EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-12-03 Aldizkari honetan argitaratua: 2018232

AGINDUA, 2018ko azaroaren 7koa, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuarena, garapenerako lankidetzako erakundeei 2019an Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren «Euskadiko Gazteak Lankidetzan» programarako proiektuak aurkezteko deialdia luzatzen diena.

Xedapenaren data: 2018-11-07
Hurrenkenaren zenbakia: 201805940
Maila: Agindua
Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren 10.39 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak gazteria-politikaren arloan eskumen osoa du. Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituenaren eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituenaren bidez, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari egokitzen zaio, besteak beste, gazteriari buruzko egitekoak eta jardun-arloak.
Euskadiko gazteriaren artean elkartasunaren balioa sustatzeko helburuarekin eta garapenerako lankidetzako Euskadiko erakundeek hainbat herrialdetan egiten dituzten garapenerako lankidetza ekintzak kontuan izanik, urtero egiten da, Gazteria Zuzendaritzaren eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bidez, gazteek Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzeko deialdia.
2019rako, deialdi honek, aurretiazko izapide erregimenaren baitan dagoenak, berriz ere Euskadiko gazteria lankidetzaren kontzeptura hurbiltzea du helburu, ekintza horiek «in situ» ezagutzeko aukera eskaintzearekin batera. Esperientzia hori aurrez egingo diren informazio- eta orientazio-jardunaldi batzuen bidez osatu eta aberastuko da. Horrenbestez, beharrezkoa da Euskadiko garapenerako lankidetzako erakundeek aurrera eramaten dituzten garapenerako lankidetza ekintzak aintzat hartzea, deialdi honetan zehaztu bezala.
Hori dena kontuan izanik, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen helburua deialdiaren arauak ezartzea da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren 2019ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako lankidetza proiektuak aurkezteko, proiekturik egokienak hautatzeko eta haien proiektuetan Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatuek parte hartuko duten erakunde onuradunei diru-laguntzak zer baldintzatan emango zaizkien zehazteko.
2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.
Aurreko artikuluaren helburua betetzera zuzenduko diren baliabide ekonomikoak xede horretarako aurrekontuetan ezarritako kredituetatik etorriko dira, 70.000 euro alegia.
3. artikulua.– Erakunde onuradunak.
Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte honako baldintza hauek betetzen dituzten pertsona juridikoek:
a) Formalki eratuta eta inskribatuta egotea dagokion erregistroan.
b) Estatutuetan berariaz aipatzea bere helburuetako bat hegoaldeko herrialdeak garatzera bideratutako proiektuak gauzatzea dela, edo dokumentu fidagarrien bidez egiaztatzea erakundeak alor horretan gutxienez bi urte daramatzala lanean.
c) Irabazi-asmorik ez edukitzea.
d) Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza nagusia edo ordezkaritza iraunkorra izatea. Xede horretarako, ordezkaritza iraunkortzat hartuko da, dokumentazio bidez egiaztatuz gero, erakundearen sozietate-oinarria (bazkideak, boluntarioak edo parekagarriak) duten egitura garrantzitsuak existitzea Euskal Autonomia Erkidegoan. Kasu horretan, ordezkaritza iraunkorrak bere gain hartzen du eskaera aurkezteko ardura zuzena eta, erakunde onuradun gisa, deialdi honetan zehaztutako konpromisoak onartzen ditu.
e) Diru-laguntzak edo laguntza publikoak jasotzea eragozten dion zehapenik jaso ez izana –zehapenak zehaztutako epean–, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, eta ez izatea laguntzok jasotzeko ezgaitzen duen legezko inolako debekurik.
f) Zergen arloko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean edukitzea eta diru-laguntzen itzulketarekin lotutako betebeharrak ordainduta edukitzea.
g) Gainera, erakunde eskatzaileak Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintzak bete behar ditu.
4. artikulua.– Proiektuen betekizunak.
1.– Diru-laguntza jasotzeko, aurkeztutako proiektuek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Lankidetza jarduera 2019ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazteak lanean hasteko denbora-tartean egitea, kontuan izanik, ahal izanez gero uztailetik aurrera gauzatuko den lankidetza esperientzia horrek, gutxi gorabehera, hiru hilabeteko iraupena izango duela.
b) 2019ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazteak proiektuko jardueretan behar bezala integratzea ahalbidetzea, kontuan izanik programa horren helburua elkartasunaren balioa sustatzea eta 22 eta 30 urte arteko gazte euskaldunak garapenerako lankidetza ekintzekiko sentsibilizatzea dela, lankidetza ekintzen garapena «in situ» ezagutuz.
c) Modu zehatzean adieraztea aurkeztutako proiektu bakoitzean parte hartzeko egokienak iruditzen zaizkien profil profesionalak.
2.– Ez dira onartuko:
a) Subjektu den biztanleriaren pobreziari aurre egiteko estrategiarako egokiak ez diren proiektuak.
b) Koherenteak ez diren proiektuak, alegia, azaldutako arazoaren, hori gainditzeko ezarritako helburu eta emaitzen eta antolatutako jardueren artean loturarik ez duten proiektuak.
c) Balioztatu daitekeen adierazlerik ez duten proiektuak.
d) Bideragarriak ez diren proiektuak, hau da, espero diren emaitzak lortzea bermatzen ez dutenak.
e) Denboran iraunkorrak ez diren proiektuak.
f) Genero-ikuspegia kontuan ez duten proiektuak.
g) Tokiko gaitasunak indartzen ez dituzten proiektuak.
h) Biztanleria subjektuaren parte-hartzea bermatzen ez duten proiektuak.
i) Giza eskubideak urratzen dituzten proiektuak.
j) Ekologikoki jasangarriak ez diren proiektuak.
5. artikulua.– Hautaketa-prozesua.
Hautaketa-prozesuak hiru fase ditu. Lehen fasean, aurkeztutako proiektuen artean, aurretiko hautaketa bat egingo da, gehienez ere 220 profil jasoko dituztenak. Ondoren, bigarren fasean, gehienez 100 gazte boluntario hautatuko dira 2019ko Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren deialdiaren bidez. Hirugarren fasean, aurretiko hautaketa gainditu duten proiektuen artean, hautatutako gazteen profilekin bat egiten dutenak aukeratuko dira honako deialdi honen markoan.
6. artikulua.– Balioespen-batzordea.
1.– Gehienez ere 220 profil jasoko dituzten proiektuen analisia, ebaluazioa, lehen hautaketa eta hautaketa egiteko, balioespen-batzorde bat osatuko da honako kide hauekin:
– Presidentea: Josu Gerediaga Egurrola, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria arduraduna. Ordezkoa: Francisco Javier Gutiérrez Páramo, Gazteria Zuzendaritzako teknikaria.
– Batzordekidea: Noemí de la Fuente Pereda, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako koordinazio estrategikoaren arduraduna. Ordezkoa: Marlen Eizaguirre Marañón, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako lankidetza teknikaria.
– Batzordekidea: Silvia Torre Goikoetxea, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritzako teknikaria, idazkaria ere izango dena, ahotsa eta botoarekin. Ordezkoa: Lourdes Ramírez de Ocariz Sorolla, Gazteria Zuzendaritzako teknikaria.
2.– Balioespen Batzordeak hurrengo artikuluan ezarritako balioespen irizpideen arabera egingo duen proiektuen lehen hautaketa.
7. artikulua.– Proiektuak balioesteko irizpideak.
1.– Deialdi hau lehiaketa bidez ebatziko da. Horretarako, proiektuen lehen hautaketa konparazio bidez egingo da, jarraian ezarritako balioespen irizpideen arabera. Gehienez ere 220 profil jasoko dituzten proiektuak hautatu behar dira lehen aukeraketa batean. Balioespen Batzordeak aintzat hartuko dituen balioespen irizpideak honako hauek dira:
a) Erakunde eskatzailearen jarraitutasuna, egonkortasuna eta kaudimena garapenerako lankidetzari dagokionez, 10 puntu gehienez.
b) Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzera bideratutako politika edota jarduerak aurrera eramaten erakundeak izandako ibilbidea, 5 puntu gehienez.
c) Proiektuaren interes soziala, 25 puntu gehienez. Kontuan hartuko da proiektuak gizartean duen eragina, proiektuaren xede den komunitatean zenbaterainoko ekarpen onuragarria egiten duen, pertsona onuradunak eta proiektua garatzen den esparruan espero diren emaitzak.
d) Profilak Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren ezaugarrietara egokitzea, 25 puntu gehienez. Aintzat hartuko da proiektuaren xede den komunitatean eragin onuragarria izango duten profilak izatea, elkartasunaren balioa sustatuz eta parte-hartzaileak garapenerako lankidetza ekintzekiko sentsibilizatuz.
e) Proiektua garatuko den tokian hautatutako gazteak egonaldian zehar izango dituen baldintza materialak, 25 puntu gehienez.
f) Genero-ikuspegia integratzea proiektuan, 10 puntu gehienez.
2.– Balioespen Batzordeak profilak ez onartzeko eskubidea izango du, gazte boluntarioentzako arriskutsuegiak diren egoerak bizi dituzten herrialdeetako lankidetza proiektuen kasuan.
3.– Proiektuak aurkeztu dituzten erakundeekin proposatutako datak aldatzea adostu ahal izango da, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programaren eskaintza egokitzeko helburuarekin. Era berean, proiektuak egokitu ahal izango dira erabilgarri dauden profilen arabera.
4.– Ezinbesteko kasuetan erakunde eskatzaileak proiektua garatuko den tokia aldatu ahal izango du, Gazteria Zuzendaritzak justifikatu eta onartu ondoren.
8. artikulua.– Ebazpena.
1.– Balioespen Batzordearen proposamena ikusita, Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteriako zuzendariak Ebazpen bat emango du eta bertan agertuko da hautatu eta hautatu gabeko proiektu eta profil guztien zerrenda.
2.– Ebazpen hori, gehienez ere, sei hilabeteko epean jakinaraziko zaie erakunde interesdunei, agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera. Ebazpen horrek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, haren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke Enplegu eta Gazteriako sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoa betez.
3.– Aurreko atalean aipatutako epea igarota interesdunari ebazpena jakinarazi ez bazaio, eskabidea ezetsi zaiola ulertu ahalko da, hala xedatuta baitago Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 25. artikuluan.
4.– Erabakitakoa aditzera emateko helburuarekin, eta erakunde interesdunei berariazko jakinarazpen bat bidaltzeari utzi gabe, onartutako eta ez onartutako proiektuen zerrenda argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
9. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.
Agindu honetan ezarritakoaren arabera araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek honako betebehar hauek izango dituzte:
a) Proiektuan parte hartzeko hautatutako pertsonari prestakuntza ematea lanean hasi haurretik, egin beharreko lanaren jakintzan sakondu eta topatu ditzakeen zailtasunei aurre egiten ikasi ahal izateko.
b) Hautatutako pertsona xede herrialdera iristean harrera egitea eta topagunetik lankidetza jarduera egiten ari den lekuraino eramatea eta laguntzea.
c) Gazte boluntarioa harremanetan jartzen den momentutik aurrera, eta lankidetza esperientziak irauten duen denbora-tartean zehar, gazte hautatuaren ostatua, mantenua eta ibilbidearen jarraipena bermatzea.
d) Proiektua exekutatzen den tokitik herrialdetik irteteko lekura eramatea eta laguntzea.
e) Ezohiko egoeretan, boluntarioak istripu edo gaixotasunen bat edukiz gero, esaterako, beharrezko zainketak jasotzeko lekurik egokienera eramateko konpromisoa hartzea eta agintari diplomatiko edo kontsularrak jakinaren gainean jartzea, beharrezkoa izanez gero, boluntarioa aberriratzea errazteko. Boluntarioari jarduera garatzen ari den tokian gelditzea eragozten edo zeharo zailtzen dion egoera larriren bat suertatuko balitz, garapenerako lankidetzaren erakundeak, haren baliabide eta baldintzek ahalbidetzen duten heinean, boluntarioa haren osotasun fisikoa babesteko leku aproposenera eramateaz arduratuko da.
f) Esleitutako jardueran dagoen bitartean boluntarioari gerta dakioken edozein jazoeraren berri ematea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailari.
g) Hautatutako gaztearen esperientzia amaitzen den egunetik gehienez ere hilabete batera, jardueraren garapenaren memoria bat aurkeztea, nahi izanez gero argazkiekin hornitua.
h) Datu pertsonalen tratamenduari eta babesari buruz indarrean dagoen araudia betetzen dela bermatzea.
i) Agindu honetan araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeak behartuta daude Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 14. artikuluan eta Euskadiko Antolarauei buruzko Legearen testu bateginean jasotzen diren eginbeharrak betetzera, eta bereziki:
– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman dela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean erakunde onuradunek berariaz uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat emango da.
– Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
– Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen fiskalizazio-lanetarako behar duten informazio guztia ematea.
– Agindu honetan adierazitako diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek berariaz aipatuko dute Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailaren Gazteria Zuzendaritzaren laguntza izan dutela, diru-laguntza emateko ebazpenaren berri dutenetik hasita, diruz lagundutako jarduera edo programa dela-eta argitaratzen dituzten egitarau, iragarki-kartel, argazki eta idatzizko zein entzutezko material guztietan. Material horiek Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntza ofizialetan argitaratu beharko dira.
10. artikulua.– Izapideak.
Bitarteko elektronikoak erabili beharko dituzte erakunde interesdunek prozedura horren izapideak eskatzeko, zuzentzeko, justifikatzeko eta egiteko.
11. artikulua.– Eskabideen aurkezpena.
1.– Deialdi honetan parte hartu nahi duten erakunde eskatzaileek lankidetza proiektu bat edo gehiago aurkeztu ahal izango dituzte, lankidetza ekintzetan parte hartu lezaketen gazte boluntarioen profilak zehazten dituztenak. Proiektu bakoitzeko eskaera bat aurkeztu beharko dute.
2.– Agindu honetan araututako laguntzak jasotzeko eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean jartzen den momentutik hasita.
3.– Agindu honen eranskinean jasotako eskabide-eredua, eta eskabideak izapidetzeko xehetasunak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak euskadi.eus egoitza elektronikoan eskuratu daitezke:
http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/euskadiko-gazteak-lankidetzan-2019/web01-s2enple/eu/
4.– Eskabidearen ondoko izapideak, bide elektronikoa erabiliz egitekoak, helbide honen bidez egingo dira:
http://www.euskadi.eus/nirekarpeta
5.– Erakundeek euskaraz nahiz gaztelaniaz aurkeztu ahal izango dituzte eskaera eta dokumentuak. Halaber, prozedura osoan zehar, entitate eskatzaileak hautatutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan xedatutako moduan.
12. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.
a) Eskaera egin duen erakundeari buruzko datuak.
– Estatutuen kopia (baldin eta pertsona juridikoaren ezaugarriak direla-eta egungo araudiaren arabera beharrezkoa balitz) edo, erakunde motaren arabera, eratzeko eskritura.
Pertsona eskatzaileak dokumentu horiek aurretik aurkeztu baditu Administrazio honetan, eta indarrean egonez gero, ez da beharrezkoa izango berriz ere aurkeztea. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz berretsiko du. Horretarako nahikoa izango da dokumentu horiek zein Zuzendaritza edo Sailetan aurkeztu ziren adieraztea.
– Eskabide-eredua euskadi.eus webguneko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da:
http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/euskadiko-gazteak-lankidetzan-2019/web01-s2enple/eu/
– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapenik jaso, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorrita.
– Helburu berberarekin diru-laguntzak edo laguntzak jaso izanaren ziurtagiria.
– Erakunde eskatzailearen jarraitutasuna, egonkortasuna eta kaudimena frogatzen duen dokumentazioa, gutxienez, garapenerako lankidetzarekiko erakundearen esperientzia azaltzen duena eta erakundeak kudeatutako proiektuak zerrendatzen dituena, proiektu bakoitzaren hasiera eta amaiera data adieraziz.
– Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko politiken edo jarduketen garapenean erakunde eskatzaileak izandako ibilbidea frogatzen duen dokumentazioa.
– Haurrekin harremana izango duten jarduerak aurreikusiz gero, lan horiek egin behar dituzten langile guztiek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dute, esanez Sexu Delitugileen Erregistro Zentralean ez daudela egiaztatzen duen ziurtagiria dutela. Adingabekoen babes juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. paragrafoan ezartzen da betebehar hori. Zehazki, haurrak eta nerabeak zaintzeko sistema aldatu zuen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen ondorioz. Atzerritarren kasuan, haien nazionalitatearen herrialdeko aurrekari penalen ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute.
– Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon behar du erakunde eskatzaileak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetan: https://www.euskadi.net/y22-tresnak/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html
– Eskaera aurkezteak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekiko betekizunak bete direla automatikoki egiaztatzeko, bai eta dokumentu elektronikoak biltzeko ere, bere sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzako plataformak edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuk kontsultatuz; baimen hori berariaz ukatzen denean izan ezik. Kasu horretan, onuradunak dagozkion ziurtagiriak eman beharko ditu, Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako instantzia administratiboek egindakoak (Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren araudiko 22. artikulua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua).
b) Proiektuari buruzko informazioa:
– Hautatutako boluntarioen parte-hartzea izango duten proiektuen deskribapena, xede-herrialdean duen kokapena eta iristeko aireporturik hurbilena.
– Garapenerako Lankidetzako harrerako erakundearen identifikazioa, diru-laguntza eskatzen duen garapenerako lankidetzaren erakundearekin duen harremana frogatzen duen dokumenturen bat barne.
– Proiektuan parte hartzeko hautatutako gaztearen arduraduna den pertsonaren identifikazioa, helbide elektronikoa eta telefonoa.
– Proiektuaren interes sozialaren justifikazioa.
– Proiektua garatuko den tokian hautatutako gazteak egonaldian zehar izango dituen baldintza materialak.
– Proiektuan genero-ikuspegia integratzea.
c) Profilari buruzko dokumentazioa:
– Boluntarioak egin beharko dituen lanen eta zereginen deskribapena.
– Titulazio akademikoa, prestakuntza profesionala eta beharrezko diren beste ikasketa batzuk.
– Garatu beharreko zereginekin lotuta dauden trebetasun eta gaitasunak.
– Kasuaren arabera, hizkuntza baten edo gehiagoren ezagutza.
– Kasuaren arabera, egin beharreko lanekin zerikusia duen aldez aurreko esperientzia.
13. artikulua.– Akatsak zuzentzea.
Eskabidearen izapidetzea onartzeko eskatzen diren agiri batzuk falta direla edo horietan forma-akatsak daudela ikusiz gero, edo eskabidea balioesteko aurkeztutako agirietan akatsak aurkituz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari hutsegitea konpontzeko edo aginduzko agiriak aurkezteko, eta jakinaraziko zaio hori egiten ez badu haren eskabidean atzera egin duela edo izapidetzeko eskubidea galdu duela ulertuko dela; betiere, aurrez dagokion ebazpena emango da.
14. artikulua.– Diru-laguntzen zenbatekoa.
1.– 700 euroko laguntza bat emango zaio dagokion proiektuan parte hartzen duen gazte bakoitzari, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan hautatutako gazte boluntarioaren egonaldi- eta mantenu-gastuen zati bat ordaintzeko helburuarekin.
Agindu honen harira diru-laguntza jaso dezaketen gastutzat joko dira Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 31. artikuluan esandakoarekin bat datozenak.
2.– Aurreko paragrafoan adierazitakoaren kalterik gabe, deialdi honen baitako erakunde onuradun bakoitzari emandako diru-laguntzek ezingo dute, inolaz ere, 30.000 euroren kopurua gainditu.
3.– Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko– ezinbestekoa izango da amaituta egotea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek emanda dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik izapidetzen ari diren itzulketa- edo zehapen-prozedura guztiak. Diru-laguntza horiek emateko –eta, bidezko denean, ordaintzeko–, halaber, ezinbestekoa izango da halako prozeduretan jasotako diru-laguntzak itzultzea, baldin eta itzulketa-prozeduraren bukaeran hala eskatzen duen ebazpena ematen bada.
15. artikulua.– Diru-laguntzen ordainketa.
Erakunde onuradun bakoitzari emandako diru-laguntzaren edo laguntzen zenbateko osoa bi zatitan ordainduko da:
– Lehenengo ordainketa: zenbateko osoaren % 60, hautatutako pertsona dagokion proiektura iristen den momentuan.
– Bigarren ordainketa: zenbateko osoaren % 40, boluntarioak proiektuan parte hartu duela justifikatzen duen memoria jaso ondoren.
16. artikulua.– Laguntza justifikatzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa.
Garapenerako lankidetzaren erakunde onuradun bakoitzak, hautatutako gaztearen esperientzia amaitu eta, gehienez ere, hilabete batera, egonaldiaren garapenaren memoria bat aurkeztuko du, argazkiekin hornitu daitekeena https://www.euskadi.eus/ egoitza elektronikoko Nire karpeta atalaren bidez.
Fakturak eta bestelako dokumentu frogagarriak aurkeztuko dira aukera dagoenean eta, posible ez balitz, behar bezala justifikatu beharko da memorian.
17. artikulua.– Diru-laguntzen kudeaketa.
Gazteria Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusten diren laguntzak kudeatzeko lanak egitea.
18. artikulua.– Ez-betetzeak.
1.– Honako hauek izango dira ez-betetzeak:
a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.
b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.
c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).
2.– Dirua itzultzeko arrazoitzat hartuko da erakunde onuradunek aginduan aurreikusitako eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako eginbeharrak ez betetzea.
Aipatutako egoera horietako bat gertatu dela egiaztatuz gero, jasotako zenbatekoak eta berandutze-interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere 1/1997 Legegintza Dekretuaren eta 698/1991 Dekretuaren arabera (hurrenez hurren, 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duena; eta 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena).
Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 37.2 artikuluan ezarritakoa jarraituz, itzultzea partziala izan daiteke. Ez-betetzeak mailakatzeko, eta betiere proportzionaltasun-printzipioa kontuan izanik, ezartzen da erakunde onuraduna ez bada boluntarioaren egonaldi osoaz arduratu, justifikatutako kausa bat dela-eta, itzulketa egin beharko dela, edo, hala badagokio, erabili ez den zatiaren ordainketa partziala egin beharko dela eta zati horren kobrantza proportzionala jasotzeko eskubidea galduko dela, betiere proiektuaren helburuen betetzea helburu totalen betetzera hurbiltzen bada (gutxienez % 80), eta erakunde onuradunak zalantzarik gabe egiaztatzen badu konpromisoak betetzeko jokabidea.
19. artikulua.– Diru-laguntzen bateragarritasuna.
Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, aldiz, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren arabera eta otsailaren 25eko 2/2004 Legearen arabera (Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzkoa) eta 2016/679 (EB) Erregelamenduarekin –pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez–, deialdi hau izapidetzean jasotako datu pertsonalak «Boluntario eta Kooperanteen Kudeaketa» fitxategian sartuko dira. Fitxategi horren xedea da diru-laguntzen deialdi hau kudeatzea.
Fitxategi horren organo arduraduna Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Gazteria Zuzendaritza da. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta aurka egiteko eskubidea dute interesdunek. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko dute (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura egingo diren gastu-espedienteak aurrez izapidetzeari buruz Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak emandako 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan aipatzen diren ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2019ko ekitaldiko aurrekontu orokorretan behar besteko ordainketa- eta konpromiso-kreditu egokia egotearen baldintzapean gelditzen da agindu honetan aipatzen diren laguntzen ebazpena.
Bigarrena.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta interesdunek beronen aurkako aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburuari, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hilabeteko epean. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien salan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik bi hilabeteko epean.
Hirugarrena.– Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 7a.
Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua,
BEATRIZ ARTOLAZABAL ALBENIZ.
Eranskina
Eskabidean gehitu beharreko datuak. Eskabidea dagokion formulario elektronikoaren bidez egin behar da
Erakundearen izena, IFK eta helbidea.
Ordezkaria: izen-abizenak, NAN zenbakia, sexua, helbidea.
Abisuak jasotzeko datuak: telefono-zenbakia, helbide elektronikoa.
Jakinarazpenetarako, komunikazioetarako eta abisuetarako hizkuntza: euskara edo gaztelania.
Diru-laguntza jasotzeko aurkezten den proiektuaren izena.
Proiektuaren kokapena, bertara heltzeko aireporturik hurbilena, hautatutako pertsonak proiektuan lan egiten hasteko datak, proiektuan eskaintzen diren profilen kopuru osoa.
Proiektuan parte hartzeko hautatutako pertsonen arduradunaren izen eta abizenak, telefonoa, kontakturako helbide elektronikoa.
Erantzukizunpeko adierazpenak. Erakunde eskatzailea:
– Laguntza edo diru-laguntza eskatu diola administrazio publiko edo erakunde pribatu bati eta eman egin diotela.
– Ez duela zigorrik jaso, ez penalik ez administratiborik, laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea galarazten dionik.
– Ez zaiola legez debekatu laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzea, sexu-bazterkeriagatikoak barne.
– Egunean ditu zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, indarrean dagoen araudian ezarritakoaren arabera.
– Onuradunak laguntza horiek eskuratzeko indarrean dauden arauetan xedatutako baldintzak betetzen ditu.
– Eskabidean eta erantsitako agirietan jasotzen diren datuak egiazkoak direla adierazten du.
– Adierazten du, haurrekin harremana izango duten jarduerak aurreikusiz gero, lan horiek egin behar dituzten langile guztiek erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko dutela, esanez Sexu Delitugileen Erregistro Zentralean ez daudela egiaztatzen duen ziurtagiria dutela. Adingabekoen babes juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluaren 5. paragrafoan ezartzen da betebehar hori. Zehazki, haurrak eta nerabeak zaintzeko sistema aldatu zuen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen ondorioz. Atzerritarren kasuan, haien nazionalitatearen herrialdeko aurrekari penalen ziurtagiria ere aurkeztu beharko dute.
Erantsitako dokumentuak:
a) Eskaera egin duen erakundeari buruzko datuak.
– Estatutuen kopia (baldin eta pertsona juridikoaren ezaugarriak direla-eta egungo araudiaren arabera beharrezkoa balitz) edo, erakunde motaren arabera, eratzeko eskritura.
Pertsona eskatzaileak aurreko atalean aipatutako dokumenturen bat aurretik aurkeztu badu Administrazio honetan, eta indarrean egonez gero, ez da beharrezkoa izango berriz ere aurkeztea. Kasu horretan, Administrazioak ofizioz berretsiko du. Horretarako nahikoa izango da dokumentu horiek zein Zuzendaritza edo Sailetan aurkeztu ziren adieraztea.
– Eskabide-eredua euskadi.eus webguneko egoitza elektronikoan eskuratu ahal izango da:
http://www.euskadi.eus/diru_laguntza/2018/euskadiko-gazteak-lankidetzan-2019/web01-s2enple/eu/
– Erantzukizunpeko adierazpena, egiaztatzen duena erakunde eskatzaileak ez duela diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapenik jaso, ezta horretarako legezko inolako debekurik ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoarekin bat etorrita.
– Helburu berberarekin diru-laguntzak edo laguntzak jaso izanaren ziurtagiria.
– Erakunde eskatzailearen jarraitutasuna, egonkortasuna eta kaudimena frogatzen duen dokumentazioa, gutxienez, garapenerako lankidetzarekiko erakundearen esperientzia azaltzen duena eta erakundeak kudeatutako proiektuak zerrendatzen dituena, proiektu bakoitzaren hasiera eta amaiera data adieraziz.
– Emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko politiken edo jarduketen garapenean erakunde eskatzaileak izandako ibilbidea frogatzen duen dokumentazioa.
– Administrazioak laguntzak eta diru-laguntzak ordaindu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren datu-basean egon behar du erakunde eskatzaileak. Alta emateko edo hirugarren interesdunaren datuak aldatzeko, hirugarrenen erregistro telematikora jo beharko da bide elektronikoa erabiliz; bide hori Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Ekonomia Sailak ematen du, helbide honetanhttps://www.euskadi.net/y22-tresnak/eu/contenidos/informacion/regtelter_infor/eu_rtt/infor_rtt.html
– Eskaera aurkezteak baimena ematen dio organo kudeatzaileari zerga-betekizunak eta Gizarte Segurantzarekiko betekizunak bete direla automatikoki egiaztatzeko, bai eta dokumentu elektronikoak biltzeko ere, bere sare korporatiboen bidez edo datu-bitartekaritzako plataformak edo horretarako prestatutako beste sistema elektroniko batzuk kontsultatuz; baimen hori berariaz ukatzen denean izan ezik. Kasu horretan, onuradunak dagozkion ziurtagiriak eman beharko ditu, Ogasuneko eta Gizarte Segurantzako instantzia administratiboek egindakoak (Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorraren araudiko 22. artikulua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretua).
b) Proiektuari buruzko informazioa:
– Hautatutako boluntarioen parte-hartzea izango duten proiektuen deskribapena, xede-herrialdean duen kokapena eta iristeko aireporturik hurbilena.
– Garapenerako Lankidetzako harrerako erakundearen identifikazioa, diru-laguntza eskatzen duen garapenerako lankidetzaren erakundearekin duen harremana frogatzen duen dokumenturen bat barne.
– Proiektuan parte hartzeko hautatutako gaztearen arduraduna den pertsonaren identifikazioa, helbide elektronikoa eta telefonoa.
– Proiektuaren interes sozialaren justifikazioa.
– Proiektua garatuko den tokian hautatutako gazteak egonaldian zehar izango dituen baldintza materialak.
– Proiektuan genero-ikuspegia integratzea.
c) Profilari buruzko dokumentazioa:
– Boluntarioak egin beharko dituen lanen eta zereginen deskribapena.
– Titulazio akademikoa, prestakuntza profesionala eta beharrezko diren beste ikasketa batzuk.
– Garatu beharreko zereginekin lotuta dauden trebetasun eta gaitasunak.
– Kasuaren arabera, hizkuntza baten edo gehiagoren ezagutza.
– Kasuaren arabera, egin beharreko lanekin zerikusia duen aldez aurreko esperientzia.