EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-10 Aldizkari honetan argitaratua: 2018236

ERABAKIA, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko irailaren 27ko bilkuran hartua, «Bizkaiko Lurralde Historikoaren Kontu Orokorra, 2016» txostena behin betiko onesten duena.

Xedapenaren data: 2018-09-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201806022
Maila: Akordioa
Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren Osokoak 2018ko irailaren 27an egindako bilkuran, honako hau
ERABAKI DU:
«Bizkaiko Lurralde Historikoaren Kontu Orokorra, 2016» txostena behin betiko onestea, erabaki honen eranskin modura ageri dena.
HKEEren 1/1988 Legearen 13.2 artikuluak aurreikusten duena betez, txostenaren ondorioak dagozkion aldizkari ofizialetan argitaratzeko xedatzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko irailaren 27a.
HKEEko Lehendakariordea,
JOSÉ ANGEL QUINTANILLA ANGULO.
HKEEko idazkari nagusia,
JULIO ARTETXE BARKIN.
ERANSKINA
«BIZKAIko Lurralde Historikoaren Kontu Orokorra, 2016» Fiskalizazio-txostena
Laburtzapenak.
AKSP: Arrisku-kapitaleko Sozietatea PYME.
AMAS: Autonomiari eta Mendekotasunari Arreta emateko Sistema.
AOFATB: Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Arauaren testu bategina, abenduaren 3ko 5/2013 Foru Dekretu Arauemaile bidez onartutakoa.
Aurrekontuen FA 2016: 8/2015 Foru Araua, abenduaren 30ekoa, Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2016. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzkoa.
BABA: Baldintza Administratibo Berezien Agiria.
BEZ: Balio Erantsiaren gaineko Zerga.
BFA: Bizkaiko Foru Aldundia.
BLH: Bizkaiko Lurralde Historikoa.
BOS: Bilboko Orkestra Sinfonikoa.
DFA: 5/2005 FA, maiatzaren 31koa, Foru Administrazioak emandako diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzen duena.
EAE: Euskal Autonomia Erkidegoa.
EEAA: Erakunde autonomoak.
EHU: Euskal Herriko Unibertsitatea.
ELA: Estatuko Loteriak eta Apustuak.
Elkarkidetza: Elkarkidetza Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundea.
ESS: Enpresa Sektore Publikoa.
FA: Foru Araua.
FD: Foru Dekretua.
FDA: Foru Dekretu Arauemailea.
FEEP: Foru enpresa-erakunde publikoa.
GLFE: Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundea Erakunde Autonomoa.
PFEZ: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zerga.
SPKLTB: Sektore Publikoaren Kontratuei buruzko Legearen testu bategina, azaroaren 14koa, 3/2011 Legegintzako Errege Dekretu bidez onartutakoa.
TVCP/HKEE: Herri Kontuen Euskal Epaitegia.
Udalkutxa: Udal Finantzaketarako Foru Funtsa.
I.– Sarrera.
Herri Kontuen Euskal Epaitegiak (HKEE) otsailaren 5eko 1/1988 Legean eta Lanerako Urteko Programan erabakitakoari jarraikiz, Bizkaiko Lurralde Historikoaren (BLH) 2016ko ekitaldiko Kontu Orokorraren fiskalizazioa mamitu du.
Alderdi hauek aztertu ditu fiskalizazioak:
– Legezkoak: honako atal hauetan: aurrekontua, zorpetzea eta finantza eragiketak, langileria, obren kontratazioa, erosketa eta zerbitzuak, diru-laguntzen emakida eta zuzenbide publikoko sarrerak.
– Kontularitzakoak: Foru sektore publikoko kontuak ezargarriak diren kontularitzako printzipioen arabera mamitu diren aztertuko dugu.
– Foru sektore publikoaren egoera ekonomikoaren finantza analisia.
– Lanean ez da jaso gastuaren eraginkortasunari eta efikaziari buruzko analisia. Nolanahi dela ere, kudeaketan eta barne kontrolean azaleratutako hutsak «Barne kontrolerako sistemari eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak» idazpuruan xehetasunez jasoko ditugu.
BLHren Kontu Orokorra Bizkaiko Foru Aldundiaren, Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen eta Enpresa Sektore Publikoaren kontuek osatzen dute (ikus BLHren Kontu Orokorra www.bizkaia.eus helbidean).
Hona hemen Enpresa Sektore publikoa osatzen duten foru enpresa publikoen, foru merkataritzako sozietateen eta foru fundazioen xehapena:
Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Arauaren testu bateginean agindutakoari jarraikiz, BLHren Kontu Orokorrak informazio modura Bilbao-Bizkaia Uren Partzuergoaren Balantzea eta Galera eta Irabazien Kontua besarkatzen dituen eranskina barne hartu du. Kontu hauek ez dira Txosten honetan fiskalizatu.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
1.– BFAk uste du bertako Giza Baliabideetako Plan Estrategikoaren arabera, borondatezko erretiroagatik, ezintasun iraunkorragatik eta administrazio publikoko langile izateari uko egiteagatik 2016an 111 langileri guztira 4,2 milioi euroren zenbatekoan ordaindutako primak Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergatik salbuetsitako laneko irabaziak direla. Plan horrek ez du egiaztatzen Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 51. artikuluaren arabera, jokamolde horiek kaleratze kolektibo eta arrazoi objektiboengatiko kaleratze edo kargugabetzeekin berdintzen utziko lukeen arrazoirik egon denik, zeinaren kalte-ordainak badauden PFEZetik salbuetsita, abenduaren 5eko 13/2013 FAren 9. artikuluaren arabera. Egoera hau erretiro aurreratu batekin gertatu da 2016an Euskalduna Jauregia, S.A.n, zeinak 80.071 euroren kalte-ordaina jaso duen.
2.– Beaz, S.A.k aldi baterako bi kontratu lanaldi osoko kontratu mugagabe bihurtu ditu hautaketa prozesurik gauzatu gabe eta horrek enplegu publikorako sarbidea arautzen duten printzipioak urratu ditu.
3.– GUFEk hornigaiak erosi ditu guztira 750.285 euroren zenbatekoan, prozedura irekia saihestuta.
4.– Enpresa Sektore Publikoko zazpi erakundek energia elektrikoa erosi dute (1,4 milioi euro), Euskalduna jauregiak gasa (152.797 euro), Bizkaiko Basalan, S.A.k erabilitako ibilgailuak (307.427 euro), ibilgailuen eta tresneriaren alokairua (157.239 euro) eta gatza (97.784 euro) eta Garbiker, S.A.k hainbat gauza (577.370 euro), guztiek ere publikotasun eta lehia printzipioak bete gabe.
5.– Azpiegitura, S.A.k bi kontratu esleitu ditu, nabe baten obra zibilaren egikaritza eta Sestao Bai poligonoko 5, 7, 8, 9 eta 10 lursailen urbanizazioa, eta nabe bereko instalazio eta akaberako lanak, guztira 6,5 milioi euroren zenbatekoan (BEZa barne). Balioa osotasunean hartuta, Sozietateak arautze harmonizatuari lotutako kontratuen prozedura eta publizitate arau berberak bete behar zituzkeen bi esleipenak (SPKLTBren 86.3 artikulua).
6.– Euskalduna Jauregia, S.A.ren ekitaldietan aretoak muntatu eta desmuntatzeko eta laguntza teknikoa emateko zerbitzu teknikoa 2015eko martxoaz geroztik luzatu da kontratuan aurreikusitako gehienezko epea gaindituta; kontratuak 2016an 659.288 euroren gastua eragin du.
7.– Garbiker, S.A.ren ibilgailuen parkera atxikitako ibilgailuen, ekipo mugikorren eta makinariaren mantentze-zerbitzua emateko esparru-akordioa luzatu egin da 2016ko joan den abuztuaren 31n iraungi zenez geroztik. Esleipendunekin egindako gastua, 2016ko iraila-abendua aldian, 252.830 eurorena izan da.
Epaitegi honen iritzira, BLH osatzen duten entitateek, 1etik 7ra bitarteko paragrafoetan aipatutako ez-betetzeak alde batera (ikus I. Sarrera), zuzentasunez bete dute 2016ko ekitaldian ekonomia-finantzaren jarduera arautzen duen lege arautegia.
II.2.– Kontuei buruzko iritzia.
Epaitegi honen iritzira, Bizkaiko Lurralde Historikoa osatzen duten entitateen kontuek (ikus I. Sarrera) alderdi esanguratsu guztietan erakusten dute 2016ko abenduaren 31ko ondarearen eta finantza egoeraren isla zuzena; baita, data horretan amaitutako urteko ekitaldiari dagozkion bere eragiketen eta eskudiruzko fluxuen emaitzena ere, ezargarria den finantza informazioaren arau-esparruaren arabera eta, zehazki, bertan jasotako kontularitzako printzipio eta irizpideen arabera.
III.– Barne kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko irizpenak.
Atal honek besarkatzen ditu bai ekonomia-finantza jarduera arautzen duten printzipioak betetzea nabarmen eragiten ez duten hutsak, bai prozedurazko alderdiak ere, kudeaketa hobetzeko azaleratu ditugunak.
III.1.– Aurrekontua, Kontu Orokorra eta Kontabilitatea.
– BFAk, Enpresa Sektore Publikokoak ez diren entitateetan duen partaidetzaren balio-galeragatiko zuzkidura kalkulatzeko, kasurik gehienetan, 2015eko abenduaren 31ko kontularitzako balio teorikoa baliatu du, 2016koa beharrean. Horregatik, zuzkidurak 4,1 milioi euroren defizita du.
– Kontu Orokorraren konpromiso kredituen egoerak jasotzen du Bizkaiko Garraio Partzuergoaren finantza planak aurreikusten duela Bilboko Hiri Trenbidearen inbertsioetarako BFAk 642,9 milioi euroren ekarpena egingo duela 2013-2027 urteen artean. Partzuergoak 2016ko abenduan onartutako finantza planak aurreikusten du BFAk 2017-2027 aldian 378,8 milioi euroren ekarpena egingo duela.
– Interbiak, S.A.ren aurrekontuak ez du urte anitzeko izaera duten inbertsioen eranskina barne hartzen. 2016ko abenduaren 31n Sozietate honek 49 milioi euroren inbertsio konpromisoak ditu.
– Bizkaiko Basalan, S.A.k «Kanpoko zerbitzuen» aurrekontuko zuzkidura 354.592 euroan gainditu du, dagokion aurrekontu aldaketa onartu gabe.
– Kontu Orokorrak Enpresa Sektore Publikoa osatzen duten entitateen auditoria txostenak jaso behar lituzke, bakoitzaren urteko kontuak hobeto interpretatu ahal izateko.
III.2.– Langileria-gastuak.
– 2009an Diputatuen Kontseiluaren erabaki bidez onartutako azken lanpostu zerrenda eman zen argitara. Orduz geroztik, Bizkaiko Aldizkari Ofizialean ekitaldi bakoitzean egindako aldaketak soilik eman dira argitara. Komenigarria litzateke hainbatean behin gaurkotutako lanpostuen zerrenda argitaratzea.
– BFAk, GLFEk eta ESPk euren langileei % 0,7ko produktibitate-osagarri lineala ordaindu diete, 2012-2013ko ekitaldietako erosteko ahalmena galtzearen ondoriozko zorra itzultzearren, funtzionarioentzako Erabakiaren 70.4 artikuluan eta Lan kontratupeko langileen hitzarmeneko 92.4 artikuluan jasoa. Produktibitate-osagarria langile bakoitzak bere lanpostuari atxikitako egitekoak betetzean erakutsitako aparteko etekin, interes edo ekimena saritzeko erabili beharko litzateke. Hona hemen erakunde bakoitzak ordaindutako zenbatekoak: BFAk 949.305 euro; GLFEk 281.937 euro; eta ESPk 246.942 euro.
III.3.– Kontratazioa.
BFAk, GLFEk eta ESPk 2016an edo lehenagoko ekitaldietan gauzatu arren 2016an egikaritutako kontratazio espedienteen analisi bidez honako egoera hauek atzeman ditugu:
– Euskalduna Jauregia, S.A.k 1,9 milioi euroren zenbatekoan esleitutako bi kontraturen lizitazioa ez da behar hainbateko denboraz abiarazi esleipena lehenagoko kontratuak iraungi aurretik gauzatu ahal izateko. Kontratu berriak abiarazi dira aurrekoak iraungi eta 4 eta 7 hilabeteren buruan, hurrenez hurren.
– Zuzenean kuantifikagarriak ez diren irizpideei (subjektiboak) esleitutako balioa murriztu behar litzateke eta irizpide objektiboak gailendu (prezioa, batik bat) BFAk 14,4 milioi euroan esleitutako hiru zerbitzu kontratutan, ohikotasunez kontratatzen direnak eta zeinetan, ez den aparteko berezitasunik ikusten helburuan.
– Bizkaikoa FEEPak 319.440 euroan esleitutako kontratu baten BABAk esleipen irizpide modura onarpen faseko irizpide bat jasotzen du, kalitatezko ziurtagiriak aurkeztekoa, alegia.
– Euskalduna Jauregia, S.A.k 922.746 euroren zenbatekoan esleitutako zerbitzu kontratu baten BABAk esleipen irizpidetzat jasotzen du kontratuari lotutako langileek bertako instalazioak ezagutzea, eskarmentu hori egiaztatuz. Irizpide honek lizitatzaileen arteko tratu-berdintasunean eragina izan lezake, nahiz ez duen eraginik izan lizitazio horretan.
– Honako kontratu hauen BABAk zehaztutako esleipen irizpideek hobekuntzak egiteko atal bat besarkatzen dute, zein elementuren gainean eta zein baldintzatan baimentzen den aurkeztea zehaztu gabe: GLFEk esleitutako bi zerbitzu-kontratutan, 1,7 milioi eurorenak; Beaz, S.A.k esleitutako zerbitzu-kontratu batean, 205.700 eurorena; Euskalduna Jauregia, S.A.k esleitutako bi zerbitzu-kontratutan, 1,9 milioi eurorenak; eta Biscaytik Fundazioak esleitutako lau espedientetan, 890.841 eurorenak.
– 2016an Biscaytik Fundazioak formalizatutako bost kontraturen baldintza pleguak, prezio/orduko esleitutakoak eta 1,1 milioi euroren gehieneko zenbatekoan, ez du betetzeko epea zuzen zehazten. Betetzeko epe bat finkatzen da, baina, gainera, adierazten da esleipendunak zerbitzu eman beharko duela aurrekontuko zuzkidura agortu arte eskainitako prezio/orduaren arabera, Biscaytik Fundazioak zuzkidura hori ez agortzeko duen eskubidea eragotzi gabe.
– Bi obra kontraturen eta zerbitzuetako biren lizitatzaileek, BFAk 4,1 eta 1 milioi euroan esleitutakoak, hurrenez hurren, kontratazio mahaia eratu aurretik gauzatu da.
– Kontratazio atalak ez du dokumentazio errekerimendurik egin 2016an BFAk eta GLFEk formalizatutako kontratuak esleitzeko.
– BFAk 2,1 milioi euroan esleitutako obra kontratu bat betetzeko epea luzatu da, dagokion kontratu-aldaketa onartu gabe eta harrera-aktaren datatik hiru hilabeteko epea gainditu da obraren azken ziurtagiria onartzeko. Bigarren akatsa beste hiru obra kontratutan gertatu da, 4,9 milioi euroren zenbatekoan esleitutakoak. Ez dago jasoa, gainera, obra kontratu baten azken ziurtagiriaren onespena, 7,3 milioi euroan esleitutakoa.
– GLFEk kontratu txiki modura izapidetu ditu hornitzaile bakar batekin zenbait zentrotako berogailuaren mantentze-lanetarako erosketak, 42.239 euroren zenbatekoan; horretarako, sorta edo aleko prezioen araberako lehiaketa bideratu zitekeen, izan ere urtero kontrataturiko gastuak dira, zeinaren kostua balioets daitekeen.
– ESPren ondoko gastu hauek homogeneoak, aurreikusgarriak eta bakoitza hornitzaile batekin kontrataturikoak dira; honenbestez, lehia bideratu behar zatekeen horiek kontratatzean:
– Bizkaiko Basalan, S.A.k, arrazoi teknikoak direla eta, zuzenean egin ditu makineriaren alokairu eta neguko lanabesen hornidura gastuak, hurrenez hurren, 120.548 eta 65.154 euroren zenbatekoan; ez da hori, baina, kontratazio unean egiaztatu.
III.4.– Diru-laguntzak.
Diru-laguntza izendunak eta zuzenak.
Hautatutako diru-laguntza zuzenen azterketatik zera ondorioztatu dugu:
– 45 kirol federaziori guztira 4 milioi euroren ekarpenak eman zaizkie 2016-2019 aldian administrazio izaerako egiteko publikoak garatzeko; ordea, horiei dagokien dokumentazioak ez du federazio bakoitzarentzat bereizitako kopuruak euskarrituko dituen azterlan edo xehapenik barne hartzen.
Hiru federaziori egindako ekarpenen ekonomia-txosten justifikagarriek, guztira 149.963 euro egin dutenek 2016an, ez dute jasotzen diruz lagundutako proiektuko gastu eta sarreren, diru-laguntzen edo bestelakoen kontzeptuen araberako xehapenik; ez eta, gastuen zerrendari gehitutako kostu orokor eta zeharkakoak banatzeko irizpiderik ere. Gainera, federazioetako batek ez du aurkeztu garatutako jarduerei egotzitako gastuen eta sarreren egoera.
– Bost diru-laguntza izendunen (7,9 milioi eurorenak) eta diru-laguntza zuzen baten (425.000 eurorena) kontu justifikagarriak ez ditu jasotzen onuradunak hiru eskaintza eskatu izanaren agiri euskarriak, edota eskaerarik ezin eskatu izateko gastuen ezaugarri bereziak.
– Ez dago jasoa agiri bidezko justifikazioa egiaztatzeko akta, guztira 836.000 euroan emandako bi diru-laguntza izendunena.
Deialdi bidez emandako diru-laguntzak.
Hautatutako diru-laguntzen azterketatik zera ondorioztatu dugu:
– Apirilaren 5eko 66/2016 FDk nekazaritzako sektorearentzat egiturazko laguntzak finkatzen ditu BFAn mugaketa naturalak edo bestelako mugaketa berariazkoak dituzten eremuetan; dekretu honen arabera emandako 1,8 milioi euroren laguntza hainbanaketa aplikatuta gauzatu da, nahiz oinarri arautzaileek ez zuten aukera hori jasotzen.
IV.– Finantza analisia.
BFAk 2015 eta 2016ko ekitaldietan kitatutako magnitude nagusiak honako hauek dira:
Eragiketa arrunten emaitza.
2016ko emaitzak 145,1 milioi euroan gainditu du aurreko ekitaldikoa (% 44,88). Hona hemen bariazio adierazgarrienak:
– Sarrera arrunten kontzeptuan kitatutako eskubideek 507 milioi euro egin dute gora (% 7,55), 331,8 milioi euro zerga zuzen eta zeharkakoetan eta 149,1 milioi euro transferentzia arruntetan.
– Erakunde konpromisoek eragindako gastu garbia 164,4 milioi euroan gehitu da (% 3,06), itunpeko zergen diru-bilketa % 3,06 igo delako.
– Gastu arruntek 197,4 milioi euro egin dute gora (% 19,52), nagusiki transferentzia eta diru-laguntza arruntek eragindako gastuek eta ondasun eta zerbitzuen kontrataziokoek, hurrenez hurren, 170,2 eta 26,8 milioi euroan gora egin dutelako.
Kapital eragiketen emaitza.
Emaitza negatiboa 32,6 milioi euro murriztu da, kapital transferentzietan gastu garbia 34,1 milioi euro jaitsi delako.
Finantza eragiketen saldoa.
2016ko ekitaldiaren saldo negatiboa aurreko ekitaldikoa baino 27,5 milioi euro txikiagoa da, izan ere behera egin dute partaidetutako sozietateetarako kapital zabalkuntzek eta aurrekontuko zorpetzeari bere horretan eutsi zaio.
Doitutako aurrekontuaren emaitza.
2016ko emaitza aurreko ekitaldikoa baino 91,9 milioi euro handiagoa da Ekitaldiko emaitza 205,2 milioi euroan gehitzeak berdindu egin du ekitaldi itxien emaitza negatiboak 11,8 milioi euroan gora egin izana eta kaudimen-gabezietarako eta erakundearteko konpromisoetarako zuzkiduraren 109,1 milioi euroren bariazioa.
Zorpetzea.
2016an BFAk 148,5 milioi euro baliatu ditu zorpetze berrikoak. BFAk 2016ko abenduaren 31n zuen zor bizia ez da aldatu. ESP barne hartzen badugu, 2016an zorpetzeak % 1,45 egin du behera.
Ondorioa.
Apirilaren 27ko 2/2020 Lege Organikoak, Aurrekontuaren Egonkortasun eta Finantzaren Iraunkortasunari buruzkoak, 3. eta 4. artikuluetan administrazio publikoei ezargarriak zaizkien aurrekontuaren egonkortasun eta finantzaren iraunkortasunaren printzipioak ezartzen ditu, aurrekontuan oreka edo egiturazko superabit egoera modura eta oraingo eta etorkizuneko gastu konpromisoak finantzatzeko gaitasun modura ulertzen direnak, defizitaren eta zor publikoaren mugaketen barruan.
Kontu Orokorrean jasotako Aurrekontuaren Egonkortasun eta Finantzaren Iraunkortasunari buruzko txostena Estatuko Administrazioaren Kontu-hartzailetza Nagusiari eta Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteari igorri zitzaien eta horiek ez dute salbuespenik adierazi.
Sarreren aurrekontua egikaritzeak eta gastua kontrolatzeak, arrunta zein kapitalekoa, ekitaldi arruntaren emaitza 2015ekoa baino askoz hobea izatea bideratu du, aurrekontuaren emaitza metatua 6,6 milioi euroan gehitzen duena.
V.– Urteko kontuak.
V.1.– Bizkaiko Foru Aldundia.
V.2.– Gizarte urgazpenerako foru erakundea.
V.3.– Foru enpresa-erakunde publikoak.
V.4.– Merkataritzako foru sozietateak.
V.5.– Foru-fundazioak.
ALEGAZIOAK BIZKAIKO LURRALDE HISTORIKOKO 2016KO EKITALDIKO FISKALIZAZIO-TXOSTENARI
**** Pertsona fisikoen izenak eta identifikagarri gerta daitezkeen datuak ezabatu dira.
II.– Iritzia.
II.1.– Legea betetzeari buruzko iritzia.
1.– BFAk, Giza Baliabideen Planarekin bat, PFEZetik salbuetsitako laneko etekintzat hartzen ditu borondatezko erretiroagatik, erabateko ezintasun iraunkorragatik eta administrazio publikoko langile izateari uko egiteagatik 2016an 111 langileri ordaindutako primak –guztira 4,2 milioi euro–. Planak ez du aipatzen argudiorik jarduketa horiek, Langileen Estatutuaren testu bategineko 51. artikulua betez, arrazoi objektiboen ondoriozko kaleratze kolektiboekin edo utzarazpenekin berdinesteko; halakoetan, kalte-ordainak salbuetsita daude, hala xedatzen baitu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9. artikuluak. Inguruabar hori erretiro aurreratu batekin gertatu zen 2016an Palacio Euskalduna, S.A. sozietatean; 80.071 euroko kalte-ordaina jaso zuen.
Herri administraziorako eta erakunde harremanetarako sailaren alegazioa.
2016. urtean Bizkaiko Foru Aldundiko langileek ondoren aipatzen diren modalitateetan jaso dituzten kalte-ordainen PFEZen tributazioa:
a) Kalte-ordaina jasotzen duten aurreratutako erretiroak.
b) Ezintasun iraunkor osoaren adierazpena duten langileak eta.
c) Enplegatu publiko izateari uko egitea.
PFEZ arautzen duen 13/2013 Foru Arauko 9. artikuluko 5. idatz-zatiko azken paragrafoak xedatzen duen bezala, administrazio publikoek onetsitako Giza Baliabideen plan estrategikoen betearazpenaren ondorioz administrazio horietako langileek jasotzen dituzten kalte-ordainak salbuetsita daude, lan-erregulazioko espedienteekin berdinesten baitira. Kalte-ordain horien gehieneko kopurua bidegabeko kaleratzeen kasurako Langileen Estatutuak ezartzen duen nahitaezko muga izango da, hau da, 45 soldata-egun zerbitzuan emandako urte bakoitzeko (zerbitzu-aldia urtebete baino laburragoa izanez gero, kopuru hori proportzionalki hainbanatuko da), gehienez ere 42 ordainketa 2012ko otsailaren 11ra arte, eta hortik aurrera, 33 soldata-egun zerbitzuan emandako urte bakoitzeko (zerbitzu-aldia urtebete baino laburragoa izanez gero, kopuru hori proportzionalki hainbanatuko da), gehienez ere 24 ordainketa.
Artikulu hori irakurri besterik ez da egin behar salbuespenak bertan egiaztatzen direla ikusteko:
«13/2013 Foru Araua, 9. artikulua.
Salbuetsitako errentak:
5.– Langilea kaleratu edo kargugabetzeagatik ematen diren kalte-ordainak, Langileen Estatutuan, hura garatzeko araudietan edo, halakorik balego, epaiak betearazteko araudian nahitaezko izaeraz ezarritako kopuruetan; hitzarmen, itun edo kontratuetan finkatutako kalte-ordaina ezingo da nahitaezko izaeraz ezarritako kalte-ordaintzat hartu. Era berean, Euskadiko Kooperatibei buruzko ekainaren 24ko 4/1993 Legeak 103.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, bazkideak kooperatiba uzteagatik jasotzen dituen kalte-ordainak ere salbuetsita egongo dira; lan-araudiak Langileen Estatutuaren 52. artikuluko c) letran aipatzen den kargugabetze kasuetarako nahitaez ezartzen duen zenbateko bera dago salbuetsita.
Aurreko paragrafoetan jasotakoaren kalterik gabe, Langileen Estatutuko 51. artikuluaren arabera eginiko kaleratze kolektiboak direnean edo kontratuak estatutu horretako 52.c) artikuluan jasotako arrazoiengatik amaitzen direnean, zerga ordaintzetik salbuetsiko da estatutu horretan bidegabeko kaleratzeagatik nahitaezko izaeraz ezarritako mugak gainditzen ez dituen kalte-ordainaren zatia, betiere kaleratzeak eta kontratu-amaitzeak gertatu badira edo arrazoi ekonomiko eta teknikoengatik, edo ezinbesteko kasuengatik, edo antolaketa eta ekoizpeneko arrazoiengatik. Ordezkotza-kontratu batean dauden langileek lan-harremana desegin eta lan-jarduera lehenago uzteagatik langileek jasotzen dituzten kopuruak ere muga horiekin egongo dira salbuetsita.
Zenbaki honetan xedatutakoaren ondorioetarako, administrazio publikoek Langileen Estatutuko 51. artikuluan ezarritako arrazoietako bat oinarritzat hartuta giza baliabideen arloan egiten dituzten plan estrategikoak aurreko lerroaldean aipatzen diren kaleratze kolektiboekin eta kaleratze nahiz kargugabetze objektiboekin parekatuko dira.
Zenbaki honetan ezartzen den kalte-ordain salbuetsia 180.000 euro izango da, gehienez.
Artikulu hau Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudia onesten duen apirilaren 8ko 47/2004 Foru Dekretuaren 7. artikuluan, langileek kaleratzeagatik edo lana utzarazteagatik jasotzen dituzten kalte-ordainei buruzkoan, garatzen da; honela dio hitzez hitz:
«Zergari buruzko Foru Arauko 9. artikuluko 5. zenbakian ezarritako salbuespena aplikatzeko ezinbestekoa da langileak inolako loturik ez edukitzea enpresarekin. Kontrako frogarik izan ezean, ondoko kasuan langileak enpresarekin lotura daukala pentsatuko da: baldin eta kaleratu edo lana utzarazi ondoko hiru urteetan berriz ere enpresa berari, edo berarekin lotutako beste enpresa bati (lotura Sozietateen gaineko Zergari buruzko Foru Arauko 42. artikuluko 3. idatz-zatian ezarritakoaren araberakoa izan behar da), zerbitzuak egiten hasi bada; nolanahi ere, lotura bazkide-sozietatearen arteko harremanen arabera definitzen bada, partaidetza % 25ekoa edo handiagoa izan behar da (edo % 5ekoa edo handiagoa, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2004ko apirilaren 21ean finantza-tresnen merkatuei buruz emandako 2004/39/EE Zuzentarauko III. tituluan definitzen diren baloreen merkatu arautuetan negoziatzen diren baloreak izanez gero). Salbuetsitako gehieneko kopurua, 180.000 euro, langilearen laneratze edo lan-utzarazpen bakoitzeko aplikatuko da, kalte-ordaina ordaintzeko modua gorabehera».
Giza Baliabideen Plan Estrategikoak martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Langileen Estatutuaren testu bategineko 51. artikuluan aipatutako arrazoiak egiaztatzen ditu. Horren arabera, aurreko gertaerak kaleratze kolektiboekin eta arrazoi objektiboen ondoriozko kaleratze edo utzarapenekin berdinesteko arrazoiak gertatzen direla egiaztatzen da, eta horrenbestez, kalte-ordain horiek kargatik salbuetsita daudela, PFEZi buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9. artikuluan eta zerga horren araudian xedatzen den bezala, zeren, berezkoa duen legeriaren esparruan, langile kopurua (eta beraz enplegua) arrazionalizatzeko plana baita; zioen azalpenak hauxe dio:
«Urriaren 21eko 152/2008 Foru Dekretua onetsi zen Bizkaiko Foru Aldundiaren Giza Baliabideen Planaren ondoriozko arrazionalizazio-sistemak garatzeko, hain zuzen ere Funtzio Publikoaren erreformarako neurriei buruzko abuztuaren 2ko 30/1984 Legean xedaturiko lege-ezarpenak betearazteko. Plan hura 1996ko ekainaren 25ean onetsi zuen Gobernu Kontseiluak.
Abenduaren 29ko 22/1993 Legearen bidez sartu zen abuztuaren 2ko 30/1984 Legearen hogeita batgarren xedapen gehigarrian xedatu denez, autonomia erkidegoek eta tokiko korporazioek, beren burua antolatzeko ahalmenarekin bat, giza baliabideen beste arrazionalizazio-sistema batzuk har ditzakete enplegu planez gain, beren berezitasunetara egokitutako programen bidez.
Euskal Autonomia Erkidegoan, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legea aplikatzen da. Lege horren 22. artikuluaren arabera, Euskal Administrazio Publikoek giza baliabideak arrazionalizatzeko programak onar ditzakete, euren buruak antolatzeko duten gaitasunaren arabera eta langileen ordezkariekin negoziatu ostean. Programok euren berezitasunei egokituko zaizkie, eta funtzionarioei zein lan-kontratuko langileei buruzkoak izango dira, eta euren eraginpeko alorrean giza baliabideak ahalik ondoen erabiltzeko garatu behar diren jarduketak hartuko dituzte batera. Eta hori aurrekontuen mugen barne egin beharko da, gobernu-organoek langileei buruzko politikarako finka ditzaten jokabideen arabera.
Era berean, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren apirilaren 12ko 7/2007 Legearen 69. artikuluak ezarri zuen administrazio publikoek giza baliabideak antolatzeko planak onartu ahal dituztela.
Hortaz, Bizkaiko Foru Aldundiaren Giza Baliabideen Planak eta horren ondoriozko urriaren 21eko 152/2008 Foru Dekretuaren bidez, azaldutako marko juridikoaren baitan hauexek biltzen dituzte: Bizkaiko Foru Aldundiaren giza baliabideak arrazionalizatzeko zenbait neurri.
Neurri horien artean, beren zerbitzuko langileriaren erretiroari buruzko neurriak daude, baina, gaur egun, neurri horiek garatzen jarraitu beharra dago, baita zerbitzu aktiboaren luzapenerako muga Giza Baliabideen Plan Estrategikoan sartu ere, halako moldez non, oro har, funtzionarioen eta lan-itunpeko langileen nahitaezko erretiroa ohiko adinean ezarriko baita Gizarte Segurantzaren araubidearen edo kasuan kasuko mutualitatearen arabera.
Neurri hori Euskal Autonomia Erkidegoak jarraituriko ildoan kokatzen da; izan ere, 2014ko ekitaldirako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 20ko 4/2013 Legearen zortzigarren xedapen gehigarrian, muga hori bildu da bere zerbitzuko funtzionarioentzat.»
Horrenbestez, Langileen Estatutuko 51. artikuluan xedaturikoa Herri Administrazioan ezarritako egokitzapena da, hari datxekion araudiarekin bat etorriz. Ekoizpeneko bitartekoetan edo tresnetan, laneko sistemetan eta metodoetan izandako aldaketak eta ekoizpena antolatzeko moduak aipatzen dira zuzenean. Administrazioan, plantillei eta lanpostuen zerrendei dagokie, eta hori arrazionalizatzeko onetsi zen hain zuzen ere Giza Baliabideen Plana.
Herri administrazioetako giza baliabideen plan estrategikoak, haien araudia ikusita, administrazioak bere beharretarako balia ditzaketen giza baliabideak arrazionalizatzeko eta egokitzeko programak direla esan daiteke, beren burua antolatzeko ahalmen espezifikoarekin bat etorrita eta aurretik langileriaren ordezkaritzarekin negoziatuta. Programa horietan, enplegu planak aplikatzeko araudi orokorrean ezarritako neurriez gain, borondatezko eszedentziarako, aurreratutako erretirorako, zerbitzu aktiboari uko egiteko edo zerbitzuan behin betiko baja hartzeko pizgarriak sar daitezke.
Bestalde, enpresa pribatuaren eta lan-zuzenbidearen eremuan, lana erregulatzeko espedienteak iraizpen kolektiboak egiteko administrazio prozedurak dira, iraizpen horiek beharrezkoak baldin badira enpresaren egoera ekonomiko txarra gainditzen saiatzeko (kausa ekonomikoak baldin badira) edo enpresaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko, bere giza baliabideak modu egokiagoan antolatuz (kausa teknikoak, antolaketakoak edo ekoizpenekoak badira).
Horregatik, herri administrazioei datxezkien giza baliabideen plan estrategikoen eta lan-zuzenbideari datxezkion enplegu-erregulazioko espedienteen artean dauden antzekotasunak ikusita (bereziki kontuan hartuta biak bideratzen direla enplegatzaileak giza baliabideak beren antolamenduko behar objektiboetara egokitzeko eta arrazionalizatzeko), antzeko tratamendua ematen die PFEZFAk kontzeptu batean edo bestean jasotako pizgarriei eta kalte-ordainei, 9.5. artikuluan araupeturiko salbuespenaren ondorioetarako, eta sail eskudunak jakinarazita duenez plan estrategiko horien kasuan, antolamenduaren arloko kausak dira oinarria, Aldundiaren plantilla arrazionalizatzeko eta berregokitzeko, betiere Aldundian enpleguaren geroko bideragarritasuna bermatze aldera eta bere giza baliabideak egokiago antolatuz. Horrexegatik dago salbuetsita enplegatuek jasotako kalte-ordainaren zatia, baldin eta Langileen Estatutuan bidegabeko iraizpenerako ezarritako nahitaezko mugak gainditzen ez badira betiere.
Hauxe dio hitzez hitz LEren 51. artikuluak:
Kaleratze kolektiboa 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, onartzen duena enplegatu publikoaren oinarrizko estatutuaren legearen testu bateratua. (2015eko azaroaren 13tik indarrean dagoena).
1.– Lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako, kaleratze kolektibo esango zaio ekonomia, teknika, antolaketa edo ekoizpeneko arrazoietan oinarrituta kontratuak amaitzeari, laurogeita hamar eguneko epean amaitzeak honako hauengan badu eragina:
a) Ehun langiletik beherako enpresetan, hamar langilerengan.
b) Ehun eta hirurehun langile arteko enpresetan, langileen % 10.
c) Hirurehun langiletik gorako enpresetan, hogeita hamar langileri.
Kausa ekonomikoak tartean direla joko da baldin eta enpresaren emaitzak ikusita agerikoa bada egoera ekonomiko negatiboa duela enpresak; adibidez, gaur egun galerak izatea edo gerorako galerak aurreikustea, edo diru-sarrerak nahiz salmentak luzaroan gutxituz joatea. Nolanahi ere, murrizpena iraunkortzat joko da hiru hiruhilekotan jarraian salmentak edo sarrera arruntak aurreko urteko hiruhileko berdinetan baino gutxiago badira.
Kausa teknikoak tartean direla joko da baldin eta aldaketak gertatzen badira, besteak beste, ekoizteko bitarteko edo tresnen alorrean. Antolaketako kausak izango dira baldin eta aldaketak gertatzen badira, besteak beste, langileen lan-sistemetan edo ekoizpena antolatzeko lan-moduetan. Eta ekoizpeneko kausak izango dira baldin eta aldaketak gertatzen badira, besteak beste, enpresak merkatuan sartu nahi dituen produktuen edo zerbitzuen eskarian.
Artikulu honetako lehenengo lerroaldean aipatutako kontratu-amaitzeen kopurua zenbatzeko, aipatutako aldian enpresaburuaren ekimenez gertatutako amaitze guztiak hartuko dira kontuan, lege honetako 49. artikuluko 1. paragrafoko c) lerroaldean aurreikusitako arrazoien indarrez barik langileari ez dagozkion beste batzuen indarrez badira, eta amaitutako kontratu kopurua gutxienez bostekoa bada.
Enpresak, artikulu honetan jasotako aurreikuspenak saihesteko, lege honetako 52.c) artikuluan xedatutakoaren babespean eta adierazitako mailaren azpitik bata bestearen jarraian laurogeita hamar eguneko aldietan lan-kontratuak iraungitzen baditu, portaera hori onartzeko arrazoi berririk egon gabe, kontratu-amaitze berri horiek legeari iruzurra eginez gauzatu direla ulertuko da, eta deusezak eta ondoriorik gabeak direla deklaratuko da.
Hortaz, egiaztatuta geratu da badaudela argudioak jarduketa horiek, Langileen Estatutuaren testu bategineko 51. artikulua betez, arrazoi objektiboen ondoriozko kaleratze kolektiboekin edo utzarazpenekin berdinesteko; halakoetan, kalte-ordainak salbuetsita daude, hala xedatzen baitu Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko zergari buruzko abenduaren 5eko 13/2013 Foru Arauaren 9. artikuluak. Izan ere, administrazio publikoetako giza baliabideen plan estrategikoak, haien araudia ikusita, administrazioak bere beharretarako balia ditzaketen giza baliabideak arrazionalizatzeko eta egokitzeko programak direla esan daiteke, eta plan estrategiko horren kasuan beren antolamenduko behar objektiboetara egokitzen dira, sail eskudunak jakinarazi duen moduan.
Halaber, nabarmendu behar da ez PFEZa arautzen duen 13/2013 Foru Arauaren 9. artikuluan, ez Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudia onetsi zuen apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuko 7. artikuluan ez dela eskatzen giza baliabideen plan estrategikoak aldez aurretik ezarritako kausak izatea.
Hala ere, lantaldeak eta, hortaz, enplegua arrazionalizatzeko plan gisa konfiguratutako giza baliabideen plan estrategikoa sakon irakurtzean, Bizkaiko Foru Aldundiko Giza Baliabideen Planetik eratorritako arrazionalizazio sistemak garatzean onartu zena, Gobernu Kontseiluaren 1996ko ekainaren 25eko Erabaki bidez hasieran onartutakoa, ondorioztatzen da, lehenago esan bezala, enplegatzaileak dagozkion giza baliabideak arrazionalizatu eta antolaketaren beharrizan objektiboetara egokitzen saiatzeko baliabideak artikulatzen dituen benetako plana dela, enplegua erregularizatzeko espedienteekin gertatzen den bezala; horrenbestez, aipatutako antolaketa kausak izan direla frogatu egin da.
Ez PFEZa arautzen duen 13/2013 Foru Arauko 9. artikuluan, ez Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Araudia onetsi zuen apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretuko 7. artikuluan ez da aipatu azkentze kopuru zehatzik; ez da, inolaz ere ez, betekizun bat araudi aplikagarriari dagokionez; izan ere, azkentze ondorioetarako antzekotasuna ezarri duen araudiak finkatu beharko lituzke, hala badagokio, horretarako betekizunak.
Euskalduna Jauregiaren alegazioak.
Eragozpenaren haritik aipatu behar da Bizkaiko Foru Aldundiak hitzarmen bat sinatu zuela 2013ko maiatzaren 17an sindikatu zentralekin, Bizkaiko Foru Aldundiaren urriaren 21eko 152/2008 Foru Dekretuak onartutako giza baliabideen plan estrategikoari buruzkoa, Bizkaiko Foru Aldundiko azaroaren 22ko 173/2011 Foru Dekretuak aldatutakoa, kalte-ordaina jaso behar duten aurretiazko erretiroei dagokienez; bertan aurreikusi da zerbitzu harremana kalte-ordaina jaso dezakeen aurretiazko erretiro bitartez buka daitekeela.
Akordioaren laugarren atalak berariaz jaso zuen akordio horretan hartutako erabakiak hedatzea sustatuko dela, hain zuzen ere Foru Sektore Publikoko langileengana iritsiz; horrenbestez, Euskalduna Jauregian aplikagarria da.
Arrazoi hori dela medio, Euskalduna Jauregiko Zuzendaritza Nagusiak langile baten aurretiazko erretiro eskaera onartzea erabaki zuen (kopia atxiki da), 2013ko maiatzaren 17ko akordioan ezarritakoaren babespean, Foru Aldundiak sinatutako giza baliabideen plan estrategikoetako bati dagokiola ulertzen baita, Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 51. artikuluan aipatutako kausaren batean oinarrituz (kausa ekonomikoak, teknikoak, antolaketakoak edo ekoizpenekoak). Horren kopia bat atxiki da, doc1 izenarekin.
Horregatik, eta PFEZFAren 9.5 artikuluetan eta Bizkaiko Foru Aldundiaren apirilaren 8ko 47/2014 Foru Dekretu bidez onartutako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Araudiko 7. Artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, aipatutako primak salbuetsitzat jo behar dira.
2.– Beaz, S.A. sozietateak aldi baterako bi kontratu lanaldi osoko kontratu mugagabe bihurtu ditu hautapen prozesurik egin gabe; horrek urratu egiten ditu enplegu publikora sarbidea izatea arautzen duten printzipioak.
Beaz-en alegazioa.
2016an zehar bi kontratu kontratu mugagabe bihurtu dira:
– 1. kontratua: 2018-09-13an aldi baterako kontratu bat, errelebo kontratu bidez, lanaldi osoko kontratu mugagabe bihurtu zen **** langilearentzat.
– 2. kontratua: 2018-10-03an bitarteko aldi baterako kontratu bat lanaldi osoko kontratu mugagabe bihurtu zen **** langilearentzat.
1. kontratua:
2012. urtean, BEAZ S.A.U. sozietateak langileak kontratatzeko prozesu bat egin zuen errelebo kontratuko plaza bat betetzeko, langileetako batek, ****, erretiro partziala hartzeko eskaera eskatzearen ondorioz. Langileak kontratatzeko prozesu horren ondorioz **** kontratatu zen, errelebo kontratuaren modalitatean; 2012ko ekainaren 26an egin hasi zen BEAZ S.A.U. sozietatean lanean, eta 2016ko irailaren 12an bukatzea aurreikusi zen.
2014an plaza mugagabea betetzeko langileak kontratatzeko beste prozesu bat abiarazi zen, **** jaunak behin betiko baja izatearen ondorioz; bidenabar, beste plaza ere bazegoen, errelebo kontratu gisa, **** jaunak erretiro partziala eskatzearen ondorioz; erretiroa 2015eko maiatzaren 26tik aurrera gauzatuko zen.
Langileak kontratatzeko prozesu horretan, besteak beste, **** eta **** aurkeztu ziren, eta emaitza honako hau izan zen:
1 ****
2 ****
3 ****
2015eko martxoaren 1ean **** kontratatu zen, modu mugagabean, **** bajaren ondoren existitzen zen plaza ****, **** berariaz adierazi zuen ez zuela interesik 48 hilabetetik beherako iraupena izango zuten kontratuetan; hortaz, **** hartu zuen ****erretiro partzialaren errelebo kontratuaren plaza, une horretara arte **** estali zuena.
2016ko irailaren 12an, BEAZ S.A.U. sozietateak eta **** langileak zeukaten lan harremana bukatzear zegoela, lan harreman hura mugagabe bihurtzea proposatu zen; une hartan erretiro partzialeko egoeran zegoen **** erretiro osoko egoerara igaro zen. Proposamen hori onartu egin zuen sozietateko kontseilari delegatuak 2016ko irailaren 8an, kontuan hartuta sozietatearen beharrizanak, helarazitako balorazio positiboa eta langilea posturako aproposa zela, baita BEAZ S.A.U. sozietatearen 2016. urterako lantaldean plaza baten aurrekonturako aukera zegoela ere.
Aurretik azaldutakoa ikusita, **** kontratu egoera mugagabe bihurtzean gure ustez errespetatu egin dira enplegu publikora sarbidea izateko printzipioak, langileak aukeratzeko prozesu baten bitartez iritsi baitzen BEAZ S.A.U. sozietatera aipatutako aldaketa baino ia 3 urte lehenago.
2. kontratua:
2006ko martxoaren 7an **** nahitaezko eszedentzia eskaera aurkeztu zuen, aipatutako lana egitea eragozten zion postu baterako izendatu zutelako, eta horren ondorioz 2006ko irailaren 4an **** kontratatu zen, aipatutako plaza zegokion hautapen prozesuaren bitartez betetzeko.
2016. urtean, ikusita **** 9 urte baino gehiago zeramatzala plaza bat bitartekotasuneko aldi baterako kontratu batekin betetzen, langileak berak erakundeari eskatu zion kontratu egoera erregularizatzeko, aldi baterako kontratua kontratu mugagabe bihurtuz.
Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2016. urteko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 30eko 8/2015 Foru Arauan jasotakoari erreparatuz, IV. Kapitulua, Enpresa Sektore Publikoko langileen kudeaketa, 29. artikuluak honako hau dio lehenengo puntuan (langileak kontratatzeari buruzkoa):
«1.– 2016ko ekitaldian zehar, Enpresa-sektore publikoetako langile finkoen plantillak aurrekontuetan daudenak izango dira, eta beraiek mugatzaileak izango dira. Horrenbestez langileen kontratu mugagabeak egingo dira soil-soilik, bete gabe dauden plantillako lanpostuetarako. Aurreko mugaren eraginetik kanpo egongo dira, baita ere, lan-postuen aldaketak, beti ere hurrengoen bidez hartutako neurrien ondoriozkoak badira: Enpresa-sektore publikoetako, Bizkaiko Gobernu Kontseiluak onartuak izanik.»
BEAZ S.A.U. Foru Sozietate Publikoaren Administrazio Kontseiluak, 2016ko uztailaren 28an elkartuta, erabaki zuen **** langilearen kontratua mugagabe bihurtzea, aintzat hartuz aldez aurretik balorazio positiboa helarazi zela eta une horretan zegokion kategorian bazeudela aurrekontua zeukaten plaza hutsak BEAZ S.A.U.ren aurrekontuetan.
Azaldutakoa ikusita, gure ustez **** langilearen kontratu egoera aldi baterakoa izatetik lanaldi osoko mugagabe bihurtzean errespetatu egin dira enplegu publikora sarbidea izateko printzipioak, indarrean zegoen araudian ezarritakoa betez iritsi baitzen BEAZ S.A.U. sozietatera eta pareko betebeharrak egin baitzituen aipatutako aldaketa baino 9 urte lehenagotik.
3.– GUFEk hornidurak erosi ditu 750.285 eurotan, prozedura irekia baztertuz.
GUFE-ren alegazioa.
Banakako kontratazioa eta operatiba dituzten hogeita hamar zentro logistikotan egin dira horniduren eta zerbitzuen eskuraketak; funtzionamendu autonomoko zentroak dira, eta banakako berezitasun espezifikoak ditu zentro bakoitzak emandako zerbitzuari, erabiltzaile kopuruari, kokapenari, eta abarri dagokienez.
Hala ere, 2016ko ekitaldian zehar kontratazio zentralizatuko prozedura ireki bitarteko espedientea abiarazi zen 2017ko ekitaldirako; kontratazio espediente hauetan gauzatu zen:
– «2017ko ekitaldian Bizkaiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen instalazioak energia elektrikoz hornitzea». (08/2016 Espedientea):
Iberdrola Clientes, S.A. enpresari esleitua, A-95758389 IFK duena, 2016ko azaroaren 23ko 5845 zenbakidun ebazpenaren bitartez.»
– «Gas naturalaren hornidura Bizkaiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen instalazioetan 2017ko ekitaldian». (9/2016 Espedientea):
EDP Comercializadora, S.A.U. enpresari esleitua, A-95000295 IFK duena, 2016ko abenduaren 21eko 6515 zenbakidun ebazpenaren bitartez.»
– «Telekomunikazio-zerbitzuak Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearentzat 2017ko ekitaldirako». (10/2016 Espedientea):
Euskaltel, S.A. enpresari esleitua, A-48766695 IFK duena, 2016ko abenduaren 21eko 6516 zenbakidun ebazpenaren bitartez.»
4.– Enpresa sektore publikoko zazpi erakundek energia elektrikoa erosi dute (1,4 milioi euro), Palacio Euskalduna, S.A.k gasa (152.797 euro), Bizkaiko Basalan, S.A.k ibilgailu erabiliak (307.427 euro), ibilgailu eta makineriaren alokairua (157.239 euro) eta gatza (97.784 euro) eta Garbiker, S.A.k beste gauza batzuk (577.370 euro), publikotasun eta lehia printzipioak bete gabe.
Bizkaikoaren alegazioa.
Kontratazioak merkatuko preziorik onenen arabera egiten dira. Esaterako Audax enpresarekin kontratatzea aipa daiteke; izan ere, enpresa horrek, merkatuko prezioak berrikusi ondoren, preziorik abantailatsuena proposatu zuen, eta horri esker preziorik baxuena lor daiteke posible den kasuetan. Horren emaitza da BizkaiKOAk hainbat enpresarekin kontratazioak egin izana, horiekin esklusibotasunik izan gabe.
Nolanahi ere, Bizkaiko Foru Aldundiaren erosketa zentralak sustatutako energia elektrikoa hornitzeko esparru akordioari atxikita dago BizkaiKOA foru erakundea 2017. urtetik.
Aparkabisaren alegazioa.
2016ko uztailaren 20ko 125/2016 Foru Dekretuak arautzen ditu Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralaren sorrera eta osaketa.
2016ko irailaren 14an, Aparkabisaren Administrazio Kontseiluak sozietatea Bizkaiko Kontratazio Zentral Foralari atxikitzea erabaki du.
2016ko urriaren 16an, BFAren Kontratazio Zentral aipatuak idatzia igorriz, sozietate horri jakinarazi zitzaion zenbait akordio 2017. urtean zehar lizitaziora ateratzeko izapideak hasi zirela, 2018. Urtean horiei ekiteko; tartean honako hauek ziren: energia elektrikoa hornitzea; prozesu horretan Aparkabisak dagoeneko eman ditu aipatutako lizitazioa prestatzeko eskatutako datuak.
Hori guztia, besteak beste, publikotasun eta lehia printzipioak betetzeko.
Energia Elektrikoa hornitzeko esparru akordioa. 2018. eta 2019. urteak.
1.– Hautapen prozesuaren hasiera: Bizkaiko Foru Aldundiaren 2017ko abuztuaren 23ko Erabakia, Aztergaien Zerrendako 5. gaia.
Honako hau da banakapena Bizkaiko Foru Aldundirako eta esparru akordio zehatz honi atxikitako erakunde bakoitzerako.
3.– Esparru akordioaren ondorioa: Bizkaiko Foru Aldundiaren 2017ko azaroaren 21eko Erabakia, Aztergaien Zerrendako 9. gaia.
Azpiegiturak-en alegazioa.
2016. urtean zehar Azpiegiturak sozietateak kudeatutako zenbait zentrotan energia elektrikoa hornitzeko eskaintzak eskatu zitzaizkien 9 enpresa merkaturatzaileri.
Eskaintza horiek aztertzeko aholkularitza energetikoan aritutako enpresa baten kolaborazioa lortu zen, eta enpresa horrek jasotako proposamenen inguruko txosten bat prestatu zuen. Txosten horren ondorioetan ageri zenez, Azpiegiturak sozietateak kontratatutako tarifetarako konpainia guztien artean eskaintzarik interesgarriena Iberdrola Clientes, S.A.U. enpresak aurkeztutakoa zen, ordura arte ordaintzen zenarekin konparatuta % 11,6 aurreztea eragingo baitzuen.
2016ko uztailean Azpiegiturak sozietatearen zentroetan energia elektrikoa hornitzeko kontratua Iberdrola Clientes enpresarekin sinatu zen.
Alegazio hauei euskarri emateko atxikitako dokumentazioan arlo energetikoan aholkularitza eskaini zuen enpresak eskaintzei buruz idatzitako txostena ageri da.
Beaz-en alegazioa.
Adierazitako zenbatekoari dagokionez, kontuan izan behar da hiru kontratazio desberdinekin zerikusia dutela eta BEAZ S.A.U.k une desberdinetan eta mekanismo desberdinak erabiliz egin dituela kontratazio horiek:
1) BIC Bizkaiaren hornidura elektrikoa; BIC Bizkaia BEAZek Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearekin batera kudeatzen duen inkubagailua da. Horniduraren balioa 95.766,19 eurokoa izan da, BEZa barne (79.145,61 euro BEZik gabe); zenbatekoa Parkearekiko kontratuan dago jasota, eta bertan, BEAZ S.A.U.k subrogatzen du eginkizunen banaketaren emaitza eta inkubagailuak 2015eko ekainean sorturiko gastuak ordaintzea.
Zientzia eta Teknologia Parkeak egindako jatorriko kontratazioa bat dator Sozietate Publiko honek jarraitzen duen kontratazio-prozedurekin eta akordioekin; izan ere, prozedura eta akordio horiek zerbitzuak ematea eta Parkeak behar dituen azpiegitura elektrikoak eraikitzea hartzen dituzte barnean, ahalik eta baldintza hoberenak dituen hornidura bermatzeko eta indarrean dagoen araudia betetzeko.
2) Zerbitzu orokorren hornidura elektrikoa, Sabino Arana 8 helbidean dagoen eraikinean, BEAZ S.A.U.ren bulegoen Bilboko egoitzan; horniduraren zenbatekoa: 13.010,16 euro, BEZa barne (10.752,20 euro BEZik gabe), BEAZ S.A.U.ren subrogatzetik eratorritakoak, eraikinaren jabea den Azpiegiturak SAUk izan duen kontratuan.
3) BEAZ S.A.U.k Bilbon dituen bulegoetako hornidura elektrikoaren guztizko zenbatekoa: 19.283,90 euro BEZa barne (15.937,11 euro BEZik gabe).
Hortaz, ulertzen da kontratazio bereiziak direla eta lehenengo kasuan, kontratazioari buruzko araudian ezarritako muga gainditzen duenean, prozedura egokiak jarraitu direla kontratazioa eta adjudikazioa burutzeko.
Euskalduna Jauregiaren alegazioak.
Horri dagokionez nabarmendu behar da Euskalduna Jauregiak, zuzentzen natzaion auzitegiaren txostenaren bitartez, inguruabar horren berri izan zuela, zuzentzen natzaion auzitegiak kasuan kasuko salbuespena egin baitzuen Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2015eko ekitaldiko kontu orokorrari buruzko txostenean.
Hortaz, Euskalduna Jauregiak eragozpen horren berri izan ondoren, berehala ekin zitzaion Euskalduna Jauregiaren titulartasuneko hornidura leku eta kontsumo puntuetan energia elektrikoa hornitzeko lizitazio prozedura abiarazteari.
Ondorio horietarako, nabarmendu behar da berehala ekin zitzaiola lizitazio prozedura hori Euskalduna Jauregiaren webgunean (kontratatzailearen profila) zein Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean (EBAO) argitaratzeari 2016ko irailaren 16an; ondoren adjudikazio proposamena eman zen 2016ko azaroaren 21ean, energia elektrikoa hornitzen duen enpresa baten alde, atxikitako txostenaren kopian ageri den moduan (3. dokumentua). 2016-11-29ko adjudikazio hori aplikagarria da 2017ko eta 2018ko ekitaldietarako; hortaz, publizitate eta lehia printzipioen nahitaezko betekizunak bete dira, eta 2016an zehar egin ziren Euskalduna Jauregia energia elektrikoz hornitzeko kontratuaren lizitazio izapideak.
Garbikerren alegazioa.
Energia elektrikoa.
Adierazitako diru-kopuruari dagokionez (97 mila euro), kontuan izan behar da zenbateko hori instalazio desberdinetako 17 kontrataziori dagokiela; kontratazio horiek Garbiker AB S.A.k denbora-tarte desberdinetan egin ditu, potentzia eta zerbitzuaren aldetik homogeneoak ez diren premiak betetzeko (hornidura sinple batetik instalazio eta ekipo elektrogeno gehigarriak sartzeraino).
Hain zuzen ere, zenbatekoak hartzen dituen kontratuak honako hauek dira:
Bestalde, ulertzen da partida horren kontratazioa ebatziko zela esparru akordioarekin bat eginez, hain zuzen ere Bizkaiko Foru Aldundiak ondoren lizitatu behar zuen lehiaketan adjudikazioa lortuko zuen enpresarekin sinatuko zuen akordioarekin, alegia.
Euskalduna Jauregiaren alegazioak.
Jasotako eragozpena, Euskalduna Jauregiari dagokionez, gas hornidurari buruzkoa da; 2016ko ekitaldian 152.797 euroko kopuruduna izan zen, EDP konpainiari dagokionez.
Alderdi honen interesei dagokionez, agerrarazi behar da ekitaldi horretan ez zela lizitazio espedienterik izapidetu gas kontsumoari lotutako energia horniduraren kasuan, eta indarrean zegoenari eutsi zitzaion; izan ere, kontratazio hori luzatu egin zen Euskalduna Jauregiak bazekielako Bizkaiko Foru Kontratazio Zentrala sortzeko aurreikuspena zegoela, eta horri esker baldintza ekonomiko abantailatsuagoak lortzeko aukera izango zutela Foru Sektore Publikoak, lurralde historikoko udalek, horren mendeko erakundeek, mankomunitateek, partzuergoek etab. Horri esker baldintza ekonomiko abantailatsuagoak lortzeaz gain, administrazio izapidetzea erraztu eta kontratazioan segurtasuna eta gardentasuna indartzea lortuko litzateke.
Hortaz, 2016ko uztailaren 20an Bizkaiko Foru Aldundiak Kontratazio Zentrala sortzea erabaki zuen; lizitazio, adjudikazio mahai bakar gisa, kontratazio zerbitzuak eta ondasunak kudeatzeko tresna gisa funtzionatu behar zuen, tartean baita gasa hornitu eta energia elektrikoa emanez ere.
Ondoren, 2016ko irailaren 20an, Euskalduna Jauregiak bat egin zuen Bizkaiko Foru Aldundiaren aipatutako Kontratazio Zentralarekin, horretarako kontratazio zentralizatuaren sistemara atxikitzeko hitzarmena sinatuz eta, horrenbestez, ez zen lizitazio berririk abiarazi; ordura arte indarrean zegoen hornidura kontratuari eutsi zitzaion, harik eta aipatutako kontratazio zentrala martxan jarri zen arte, kontratazio espedientea izapidetzeko eskumena zuenari dagokionez.
Hala ere, 2016an indarrean zegoen hornidura kontratua ekonomikoki abantailatsua zen Euskalduna Jauregiaren interesetarako.
Atxikipen akordioaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren erosketa zentralizatuko sistemara atxikitzeko hitzarmenaren kopiak atxiki dira, 1 eta 2 dokumentu gisa).
Bizkaiko Basalan-en alegazioa.
Ibilgailuak eta makineria alokatzea.
Kasu honetan, garabidun ibilgailuak eta bulldozer makineria alokatzeko zenbait eragiketa izan dira; hornitzaile desberdinei alokatu zitzaizkien premiazko eta ezinbesteko arrazoiak zirela tarteko. Premiaz egindako gastuak izan ziren, aurreikusi ezin zirenak; izan ere, larrialdien jarduketa bete-betean sortu zen beharrizana eta lehenbailehen esku hartu behar izan zen arazo larriagoak saiheste aldera. Egoera horretan materialki ezinezkoa izan zen lehia bidezko prozedura irekia aski denboraz abiaraztea; izan ere, makineria eta ibilgailuak une hartan bertan behar ziren larrialdia azkar eta eraginkortasunez kudeatu ahal izateko.
Hala ere, larrialdietarako makineria berezia berehala eskuragarri izatea zein premiazko konponketak egin ahal izatea bideratzeko zenbait kanpainetarako prozedura irekia egitea aztertzen ari gara; horrela, aldez aurretik adjudikatuko da, zerbitzuaren prestaziorako zenbait baldintzetan, makineria bera alokatzea zein bat-batean sor daitezkeen arazoen konponketak egitea.
Ibilgailu erabiliak erostea.
Lehenik eta behin adierazi behar da ez dela hornitzaile bakarra; aitzitik, egindako eragiketei dagokien kopuruan lau hornitzailek hartu zuten parte.
Gaineratu behar da ibilgailuen kostua (kamioiak) 18.000 eta 60.000 euro artean egon denean eragiketa bakoitzean eskaintza zehatzak (hiru) eskatu direla, ibilgailu bakoitzaren ezaugarrien arabera; sektorean kaudimen ezaguna daukaten enpresei eskatu zaizkie eskaintzak, eta kasuan kasuko kontratazio mahaiaren arabera eskaintzarik onena aurkeztu zuen enpresari esleitu zaio. Hau da, Bizkaiko Basalan foru enpresarako kontratazio jarraibideak jarraitu dira, eta prozedura negoziatua erabili da, eskuraketen unean indarrean zegoen aurreko kontratuen legeak jasotakoa.
Ez da prozedura irekirik izapidetu kasu guztietan hirurogei mila euro gordinetik beherako kopuruak izan direlako (legeak ezarritako muga da).
Beste alde batetik, kopuru ekonomiko horretan beste 8 eragiketa desberdin ere jasota daude, kontratu xede desberdinarekin eta hemezortzi mila euroko kopuru gordina baino zenbateko txikiagoan, zenbait hornitzaileren artean banatuta.
Alde batetik, zenbait ibilgailu erosi ziren, furgoneta, lur orotarako ibilgailuak, kamionetak eta ibilgailu utilitarioa, denak erabiliak eta 18.000 euro baino kopuru garbi txikiagoan. Beste alde batetik, beste bi faktura kamioietan egindako zenbait konponketarenak dira (bat elurra kentzeko kamioia zen, eta bestea suteetarako kamioia).
Hori dela eta, gure iritziz, kontratu-xedea ez da kasu guztietan berdina izan. Eta eragiketa bakoitza 18.000 euroko kopuru garbia gainditzen ez zuten kontratu txiki bidez egin da.
Gatza erostea.
Gatza erosteari dagokionez, esan beharra dugu kopuruak aurretik jakitea oso zaila dela, eguraldia urte batetik bestera aldatzen delako eta gatza beharren arabera erosten delako.
Kanpaina azaroaren 1ean hasten da eta hurrengo urteko apirilaren 30ean amaitzen da; hortaz, kanpaina bakoitzaren hasieran, zutikako siloak 480 tona metriko inguruko edukiarekin bete behar izaten dira. Neguko kanpainaren garapenaren arabera, Foru Aldundiko arduradunak siloak lehenengo aldiz erabat edo partzialki betetzeko baimena ematen du; deposituetan dagoen gatza pixkanaka-pixkanaka hondatuz joaten denez, eskaerak eguraldiak sortzen dituen beharren arabera egiten dira, gatza azkar erabiltzeko.
Hori dela eta, oso zaila da aldez aurretik jakitea zenbatekoak izango diren kanpaina bakoitzeko benetako beharrak. Hala ere, zailtasunak zailtasun, hurrengo ekitaldian, 2017an, egoera erregularizatu egin da lizitazio baten bitartez, publizitatedun prozedura ireki batekin, ondorengo kanpainetarako gatzaren kopuru aldakorra unitate prezioan erosi ahal izateko.
Prozedura hori Bizkaiko Aldizkari Ofizialean iragarki bat plazaratuz hasi zen, 2017ko azaroaren 29an, eta 2017ko abenduaren 29ko adjudikazioarekin bukatu zen; aurkeztu zen enpresa bakarrari eman zitzaion (Ibérica de Sales S.A.), eskatutako baldintzetan horrelako gatza horni dezakeen enpresa bakarra delako. Prozedura guztia modu publiko eta formalean jasota dago Euskadiko Kontratazio Plataforman; izan ere, kontratazioaren prozedura ireki osoa horren bitartez argitaratu eta kudeatu zen. 2016an gatza hornitu zuen enpresa bera da, orduan ere hornidura eman zezakeen enpresa bakarra zelako.
Garbikerren alegazioa.
Edukiontzi horiak: hornikuntza eta mantentze-lanak.
Gaur egun, Garbikerrek 3.700 edukiontzi hori inguru dauzka, 112 udalerritan banatuta. Hasierako hautapen prozesua egin ondoren, edukiontzi modelo berari eustea saihestezina da. Hortaz, ontziak biltzeko eta edukiontziak husteko prozesuan uniformetasuna bermatzen da. Horri esker ez da beharrezkoa jarduera horretarako inbertsio berriak egitea.
Aldi berean, mota horretako edukiontziak THESAL enpresak bakarrik fabrikatzen ditu; enpresa diseinu industrialaren eta fabrikatzeko moldeen jabea denez, ezinezkoa da beste hornitzaile bat tartean sartzea.
Edukiontzi horiak garbitzea.
2008. urtean adjudikatutako kontratu bat dago, guztira lau urterako aurreikusitakoa, eta modu isilean luzatu da 2016. urtera arte. 2017an egoera erregularizatu egin da horretarako deitutako lehiaketa publiko berri baten bitartez.
Makineria konpontzea.
Saldoa 195 mila eurokoa den arren, guztira 66 lan fakturek osatzen dute, makineria arloko eduki desberdinekoa; gehienak ezin dira ekitaldi hasieran aurreikusi.
5.– Azpiegiturak, S.A. sozietateak bi kontratu adjudikatu ditu, nabe baten obra zibila eta Sestao Bai poligonoko 5, 7, 8, 9 eta 10 lurzatietako urbanizazio lanak egitea, baita nabe horretako instalazio eta akabera lanak ere, guztira 6,5 milioi euroko kopuruan (BEZa barne). Balio batu horrekin, sozietateak erregulazio harmonizatuaren mende dauden kontratuen publizitate eta prozedura arauak bete behar zituen (SPKLTBko 86.3 artikulua) bi adjudikazioetan.
Azpiegiturak-en alegazioa.
Zatikatze bidegabea egon ote den aztertzeko kontuan hartu beharko da ez soilik kontratuaren xedearen izaera antzekoa edo berdina izatea, baita funtsezko beste elementu batzuekin bat etortzea ere, esaterako subjektua eta bete beharreko beharrizana. Horren haritik, zatikatzeari buruzko doktrinak ezarri du kontratu bakarra dagoela subjektu, xede eta kausa elementuak bat datozenean; hala ere, kontratu desberdinak sinatu beharko dira eman beharreko prestazioa modu zuzenean gauzatzeak hiru elementu horietakoren bat aldarazten badu.
Kasu honetan, Sestao Bai poligonoan nabe bat eraikitzeko 2015eko urriaren 29an Azpiegiturak sozietateak sinatutako esparru kontratuan jaso zen nabea 2017ko urtarrilaren 1erako bukatuta egon beharko zela, horren etorkizuneko erabiltzaileak hartutako konpromisoak zirela bide nabea data horretarako erabilgarri egotea beharrezkoa baitzen.
Epeak estuak zirenez eta proiektua konplexua izatearen ondorioz nabea erabiliko zuen enpresak ez zituen erabat definituta nabearen instalazioan ezarri beharreko instalazio teknikoak; hortaz, eraikuntza proiektua bi zatitan banatzea komenigarria zela ikusi zen:
– Lehenengo fasean betelana, hondeaketa eta zimendu plana, egitura eta nabearen itxitura nagusiak aurreikusi ziren.
Fase hori garatzen zen bitartean eraikina osatuko zuten gainerako egiturak ere definitu ziren: akaberak, bulegoak eta, batez ere, instalazio orokorrak zein zehatzak, etorkizuneko jarduerak beharko lituzkeenak.
– Bigarren fasean, proiektuaren xehetasun zehatza eta irismena definitu ondoren, instalazio teknikoak, akaberak, bulegoak eta bestelakoak egingo ziren.
Azpiegiturak sozietateak egindakoa justifikatzen duten bi txosten atxiki dira eranskin gisa.
Lehenengoa instalazioen etorkizuneko erabiltzaile izango den enpresak prestatu zuen, eta bertan azaltzen da eraikuntza obrak bukatzea premiazkoa zela; 2016. urtearen amaierarako nabea prestatuta egon beharko zela azaldu zen bertan, instalatutako makinak konektatzeko moduan.
Bigarren txostena Azpiegiturak sozietateko Zuzendaritza Teknikoak idatzi zuen, nabea eraikitzeko lanak ikuskatu behar zituen zuzendaritzak, alegia; bertan nabarmendu da aipatutako lanak modu bereizian egin behar zirela, Azpiegiturak sozietateak nabea ezarritako epeetan entregatzeko hartutako konpromisoa bete ahal izateko.
Garrantzitsua da aipatzea fase bakoitza lizitatzaile desberdinei eman zitzaiela; hortaz ez zen bat etortzerik sortu kontratuaren subjektuan, eta horixe da funtsezko elementuetako bat, xedearekin eta kausarekin batera, bidegabe zatitu dela zehazterakoan.
Azkenik, eta kontratazio publikoko arloan une honetako araudiari dagokionez, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 9/2017 Legearen 99.3 artikuluak honako hau ezarri zuen:
3) Kontratuaren izaerak edo xedeak baimentzen dutenean, kontratuaren zati bakoitza modu independentean gauzatzea aurreikusi beharko da loteetan banatuz; loteak erreserbatu ahalko dira, laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat etorriz.
Hau da, une honetan indarrean dagoen legearekin kontratuak loteetan banatzea sustatzen da, eta kontratuak loteetan ez banatzea eragiten duen salbuespen izaera justifikatu egin behar da, zerbitzuen kontzesio edo obren kontzesio kontratuetan salbu.
6.– Palacio Euskalduna S.A.ren ekitaldiak egiteko helburuz aretoak muntatzeko eta desmuntatzeko eta laguntza teknikoa emateko zerbitzu teknikoaren kontratua 2015eko martxotik luzatu egin da; 2016. urtean 659.288 euro inguru gastatu da horretan, kontratuan ezarritako gehienezko epea gaindituta.
Euskalduna Jauregiaren alegazioak.
Horri dagokionez nabarmendu behar da auzitegi honek jakin zuela aretoak muntatzeko eta desmuntatzeko aurreko kontratua amaitu eta ondorengo lizitazio prozesuan arazoak sortu zirela (2015eko martxoaren 1ean amaitutakoa).
2017ko maiatzean aurkeztutako alegazioan azaldu zen moduan, Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2015eko kontu orokorraren fiskalizazioari buruzkoa, Palacio Euskalduna – Euskalduna Jauregia, S.A. Bizkaiko Foru Aldundiak sortutako merkataritza sozietate publiko bat da, tresna sozietate gisa eratu zena musika jaialdiak eta biltzarrak antolatzeko musika eta biltzar jauregi batek eskaintzen dituen berezitasunen barruan.
Sozietatea Toki Araubidearen Oinarrien Legeak eta Toki Korporazioetako Zerbitzuen Araudiak arautzen du, eta merkataritza sozietate publiko gisa, Sektore Publikoaren araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legeak. Definizioz, guztiz dago ordenamendu juridiko pribatuaren mendean eta araupean, aurrekontu, kontabilitate, ondare, finantza kontrol eta kontratazioaren gaineko araudia aplikagarri den arloetan izan ezik, aipatutako legearen hamabigarren xedapen gehigarriak ezartzen duen bezala.
Hori azalduta, gure ustez, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak adierazitako objekzioak ulertarazten du Euskalduna Jauregia-Palacio Euskalduna S.A. sozietateak administrazio-zuzenbidea aplikatu behar duela kontratazioak egiterakoan, hau da, zentzu zabalean, 2016an aplikagarria izanik Sektore Publikoko Kontratuen Legea, gaur egun, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen Testu Bategina (aurrerantzean, SPKLTB) onesten duen azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuan azaltzen den idazketan.
Alabaina, argitu beharra dago HKEEk aztertu duen kontratua kontratu pribatua dela (SPKLTBren 20. artikulua) Administrazio Publiko izaerarik ez duen esleipen-boteredun merkataritzako sozietate publiko batek egindako kontratua baita (SPKLTBko 3.3b) artikulua). Horrenbestez, eta berariazko araurik ez dagoenez, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legeak eta hura garatzen duten xedapenek ezarritakoari jarraiki prestatu eta esleituko da, eta administrazio-zuzenbideko edo, hala badagokio, zuzenbide pribatuko gainerako arauak modu osagarrian aplikatuko zaizkio.
Ondoreak eta iraungipena dela eta, kontratuak zuzenbide pribatuko arauei jarraituko die.
Nolanahi ere, eta zuzentzen natzaion auzitegi honek emandako iritziari dagokionez, inguruabar hauek agerrarazi behar dira:
Euskalduna Jauregiaren ekitaldiak antolatzeko, aretoak muntatzeko, desmuntatzeko eta laguntza teknikoa emateko zerbitzu teknikoaren aurreko kontratazioa 2011ko martxoaren 1ekoa da.
Kontratuaren laugarren klausulan jasota geratu da bere indarraldia bi urtekoa izango dela, hala ere, alderdi bien akordioz eta kontratua amaitu aurretik, luzatu ahal izango da, baina ezingo du guztira lau urte baino gehiago iraun.
Hala ere, alderdietako edozeinek kontratua ondorerik gabe utzi ahalko du. Horretarako, bere borondatea beste alderdiari gutxienez hiru hilabete lehenago jakinarazi baino ez du.
2015eko otsailaren 5ean, alderdi biak adostuta, kontratua esleipen berri bat egiteko behar den denboraz luzatzea erabaki zen. Tarte horretan kontratazio espediente berriaren administrazio izapideak bete ziren, pleguak prestatuz, lizitazioa kontratatzailearen profilean argitaratuz eta bestelako izapideak eginez.
Hala ere, espediente hori izapidetu zen bitartean antzeman zen klausula batek eragina izan zezakeela lizitatzaileen arteko tratu berdintasunean eta horrek SPKLTBko 1. artikulua urra zezakeela; horrenbestez, 2016ko ekainaren 15ean kontratu berria adjudikatzeko abiarazitako prozedura bertan behera utzi zen eta inguruabar hori EBAON zein kontratatzailearen profilean argitaratu zen.
Ondoren, 2016ko irailaren 28an, bai EBAOn, bai kontratatzaile profilean, berriz argitaratu zen aretoak muntatu eta desmuntatzeko zerbitzua kontratatzeko lizitazio berriari buruzko iragarkia. Kontratazio-organoak bideratutako administrazio-tramite guztiak eginda, azkenean, 2017ko urtarrilaren 20an, kontratua esleitu egin zen.
Hala ere, aipatzekoa da kontratuan ezarritako lau urteko epea gainditu egin dela, alderdi biek luzatzea adostu ondoren; lehenago arrazoitu denez, luzapena beharrezkoa izan da zerbitzuari eusteko eta ez du gainditu sei urteko epea, hau da, SPKLTBren 303. artikuluak ezartzen duen muga.
Hartara, 1., 2. eta 3. dokumentuak atxiki dira, xehetasun hauekin bat etorriz:
Lehenago esandakoa gorabehera, alderdi honen interesei dagokie agerraraztea beharrezkoa izan den luzapen denboran ez dela kontratatutako zerbitzuen unitate prezioetan inolako igoerarik izan. (2015eko martxotik 2016ko abendura arteko tartearen fakturak atxiki dira 5. dokumentu gisa).
7.– Garbiker, S.A.ren parke mugikorrera atxikitako ibilgailuak, ekipo mugikorrak eta makineria konpontzeko eta mantentze lanak egiteko zerbitzuaren prestaziorako esparru akordioa luzatu egin da 2016ko abuztuaren 31n iraungi zenetik. 2016ko irailetik abendura arte adjudikaziodunekin egindako gastua 252.830 eurokoa izan da.
Garbikerren alegazioa.
Kontratua iraungi bada ere, 2016ko abuztuaren 31tik kontratu horren adjudikaziodunei emandako lanek ez dute gainditu 18.000 euroko kopurua (BEZik gabe), une horretan kontratazio txikietarako muga zen kopurua, alegia.
III.– Barne-kontroleko sistemei eta kudeaketa prozedurei buruzko gogoetak.
III.1.– Aurrekontua, Kontu Orokorra eta Kontabilitatea.
– BFAk, kasu gehienetan, 2015eko abenduaren 31ko kontabilitate balio teorikoa erabili du, 2016koa erabili beharrean, ESPren parte ez diren erakundeetan duen partaidetzaren balio galeraren aurreikuspena kalkulatzeko. Horregatik, aurreikuspenak 4,1 milioi euroko defizita dakar.
Ogasun eta Finantzen sailaren alegazioak.
Kontu Orokorra hurrengo ekitaldiko lehenengo seihilekoan zehar egiten da; horrenbestez, epean daukagun informazioa % 50 baino gehiagoko foru partaidetza daukaten erakundeena da. Gainerako erakundeek beste epe batzuk dituzte; horrenbestez, ez daukagu aski informazio jakinarazi beharreko ekitaldiaren abenduaren 31n kontabilitate balio teorikoa argitaratzeko. Hala, eskuragarri daukagun azken datua ematen da, aurreko ekitaldiko kontabilitate balio teorikoa.
– Kontu Orokorreko konpromiso kredituen egoeran jaso zen Bilboko Hiri Trenbideko inbertsioetarako Bizkaiko Garraio Partzuergoaren finantzaketa planak BFAren 642,9 milioi euroko ekarpena aurreikusi zuela 2013-2017 urteen artean. Partzuergoak 2016ko abenduan onartu zuen finantzaketa planean ageri den 2017-2027 tarterako BFAren ekarpena 378,8 milioi eurokoa da.
Ogasun eta Finantzen Sailaren alegazioak.
Aldea da Kontu Orokorrean emandako informazioa 2013tik 2027ra artekoa dela. Informazioa ondorengo Kontu Orokorretan eguneratuko da.
– Interbiak, S.A.ren aurrekontuak ez du jaso urte anitzeko inbertsioen eranskina. 2016ko abenduaren 31n sozietate honek dituen inbertsio konpromisoak 49 milioi eurokoak dira.
Ogasun eta Finantzen Sailaren alegazioak.
Urte anitzeko inbertsioen eranskina Sozietatearen Memorian dago jasota.
Hurrengo aurrekontuetan, urte anitzeko inbertsioen eranskina bereizirik egongo da.
– Kontu Orokorrak enpresa sektore publikoa osatzen duten erakundeen ikuskaritza-txostenak barnean hartu beharko lituzke, beren urteko kontuak hobeto interpretatu ahal izateko.
Ogasun eta Finantzen Sailaren alegazioak.
Ez dago jasota Kontu Orokorrean sartuta egon beharko lukeen informazioan. Hala ere, horiek sartzearen komenigarritasuna aztertu egingo da.
III.2.– Langileen gastuak.
– 2009an Diputatuen Kontseiluaren erabakiz onartutako azken lanpostuen zerrenda osoa argitaratu da. Harrezkero ekitaldi bakoitzean egindako aldaketak baino ez dira argitaratu Bizkaiko Aldizkari Ofizialean. Lanpostuen zerrenda eguneratua aldizka argitaratzea komeni da.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren alegazioa.
Oharrak berak aipatu duenez, horren aldaketak argitaratu dira, guzti-guztiak; horrenbestez, ez da ikusi osorik Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratu behar denik, Aldundiak LZ osoa argitaratu baitu 2016an zehar «bizkaia gardena» gardentasun atarian, eta nabarmendu behar da publizitate ondorioetarako aipatutakoa aldizkari ofiziala baino eskuragarriago dagoela eta sarbidea errazagoa dela, eta baliagarritasun eta legezkotasun ondorioetarako aldaketa guztiak plazaratzen dira.
– BFAn, GUFEn eta SPEn langileei ekoizpen osagarri bat ordaindu zaie, lineala, % 0,7koa, 2012-2013 ekitaldietako erosahalmen galerari dagokion zorra itzultze aldera, Funtzionarioen Akordioko 70.4 artikuluan eta Lan kontratudun langileentzako Hitzarmeneko 92.4 artikuluan jasotakoa. Ekoizpen osagarria erabili beharko litzateke lanpostuari dagozkion eginbeharrak betetzean langile bakoitzaren ekimen, interes edo etekin berezia ordaintzeko. Ordaindutako kopuruak honako hauek izan dira: BFA 949.305 euro; GUFE 281.937 euro eta SPE 246.942 euro.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren alegazioa.
2016ko abenduaren 5ean, Bizkaiko Foru Aldundiak, Gobernu Kontseiluaren erabakiaren bitartez, honako hau ezarri zuen hitzez hitz:
«% 0,7 ordaintzea onartzea, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko langile funtzionarioen enplegu baldintzen Akordioko 70.1 artikuluan eta Bizkaiko Foru Aldundiko eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko lan kontratudun langileen enplegu baldintzak arautzeko Hitzarmenaren 92.1 artikuluan ezarritakoa aplikatuz, 2016. urtean, eta 2014-2015 urteetako Akordio eta Hitzarmeneko 70.4 eta 92.4 artikuluetan aitortutako zorraren kopuru osoa murriztea.
Erabakia aplikatzeko eta banatzeko irizpideak, 8/2015 Foru Arauaren 24. artikulua betez, honako hauek izango dira: zenbatekoa ordainketa bakarrean ordainduko zaie bai 8/2015 Foru Arauaren 24. artikuluko 1. idatz-zatian aipatutako langileei (ordainsarien arabera), Ahaldun Nagusia kenduta, bai aipatutako artikuluaren 2. idatz-zatiko lehenengo paragrafoan aipatutakoei (aipatu eranskinaren arabera), ekoizkortasunaren kontzeptuan, lanpostuen prezioekiko proportzioan banatuta, honi atxikitako eranskinari jarraikiz.
Zenbateko horiek Estatuaren 2001. urterako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 13/2000 Legearen xedapen gehigarrietatik hamaikagarrenean ezarri diren irizpideei lotuta egon daitezke, ekitaldi horretarako enplegatu publikoak diren langileen aldizkako ordainsarien barruan finkatzearen ondoreetarako 2017. urteko bidezko zenbatekoak sartzeko.
Erakunde autonomoek, proportzionaltasun irizpide bat betez, emaitzako zenbatekoak inkorpora ditzakete urteko ordainsariak ezartzeko».
Bizkaiko Lurralde Historikoaren 2016. urteko aurrekontu orokorrei buruzko abenduaren 30eko 8/2015 Foru Arauaren 24. artikuluak honako hau dio:
«1.– Ahaldun Nagusiaren, diputatu nagusiordearen, foru diputatuen, zuzendari nagusien eta behin-behineko langileen ordainsariak 2015eko abenduaren 31n indarrean daudenak izango dira, data horretan sendotuak, eta Administrazio Orokorreko langileentzako soldata-masak izango duen besteko gehikuntza portzentuala izango dute. Ordainsariok honako foru arau honetako 24. artikuluaren hurrengo zenbakietan ezarririk dauden irizpideen arabera zehaztuko dira, produktibitateari dagokion zatia barne.
Foru Administrazioaren zerbitzupeko langileen urteko ordainsari osoen kopurua, 2015eko abenduaren 31n indarrean eta sendotuta daudenen araberakoa, foru arau honetan ezarritakoaren arabera gehituko da, legez ezarritako mugen barruan. Eta hori horrela bada ere, zenbaitetan egokitu egin beharko dira ordainsari osagarriak, bermatzearren lanpostu bakoitzari esleitutakoak bat datozela kasuan kasuko lanpostuak duen zailtasun tekniko bereziarekin, dedikazioarekin, erantzukizunarekin, arriskugarritasun edo nekagarritasunarekin; egokitzapenok Foru Aldundiak onetsiko ditu. Gainera, beste zenbait kasutan ere aldatu beharko dira ordainsari osagarriok: programa bakoitzari atxikitako pertsona kopurua aldatzearen arabera; programa bakoitzerako ezarri diren helburuen lorpen graduan arabera, edo aldaketok aplikatzeak duen emaitza indibidualaren arabera; Foru Aldundian eskumena duen organoak onetsiko ditu azken aldaketa hauek.
Lldo honetatik eta etekinaren ebaluazioaren eta bere emaitzen aplikazioen sistema batekin jarraitu ahal izateko, Foru Aldundiak ekoizkortasunagatiko osagarriarekin ordaintzeko funts gehigarri bat ezar dezake, bai etekinen pizgarrien bidez edo baita, hala denean, ekoizkortasunagatiko kontzeptuaren beraren bidez; adierazi den funtsa hori I. kapituluan -pertsonalaren gastuak- gertatuko diren ekonomien emaitzarekin zuzki daiteke.
Kontzeptu honengatiko ordainsariak -ekoizkortasuna-, edo eskersariaren bidez egiten direnak, bi kontzeptuetan -hala denean- ekoizkortasunagatiko kontzeptuan egingo den ordainketa bakarrean aplikatuko dira eta Foru Aldundiak ezarri eta onetsiko duena betez banatuko dira hala 1. atalean azaltzen den pertsonalarentzat nola artikulu honen 2. ataleko lehen paragrafoan azaltzen den pertsonalarentzat.
Erakunde autonomoek, proportzionaltasun irizpide bat betez, urteko ordainsariak ezartzeko emaitzako zenbatekoak inkorpora ditzakete».
3.– Honen aurreko atalean adierazi denaren ondorioz honako ekitaldi honetan ordain daitezkeen zenbatekoak 2001. urteko Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 28ko 13/2000 Legearen xedapen gehigarrietatik hamaikagarrenean ezarri diren irizpideei lotuta egon daitezke ekitaldi horretarako enplegatu publikoak diren pertsonalaren aldiroko ordainsarien barruan finkatzearen ondoreetarako hurrengo urteko bidezko zenbatekoak inkorporatzeko.
Era berean, 2015. urteari dagokion ekitaldian kontzeptu horren kariz ordaindu izan diren zenbatekoak aurreko paragrafoan adierazi den irizpidearen araberakoak izango dira, honako artikulu honen lehenengo eta bigarren idatz-zatietan aipatzen diren ordainsarien barruan sendotzearen ondoreetarako.»
Aurrekontuen Foru Arauaren 24. artikuluko baimena argia da horri dagokionez, eta ekoizpen edo eskersari gisako kontzeptuak ordaintzeko baimena ematen du, ordainketa bakar gisa, baita horretarako funts gehigarria ezartzea ere, I. kapituluan gerta daitezkeen ekonomien emaitzarekin bete ahalko dena. Baimendutako ordainketa Foru Aldundiak ezarri eta onartu bezala banatuko da.
Baimen hori 2016. urterako Aurrekontuen Foru Arauko bigarren xedapen gehigarriko 4. atalean ezarritakoarekin osatzen da:
«4.– Bizkaiko Foru Aldundiari baimena ematen zaio negoziatzeko Akordioko 70.4 artikuluan eta indarrean dagoen hitzarmeneko 92.4 artikuluan ezartzen denaren ondoriozko konpromisoen zenbatekoak eta kontzeptuak eta ordaintzeko epeak, aurreko urteetako hitzarmenetan eta akordioetan ezarritako ordainsarietan soldata-masaren inguruan dauden araudiak aplikatuz.»
Horregatik, 2016. urterako Aurrekontuen Foru Arauko bigarren xedapen gehigarriko 4. atalean ezarritako aurreikuspena bete ondoren, eta Bizkaiko Foru Aldundiaren 2016ko uztailaren 22ko erabaki bidez Bizkaiko Foru Aldundiko eta Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundeko langile funtzionarioentzako enplegu baldintzei buruzko akordioak onartu eta gero, aipatutako Foru Arauko 24. artikuluko aurreikuspena aplikatu ahalko litzateke, eta halaxe egin zen 2016ko abenduaren 5eko Akordioaren bitartez.Horregatik, Aurrekontuen Foru Arauan xedatutako baimena argia izateaz gain, prozedura aipatutako Foru Arauko bigarren xedapen gehigarriko zein 24. artikuluko aurreikuspenetara egokitu da.
Horrez gain, gaineratu behar da 2015eko Kontuari dagokionez, C112/2017 Atariko Eginbideak artxibatzea agindu zuen autoa eman zela, Sektore Publiko Autonomikoa adarrekoa (Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Orokorraren Fiskalizazio Txostena, 2015eko ekitaldia), Euskal Autonomia Erkidegoa, besteak beste, kontu horren ekoizpen kontzeptuan % 0,5 ordaintzeari buruzkoa.
Atariko eginbide horiek aurkaratu egin ziren Fiskal Nagusi jaunaren eskariz, Kontu Auzitegiaren aurrean, 2017ko irailaren 13ko idatziaren ondorioz; izan ere, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren 2015eko ekitaldiko Bizkaiko Lurralde Historikoko Kontu Nagusiko fiskalizazio-txostena aztertu zuen eta bertan jasotako gertaeren ondorioz, bere ustez, ustezko kontabilitate erantzukizuna erator daiteke.
Bederatzigarren oinarriko aurrekariak dio Fiskaltzak, egindakoaren laburpena bildu eta gero, 2018ko otsailaren 9ko idatzian azaldu zuela «Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritzak alegazioak egin ondoren, eta erantsitako dokumentazioa aztertu eta gero, adierazi behar dela irregulartasunak behar bezala justifikatuta daudela. Izan ere, aipatutako dokumentazioak honako hau egiaztatzeko aukera ematen du:
Hizpide izan ditugun ordainsariei dagokienez, Aldundiaren 2015eko abenduaren 9ko Akordio bidez egindakoak, ez ziren Aurrekontuen Foru Arauaren 25. artikuluan ezarritakoaren aurkakoak, araudi horretan aurreikusi baitzen ordaintzea.»
Laugarren oinarri juridikoaren arabera, Fiskaltzaren posizioak azaldu du ez dagoela kontabilitate erantzukizunaren zantzurik eginbideetan azaldutako gertaretan; izan ere, argi dagoenez, gertaerek ez daukate irismen izaerarik, Bizkaiko Foru Aldundiko prozesu ordezkaritzak gehitutako dokumentaziotik ondorioztatu baita irregulartasun horiek justifikatuta daudela.
Horregatik, atariko eginbide horiek artxibatzeko agindua eman da.
III.3.– Kontratazioa.
2016an formalizatu edo lehenagoko ekitaldietan formalizatu baina 2016an betearazi diren kontratazio-espedienteak aztertuta, BFAri, GUFEri eta enpresa sektore publikoari dagokienez, hauxe antzeman dugu:
– Palacio Euskalduna, S.A. sozietateak 1,9 milioi eurotan esleitutako bi kontraturen lizitazioa ez da aski denborarekin hasi aurreko kontratuak iraungi aurretik esleitu ahal izateko. Kontratu berriak aurrekoak iraungi eta 4 eta 7 hilabete geroago hasi dira, hurrenez hurren.
Euskalduna Jauregiaren alegazioak.
Ohar hori instalazioen mantentze-lan integralen eta segurtasun kontratuei dagokie.
– Zerbitzua 2016ko martxoaren 8an lizitatu zen, eta eskaintzak, esleipen txostenean adierazi bezala (11. dok.) 2016ko apirilaren 29an aurkeztu ziren.
– Zerbitzu kontratua 2016ko martxoaren 30ean bukatu bazen ere, zerbitzu horren argitalpena atzeratu egin zen horren egiturak segurtasun pribatuko lege berriaren eragina pairatzen zuelako, eta horren ondorioz luzapena sinatu behar izan zen zerbitzuko kostuak areagotu gabe (12. dok.).
Horren haritik, eta kasu honetan alderdi honen eskubideari komeni zaion aldetik, bigarren atalean azaldutako alegazioak eta bi kontratuak bukatzean indarrean zegoen SPKLTBeko 303. artikuluan ezarritakoa berretsi behar da, ez baitzen gainditu kontratuen sei urteko gehieneko iraupen aldia.
– Automatikoki zenbatu ezin diren irizpideei (subjektiboak) emandako balioa murriztu egin beharko litzateke eta irizpide objektiboak (batez ere prezioa) gailendu beharko lirateke BFAk 14,4 milioi eurotan esleitutako zerbitzuen hiru kontratuetan, erregulartasunez kontratatutakoak, xedean ez baita berezitasun berezirik antzeman.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren alegazioa.
– Publizitate agentzia 2016-2019 urteak (2015/038/071/07 espedientea).
– 1303/2013 (EB) Erregelamenduan aurreikusitako egiaztapenak gauzatzeko laguntza teknikoa, egefen kofinantzaketadun eragiketei dagokienez, Bizkaiko Foru Aldundiak egiaztatu beharrekoak. (Espedientea: 2016/026/071/01).
SPKLTBko 150. artikuluak aipatutakoarekin bat etorriz, zerbitzu kontratuetan esleipen irizpide bat baino gehiago baloratuko da, eta bakoitzari emandako haztapen erlatiboa zehaztu egin beharko da, aztertutako bi kontratuetan egin den moduan, prezioari % 51ko haztapena eman baitzaio eta % 49koa automatikoki neurtu ezin diren gainerako irizpideei.
Pleguetan jasotako esleipen irizpideak SPKLTBk ezarritakoarekin bat datozela ulertzen da; izan ere, lege horrek ez du proportzio zehatzik finkatzen prezioaren (edo, hobe esanda, automatikoki neurtu daitezkeen irizpideen) eta beste batzuen artean, esaterako kalitateari, edukiei, edo hobekuntzei lotutakoak, automatikoki neurtu ezin direnak.
– Bizkaiko Lurralde Historikoan trafiko eta mugikortasunari buruzko azterlanak eta aforo planak egiteko laguntza teknikoa. (Espedientea: 2016/003/061/06).
Klausula administratibo berezien plegu azaleko esleipen irizpideen S atalean eta preskripzio teknikoen pleguko 9.3 eta 9.4 ataletan jaso bezala, automatikoki zenbatu ezin diren irizpideei emandako haztapena txikiagoa da irizpide objektiboei emandakoa baino; prezioa gailendu da.
Izan ere, honako hau dio:
«Formula bidez zenbatu ezin diren irizpideak.
Eskaintza teknikoaren haztapen koefizientea (PT): % 49.
Formula bidez zenbatu daitezkeen irizpideak.
Eskaintza teknikoaren haztapen koefizientea (PE): % 51».
Irizpide ez automatikoak honako hauek dira: lanen antolaketa plan teknikoa (60 puntu), hobekuntza teknikoak (20 puntu) eta kalitatea (20 puntu); eta irizpide automatikoa eskaintza ekonomikoa da (100 puntu). Hala ere, prezioa gailentzen da, % 51ko haztapen koefizientea aplikatzen zaiolako.
Bidenabar, aurreko alegazioan azaldutakoa gertatzen da.
– BizkaiKOA EPEFek 319.440 eurotan esleitutako kontratu baten AKPPn esleipen irizpide gisa onarpen irizpide bat jaso da, kalitate ziurtagiriak aurkeztea.
Bizkaikoaren alegazioa.
Kalitate-irizpideak kalitate-irizpide gisa agertzen dira, baina ez daude zerrendatuta eta ez dira aipatzen onartzeko irizpideen atalean. Hain zuzen ere, erakunde publikoek edo erakunde publikoek homologatutako entitate pribatuek emandako ziurtagiriak dira, guztira 3 punturekin. Ziurtagiri horiek ez dira aipatu onartzeko irizpideetan, ezta enpresak egiaztatu behar duen gaitasun teknikoaren inguruko atalean ere, enpresak egiten duen lanaren ezaugarrien eta garatzeko moduaren bikaintasuna adierazten duten kalitate-egiaztagiriak direlako; hala ere, egiaztagiririk ez izan arren, kultura zerbitzuen edozein enpresa guztiz egokia eta gai izan daiteke lehiaketaren bidez eskaintzen den lana egiteko.
Kontu horiek ez dira aipatzen enpresaren kaudimen teknikoaren baldintzatzaile gisa, eta aipatu beharko lirateke, lehiaketa-agiriek zehazten dituzten eta kontratua betetzeari loturik dauden alderdiak direlako, eta enpresei, kultura zerbitzuen enpresa izateagatik, oro har eskatzen zaizkien eta kaudimen teknikoari buruzko atalean jasota dauden beste baldintza batzuekin bat ez datozelako.
– Palacio Euskalduna, S.A. sozietateak 922.746 eurotan esleitutako zerbitzu kontratu baten AKPPn esleipen irizpide gisa jaso da kontratura atxikitako langileek instalazioak ezagutu beharko dituztela, esperientzia hori egiaztatuz. Irizpide horrek lizitatzaileen arteko tratu berdintasunean eragina izan dezake, lizitazio honetan eraginik izan ez badu ere.
Euskalduna Jauregiaren alegazioak.
Pleguetan klausula hau jaso da:
15 puntu.
Kontratura atxikitako langileek Euskalduna Jauregiko instalazioak ezagutzea kontuan hartuko da, plegu teknikoko 5.4 atalaren arabera, instalazio horietan pilatutako esperientzia egiaztatuz enpresaren zinpeko aitorpenaren bitartez; kontratura atxikiko diren langileen esperientzia urteak ere egiaztatuko dira aitorpenean, curriculumak barne.
Pertsona bakoitzaren balorazioa horrela egingo da:
– 15 puntu ondoz ondoko 5 urteko edo gehiagoko esperientziaren kasuan.
– 5 urtetik beherako esperientzien kasuan 3 puntu emango dira betetako urte bakoitzeko.
Plegu teknikoko 5.4 ataleko pertsona bakoitzari horrela emandako balorazioak batu egingo dira eta emaitza pertsona kopuruaren arabera banatuko da, aipatutako oinarriaren arabera hainbanatzeko.
Klausula hori lehendabiziko pleguetan ere ageri zen, 2011ko Aretoen muntaketa eta desmuntaketako aurreko kontratua lizitatzeko prestatu zirenak, 2015eko martxoan bukatu zena, lehenago aipatutakoa.
Azaldu bezala, lizitazio hura 2016ko ekainaren 15eko Ebazpenarekin bukatu zen, eta bertan Euskalduna Jauregiak uko egiten zion estilo bereko klausula zeukan Muntaketa eta desmuntaketa zerbitzuen kontratua esleitzeari.
Hala ere, mantentze-lan integralen kontratua esleitzeari dagokionez, 2016ko apirilaren 4an gertatu zen, hau da, Aretoak muntatu eta desmuntatzeko zerbitzuen kontratua izapidetzean plazaratutako gaiaren aurretik, aipatutako klausularen haritik, bertan planteatu baitzen SPKLTBko 1. artikuluaren aurkakoa izan zitekeela, lizitatzaileen arteko tratu berdintasunean eragina izan zezakeelako, eta 2016ko ekainaren 15ean bukatu zen Aretoak muntatu eta desmuntatzeko kontratua esleitzeko abiarazitako prozedura bertan behera utziz; egoera hori kontratatzailearen profilean zein EBAOn argitaratu zen.
Hala ere, eta horri dagokionez, Euskalduna Jauregiko instalazioen mantentze-lan integralen kontratu barruan ezarritako klausula hori tarteko 15 puntuko balorazioa eman zitzaion ondoani, eta 0 puntukoa Ferroviali; bidenabar, ohartarazi behar da 2016ko apirilaren 4an esleitutako Mantentze-lan integralen kontratuan ageri dela Ferrovial Servicios S.A.ri urte bereko apirilaren 10ean errekerimendua igorri zitzaiola kontratazio espedientearen kopia eta ikus izapidearena; hartara, administrazio espedientea ikusteko izapidea bideratu zen 2016ko maiatzaren 6an, 2016ko maiatzaren 6ko espedientea ikusteko Aktan jasota dagoen moduan, 12. dokumentu gisa atxiki dena; Ferrovialek ez zuen horren gaineko kontratazio errekurtso berezirik aurkeztu.
– GUFEk 1,7 milioi eurotan esleitutako zerbitzuen bi kontraturen, Beaz, S.A.k 205.700 eurotan esleitutako zerbitzuen kontratu baten, Euskalduna Jauregia S.A.k 1,9 milioi eurotan esleitutako zerbitzuen bi kontraturen eta Biscaytik Fundazioak 890.841 eurotan esleitutako lau espedienteren AKPPn ezarritako esleipen irizpideen artean hobekuntzen atal bat ere ageri da, baina zein elementutan egin behar diren zehaztu gabe eta zein baldintzatan aurkez daitekeen definitu gabe.
GUFE-ren alegazioa.
A) «Segurtasun eta zaintza zerbitzua GUFEren zenbait zentrotan 2017ko ekitaldian» kontratuaren lizitazio pleguetan hobekuntzen esleipen irizpidea ageri da, parametro hauekin bat etorriz:
1) Beste hobekuntza batzuk zerbitzua ematean: irizpide horri dagokionez, lizitatzaileek proposatutako hobekuntzak, zerbitzuaren prestazioan onura bat eta hobekuntza bat dakartenak, soilik baloratuko dira, eta aurreko ataletan jaso ez direnak, kostu gehigarririk gabeak.
Preskripzio Teknikoen Pleguko 4.C) Hobekuntzak atalean, gainera, honako hau dakar:
«Zerbitzua ematearen inguruan eskaintzen diren hobekuntzak honako hauei buruzkoak izan daitezke: eragiketetarako eginkizun handiagoak, aurreko ataletan azaldutako eginkizunak handitzea edo hobetzea edo bestelakoei buruzkoa, betiere plegu honetan ezarritako gutxienekoak errespetatuz.»
B) «Jantoki, garbiketa eta arropa garbiketaren zerbitzu integrala, Urduñako Laguntza Zentroan, 2017ko ekitaldian» kontratuaren lizitazio pleguetan hobekuntzen esleipen irizpidea ageri da, parametro hauekin bat etorriz:
1) Hobekuntzak: Irizpide horri dagokionez, lizitatzaileek proposatutako hobekuntza guztiak baloratu egingo dira, betiere zerbitzuaren prestazioa hobetzea badakarte, gastua areagotu gabe, pleguan jasotako esparruekin lotuta eta zerbitzu integrala osatzen duten garbiketa, jantoki, arropa garbiketa eta bestelako lanekin lotura badute.
Hala ere, kontratuaren xedea eta enpresa eskaintzaileek proposatutako hobekuntzen zehaztapenak espedienteko Baldintza Teknikoen Agirietan azaltzen dira.
BEAZ-en alegazioa.
Aipatutako zerbitzu kontratuan Bizkaiko lurralde historikoan enpresak azkartzea babesteko laguntza teknikoa lizitatu zen, eta azkenean 170.000 eurotan esleitu zen (BEZik gabe).
Administrazio klausulen pleguko «Balorazio irizpideak» 10. atalean honako hau azaldu da:
«Gehienez lor daitezkeen ehun puntuak banatzeko eta esleipen irizpide hauei erreparatuz, honako hau lortu daiteke:
– Proposamen ekonomikoa: 41 puntu, gehienez.
– Programa teknikoa: 44 puntu, gehienez.
– Taldearen ordutegi dedikazioaren proportzioa: 10 puntu, gehienez.
– Hobekuntzak: 5 puntu, gehienez.»
Preskripzio teknikoen pleguko «Hobekuntzak» 2.4 atalean honako hau azaldu zen:
«Baloratu egingo dira aurkezten diren hobekuntzak, eskaintzari balio erantsia ematen badiote eta, ebaluazio-organoaren iritziz, zerbitzua hobetzen badute.
Ulertuko da hobekuntza guztiak eskainitako prezioan sartuta daudela eta, beraz, BEAZi ez diotela gainkosturik ekarriko.»
Lizitazio horretan bi enpresa aurkeztu ziren, eta bakoitzaren balorazio teknikoen puntuazioa honako hau izan zen, 2016ko uztailaren 29an, ostirala, gutun-azalak irekitzean dokumentatu zen moduan:
«Aurkeztutako B gutun-azaleko balorazio teknikotik abiatuz:
IKEI Research&Consultancy S.A.: Guztira 41,67 puntu / 59 puntu.
– Programa teknikoa 30,67.
– Ordutegi dedikazioaren proportzioa 10.
– Hobekuntzak 1.
PricewaterhouseCoopers Asesores de Negocios S.L.: Guztira 52,67puntu / 59 puntu.
– Programa teknikoa 38,67.
– Ordutegi dedikazioaren proportzioa 10.
– Hobekuntzak 4.
Uztailaren 29an, ostirala, 13:10ean, C gutun-azalak ireki ziren, proposamen ekonomikoari buruzkoak; lizitatzaileak ez ziren bertaratu, ezta publikoa ere.
– IKEI Research&Consultancy S.A., eskaintza zuzen aurkeztu da, balioa: 178.500+BEZa. (puntuazio ekonomikoa.
– PricewaterhouseCoopers Asesores de Negocios S.L., eskaintza zuzen aurkeztu da, balioa: 170.000+BEZa.»
Organo ebaluatzailearen aburuz, eskaintza teknikoari balio gehigarria ematen dioten alderdiak hobekuntzak dira, balorazioaren beste epigrafe batzuetan puntuatzen ez direnak eta zehaztu ezin zirenak, hornitzaile bakoitzak aurkez ditzakeen alderdi berritzaileen gaineko zantzurik ez zegoelako, baina berrikuntza agentzia izanik, baloratu behar zela ulertu zen, hobekuntza bakoitzeko puntu bat emanez.
Bi hornitzaileek, bien proposamen teknikoetan, hobekuntza gisa puntua zitezkeen zenbait alderdi berariaz adierazi zituzten.
Nolanahi ere, bi enpresen arteko puntu balorazioaren aldea (41,67 puntu eta 52,67 puntu) bikoitza baino gehiago da hobekuntzen kontzeptuan emandako puntuekin erkatuta (puntu 1 eta 4 puntu); horrenbestez, ez dauka eraginik esleipenaren emaitzan, nahiz eta etorkizuneko lizitazioetan irizpide horiek objektiboagoak izan behar direla edo, are gehiago, ezabatu egin behar direla aitortu den.
Euskalduna Jauregiaren alegazioak.
Paragrafo hori Euskalduna Jauregiko Segurtasun Zerbitzu eta Mantentze-lan Integralen kontratuei buruzkoa da.
Segurtasun zerbitzuko kontratuari dagokionez honako hau adierazi da:
12 puntu: Hobekuntzak zerbitzuen prestazioan.
Proposatutako hobekuntzen balorazioa, horrek Euskaldunak are gehiago ordaindu behar izatea eragiten ez badu. Enpresa lizitatzaileek alderdi hauetan aurkeztu dituzte hobekuntzak:
– Antolaketa edo/eta teknologia neurriak, alarma sistemen kontrola hobetzea ahalbidetuz.
– Autobabes eta arrisku prebentzio arloak hobetzea ahalbidetzen duten ekintzak.
Alderdi bakoitzaren kasuan sei punturekin baloratuko da, proposatutako hobekuntzen egokitasuna, zehaztasuna eta interesari erreparatuz.
Auzitegi honek xedatutakoa gorabehera, nabarmendu behar da hobekuntzak definituta daudela ulertzen dela, zein alderditan egin behar diren zehaztu baita (hala, pleguetan ageri da hobekuntzak antolaketa eta teknologia gaietan egin behar direla, alarmen sistema kontrolatzea hobetzea ahalbidetuz, eta, bestalde, autobabes eta arriskuen prebentziorako arloak hobetzeko ekintzak daude). Hortaz, bakoitzak izan beharreko balio edo haztapena zehazten da (bi alderdien arteko bakoitzerako 6 puntu).
Nolanahi ere, orokorrak edo zehaztugabeak direla ulertu arren, aipatutako 12 puntuek ez dute eraginik izan kontratazio horretan; izan ere, hiru lizitatzaileetatik puntu gehien jaso dituen lizitatzaileak (90,57 puntu) 12 puntu lortu zituen hobekuntzekin, bigarrenak (85,75 puntu lortu zituenak) ere 12 puntu jaso zituen eta hirugarrenak (79,86 puntu) 5 puntu eskuratu zituen.
Euskalduna Jauregiko instalazioen mantentze-lan integralen kontratuari dagokionez, honako hau ezarri zen:
8 puntu: Hobekuntzak zerbitzuen prestazioan.
4 puntu aipatutako area bakoitzeko:
– Kudeaketa eraginkorra eta energia aurreztea lortzeko hobekuntzak.
– Prebentzioko mantentze plan zuzentzailea hobetzeko ekintzak, egin beharreko ekintza eta maiztasunei dagokienez.
Hobekuntzak zehaztu eta horien balorazioa egiteari dagokionez lehenago azaldutakoa berriz ere berretsi eta egintzat jo da.
Bidenabar, kontratu honetan eta 8 puntutan zerbitzuko prestazioen hobekuntzak orokorrak eta zehaztugabeak direla ulertu arren, hala ere ez luke garrantzirik izango, puntuazio altuena lortu zuen lizitatzaileak 90,80 puntu lortu zituelako, 8 puntu eskuratuz hobekuntzetan, eta bigarrenak 62 puntu lortu zituen, hobekuntzekin 3 puntu lortuz.
Biscaytik Fundazioaren alegazioa.
Aipatutako espedienteetako agirietan jasotako hobekuntzak (21, 22, 23, 24), kasu guztietan, loturik daude kontratu bakoitzaren xedearekin eta agirian eskatzen denarekin.
Horrez gain, 24 espedientean, pleguetan xede esparrua eta hobekuntzetan aintzat hartu beharreko elementuak ezin hobeto definitu dira. Horren haritik, azaleko 0.c) atala ikus daiteke:
«c) Proposatutako hobekuntzak, pleguan eskatutakoari dagokionez. Besteak beste, proiektuak gauzatzen eta erantzuna ematen eraginkortasun eta azkartasun handiagoa izateko irtenbide konpromisoak eta mekanismoak proposatzea begiratuko da».
Bestalde, hobekuntzei esleitzen zaien puntuazioa kasu guztietan txikia da (gutxienez puntu 1 eta gehienez 5 puntu, 100 puntuetatik).
Dena den, hobekuntzak era objektiboan baloratu da, berdintasun- eta gardentasun-printzipioak betez eta lehiaketa bakoitzean bete behar diren premiak, dagozkion baldintza teknikoen agirietan zehaztuta daudenak, aintzat hartuz.
– Biscaytik Fundazioak 2016an sinatutako bost kontratu orduko prezioaren arabera esleitu ziren, gehienez 1,1 milioi eurotan, eta horien baldintzen pleguetan ez da gauzatzeko epea zuzen adierazi. Gauzatzeko epea ezarri da, baina, gainera, adierazi da adjudikaziodunak zerbitzuak eman beharko dituela harik eta aurrekontu zuzkidura bukatu arte, eskainitako orduko prezioan; nolanahi ere, Biscaytik Fundazioak zuzkidura hori ez agortzeko eskubidea ere badauka.
Biscaytik Fundazioaren alegazioa.
Aipatutako kontratuen gauzatze epea zehaztea bat dator kontratazio publiko aplikagarriaren legediarekin.
Lehenik eta behin, azaroaren 14ko 3/2011 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginak (SPKLTB), testu aplikagarria denbora arrazoiak direla medio, ez du mugarik ezartzen, zentzu hertsian Administrazio Publikoa ez diren botere esleitzaileek adjudikatzen dituzten zerbitzu-kontratuen gehieneko iraupenari dagokionez.
Gainera, kontratuen iraupen-epeari buruzko erregulazioak, SPKLTBan jasota dagoenak, ez du ezartzen berariazko formatu edo formularik iraupen hori adierazteko.
Denbora arrazoiak tarteko aplikagarriak diren lege betekizunak honako hauek dira:
1) Alde batetik, kontratuaren iraupen-epea lehiaketa bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuz ezarriko da.
SPKLTBren 23. artikuluak honela adierazi du:
«23. artikulua. Kontratuen iraupen-epea.
1.– Sektore publikoko kontratuen iraunaldia zehazterakoan, kontuan hartu beharko dira prestazioak zer-nolakoak diren eta finantzaketa nolakoa izango den, eta aldian-aldian prestazio horiek lehia bidez eman beharra ere bai, kontratu jakin batzuei aplikatzekoak diren arau bereziak eragotzi Gabe.»
2.– Bestaldetik, kontratuek edo pleguek nahitaez jaso behar dituzten aipamenen artean, honako hau dago: «g) Kontratuaren iraupena edo kontratua gauzatzen hasteko eta amaitzeko aurreikusitako datak, bai eta luzapenaren edo luzapenen iraupena ere, baldin eta aurreikusita badaude.» (SPKLTBren 26. artikulua).
Orotara: (i) kontratuaren iraupen-epea prestazioaren izaera eta kasu bakoitzeko inguruabarrak aintzat hartuz ezarriko da; eta (ii) kontratuan edo baldintza-agirietan, kontratuaren iraupena edo hasteko eta amaitzeko aurreikusitako datak ezarri behar dira.
Txostenak aipatzen dituen espedienteek baldintza biak betetzen dituzte:
i) Pleguetan argi eta garbi ageri dira bukaerarako aurreikusitako datak (hilabeteetan adierazi dira), ordu kontsumoari lotuz (eskainitako prezioan); egokia da kontratatu beharreko prestazioen izaera berezia delako eta tarteka lehiaketa bidez atera behar direlako.
Hala eskatzen du SPKLTBren 23. artikuluak.
Zehazki esateko, aipatutako espedienteetan, eskaeren eskaria eta, horrenbestez, orduen kontsumoa erabat heterogeneoa da hilabete desberdinetan. Horrek esan nahi du ez dela posible aurreikuspen errealista, finkoa eta epez mugiezina egitea, iraupenaren hilabete/urte zehatzena; izan ere, proiektuaren irismena ez dago itxita proiektua hasterakoan; aitzitik, identifikatu egiten da aldi horretako lege aldaketei egokitu edo/eta bilakaera eskaeren arabera.
(ii) Gainera, SPKLTBren 26. artikuluarekin bat, espediente bakoitzari loturiko pleguek aurreikusitako datak ezartzen dituzte: zerbitzua ematen hasteko eguna (fundazioak lanak hasteari buruzko berariazko agindua emango duen eguna) eta zerbitzua amaitzeko aurreikusitako eguna (aurrekontu-zuzkidura agortzea/hilabeteetan adierazitako epea).
Ondorioz, aipatutako espedienteen epeak zehazteko sistema bat dator kontratu publikoen legediarekin.
– Bi zerbitzu eta obren bi kontratuen lizitatzaileek aurkeztutako dokumentazio orokorra ireki eta kalifikatzea, BFAk 4,1 eta milioi bat eurotan esleitutakoak, hurrenez hurren, kontratazio mahai eratu aurretik egin da.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren alegazioa.
● Bizkaiko foru errepide-sarean motoziklistentzako babes-sistemak instalatzeko proiektua. BI-637 eta BI-631 errepideak. (Espedientea: 2016/007/073/08).
● Bilbon, Artigasko zabortegiko eskuineko ibarbidea iragazgaizteko lehenengo fasea. (Espedientea: 2016/009/073/02).
● Errepideen azterlanak idazteko laguntza teknikoa, eta dokumentazio teknikoa prestatzeko lanetarako laguntza. (Espedientea: 2015/031/061/06).
● Bizkaiko Lurralde Historikoan trafiko eta mugikortasunari buruzko azterlanak eta aforo planak egiteko laguntza teknikoa. (Espedientea: 2016/003/061/06)).
Lau espedienteetan, kasuan kasuko aktetan ageri den moduan, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren (SPKLTB) 146. artikuluak aipatutako dokumentazioa biltzen zuten lizitatzaile bakoitzaren gutun-azalak zabaldu ziren Kontratazio Mahai Nagusia eratu eta gero, bat etorriz SPKLTBko 320. artikuluan eta Bizkaiko Foru Aldundiko maiatzaren 10eko 86/2016Foru Dekretuko bigarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoarekin, Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren Egitura Organikoari Buruzko Erregelamendua onesten duena.
Ireki eta edukia aztertu ondoren, aurkeztutako dokumentazioa biltzen zuen taula bat prestatu zen; bertan, bidenabar, dokumentazioa zuzena ote zen ere zehaztu zen. Ondoren, eta zenbait daturi dagokienez, esaterako baliabide pertsonal edo materiala atxikitzea edota azpikontratazioa, kontratuaren sustatzaileari txosten bat prestatzeko eskatu zitzaion. Txosten hori jaso ondoren, aktan agerrarazi ziren dokumentazioko akatsak, omisioak edo argitu beharrekoak, zuzentzeko eskatze aldera.
Hala ere, aipatutako pausuak ez ziren zuzen adierazi akta horietan, aktetan soilik agerrarazi baitzen txostena zein datetan jaso zen edo egin beharreko zuzenketak zein datetan zehazten ziren. Beste batzuetan egin bezala, oraingoan ere gutun-azalak irekitzeko mahaia eratzeko data, txostena eskatzeko data eta bestelakoak agerrarazi behar ziren. Beste espediente bateko akta adibide gisa gehitu da; espediente horretan egin beharreko izapideak egin dira eta, hala, jarduketak behar bezala jaso dira aktan. KONTR. zk. /01.
Akats bat baino ez da egin, omisioa tarteko, aipatutako izapideak zein datetan egin ziren jasotzerakoan. Horrenbestez, administrazio egintzako akats guztiek ez dute eragiten baliogabea dela edo baliogabetu daitekeenik. Prozedurazko irregulartasun bat da, azken egintzaren deuseztagarritasuna ez dakarrena, hau da, ez du eraginik egintzaren baliozkotasunean.
– Kontratazio organoak ez du egin 2016an BFAk eta GUFEk sinatutako kontratuak esleitzeko dokumentazioaren errekerimendua.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren alegazioa.
Sektore Publikoko Kontratuen Legearen testu bateginaren 151. artikuluaren 1. eta 2. zenbakietan «kontratazio-organoa» aipatzen bada ere, ulertu behar dugu izapideak Mahaiko idazkariak kudeatu behar dituela, baina kontratazio-organoari dagokio adjudikazio-ebazpenean eskaintzak sailkatzea eta, eskatutako dokumentazioa ondo aurkeztu bada, adjudikatzea. Kontuan hartu batzuetan eskatzen dela adjudikaziodunak aurkeztu duelako, eskatu ez arren, edo Aldundiak berak aurkezten du, berak duelako edo beste administrazio batek duelako (eta eskatu egiten dio).
GUFE-ren alegazioa.
Esleipenerako dokumentazio errekerimendua kasuan kasuko epeetan egin zen; izapide hori, nolanahi ere, Zerbitzu Orokorren Saileko Ondare eta Laguntza Arloko teknikariak egin zuen.
- BFAk 2,1 milioi eurotan esleitutako obra kontratu bat egiteko epea luzatu egin da dagokion kontratu aldaketa onartu gabe, eta harrera aktaren datatik hiru hilabeteko epea gainditu da obraren azken ziurtagiria onartzeko. Bigarren gabezia beste hiru obra kontratutan gertatu da, 4,9 milioi eurotan. Horrez gain, 7,3 milioi eurotan esleitutako obra kontratu baten azken ziurtagiria onartu izana ez dago jasota.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren alegazioa.
● Hobekuntza BI-623 errepidean, 29+200 kptik 30+200 kptik Durango. (Espedientea: 2014/011/061/06).
Foru Aldundiaren 2015eko azaroaren 24ko Erabakiaren bitartez, gai zerrendako 10. gaia, gauzatzeko epearen lehenengo luzapena, urtekoen lehenengo berregokitzapena eta aipatutako kontratuaren lan programen egokitzapena onartu ziren, hasierako 9 hilabeteko epea beste bi hilabetez luzatuz. Luzapen horren arrazoiak honako hauek dira:
«1.– Ainguratutako murruko ainguratzeak jartzeko aldez aurreko probak egitea, harriaren egoera erreala eta lursailen ezaugarriak zehatz definitu ahal izateko. Proba horien helburua murruen ainguraketak egiteko protokoloa zehaztea da. Proba horien ondorioz murrua egiteko epeak luzatu behar izan dira, obrako lanen programaren bide kritikoan kokatutakoa.
2.– Bitarteko geruza finkatzeko lanak eta errodadurakoak obrako azken hilabeteetan egin behar dira. Hilabete horiek udazken eta negukoak dira, eta horietan unitate horiek egiteko egun baliagarriak gutxiago dira lekuko eguraldia dela medio (euri egun gehiago eta tenperatura baxuagoak).»
Kasu horretan, SPKLTBren 213.2 artikulua aplikatu behar da, honako hau dioena: «Baldin eta atzerapena kontratistari egoztekoak ez diren zioengatik sortu bada, eta, izendatu zitzaion denbora luzatuz gero bere konpromisoak beteko dituela agintzen badu, administrazioak emango dion epea lehen galdutako denboraren bestekoa izango da gutxienez, kontratistak berak epe laburragoa eskatu ezik». Era berean, Obra Zuzendaritzak horren aldeko txostena igorri zuen eta lan-programa eskatutako luzapenaren arabera berregokitzeko proposamena erantsi zen.
Kasu horretan, obra-kontratua burutzeko epearen luzapena da, kontratuaren aldaketa aldez aurretik onartzerik behar ez duena, aipatu artikuluan xedatutakoa bete delako. Epea luzatzea onartzeko ebazpena erantsi da, CONTR/02 zenbakia duen agiri gisa.
Bidenabar, kontratuaren zuzendaritzari horren gaineko txostena eskatuz, Bideen Segurtasunerako, Hobekuntzarako eta Modernizaziorako zerbitzuburuak honako hau adierazi du:
«Lanak otsailean bukatu ziren, onartutako epe barruan.
Martxoko ziurtagiria 154.922,58 eurokoa izan zen, eta atzerapenez egin zen tartean neurketak ixten ari zirelako.
Apirila eta maiatzeko ziurtagiriek kopuru txikiak dituzte, 29.708,96 eta 6.157,35 eurokoak, hurrenez hurren, ordaindu gabeko zenbatekoak ziren unitate batzuei bi kontrol izapide aplikatzea falta zelako, bide segurtasuneko ikuskaritza eta errodadura geruzako entseguena... kontrol horien emaitzak onargarriak izan bezain pronto ordaindu egin ziren. Bi ziurtagiri horiek azken ziurtagirian jaso ahal ziren, baina kontratistari lehenago ordaintzearen alde egin zen, eta arrunt gisa eman ziren.»
Azken ziurtagiria onartzea atzeratzeari dagokionez, nabarmendu behar da urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 48. artikuluak (kontratu honetan aplikagarria), hirugarren atalean, honako hau dioela: «ezarritako epetik kanpo egindako administrazio-jardunak, epearen izaerak hala eskatzen duenean bakarrik ekarriko du egintzaren deuseztagarritasuna».
Horrenbestez, administrazio egintzako akats guztiek ez dute eragiten baliogabea dela edo baliogabetu daitekeenik. Prozedura kudeaketako gorabehera huts bat da, azken egintzaren deuseztagarritasuna ez dakarrena, hau da, ez du eraginik egintzaren baliozkotasunean.
● BI-625 errepidea hobetzea (382+800 eta 384+200 kilometro-puntuen artean), Arrigorriagako AP-68ko lotura-Zaratamoko lotura. (Espedientea: 2013/002/061/06).
● Orueta-Agirleta (Santo Domingo) tartean sarbideak eta espaloiak berrantolatzeko proiektua. (Espedientea: 2015/007/061/06).
● BI-2121 errepidean hondoratutako guneen egonkortze eta euste lanak egiteko jarduera-proiektua berrikusteko proiektua. (Espedientea: 2015/021/061/06).
Hiru espedienteetan, azken ziurtagiria onartzea atzeratzeari dagokionez, nabarmendu behar da urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legearen 48. artikuluak (kontratu honetan aplikagarria), hirugarren atalean, honako hau dioela: «ezarritako epetik kanpo egindako administrazio-jardunak, epearen izaerak hala eskatzen duenean bakarrik ekarriko du egintzaren deuseztagarritasuna».
Horrenbestez, administrazio egintzako akats guztiek ez dute eragiten baliogabea dela edo baliogabetu daitekeenik. Prozedurazko irregulartasun bat da, azken egintzaren deuseztagarritasuna ez dakarrena, hau da, ez du eraginik egintzaren baliozkotasunean.
Hala ere, nabarmendu behar da 2013/002/061/06 espedientean azken ziurtagiria onartzean atzerapena egin izana, 2015eko Kontuari buruzko alegazioen txostenean azaldu bezala, eta azken ziurtagiria onesteko ebazpenean bertan azaldu bezala, kontratistarik ez agertzearen ondorio izan zela, sinatzeko errekerimendu ugari egin arren. Horren ondorioz izapide kontraesankorra abiarazi zen, onartzeko, alegazio epearekin. Azken ziurtagiria onartzeko ebazpena gehitu da, CONTR/03 zenbakia duen agiri gisa.
● Hobekuntzak BI-625 errepidean, 384+750 eta 386+350 kilometro puntuen artean. Zaratamoko lotunea Basauriko lotunea. (Espedientea: 2013/004/061/06).
2015eko kontuaren alegazio txostenean jakinarazi zen moduan, aipatutako 2013/002/061/06 espedientean zein espediente honetan, azken ziurtagiriaren izapidetze fasean, 2016ko bigarren seihilekoan zehar enpresa esleipendunei hainbat aldiz eskaera egin zitzaien azken ziurtagiria sinatzeko, eta ezinezkoa izan da egitea horri uko egin diotelako. Hori dela eta, dagozkion neurketak egin ondoren, amaierako ziurtagiriaren inguruko dokumentazioa eta onesteko proposamena helarazi zitzaizkien, bide batez, hamar eguneko entzunaldia emanez, bidezkotzat jotako alegazioak aurkez zitzaten.
Aipatu adjudikaziodunek alegazioak aurkeztu zituzten eta horiek kontratuaren zuzendariari helarazi zitzaizkion, horren inguruko txostena eman zezan.
2013/002/061/06 espedientean azken ziurtagiria atzerapenez onartu zen, aipatu bezala, azaldutako arrazoiak direla medio; hala ere, espediente honetan, kontratistak aurkeztutako alegazioen ondoren, kontratuaren zuzendaritzatik txostena igorri zen, adieraziz gaizki fabrikatutako egiturak ordeztu egin behar zirela. Kontratuaren zuzendaritzak prozeduraren une honetako egoerari buruzko txostena eman zuen, honako hau azalduz:
«Kontratistaren alegazioaren ondoren zenbait ikerketa lan egin dira arkupeetan kamerak jarriz; dimentsio errealen datuekin, ondoren, arkupetako egitura kalkulu guztiak berrikusi dira egonkorrak direla bermatzeko eta arriskurik ez dagoela ziurtatzeko. Ondorioz, proiektuko arkupeek baino sakonera txikiagoa dutenez, egonkorrak dira.
Une honetan arkupeen beste kalkulu ekonomiko bat egiten ari gara; izan ere, logikoa denez, proiektukoak baino arinagoak dira eta, horrenbestez, merkeagoak.»
Horrenbestez, laster egokitu egingo da teknikoki zein ekonomikoki, eta dokumentazioa igorri egingo da kontratazio organoak onar dezan.
– GUFEk kontratu txiki gisa hornitzaile bakarrarekin izapidetu ditu zenbait zentrotan berokuntzaren mantentze-lanak egiteko erosketak, 42.239 eurotan; horretarako unitate prezio edo/eta lotekako lizitazioa egin ahalko zen, urtero kontratatzen diren gastuak direlako eta horien kostua kalkulatu daiteke.
Gufe-ren alegazioa.
GUFEk, besteak beste, erosketak egin ditu, 42.239 euroko zenbatekoan; 70 faktura dira, berokuntzako instalazioen hornidura eta ondasunen konponketak kontzeptuan, kokapen desberdinetakoak diren eta modu autonomoan funtzionatzen duten 14 gastu gunetan.
Lan horien hornitzailea GUFEko zenbait zentrotako berokuntza instalazio, ur bero sanitario, bapore eta uraren mantentze-lanen esleipenduna da, Preskripzio Teknikoen Pleguetako II. Eranskinean ezarritako prezio informatiboekin bat etorriz eta enpresak aurkeztutako eskaintza ekonomikoari gehitu zaiona.
– Ondoren azalduko diren SPEren gastuak homogeneoak eta aurreikusteko modukoak dira, bakoitza hornitzaile batekin kontratatuak. Hori dela eta, ondorengo erakundeek lehia-printzipioa aplikatu beharko lukete kontratazioan:
Bizkaiko Basalan-en alegazioa.
– Mozketa- eta kimaketa-lanak errepideetan.
Jarduera bereiziak dira, Bizkaiko errepideen sareko hainbat puntutan egiten direnak, errepideetako ertzen segurtasuna bermatzeko eta ezponda bat behera etortzeak, zuhaitz bat galtzadara erortzeak eta abarrek eragin dezaketen arriskua murrizteko; aurreikusi ezin daitezkeen gertakarien ondorioak izaten dira eta beti presaz egin behar dira.
Hala ere, 2017ko ekitaldian kontratazioa zenbait enpresaren lehia prozeduren bitartez egiteari ekin zaio, kontratuen lege zaharrarekin bat etorriz, kontratazio unean indarrean zegoena. Hain zuzen ere, 2017ko ekitaldian 5 enpresa desberdin gonbidatu dira zenbait prozeduretan, eta horietatik 3 esleipendun izan dira, eskaintzarik onena aurkezteagatik aukeratutakoak. Prozedura guztiak Basalanerako kontratazio jarraibideekin bat etorriz egin dira, unean bertan indarrean zeudenak.
– Konponketak.
Makinak berehala konpontzeko beharrak beste era bateko gastua sortzen du. Kasu honetan ere ezin da gastua zehaztu eta aurreikusi, gastua premia sortzen denean -motor batek huts egiten duenean, makinak kolpe bat hartzen duenean eta abarretan- ordaindu behar direlako.
Pieza ordezkatzeko edo konponketa egiteko beharra sortzen denean sortzen da gastua, aurreikusi ezin diren gertaeren ondorioz akatsak edo higaduraren ondorioz, eta berehala ordeztu behar denean larrialdi egoerak kudeatzeko lanekin jarraitu ahal izateko. (Neguko bideen plana).
Hala ere, larrialdietarako makineria alokatzeari buruzko atalean komentatu bezala, makineria berezia berehala eskuragarri izatea zein premiazko konponketak egin ahal izatea bideratzeko zenbait kanpainetarako prozedura irekia egitea aztertzen ari gara; horrela, aldez aurretik adjudikatuko da, zerbitzuaren prestaziorako zenbait baldintzetan, makineria bera alokatzea zein bat-batean sor daitezkeen arazoen konponketak egitea.
Garbikerren alegazioa.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinetan egoten diren hondakin arriskutsuak (amiantoa, pinturak, detergenteak, itsasgarriak, erretxinak, gehigarriak eta abar) biltzeko eta kudeatzeko araudi berria indarrean jarri denetik, 2012. urtearen amaieratik (ekainaren 26ko 112/2012 Dekretua), erakundeen artean, Hiri Hondakinak Koordinatzeko Organoaren lanetan aritu gara; erakunde horren helburuen artean honako hauek daude: EAEko hiri hondakin solidoen planifikazio eta kudeaketaren inguruan Zuzentarauetan proposatutako programak eta ekintzak koordinatzea, egitasmo horiek burutzen direla bermatzea eta ikertu beharreko eremuak zehaztea.
Hondakin berri horiek biltzeko modua aztertzea eta prestatzea izan da egindako bileren xedea. Hain zuzen ere, hondakin berriak Garbikerrek kudeatzen dituen garbiguneen sarean sartzeko aukera egongo litzateke. Hori dela eta, hornitzaile adjudikaziodun berberarekin jarraitzea eta kontratua betetzeko epea kontu hori argitu arte luzatzea erabaki da.
Horregatik, garbiguneetan behin betiko utziko diren hondakin arriskutsuen motak zehaztu ondoren, handik kudeatu eta ondoren tratatzeko, edukiontzi horiek garbitzeko lizitazio prozedura abiarazi eta 2017an esleitu zen; hortaz, egoera hori erregularizatu egin da.
– Bizkaiko Basalan, S.A.k zuzenean, arrazoi teknikoak tarteko, neguko nekazaritza lanabesen hornidura eta makineria alokatzeko gastuak egin zituen, 120.548 eta 65.154 eurotan, hurrenez hurren; egoera hori ez da kontratazioan egiaztatu.
Bizkaiko Basalan-en alegazioa.
Hain zuzen ere, arrazoi teknikoak tarteko zuzenean egindako gastuak dira; gure ustez ezaugarri hori egiaztatuta dago kontratazioa bera gertatzen den unetik. Azaltzeari ekingo diogu, eta zenbait ziurtagiri ere gehitu dira:
«Neguko tresnak» erreferentzia arruntari dagokionez, errepideen mantentze-lanetarako ordezko pieza zehatzak eta osagarriak erostean datza (neguko bide plana).
Epigrafe honetan ez da elementu horien kontratazio prozedura bakarra egin, kasu honetan bezala, neguko kanpaina bete-beteko premiazko gastuak direlako, BLHn larrialdiak zuzen kudeatzeko premiei erantzuna eman behar zitzaielako eta modu bereizian elementuetako bat ere ez zelako 18.000 euroko kopuru gordineko zenbaterako iritsi.
Hainbat pieza hornitzeaz ari gara, esaterako hortzak eta zabaltzeko makinak; neguko makineria akoplatzeko behar dira, erabilerarekin apurtu egiten direlako. Kasu batzuetan ekipo horietatik alokatzen da, baina beste batzuetan erosi egiten da.
Kasu batean zein bestean (alokatu edo erosi) nekez aurreikus daitekeen gastua da, eta premiaz egin behar da, beharrizana sortzen den unean sortzen baita. Bestalde, bere garaian akoplatzen zaion ibilgailua hornitu zuen enpresa berari erosi behar zaizkio ekipo horiek, nahitaez. Bestela teknikoki ez lirateke bateragarriak izango enpresaren ibilgailuen parkea osatzen duten elurra kentzeko kamioiekin; izan ere, elurra kentzeko kamioi horiek dagoeneko badaukate instalazio elektroniko eta hidraulikoa, kabinako aginte taulatik osagarriraino, eta ekipo horiek baino ezin zaizkio lotu.
Ekipo horiek, gainera, egokitu egin behar dira eta etekin ona eman behar dute goi mendiko errepideetan, ekipoen ezaugarriak tarteko; errepide horietan gorabehera asko izaten dira, eta hain zuzen ere enpresa horrelako errepideetan jarduten da.
Horri gehitu behar zaio merkatuan dauden enpresen artean soilik honen konponketa eta piezak ordezteko eskuragarritasun zerbitzuak ahalbidetzen duela denbora errealean jardutea, errepideetatik elurra kentzeko lana eten ezin den larrialdi egoeretan, zerbitzu egokia eman eta istripuak saihesteko.
Bestalde, schmidt ekipo horien hornitzaile bakarra esklusibotasunez Arrizabal da; horren ziurtagiria atxiki da.
– Makineria alokatzea (ezpal birringailua).
Gaitasun handiko birringailu horizontala da; merkatuan daudenen artean ezaugarri esklusiboak ditu, ezinbestekoak Basalanen beharrizanetarako. Ezinbesteko ezaugarriak hauek dira:
Batetik, duplex danborra; birringailu mekanismo bikoitza da, elkarrekiko aldagarria eskuz eta azkar, hortz eta mailuen artean Ezaugarri hori funtsezkoa da gure enpresarentzat; izan ere, mailuekin birrintzea tamaina eta gogortasun handiko zuretan aplikatzen da, burdinazko elementuekin, eta hortzen sistemaren helburua etekin handiagoa lortzea da, modu homogeneoagoan birrinduz zur garbiagoetan, esaterako apeak.
Basalanen jarduera dela medio, birrintzeko beharrizanak egur mota batean zein bestean sor daitezke, errepide ertzetan zuhaitzak botatzearen arrastoak izan edo baso ustiapenetan inausketak edo mehazketak izan, baita pistetan egindako lanak ere; horiek guztiak ohiko eta bereizitako lanak dira gure enpresan.
Birrintze mota batetik beste batera azkar eta nahiko erraz igaro ahal izateak, in situ eta denbora laburrean, denbora aurreztea dakar, eta eraginkorragoak ere izatea ekarriko du ikuspuntu ekonomikotik eta produktuaren amaierako emaitzaren ikuspuntutik; horretarako aukera emango duen merkatuko birringailu bakarra da.
Horrez gain, birrintzean eraginkorragoak izateko bahe bikoitzen aukera ere badu, eta malguak dira amaierako produktuan lortu nahi den tamainaren arabera.
Beste alde batetik, makineria hori esklusiboki hornitzaile bakarrak merkaturatzen du estatu mailan, eta horregatik ez da prozedura irekirik izapidetu. Hilabete batzuetarako alokairu kontratua egin zen, erosteko aukerarekin, hondakin balioan. Ondorengo ekitaldian makina erosi egin zen.
Makinaren esklusibotasun ziurtagiria atxiki da; bertan ageri da ezaugarri horren bereziak dituen makineria soilik hornitzaile horrek horni dezakeela.
III.4.– Diru-laguntzak.
Diru-laguntza izendunak eta zuzenean emandakoak.
Hautaturiko diru-laguntzak aztertuta, hauxe ikusi dugu:
– 45 kirol federaziori guztira 4 milioi euroko ekarpenak eman zitzaizkien administrazio izaerako funtzio publikoak garatzeko 2016-2019 aldian; horri dagokion dokumentazioan ez dago federazio bakoitzari emandako kopuruen euskarri den xehetasun edo azterlanik.
Euskara eta Kultura Sailaren alegazioa.
Horri dagokionez esan behar dugu hitzarmen bakoitzean jasotako kopuruak Bizkaiko kirol federazio bakoitzarekin adostu zirela, horien xehetasunak hitzarmenaren testuan jaso ez badira ere, federazio horiek administrazio izaerako funtzio publikoak egin zitzaten, Euskadiko Kirol Federazioei buruzko urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuko 14. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.
Federazioaren aurrekontu globala aurkezteko betekizuna Euskadiko Kirol Federazioei buruzko urtarrilaren 31ko 16/2006 Dekretuko 141. artikuluko 6. eta 7. puntuetan ezarritako araudiari dagokio; honako hau esaten da bertan:
«6.– Behin Batzar Nagusiaren onarpena lortutakoan, aurreko ekitaldiko aurrekontua eta likidazioa kirol gaietan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako edo foru aldundietako organoari helaraziko zaizkio.
7.– Artikulu honetan jasota dagoenaren arabera onartzen den urteko aurrekontua aurkeztea ezinbesteko baldintza izango da Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioek ematen dituzten diru laguntzak eskuratu ahal izateko.»
Indarrean dauden hitzarmenak 2016an prestatu ziren lau urteko aldirako; horrenbestez, 2019an bukatuko dira; gaur egun federazioekin sinatuko diren hurrengo hitzarmenetako testuak lantzen ari gara, eta federazio bakoitzari emango zaion kopuruaren xehetasunak bertan jasotzea aurreikusi da.
Hiru federaziori emandako ekarpenen memoria ekonomiko justifikagarrietan (149.963 eurokoak 2016an) ez dago banakapen zehatza jasota gastu eta diru-sarrera kontzeptuka, diru-laguntzena edo diruz lagundutako beste proiektu batzuena; gastuen zerrendan gehitutako zeharkako eta/edo kostu orokorrak banatzeko irizpideak ere ez dira jaso. Horrez gain, federazioetako batek ez du aurkeztu garatutako jarduerei lotutako diru-sarrera edo gastuen egoera.
Euskara eta Kultura Sailaren alegazioa.
Horri dagokionez, espedienteak berrikusi zituen Herri Kontuen Euskal Epaitegiko teknikariaren oharrak ikusita, jakinarazi behar da hiru federazioei aipatutako dokumentazioa aurkezteko eskaera egin zitzaiela, hau da, gastu eta diru-sarrera kontzeptuen, diru-laguntzen edo diruz lagundutako beste proiektu batzuen banakapen zehatza aurkezteko, baita gastuen zerrendan gehitutako zeharkako eta/edo kostu orokorrak banatzeko irizpideak ere; Euskal Joko eta Kirolen Federakundeari, gainera, garatutako jarduerei lotutako gastu eta diru-sarreren egoera ere eskatu zitzaion. Aurkeztutako dokumentazioa berrikusten ari gara une honetan.
– Bost diru-laguntza izendunen eta diru-laguntza zuzen baten kontu justifikagarrietan, 7,9 milioi eurotan eta 425.000 eurotan emandakoak, hurrenez hurren, ez da jaso onuradunaren eskaerari euskarria ematen dion dokumentazioa, hiru eskaintzena edo gastuen ezaugarri bereziei buruzkoak, eskatzea eragotzi dutenak.
Gizarte Ekintza Sailaren alegazioak.
Ondorio horietarako honako ohar hauek plazaratu nahi ditugu Prestazioen eta Diru-laguntzen Zerbitzuak emandako diru-laguntza hauen haritik:
Lehenik eta behin, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak aipatutako kontu justifikagarria diru-laguntza izendunei dagokie; diru-laguntzen hitzarmenen bitartez artikulatzen dira eta hitzarmen horien bitartez aldeen arteko konpromiso eta baldintza aplikagarriak arautu eta finkatzen dira.
Hitzarmen horietan klausula hau ageri da:
Diru-laguntza justifikatzeko epea eta modua.
Azaldutakoa frogatzeko, justifikazio-kontua erabiliko da; horrekin batera, auditorearen txostena ere aurkeztuko da, alegia, Diru-laguntzei buruzko Araudiko 59. artikuluan ezarritakoa.
Txosten hori Ogasun eta Finantzen foru-diputatuaren apirilaren 15eko 945/2011 Foru Aginduan ezarrita dagoenaren arabera prestatu behar da; horren bidez onetsi ziren kontu-auditoreek diru-laguntzen justifikazio-kontuak berrikusteko lanak egitean jarduteko bete behar dituzten arauak, foru-sektore publikoaren esparruan.
Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuaren apirilaren 15eko 945/2011 Foru Aginduaren eranskineko 2. artikuluak honako hau ezarri zuen:
Bere lanaren emaitza gisa, auditoreak txosten bat egingo du; bertan, egindako egiaztapenak zehaztuko dira eta onuradunak aplikatu behar den araudia ez betetzea ekar dezaketen salbuespen, akats eta gertakari guztiak komentatuko dira, diru-sarrera jasotzeko. Gainera, informazioa zehaztasun eta doitasun nahikoarekin eman beharko du, erakunde kudeatzaileak horren inguruko ondorioa atera ahal izateko.
Eta 3. artikuluak honako hau dio:
Txostena emateko, auditoreak egiaztatu beharko du onuradunak aurkeztutako justifikazio-kontua egokia dela, prozedura hauek betez:
1.– Prozedura orokorrak:
a) Onuradunari jarritako betebeharrak ulertzea.
Auditoreak diru-laguntzaren araudi erregulatzailea aztertuko du, baita deialdia eta ebazpena ere, eta diru-laguntzaren onuradunari zein berrikuspena egin behar duen auditoreari betebeharrak ezartzen dizkion dokumentazio oro.
2.– Justifikazio-kontuari dagozkion prozedura espezifikoak:
b) Memoria ekonomiko laburtua berrikustea.
................
5.– Erakundeak hornitzaile desberdinen eskaintzak dituela, Diru-laguntzei buruzko Foru Arauko 29.3 artikuluan zehaztutako kasuetan; behar izanez gero, proposamen ekonomiko onena egin ez duen hornitzailea hautatzen bada, hautapena argitu behar da.
Ondorio horietarako, auditoreak txosten honetako diru-laguntzen eta hizpide dugun gaiaren inguruan emandako txostenean honako hau adierazi du:
«Lana egiterakoan Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuaren apirilaren 15eko 945/2011 Foru Aginduaren bitartez onartutako jardun arauetan ezarritakoa bete da; bertan aplikatu beharreko prozedurak eta horien irismena finkatu da. Bidenabar, Diru-laguntzei buruzko maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauko erregelamenduko 59. artikuluan xedatutakoaren berri izan da, martxoaren 23ko 34/2010 Foru Dekretuaren bitartez onartutakoa.»
Auditoreak ez du adierazi egin ezin izan dituen prozedurak egon direnik, edo ezarritako baldintzen edo araudi aplikagarriaren urraketak eragin ditzaketen gertakariak edo inguruabarrak egon direnik; honako hau ondorioztatu du:
«Egindako lanaren emaitza gisa, jakinarazi behar da ez dela antzeman Erakundeari ezarritako baldintza edo araudi aplikagarria urratzea ekar zezakeen gertakari edo inguruabarrik aurreko 1. atalak aipatutako diru-laguntza jasotze aldera.»
Horrenbestez, ondorioztatu behar da emandako diru-laguntzak behar bezala justifikatuta daudela; izan ere, auditorearen txostenean berariaz ondorioztatu da lana Ogasun eta Finantza Saileko foru diputatuaren apirilaren 15eko 945/2011 Foru Aginduan adierazitako prozedurarekin bat etorriz egin dela, eta hor txosten honen xede den prozedura zehatza jasota dagoela ulertzen da, eta ez da horren inguruko eragozpenik sortu. Hala ere, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak plazaratutako oharrak gehitze aldera, aurrerantzean egiaztatu egingo da auditorearen txostenean aplikatutako prozedurak berariaz jaso direla.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako Sailaren alegazioa.
– Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Merkataritza Ganberaren artean sinatutako lankidetza hitzarmena, herri tradizioen Smithsonian jaialdiaren 2016ko edizioan parte hartzea kudeatzeari buruzkoa.
Txosten honetarako aintzat hartutako dokumentuak aztertu ondoren ondorioztatu daiteke hitzarmen hau ez dagoela maiatzaren 31ko 5/2005 Foru Arauaren mende, Foru Administrazioak ematen dituen diru-laguntzen araubide juridiko orokorra arautzen duena, baizik eta azaroaren 29ko 30/1992 Legearen mende, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena.
Horregatik guztiagatik, hitzarmen honetan xedatzen da Bilboko Merkataritza Ganberak ez duela egiaztatu behar hornitzaileak aukeratzean eskaintzak eskatu dituenik; ez da diru-laguntza zuzena izan, baizik eta diru-laguntza izaerarik gabeko lankidetza hitzarmena.
– 3,3 milioi eurotan emandako hiru diru-laguntza izendun eta bi diru-laguntza zuzenen dokumentazio justifikagarriaren egiaztatze akta ez da ageri.
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren alegazioa.
2018rako diru-laguntza izenduna arautzeko eta artikulatzeko Lorra S.Coop. sozietatearekin sinatutako hitzarmenean, hamazazpigarren klausulan diru-laguntza egiaztatzeko zerbitzu kudeatzaileek garatu beharreko eragiketak ageri dira (Abeltzaintza Zerbitzua eta Nekazaritza Zerbitzua).
– 2016. urtean zehar gastuen justifikazioa, egiaztatzea eta likidazioa egiaztatzea hiru hilabeterik behin egin zen, eta Lorra, Sdad. Coop. sozietateari emandako diru-laguntzaren Jarraipen Batzordeak akta egin zuen; batzorde hori Nekazaritza eta Abeltzaintza zerbitzuburuek, saileko idazkari teknikoak eta Lorra Sdad. Coop. sozietateko gerenteak osatu zuten.
Jarraipen Batzorde hori, oro har, aldez aurretik aurkeztutako dokumentazio justifikagarriko datuak areagotu edota argitzeko eskatzen aritzen zen, Abeltzaintza eta Nekazaritza zerbitzuek aztertutakoa; ondoren akta egin eta likidazioa onartzen zen.
Jarraipen Batzordearen aktak atxiki dira.
– Ondorengo ekitaldietan Jarraipen Batzordeak egindako aktaren testua aldatu egin da, eta prozedura argiago geratu da. 2018ko lehen hiruhilekoko akta gehitu da.
– Bestalde, esan behar da Lorra, S.Coop. onuradunak, gastuen justifikazio arloan, kontu justifikagarria aurkezteko betebeharra daukala, auditoretza enpresaren txostenarekin batera, Diru-laguntzen Foru Erregelamenduko 59. artikuluan aurreikusitakoa; halaxe egin zuen, eta 2016an behar bezala aurkeztu zuen. Horrek auzitegiak plazaratutako eragozpenari erantzuten ez badio ere, nabarmendu behar da gastuen justifikazio sistemara auditoretza enpresaren txosten bitartez lotzeko zorroztasunari esker hitzarmenarekin bat etorriz egindako gastuen errealitatea antzeman daitekeela, horiek egiaztatzeko ikuspuntutik.
Deialdi publikoaren bidez emandako diru-laguntzak.
Hautaturiko diru-laguntzak aztertuta, hauxe ikusi dugu:
– Bizkaiko Lurralde Historikoko natur mugak edo beste muga zehatz batzuk dituzten aldeetako nekazaritza sektorerako egitura laguntza jakin batzuk ezartzen dituen apirilaren 5eko 66/2016 Foru Dekretuak araututako laguntzak ematean, 1,8 milioi eurotan, hainbanaketa egin da, baina aukera hori ez zegoen oinarri arautzaileetan jasota.
Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailaren alegazioa.
Deialdi hori izapidetu eta ebazteko prozedura kalte-ordain horren eskaerarekin hasi zen, horretarako ezarritako epean, eskaera bakarrari dagokionez; apirilaren 30ean bukatu zen. Eskaera guztiak jaso ondoren, denak onartzeko aukera aztertu zen, baita administrazio arloko kontrolak eta lursailetan bertan kontrolak egiteko aukera ere. Lursailetan bertan kontrolak egiteko aukera espediente guztietara iritsi zen, eta definitutako esparruak lursailetan kontrolatu ziren, Kontrolen Prozedura Eskuliburuaren arabera, Batasuneko UE 1305/2013 Erregelamendua.
Kontuan hartuta aurrekontu eskuragarritasuna ez zela aski jasotako eskaerak erantzuteko eta kalte-ordainen kopuru globalak ezin zuela gainditu aurrekontuan jasotako 2.122.424,16 euroko kopurua (1.389.424,16 euro 2016an eta 733.000,00 euro 2017an), eskuragarri zegoen aurrekontua onartutako eskaera guztien artean banatzea proposatu zen. I. Eranskinean azaroaren 28ko 7355/2016 Foru Agindua gehitu da, hainbanaketaren % 88ko ebazpena aipatuz.
Onartutako eskaera guztiak hainbanakatu egin ziren espediente bakoitzerako kalkulatutako zenbatekoaren % 88n.