EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2018230

154/2018 EBAZPENA, azaroaren 20koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, zeinaren bidez xedatzen baita argitara ematea lanean amiantoa erabili izanaren ondoriozko patologiak dauzkaten langile gaixoen inguruan ekintza bateratuak burutzeko Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalarekin (GZIN), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin eta Osalan-Laneko Segurtasuna eta Osasunerako Euskal Erakundearekin sinatutako hitzarmenaren gehigarria.

Xedapenaren zenbakia: 201800154
Xedapenaren data: 2018-11-20
Hurrenkenaren zenbakia: 201805871
Maila: Ebazpena

Aurreko erreferentziak:
  • Ikus 2017/12/18an argitaratutako 2017/12/01eko 201700130 EBAZPENA

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrarekin sinatu da aipatutako gehigarria, eta, behar duen publikotasuna emateko, honako hau
EBAZTEN DUT:
Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalarekin (GZIN), Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuarekin eta Osalan-Laneko Segurtasuna eta Osasunerako Euskal Erakundearekin sinatutako hitzarmenaren gehigarria, lanean amiantoa erabili izanaren ondoriozko patologiak dauzkaten langile gaixoen inguruan ekintza bateratuak burutzekoa. Gehigarri hori ebazpen honen eranskinean dago jasota.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 20a.
Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,
JUAN ANTONIO ARIETA-ARAUNABEÑA IBARZABAL.
ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAREN AZAROAREN 20KO 154/2018 EBAZPENARENA
GEHIGARRIA, GIZARTE-SEGURANTZAREN INSTITUTU NAZIONALAREN, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN, OSAKIDETZA-EUSKAL OSASUN ZERBITZUAREN ETA OSALAN-LANEKO SEGURTASUN ETA OSASUNERAKO EUSKAL ERAKUNDEAREN ARTEKO LANKIDETZA-HITZARMEN ESPEZIFIKOARENA. LANEAN AMIANTOA ERABILI IZANAREN ONDORIOZKO PATOLOGIAK DAUZKATEN LANGILEEKIN ELKARREKIN JARDUTEKO LANKIDETZA-HITZARMENA DA
Vitoria-Gasteiz, 2018ko uztailaren 4a.
BILDUTA:
Alde batetik: M.ª Gloria Redondo Rincón andrea, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionaleko (INSS) zuzendari nagusia, ekainaren 22ko 642/2018 Errege Dekretuaren bidez izendatua, Institutuaren izenean eta hura ordezkatuz jardunez, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra zati batean aldatzen duen abenduaren 13ko 2583/1996 Errege Dekretuaren 5. artikuluak esleitu dizkion eskumenen babespean.
Beste aldetik: Ignacio Jesús Berraondo Zabalegui jauna, Osasuneko sailburuordea, abenduaren 13ko 224/2016 Dekretuaren bidez izendatua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean eta hura ordezkatuz jardunez, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen apirilaren 9ko 195/2013 Dekretuaren 7.1.b) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Beste aldetik: Maria Jesús Gemma Múgica Anduaga andrea, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia, Osakidetzako Administrazio Kontseiluaren 2016ko abenduaren 20ko Erabakiaren bidez izendatua, Osakidetzaren izenean eta hura ordezkatuz jardunez, Osakidetza erakunde publikoaren estatutu sozialak onartzen dituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 11. artikuluan xedatutakoaren arabera.
Beste aldetik: Alberto Alonso Martín jauna, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia, Osalanen izenean eta hura ordezkatuz jardunez, Osalanen egitura- eta funtzionamendu-araudia onartzen duen uztailaren 30eko 191/2002 Dekretuaren 17.1.g) artikuluan ezarritakoaren arabera.
Gehigarri hau sinatzen da, honako hau jasotzeko:
1.– 2017ko ekainaren 29an, Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak, Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuak eta Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak goiburuan adierazitako lankidetza-hitzarmena formalizatu zuten.
2.– Hitzarmenak izapidetzeari dagokionez, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legean jasotzen den erregulazioaren mende dago lankidetza-hitzarmen espezifikoa, eta, lege horren 48.8 artikuluaren arabera, hitzarmenak ondorioak eta indarraldia dauzka 2018ko urtarrilaren 2tik aurrera, orduantxe argitaratu baitzen Estatuko Aldizkari Ofizialean, estatuko sektore publikoaren Lankidetzarako Organoen eta Tresnen Erregistro Elektronikoan inskribatu ondoren.
3.– Hitzarmenaren zortzigarren klausulan, indarraldiari eta aldaketari buruzkoan, urtebeteko indarraldia ezartzen da. Halaber, bertan xedatzen denez, aldeek hitzarmena luzatu ahalko dute epea amaitu aurretik, aho batez, urteko aldietan, beste hiru urtez gehienez, eta administrazio-agiri batean formalizatu beharko da luzapena.
4.– Hitzarmenaren alde sinatzaileek, zortzigarren klausulan aurreikusitako gehieneko iraupena kontuan hartuta, bai eta hitzarmenen indarraldia arautzen duen urriaren 1eko 40/2015 Legearen 49.h) artikuluan zehazten dena aintzat hartuta ere, hitzarmena hiru urtez luzatzea erabaki dute, 2019ko urtarrilaren 2tik 2022ko urtarrilaren 1erako ondorioekin, luzapen-gehigarri hau estatuko sektore publikoaren Lankidetzarako Organoen eta Tresnen Erregistro Elektronikoan inskribatu eta Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Era berean, urriaren 1eko 40/2015 Legearen aurretiko tituluaren VI. kapituluan hitzarmenetarako aurreikusten den araubide juridikoaren mende geratuko da gehigarri hau.
Eta, aurrekoarekin bat egiten dutela erakusteko, lankidetza-hitzarmen hau sinatzen dute, lau aletan, goian adierazitako tokian eta egunean.
Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionaleko (INSS) zuzendari nagusia,
M.ª GLORIA REDONDO RINCÓN.
Osasuneko sailburuordea,
IGNACIO JESÚS BERRAONDO ZABALEGUI.
Osakidetza-Euskal osasun zerbitzuko zuzendari nagusia,
MARÍA JESÚS GEMMA MÚGICA ANDUAGA.
Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeko zuzendari nagusia,
ALBERTO ALONSO MARTÍN.
Osasuneko sailburuordea ordezkatuz, ezin izan duelako etorri (80/2017 Dekretua, apirilaren 11koa, Osasun Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituena, xedapen gehigarriaren a) letra).
Osasun Publikoaren eta Adikzioen zuzendaria,
JUAN JOSE AURREKOETXEA AGIRRE.