EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2018230

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, zeinaren bidez ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena formulatzen baita honako proiektu honi dagokiona: Arraia-Maeztuko udal barrutiko Laminoriako frontean dagoen eta 1.893 zenbakiko ustiaketa-emakida duen «Mina Esther» 1. zatikia meatze-ustiategia handitzeko proiektua.

Xedapenaren data: 2018-11-05
Hurrenkenaren zenbakia: 201805873
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2013/07/15ean argitaratutako 2013/06/29ko EBAZPENA [201303213]

AURREKARIAK
Ingurumen-ebaluazioaren irismena Eusko Jaurlaritzako orduko Ingurumen Plangintza, Ebaluazio eta Kontroleko Zuzendaritzako Zerbitzu Teknikoen 2007ko ekainaren 8ko txostenaren bidez ezarri zen (Honako proiektu honen ingurumen-inpaktuari buruzko azterlanean aintzat hartu beharreko alderdi esanguratsuei buruzko txostena: Arraia-M, Iruraiz-Gaunan, Alegria-Dulantzin, Elburgo-Burgelon, San Millán-Donemillagan eta Entziako Partzuergoan Eusebio Echave SAk sustatutako Esther 1. zatikia ustiaketa-emakidaren ustiategi proiektua).
Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariaren 2013ko ekainaren 29ko Ebazpenaren bitartez, jendaurreko informazio pean jarri zen, hogeita hamar egun balioduneko aldi batez, Arraia-Maeztuko udal barrutian, Laminoriako frontean kokatuta egonik, Eusebio Echave SAk sustatzen duen eta 1.893 zenbakiko ustiaketa-emakida duen «Mina Esther» 1. Zatikia meatze-ustiategia handitzeko proiektua, ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 36. artikuluan xedatua betetzeko; aipatu iragarkia 2013ko uztailaren 15eko 134 zenbakiko EHAAn argitaratu zen.
Aldi berean, aipatutako legearen 37. artikuluan xedatua aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak kontsultak egin zizkien eraginpeko administrazio publikoei eta pertsona interesdunei hainbat datatan: 2013ko uztailaren 24an, 2015eko martxoaren 25ean, 2015eko abenduaren 11n eta 2016ko ekainaren 8an.
Organo substantiboak adierazi du behin jendaurreko informazio aldia eta entzunaldia amaitu direnean, hainbat alegazio eta txosten jaso izan direla, barnean eduki desberdinak dituztenak, eta sustatzaileak alegazio eta txosten horiek kontuan izan dituela ingurumen-inpaktuaren azterketaren behin betiko bertsioa idazteko orduan.
2018ko uztailaren 9ko datarekin, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa hasteko eskabidea osatu zuen Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzaren aurrean, honako hau zelarik ebaluazio-xede: Arraia-Maeztuko udal barrutian, Laminoriako frontean kokatuta egonik, Eusebio Echave SAk sustatzen duen eta 1.893 zenbakiko ustiaketa-emakida duen «Mina Esther» 1. zatikia meatze-ustiategia handitzeko proiektua, Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeko 39. artikuluan xedatuaren arabera.
Eskabidean, dokumentazio hau aurkeztu da:
– Ustiaketa-proiektuaren agiri teknikoa.
– Ingurumen-inpaktuaren azterlan bategina, 2018ko apirilaren 11n amaitutakoa.
– Jendaurreko informazioaren izapideko emaitzak deskribatzen dituzten dokumentuak.
– Eraginpeko administrazio publikoei eta interesdunei egindako kontsulta-izapidearen emaitzak deskribatzen dituzten dokumentuak.
2018ko urriaren 15eko datarekin, Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzak, 2017ko ekainaren 22ko data duen Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Kilima Aldaketako Zuzendaritzaren txosten bat gehitu du ofizioz eta Zuzemen bidez espedientera.
ZUZENBIDE-OINARRIAK
Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren helburua da ingurumenean ondorio adierazgarriak izan ditzaketen plan, programa eta proiektuen ingurumen-ebaluazioa arautu behar duten oinarriak ezartzea. Eta, horrenbestez, ingurumenaren babes-maila handia bermatzen du lege horrek, garapen jasangarria sustatzea helburu hartuta.
Era berean, Euskal Herriko ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 42. artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren ebaluazioek era egokian bermatuko dute, besteak beste, plangintza-prozesuaren lehen faseetan egingo dela ingurumenaren gaineko eraginen analisia, betiere, aukerarik egokienak hautatzeko asmoz, eta aintzat hartuta hor gauzatuko diren jardueren metatze- eta sinergia-ondorioak.
Abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.1 artikuluaren c) letrak ezarritakoaren ondorioetarako, ingurumen-inpaktuaren ohiko ebaluazioa bete behar dute I. eranskinean edo II. eranskinean adierazitako proiektu baten ezaugarrien edozein aldaketek, baldin eta aldaketa horrek berez betetzen baditu I. eranskinean ezarritako atalaseak.
Halaber, abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 35. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoa aplikatzeko, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak, organo substantibo gisa, proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazio-prozedura arrunta egiteko beharrezkoa dena xedatu du. Horretarako, ingurumen-inpaktuaren azterlan bat gehitu du espedientean, kontsulta publikoak egin ditu eta eraginpeko administrazio publikoek eta pertsona interesdunek prozeduran parte hartu dute.
Proiektuaren ingurumen-ebaluazioaren espedienteko dokumentazio teknikoa eta txostenak aztertuta, eta ikusirik hasierako ingurumen-inpaktuaren azterketa zuzena dela eta indarrean dagoen araudian ezarritako alderdien araberakoa dela, irismen-dokumentuan jasotako baldintzak barne, Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Administrazioaren Zuzendaritzak ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau ematen du; bertan, planaren proposamenean ingurumen-arloko alderdiak sartzearen alde egiten da, eta plana aplikatzearen ondorio adierazgarrien aipamena jasotzen da, baita sartu beharreko azken oharrak ere, soilik ingurumen arlokoak. Aipatutako Zuzendaritza hori da eskumena duen organoa Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren arabera, eta baita Ingurumen, Lurralde Antolamendu eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretuaren arabera ere.
Egindako ingurumen-ebaluazioaren alderdi garrantzizkoenak, lehenik eta behin, honetan zentratzen dira: proiektuaren eraginpean dauden ekosistemen izadi- eta paisaia-balio altuak aitortzea, baso-masa zabalak, pagadiak eta erkameztiak, nabarmentzen direla, Europar Batasunaren intereseko habitatak eratzen dituzten neurrian, habitat naturalak eta basoko fauna eta flora zaintzeari buruzko martxoaren 21eko 92/43/EEE Zuzentarauarekin bat eginez. Kaltetuak gertatzen diren ingurumen-balioak oneratzeko beharrezkoa izango da neurri zuzentzaile intentsiboak aplikatzea eta, eremuko sistema ekologikoen heldutasuna kontuan harturik, garapen- eta segimendu-aldi luzea beharko da. Kontuan hartu da, era berean, antzeko esperientzien urritasuna eta, batez ere, epe luzerako emaitza sinesgarririk ez egotea, eta egoera horrek ziurgabetasun maila handia sortarazten du basoak lehengoratzearen azken emaitzaren inguruan. Horrek guztiak bide eman du aitor dadin hondar-inpaktu garrantzitsuak egongo direla ustiaketaren ostean, baita neurri zuzentzaile intentsiboak aplikatu ondorenean ere; eta beraz, guztiz beharrezkoa iritzi izan zaio salbuespenezko eta konpentsazio izaerako neurri intentsiboak ezartzeari.
Bestalde, proiektuaren sustatzaileak egindako proposamenean, landare-lur bolumen handi bat erabiltzea planteatzen da, eraginpeko espazioen birlandaketak arrakasta seguruagoa izan dezan, aurrez aipatu izan diren ingurumen-balioak lehengoratzeko lagungarri izan dadin eta esandako helburua lortzeko epeak ahalik eta gehien murriztu daitezen. Ildo horretan, kontuan eduki behar da landare-lurra ondasun urria dela, eta beste eremu batzuetatik kendu beharko dela proiektuaren esparruan erabiltzeko. Arrazoi horregatik eta ustiaketak iraungo duen denbora luzea dela eta, komenigarria ikusten da, etorkizunera begira, teknozoru motako material artifizialen erabilera alternatiboak aztertzea, beste eremu batzuetatik landare-lurra erauztetik eratorritako albo-inpaktua arintzen eta, beharbada, fundizio-industrietatik datozen hondakinak balorizatzen ere lagun dezaten, horiexek baitira, hain zuzen ere, harrobitik erauzten diren produktuen kontsumitzaile nagusiak.
Horrenbestez, zenbait xedapen aztertuta –Euskal Herriko Ingurugiroa Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legea; Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 11ko 77/2017 Dekretua; Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta aplikatzekoak diren gainerako arauak–, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenik.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena formulatzea, aldeko izaerarekin, honako proiektu honi buruz: Arraia-Maeztuko udal barrutiako Laminoriako frontean dagoen 1.893 zenbakiko ustiaketa-emakida duen «Mina Esther» 1. zatikia meatze-ustiategia handitzeko proiektua, Eusebio Echave SAk sustatua.
Proiektuak lehendik abian dagoen meatze-ustiategia handitzea aurreikusten du eta Arraia-Maeztu udal barrutiko 172,2 hektareako azalerari eragiten dio. Meatze-ustiategiaren esparruak, guztira, 314 hektareako azalera hartzen du.
Proiektuaren xedea silize-hareak eta kare-haitz zuriak erauztea da. Bi materialak merkatuan saltzen dira, bata laguntzarako lehengai gisa erabiltzeko fundizioan eta beiragintzan (silize-hareak), eta bestea zama zuri modura eta zementutarako (kare-haitz zuriak). Gainera, ustiategian, gainazaleko kare-haitz beixaren parte bat ere erauzten da, azpiproduktu modura, zeina eraikuntzarako agregatu gisa merkaturatzen baita.
Silize-hareen frontea eta kare-haitz zuriena zein bere aldetik garatuko dira, ustiategiaren esparruan betiere. Bi fronteetan ustiaketa aire zabalean egingo da, goitik beherako terrazetan eta transferentziako meatzaritza-teknikekin; esterilak garraiatuko dira ustiaketak aurrera egin ahala sortzen diren hutsuneak bete eta lehengoratzeko.
Erauzitako materialak tratatu eta biltegiratu egingo dira merkatura atera aurretik, eta eragiketa horiek lehendik dauden onura-instalazioetan gauzatuko dira. Ondorioz, instalazio horien funtzionamendua ere ingurumen-ebaluazio honen helburua da, bai eta ustiaketaren eraginpeko espazioak lehengoratzea ere. Aitzitik, ez dira ebaluazio honen xede aipatutako instalazio horien eraikuntza eta muntaketa, berorien kontrola aldez aurreko baimen substantiboaren markoan barneratuta geratu baitzen.
Laburbildurik, ondoren aipatzen diren jarduera hauetan zentratuko da esku artean dugu ebaluazio hau:
– Terrenoa prestatzea, landaredia eta sasiak garbitzea, landare-lurra kendu eta pilatzea eta bideak eta pistak irekitzea barne direla.
– Mea erauztea, leherketak, aldi baterako mea pilaketak, material bigunak (buztinak) bereiztea, eta, bitarteko mekanikoen bitartez, harea erauztea eta harrotzea barne direla.
– Mea tratatzea eta biltegiratzea.
– Ustiaketa bertan behera uztea, izandako jarduerek kaltetutako espazioen lehengoratzea barne dela.
– Laguntza-jarduerak, hala nola makineriaren mantentze-lanak eta erregaien biltegiratzea.
Mearen erauzketari dagokionez, komeni da bereiztea silize-hareen erauzketa eta kare-haitz zuriena:
– Silize-hareen erauzketa:
Aurreikusitako metodoa transferentziarena da; ustiaketa hainbat barrutitan banatuko da, eta horrek ustiatzearekin batera lehengoratzea ahalbidetuko du. Horrela, barruti horietako bakoitza hiru tartetan zatituko da, bata prestakuntzan dagoena, bestea erauzketan eta hirugarrena lehengoratze-fasean.
Ustiaketako fronteen aurrerakada hego/hego-mendebaldera egingo da; lehenengo barrutietan ipar-mendebalde/hego-ekialde norabidean, eta ekialde/mendebalde norabidera biratuko da azkenekoetan. Harrobiko plazak hondarren inklinazioaren araberako makurdura izango du, 12-13.º ingurukoa, hego/hego-ekialdera.
Terrazen kopurua 3 eta 5 artekoa izango da, eta gutxi gorabehera urte eta erdiko produkziorako nahikoa harea geratuko da agerian.
Gainazaleko konglomeratu eta kare-haitz erauzketa leherketa bidez egiten da, buztinak bereizten dira eta hareak harrotu egiten dira aurre-leherketa bitartez, atzerako hondeamakinaz erauzi aurretik.
Jarduketa-eremua, guztira, 136,5 hektareakoa da.
Guztira, honako bolumen hauek ateratzea planteatzen da: 10.916.534 m
Ustiaketaren bizitza erabilgarria 17 urte pasatxokoa izango dela kalkulatzen da. Ustiategiaren garapena 4 fasetan zatitu da; fase bakoitza ustiategiaren 5 urteko garapenari dagokio, azkeneko fasea izan ezik, zeinak urte eta erdiko iraupena izango baitu.
– Kare-haitz zurien erauzketa:
Aurreikusitako metodoa transferentziarena da, hainbat fronteren bitartez, haietako bakoitza bi fasetan banatzen dela: prestakuntzakoa eta erauzketakoa. Lehengoratze-lanak, berriz, behin erauzketakoak amaitu direnean eramango dira aurrera.
Ustiaketa-fronteen aurrerakada ipar/ekialdera egingo da; lehenengo urteetan ipar-mendebalde/hego-ekialde norabidean, gero ipar/ekialde norabidean amaitzeko. Harrobiko plazak kare-haitzen inklinazioaren araberako makurdura izango du, 10 º ingurukoa.
Gainazalaren eta kare-haitz zurien erauzketa zulaketen eta leherketen bitartez egiten da.
Jarduketa-eremua, guztira, 5 hektareakoa da.
Guztira, honako bolumen hauek ateratzea planteatzen da: 284.000 m
Ustiaketaren bizitza erabilgarria 17 urte pasatxokoa izango dela kalkulatzen da. Ustiategiaren garapena 4 fasetan zatitu da; fase bakoitza ustiategiaren 5 urteko garapenari dagokio, azkeneko fasea izan ezik, zeinak urte eta zazpi hilabeteko iraupena izango baitu.
Perimetrora iristeko beharrezkoak diren azpiegiturak, zamaketarako eta garraiorako bideak eta pistak ustiategiaren perimetroaren barruan daude.
Silize-hareak eta kare-haitz zuriak tratatzeko beharrezkoak diren onura-instalazioak lehendik daudenak dira, erauzitako materiala tratatzeko prozesuak, laburbildurik, hauek dira:
– Silize-hareen tratamendua:
– Harea eskegitzea eta tratamenduko plantara lekualdatzea kanal gomaztatu bidez.
– Siloan zurrunbilotzea 0,06 mm baino gutxiagoko granulometria duten materialak bereizteko; gero, tankeetan lodituko dira buztin-taloak lortzeko, eta azken horiek lehengoratze-prozesuan erabiliko dira erauzitako esterilekin batera.
– Gainerako materiala (0,06tik 6 mm arteko granulometriakoa) sailkatze-dorreetara pasatuko da, non kalitate desberdinetako hareak bereiziko diren.
– Nabe itxi batean instalatutako labe birakari batean lehortzea.
Behar den ura zirkuitu itxian erabiltzen da; ez da ezein kasutan beste erreaktibo edo gai toxiko edo kutsatzailerik erabiliko. Hareen tratamendu-prozesua amaitzetik datorren ura, zirkuitura itzuli aurretik, lohiak argitzeko eta deshidratatzeko instalazio batean tratatzen da. Lohi deshidratatu horiek lehengoratze-prozesuan erabiliko dira.
– Kare-haitzen tratamendua agregatutarako:
– Lehen birrintze-fasea, errefusa bahe bitartez kentzen dela.
– Bigarren-hirugarren birrintze-fasea; zatikien tamaina gero eta murritzagoa da. Material horiek, gero, tamainaren arabera sailkatuko dira, hainbat bahe mekanikoren bitartez, eta erabilera bakoitzerako granulometria egokiak lortuko dira: hartxintxarrak eta agregakinak obra publikoetarako, hormigoi eta morterotarako agregakinak, etab.
– Noizbehinka, kare-haitzak urez garbitzen dira. Behar den ura zirkuitu itxian erabiltzen da. Erabili ondoren, kare-haitz lohiak dekantatzeko baltsara eramango da, eta handik berriro erabiltzeko hartuko da.
– Noizbehinka, halaber, agregakina gasoliozko labe birakari batean lehortzen da.
– Amaitutako produktuak garraio-uhalen bitartez metatzen dira, aire zabalean, produktu finenak izan ezik, horiek nabe estalietan eta metalezko siloetan biltegiratuko baitira.
Prozesu desberdinetan sortuko diren material esterilak hainbat motatakoak izango dira: kare-haitzetatik datozen materialak, gainazaleko materialetako harkaitz zatiak; buztinak; lohiak argitzeko eta deshidratatzeko instalaziotik datozen lohi deshidratatuzko taloak. Aipatutako material horiek ustiaketa-fronteetako lehengoratze-lanetarako erabiltzea aurreikusi da; beraz, ez da kanpoko zakartegirik sortuko.
Ustiaketa-jarduerarako beharrezkoa da ura ekartzea pistak ureztatzeko, gurpilak garbitzeko, komunetarako, instalazioetan hautsaren kontrako tratamendurako eta silize-hareen tratamendurako. Behar den ur hori lortzeko, ustiategiak bi ur-emakida ditu eta berorien bolumen baimendua baltsa bidez eta zirkuitu itxiko birziklatze-sistemen bitartez erregulatuko da; birziklatze-sistema horren barruan daude lohiak loditzeko instalazioa eta bi prentsa-iragazki. Emakidatik datozen ur-kontsumoak xede hauetarako erabiliko dira: erregulazio-baltsetan lurruntzearen ondoriozko galerak osatzeko, instalazioetan hautsaren kontrako tratamenduak egiteko, harea-lehortegirako, prentsa-iragazkiko talo finetako hezetasun-edukirako, saldutako azken produktuan garraiatzen den hezetasunerako, pistak ureztatzeko eta komunetako kontsumorako.
Ustiategian erabiliko diren energia-baliabideak hurrengo hauek dira: energia elektrikoa argi egiteko, onura-instalazioetarako eta lohiak argitu eta deshidratatzeko instalaziorako (4.808.976 kWh-ko kontsumo estimatua) eta erregaia (gasolioa eta fuela) barne-garraioko ibilgailuetarako eta lehortze-labeetarako (urtean 316.000 litroko kontsumo estimatua).
Hainbat baltsa ere badaude ustiategian eta berorien egitekoa ur bolumen bat atxikitzea da, hareen tratamenduko plantan erabiltzeko eta, noizik edo behin, kare-haitz esterilen garbiketarako. Sistema horrek zirkuitu itxian funtzionatzen du; beraz, hareen sailkapen hezea egitean (hidrosailkatzaileak) erabilitako uraren parterik handiena dekantatu egiten da eta zirkuitura itzultzen da gero.
Harrobiaren ipar parteko –erdia, gutxi gorabehera– jariatze-urak kare-haitzezko agregakinen dekantazio-baltsara biltzen dira, erreten perimetral baten bidez. Harrobiaren hego parteko –beste erdia– jariatze-urak ere erreten perimetral baten bitartez biltzen dira 1 zenbakiko segurtasun-baltsara, non solidoak dekantatu eta ur garbiak berreskuratzen baitira.
Ustiaketa amaitzean, eraikitzen diren baltsetako bi dauden-daudenean uztea aurreikusten da, jariatze-uren dekantazio funtzioa bete dezaten eta, modu horretan, errekak babesten lagun dezaten. Aldi berean, baltsa horiek –ustiategiaren ekialdean kokatuko da bata, eta mendebaldean bestea– hezegune artifizialen funtzioa ere beteko dute.
Harrobiko langileek erabiltzen dituzten komun eta dutxetatik datozen hondakin-urak bi putzu septikotara bilduko dira; bata kare-haitzen tratamendurako plantetatik hurbil egongo da kokatuta eta bestea, berriz, silize-hareen tratamendurako plantatik gertu.
Instalazioetatik datozen hondakin-urak isurtzen diren puntu bakarra 5 zenbakiko segurtasun-baltsaren gainezkako isurbidean kokatuko da.
Bigarren.– Ondorengo baldintza hauek ezartzea Arraia-Maeztuko 1.893 zenbakiko ustiaketa-emakida duen «Mina Esther» 1. Zatikia ustiategia handitzeko. Baldintza horiek lotesleak izango dira, EAEko ingurugiroa babesten duen otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.2 artikuluan xedatutakoaren arabera.
A.– Proiektua espedienteko agiri teknikoen (ustiaketa-proiektua, lehengoratze-plana eta ingurumen-inpaktuaren azterketa) arabera garatuko da eta, nolanahi ere, Ebazpen honetan zehazten direnak bete beharko dira. Proiektua garatzeko baldintzak bat etorriko dira indarrean dagoen araudiarekin ez ezik, hurrengo apartatu hauetan ezarritakoarekin ere, eta, aurrekoari aurka egiten ez dioten neurrian, bat egingo dute, orobat, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren Arabako Lurralde Ordezkaritzak Ingurumeneko Sailburuordetza honen aurrean aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten denarekin.
B.– Proiektua aldatzen edo zabaltzen bada, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutako aldaketa-araubidea aplikatuko zaio.
Sortzen diren proiektuko aldaketa puntualak ingurumenaren ikuspuntutik ere justifikatu beharko dira, nahiz eta aurreko paragrafoan aintzat hartu direnen mailara ez diren iritsiko. Babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurrien multzoan, ingurumena zaintzeko programan eta aurrekontuan jaso beharko dira proiektuari egingo zaizkion aldaketak.
C.– Babesteko, zuzentzeko eta konpentsatzeko neurriak.
Ondorengo apartatuetan ezartzen dira proiektua egikaritzen den bitartean eta amaitu ostean aplikatu beharreko babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak; aipatu neurriok sustatzaileak proposatutakoak osatzera eta, kasua hala denean, ordeztera datoz.
Neurri horien izariak eta kontrolerako izendatutako langileek bermatu beharko dituzte ingurumen-inpaktuaren azterketan markatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan finkatzen direnak.
Neurri horiek guztiek dagokien aurrekontu-zuzkidura izan beharko dute, egiaz gauzatuko direla bermatuta egon dadin.
C.1.– Proiektuaren esparrua.
Jardueraren gehieneko eragin-esparrua bat etorriko da sustatzaileak proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozeduran aurkeztutako dokumentazioan aurreikusten diren mugekin. Ezin izango zaie inolaz ere eragin ustiaketa-proiektuan aipatutako eraginpeko mugetatik kanpo dauden guneei, ez zuloen irekierarengatik edo ez pista berrien, sarbideen, zabortegien edo erauzketako bestelako jarduera lagungarrien beharrengatik. Halaber, ustiaketa-proiektuan markatutako eraginpeko mugak indarrean dauden Arraia-Maeztuko arau subsidiarioetan Z-8: Erauzketa-lurzorua edo harrobitarako eremua deituaren barruan egon beharko dira.
C.2.– Natura-ondarea babesteko neurriak.
Erreferentziako proiektua S9-Gasteiz Ekialdeko Mendiak izeneko lotura-gunean kokatuta dago, eta eremu hori funtsezkoa da Izkiko Kontserbazio Bereziko Eremu (KBE) eta Hegaztientzako Babes Bereziko Eremuaren (HBBE) (ES2110019 kodea) eta Entziako KBEren (ES2110022 kodea) arteko konektibitatea ziurtatzeko. Gainera, ustiaketa-proiektuak muga egiten du R7-Gasteizko Mendi Altuak Entzia lotura-korridorearekin. Halaber, ustiaketa-proiektuaren barruan sartzen dira Ega-Berron ibaiaren KBEra (ES2110020 kodea) urak husten dituzten zenbait goi-arro. Espazio horietako ingurumen-balioak behar bezala babesteko xedez eta Arabako Lurralde Historikoko mendiei buruzko martxoaren 26ko 11/2007 Foru Arauan xedatutakoa aplikatzearen kaltetan izan gabe, honako neurri hauek aplikatuko dira:
C.2.1.– Erauzte-jarduerak zuzenean eragingo ez dien Europar Batasunaren intereseko habitatei dagokienez, muturreko aurre-neurriak hartu beharko dira proiektua garatzeko behar-beharrezkoa den baino azalera handiagoari ez eragiteko. Helburu horretarako, aipatutako eremuak zehatz-mehatz mugatu eta balizatu eta neurriak hartu beharko dira zuhaiztietan kalterik ez eragiteko eta behar-beharrezkoa ez den zuhaitzik ipurditik ez botatzeko; jardueratik hurbilen dauden oinak eta beraz, makinek kolpatu ditzaketenak babesteko beharrezkoak diren babes guztiak egikarituko dira.
C.2.2.– Ustiategian abian dauden barrutietan soilik garbituko da landaredia, eta zuhaitzak ezabatu behar direnean motozerra erabiliko da.
C.2.3.– Terrenoa prestatu aurreko lanei ekin aurretik, sustatzaileak azterlan bat egin beharko du gorosti landare bakanen presentzia identifikatzeko, haiek birlandatzeko modua egin dadin Arabako Foru Aldundiko Mendi Zerbitzuaren zuzendaritzapean.
C.2.4.– Eremuko fauna-espezieak babesteko xedearekin, lurren mugimenduak eta erauzketa-fronteetako terrenoa prestatzeko beharrezkoak diren gainerako ekintzak jarduera biologikoa txikiena den aroan (neguan) eramango dira aurrera eta, batez ere, udaberrian ez da halako lanik egingo. Era berean, azaroaren 7ko 322/2003 Foru Aginduan –Arabako Lurralde Historikoan bisoi europarra Mustela lutreola, Kudeatzeko Plana onartzen da berorretan–, eta urriaren 27ko 880/2004 Foru Aginduan –Igaraba Lutra lutra (Linnaeus, 1758) Kudeatzeko Plana onartzen du aipatutako aginduak– jasota dauden neurri espezifikoak jarraitu beharko dira.
C.3. Urak eta lurzoruak babesteko neurriak.
Urari buruzko legerian xedatutakoa eta arroan eskumena duen erakundeak jabari publiko hidraulikoaren eta bere zortasunen gaineko jarduketei buruz eta hondakin-urak ibilgura isurtzeari dagokionez ezarritako baldintzak betetzearen kaltetan izan gabe, ondorengo neurri hauek aplikatuko dira:
C.3.1.– Proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko espedientean jasota dagoen dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera, ustiategian sortzen diren jariatze-urak drainatzeko sare bat atonduko da ustiaketa-hutsuneko jariatze-ur guztiak biltzeko xedearekin, harrobiko instalazioek okupatzen duten eremuko urak barne direla, bai eta ustiategiko pista-sisteman sortutakoak ere. Aipatutako drainatze-sarearen azken elementua dekantazio-putzuz osatutako sistema bat izango da. Egoki diren kalkulu hidraulikoak egingo dira solidoak ondo atxikiko direla bermatzeko, eta isuria leku jakin batean eta uraren parametro fisiko eta kimikoei buruz indarrean dauden arauetan xedatutakoa betez egingo dela bermatzeko. Perraran errekaren isurialdeko urak biltzeko xedearekin eraikiko den dekantazio-baltsa endorreiko berriak ez du azken isuririk izango ezein ibilgutara.
Edonola ere, drainatze-sarea eta berorren azken elementuak proiektuaren garapeneko elkarren segidako faseetan zehar ustiategia hartzen joango den konfigurazio desberdinetara egokitu beharko dira, uneoro bermatuta egon beharko delarik ustiapen eremuan sortuko diren jariatze-uren bilketa, solidoen atxikitze egokia eta isurketa lokalizatua eta indarrean dagoen araudiaren araberakoa.
C.3.2.– Dekantazio-putzuen sistemaren mantentze- eta garbitze-lanak egin beharko dira aldizka, funtzionamendua optimoa izan dadin eta, horrela, uraren kalitatearen inguruko araudia bermatuta egon dadin. Beraz, tratamendu-sistemaren errendimendua optimoa izateko xedez, pilatutako lohiak atera egin beharko dira maiztasun jakin baten arabera. Lohi horiek hondakinen kudeaketari dagozkion neurrien apartatuan aurreikusitakoaren arabera kudeatuko dira.
C.3.3.– Funtzionamendu-egoera onean mantenduko dira beti jariatze-sareak; hala, ez da inolako oztoporik ezarriko, ez material metaketarik egingo edo potentzialki kutsakorra izan daitekeen elementurik ipiniko euri-urak joaten diren gune eta bideetan, eta ahalegin guztia egingo da lurrazaleko eta lurpeko uren zirkulazio askea ez oztopatzeko.
C.3.4.– Komun eta dutxetatik datozen hondakin-urak bi putzu septikotara biltzen dira; tratamendu-sistemaren errendimendu optimoa bermatzeko putzu horiek erregulartasunez garbitu beharko dira, uneoro behar bezainbateko edukiera manten dezaten.
C.3.5.– Jabari publiko hidraulikoan eta haren polizia-eremuan eragina duten proiektuaren jarduketak uraren arloan indarrean dagoen legerian aurreikusitako babes-araubidearen pean egongo dira eta, kasua hala bada, dagokion arroko organismoaren baimenean ezartzen diren neurriak bete beharko dira.
C.3.6.– Sortzen diren efluenteen isuriek arroko organismoak ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.
C.3.7.– Obrako makina-parketarako erabiliko den azalera eta berorren mantentze-lanetarako eremua isolatuko egingo dira drainatze naturaleko saretik. Zola iragazgaitza eta efluenteak biltzeko sistemak izango dituzte, lurzorua eta ura, olio eta erregaien eraginaren ondorioz, kutsatu ez daitezen. Erregaien zamalanak, olio-aldaketak eta tailerreko jarduerak ezin izango dira horretarako adierazitako eremuetatik kanpo egin.
C.3.8.– Ustiategian, hidrokarburoak xurgatzeko material espezifikoa (erroilu erakoa edo gai pikortatua, etab.) izango da, ustekabeko jario edo ihesetan berehala erabili ahal izateko.
C.3.9.– Ustiaketa-lan guztiak kokalekuaren maila freatikotik gora gauzatuko dira. Ezingo dira lurpeko urak ponpatze bidez atera azpian dagoen akuiferoaren maila freatikoa beheratzeko xedearekin.
C.4.– Atmosferako kutsadura prebenitzeko neurriak.
Erreferentziako proiektuarekin lotura duten eta atmosfera potentzialki kutsa dezaketen jardueren baimenari dagokionez Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2015eko uztailaren 28ko Ebazpenean ezarritakoaren kaltetan izan gabe, ondorengo babes- eta zuzenketa-neurri hauek ezarriko dira:
C.4.1.– Jarduera garatzen denean, ez dira inoiz gaindituko atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoa eguneratzen duen eta hura ezartzeko oinarrizko xedapenak finkatzen dituen urtarrilaren 28ko 100/2011 Errege Dekretuan partikulei buruz ezartzen diren immisioko muga-balioak.
C.4.2.– Erauzketa-eremuak eta kamioiak ibiltzen diren eremuak ureztatzeko beharrezko bitartekoak izango dira, hautsaren barreiadura ahalik eta gehien murrizteko, batik bat garai txarretan. Mantentze eta garbiketa lanak egin beharko dira aldiro, bai instalazioen eremuan bai harrobiko sarreretan, hauts barreiadura murriztu dadin.
C.4.3.– Hautsa murrizteko eta minimizatzeko dauden sistema guztiak aldiro berrikusiko dira eta egoera onean mantenduko dira, bai onura-instalazioetakoak (zinta garraiatzailearen gainak, babes-estalkiak, materialen biltegiratzea, etab.), bai makineriarenak (hautsa jaten duten sistemak) eta bai pistak ureztatzekoak (aspertsore-sistema, zisternak).
C.4.4.– Hautsa murrizteko sistemei ahalik eta etekin handiena ateratzeko helburuarekin, haiek behar bezala erabiltzeko jardunbide egokien kode bat ezarri behar da, eta harrobiko langileei arlo horretan nola jokatu irakatsi beharko zaie. Jardueraren eta eguraldiaren arabera beharrezkoa den puntuetan, ureztapen-sistema aktibatu beharko da, eta kamioien gurpilak harrobitik irten aurretik garbitzeko sistema bat erabili.
C.4.5.– Indusketatik ateratako materiala hezetasun-baldintza egokienetan garraiatuko da, zama estaltzeko gailuak dituzten ibilgailuetan, lokatzak eta partikulak barreiatu ez daitezen.
C.5.– Zarataren eta bibrazioen ondorioak gutxitzera zuzendutako neurriak.
C.5.1.– Zarata sortzen den lekuan praktika operatibo egokiak aplikatu beharko dira ustiapen-fasean zehar; batez ere, zamalanetan, garraio-lanetan eta erabiltzen den makineriaren mantentze-lan orokorrak egiterakoan.
C.5.2.– Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuko 22. artikuluan xedatutakoaren arabera, zonifikazio akustikoari, kalitate helburuei eta isurpen akustikoei dagokienez, erabilitako makineria aire zabalean erabiltzen diren makinen soinu-emisioei buruz indarrean dagoen legedian ezarritako xedapenetara doitu beharko da eta, bereziki, haientzat aplikagarria denean, aire zabalean erabiltzen diren makina jakin batzuek ingurumenean eragiten dituzten soinu-emisioak arautzen dituen otsailaren 22ko 212/2002 Errege Dekretuan eta arau osagarrietan xedatutakora ere egokitu beharko dira.
C.5.3.– Zarata-iturburu berririk balego, Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan ezarritako jardueretara aplika daitezkeen muga-balioak bete beharko dituzte.
C.5.4.– Leherketa-proiektuak UNE 22-381-93 arauaren arabera egin beharko dira; hortaz, proiektuaren eragin-esparruan dauden eraikinetan eragindako bibrazioek ezingo dituzte arauan ezarritako mugak gainditu. Aireko uhinaren presioari dagokionez, ezingo ditu 128 dB(L) gainditu –muturreko balioa–, eraikineko fatxada guztietatik kalte gehien har dezakeen horretan.
C.6.– Hondakinak kudeatzera bideratutako neurriak.
C.6.1.– Hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean aurreikusitako moduan eta aplikatzekoak diren berariazko araudiek aginduta bezala kudeatuko dira sortutako hondakinak, lohiak argitzeko eta deshidratatzeko instalazioan jatorria duten lohi deshidratatuen taloak barne direla.
Meategiko hondakinak erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.
Hondakinak kudeatzeko hierarkia-printzipioei jarraituz, hondakinen sorreran prebentzioa sustatu behar da, edo, hala badagokio, uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 8. artikuluan ezarritako lehentasun-hurrenkerari jarraituz kudeatu behar dira, hau da: prebenitzea, berrerabiltzeko prestatzea, birziklatzea eta balorizatzeko beste modu batzuk, balorizazio energetikoa barne. Hondakinak kasu honetan baino ezingo dira deuseztatu: haiek balorizatzea teknikoki, ekonomikoki eta ingurumenaren ikuspegitik bideraezina dela behar bezala frogatzen bada.
Berariaz debekatuta dago sortzen diren tipologia ezberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira, eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak ekiditeko.
C.6.2.– Proiektua gauzatzerakoan eta ustiapenaren amaieran, instalazioak desegiten direnean, hondakinak sortzen badira eraikitze- eta eraiste-lanen ondorioz (onura-instalazio berriak egitea, instalazio zaharkituak eraistea eta abar), hondakin horiek eraikitze- eta eraiste-hondakinen produkzioa eta kudeaketa arautzen dituen otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan aurreikusitakoaren arabera eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzen dituen ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriz kudeatu beharko dira.
C.6.3.– Hondakinen azken helmuga zabortegi baimenduan ezabatzea dela aurreikusten baldin bada, orduan hondakin horiek ezaugarrituko dira, Kontseiluaren 2002ko abenduaren 19ko 2003/33/EE Erabakiak, Hondakinak hondakindegietan hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dituenak, xedatutakoari jarraikiz, eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretuak, Hondakinak hondakindegietan biltegiratuta eta betelanak eginda ezabatzea arautzen duenak, ezarritako jarraibideen arabera. Betelanak jalkitzeko, kutsatzaile-edukia A ebaluazioko balio adierazleetan (EBA-A) ezarritako baloreen azpitik duten materialak bakarrik baimenduko dira. Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinean daude jasota adierazle horiek.
C.6.4.– Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak independenteak izango dira, baldin eta, tipologia dela-eta, isurketaren baten ondorioz nahastuz gero arriskutsuago bihurtu badaitezke edo kudeaketa zaildu badezakete. Halaber, Hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Legea betearazteko Erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dituzte, eta itxita egon beharko dute kudeatzaileari eman arte, isurita edo lurrunduta gal ez daitezen.
Aipatutako ontziak edo bilgarriak argi eta modu irakurgarri eta ezabaezinean etiketatu beharko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera.
C.6.5.– Sortutako olio erabiliari dagokionez, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuarekin bat etorririk kudeatu beharko da.
Olio erabiliak, baimendutako kudeatzaile bati entregatzen zaizkion arte, estalpean biltegiratuko dira, behar bezala etiketatutako ontzi estankoen barruan; gainera, zoru iragazgaitz baten gainean egon beharko dute, beste kubo edo ihes eta isuriei eusteko sistemen barruan.
C.6.6.– Araudi hori betetzea errazagoa izan dadin, lanen ondorioz sortutako hondakinak kudeatzeko sistemak prestatu beharko dira. Lan horien arduradunek kudeatuko dituzte sistema horiek, eta haien ardura izango da, halaber, beharginek hondakinak behar bezala erabiltzea. Bereziki, erregai eta produktuak biltegiratzearen, makinen mantentze-lanak egitearen edo hondakinak erretzearen ondorioz ez dira inolaz ere efluente kontrolatu gabeak sortuko.
Aurrekoaren haritik, eremu jakin bat egokituko da aldi batean hondakin arriskutsuak pilatzeko; hala nola, olio-potoak, iragazkiak, olioak, pinturak eta abar. Gainera, hondakin inerteak biltzeko berariazko edukiontziak jarriko dira, hondakin arriskutsuen guneetatik bereizita.
C.7.– Kultura-ondarea babesteko neurriak.
Erauzketa-jardueraren mendebaldean arkeologia-interesa izan dezaketen bi eremu daude (15 Kerrianuko herrigunea eta 16 Aizpilletakoa), hala deklaratu baitziren Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 1997ko maiatzaren 26ko Ebazpenaren bidez; ondorioz, eremu horietako edozein jarduketaren aurretik, azterlan arkeologiko bat egin beharko da, Euskal kultur ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritako babes-araubidearen arabera.
Edonola ere, jarduera gauzatzen den bitartean, arkeologikoa izan litekeen aztarnaren bat aurkituz gero, badaezpada, eten egingo dira eremu horretako lanak. Horrez gainera, aurkikuntzaren berri emango zaio, berehala, Arabako Foru Aldundiaren Museo eta Arkeologia Zerbitzuari eta hark adieraziko du zer neurri hartu, aipatutako uztailaren 3ko 7/1990 Legeak xedatuaren kaltetan izan gabe.
C.8.– Ustiapenaren eraginpeko paisaia eta eremua lehengoratzeko neurri zuzentzaileak.
Erauzketa-lanek aldatutako natura guneak lehengoratzeari buruzko ekainaren 20ko 115/2000 Dekretuan eta Erauzketa-industrien hondakinak kudeatzeari eta meategietako jarduerak eragindako tokiak babestu eta lehengoratzeari buruzko ekainaren 12ko 975/2009 Errege Dekretuan xedatutakoaren kontra egin gabe, proiektuaren ingurumen-inpaktua ebaluatzeko aurkeztutako dokumentazioko proposamenaren arabera egingo dira lehengoratze-lanak. Gainera, babesteko eta zuzentzeko beste neurri hauek hartuko dira:
C.8.1.– Erauzketa-jardueraren eraginpeko gainazalak lehengoratu egin beharko dira Europar Batasunaren eta eskualdearen interesekoak diren habitaten galera, izadi-interes handiko fauna-populazioen gaineko eragina eta eraginpeko ekosistemen konexio-funtzioaren galera zuzentzeko helburuarekin. Lehengoratze horretan barne-hartu beharko dira baso naturala mesedetuko duten ekintzak, beharrezkoak baitira galdutako ingurumen-elementuak eta berorien funtzionaltasuna berreskuratzeko, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako Zuzendaritzak 2017ko apirilaren 12an jaulkitako txostenean ezarritako irizpideen arabera, zeina ingurumen-inpaktua ebaluatzeko prozedura honetara gehitu baita 2018ko urriaren 15ean.
C.8.2.– Erauzketa-lanek erasandako alde guztiak lehengoratuko dira; baita lehengoratze-planean agertzen ez zirenak baina azkenean ustiapenaren ondorioz kaltetu direnak ere.
C.8.3.– Lehengoratze-lanetan kanpoko materialak erabiltzeari dagokionez, lurzorua kutsatzea saihesteari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen III. eranskinaren barruan, dagokion taulako «Beste erabilera batzuk» zutabean giza osasunaren babeserako ezarritako EBA-B ebaluazioko balio adierazleak baino kutsatzaile-eduki txikiagoak dituzten obretako indusketa-lanetatik datozen materialak soilik baimenduko dira.
Gainera, kanpotik datozen induskatutako material naturalak erabili ahal izateko, hondeatutako material naturalak betelanetan eta jatorrizko obretatik kanpoko beste obra batzuetan erabiltzeko balorizazio-arau orokorrei buruzko urriaren 10eko APM/1007/2017 Aginduan adierazten dena aplikatuko da. Arau orokor horiek betetzen direnean, baimenik gabe geratuko dira hondakin horien balorizazioa aurrera daramaten pertsona fisikoak edo juridikoak, hondakin eta zoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legearen 28. artikuluko aurreikuspenak aplikatzen diren neurrian.
C.8.4.– Robinia pseudoacacia, Cortaderia selloana edo beste landare inbaditzaile batzuk ez zabaltzeko ekintzak burutuko dira. Ildo horretan, bereziki kontrolatu beharko da landare-estalkia lehengoratzeko lanetan erabiliko diren lurren jatorria eta, inola ahal dela, ez da erabiliko horrelako espezieekin kutsatuta egon daitekeen lurrik.
C.8.5.– Ustiategiaren bizitza erabilgarri osoan zehar, hainbat mantentze-lan egin beharko dira: lurra aitzurtu, ongarritu, ureztatu eta hutsarteak birlandatu, horretarako beharra ikusten denean.
C.8.6.– Lau urteko gehieneko epearen barruan, ebazpen hau argitaratzen den egunetik zenbatuta, sustatzaileak landare-lurra erabiltzearen ordezko beste aukera bat aztertuko beharko du, non hondakinen balorizazioa lehenetsiko den eta, egindako azterlanaren emaitza bideragarria bada, inplementatu egin beharko du gero, proiektuaren esparruan, hain zuzen, 2011 eta 2012 artean, Ihobe SA Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren eta Ecofond SA enpresaren arteko elkarlanaren markoan garatutako «Agrobento proiektuan» planteatzen zenaren antzera. Proiektu hura Ihobek sustatu zuen teknologia garbiak, hondakinen balorizazioa eta lurzoru kutsatuak oneratzea posible zela erakusteko.
Emaitza gisa lortzen den alternatibaren inplementazioak bermatu beharko du kutsadura ez dela barreiatuko eta, edonola ere, hura baimentzeko eskumena duen herri-administrazioko organoak ezartzen dituen baldintzak beteko ditu; bestela, berriz, esandako alternatiba erantzukizunpeko adierazpenaren edo aldez aurreko jakinarazpenaren mende balego, berorien kontrolerako ezarritako baldintzak bete beharko ditu.
C.9.– Konpentsazio-neurriak.
Kontuan izanik aurreko apartatuan aurreikusitako lehengoratze-neurrien helburua ustiatutako azalerek etorkizunean erauzketa-jardueraren ondorioz galduko direnen antzeko funtzioak bete ahal izatea dela, eta esandako funtzio horiek berreskuratzeko denbora bereziki luzea eskatuko dutela eta, gainera, aipatutako helburua lortzeko ziurgabetasun handia dagoela, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek irizten dio, aurrez aipatutako neurri zuzentzaileak aplikatuta ere, proiektua egikaritzeak hondar-inpaktu garrantzitsuak sortaraziko dituela Europar Batasunaren eta eskualdearen interesekoak diren habitaten galerari dagokienez ez ezik, baita izadi-interes handiko fauna-populazioei eta eraginpeko ekosistemen konexio-funtzioari dagokienez ere.
Hortaz, sustatzaileak erauzketa-jardueraren hondar-inpaktuak konpentsatzera bideratutako ekintzak eraman beharko ditu aurrera. Aipatutako ekintzek meatze-ustiategiaren eraginpekoaren antzeko luze-zabalera duen azalera gehigarri baten lehengoratzea edo hobekuntza mesedetu beharko dute, Eusko Jaurlaritzako Natura Ondare eta Klima Aldaketako Zuzendaritzak 2017ko apirilaren 12an jaulkitako txostenean ezarritako irizpideen arabera.
C.10.– Jarduera bertan behera utzi ostean aplikatuko diren neurriak.
C.10.1.– Sustatzaileak esandako jarduera lurzorua kutsatzea saihesteari eta kutsatutakoa garbitzeari buruzko ekainaren 25eko 4/2015 Legearen aplikazio-eremuan sartzetik eratortzen diren obligazioak bete beharko ditu.
C.10.2.– Ustiapen-jarduera bertan behera uzten den momentuan aplikatzekoa den berariazko araudia betetzearen kaltetan izan gabe, onura-instalazioak desegiteko eragiketak hainbat neurri babesle eta zuzentzaile aplikatuz gauzatu beharko dira. Esandako neurri horiek, hain zuzen ere, Ebazpen honetan ustiapen faserako ezarri direnen antzekoak izango dira, batez ere landaredia eta uren kalitatea babesteari eta hondakinak kudeatzeari dagokionez.
D.– Ingurumena zaintzeko programa.
Ondorengo apartatuetan ezartzen dira proiektua egikaritzen den bitartean eta amaitu ostean aplikatu beharreko ingurumen-jarraipeneko neurriak; aipatu neurriok sustatzaileak proposatutakoak osatzera eta, kasua hala denean, ordeztera datoz.
Neurri horien izariak eta kontrolerako izendatutako langileek bermatu beharko dituzte ingurumen-inpaktuaren azterketan markatutako kalitate-helburuak eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen honetan finkatzen direnak.
Neurri horiek guztiek dagokien aurrekontu-zuzkidura izan beharko dute, egiaz gauzatuko direla bermatuta egon dadin.
D.1.– Lanek okupatzen dituzten mugak kontrolatzea.
Gauzatutako okupazioa proiektuan aurreikusia denarekin bat datorrela egiaztatuko da, obrek aurreikusitako azaleran soilik izan dutela eragina, eta babes-zedarriak egoera onean daudela.
D.2.– Uren eta lurzoruaren kalitatea kontrolatzea.
D.2.1.– Igoroin ibaira egingo den isurketaren kontrola organo eskudunak isurketa egiteko baimenean ezarritakoaren arabera egingo da.
D.2.2.– Ingurumen-inpaktuaren azterlanean aurreikusitakoaren arabera, uren kalitatea neurtzeko analisiak egingo dira piezometro gisa identifikatutako 2B, Perraran eta hego-mendebaldeko aintzira puntuetan eta ibilgura gehitzeko gunean. Maiztasuna ingurumen-inpaktuaren azterlanean zehaztutakoa izango da.
D.3.– Airearen kalitate-kontrola.
Ez da aurreikusten jada aipatutako Ingurumen Administrazioko zuzendariaren 2015eko uztailaren 28ko Ebazpenean eskatzen direnez kanpoko beste kontrolik.
D.4.– Zarataren kontrola.
D.4.1.– Zarataren kontrola Azazeta herritik hurbilen dagoen puntuan egingo da. Neurketak egunez egingo dira, harrobian jarduera handiena dagoen uneetan.
Neurtzeko metodoak eta erreferentzia-balioak zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean eta bera garatzeko araudian xedatutakoari atxiki beharko zaizkie, baita Euskal Autonomia Erkidegoko hots-kutsadurari buruzko urriaren 16ko 213/2012 Dekretuan xedatutakoari ere.
D.4.2.– Lehenengo urtean, Ebazpen hau argitaratzen den egunetik zenbatuta, hiru hiletik behin egingo dira zarataren neurketak. Lehen urtean izandako emaitzak ikusita, kontrolen aldizkakotasuna aldatu ahal izango da, jardueraren titularrak hala eskatuta.
D.5.– Dardarak eta aire-uhinaren presioa kontrolatzea.
Dardaren kontrolak ingurumen-inpaktuaren azterlanean aurreikusitakoaren arabera egingo dira, hilean behingo maiztasunez, gutxi gorabehera, ustiategiko leherketa-programara egokiturik.
Neurketak UNE 22-381-93 Arauan bildutako metodologiaren arabera egingo dira.
D.6.– Kontrol arkeologikoa.
Aldizkako jarraipena egingo zaie ustiaketaren ondorioz sortzen diren azalera berriei, egon litezkeen aurkikuntza arkeologikoak aurreikusteko.
D.7.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.
Ingurumena zaintzeko programaren dokumentu bateratua egin beharko du sustatzaileak, non bilduko baitira ingurumen-inpaktuaren azterlanean proposatutako betebeharrak eta Ebazpen honetan jasotakoak.
Ingurumena zaintzeko programaren helburu nagusia ingurumen-inpaktuaren azterketan finkatutako kalitate-helburuak betetzea bermatuko duen sistema bat ezartzea izango da, bertan adierazitako jarraibideekin eta neurri zuzentzaileekin batera.
Kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira programa horretan, bai eta honako beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia, kontrol-puntuak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian, kontrol horien maiztasuna, eta hori guztia gauzatzeko aurrekontu zehaztua, programa betetzea bermatuko duena.
Kalitate-helburuak, hala dagokionean, legeriak zehazten dituen muga-balioen edo gida-balioen araberakoak izango dira, edota oro har onartutako azterketa teknikoen araberakoak. Hala ere, proiektuaren eraginpeko eremuaren berezitasunek eta ezaugarri zehatzek hala eskatzen badute, balio zorrotzagoak ezarri beharko dira beharrezkoak irizten zaien parametroetan.
D.8.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.
Ingurumena zaintzeko programaren barruko txostenen eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu beharko dira, eta Ingurumeneko Sailburuordetza honetara igorriko dira, ondoren, organo substantiboaren bitartez. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Aipatutako txostenean, emaitzen analisia jasoko da, eta aipamen berezia egingo zaie epe horretan izandako gertakari nagusiei, baita haien kausa eta konponbide posibleei ere.
Proiektuaren sustatzaileak datuak euskarri egokian bilduko ditu bi urtez gutxienez, eta datu horiek herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen eskura jarriko dira; hori guztia, hala ere, ez da eragozpen izango kasu bakoitzean aplikagarri den araudia betetzeko.
E.– Babeserako, zuzenketarako eta konpentsaziorako neurriak, batetik, eta ingurumena zaintzeko programa, bestetik, aldatu ahal izango dira, baita neurtu behar diren parametroak, neurketen maiztasuna eta esandako parametro horiek zein mugen barruan egon beharko duten ere, araudi berriren bat indarrean jartzeak edota inplikatutako sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza esanguratsu berrietara egokitu beharrak hala gomendatzen duenean. Ingurumen-organoak, era berean, erabaki lezake bai babeserako, zuzenketarako eta konpentsaziorako neurriak eta bai ingurumena zaintzeko programa aldatzea, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzak oinarri gisa hartuta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren babes-, zuzenketa- eta konpentsazio-neurriak nahikoa ez direla egiaztatzen baldin bada.
F.– Halaber, Ebazpen honen aurreko apartatuetan xedatutakoaren kaltetan izan gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio ingurumen-organo honi:
Agiri horiek Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara bidali beharko ditu organo substantiboak, oniritzia eman ondoren, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioarekin batera.
F.1.– Ebazpen hau argitaratzen den egunetik zenbatuta, 6 hilabeteko epearen barruan, Ebazpen honen Bigarren.C.8 apartatuan aurreikusitakoarekin bat datorren ingurumena eta paisaia lehengoratzeko neurri zuzentzaileen proposamen bat, Ingurumeneko Sailburuordetzak onar dezan.
F.2.– Ebazpen hau argitaratzen den egunetik zenbatuta, 4 urteko epean, Ebazpen honen Bigarren.C.8.6 apartatuan aipatzen den azterlanaren emaitza, espedientera gehitzearren.
F.3.– Ebazpen hau argitaratzen den egunetik zenbatuta, 6 hilabeteko epearen barruan, Ebazpen honen Bigarren.C.9 apartatuan aurreikusitakoarekin bat datorren konpentsazio-neurrien proposamen bat, Ingurumeneko Sailburuordetzak onar dezan.
F.4.– Ebazpen hau argitaratzen den egunetik zenbatuta, 3 hilabeteko epearen barruan, Ebazpen honen Bigarren.D.7 apartatuan aurreikusitako ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina, Ingurumeneko Sailburuordetzak onar dezan.
F.5.– Urtean behin, ingurumena zaintzeko programa aplikatzearen emaitza, Ebazpen honetako Bigarren.D.8 apartatuan aurreikusitakoaren arabera.
Hirugarren.– Lau urteko epea jartzen da proiektua egikaritzen hasteko; epea ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denean hasiko da. Hori igaro eta artean ez bada hasi proiektua egikaritzen, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honi amaitu egingo zaio indarraldia eta utzi egingo dio dagozkion ondorioak sortzeari. Kasu horretan, sustatzaileak berriro hasi beharko du proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren izapidea, non eta ez den erabakitzen ingurumen-inpaktuaren adierazpenaren indarraldia luzatzea. Hori guztia, otsailaren 27ko 3/1998 Legearen 47.8 artikuluan eta Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez.
Laugarren.– Aurreko apartatuan xedatutakoaren ondorioetarako, proiektuaren sustatzaileak aldez aurretik jakinarazi beharko dio ingurumen-organoari zein egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.
Bosgarren.– Ebazpen honen berri emango zaie Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailari, Arraia-Maeztuko Udalari eta Eusebio Echave SA merkataritza-sozietateari.
Seigarren.– Ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 5a.
Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,
IVAN PEDREIRA LANCHAS.