EHAAko xedapenak
Aldizkariaren data: 2018-11-23 Aldizkari honetan argitaratua: 2018226

EBAZPENA, 2018ko azaroaren 13koa, Plangintza eta Antolaketako zuzendariarena, Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa zikloetara sartzeko 2018-2019 ikasturteko probetarako deialdia egiten duena.

Organo emailea: HEZKUNTZA SAILA
Xedapenaren data: 2018-11-13
Hurrenkenaren zenbakia: 201805770
Maila: Ebazpena
Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 2.1 artikuluan xedatzen denez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak heziketa-zikloetara sartzeko proba baterako deialdia egingo du, gutxienez urtean behin.
Hori dela-eta, honako hau
EBAZTEN DUT:
1. artikulua.– Deialdia.
Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloetan sartzeko 2018-2019 ikasturteko probetarako deialdia egiten da, hain zuzen ere ikasketa horietara zuzenean sartzeko baldintza akademikoak betetzen ez dituztenentzat.
Erdi-mailako seiehun plaza eta goi-mailako zortziehun plaza betetzeko deialdia egiten da.
2. artikulua.– Plaza lortzeko lehentasun-irizpideak.
Eskaera-kopurua handiagoa baldin bada plazena baino, lehentasun-irizpide hauek aplikatuko dira, jarraian adierazten den hurrenkerari jarraituz:
1.– Euskal Autonomia Erkidegoan aurreko bi urteetako deialdietan sarbide-probaren atalen bat gainditu izana, betiere Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 5. artikuluko 3. puntuan ezarritakoari jarraituz (agindu horren bidez, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen da).
2.– Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Aintzat hartuko da erroldatze-ziurtagirian ageri dena, ziurtagiri hori erantsi behar baita.
3.– Alfabetoaren araberako hurrenkera, abizenak eta izena kontuan hartuta, «V» hizkitik hasita, hala ezartzen baita Langileak Kudeatzeko zuzendariaren 2018ko otsailaren 19ko Ebazpenean, zeinaren bidez argitara ematen baita 2018-2019 ikasturtean ordezkogaiak kudeatzeko prozesuan –baita urtean zehar deitzen den edozein hautatze-prozesutan ere– alfabeto-hurrenkera zehaztuko duen letraren zozketaren emaitza.
3. artikulua.– Izen-emateak eta informazioa.
1.– Proba horiek egin ahal izateko, eta, hala badagokio, kasuan kasuko salbuespenak lortzeko, izangaiek izena eman behar dute I. eranskinean jasotako ikastetxeren batean, eta salbuespena eskatu, 2019ko urtarrilaren 7tik 18ra bitartean –biak barne–, Hezkuntza Sailak horretarako jarri duen aplikazio informatikoaren bitartez.
2.– Probak euskaraz edo gaztelaniaz egin daitezke, eta interesdunek erabakiko dute zer hizkuntzatan egin, eskaera egiten duten unean.
3.– Ikastetxea esleitzeko irizpideak.
● Oro har, inskripzioa egiten den ikastetxea hartuko dute ikasleek erreferentzia gisa, proben inguruko prozedura gauzatzeko.
● Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak, ikastetxe bakoitzean zenbat eskaera egiten den ikusita, aukera izango du beste ikastetxe bat esleitzeko ikasleei. Hala gertatuz gero, berresleitutako ikastetxe hori izango da ikasleen erreferentzia-ikastetxea.
● Berresleitutako ikasleen espedienteak berresleitzearen ondorioz dagokien ikastetxeetara bidaliko dira. Interesdunak hasieran izena eman zuen ikastetxea arduratuko da lekualdaketa hori egiteaz.
4.– Izena emateko unean, egiaztatuko da interesdunak erabiltzaile eta pasahitz baliodunak dituela Ikasgunean.
5.– I. eranskinean jasotako inskripzio-ikastetxeek eta Hezkuntza Saileko lurralde-ordezkaritzek argibideak emango dizkiete interesdunei alderdi hauei buruz: sartzeko baldintzak, salbuespenen eskaera, probak noiz egingo diren, proben edukia eta probekin zerikusia duten bestelako argibideak.
6.– Ikasturte batean, pertsona batek ezingo du sarrera-probatarako izena eman autonomia-erkidego baten baino gehiagotan. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekarriko du matrikula deuseztatzea. Matrikula eskatzeko dokumentuan zinpeko adierazpen bat jasoko da, baldintza hori betetzen dela adierazteko.
7.– Dokumentazioa. Izena emateko unean, eta, betiere, izena emateko epea bukatu baino lehen, eskatzaileek dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:
● Identitatea egiaztatzeko agiriaren (NAN, AIZ, AIT edo pasaportea) fotokopia arrunta.
● Erroldatze-ziurtagiria, gehienez 3 hilabeteko antzinatasuna duena.
● Hala badagokio, eskatutako salbuespenak justifikatzeko agiriak, bai tasei dagozkienak, bai azterketaren atalei dagozkienak.
4. artikulua.– Onartuen eta baztertuen zerrenda.
Ikasgunean eta erreferentzia-ikastetxearen idazkaritzan kontsultatu ahal izango dute izangaiek onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, 2019ko urtarrilaren 21etik aurrera.
Zerrenda horren aurkako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte kasuan kasuko erreferentzia-ikastetxeen idazkaritzan, 2019ko urtarrilaren 21etik 2019ko otsailaren 1era, biak barne.
Probara onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda 2019ko otsailaren 5etik aurrera kontsultatu ahal izango da, Ikasgunean eta dagokion erreferentzia-ikastetxearen idazkaritzan.
5. artikulua.– Tasak ordaintzea.
Behin aurreko artikuluan aipatutako zerrenda argitaratuta, sarbide-probak egiteko eskubideak ordainduko beharko dira. Matrikula eraginkorra izango da soilik dagokion prezio publikoa ordaintzen bada.
Ordainketa-gutuna inskripzio-agirian datorren web (URL) helbidean lortu ahalko da, edo, bestela, erreferentzia-ikastetxearen idazkaritzan.
2019ko otsailaren 15a izango da azterketa-eskubideak ordaintzeko azken eguna.
Ikasgunearen bidez aztertu ahal izango da azterketa-eskubideak ordaindu ondoko onartuen behin betiko zerrenda, 2019ko otsailaren 21etik aurrera. Zerrenda horretan adieraziko da, gainera, probak egiteko zer ikastetxe esleitu zaion pertsona bakoitzari.
Hezkuntzako sailburuaren 2013ko uztailaren 10eko Aginduaren bidez, hezkuntza-arloko eskumena duen sailaren hezkuntza-zerbitzuen prezio publikoak ezartzen dira. Bada, agindua horren 6. artikuluan ezarritakoari jarraituz:
● 18 euro ordaindu beharko dira Lanbide Heziketako erdi- eta goi-mailako heziketa-zikloen proban parte hartzeko prezio publiko gisa.
● Prezio hori irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuak aipatzen dituen modalitateen bitartez ordaindu ahal izango da, eta kreditu-erakunde kolaboratzaileek lagunduko dute horretan (1/2007 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Legearen testu betegina onartzeko dena).
● Prezio publikoa ordaintzeko salbuespenak eta hobariak:
○ Ez dute prezio publikoa ordaindu beharrik izango Lanbide Hastapenaren bigarren ikasturtetik datozen ikasleek.
○ Era berean, ez dute prezio publikoa ordaindu beharrik izango kategoria bereziko familia ugariko kide diren ikasleek, ez eta Terrorismoaren biktimei laguntza integrala emateko sistema garatzen duen azaroaren 9ko 290/2010 Dekretuaren 25. artikuluan jasotako egoeraren batean dauden ikasleek ere.
○ Prezio publikoaren % 50eko hobaria izango dute kategoria orokorreko familia ugariko kide diren ikasleek.
6. artikulua.– Onartutako eta ukatutako salbuespenen behin-behineko zerrenda.
Behin probetara onartutakoen behin betiko zerrenda, tasak ordaindu ostekoa, argitaratuta, salbuespenen behin-behineko zerrenda argitaratuko da, 2019ko martxoaren 7an.
Zerrenda horren aurkako erreklamazioak aurkeztu ahal izango dira norberaren erreferentzia-ikastetxearen idazkaritzan, 2019ko martxoaren 7tik 14ra, biak barne.
Salbuespenen behin betiko zerrenda 2019ko martxoaren 8tik aurrera kontsultatu ahal izango da, Ikasgunean eta norberaren erreferentzia-ikastetxearen idazkaritzan.
7. artikulua.– Informazioa argitaratzeko eta kontsultatzeko tokiak.
Interesdunek Ikasgunean duten sarbide pertsonalaren bidez egin ahal izango dute prozesuaren faseen jarraipena, bai eta beren erreferentzia-ikastetxeen bidez ere.
Prozesuari buruzko informazio orokorra eskuragarri egongo da Lanbide Heziketaren webgunean: www.euskadi.eus/fp-lh
8. atala.– Probak egitea.
1.– Egin beharreko proben egutegia:
2.– Probak non egingo diren.
Pertsona bakoitzari adieraziko zaio non egingo diren probak, azterketa-eskubideak ordaindu ondoko onartuen behin betiko zerrendan.
Probak egingo diren ikastetxeetako zuzendaritzen ardura izango da tokiak antolatzea eta proben antolaketa ikuskatuko duten langileak nortzuk izango diren zehaztea. Halaber, ikastetxeetako idazkarien ardura izango da proben kalifikazio-aktak zaintzea.
Probei buruzko gainerako dokumentazioa gorde beharko da, deialdi bakoitzaren ariketak barne, erreklamazioak aurkezteko epea zabalik dagoen bitartean.
3.– Probak prestatzea.
Honelakoak izango dira probak, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduaren 2. artikuluari jarraituz:
● Probak eta ebaluazio-irizpideak berberak izango dira ikasle guztientzat, eta Plangintza eta Antolaketa Zuzendaritzak prestatuko ditu.
● Ebaluazio-batzordeak eratuko dira, zenbait ikastetxe publikotan.
● Hezkuntzako Ikuskaritzak egingo ditu prozesuaren gaineko ikuskaritza- eta aholkularitza-lanak.
9. artikulua.– Probaren emaitzak eta erreklamazioak.
2019ko maiatzaren 15ean, ebazpena argitaratuko da, proben behin-behineko emaitzak dituela. Izangaiek Ikasgunean eta dagokien erreferentzia-ikastetxearen idazkaritzan kontsultatu ahal izango dituzte emaitzak. Handik aurrera, eta maiatzaren 29ra arte, erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte, erreferentzia-ikastetxearen idazkaritzan.
Ikaskunean eta erreferentzia-ikastetxearen idazkaritzan argitaratuko da, eta eskuragarri jarriko, proben behin betiko emaitzak biltzen dituen ebazpena, 2019ko ekainaren 5ean.
10. artikulua.– Proben ziurtagiriak.
Proba osorik gainditu duten ikasleek 2019ko ekainaren 12tik aurrera eskuratu ahal izango dute ziurtagiria, Ikasgunean –erabiltzailea eta pasahitza erabilita–, edo dagokien erreferentzia-ikastetxearen idazkaritzan.
AZKEN XEDAPENETAKO LEHENENGOA
Agindu honetan arautzen ez den guztirako, prozedura-arloan osagarri gisa aplikatuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legea eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legea.
Proben garapenari eta edukiari dagokienez, bete beharrekoa izango da Lanbide Heziketako heziketa-zikloetarako sarbidea arautzen duen Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren 2016ko otsailaren 11ko Aginduan xedatutakoa.
AZKEN XEDAPENETAKO BIGARRENA
Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2018ko azaroaren 13a.
Plangintza eta Antolaketako zuzendaria,
NICOLÁS SAGARZAZU ALZUA.