EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2018230

AGINDUA, 2018ko urriaren 25ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez «Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa / Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa» Fundazioa eratu eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita.

Xedapenaren data: 2018-10-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201805869
Maila: Agindua
Ikusi da «Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa / Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa» Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskriba dadin eskatzeko aurkeztutako espedientea. Honako hauek dira oinarriak:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2018ko abuztuaren 2an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean «Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa / Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa» Fundazioaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskaera sartu zen (Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen fundazio hori). Eraketaren eskritura publikoak fundazio-gutunaren izaera dauka, bi urteko epean beste fundatzaile batzuk batu daitezen. Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskabideari.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak 2018ko urriaren 22an aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.
Hirugarrena.– Fundazioaren estatutuen 3. artikuluan ezarritakoaren arabera, Fundazioak xede hauek ditu:
Foru Aldundiari Gipuzkoako Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko Estrategia garatzeko orduan berariazko babesa ematea da Fundazio honen helburua, betiere Gipuzkoako Gobernantza Klimatiko eta Energetikoan ezarritakoaren arabera. Zehazki, honako funtzio hauek izango ditu:
a) Gipuzkoako Foru Aldundiari babesa ematea Gipuzkoan klima-aldaketak izan duen eragina aztertu, behatu eta kontrolatzeko orduan.
b) Klima-aldaketa arindu eta egokitzeko agente ugariren ekintza dinamizatzeko eta diagnostiko zorrotza egiteko lan egitea.
c) Gipuzkoan Klima Aldaketaren aurka Borrokatzeko Estrategiaren aurrerapenak ebaluatu eta horien jarraipena egiteko prozesua bermatzea.
Laugarrena.– Estatutuen 4. artikuluan ezarritakoaren arabera, Fundazioaren helbidea Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jauregian ezarri da, Donostiako Gipuzkoa Plazan (z.g.).
Seigarrena.– Erakunde fundatzaileak 30.000 euroko ekarpena egin du, fundazioaren hasierako hornidura gisa. Ekarpen hori egin dela jasota geratu da erregistro-inskripzioaren espedientean, hala agintzen baitu Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamenduaren 37.1.c) artikuluak. Erregelamendu hori ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak onartu du.
Seigarrena.– Lehenengo Patronatua, eraketa-eskritura publikoan jasotakoa, Gipuzkoako Foru Aldundiak izendatutako honako kide hauek osatzen dute (izendapenaren indarraldia mugagabea da izatezko kideentzat eta lau urtekoa hautazkoentzat):
– Lehendakaria: José Ignacio Asensio Bazterra jauna. Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Saileko foru-diputatua. (berezko kidea).
– Lehendakariordea: Denis Itxaso González jauna. Kultura, Turismoa, Gazteria eta Kirola Saileko foru-diputatua.
– Idazkaria: Félix Joaquín Asensio Robles jauna. Obra Hidraulikoen zuzendari nagusia.
– Bokala: Maite Barruetabeña Zenekorta andrea. Araubide Juridikoko zuzendari nagusia. (berezko kidea).
– Bokala: Jose Enrique Corchón Álvarez jauna. Finantza eta Aurrekontuetako zuzendari nagusia. (berezko kidea).
– Bokala: Ainhoa Aizpuru Murua andrea. Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Oreka Saileko foru-diputatua.
– Bokala: Mónica Pedreira Lanchas andrea. Ingurumeneko zuzendari nagusia.
Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, ekainaren 9ko 9/2016 Legeak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzkoak) 16.2 artikuluan ezarritako moduetako batean.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala aurreikusten dute ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena) 3.1 artikuluan, ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duena) 4.1.a) artikuluan, Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuak (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua) 6.1.m) artikuluan, eta apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuak (Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa) 3.1 artikuluan.
Bigarrena.– Berariaz legitimatuta dagoen pertsona batek sustatu du espedientea; era berean, beharrezkoak ziren datu eta agiri guztiak aurkeztu dira, hots, bete egin dira ekainaren 2ko 9/2016 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioena) 7.tik 12.era bitarteko artikuluetan eta 51.2 artikuluan eta ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren (Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duena) 36.etik 39.era bitarteko artikuluetan ezarritako betekizunak. Beraz, aplikatu beharreko legezko eta erregelamenduzko manuen arabera eratu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta aplikatu beharreko gainerako arauak ikusita, honako hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea –egun honetan eta F-433 erregistro-zenbakiarekin–: Donostiako «Gipuzkoako Aldaketa Klimatikoaren Fundazioa / Fundación de Cambio Climático de Gipuzkoa» Fundazioaren eraketa, bai eta Patronatuaren hasierako osaera ere. Patronatu horren kideak seigarren aurrekarian agertzen dira. Kideok espresuki onartu dituzte euren karguak, José Luis Carvajal García-Pando notarioaren aurrean 2018ko uztailaren 17an emandako eskritura publikoan xedatu bezala (protokolo zk.: 916).
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 25a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.