EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-30 Aldizkari honetan argitaratua: 2018231

172/2018 DEKRETUA, azaroaren 27koa, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzen duen Dekretua aldatzen duena.

Organo emailea: SEGURTASUN SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201800172
Xedapenaren data: 2018-11-27
Hurrenkenaren zenbakia: 201805896
Maila: Dekretua

Aurreko erreferentziak:
  • 2012/11/15ean argitaratutako 2012/10/16ko 201200202 DEKRETUA aldatzen du

Ertzaintzako kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan arautzen da (202/2012 Dekretua, Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzeko dena).
Dekretu horrek, batetik, Euskal Herriko Poliziari buruzko uztailaren 17ko Legearen 79. artikuluan zerbitzu-egintzari buruz jasotako aurreikuspenak garatzen ditu, eta, bestetik, ondo egindako polizia-lana (ertzaintzako langileen kasuan) edo segurtasun publikoaren zerbitzura egindako lana (hirugarrenen kasuan) goraipatzeko ohorezko sariak emateko araudia jasotzen du.
Araudi horretan, aplikazioaren denbora-eremua definitu zen, merezimenduzko egitateak noiz gertatu ziren kontuan izanda; hau da, dekretu hori indarrean jarri aurreko egitateei lehenago indarrean zegoen araudia aplikatuko zitzaien, hartara eragotzi gabe jasotako dominak edo zorion-adierazpenak araudi berriaren arabera parekatzea, ondorioei dagokienez.
Legezko aurreikuspen horrek, printzipioz, segurtasun juridikoa ematen dion arren araudi batetik besterako igarotzeari, aldi berean, arazoak planteatu ditu 2012aren aurreko eta ondorengo ibilbide profesionalak edo egitate eta jarrera profesional jarraituak edo etenak baloratzeko orduan; izan ere, ez dirudi egokia denik denbora-eten bat ezartzea batzuen eta besteen artean, eta araudi desberdinen mende egotea batzuk eta besteak, eta are gutxiago 2012aren aurreko guztia kontuan ez hartzea.
Bestetik, gerora ikusi da izan zirela jarduketa nabarmenak, bere sasoian aitormenik izan ez zutenak, sasoi hartan indarrean zen araudia ez zegoelako egokituta edo segurtasun publikorako egindako jarduketa haien garrantzia gerora agertu delako. Kasu horietan ere ez dirudi egokiena denik kondekorazioa dagoeneko indargabetuta dagoen araudi baten arabera ematea eta gaur egun fabrikatzen ez diren domina edo bereizgarriak ematea.
Hori dela eta, dekretu honen bidez, urriaren 16ko 202/2012 Dekretuaren araubide iragankorra aldatzen da, dekretu horren aurreko merezimenduzko egitate edo jarduketak gaur egun indarrean den araudiarekin bat etorriz baloratu daitezen, baldin eta gertatu zirenean indarrean zen araudiaren arabera baloratu ez baziren. Horrek ez du esan nahi, jakina, bere sasoian jasotako kondekorazioak eta sariak berriz aztertuko direnik. Horrek ez dauka zentzurik; izan ere, dekretuak berak ezartzen zituen kondekorazio eta sari horien eta dekretuan bertan araututako sarien arteko baliokidetasunak.
Beste alde batetik, aldaketa hau aprobetxatuz, praktikak erakutsi dituen gai batzuk argituko dira, eta, batez ere, gehiago zehaztuko da zer kasutan eman litekeen polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina.
Zorion-adierazpenak emateko prozedura zehatzago arautuko du, eta zorion-adierazpenok ez direla meritutzat joko lanpostuak betetzeko eta barne sustapenerako deialdietan, nahiz eta zorion-adierazpenok aintzat hartu ahal izan polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina emateko.
Hori dela bide, Ertzaintzaren Kontseiluak aldeko txostena eman duenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat etorriz, Segurtasuneko sailburuak proposatuta, eta Gobernu Kontseiluaren 2018ko azaroaren 27ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
Lehenengo artikulua.– Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzen duen urriaren 16ko 202/2012 Dekretuaren 1. artikuluan paragrafo bat eransten da. Honela idatzita egongo da:
«Dekretu honetan jasotako erregulazioa, Ertzaintzako karrerako funtzionarioei ez ezik, funtzionario izaera galdu dutenei ere aplikatuko zaie, bai eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako prestakuntza-ikastaroa gainditu duten praktiketako funtzionarioei ere, baldin eta bi kasuetan jarduketa edo egitate horiek Ertzaintzan lanean diharduten bitartean egindakoak badira.»
Bigarren artikulua.– Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzen duen urriaren 16ko 202/2012 Dekretuaren 8.1 artikuluaren bigarren paragrafoa aldatzen da; honela geratzen da idatzita:
«Bestetik, domina hori jasotzeko eskubidea izango dute ezohiko polizia-jarduerek, baldin eta beren izaeragatik, hain meritu handikoak izanda, goi-mailako aitorpena merezi badute. Horretarako, funtzionarioak bere bizitza arriskuan jarri behar izan du, egiaz.»
Hirugarren artikulua.– Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzen duen urriaren 16ko 202/2012 Dekretuaren 8.2 artikulua ezabatzen da.
Laugarren artikulua.– Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzen duen urriaren 16ko 202/2012 Dekretuaren 9.1 artikulua aldatzen da; honela geratzen da idatzita:
«1.– Polizia-lanarengatiko bereizgarri berdedun domina Segurtasun Sailburuordetzako titularrak eman ahalko du egitate garrantzitsuak edo ezohiko polizia-jarduerak burutzen direnean, baldin eta beren izaeragatik, hain meritu handikoak izanda, goi-mailako aitorpena merezi badute. Dena den, ez da nahitaezkoa funtzionarioaren bizitzarako arriskugarriak izatea (aurreko paragrafoaren zentzuan) edo ez dute zertan zerbitzu-egintzaren deklarazioa merezi.»
Bosgarren artikulua.– Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzen duen urriaren 16ko 202/2012 Dekretuaren 10. artikulua aldatzen da; honela geratzen da idatzita:
«10. artikulua.– Polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina.
1.– Kasu hauetan, polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina Segurtasun Sailburuordetzako titularrak eman ahalko du aparteko meritutzat jo daitezkeen jokabide eredugarriak saritzeko:
a) Zailtasun edo garrantzi handiko zerbitzuetan, operatiboetan edo jarduketetan izandako parte-hartze arrakastatsua, berorietan lanbide arloko edo gizalegezko dohainak erakutsi badira.
b) Bere lan-ibilbidean maiz eta era nabarian nabarmentzea polizia-eginkizunak betetzeko lanetan.
c) Kidegoaren ospea hobetzeko edo zerbitzuan erabilgarriak diren lanbide edo zientzia arloko lan edo azterketa bikainak egin izana, betiere ezohikoak badira.
2.– Domina jaso izana meritutzat joko da lanpostuak betetzeko eta barne-sustapeneko deialdietan, indarrean dagoen araudian eta deialdien oinarrietan ezarritakoaren arabera.»
Seigarren artikulua.– Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzen duen urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan artikulu berri bat eransten da: 10 bis artikulua. Honela idatzita egongo da:
«10 bis artikulua.– Zorion-adierazpenak.
1.– Unitateburuek edo haien nagusi hierarkikoek idatziz eta formalki zoriondu ahal izango dituzte beren ardurapean daudenek egindako merezimenduzko jarduketak, baldin eta merezimenduzkoak izanik domina ematea merezi ez badute. Zoriontze hori haren kabuz egin daiteke edo unitateko lankideek edo menpekoek arrazoitutako mozio bat dela eta.
2.– Horretarako, zorion-adierazpena eman baino lehenago, zorion-adierazpena egin duenaren nagusi hierarkikoaren oniritzia eta bere unitateko kideen jokabide profesionala aztertzeaz arduratzen den Ertzaintzako unitatearen aldeko txostena izan beharko dira.
3.– Zorion-adierazpena idazki arrazoitu bidez egin beharko da, eta banan-banan bidaliko zaio zoriondutako bakoitzari, eta langilearen espedientean jasoko da.
4.– Zorion-adierazpena jasotzea ez da meritutzat hartuko lanpostuak betetzeko eta barne-sustapeneko deialdietan.
Dena den, xedapen honetan ezarritako prozeduraren arabera langilearen espedientean zenbait zorion-adierazpen formal behin baino gehiagotan jasoz gero, zorion-adierazpen horiek aintzat hartu ahal izango dira polizia-lanarengatiko bereizgarri zuridun domina emateko, dekretu honen 10.1 artikuluaren b) letra aplikatuta. Bereziki hartuko dira kontuan burutza desberdinek eman badituzte edo zorion-adierazpena jaso duenaren unitateko lankideek edo menpekoek arrazoitutako mozioen ondoriozkoak badira.»
Zazpigarren artikulua.– Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzen duen urriaren 16ko 202/2012 Dekretuaren 14. artikulua aldatzen da; honela geratzen da idatzita:
14. artikulua.– Ertzaintzako langileei emandako kondekorazioen eta sarien erregistroa.
1.– Dekretu honetan araututako kondekorazioak eta ohorezko sariak, Ertzaintzako langileei dagozkienak, langileen erregistro-liburuaren atal batean jasoko dira. Erregistro horretaz Segurtasun Saileko Giza Baliabideen Zuzendaritza arduratuko da. Atal horrek Ertzaintzako langileentzat arautzen diren kondekorazioak eta ohorezko sariak adina atal izango ditu.
2.– Funtzionarioaren espediente pertsonalean kondekorazioak eta ohorezko sariak idatziko dira, bai eta 10 bis artikuluaren arabera emandako zorion-adierazpenak ere.
Zortzigarren artikulua.– Beste era batera idatzita geratuko da Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzen duen urriaren 16ko 202/2012 Dekretuaren bigarren xedapen iragankorreko 1. paragrafoa:
«1.– Kondekorazioak eta sariak, dekretu hau indarrean jarri aurretik emandakoak badira, kondekorazio eta sari horiek emateko oinarri izan zen araudiaren mende egongo dira, hartara eragotzi gabe hurrengo paragrafoetan xedatutakoa.»
Bederatzigarren artikulua.– Ertzaintzako zerbitzu-egintzaren deklarazioa eta kondekorazioen eta ohorezko sarien erregimena arautzen duen urriaren 16ko 202/2012 Dekretuan xedapen iragankor berri bat eransten da, hirugarrena:
«Hirugarrena.– Dekretu hau indarrean jarri aurretik izandako merezimenduzko jarduketak dekretu honetan jasotako polizia-lanarengatiko dominak emateko baloratu ahal izango dira, baldin eta gertatu zirenean indarrean zen araudiaren arabera haien egileak kondekoratuak edo sarituak izan ez baziren haiengatik.»
XEDAPEN IRAGANKORRA
Ez dira izapidetuko, ez eta langilearen espedientean idatziko ere, dekretu hau indarrean jarri baino lehenagoko egintzak direla-eta burutzak emandako zorion-adierazpenak, hartara eragotzi gabe urriaren 16ko 202/2012 Dekretua indarrean jartzen den egunetik aurrera langilearen espedientean idatzita daudenak.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe geratzen dira dekretu honetan zehaztutakoaren kontra doazen maila bereko edo txikiagoko bestelako xedapenak ere.
AZKEN XEDAPENA
Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko azaroaren 27an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Segurtasuneko sailburua,
ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.