EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-11 Aldizkari honetan argitaratua: 2018237

5/2018 LEGEA, azaroaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen Legea hirugarren aldiz aldatzen duena.

Organo emailea: LEHENDAKARITZA
Xedapenaren zenbakia: 201800005
Xedapenaren data: 2018-11-29
Hurrenkenaren zenbakia: 201806044
Maila: Legea

Aurreko erreferentziak:
  • 1989/06/09an argitaratutako 1989/05/30reko 198900002 LEGEA aldatzen du

Eusko Legebiltzarrak 5/2018 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen Legea hirugarren aldiz aldatzen duena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.
ZIOEN AZALPENA
Maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra definitzea eta arautzea eta planari loturiko eskudantzien egikaritzea koordinatzea, erakunde komunek dituzten eskumenen barruan.
Azaroaren 8ko 2/1991 Legearen bidez, maiatzaren 30eko 2/1989 Legea aldatu zen; aldaketaren helburua zen planaren gai den sarearen katalogoa, eranskinean jasotakoa, eguneratzea, baita araugintza-prozedura arintzea ere, katalogoa etengabe aldatzen diren zirkunstantzietara hobeto egokitu ahal izateko; horretarako, katalogoa aldatzeko teknika erraztu zen.
Ondoren, urriaren 4ko 5/2002 Legearen bidez bigarrenez aldatu zen 2/1989 Legea, planaren gai den sarean sartutako errepideak berrikusteko helburuarekin.
Maiatzaren 30eko 2/1989 Legeak etengabe aldatzen diren gai batzuk arautzen ditu, esaterako sareko errepideen katalogoa, eta, horrenbestez, beharrezkotzat jotzen da katalogoa aldatzeko prozedura arintzea, eskudantzia Eusko Jaurlaritzari emanez. Nolanahi ere, Errepideen Plan Orokorraren Batzordearen aurretiko txostena beharko da, erakunde arteko koordinazioa ziurtatzeko, betiere administrazio bakoitzaren eskumenak errespetatuz.
Sareko errepideen hierarkizazioari dagokionez, sare osagarria erantsi da.
Era berean, egungo legerian indarrean dagoen errepide-sarea izendatzeko printzipio orokor batzuk ere aldatu dira; horren helburua da koordinatzea, batetik, probintzia mugakideetako errepideen izendapenarekin, betiere plana arautzen duen legearen baldintzen arabera, eta, bestetik, estatuko legeriarekin (Errepideei buruzko irailaren 29ko 37/2015 Legea eta Estatuko errepideen sareko autobide eta autobien nomenklatura eta katalogoa aldatzen dituen irailaren 26ko 1231/2003 ED), baita sarea hiri barruan kudeatzeko tresna osagarri gisa erabili ahal izatea ere.
Bestalde, beste aldaketa batzuk ere gertatu dira: Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-antolamenduaren eremuan, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurraldearen Antolamendurako maiatzaren 31ko 4/1990 Legea onartzearen ondorioz; garraioaren eta azpiegituren eremuan, Euskadiko Garraio Agintaritzaren abenduaren 15eko 5/2003 Legearen ondorioz, eta, azkenik, ingurumen-eremuan, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen ondorioz eta Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoen plan eta programen ingurumen-ebaluazio estrategikoa egiteko prozedura arautzen duen urriaren 16ko 211/2012 Dekretuaren ondorioz. Aurreko guztiak kontuan, lege honen bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra egiteko prozedura, 2/1989 Legean aurreikusitakoa, aurreikuspen berri horietara egokitu nahi da, lurralde-antolamendurako beste tresna batzuekiko eta ingurumen-araudiarekiko koordinazioa ziurtatzeko.
Era berean, komenigarritzat jo da plana berrikusteko araubidea aldatzea; hala, plana berrikusiko da baldin eta hala aholkatzen badute komunikazio-bideetako antolamendu-irizpide berriak hartzearen ondoriozko zirkunstantziek edo zirkulazioaren eta egindako jarduketen eboluzioak.
Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorraren gai den katalogo eguneratua sartu da eranskin gisa.
Lege-testuak hamar artikulu, xedapen iragankor bat, azken xedapen bat eta eranskin bat ditu.
Lehen artikulua. Honela geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 3. artikulua:
«3. artikulua.– Eusko Jaurlaritzari dagokio:
a) Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra onartzea.
b) Errepideen Plan Orokorraren berrikuspena eta aparteko aldaketak onartzea.
c) Errepideen Plan Orokorraren gai den sarearen katalogoaren (lege honetan eranskin gisa sartu denaren) aldaketa onartzea».
Bigarren artikulua.– Honela geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 5. artikuluaren 1. apartatua:
«5. artikulua.– 1.– Lege honen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko errepideak bost saretan hierarkizatuko dira, beren funtzionaltasunaren arabera: lehentasuneko sarea, oinarrizko sarea, sare osagarria, eskualde-sarea eta sare lokala.
a) Lehentasuneko sarean sartuko dira: nazioarteko ibilbideak; mugetara eta portuetara eta interes orokorreko aireportuetara iristekoak; erkidego arteko ibilbide luzeko trafiko garrantzitsuak jasaten dituztenak, eta ibilgailu astunak eta salgai arriskutsuen karga esanguratsuak, kanpokoak zein barrukoak, jasaten dituztenak.
b) Oinarrizko sarean egongo dira lehentasuneko sareetan sartu ez arren ibilbide osoak eratuz lurralde historikoa egituratzen duten errepideak, eta zirkulazio handikoak izanik beste lurralde historikoekin edo autonomia-erkidegoekin lotzen direnak.
c) Sare osagarrietan sartuko dira oinarrizko eta lehentasuneko sareetako kapazitate handiko ibilbideak hiri-arteriekin lotzen dituztenak. Sare horrek metropolia sortzen lagunduko du, lurrak eta aglomerazio ez-konexuak integratuz, eta irispidea emango die mugikortasun-sortzaile handiei.
d) Eskualde-sarean sartuko dira zirkulazio handirik jasan gabe inguruko eskualdeekin komunikatzen duten errepideak.
e) Sare lokalean sartuko dira aurreko sareetan sartzen ez diren errepideak».
Hirugarren artikulua.– Honela geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 6. artikulua:
«6. artikulua.– 1.– EAEko errepideen izenak haien sailkapen hierarkikoaren arabera erabakiko dira, honako printzipio orokor hauei jarraikiz:
a) Errepideen Plan Orokorreko sarean sartzen diren errepideen izendapena lege honen eranskinean xedatutakoari lotuko zaio.
b) Lehentasuneko sareko kapazitate handiko errepideak autobide edo autobiak direnean, interkonexioen nomenklatura 'A' (A-) batekin hasiko da, eta, ordainpekoak badira, 'P' bat erantsiko da (AP-), salbu eta c) apartatuan aurreikusitako kasuetan; jarraian, digituak jarriko dira (bat, bi edo hiru).
c) Hiri barruko edo inguruko errepideen nomenklatura funtzionaltasunaren arabera ezarriko da:
c.1.– Irispide edo sarbideetan, nomenklatura lurralde historikoaren edo hiriaren kodearekin hasiko da, eta, jarraian, zeroz (0) bestelako bi digitu jarriko dira, gehienez,
c.2.– Ibilbide baten parte ez diren ingurabideetan, nomenklatura lurralde historikoaren edo hiriaren kodearekin hasiko da, eta, jarraian, bi digitu jarriko dira, gehienez; digitu horietako bigarrena (0) izango da.
d) Lehentasuneko sareko gainerako errepideen nomenklatura «N» batekin hasiko da.
e) Gainerako sareetako errepideen nomenklatura errepide bakoitza igarotzen den lurralde historikoari dagozkion letrekin hasiko da (batekin edo birekin), eta, jarraian, digituak jarriko dira: hiru digitu oinarrizko sarean eta sare osagarrian, eta lau eskualde-sarean eta sare lokalean; oinarrizko sarean, lehenengo digitua sei edo bat izango da, osagarrian zazpi, eskualde-sarean bi, eta sare lokalean hiru edo lau.
2.– Hori hala izanik ere, erkidegoz haraindiko ibilbideetan Estatuko Administrazio Orokorrarekin eta eragindako gainerako erakunde publikoekin koordinatu beharko da izenak jartzeko.
Nazioarteko ibilbideen izenak jartzeko, barne-ordenamenduaren parte diren nazioarteko hitzarmen edo akordioetan ezarritakoari jarraituko zaio, hala dagokionean.
3.– Foru-aldundiek modu koordinatuan erabakiko dute planaren gai den sarean sartuta ez dauden errepideen nomenklatura, bat etorriz aurreko apartatuetan ezarritako printzipio orokorrekin.
Errepideen Plan Orokorraren Batzordeak gaiari buruzko gomendio ez-lotesleak egin ahal izango ditu».
Laugarren artikulua.– Honela geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 7. artikuluko 3. apartatua:
«3.– Planaren gai den sareko errepide-zerrenda lege honen eranskin gisa dago jasota, eta zerrenda hori aldatzea Eusko Jaurlaritzari dagokio, dekretu bidez, aurretik foru-aldundiei entzun ondoren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorraren Batzordeak txostena emanda.
Txostena emateko gehieneko epea eskatu eta handik hilabetera artekoa izango da; epe hori igarota, txostena aldekoa dela ulertuko da».
Bosgarren artikulua.– Kendu egiten da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 7. artikuluko 4. apartatua.
Seigarren artikulua.– Honela geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 8. artikuluko 1. apartatua:
«1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorrak 12 urteko iraupena izango du, gehienez ere, hargatik eragotzi gabe hura berrikustea edo aldatzea.
Eusko Jaurlaritzak, I. tituluko 3. kapituluan adierazitako prozeduraren arabera, plana berrikusi ahal izango du baldin eta hala aholkatzen badute komunikazio-bideetako antolamendu-irizpide berriak hartzearen ondoriozko zirkunstantziek edo zirkulazioaren eta egindako jarduketen eboluzioak, betiere planaren indarraldia bukatu aurretik.
Berrikuspenaren ondorengo dokumentua izango da Errepideen Plan Orokor berria, eta aurrekoa indargabetuta geratuko da, automatikoki».
Zazpigarren artikulua.– Honela geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 12. artikuluko 6. apartatua:
«6.– Adierazitako aldaketak eginda –hala badagokio–, aurrerapena izapidetzeari ekingo zaio onartu arte, aurretik txostena egin ondoren Errepideen Plan Orokorraren Batzordeak, Lurralde Antolamenduaren Batzordeak eta Euskadiko Garraio Agintaritzak».
Zortzigarren artikulua.– Honela geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 12. artikuluko 8. apartatua:
«8.– Errepideen Plan Orokorra egiteko, berrikusteko eta aldatzeko, dagokion ingurumen-ebaluazioaren prozeduraren arabera jokatu beharko da, gaiaz indarrean dagoen legerian xedatutakoari jarraiki».
Bederatzigarren artikulua.– Honela geratzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen 13. artikulua:
«13. artikulua.– Errepideen Plan Orokorraren berrikuspena eta aparteko aldaketak egiteko, haren onarpenerako ezarritako prozedura bera erabiliko da».
Hamargarren artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Errepideen Plan Orokorra arautzen duen maiatzaren 30eko 2/1989 Legearen eranskinaren testua lege honen eranskineko bera izango da.
XEDAPEN IRAGANKORRA
Lege hau indarrean hasten denean izapidetzen ari diren prozedurak lege honetan ezarritakoaren arabera izapidetuko dira.
AZKEN XEDAPENA
Lege hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.
Beraz, lege honi men egiteko eta men eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 30a.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.