EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-28 Aldizkari honetan argitaratua: 2018229

161/2018 DEKRETUA, azaroaren 13koa, zeinaren bidez atxikitzen baitzaizkio SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari beharrezko baliabideak, bere funtzioak gara ditzan, eta Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren akzioak.

Organo emailea: OGASUN ETA EKONOMIA SAILA
Xedapenaren zenbakia: 201800161
Xedapenaren data: 2018-11-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201805845
Maila: Dekretua
Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 5/2017 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren bidez, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia sortzen da, zuzenbide pribatuko ente publiko gisa eratzen da, nortasun juridiko propioa eta bere helburuak lortzeko jarduteko gaitasun osoa dituela, eta industria-politika eta enpresen lehiakortasunaren arloan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikita.
Xedapen gehigarri horren 3., 4. eta 5. apartatuetan dago garatuta zein diren SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziak gara ditzakeen helburua, funtzioak eta jarduketak, lehenengoa betetzearren. Enteari egotzi zaizkion funtzioetariko bat da «Euskal enpresak nazioartekotzeko laguntza-sistema publikoa bultzatu eta sendotzea»; eta hori, orain arte, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saileko Nazioartekotze Zuzendaritzarena izan da, Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren egitura eta zereginak finkatzen dituen apirilaren 11ko 74/2017 Dekretuan xedatutakoarekin bat. Dekretu honen bidez, berriz, xedapen gehigarri horren 9. apartatuan xedatutakoa betetzeko, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia ente berriari atxikitxen zaizkio Nazioartekotze Zuzendaritzaren langileak, ente berriari orain esleitu zaizkion funtzioetan aritzen ziren langileak, hain zuzen.
Horretaz gain, xedapen horren 12. apartatuan dago aginduta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari atxikiko zaizkiola Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren kapital sozialeko titulartasun publikoko partaidetza guztiak.
Horren ondorioz, Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburuaren eta Ogasun eta Ekonomiako sailburuaren proposamenez, eta Gobernu Kontseiluak 2018ko azaroaren 13an egindako bilkuran proposamena aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATZEN DUT:
1. artikulua.– Funtzionarioen atxikipena.
1.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari egotzitako funtzioei lotuta dauden Nazioartekotze Zuzendaritzaren lanpostuak eranskinean daude jasota, eurei atxikitako langileekin batera.
2.– Lanpostuok gaur egun betetzen dituzten karrerako edo bitarteko funtzionarioak entean sartuko dira eta orain arte aitortu zaizkien eskubide guztiak izaten segituko dute, antzinatasuna barne. Langile horiek Administrazio Orokorrarekin duten lotura ez da aldatuko SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzian sartzeagatik; horrenbestez, langile horiek atxikipenaren aurretiko administrazio-egoera berari eutsiko diote. Langileek arau izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzio publikoa arautzen duten arauak.
3.– Aurreko puntuan aipatutako lanpostuen karrerako funtzionario titularrek, baldin eta ez badaude lanpostu horiek betetzen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko beste lanpostu batean daudelako edo lanpostua erreserbatzeko eskubidea sortzen duen beste edozein egoeratan daudelako, segitu ahal izango dute egoera berean, eta, egoera hori amaitutakoan, SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzian dagoen lanpostura itzuli beharko dute.
4.– Bitarteko funtzionarioek loturari eutsiko diote titularra itzultzen den arte, edo lanpostu hutsa arauz betetzen den arte edo lanpostua amortizatzen den arte; gerora, lotura hori amaitutakoan, Adminsitrazio Orokorrean aldi baterako zerbitzuak emateko lan-poltsetan sartuko dira eta denbora hori kontuan hartu zaie poltsen baremazioaren ondorioetarako.
2. artikulua.– «Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA»ko langileen integrazioa.
Euskal Autonomia Erkidegoko 2018. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 28ko 5/2017 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarriaren 9. apartatuan xedatutakoarekin bat etorrita, «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia» funtzionatzen hasten den unean, dauden lan-harremanei dagokienez, hura subrogatu egingo da «Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA»ren postuan; ondorioz, lehenengoan sartuko dira bigarrenaren langile guztiak, aplikagarri zaizkien baldintza berberetan.
3. artikulua.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren lanpostu-zerrenda onartzea.
1.– Beharrizanak aztertzeko behar diren prozesuak egin ondoren eta langileen plantilla onartu ondoren, «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ko Administrazio Kontseiluak lanpostu-zerrenda propioa onartuko du; horretarako, errespetatu beharko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrerako oro har onartutako irizpideak eta, aldez aurretik, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren nahitaezko txostena izan beharko du.
2.– Lanpostu-zerrenda hori indarrean jarritakoan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuta, langileak SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako lanpostuetan sartzeari ekingo zaio, eta lanpostu horiek behin betiko bete, kontuan hartuta langileen funtzionario-izaera edo lan-kontratudunen izaera duten, Funtzio Publikoaren Zuzendaritzaren nahitaezko txostenak izan ondoren.
4. artikulua.– «SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia»ren subrogazioa.
1.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia subrogatu egingo da atxikitako funtzioan Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak gaur egun aitortuta dauzkan kontratu eta hitzarmenetatik eratorritako harreman juridiko subjektibo guztietan, eskubideetan eta betebeharretan. Subrogazioa kasuan-kasuan aplikagarria den araudiaren esparruan egingo da.
2.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari dagokio atxikitako funtzioari buruzko espedienteak ebatzi eta betearaztea, bai eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziaren hasiera efektiboan amaitu gabe dauden espedienteak ere. Espedienteen eskualdaketa formalizatzeko, emate- eta hartze-akta izenpetu beharko dute Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren Zerbitzu Zuzendaritzak eta SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziako Zuzendaritza Nagusiak; eta horrek ekarriko du, hala badagokio, Ogasun eta Ekonomia Sailak transferitzea espediente horiek kudeatzeko behar diren baliabide ekonomikoak.
3.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia subrogatu egingo da atxikitako funtzioan «Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA»k gaur egun indarrean dauzkan kontratu eta hitzarmenetatik eratorritako harreman juridiko subjektibo guztietan, eskubideetan eta betebeharretan.
4.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia subrogatu egingo da, «Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA»ren tokian, azken hori desegiten den unean hasita eta adjudikatu gabe dauden kontratazio-espedienteetan, eta, ahal dela, izapide bera beteko du, edo prozedura egokituko du sektore publikoaren kontratazioari buruzko legeen mandatuetara entitatearen izaera kontuan hartuta.
5.– SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentzia subrogatu egingo da, «Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA»ren tokian, diru-laguntzen arloan bigarren horrek hasi dituen eta izapidetzen ari diren prozeduretan, fasea edozein dela ere, diru-laguntza eman aurretik zein ondoren.
5. artikulua.– Akzioen atxikipena.
SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari atxikitzen zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren titulartasuneko «Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SA»ren kapitalaren akzioak.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Dekretu honek 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera izango ditu ondorioak. Edonola ere, Sociedad para la Transformación Competitiva-Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea SAren akzioak SPRI-Enpresen Garapenerako Euskal Agentziari atxikitzeak ondorioak izango ditu dekretu hau onartzen den egunetik aurrera.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Dekretu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 114. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz. Honen aurka, berraztertze-errekurtsoa jar dakioke, nahi izanez gero, Gobernu Kontseiluari, hilabeteko epean, hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Edo, bestela, zuzenean aurka egin dakioke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik jarri, harik eta gaia espresuki ebatzi arte edo berraztertze-errekurtsoaren presuntziozko ezespena izan arte, halakorik aurkeztu bada. Halaber, ohartarazten da ezen, berraztertze-errekurtsoa presuntzioz ezesten bada, errekurtso jurisdikzionala jartzeko epea sei hilekoa izango dela presuntziozko egintza gertatu eta hurrengo egunetik aurrera. Hori guztiori hauetan xedatutakoarekin bat: urriaren 1eko 39/2015 Legearen 123.2 artikulua eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikulua.
Vitoria-Gasteizen, 2018ko azaroaren 13an.
Lehendakaria,
IÑIGO URKULLU RENTERIA.
Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua,
MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGUI.
Ogasun eta Ekonomiako sailburua,
PEDRO MARÍA AZPIAZU URIARTE.
ERANSKINA, AZAROAREN 13KO 161/2018 DEKRETUARENA
LANPOSTUAK ETA FUNTZIONARIOAK