazi beharko zaizkie lur susmagarriak hautemateagatiko kutsadura-arrasto guztiak, Lurzorua Kutsatzea Saihestu eta Kutsatutakoa Garbitzeko ekainaren 25eko 1/2015 Legearen 10.2 artikulua betetzeko.
– Airearen kalitatea eta kalitate akustikoa babestea:
• Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren 22. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, zonakatze akustiko, kalitate-helburu eta emisio akustikoei dagokienez, obrak egitean erabiliko diren makinak egokitu egin beharko dira kanpoan erabiltzeko makinen emisio akustikoei buruz indarrean dagoen araudian ezarritako aginduetara, eta, bereziki, egokitu beharko dira, hala badagokie, Kanpoan erabiltzeko makinek ingurumenean sortzen dituzten emisio akustikoak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan (apirilaren 28ko 524/2006 Dekretuak aldatu du) eta arau osagarrietan ezarritakora.
• Aurkeztutako dokumentazioaren arabera, Kalitate Akustikoko Helburuak (KAH) gainditzen dira fatxadek Larrasoloeta kalera ematea proiektatutako eraikinen kanpoko aldean, Plan Bereziaren jardun-eremuaren ekialdean. Eremuan behar diren neurri zuzentzaileak, ekonomiko eta teknikoki bideragarriak direnak, hartu beharko dira KAHak bete daitezen. Horrela izan ezean, Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 212/2012 Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen duenari jarraikiz, ezin izango dira exekutatu garapen urbanistiko berriak kanpoko ingurumarian kalitate akustikoaren helburuak betetzen ez direnetan, hargatik eragotzi gabe 43. eta 45. artikuluetan ezarritakoa.
• Halaber, eguneko lan-ordutegian jardungo da, eta kamioiek obran sartu eta irteteko erabiltzen dituzten bideak garbi mantendu beharko dira; horretarako, presioko ura edo erraztatzeko makina mekanikoak erabiliko dira.
– Urak babestea: kasu bakoitzari dagozkion obretan, lurrazaleko uretara solidoak ahalik eta gutxien iristeko neurriak hartuko dira; adibidez, jalkitze-tangak, sedimentuentzako tranpak edo iragazkiak.
– Lorategietako jardueretan, bertako biodibertsitatea sustatzeko jarduerak bultzatuko dira, jasangarritasun-irizpideak lehenetsiz praktikan jarri bitartean, espezie inbaditzaileak sartzeko arriskua murrizteko. Horretarako, «Lorategi eta berdegune jasangarriak diseinatzeko eskuliburua» argitalpenean jasotako gomendioak eta neurriak erabiliko dira. Eskuliburua Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak sortu zuen.
– Eraikingintza eta eraikuntza jasangarria: 2020ko IV. Ingurumen Esparru Programak eraikingintza eta eraikuntza jasangarriagoa sustatzea ezarri zuen lehentasun gisa, baliabideak euren bizi-ziklo osoan erabiltzea eta ostean ere sortutako hondakinak aprobetxatzea lehenetsiz [2017rako lehentasuna]. Horrenbestez, kontuan izan beharko dira eraikuntza jasangarriko gidetan jasotako gomendioak, eraikinetan energia-aurrezpena eta efizientzia bultzatzeko, bai eta energia berriztagarriak sustatzeko ere. Neurri horiek, gutxienez, alderdi hauetan eragin beharko dute:
• Materialak. Berriztagarriak ez diren lehengaien kontsumoa murriztea.
• Energia. Berriztagarriak ez diren iturrien bidez sortutako energia kopurua edo -kontsumoa murriztea.
• Edateko ura. Edateko uraren kontsumoa gutxitzea.
• Ur grisak. Ur gris gutxiago sortzea.
• Atmosfera. Gas, hauts, bero eta argi gutxiago isurtzea.
• Barne-kalitatea. Barruko airearen kalitatea, erosotasuna eta osasungarritasuna hobetzea.
Bigarrena.– Ingurumen-dokumentu estrategikoan eta ingurumen-txosten estrategiko honetan ezarritakoa oinarri hartuta, zehaztea ez dela aurreikusten Birjinoste EU-2 eremuaren Hiri Antolamenduko Plan Bereziak eragin garrantzitsurik izaterik ingurumenean, eta, beraz, ez dela ingurumen-ebaluazio estrategiko arruntik egin behar.
Hirugarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Durangoko Udalari.
Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara dadila agintzea. Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31.4 artikuluak ezarritakoaren arabera, ingurumen-ebaluazio estrategiko honek indarra galduko du eta berezko dituen efektuak sortzeari utziko dio, behin Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta lau urteko gehieneko epean, Birjinoste EU-2 eremua Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartzen ez bada. Kasu horretan, berriro hasi beharko da planaren ingurumen-ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 9a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.