EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-29 Aldizkari honetan argitaratua: 2018230

AGINDUA, 2018ko urriaren 25ekoa, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuarena, zeinaren bidez Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzen baita «Fundación para la dinamización social a través de la promoción del futbol base en Getxo-Getxo futbola Fundazioa» izenekoaren eraketa.

Xedapenaren data: 2018-10-25
Hurrenkenaren zenbakia: 201805868
Maila: Agindua
Ikusi eta aztertu da «Fundación para la dinamización social a través de la promoción del futbol base en Getxo- Getxo futbola Fundazioa» izenekoaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko eskaeraren espedientea, honako oinarri hauek kontuan hartuta:
AURREKARIAK
Lehenengoa.– 2018ko ekainaren 20an, Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailean eskabide bat sartu zen, «Fundación para la dinamización social a través de la promoción del futbol base en Getxo- Getxo futbola Fundazioa» izenekoaren eraketa Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzeko zena. Honako hauek osatzen dute fundazioa: «Club Deportivo Getxo», «Iturgitxi Club de Fútbol», «Sociedad Deportiva de Neguri», «Club Deportivo Galea» eta «Club Bizkerre». Espedientean jasotako dokumentuak erantsi zitzaizkion eskabideari.
Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Aholku Batzordeko Batzorde Teknikoak 2018ko urriaren 22an aldeko txostena eman du fundazioaren xedeen zilegitasunari eta interes orokorrari buruz eta haren bideragarritasun ekonomikoari buruz.
Hirugarrena.– Honako hauek dira fundazioaren xedeak, haren estatutuen 3. artikuluan xedatutakoaren arabera:
«a) Getxoko udalerriaren bizitza soziala dinamizatzea, kirolari eta batez ere futbolari lotutako jarduerak eginez, jolasari lotutako jarduerak eginez eta, horretarako, erkidegoaren sektore guztiek parte har dezaten bultzatuz.
b) Getxoko udalerrian futbola sustatzea, kudeatzea, koordinatzea eta zabaltzea, kirol horren modalitate guztietan.
c) Kirola, batez ere futbola, egin eta irakatsi dadin bultzatzea haurren eta gazteen artean.
d) Futbolaren harrobia kudeatzea Getxoko udalerriko elkarte guztiek batera.»
Laugarrena.– Estatutuen 4. eta 5. artikuluetan xedatutakoarekin bat etorriz, fundazioaren egoitza Getxoko (Bizkaia) Algorta auzoko Makaletako etorbidean dago, eta fundazioak gehienbat Getxoko udalerrian egiten ditu bere jarduerak.
Bosgarrena.– Fundazioaren hasierako zuzkidura 30.000 euro da. Entitate sortzaileek 7.500 euro jarri dituzte hasieran, 1.500 euro bakoitzak. Gainerako zenbatekoa bost urteko epean jarriko da. Erregistroko inskripzioaren gaineko espedientean jasotzen da ekarpena.
Seigarrena.– Patronatuko kideak, fundazioaren eraketa-eskrituran ezarrita dagoenez, hasieran hauek izango dira:
– Burua: «Club Deportivo Getxo».
– Diruzaina: «Club Deportivo Galea».
– Bokala: «Iturgitxi Club de Fútbol».
– Bokala: «Sociedad Deportiva de Neguri».
– Bokala: «Club Bizkerre».
– Idazkaria: Patronatukoa ez dena: Gorka Zabala Lasa jauna
Izendatutako guztiek onartu dituzte karguak, ekainaren 9ko 9/2016 Legearen (Euskal Autonomia Erkidegoko fundazioena) 16.2 artikuluan ezarritako moduetakoren batean.
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.– Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari dagokio fundazioaren estatutuak aldatzeko espedientea agindu bidez ebaztea. Hala aurreikusita dago lau lege-xedapen hauetan: Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 3.1 artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Babeslaritzaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 100/2007 Dekretuaren 4.1.a) artikulua; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren sailak sortu, ezabatu eta aldatzen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren azaroaren 26ko 24/2016 Dekretuaren 6.1.m) artikulua; Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko apirilaren 11ko 71/2017 Dekretuaren 3.1 artikulua.
Bigarrena.– Horretarako legitimazioa daukan pertsona juridiko pribatu batek sustatu du espediente hau. Espedienteari, bestalde, funtsezkotzat jotzen diren datu eta agiriak erantsi zaizkio, eta, bereziki, bete egin da Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioei buruzko ekainaren 2ko 9/2016 Legearen 9.,artikulutik 12. artikulura eta 51.2 artikuluetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroaren Erregelamendua onartzen duen ekainaren 19ko 101/2007 Dekretuaren 36., 37., 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoa. Beraz, legezko eta erregelamenduzko manuen arabera sortu da fundazioa.
Aipatutako arauak eta oro har kasu honetan aplika daitezkeen gainerakoak ikusirik, hau
EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.– Honako hau Euskal Autonomia Erkidegoko Fundazioen Erregistroan inskribatzea –egun honetan eta F-434 erregistro-zenbakiarekin–: Getxoko (Bizkaia) «Fundación para la dinamización social a través de la promoción del futbol base en Getxo- Getxo futbola Fundazioa» izenekoaren eraketa eta Patronatuaren hasierako osaketa. Kideak aurrekarien ataleko seigarren puntuan zehazten dira; kide horiek berariaz onartu dituzte beren karguak, Enrique María Ruiz Santaflorentina notario jaunak 2018ko ekainaren 8an egindako eskritura publikoan (protokolo zk.: 1.174) jasotakoa betez.
Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea eta interesdunei bidaltzea.
Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beronen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez dakioke Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuari, hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, agindua jakinarazi eta hurrengo egunetik hasita.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko urriaren 25a.
Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua,
JOSU IÑAKI ERKOREKA GERVASIO.